|
Ondorengo gogoetak Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskararen Aholku Batzordeak prestaturiko eta XXI. Mende Hasierarako Hizkuntza Politikaren Oinarriak izenburua daraman txostenean datorrenaren haritik egindakoak dira.
Hizkuntza politikaren oinarriak berraztertzea da gogoeta hauen helburua. Hori da luzatu zaigun gonbitea. Metodologikoki guzia zalantzan jartzea abiapuntu duen kultura modernoaren baitan ari garenez gero, oinarriez gogoeta egiteak zera esan nahi du: esandakoaren esan gabeko oinarriez ere jardutea, esan gabe gelditu direnak azaleratzen saiatzea. Gurea den kulturan hori egiten ez den heinean ideologiaren susmoa beti gertu dagoelako.
Horrek ez du esan nahi ideologia susmorik gabeko oinarri azterketarik lor daitekeenik. Bai, ordea, ahalegina egin behar dela, eta egindako ahaleginak berriro azterketa gai izan behar duela.
Zalantzarik ez dago Euskararen Aholku Batzordeak prestatu duen txostenak ahalegin handia duela argitan jartzen: oreka gordetze nahia berehala susmatzen da, ohikoak diren gehiegikeriak baztertzeko gogoa ere bai, sarritan beste hizkuntzarekiko faltan jotzen den errespetua ere bai, beste hiztunekiko, hau da, elebidun ez direnekiko.
Hala eta guziz ere, eta ez esandakoa eztabaidatzeko asmoz, baizik eta esandakoan egon daitezken kontraesanak eta esandakotik, ez asmoz, baina bai eraginez, erator daitezkeen ondorioak begi bistan jartzeko asmoz zenbait gogoeta egitea komenigarri da, eta horretara datoz hurrengo lerroak.
Txostenean bertan behin baino gehiagotan esaten den moduan -batez ere gizarte demokratikoetan ohiko denari buruz ari denean, globalizazioa gogora dakarrenean eta abar- hizkuntza politikari dagozkion gogoetak gaurko mendebaleko modernitate berantiar giroan kokatzen dira. Argi agertzen da hori unibertsaltasun balioa eta komunitarismoaren eskakizunak, biak, aintzakotzat hartu nahi dituenean txostenak: unibertsaltasun eskakizuna eta komunitarismoak astintzen dituen arazoak kultura modernoaren barne egituran itsatsita dauden kontuak baitira, ez hizkuntza politikaren arazoak zuzenean.
Aipaturiko modernitate berantiar horren ezaugarri nagusienetako bat da kontraesan guziak gaindi daitezkeenaren ustea: nahikoa da bata eta bestea, nahiz eta kontraesanekoak izan, elkarren ondoan jartzea, biak nahi direla aitortzea, norbait bien aldeko dela esatea kontraesan guziak gaindituak bailiran uste izatera iristeko. Jainkotxo moduan moldatutako subjektibotasun moderno berantiarrari berezkoa zaio horrelako ahalguztidun ustea: dena konpon dezakeenaren agintearen eta eskumenaren jabe izatekoa alegia. Honela, aukerarik egin beharrik ez dago. Edo gaurko pentsalariren batek esango luken bezala (Foucault, Agamben), aukeraren ondoren datorren errealitatearen bortxa ekiditeko betiereko aukerakotasunari gogor eustea, beti askatasun betean bizi ahal izateko.
Ezaugarri horren baitan kokatzen da eskubide guziak une berean eta gizaki guzientzat aitor daitezkeelako ustea, eskubideak amairik gabeko ondasun izango bailiran, elkarren arteko inolako kontrakotasunik gabekoak.
Ezaugarri honen islarik badago txostenean ikusiko dugun bezala, kontrakorik ere esaten bada ere: aipatzen da baten eskubideak bestearen betebeharrak lekarzkeela, baina guzia aztertuko dugun bizikidetza giroan, kontraesan eta kontrakotasun guziak gaindituak lituzken bizikidetza batean. Bide honetatik esan beharra dago kontsentsua oso dela beharrezko hizkuntza politikari dagokienetan, baina behin baino gehiagotan aipatzen den demokraziaren izaera da gatazkatsua izatea, diferentzien kudeaketa, kontrakotasunen bideratzea, hori bai, oinarrizko adostasunetik abiatuta, zeinetan guzientzat baliozkoak diren joko arauak onartzen diren.
