![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Bittor Hidalgo / Irakaskuntza / 2008-09-15 / 08:30
Ondo merezi duela uste dut Roberto Alkarterriren artikulu berriaren irakurketak (HABEren egiaztapen-mailak eta baliokidetza, erabili.com, 2008-09-11) eta bertan planteatzen diren puntu ugariren gaineko banan-banako hausnarketak. Nik bati, edo batzuei, begiratu nahi diet hemen, horregatik besteak gutxietsi nahi gabe.
Ni ere erabat bat nator Robertoren iritzi gehienekin, eta batez ere garrantzizkoenekin, nire hitzetan bilduko ditudanak hemen segidan, jakinda noski agian Robertok beste era batera esango edo pentsatuko lituzkeela, eta oker guztiak beraz nireak direla, izatekotan:
Horregatik guk behintzat uste dugu arazoa ez dela hainbeste, jendea, ikasleak azterketa baten edo batzuen, deialdi baten edo askoren miran egotea/edukitzea, baizik eta azterketa horiek eskatu eta neurtu behar dutela, hain zuzen, guk nahi eta behar duguna, eta ez besterik. Eta kontuan hartuta, oso bereziki, azterketen prestaketak, prestaketa garaian, irakaskuntza prozesuan sortzen dituen atzeraeraginezko ondorioak -washback deitzen diote ingelesez, backwash ere, azterketen atzeraeraginezko inpaktua edo-. Eta oso bereziki azterketek ez dezatela eskatu, ez dezatela neurtu nahi, guk nahi eta behar ez dugun hura, gaur egun gertatzen den bezala. Horrek atzeraeraginezko oso ondorio kaltegarriak dakarzkigulako prestaketa garaian. Euskararen komunikaziorako trebetasunak landu beharrean, euskarazko mikrolinguistika pasibozko ezagutzak irakatsi eta ikasi behar ditugulako euskaltegian, nonahi sortuaz euskaltzaintxo pitagorastxoak barra-barra, sortu ordez euskara erabiltzaileak.
Azterketetan soilik edo nagusiki trebetasun sortzaileak eskatzen hasten bagara(1), eta batez ere ahozko trebetasunak (baita ere ulermena neurtzeko, eta entzunak eta irakurriak modu aktibo eta sortzailean kontatzeko ahoz -edo idatziz-), ikaskuntza prozesu guztia birbideratuko dugu guk nahi, desio, behar eta komeni zaigun bideetatik. Eta ez gaur egun bezala nahi, desio, behar eta komeni ez zaizkigun bide ez komunikatiboetatik. Orduan ikasleek beraiek eskatuko digute batez ere mintzapraktika egin nahi dutela, euskaldun aktibo bezala trebatu nahi dutela, hori eskatzen zaiolako azterketan batez ere. Eta irakasleak hasi beharko du orduan beste aldera, ikasleen iritziari zertxobait aurre eginez, esanez, ondo, aberats eta jatorrizko euskaldun-zaharr-ek bezala hitz egin eta idazteko, komeni zaiela begiak eta belarriak ondo irekiak izateaz gain euskaldunen mintzoak entzuteko eta testu komunikatiboak irakurtzeko, komeni zaiela ere, ahozko (eta are idatzizko) ariketa analitiko eta sistematikoen bidez ezagutzea, ikastea, trebatzea, gramatikaren bidez ikasi litezkeen hizkuntza errekurtsoak menderatzen, gero oso baliagarriak izango zaizkienak ahozko -eta are idatzizko- azterketa praktikoetako jardun sortzaileak aberasteko eta ontzeko eta hauei jatorrizko mintzoen usaina emateko.
Seguru asko horrela lortuko genuke azterketa gainditu duena, titulua duena, gauza izatea euskaldun izateko, jatorrizko edo bihotzezko euskaldunekin euskaraz egiteko -gaur egun maiz zalantzan jartzen zaien gaitasuna, Alkarterrik berak ere-, eta are tituludun bera ere euskaldun bihotzeko bihurtzeko, hala nahi badu, tresna teknikoak behintzat eskuratuak izango dituelako jada. Eta horrela agian lortuko genuke gainera artean azterketa gainditzeko gauza ez den hura ere, artean titulua lortzerik izan ez duena ere, sendo jartzea jatorrizko euskaldunekin komunikatu ahal izateko bide errazenean. Eta hori guztia, nahiz eta, ez batak, ez besteak, ez tituludunak, ez titulugabeak ere, jakin ez ondo betetzen, ezertarako balio ez diguten testak. Eta zer? A ze liberazio! Beraientzako eta irakaskuntza sistemarentzako.
Nire botoa beraz, ezezkoa da. Atariko proben kontrakoa. Gure kasuan, euskarazkoan. Eta proba pasibo eta mikrolinguistiko guztien kontrara ere bai, gure hizkuntza azterketetan, euskararen lehenengo hiru mailetan (4.a beste gauza bat da). Baina eta aldi beran, idatzizko sormenari ere oso leku apala eskainiz (edo batere ez) lehenengo bi mailetan. Eta are hirugarrenean ere, ahozko gaitasun sortzailearen menpekoa behintzat. Eta oso pisu neurtua emanez ere maila hauetan guztietan zuzentasun gramatikalari (hainbat eta eskasagoa noski, maila baxuagoetan), eta beti, komunikagarritasunaren, ulergarritasunaren, eskatutako ataza betetze mailaren, jarioaren, aberastasunaren, beste hiztunekiko interakziorako gaitasunaren eta antzekoen aldean. Zorionez, gero eta gehiago ari direnak kontuan hartzen gaur eguneko zenbait azterketen ataletan ere, nahiz orokorrean ez nahikoa oraindik ere, uste dugu.
Eta hori dena, hain zuzen, hori interesatzen zaigulako euskaraz, euskal hiztun aktiboak saritzea, eta horrela, bultzatzea, besteak beste EAEko Hizkuntz Politika Sailburuordetzatik ere etengabean azpimarratzen ari zaizkigun bezala.
Eta izan ere, Europako Erreferentzia Marko Bateratua bera ere (2001) hasieratik saiatzen zaigu argitzen (ik. besteak beste 1.5 atala), Markoak hala irakaskuntza-programei, nola egiaztagiriei dagokienez, gida izan nahi duela, gero hauek, irakaskuntza-programak eta egiaztagiriak, behar bezala egokitu ahal izateko, lekuan lekuko beharrei, ikasle motei eta egoera soziolinguistikoei. Eta gurean, noski gureari. Eta ez Cambridgekoari, Montpellier, Munich edo Massachussettskoari.
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE irakaslea da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)
Bittor Hidalgok erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |