![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Kike Amonarriz / Hizkuntza / 2008-07-10 / 08:25
"Udaletxean lana euskaraz egitea lortzen baduzue, San Frantzisko elizako santuak lekuz aldatu eta zuen irudiak jarriko ditut" esan zigun 80ko hamarkadaren hasieran Estanislao Urruzola Uxola idazle eta euskaltzale tolosarrak helburu hori lorgarria zela eta horretan ahalegindu behar genuela sinistuta geunden gazteoi. Izan ere, frankismoa sufritu eta 60ko hamarkadatik aurrera euskara berreskuratzearen alde lanean ari ziren euskaltzale haiek ez baitzuten inondik ere uste euskarak gaur normal betetzen dituen eremu batzuetara sekula iritsiko zenik, ezta euskararen hotsak Euskal Herri osoaren luze-zabalean entzun ahal izango zirenik ere.
Aitzitik, 80ko hamarkadaren hasieran lorgarritzat jotzen zen helburu eta itxaropen bete gabe askok, ezkortasuna eta etsipena zabaldu dituzte hizkuntza normalizazioaren alde buru-belarri jardun duen askorengan. Adierazle ugariren arabera normalizazio-prozesua moteldu egin da urte hauetan eta egoera honek kezka hori areagotu egin du.
Asko egin da; askoz ere gehiago egin zitekeen.
Datorren urtean 30 urte beteko dira Autonomia Estatutuak euskara hizkuntza ofizial gisa aldarrikatu zuenetik; bestalde, aurten dira 10 urte "Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia" onartu zela. Urte hauetan guztietan, euskal gizartearen egitura eta ezaugarriek aldaketa sakonak izan dituzte, munduak bizi izandakoen ispilu. Eta horiekin batera, euskal hizkuntza komunitateak ere sakoneko aldaketak izan ditu: frankismoa ezagutu ez duen lehen belaunaldia gizarteratu da; elebakartasuna iragana da, belaunaldi gaztea eleanitza izateko bidean da (premia eta behar sozio-ekonomiko berriek eraginda); euskararen ezagupena eta erabilera hedatu egin dira...
Akatsak akats eta hutsuneak hutsune, euskararena, hala ere, mundu mailako erreferentzia bilakatu da alor askotan hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetarako: irakaskuntza arautuan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, administrazioan, hedabideetan, teknologia berrietan, herritarren motibazio eta partehartzean...
Erreferentzialtasun horrek, gainera, balio berezia du euskararen kasuan. Besteak beste honako bi arrazoi hauek direla tarteko. Batetik, euskarak hurbileko hizkuntza nagusiekiko duen distantzia linguistikoa handia da; eta bestetik, biziberritze-prozesu honen hasierako egoera oso kaxkarra zen: hiztun gutxi, bai kopuruz, bai proportzioz; hedapen funtzional eta geografiko murritza...
Ezinbestekoa da, beraz, urte hauetako ibilbidea aztertu eta ebaluatzeaz gain, hurrengo urteetarako norabide berriak markatzea. Eta hori zertarako? Txostenean aipatzen den bezala, hizkuntzen arteko bizikidetasuna bermatuko duen adostasun-politiko soziala, norbanakoen euskararekiko atxikimendua eta gizarte osoaren bultzada eta babesa sendotzeko, besteak beste. Baieztapen horrekin ados egon arren, txostenaren ondorengo ataletan modu argiagoan azaltzen den "euskararen hizkuntza normalizazioa"rekiko aipamen argiagoren bat faltan bota dut txostenaren sarrera honetan.
Txostenean ageri diren kontzeptu batzuk anbiguoegiak gertatu zaizkit (eta ez atal honetan bakarrik). Apika, horrek beharko luke eztabaida honen emaitzetako bat: kontzeptu eta eduki zehatzagoetan formulatzea adostasuna.(1)
Euskal gizarteak sakoneko aldaketa bizi izan du urteotan
Garapen teknologikoek, Internetek, telefonian gertaturiko berrikuntzek eta digitalizazioak irauli egin dituzte gure bizimodua eta komunikatzeko moduak: pertsonen (batez ere gazteen) eta erakundeen arteko harreman-bideak aldatu egin dira denbora eta espazio mugak izugarri murriztuz. Kultur ekoizpenerako eta kontsumorako aukerak eta joerak ere guztiz eraldatu eta ugaldu dira.
Globalizazioak, harreman ekonomikoen mundializazioa, deslokazioa edo inmigrazio masiboa bezalako fenomenoak eragin ditu, eta gure gizarteko hizkuntzen arteko harreman eta gatazketan elementu berriak erantsi. Deslokazioaren ondorioz, aldaketa sakonak aurreikus daitezke kultur industrien produkzio eta banaketa sistemetan ere. Are gehiago hedabideen eta ikus-entzunezkoen sektorean. Guri dagokigunez, komunikazio talde handien kontzentrazioak eta komunikabide publikoen "nortasun" krisiak, eragin zuzena izan dezakete euskarazko produktuen konpetibitatean.
Egitura eta eredu sozialetan gertaturiko aldaketek eragin zuzena izan dute gizarte-harremanetan eta hizkuntzekiko jarrera nahiz erabileran: emakumearen presentzia sozialaren normalizazioa, familia-egituraren aldaketa, gizartearen zahartze-prozesua, balio-aldaketak, sinesmen erlijiosoen gain-behera edo mugikortasun eta leku-aldatze gero eta ohikoagoak.
Belaunaldi gazteak munduarekin duen harremana ere berria da. Ingelesaren ezagupena orokortzen ari da, eta beronen presentzia handitzen gure eguneroko bizimoduan (lanean, ikasketetan, musikan, Interneten...). Mundua etxean dugu gaur egun, eta, ondorioz, eraikitzen ari garen hizkuntza komunitatea eta herria gero eta mundukoagoak dira. Horren adibide, oraindik ere oso-oso gutxi izan arren, nagusiki euskaraz bizi diren eta ingelesez gaztelaniaz baino hobeto moldatzen diren gazteak (gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatzen direnak beti izan baititugu).
Hizkuntzaren indarberritzea bestalde, testuinguru zabalago batean ari da garatzen, eta denok dakigu testuinguru hori ez dela guretzat egokiena: normalizazio sozio-politikoa ezin gauzaturik, gatazka politikoa eta biolentzia indarrean, eta euskalgintza ere bete-betean ukitu duen Estatuaren jazarpen politikoa... Horrek guztiak, bistan da, zuzenki eta negatiboki eragiten du hizkuntzaren normalizazio-prozesuan.
Euskara, abaro eta arrago
Euskal Herria gero eta eleanitzagoa da. Etorkinen integrazio sozio-kulturalarekin batera, beraien hizkuntza, kultura eta balioen txertaketa eta kudeaketa erronka latzak izango dira etorkizunean. Politika berritzaileak, irudimentsuak eta herritarrentzat nahiz etorkinentzat erakargarriak jarri behar dira martxan, etorkinak euskarara eta gure hizkuntza komunitatera erakarri eta herritarrak etorkinengana hurbiltzeko(2). Gero eta iragan eta jatorri desberdin gehiago izango dituen gizarte honetako herritarrek, etorkizuneko proiektu partekatu baten partaide senti daitezen, euskarak jokatu behar duen papera eta izan dezakeen balioa birpentsatu egin behar dira.
Historian zehar euskararekin eta beste hizkuntzekin gertatu den bezala, hemen bizi diren kultura eta hizkuntza desberdinen arrago bihurtu behar du orain ere euskarak, mestizajerako gune eta kanpotik datozenentzat kultur abaro, euskal herritar berrien kultur dibertsitatea gure ondarean integratuz.
Hori lortuta, asko aurreratuko genuke: gurean bizi diren kultura desberdinen elkargune bihurtuko genuke euskara (orain arte funtzio hori bete izan duten gaztelania eta frantsesa bezala); eta, "euskal nortasuna" erdigunean kokatuko genuke, eta ez bigarren mailako nortasun periferikoen linboan, orain arte egon ohi den bezala.
Euskal hizkuntza komunitatearen ardatz eta motor
Txostenaren eta eztabaida honen eragin-eremua EAEra mugatu arren, ezin dugu ahaztu, EAE dela eta izango dela (duen pisu demografiko eta ekonomikoarengatik, besteak beste) euskal hizkuntza komunitatearen ardatz eta motor.
Administrazio bakoitzari dagokio bere hizkuntza politika diseinatzea eta erabakitzea, eta lurralde bakoitzeko eragileek diseinatu behar dituzte beren hizkuntza estrategiak. Baina, era berean, logikoa eta beharrezkoa da lurralde desberdinen arteko harremanak finkatu, egituratu eta koordinatzea, hizkuntza politikaren alor eta maila guztietan.
Hizkuntza komunitate bat, funtsean, pertsona eta erakundeen arteko harreman-sare bat da. Hiztun elkartea trinkotu eta euskara estandarra finkatuko badira, ezinbestekoa da Euskal Herri osoko erakunde eta hiztunen arteko harreman-bideak sustatzea (sektoreen artean; administrazioen artean; herri, eskola eta elkarteen arteko senidetzeak...). Horrekin batera, kontu arrunt eta ohikoa bihurtu behar genuke hedabideetan askotariko euskal ahotsak (profesionalenak nahiz gainerako parte-hartzaileenak) entzutearena.
Kultur kontsumoaz ari bagara, esate baterako, Iparraldeko edo Nafarroako kultur egitura, produktu eta eskaintza askoren bideragarritasuna, EAEko herritarren erantzukizuna ere bada, euskaldun gehienak bertan bizi garen, eta kontsumo eta laguntza ahalmen handiena bertan dugun neurrian. Muga administratibo-linguistikoek, euskarazko kultur kontsumoa ere banatu egiten baitute. Iparraldean ekoizturiko euskarazko produktuak hegoaldean hedatzeko zailtasunak ditu; gauza bera gertatzen da Nafarroakoekin beren mugetatik kanpo, eta, hein txikiago batean, baita Bizkaikoekin ere.