Deigarria da oinarrizko adostasun hori lortu ezin dugun gizartean -lorturik egonez gero horrek hizkuntza politikaren inguruko kontraesan eta diferentziak kudeatzea ahalbideraturik legoke-, txostenak kontsentsu hitza horrenbeste azpimarratzea hizkuntza politikari dagokionetan. Agian beste oinarrizko adostasun faltaren adierazgarri besterik ez da, baina honek hizkuntza politikari berari ez dagokion zama ezartzea ere esan nahi du, inolako mesederik egiten ez dion zama. Eta hizkuntza politika politika den heinean gure politika arloko ezaugarri eta egoeratik kanpo ezin kontsidera daiteke.
Guzi honegatik ase gabe uzten nauen testuaren ezaugarrietako bat da arazoak, eskubideen arteko arazoak, ikuspuntu ezberdinen artekoak, ez bakarrik oinarri adostuetatik erakar daitezken politika konkretuei dagozkienak, ez gordinago planteatzea. Guzia dago hegelianismoaren zeruan kokaturik: kontraesan guziak gainditurik lituzken adostasun azkeneko batean, zeinetan erreala osoki arrazionala den, eta arrazionala osoki erreala.
Nahiz eta testuaren azken partean oso garbi ez bada ere planteaturik dagoen hiztunen eskubideen arteko gatazka posiblea, txostenaren azpi testuak pentsarazten duena kontrakoa da: ahalezkoa da hizkuntza politika bat elebidunen eta elebakarren hiztun eskubide guziak errespeta ditzakeena, eta errespetatu behar dituena. Etengabeko kontsentsuaren eskea, eta hizkuntzen arteko bizikidetasunaren etengabeko azpimarratzea, gehi gizartearen kohesioari txostenak ematen dion garrantzia: aukera besterik izan ezin daiteken politikari ertz guziak kendu nahirik politikotasun guzia, hau da, aukerak egitea, eta aukerak eginaz arazoak sortzea, ukatzen dio.
Euskal gizartean, ordea, hiztunen eskubide guziak elebidunenak zein elebakarrekoenak, bermatu nahi baldin badira, kontutan izan behar da horrek ehuneko ehuna baino gehiago egiten duela. Bi gizarte beharko genituzke horretarako: guzia espainieraz egiten duen gizarte bat, eta guzia euskaraz egiten duen bat. (Bide batez, espainiera bada guk gaztelania deitu izan diogun hizkuntzaren izen ofiziala, Estatuaren organo bat den Hizkuntza Politikarako Idazkaritzarena den txosten batek horrela deitu beharko liokeela iruditzen zait). Honetatik ondorio nahiko larriak sor daitezke, beranduago aztertuko dudan moduan. Baina oso modernitate berantiarreko pentsaera da eskubideak, denak eta asko eta geroz eta gehiago, amaiezineko ondasun direla uste izatea, elkarren kontrakoak inoiz izan gabe, eta sekulan agortzen ez direnak. Pentsaera horretan kokatzen da estatuan hain ohiko bihurtu den eskubideak zabaltzearen, hedatzearen diskurtsoa. Baina Michael Walzer-en eskutik ikasi beharra legoke, eskubideak, batez ere giza eskubideak, unibertsalak izan nahi badute, gutxi izan behar dutela, bestela konkretuegiak bihurtzen direlako, eta konkretutasunak unibertsaltasuna arriskuan jarri bide duelako, eta eskubideak elkarren kontrako bihurtu.
Sarrera gisako gogoeta hauen ondorenean, nire iritziz txostenean aurki daiteken kontraesanetako bat aztertu beharra dago. Bi paradigma diferente erabiltzen ditu txostenak, elkarren arteko harremana nolakoa ote den aztergai bihurtu gabe. Batetik eta, nire iritziz berriro, testuan nagusi dena, hizkuntzaren eskubideen paradigma. Hiztunen eskubideen paradigma berriz bestea. Txostenean aurki daitezken esaldi askoren, edo gehienen, subjektua euskara da. Hizkuntza da aktorea. Hizkuntza da kontutan hartzen dena. Hizkuntzaren egoera, hizkuntzaren izaera, hizkuntzaren iragana eta bere etorkizuna dira gogoan hartzen direnak.
Eta diskurtsoaren ari nagusia hizkuntza bera kontutan hartzetik lotzen da. Euskarak hau behar du, euskarak bestea behar du, euskarak merezi du etorkizunik, euskarak honelako edo halako egoera jasaten du, euskara normaldu egin behar da, euskararen erabilera da axola duena, euskara dago ahulezia egoeran. Euskara da, beraz, neurririk handienean, eskubideen subjektu.
Egia da hiztunen, euskal hiztunen eskubideak ere aipatzen direla. Baina hizkuntzaren eskubideen ondoan, eta bien artean gerta daitezken kontrakotasunak aztertu gabe. Hiztunen eskubideak, eta elebiduna den gizarte batean eskubide ezberdinen iturburu dira hiztunen eskubideak, eta hizkuntzaren eskubideak ez dira nahita ezean berdinak. Batez ere gurea bezalako elebiduna den gizarte batean hizkuntzen eskubideak hizkuntza baten, euskararen eskubideetara mugatzen direnean, beste hizkuntzaren eskubideak, espainieraz bakarrik dihardutenenak alegia, kontutan hartu ere egin beharrik ez daudelako, hizkuntza baten eskubideak bere osasun demografikoarekin loturik ikusten direnean.
Bide honetatik txostenak esaten duena zera da: euskararen egoera ahula dela -ahuldade horrek euskararen eskubideak oinarritzen dituelarik-, eta baita euskal hiztunen egoera ere ahuldadezkoa dela, euskal hiztun batek ezin baitezake bere bizitza osoa hogeita lau ordutan eta gizarte esparru guzitan euskaraz bakarrik bizi. Eta suposatzen du, nahiz eta ez duen zuzenean esaten txostenak, espainol elebakar denak ez duela horrelako arazorik topatzen euskal gizartean.
Ahaztu egiten du txostenak, ordea, administrazioan -baina ez bakarrik- lanpostu asko, kalitatezkoak direnak eta beraz oso desiragarriak direnak, elebidunentzat erreserbaturik daudela. Arlo honetan elebakarrekoa da ahula gure gizartean, elebiduna, aldiz, abantailan aurkitzen dena.
Adibide horrek erakusten du bi paradigmak elkarren kontra egon daitezkeela: egia da espainola ez dagoela arriskuan ezta euskal gizartetik guziz desagertuko balitz ere. Horrek, ordea, kontsolamendu gutxi eskain diezaioke espainolez elebakar den eusko hiritarrari zenbait lanpostutara iristeko unean, edota, beste adibide bat jartzearren, euskal telebistako lehen programak eskaintzen duen eskuz banakako txapelketako pilota partidu bat ematen duenean.
Esandakoaren ildotik aipatu beharra dago gure gizartean ematen den banaketa ez dela euskal hiztunen eta espainol hiztunen artekoa, elebidunen eta elebakarrekoen artean ematen dena baino. Eta euskal hiztunak, denak oraingoz, dira elebidun, eta espainol hiztun gehienak dira elebakar. Banaketa horrela planteatzeak ba du ondoriorik. Hizkuntza erabiltzeko unean elebakarrekoarentzat beste hizkuntza ez ezagutzea ezintasuna da, elebidunarentzat aldiz aukera kontua, balorazio kontua. Hizkuntza batek, edozeinek, badu komunikazio balio bat, komunikatzeko tresna den heinean. Eta badu, gainera, balio sinboliko bat, talde, tradizio eta kultura batekiko identifikazio balio bat duen neurrian, eta horregatik, balio sentimental handi bat atxikitzen zaio askotan, duen eta izan dezakeen balio funtzionalaren gainetik.
Baina gure arteko elebidunen eta elebakarren arteko banaketa ezintasunaren eta aukeraren artekoa da, aukera identifikazio eta sentimendu sakoneko balioekin loturik badago ere. Administrazioak gurean espainolez bakarrik hitz egingo balu, dioenaren ezagutzari ez lioke kalte handirik egingo. Bai elebidunek duten eskubideari, administrazioak esateko duena aukeratzen duten hizkuntzan jasotzekoa alegia. Baten ezintasuna eta bestearen identifikazio eta sentimendu balioekin loturiko aukera maila berdinean kokatzen al dira, maila berdinean kokatutako eskubideak al dira? Azterketa guzi hauek kontutan hartu beharko lukete guzientzat komuna den, komunikazio funtzioa bete dezaken hizkuntza bat badagoela Erkidego autonomoan, espainiera alegia. Espainiera da hizkuntza frankoa gurean. Eta hori da gure hizkuntzazko egoeraren ezaugarririk nagusiena, elebidun, beste era batera elebidun, diren herrialdeekin parekatuz gero, adibidez Suitzarekin edo Belgikarekin.
Gogoeta honen helburu bakarra bi paradigmen artean sor daiteken kontrakotasuna ikustaraztea da. Eta sor daiteken kontrakotasun horrek elebidunek eta elebakarrekoek dituzten hiztun eskubideak elkarrekiko posizio asimetrikoan jartzen ditu: gehiago balio dute hiztun elebidunaren eskubideak, nahiz eta aukeran oinarrituak izan, elebakarrekoaren hiztun eskubideak baino, nahiz eta hauek zenbait kasutan ezintasun bat begi bistan jarri eta beraren ondorio izan.
Hizkuntzak harremanean bakarrik uler daitezke. Ez dira aukera pertsonal eta banako baten esparruan agortzen. Ez dago bakarkako hizkuntzarik. Hizkuntzak ezinbestean bat baino gehiago eskatzen du. Gutxienez biren arteko kontua da. Gizartezko gertakizuna da hizkuntza. Hiztunen eskubideak harremanezkoak dira, erlazionalak: baten eskubideak bestearen betebeharra dakar. Elebidun batek euskara aukeratzen badu administrazioarekin bere harremanak kudeatzeko unean, eta aukera hori ase beharreko eskubide gisa kontsideratzen bada, orduan administrazioak, eta administrazioan norbaitek, bere gain hartu behar du obligazio hori.
Kontutan izanik gure gizarteko gehiengoa elebakarra dela, euskara aukeratzen duenaren eskubideari erantzuteko gehiengoari bizkarreratzen zaio elebakarreko hiztun bezala duen ezintasuna gainditzeko obligazioa. Euskara aukeratzen duen elebidun batek egoera guzitan, hogeita lau ordutan eta eremu guzitan euskara baliatzeko eskubidea badu eta eskubide hori bermatu behar bazaio, elebakarreko guziak beharturik daude beraien abiapuntuzko ezintasuna gainditzera. Batzuen aukerazko eskubideari besteen ezinbesteko betebeharrak bakarrik erantzun diezaioke. Elebidunek dituzte eskubideak gurean eta espainolez elebakarreko direnek obligazioak.
Txostenean garbi gelditzen da hori ez dela norbaiten burutazioan oinarritzen den zerbait. Badirela funtsezko arrazoiak asimetria hori, nahiz eta asimetria gisa apenas formulatzen den txostenean, -ez dakit aipatzen den deserosotasunak asimetria hori duen gogoan-, planteatzeko. Hizkuntzen arteko bizikidetza eta gizarte kohesioa dira arrazoirik nagusienak.
Iruditzen zait, ordea, aipatu egiten direla, bizikidetza batez ere, baina zer den, zer diren, zertan datzaten argitzeko ahalegin gutxirekin. Abstrakzio hutsean gelditzen dira. Guzientzat jakina balitz bezala. Edonork besterik gabe ulertuko lukeen, eta modu berean ulertuko lukeen zerbait bezala.
Abstrakzio guziak dira, ordea, zehazki aztertu beharrekoak, izugarrizko engainuen iturburu izan nahi ez badute. Hizkuntzen bizikidetzaz ari gara, edo hiztunen bizikidetzaz? Bata eta bestea berdinak al dira? Era batera edo bestera ulertuz, bizikidetza hori al da gizarte kohesioaren giltzarri? Nolatan, zergatik?
Galdera konkretu hainbat formulatuz saia nadin arestian egindako galderei erantzuten. Erkidego autonomoko gizarte kohesioa hizkuntzen arteko bizikidetzan oinarritzen al da, edo kohesio faltaren iturrian hizkuntzen arteko bizikidetzarik eza aurkitzen al da? Zaila da baietz erantzutea errealitatea kontutan hartzen bada. Biolentzia da kohesio faltarik handiena sortzen duena Erkidego autonomoan. Ez dut uste biolentzia eta euskara osoki parekatu daitezkeenik. Euskara aukerako hizkuntza dutenen artean kohesio falta izugarria ematen da euskal gizartean biolentziaren aurreko jarrera neurri bezala hartzen bada -eta neurri hori hartzea ez da inola ere arbitrarioa-.
Ba ote dago Erkidego autonomoan elebidun batez eta elebakarreko batez osaturiko bikoterik? Bikote horien kohesioa eta bizikidetza zalantzan jartzerik ba ote dago? Eta bikote horiek banantzen badira hizkuntza eskumen diferenteak izateak ote du errua? Esperientziak bestelakorik erakusten duela uste dut.
Guzi honek ez du esan nahi hizkuntzen arteko harremanek, elebidunen eta elebakarrekoen arteko harremanek bizikidetzan inolako garrantzirik ez dutenik, eta gizarte kohesioarentzat garrantzirik ez dutenik. Baina garrantzi hori zehaztu egin behar da behar bezala baloratu ahal izateko. Sortzen diren gatazkak, -azkenekoa aipatzekotan A ereduarekin jarraitzeko eskubidea eskatzen dutenek agertarazi dutena- ez da hiztunen arteko gatazka bat, elebidunen eta elebakarrekoen artekoa, hiritar batzuk administrazioaren erabaki politiko batzuekin dutena baino.
Suitzako gizartearen kohesioaz ezin genezake zalantzarik egin, nahiz eta hizkuntza frankorik, komunik, ez eduki, hiru hizkuntza nagusitan banandutako gizartea izan. Euskal gizartean dauden gizartezko kohesio arazoak ez daude nagusiki, ezta urrunik ere, hizkuntzen eskumenean ematen den ezberdintasunarekin loturik. Gizarte baten kohesioa zertan datzan ez da erraz sumatzea kasu bakoitzean. Eta mendebaleko gizarteek Estatu nazional gisan erakundetu direlarik, erakundetze horretan hizkuntza franko batek jokatu duen funtzioa ez da ezerezaren hurrengoa izan, handia baizik. Baino horrek ez du inola ere esan nahi hizkuntza bakarra izan denik kohesioaren suspertzaile bakar: egon badaude hizkuntza bakarra izanik beste arazo batzuengatik kohesio guzia galdu duten gizarteak: garai bateko Jugoslaviara begiratu besterik ez dago serbokroaziera izenduriko hizkuntza ez dela nahiko izan gizartea bateraturik eusteko.
Hizkuntzen arteko bizikidetza garrantzizkoa da, zalantzarik gabe. Baina argitu beharreko zerbait da bizikidetzaz esan nahi dena, bizikidetza zertan datzan, zerk duen arriskuan jartzen.
Eta txostenak dioena kontutan harturik, badirudi bizikidetzaren giltzarria hiritar bakoitzaren elebitasun betean kokatu behar dela. Badirudi diot, txostenak ez baitu lotura zuzenik egiten, baina bai esan gabeko elkartasun bat adierazten bien artean. Egia da txostenak jasotzen duela elebitasunari buruzko iritzi diferenteen existentzia. Zuzenean aipatzen du egon badaudela osoki elebiduna litzatekeen gizarte baten izateko aukerari dagokionez zalantzak. Honelako gizarterik ez dela existitzen dioen iritzia aipatzen du espresuki.
Hala ta guziz ere, eta zalantzari zuzenean erantzun gabe, irtenbide kurioso bat aurkitzen du arazoa zeharkatzeko: egon daitekeenaren hipotesia egitea eskatzen du, horretarako inolako arrazoirik eman gabe. Elebitasun osoko gizarte bat guziz elebidunak diren hiritarrez osaturikoa da. Horretarako administrazioak bitarteko guziak jarri behar ditu, eskola amaieran ikasle guziak bi hizkuntzetan berdin gaituak egon daitezen.
Maila hori lortuz gero, hizkuntzen arteko harremana aukera hutsekoa izango litzateke, hiritar bakoitza egoera berdinean egongo bailitzateke erabilera gaitasunari dagokionetan. Maila hori lortuz gero gizartearen hizkuntzazko egoera ez litzateke izango elebidunen eta elebakarren arteko banaketa. Hiritarren hizkuntza eskubideen arazorik ez legoke, gorago hemen aipatu den bezala, eta batez ere gaur Erkidego autonomoan elebidunek duten abantaila handia administrazio publiko eta administrazio publiko moduko lanpostu kalitatezkoetara iristeko unean. Bat batean arazo guziak desagertuak lirateke. Hipotesi bat, errealitatean zalantzan jarri daitekeena gainera, hartzen da egoera ideal bat definitu, eta egoera ideal horretatik abiatuz hizkuntza politikaren ildo nagusiak definitzeko. Hori bai: ildo nagusiak behin definituz gero, errealitate erreala -eibartarren egia berdaderoaren antzekoa- kontutan hartu behar dela azpimarratzeko, inposaketak alde batera utzi behar direla behin eta berriz aitortzeko, eta hartutako erabaki guziak adostuak izan behar dutela esateko, esan nahiko balitz bezala, guzia askatasunean, hau da, inoren hizkuntza eskubideak urratu gabe gauzatu behar dela.
Errealitatetik abiatu beharrean, errealitatean ahalezko denetik abiatu beharrean, teorian eskakizun maximoa dena planteatu, eta praktikari eskatu pausoak leundu ditzan, errealitatean gertatzen dena gogorregia izan ez dadin: hizkuntzaren eskubideak -esan nahi baita, euskararen eskubideak, hizkuntza ahul gisa dagozkionak alegia- dira bermatu beharrekoak, euskal hiztunen eskubideek dute lehentasuna -gorago aipatu ditugun bi paradigmak elkarren ondoan euren arteko harreman korapilatsua aztertu gabetik sortzen den bezala, adostasunaren fetitxismotik datorren moduan, eta bizikidetza abstraktu baten ondorioz beharrezko ikusten den gisan-, eta elebakarreko hiritarrak dira guzi hori betetzeko beharrezkoa den betebeharra bizkarreraturik dutenak.
Onar dezagun, ordea, joko metodologiko moduan txostenak eskatzen duen hipotesia: osoki elebiduna den gizarte bat ahalezko dela, zeinetan hiritar guziak gaitasun berdina duten bi hizkuntza ofizialetan baliatzeko. Nola jokatzen du horrelako gizarte batek, nola funtzionatzen dute hizkuntzek honelako baldintza batzuetan? Gizarte batek hizkuntzen erabileran elebiduna izateko, eta modu simetrikoan, hiritarren erdiak bi hizkuntzetako bata erabiltzeko aukera egin beharko luke beti. Eta beste erdiak beste hizkuntza erabiltzeko aukera.
Hori gertatuko balitz, ordea, euskara erabiltzeko aukera egiten duen erdiaren eskubideak bermatua izan nahi badu, beste erdiak euskaraz jarraitu beharko lioke, eta orduan erabileran elebakartasuna izango genuke nagusi. Edota hiritarren erdiak euskara aukeratuko luke erabileran, eta beste erdiak espainola, eta orduan erdiak euskaraz mintzatzen eta erdiak elkarrizketa kide gisa espainolez hitz egiten edukiko genituzke. Imajinazio indar handia behar da honelako zerbait irudikatzeko. Zer gertatzen da orduan administraritzarekin? Zer eskolekin? Zer komunikabide publikoekin: kazetari batek galderak euskaraz egin eta elkarrizketatuak espainolez erantzun, eta alderantziz? Euskarazko formularioa jaso eta espainolez bete? Euskaraz ikasi unibertsitatean eta azterketa espainolez egin?
Nire susmoa garbi aitortzeko, guziz simetrikoa den gizarte elebidun osoko gizarte baten ideiaren atzetik, ondorio gisa eta ez intentzio mailan, gizarte elebakarrekoaren egoera ikusten dut, batez ere erabilerari dagokionez, eta erabilera mailako elebakartasunaren ondorioz baita ezagutza mailan ere, ezari-ezarian.
Komenigarri da ahalegin bat egitea irudikatu ahal izateko nola funtzionatuko luken osoki elebidun den gizarte batek, hiritar guziak gaitasun berdinez bi hizkuntzetan jarduteko ahalmena izanik. Eta irudikapen ahalegin hori eginez gero, elebakartasunerako joera nahiko agerian dagoela iruditzen zait. Batez ere elebitasun osoarekin batera euskarari hizkuntza ahula izatetik sortzen zaizkion eskubide bereziak kontutan izanik, eta espainolak inolako arriskurik ez duela uste izatetik, beti noski hizkuntzaren eskubideen paradigmaren eskutik.
Garbi geldi bedi: txostenak hipotesi moduan planteatzen duen osoko elebiduna litzatekeen gizartearen eskutik planteatzen da baita ere hipotesi moduan hemen elebitasun hori praktikan, erabileran, elebakartasun bihur daitekeela, hori dela ondoriorik errazena eta aukerakoena. Ez da esaten inola ere hori dela txostenaren planteamenduaren asmoa eta helburua.
Hitz bi amaitzeko orain artean Erkidego autonomoan hiritar gehienak euskara sustatzeari eta euskara sustatzeko neurriei emandako babesari buruz, neurri horien inguruan gure gizartean eman den gehiengoaren adostasunari buruz. 1982ko euskararen legeak adostasun parlamentario zabala jaso zuen. Hezkuntzan orain artean ezarritako hizkuntza politikak ere adostasun zabala jaso dute. Gurasoen aukerak beraien haurrak eskolatzerakoan ere adostasun zabala ikustarazten dute.
