![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Roberto Alkarterri / Irakaskuntza / 2008-09-11 / 08:25
Orain bi urte luze (2006-06-23an, hain zuzen), foro honetan bertan (www.erabili.com webgunean), Azterketitisa euskaltegietan goiburua zuen artikulua eman nuen argitara. Euskaltegi bateko irakasle izateak sortzen didan kezka plazaratu nahi izan nuen idazki hartan, non euskara ikastearen inguruan gertatu diren hainbat aldaketa mahaigaineratu eta kritikatu nahi izan nituen.
Izan ere, delako demokrazia honetan sartu gintuztenetik, euskararen estatusa dezente aldatu da; hasi gaztelaniarekin batera ofizialkide bihurtzetik, hezkuntza sisteman barneratze sakon batetik pasatu eta administrazioan nolabaiteko exijentzia-maila izateraino ailegatuz. Hots, euskara ofizialdu, erakundetu, eta eskatu egiten dute, Euskal Autonomia Erkidegoan, behintzat.
Horretarako, mugak ezarri behar izan dizkiote euskarari. Garai batean kaleko aldarrikapena zena, egun, teorian behintzat, lege bilakatu da, eta lege horrek denok, erkidegoko euskal hiritar guztiok, berdintzen omen gaitu erakundeen aurrean. Horrela sortu zen euskararen jakite-maila neurtzeko legea, eta, horren ondorioz, euskararen hizkuntza-eskakizunak; euskara-tituluak, azken finean.
Ez naiz orain historian murgilduko euskara-agiri edo titulu horiek noiz eta nola sortu ziren zehazteko. Denok dakigu horietarik beteranoena Euskaltzaindiak berak banatzen zuen D titulua zela, gerora EGA ezagunak ordezkatuko zuena; egun, IVAPen hirugarren hizkuntza-eskakizunari dagokiona; edo, nahiago bada, orain gutxitik HABEren hirugarren egiaztapen-maila dena; edo, zergatik ez, orain gutxitxora arte, Hizkuntza Eskolek ematen zuten Goi-maila edo "Aptitud" delakoa; edo, halaber, oraintsu arte ere IRALEren bigarren eskakizuna izan dena. Tira, hau da hau izen-dantza! Eta, noski, beste horrenbeste esan liteke gainerako mailei buruz, 1., 2. eta 4. mailez, alegia.
Kontuak kontu, orain gutxi, iragan apirilean hain zuzen, eta Europako Erreferentzia Markoa aitzakia hartuta, dekretu batek baliokidetza ezarri du titulu hauen ia guztien artean; eta "ia" diot, IRALE eta Hizkuntza Eskolei buruz ez baitu ezer argitzen dekretu honek.
2008ko apirilaren 15eko Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu denaren arabera, arautu egiten da euskara-agiri ezberdinen arteko baliokidetza. Hona hemen laburpen txiki bezain argigarria:
Honelaxe gelditu dira tituluak:
![]() |
Goiko taula horren harira, zera esan daiteke:
(Argibide gehiago nahi izanez gero, irakurri 2008ko apirilaren 15eko Euskal Herriko Aldizkari Ofiziala).
Etxe bat teilatutik hasteak arazoak ekarriko ditu ezinbestean, eta, baliokidetze kontu honetan ere, bistakoak dira akatsak edo hutsuneak.
Lehenengo eta behin, eta euskara-irakaslea naizen aldetik, esan dezadan baliokidetze honek zertxobait argitzen duela panorama, baina, era berean, alderdi askotxo uzten duela bere horretan; lehengo lepotik burua, beraz.
Badira dekretu honek argitu ez dituen kontuak; besteak beste, honako hauek:
IZENDAPENA
Euskara-agirien saltsa honetan, bistan da erakunde bakoitzak bere izendapena darabilela euskara-maila bat edo beste aitortzeko. Lehenago jarri dudan taulari begiratu bat emanda, ikus dezakegu, esaterako, HABEk "maila" terminoa darabilen bitartean, IVAPek, Osakidetzak eta Ertzaintzak "eskakizuna" darabiltela. Hezkuntzako EGAk, bere aldetik, "gaitasuna" du ardatz bere sigletan (Euskararen Gaitasun Agiria), eta, gutxienez lau maila daudela kontuan harturik, ez du zehazten zein gaitasun mota edo maila aitortzen duen. Eta, bestalde, maila horiek ez dira izendapen berberaz aitortzen erakunde ezberdinetan; Ertzaintzaren 1. eta 2. mailak, esaterako, gainerakoen 2. eta 3. mailekin parekatzen dira. Beste horrenbeste esan liteke, nahiz eta baliokidetze-dekretu honetan ez bildu, IRALEren eskakizunei buruz. Eta are nahasgarriagoa da Hizkuntza Eskolek ematen dituzten mailekin ari bagara, inork gutxik baitaki bertako ikasturte bakoitzak zein maila egiaztatzen duen.
![]() |
Gauzak horrela, ikasleek sekulako nahastea dute buruan eta, batzuetan, gai ere ez dira zer demontre lortu duten edo lortu behar duten argitzeko. Euskaltegietan gabiltzanok ere zoroen pare ibiltzen gara gure ikasleak mailakatzeko orduan; areago, dagoen titulitisak edo baliokidetzak, berez, maila bat edo beste aitortzen diela jakitean (nahiz eta gerora konturatu gauza bat dela duten titulua eta beste bat, zeharo ezberdina, benetan duten maila).
Horregatik guztiagatik, komeniko litzateke izendapen edo izen bat eta bakarra ematea maila bakoitzari. Orain hain modan jarri den Europako Erreferentzia Markoa dela-eta, adibidez, berorren izendapenak erabiltzea (B1, B2, C1 eta C2) konponbide erraza izan daiteke titulu-saltsa honetan denok apur bat argi gaitezen. Hau da, nire ustez, IVAPek, HABEk eta gainontzeko erakunde guztiek ados jarri beharko lukete horretan ere, eta denek izen bera ezarri beharko liokete aitortu beharreko maila edo eskakizun bakoitzari; izena ere baliokidetu, nolabait esatearren.
Bestalde, eta honekin estuki lotuta, itxuran ere bat etorri beharko lukete luzatzen diren titulu, egiaztagiri edo direnak direlakoek. Izen bera erabilita ere, ez baita gauza bera paper ziztrin bat luzatzea, non akreditatutako eskakizuna aitortzen den, edo, bestela, titulu itxura duen agiria, dotore eta iraungarriagoa dena. Noski, baliokidetua bada adierazia, baliokidetu dadila adierazlea ere, agirirako formatu bera erabiliz eta erakunde ezberdinen aitortza edo sinadura agertuz bertan.
DATUEN ZENTRALIZATZEA
Izendapenarena nahaspila galanta bada ere, ezer gutxi da erakunde ezberdin hauek duten koordinazio ezarekin alderatuz gero. Izan ere, agiriak luzatzean, erakunde bakoitza bere kasa dabilela dirudi. Nork bere datuak ditu, bere datu-basea, eta, normalean, ez datoz bat gainerako erakundeek dituztenekin.
![]() |
Maiz, gure euskaltegian, esaterako, ikasleren batek aitortzen digu eskakizunen bat edo beste baduela (IVAPena edo besterena, berdin dio) eta hurrengoa prestatzera datorrela gurera; adibidez, bigarren eskakizuna duela eta hirugarrena lortu nahi lukeela. Egin beharreko izapideak egin, matrikulatu eta, ikasturtean zehar gurekin lanean gogor arituta, dagokion urratsa aitortu zaio ikasturte bukaerako azterketa egin dezan. Ikaslea, beraz, hirugarren maila egiaztatzeko prest dagoela pentsatzen dugu guk. Egiaztatzeko zerrenda ofizialak kaleratzean, aldiz, eta euskaltegian aitortu zaion urratsa kontuan izanik, ikasle hori 3. mailarako zerrendan ez ezik 1. eta 2. mailarakoetan ere azaltzen dela ikusten dugu. Hau da, HABEk ideiarik ere ez du ikasle horrek baduela aitortua 2. eskakizuna eta, hortaz, 1. eta 2. mailak ere bai. Koordinaziorik gabe dabiltza, antza, euskararen kudeaketa daramaten erakunde hauek, nahiz eta jakite-mailak baliokidetzeko ados jarri omen diren.
Koordinazio falta horren adibide garbiena aurton izan dugu gure euskaltegian. Ikasle batek iazko ikasturtean atera zuen zorioneko EGA, gure euskaltegian prestatuta, eta, gainera, EGAren deialdi itxian; hau da, euskaltegietan matrikulaturiko ikasleentzat espresuki egiten zen deialdi horretan (dagoeneko ez dago deialdi itxirik, hirugarren mailak betetzen baitu leku hori). Bada, ikasle hori (eta ez da kasu bakarra) HABEk aurten euskaltegietara bidali dituen azterketarien behin-behineko zerrendetan, guztietan ere azaldu da; 1., 2. eta 3. mailako zerrendetan, alegia. Beraz, HABEk ez bide du jakin ikasle horrek iaztik duela EGA.
Hau guztia diot, nire ustez, premiazkoa delako baliokidetza adostu duten erakunde ezberdinen arteko datu-zentralizatzea. Hots, ikasle, oposizio-egile edo edonork euskara-maila edo eskakizunen bat lortu orduko, erakunde horiek guztiek izan behar dute horren berri eta, automatikoki, beren datu-basean ere informazio hori eguneratu beharko lukete. Horrela soilik lortuko da irudi serio eta sinisgarria ematea baliokidetzaren asunto honetan guztian. Eta, noski, ikasleak lortu duen maila hori izen berarekin zentralizatzen baldin bada, hainbat hobe.
DATU HISTORIKOEN BALIOA
Dakigunez, mailak aitortzeko sistema berri honetan, orain, euskaltegiek berek betetzen dute lehen atariko probak betetzen zuen funtzioa. Ikas-prozesuan zehar eta data zehatz batzuk aintzat harturik, euskaltegian bertan, irakasleok aitortu behar diegu ikasleei urrats bat edo beste, ikasturte-amaierako azterketara aurkezteko aukera emango diona edo ez. Azterketara aurkeztuko direnen selekzioa da, azken finean, nolabaiteko galbahea.
Bada, kontua da irakaslearen lan hori berori ez dela batere estimatzen HABEren aldetik. Izan ere, euskaltegira behin-behineko zerrendak helarazten dizkigutenean, ikasleen mailakatzea datu historikoen arabera egin omen du HABEk eta, esaterako, orain hamar urteko datuak kontuan hartuta egiten dute sailkapen hori. Hau da, ikasleren batek (eta guk horrelako askotxo ditugu) orain dela sei, zortzi edo hamar urte, hor nonbait euskara ikasten aritu eta halako maila-edo lortu bazuen, "lortua" zuen maila hori berori egun ere ba ei du eta, hortaz, horren arabera kokatuko dute ikaslea maila bat edo beste aitortzeko zerrendetan.
Ohikoa da, adibidez, ikasleren batek orain hamar bat urte euskara ikasten aritu izana eta, garai hartan, EGA prestatzen hasi arte ikasten egon izana. Baina, gerora, ikasteari utzi eta guztiz galdu du eskuratua zuen gaitasun edo maila hura. Euskaltegiko sarrera-proba egin eta, beharbada, zazpigarren edo zortzigarren urratserako baino ez du ematen, baina inola ere ez hirugarren maila prestatzen hasteko. Hala ere, HABEren irizpideen arabera, ikasle horrek 3. egiaztapen mailako azterketa egin dezake, euskaltegiaren eta irakaslearen lana erabat bazter utziaz.
Testuinguru horretan, normalean, ikasleek ez diote uko egiten espero gabe ireki zaien aukerari eta, horregatik, egin egingo dute azterketa, maila aitortzeko aukera errealak bat ere edo oso gutxi direla jakin arren. Jakina, horrek guztiak sekulako oztopoa dakarkio euskaltegiaren zereginari, eta irakaslearen lanari bereziki. Diotenez, ikasleek lortuko dituzten emaitzen arabera ebaluatuko dituzte euskaltegiak ere, eta irakasleak ere bai. Baina, baldintza hauekin, nekez jakingo dute zein euskaltegik edo irakaslek egiten duen kale, sistemak berak, HABEk alegia, ezartzen baititu bere irizpideak, gainerakoonak erabat alboratuta. Ez euskaltegiak ez eta ezein irakaslek ere, nire iritziz behintzat, ez dute zertan aurreko beste norbaiten ebaluazio-lana zamatu. Morrontza handia da profesional batentzat horrelako zama pairatu behar izatea.
Maila lortzeagatik, dakigunez, dirua itzultzen die HABEk ikasleei. Horretarako irizpideetako bat maila aitortu aurreko azken hiru ikasturteetan egindako lana eta aprobetxamendua saritzea da. Aukerak ematerakoan, ordea, ikaslearen fitxa historiko amaigabea hartzen dute kontuan, aipatutako egoera guztiz inkoherenteak ahalbidetuz. Bada, koherentziaren izenean, fitxa historikoa barik, saritzen dituzten azken hiru urte horiek izan ditzatela kontuan aukerak ematean ere, eta, bereziki, unean uneko ikasturtean bertan egin duen lana eta irakasleak egindako ebaluazioa; bestela, alferrik da euskaltegi eta irakasleei galbahe-lana egiteko eskatzea. Gainera, denok dakigu euskaltegi nahiz irakasle ezberdinek irizpide eta jokabide ezberdin samarrak izan ditzaketela (ditugula) ikasleak ebaluatzerakoan. Beraz, zuzen dezagun hau guztia; bestela, kontraesan hauek guztiek, irizpideok bateratze aldera edo, halako proba global eta objektibo bat planteatzera eramango gaituzte ezinbestean; berriro ere zorioneko atariko proba bat egitera, alegia.
ATARIKO PROBAREN BALIZKO BEHARRA
Badakigu, jakin, azterketa gehienetan egiten den ATARIKO PROBA deiturikoa ez dela, berez, azterketaren zati. Azterketa bera gerora dator, ikaslearen lau trebetasunak (irakurmena, idazmena, ulermena eta mintzamena) neurtuko dituena. Tradizio handia du, hala ere, atariko proba egiteak euskara-maila edo hizkuntza-eskakizunak neurtzerakoan. Horretarako arrazoiak asko eta askotarikoak izan daitezke, dudarik gabe, baina berriki lortu den baliokidetzak horretan ere egiten du kale.
Izan ere, HABEren maila-egiaztapenetan izan ezik, nik dakidala behintzat, atariko proba egiten dute gainerako guztietan; hau da, IVAPen, Osakidetzaren eta Ertzaintzaren euskara-eskakizunetan, baita IRALErenetan ere, hiru egun ezberdinetan egiten diren hiru azterketa-zati gainditu behar dituzte ikasleek. Hasierako atariko proba hori test bat izan ohi da, laburrago edo luzeagoa, eta zailtasun-maila txikiago edo handiagoa duena aitortu beharreko eskakizunaren arabera. HABEn, ordea, gorago esanda bezala, irakasleek bete beharko lukete atariko horrek betetzen duen galbahe-funtzioa.
Horrela ikusita, bistan da proba ezberdinak direla baliokidetze honek berdindu dituenak. Hots, HABEren egiaztapen-mailetan bi proba soilik egin behar dituzte ikasleek; eskakizunetan, ordea, hiru burutu behar. Izan ere, azterketaren zati izan edo ez, atariko proba giltzarri izaten da, gerora, benetako azterketara aurkeztu ahal izateko, azterketa idatzira, alegia. Hortaz, azterketaren zati ere bilakatzen da horrela, edo horrela ikusten dute ikasleek, behintzat.
HABEk duen sistemaren bidez, esan beharra dago errealagoa dela azterketa formatua. Ikaslearen euskara-maila neurtzen da, trebetasun hartzaileetan nahiz sortzaileetan; eskakizunetan, berriz, testak denbora neurtu batean ongi erantzuteko abilezia edo trebetasuna ere eskatzen da, euskara jakitearekin zerikusi handirik ez duena. Gainera, test horietan formulatzen diren item gehienetan, zuzentasuna izaten da ardatz, eta, egia esanda, hori guztia azterketa idatzian nahiz ahozkoan ere erraz neur daiteke. Hortaz, a priori behintzat, egokia dirudi atariko proba kentzeak.
![]() |
Beharbada, are egokiagoa litzateke azterketan trebetasun sortzaileak neurtzetik hastea, hau da, idazlana eta ahozko jarduna neurtzetik hastea, horiexetan ikusten baita ongien norberak duen euskara-maila. Badakigu, ordea, hori oso planteamendu irrealista dela, milaka azterketa egin beharko bailirateke deialdi bakoitzean, horrek dakartzan kostu ezberdinekin batera. Horregatik guztiagatik egiten da, azken batean, zorioneko atariko proba; jendetzak nahi du euskara-agiriren bat eskuratu, administrazioko lanpostuetan puntuatzeko, eta atariko proba eginarazita, teorian behintzat, selekzioa egiten da, profila lortuko dutenek lanpostuaren araberako euskara-maila egokia aitortuko dutelakoan.
Baina, eta gatozen berriro baliokidetzaren harira, lehentxeago esanda bezala, HABEk irakasleen esku utzi nahi izan du lehendabiziko selekzio hori. Irakasleak berak, gelan ikasleekin hainbat hilabete eman ondoren, sailkapen bat egin beharko du ikasturtearen erdialdera, eta, egindako lanaren arabera, ikasleak sailkatu beharko ditu X azterketa egiteko aurreikusten dien gaitasunaren arabera. Hots, elkarrekin jardun ostean, batzuei azterketa egiteko aukera emango die, eta beste batzuei ez.
Arazoak sortzen dira une hori ailegatuta, ez baita erraza sariak banatzea. Gerta daiteke, eta askotan gertatuko da ziurrenik, eskolara gutxitan etorri eta, hortaz, gelan gutxien erakutsi duenak maila polita edukitzea eta azterketa gainditzeko aukera errealagoak izatea; eta, beste ikasleren bat, aldiz, nahiz eta eskolara egunero etorri eta buru-belarri lanean aritu, maila eskasagokoa izatea. Ataka ederra irakaslearentzat, dudarik gabe. Are gehiago, jakin dakigunean euskaltegietan helduak aritzen direla, ikasle zein irakasle, eta horrek helduen arteko harremanak ere ezartzen dituela inplikatuen artean.
Gauzak horrela, irakasle bakoitzak bere irizpideak baliatuko ditu ikasleei pasea ematerakoan. Euskaltegiak berak zertxobait kontrola lezake hori guztia, horretarako, beren-beregi, halako barne-kontrolak ezarriz; hau da, euskaltegi barruko nolabaiteko "atariko proba" edo bultzatuz maila ezberdinetan. Baina, ezinbestean, mailakatze subjektiboa ateratzen da honetatik guztitik, ez baita denentzat neurgailu bera erabiltzen.
Horregatik, birpentsatzekoa da ohiko atariko probaren baliotasunarena. Denentzat galbahe bera ezartzeak sinesgarritasun handiagoa emango luke, ezbairik gabe. Nolabait, atariko proba dela-eta, baliokide diren azterketa guztietan ezarri, edo guztietatik kendu, baina, baliokidetzaren izenean, berdintasuna beharko lukete proba guztiek. Eta, gauzak nola dauden ikusita, neu behintzat, atariko proba komun eta bera egitearen aldekoa naiz; ez, derrigorrean, orain arteko ohiko proba hori bezalakoxea, baina zer edo zer ezarri behar iragazki gisa azterketarako bidean.
MAILAK ELKARREN GILTZARRI
Oraintsu komentatu dudan kezkak badu, dena den, beste soluziobide bat. Edo, erabateko konponbidea ez balitz ere, kontuak erraztuko lituzkeen beste neurri bat litzateke: mailak giltzarri izatea.
Ohikoa da, edozein ikas prozesutan, lehenengo kurtsoa bigarrenaren giltzarri izatea, bigarrena hirugarrenarena den bezalaxe, hirugarrena laugarrenarena, eta, horrela, kurtsoak beste giltzarri egotea. Hau da, bigarren ikasturte batean jarduteko, aurretik, lehendabiziko ikasturtea gainditu behar izaten da, ez bada sarrera-proba baten bidez sartu delako ikasle hori euskaltegian. Hala izaten da, halaber, hizkuntza-eskolan, non aurreko ikasturtea gainditzeak soilik ahalbidetzen duen hurrengora pasatzea. Maila-egiaztapenen kasuan, ordea, ez da mailakatze hori kontuan hartzen, eta oso kasuistika zabala eta aldrebestua gertatzen da hainbat euskaltegitan; tokian tokikoa, noski.
Gertatzen da, esaterako, ikasle batek ikasturte bat baino gehiago ematea hirugarren maila prestatzen eta, hirugarrena barik, bigarren egiaztapen-mailako azterketa suspenditzea. Horrela, bigarren mailarako ere gaitasunik ez duela "baieztatzen" da, baina, hurrengo ikasturtean, euskaltegian halako urratsa aitortu zaionez, berriz ere matrikulatuko da hirugarren mailan. Itsuarena egitea da, azken batean, ez baita onartzekoa, aurreko maila egiaztatu ezinik ibilita, hurrengoa prestatu nahi izatea. Horrelako egoera surrealistak ahalbidetzen ditu HABEren mailakatze sistemak. Gorago ere esan baitut, euskaltegiaren edota irakaslearen esku utzita, oso subjektiboa dela ikasleen mailakatzea.
Horrek guztiak, azken batean, ikas-prozesua oztopatzea besterik ez dakar. Izan ere, maila ona duten ikasleek maila kaxkarra duten ikaskideak pairatu behar dituzte gelan, ikasle on horien ikas-prozesua nabarmenki eragotziz.
Beraz, eta gauzak hobeto egite aldera, egiaztapenek berek giltzarri izan beharko lukete ikasleak euskaltegian matrikulatzerakoan. Ez bada, noski, ikaslea sarrera-proba baten bidez sartu delako maila bat edo beste prestatzera. Hala bada, dena den, ikasle berri horrek bere lehenengo ikasturte horretan akreditatu beharko luke dagokion maila eta, lortu ezean, hurrengo ikasturteari begira, aurreko mailan jardun beharko luke derrigorrean. Horrelaxe soilik, nire ustez behintzat, lortuko genuke mailakatze errealago bat euskaltegietan; egun dagoenak nahasmen galanta sortzen baitu, ez bakarrik irakasleen artean, baita ikasleen euren artean ere.
DEIALDI KOPURUA
Iragan apirileko buletinak dakarren baliokidetze honek, bestalde, zorioneko profilak egiaztatzeko aukera-kopurua nabarmen handitu du. Agerian da euskara-mailarik egiaztatu gabe administrazioan lanean diharduen batek, orain, bere lantokiko aukerez gain, beste aukera batzuk ere badituela, euskaltegian matrikulatuz gero, bederen. Lantokian, atariko probadun bi aukera izango ditu urtean, eta, euskaltegian matrikulatu izanagatik, atarikorik gabeko beste bi aukera gehiago izango ditu.
![]() |
Printzipioz, ez dirudi gauza txarra denik ahalik eta aukera gehien eskaintzea euskara-maila egiaztatzeko; are gutxiago lanpostuak berak duen exijentzia bat denean. Baina kontuan har dezagun azterketetara aurkezte honek ez duela mugarik denboran; hau da, nahi bestetan aurkez daiteke bat. Eta, aurrerago komentatu ditudan alderdiak gogoan, honek guztiak azterketitis ikaragarria ekarri du euskaltegietara, euskalduntze-prozesua erabat baldintzatzen duena, ezbairik gabe.
Hau da, batetik, aukera-kopuru ezberdina ematen dio azterketariari, administrazioan lanean dagoen ala ez; eta, bestetik, deialdi-kopuru amaigabea eskaintzen dio edonori, betiere, administrazioan dagoenari bider bi biderkatuta. Hortaz, erabat sistema desorekatua eta injustua dela esango nuke nik. Deialdi-kopurua zehaztu beharra dauka administrazioak, eta aipatutako bi zentzuetan zehaztuta, gainera.
Berdintasunaren izenean, mundu guztiak, administrazioan lanean egon edo ez, aukera berak izan beharko lituzke eta, nire iritziz, bi deialdi urtean nahiko eta sobera litzateke, ez baita oso logikoa gaur suspenditutako azterketa hemendik hamar egunera, esaterako, gainditzeko aukera erreal gehiago izatea. Gogora dezagun, oraintsu arte, IVAPek "errepeska" delakoa egin izan duela atariko proba gainditzen zutenekin; hau da, administrazioan lan egiten zutenek, berez, bazituzten lau aukera urtean (euskaltegiko biak gehituta, sei ziratekeenak), baina, baliokidetza hau indarrean sartu orduko, errepeska kendu dute. Orain, lau aukera izaten jarraitzen dute, lantokiko biak gehi euskaltegiko beste biak.
Bestalde, deialdi-kopuru mugatua ezarri beharko litzatekeela uste dut nik (zorioneko IT txartelekin, adibidez, hala egiten da). Azterketaria, nahi adina aukera duela jakitean, eta sistemak agerian uzten dituen zirrikituak probestuz, behin eta berriro aurkezten da azterketa berera, bere burua behar bezala prestatu gabe eta, noizbait, txiripaz-edo, gaindituko duelakoan. Izan ere, deialdirik gabe geratuko ez denez, berdin dio zenbat aldiz aurkeztu beharko duen, jo eta ke lortu arte, euskararekiko ezelako atxikimendurik edo kontsideraziorik gabe; helburu bakarra du agiria lortzea, kosta ahala kosta, eta horrexek sortzen du, hain zuzen, azterketitisa euskaltegietan.
Honek guztiak, jakina, ezer gutxi laguntzen dio euskalduntze-prozesuari. Administrazioa euskara-agiria duen langilez betetzen ari gara, baina gehienak euskaraz ez dakiten edota, jakin arren, euskaraz egin nahi ez duten langileak direla gogorarazi behar. Luze hitz egin liteke administrazioa euskalduntzeko metodologiaz, lanez kanpoko profil hutsalak exijituz ala oposizioak euskara hutsez eginaraziz, nola euskaldundu ote daitekeen hobeto, baina horrek guztiak hausnarketa sakon eta luzeagoa behar luke. Ez da idazki honen xede.
AGIRIEN IRAUNGITZEA
Hitzetik hortzera aipatzen ari naizen dekretu honek, esandakoez gain, ezabatu egin du lehenengo profilak zuen iraungitzea. Nik dakidan arte, behintzat, lehenengo hizkuntza-eskakizuna bazuen batek, hainbat denbora lanean egon gabe, galdu egin zezakeen profil linguistiko hori, ez baitzion egiaztatutako gaitasun linguistikoari eusten, edo ez zuen bermatzen, teorian behintzat, lanean jardun gabe.
Bada, askoren ustez, lehenengo profilak ez eze denek behar lukete halako iraungitze-data bat. Diotenez, langileek euskara gehiago ikasi eta dakitena erabil dezaten balio behar du halako neurri batek. Nik, egia esanda, ez dut hala uste, baina bai pentsatzen dut neurriren batzuk hartu beharko liratekeela, euskara estudiatu eta hainbeste titulu lortzeko barik, euskara naturaltasunez erabiltzera bultzatzeko. Eta neurri egokia liteke, seguruenik, lanpostuarekin batera, euskara jakitea eta erabiltzea eskatzea oposizioan bertan. Hau da, lanpostu hori eskuratzeko egin beharreko probak euskaraz gauzatu, gerora ere, lanean hasita, lana bera ere euskaraz burutu beharko duelako langileak. Azken batean, gramatika apur bat eta esamolde batzuk jakiteak ez du bermatzen langile batek lanean euskaraz egingo duenik, ezta egiteko gaitasunik duenik ere.
![]() |
Bestalde, dena gramatika eta titulua eskatzean baldin badatza, proba dezatela gaztelaniaz ere exijentzia bera egitera. Orduantxe ikusiko genuke zenbat analfabeto dauden, euskaraz ez ezik erdaraz ere, gure administrazioan.
Badakit ez dela erraza lerrootan aipatu ditudan puntu asko ametitzea, eta, are gutxiago, praktikan jartzea. Nolabaiteko matxinadatxoak ere sor litezke deialdi-kopuru murritza eta eskakizunen iraungitze-data, esaterako, ezarriz gero. Baina euskarak administrazioan duen egoera negargarria da, oso, erabilerari dagokionez, behintzat. Hizkuntza gutxitua izateak erabat baldintzatzen du politika linguistikoa, noski. Titulitisari etengabe ate gehiago zabaltzeak, ordea, ez du euskalduntzea bermatuko, eta bestelako jokaera bat behar da euskararen inguruan.
Bistan da euskararen egoera, legea alde izan duen azken hamarkada hauetan, asko aldatu dela. Onerako aldaketa izan da, oro har. Baina legeak ez du, ez oraino bederen, euskararen erabilera bermatu. Garai batean zegoen euskararekiko atxikimendu eta maitasun kolektibo hura, egun, galdu egin da. Jada ez da, ez lehen adina behintzat, euskararen alde "militatzen", eta, aldeko jarrera garbiaren ordez, kontrako maiseoa nabarmen sumatzen hasia da hainbat euskal herritarrengandik. Horretan guztian, dudarik gabe, zerikusia izango du politika linguistikoak ere. Eta politika horren zati, gustatu edo ez, euskalgintzan murgildurik gabiltzanok ere bagara.
Hau da, titulitis hori, azterketitis hori, guk geuk sortua da. Euskararen ikas-irakastean urte luzeak emanak ditugunok badakigu, egun, ez dugula lehen bezala lan egiten. Urteen poderioz, dena arau bihurtu dugu, kortse estua jantzi diogu euskarari, eta, konturatu gabe egin badugu ere, euskara ia itoarazi dugula esango nuke nik. Zuzentasuna finkatu dugu ardatz euskararen irakaskuntzan, berez behar lituzkeen egokitasuna eta jatortasuna bazter utziaz. Tituluetan urrezko hizkietan islatzen den euskara bat sortu dugu, euskara batua, eta ahaztu egin dugu euskarak ere, gainerako hizkuntza guztiek bezalaxe, komunikatzeko balio behar digula lehendabizi.
![]() |
Horregatik guztiagatik, hausnarketa sakona egin beharrean gara euskalgintzan dihardugun guztiok, eta, bereziki, euskara-irakasle garenok. Euskara irakasteak, inplizituki, euskararekiko berarekiko atxikimendu positiboa eraman behar du berekin. Irakasteaz batera, hizkuntza sentiarazi egin behar baitu irakasleak. Horretarako motibazioa eta bokazioa, egia esanda, ez dira gauetik goizera pizten diren horietakoak, baina, eguneroko eskola-jarduna bestelakotu egin daiteke, eskolak bestela eman daitezke, euskara ikastea atseginduz eta euskararekiko sentipen onak piztuz.
Gramatika eta araugintza ondo dira. Behar-beharrezkoak dira hizkuntza batek bilakaera normal eta normaldua izan dezan; are beharrezkoagoa, beraz, gurea bezalako hizkuntza normaldu gabearentzat. Baina denak ez du zertan arau izan, mundu akademikotik haratago, bizirik izan behar baitu hizkuntzak. Hau da, geletatik kanpo hitz egin dadin ere irakatsi behar da geletan. Egun, ordea, geletan bertan ere euskara bazter geratzen hasia delako sentsazioa izan dut nik askotan. Ikasleek, maiz, eskola probetxuzkoa dela pentsa dezaten, gramatika azaldu eta ariketa analitikoak eginarazten dizkiegu, eta, hortik kanpo, ez diegu euskararen errealitaterik erakusten. Horrela, euskara kanpotik eta urrutitik inposaturik datorkien zerbait bailitzan estudiatzen dute; oposizioetarako eta lanposturako puntuak ematen dituen meritu hutsa dute, besterik ez.
Eskolak bestelakotu egin daitezkeela diodanean, ordea, ez dut ezer berririk asmatu behar dugunik esan nahi. Dena dago asmatuta, metodo askotxo dago probatuta euskararen irakaskuntzan; denetatik egokiena hautatzea da kontua, hortaz. Eta, dudarik gabe, euskara era aktiboan ikasi nahiz irakasteko, metodo funtzional komunikatiboa izan da eragingarriena orain arte. Hots, bete beharreko funtzioen arabera, komunikatzeko balio duen euskara irakastean datzana.
FUNTZIO KOMUNIKATIBOAK SORTUZ IRAKATSI
Hizkuntzak funtzionatu egiten duela, komunikatzeko balio duela antzeman behar du ikasleak. Ikaslearen bigarren hizkuntzaz ari garela kontuan hartuta, beronek bere ama-hizkuntzak adinako funtzioetarako balioko diola sentitu behar du ikasleak; hau da, euskaraz ere bizi litekeela ikusarazi behar zaio. Horretarako, eta eskola ematen dugunon ikuspuntutik, arlo bitan egin behar dugu indar: eskolan bertan eta eskolaz kanpoko ekintzetan.
Horrek, jakina, azterketa kontzeptua ere egokitzea lekarke, azterketak ere sortze-lana neurtzea izan beharko bailuke helburu. Euskaraz sortzeko, egiteko ahalmenean neurtu behar da gehienbat ikaslearen gaitasuna. Ariketak egitea teknika hutsa baita, gaitasunetik ezer gutxi duena.
Hortaz, oso harreman estu eta koordinatua izan beharko dute gelan eta gelaz kanpo egiten diren ekintza komunikatibo guztiek, bai programatzerakoan, bai burutzerakoan, bai eta ebaluatzerakoan ere.
Honetan guztian, ezbairik gabe, zeresan handia du irakaslearen kontzeptuak. Nekez transmiti daiteke sentitzen ez dena, transmititu ez dena nekez senti daitekeen bezalaxe. Eta irakaslea da euskararen transmisorea gure euskaltegietan, jakina.
Euskara-irakasle izateko, ordea, titulazio jakin bat edukita nahikoa izan da urte luzeotan, eta horrek irakasle-tipologia erabat eraldatu du azken hamarkada hauetan. Baldin eta edonor izan badaiteke transmisore, ondorio garbia da edozer transmiti daitekeela, eta gero gerokoak, noski (hausnar dezagun institutuetako gure gaztetxoek jaso duten euskaraz, esaterako).
Beraz, ez dirudi erraza denik irakaslearen inplikazioa eskatzea euskararen irakastean, baina ezina ekinaren ekinaz lortu ohi denez, bokazio apur bat duen irakasle oro bere militantzian tinko jarraitzera animatu nahi nuke nik; beharbada, horrela, motibazioa piztuko baitio ondoko irakasle aseptiko horri, edo, behintzat, bere burua axolagabekerian eta asepsian jaustea ekidingo du. Batzuetan esaten den bezala, ez ei dira garai onak lirikarako, baina lirika beti izaten da eder.
(ROBERTO ALKARTERRI helduen euskara irakaslea da)
Roberto Alkarterrik erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):
![]() | Inprimatu |
Aintzane Ibarzabal / 2008-10-03 / 11:38
Ez da nire asmoa Robertorekin eztabaidan aritzea. Izan ere, iritzietan bat etorri gabe ere, edo batzuetan bai eta besteetan ez, errespetu osoa zor diodala iruditzen baitzait.
Gai asko eta oso sakonak aipatu ditu bere artikulu luzean. Hala nola, euskara agiriak, agirien baliokidetza, administrazioko langileen hizkuntza eskakizunak, ebaluazio zertifikatiboa, kanpo, barne ebaluazioa, azterketa ereduak, testak, euskaltegietako irakasleen zereginak, euskara ikasteko metodoak, ikasleen motibazioa, euskararen erabilera, eta abar.
Gai horiei guztiei gustura eutsiko nieke, baina mahaia gainezka daukat eta ezinezkoa zaidanez, nik puntu horietako bat besterik ez dut aipatuko, niri lanbidez dagokidana, eta beste norbaitentzat uzten ditut gainerakoak. Horrela, lana banatuz gero, artikulua bere osotasunean landuko baikenuke.
Iruditzen zait gai nagusia, hala ere, Robertorentzat eta hasieratik amaierara testua josten duena, HABEren agiriak eta agirien baliokidetza dela, eta horregatik eraman duela bere artikuluaren izenburura.
Testua irakurtzean irudipena izan dut hutsuneak eta arazoak aipatzen dituenean azpian edo buruan beti HABEren agiriak dituela. Beharbada, nire ikuspuntua izan da irakurketa egitean, baina, badaezpada, ohartxo batzuk egin nahi ditut.
HABEren euskara agirien jatorria gogorarazi nahi nuke, lehenik eta behin. Aspalditik datorren eskaria da, euskaltegiek HABEri egin ziotena eta ikasleek, noski, haiekin batera. Helburua zen euskaltegien bidez ikasleek agiri ofizial, bateratu eta balio berekoa eskuratzea euskaltegi guztietan, ikasleentzat baliagarria izan zedin, behar zen lekuan aurkezteko.
2004. urtean izan zen 1. azterketa-deialdia euskaltegietan eta aurten 5.a egin da. Ikasle kopuruek ere urtez urte gora egin dute (3.000tik 14.000ra), bai parte hartzeko baldintzak zabaldu direlako, deialdi kopurua gehitu delako, eta beste zenbait arrazoirengatik (unibertsitateko kredituak, curriculumak, administrazioko agirien baliokidetza, diru-laguntzak, ikasleen interesa...).
Egia da ibilbide horretan arazoak izan direla (horretan ados Robertorekin), baina baita ere bidean aurrera egin behar dela, okerrak zuzendu eta, ahal dela, hobekuntzak bultzatu. Gauzak askotan mantsoegi egiten dira, denen gustukoak ez dira, baldintzak betearazi behar dira eta askotan ezetz ere esan behar da.
Hutsuneak hutsune, "errare humanum est", ez dut uste artikuluan aipatzen diren hutsune guztien errua HABEren agiriena denik, ezta baliokidetza dekretuarena ere.
Dena dela, goiko izenburua ahaztu gabe, euskara agiriak, euskara ikastea eta erabiltzea nola lotzen diren azaldu nahiko nuke: euskara-agiria duen ikaslea gai izango da maila jakin batean euskara erabiltzeko, era orokorrean eta lau trebetasunetan. Hori da guri dagokigun lana. Agian ezingo ditugu Robertok aipatzen dituen beste hutsune guztiak bete, baina definizio horrek esaten duena ongi betetzea da guretzat lehen urratsa eta garrantzitsuena. Ikasleak maila lortu duela jakinda, hizkuntza erabiltzeko borondatea izan beharko du eta, noski, baldintza egokiak eta hizkuntza erabiltzeko aukerak.
Bestalde, agiri bati askotan balioa gizarteak ematen dio, batzuetan gehiegizkoa eta besteetan bat ere ez. Hori ere beste gai sakon bat da, Robertoren "azterketitis" hitzarekin lotua dagoena. Nik nahiago dut aurreko paragrafoko definizioa azpimarratu.
Azterketak eta agiriak gizartean eta gure kulturan noraino dauden errotuak eta noraino itsutu dezaketen ikaslea, besterik ez ikusteraino, ongi zaindu behar den puntua da. Horrekin batera, eta ildo beretik, beste ezaugarri bat ere badu gure gizarteak eta da dena berehala lortzeko premia. Ikasleak jakin behar du patxada pixka bat hartzen, ibilbidea egiten eta ikas-prozesuan denbora hartzen, maila bat gainditu duela eta, hurrengoa lortzeko azterketak egin eta egin jarri gabe.
Ez nuke nahi, hala ere, irudi ezkor eta kezkagarri horrekin amaitu nahi erantzun hau. Lehengo batean 1. mailako agiria eskuratu berria zuen ikasle batekin egin nuen topo igogailuan. Ikaslea isilik zihoan, agiriari begira. "Zer, oraintxe jaso duzu?" -esan nion. Eta berak, "bai, asko kostatu zait, baina orain poza hartzen da" -erantzun zidan irribarretsu.
Irudi hori gorde nahi dut nire eguneroko lanean aurrera egiteko, eta, horrekin batera, euskara ikasten ari diren ikasle guztiei esan, ez etsitzeko, bidean aurrera egiteko, lortuko dutela, ikasiko dutela.
(AINTZANE IBARZABAL, HABEren ebaluazio atala)