Administrazioko lanpostuak euskalduntzeko hartutako erabakiak eztabaidatuagoak izan dira. Hala eta guziz ere, esan daiteke euskararen sustapenerako erabakitako politikek babes zabala jaso izan dutela, ez dutela gizartezko gatazka sakonik eta hedaturik sortu.
Ez litzateke egokia, ordea, adostasun eta babes zabal hori dagokion testuinguruan ulertuko ez balitz. Bi puntu dira, batez ere, gogoan izan beharrekoak. Bata aipaturiko adostasuna eta babesa sortzeko unean gizarte presioak izan duen garrantzia. Eta bigarrena aipaturiko adostasuna eta babesa zer nolako itxaropenekin zegoen lotuta kontutan hartzea.
Lehenengo puntuari eutsiz garbi dago Erkidego autonomoko gizarte giroa abertzale izenda genezakeen imaginario batek markaturik egon dela urte luzetan, gizarte mailako diskurtso ofiziala abertzale eta euskaltzale edukiez osaturik egon dela. Eta giro horrek garrantzi handia izan duela gizabanakoek, hiritar bakoitzak hizkuntzekiko, euskararekiko izan duen jokabidean. Gizarte mailako diskurtso ofizialean aldaketarik emango balitz, eta horrelakoak gertatzea ez da sekulan baztertu behar, hiritarren jokabidea ere aldatuko litzateke, eta orain artean adostasun eta babes izan dena kontrakotasun bihurtu.
Bigarren puntuari dagokionez berriz, ez da ahaztu behar elebakarreko hiritar askok eta askok zuzenean edo bere haurrentzat euskararen apustua egin zutela uste izanik apustu horrek balio zezakeela gizartea integratzeko, gizartearen baitako gatazkak bideratzeko, gatazka politikoa eta biolentziarekin loturiko gatazka konponbidean jartzeko. Elebakarreko hiritargo hori prest zegoen hainbat lan bere bizkar hartzeko eta euskararen alde egin beharrekoak egiteko edo gutxienez babesteko, guzi horrek gatazkak gainditzea ekar zezakeelako.
Ez da horrela gertatu, ordea. Gizartearen integrazio politikorako, biolentziaren arazoa gainditzeko, alferrikakoa izan da elebakarreko hiritargo horrek egindako apustua. Ez hori bakarrik: ikusi ahal izan du integrazioaren helburua ez baina euskaltzaletasuna bere erreklamatzen zuen abertzaletasun batek kontrako apustua egin duela, erradikalizaziora joz. Erkidego autonomoko erakundeek erabakitako hizkuntza politika ez baita beti berdina izan, aldaketarik gabekoa. Lehenengo Euskararen Aholku Batzordeak erabakitako oinarriak erakunde estatutarioak eraikitzeko giroan kokaturik daude; hezkuntza politikaren akordioa eta berarekin loturiko eskolako hizkuntza politika koalizio gobernuen garaikoa da; garai berekoa da administrazioko lanpostuak euskalduntzeko plana, eta plan horrek sortutako egonezinak; garai horren amaieratan ematen da aldaketa handi bat hizkuntza politikan, ezker abertzalearekin adostasuna bilatuz, ezker abertzaleari gogoko zitzaizkion apustuak bultzatuz, Lizarrako akordioaren izpiritua izango zenaren aitzindaritza moduan: abertzaleen jarduera batasuna euskara munduan probatuz.
Eta Ibarretxe Lehendakariaren planaren ingurukoak dira hezkuntzan euskara hizkuntza nagusi bezala ezarri nahi den politika eta zenbait administraritzatan lanpostuak euskalduntzeko plana estu eta indarrez bultzatzea, hala nola Osakidetzan. Guzi honek diskurtso ofizialak berdina izaten jarraitu arren adostasun faltak begi bistakoak egiten hasi delarik.
Txostenean askotan aipatzen den adostasuna eta euskararen sustapenerako neurriei gizarteak emandako babes zabala zehazki aztertu beharreko zerbait da, eta ez aldaezinekoa litzatekeen naturazko gertakizun bat. Adostasuna eta babesa baldintzatuak izan dira, eta baldintzak aldatu daitezken neurrian galdu ere egin daitezkeenak.
Aurreko gogoeta guziek ez dute esan nahi Euskararen Aholku Batzordeak helarazi digun txostenak esaten dituenak oro har gaitzetsi egiten direnik. Ezta gutxiago ere. Gehiengoak sinatzeko modukoak dira. Ahalegin handia nabari da jarrera orekatu bat hartzeko euskararen sustapen bidean, inposaketaren bideak dituen arriskuak ikusiz eta inposaketaren ordez euskararen erakargarritasuna azpimarratuz, denboraren faktoreari dagokion garrantzia emanez eta egoera diferenteetan beharrezkoa den malgutasunaren apustua eginez.
Baina gogoeta hauetan aipaturiko bi paradigmak elkarren ondoan jartzea, bien arteko harreman korapilatsua aztertu ere egin gabe, bizikidetzaren ideia garrantzizko jotzea, baina modu guziz abstraktuan, eta osoki elebiduna litzatekeen gizarte bat hipotesi moduan onartzea beharrezko egitea, eta hiru ideia horiek elkar indartzeko, elkar bermatzeko duten joera, guzi hori azpimarratzea beharrezkoa iruditu zait, guzi hori muturrera eramanez gero sor daitezken arriskuak begi bistan jartzeko asmoz. Hitz gutxitan laburbildu beharko banu gogoeta hauen mamia, hurrengo esaldiak idatzi beharko nituzke:
- ez dago betebeharrik sortzen ez duen eskubiderik. Eskubideak ez dira amairik gabeko ondasunak. Agortu daitezke, eta batez ere elkarren kontrakoak suertatu daitezke
- hizkuntzaren eskubideen paradigmaren eta hiztunen eskubideen paradigmaren arteko harremanak gatazkatsuak dira gehienetan
- Erkidego autonomoan ematen den hizkuntza mailako banaketa elebidunen eta elebakarrekoen artean ematen dena da. Erkidego autonomoko gizartean badago hizkuntza amankomun bat, hizkuntza franko bat, koiné funtzioa betetzen duena
- ez dago Europa-n osoki elebiduna den gizarterik eta horrelako gizarte elebidun bat hipotesi moduan abiapuntutzat hartzeak ez dakar inolako onurarik
- euskara sustatzeko neurrien inguruko Erkidego autonomoko gizartearen adostasuna aztertu beharreko zerbait da, baldintzatua, eta baldintza horiek irautearekin lotua
Hizkuntza politika politika da. Politika bada, aukerak ezinbestekoak izango ditu. Eta aukerak egiteak arazoak dakartza. Beti. Gizartearentzat sentiberatasun haundikoa den zerbaiti dagokionez hizkuntza, politikak ahalegin berezia egin beharko du arazoak gutxitzeko, mingarriegiak izan ez daitezen. Baina egon egongo dira. Txostenean faltan ikusten dudan elementu nagusia horixe da: ez onartzea gatazkatsua den zerbait duela eskuartean. Eta eskubideen arteko gatazka. Konponbide errazik ez duena. Idealizatuegia dago txostena. Idealizazio hori gainditzeko bidea zera litzateke, helburu gisa elebitasun asimetrikoan bizi den gizarte bat jartzea, zeinetan batzuk egokiago erabiliko duten hizkuntza bata, eta beste zenbaitek bestea, baina komunikazioa guziz hautsi gabe.
Honek eskolako helburuak malguago finkatzea ahalbideratuko luke, eta administrazioko lanpostuen euskal definizioa ere modu askoz malguagoan burutzea ere ahalbideratuko luke. Arazoak, baina, ez lirateke desagertuko. Errealismo karga hori falta zaio txostenari. Joan den mendeko hirurogeigarren hamarkadaren amaiera aldera Euskaltzaindiaren izenean alfabetatze kanpainak abiarazi zituen Rikardo Arregi-k idatzi zuena, euskarak inperialista izan behar duela, euskaldunok gizaki izateko euskararen konkretutasuna beharrezkoa dugulako, eta argudio horrek era berean gazteleraz zihardutenentzako baliozkoa zela ikustean, gaztelera frankismoak osoki alienaturik zegoela eta horregatik erdaldunek baztertu egin zezaketela, egin behar zutela euren hizkuntza alienazioa gainditu ahal izateko, eta horregatik izan behar zuela euskarak inperialista hain zuzen: horrenbeste esan beharrik ez dago, argudioa ez baita onargarria. Baina hizkuntza politika oro ez dago sekulan nolabaiteko bortxatik urrun. Gogoan ez edukitzea arriskutsu gerta daiteke.
(JOSEBA ARREGI ARANBURU Soziologia irakaslea da EHUn)
- Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|