Azkenik, Estatu eta gainerako adiministrazioetako euskaldun guztiok hizkuntza eskubide eta aukera berberak izan ditzagun, euskararen onarpen soziala indartu eta euskararen lege-egoera hobetu dadin, eskain daitekeen laguntza guztia eskaintzen jarraitu beharko litzateke EAEtik, errefusatze-jarrerak indartu besterik egiten ez duten "injerentziarik" gabe.
Euskararen gizarte-bilakaera
Txostenak modu egokian zehazten ditu euskararen biziberritze-prozesuaren arrakasta bermatzeko nahitaezkoak diren faktoreak: lege-marko egokia, hizkuntza politika eraginkorra eta herritarren atxikimendua.
Beste formulazio batekin bazen ere, faktore berberak aipatu genituen Hizkuntza Kalitateari buruzko txostenean(3) gutxieneko normalizazioaren "oinarrizko faktoreak eta baldintzak" zehaztu genituenean:
Euskararen egoeraren bilakaeraz hitz egitean, argi-ilunak aipatzen dira, oro har, jorratutako bidea arrakastatsua izan dela eta argiuneak nagusi izan direla nabarmenduz. Botila erdi-bete / erdi-hutsaren irudia ere maiz erabili izan da euskararen inguruko eztabaidetan.
Irudi horiek baino egokiagoa iruditzen zait, ordea, betetzen ari den botilarena. Izan ere, aurreratu dugunik ezin uka daitekeen bezala, esan beharra dago ez zegoela aurreratzen hain zaila ere, desagerpenaren mugetara iritsiak baikinen!
Galdera egokia beraz, beste bat da, nire ustez: egindako ahaleginak egin eta erabilitako baliabideak erabili ondoren, gizartearen aldetik izan dugun adostasuna eta bultzada izan ondoren, aurreratu genezakeen guztia aurreratu al dugu? Genituen aurreikuspenak bete al dira? Zergatik dugu euskaltzale gehienok dezente gehiago egin zitekeen irudipena, nahiz eta kontziente izan inon gutxitan lortu dela hemengoa bezalako aurrerapenik? Zertan egin dugu huts? Zertan asmatu dugu?
Izan ere, euskarak sekulako urratsak eman ditu Corpusaren estandarizazioan eta normalizazioan, hezkuntzan eta helduen euskalduntzean, teknologia berrietarako egokitzapenean edo kultur eta hedabideen eskaintzan. Aitzitik, kezka eragiten du jakiteak kale-erabileran aurrerapen nabarmenik ez dela gertatu, administrazioan euskaraz lanean ari diren atalak edo erakundeak oso gutxi direla, euskaratik oso urrun bizi den jende asko dagoela edo kultur kontsumoa ez dela ezagupenaren proportzioan handitzen ari.
Nolanahi ere, oraindik ere, bilakaera horren argi-ilunen berri modu zehatzagoan emango diguten adierazle eta ikerketa gehiago behar ditugu.
Abiapuntu legala
Puntu honetara iritsita, galdera hau plazaratzen du txostenak: "Ba al da euskal gizartean herritar gehienek euskararen alde eman nahiko luketen pausorik eta Euskararen Legeak edo gainerako lege-arauek trabatzen dutelako bertan behera erortzen denik?"
Formulazio erretoriko samarra duen galdera honi zer erantzun? Herritarren gehiengoaren eskaera jakinei buruz erantzun beharko bagenu, ezetz esan beharko genuke; baina gure baieztapenak doituz eta ñabartuz gero, ordea, erantzunak beste zentzu bat hartuko luke eta baietz erantzun beharko genuke. Honako hiru maila hauetan, bederen:
Galderari erantzunez beraz, erantsiko nuke gaur egun dugun lege-markoa betetzeaz gain, berau garatu, egokitu eta hobetu egin behar dela.
Sarri esan ohi da, arrazoiz, beste inon mintzatzen ez den hizkuntza dela euskara, Euskal Herriaren ezaugarri nagusi eta behinena. Ez dakit, ordea, esaten dugun hori behar bezala ulertzen dugun. Izan ere, esaldi horiek zera esan nahi baitute funtsean, nire ustez: euskara izan dela, eta dela, euskal kultur nortasun edo identitatearen oinarrizko elementua (bakarra ez izan arren).
J.A. Fishmanek(4) zioen bezala "hizkuntzak identitate etnikoaren eraikuntzan eragiten du, baina identitate etnikoak ere baldintzatzen ditu jarrerak eta hizkuntza erabilpenak". Eta bideratu nahi dugun Hizkuntza Politika kohesio-eragile izan dadin nahi dugunez, ezinbestekoa izango zaigu euskarari eta hizkuntzaren normalizazio-prozesuari ikuspegi integratzaile batetik heltzea. Euskararekiko atxikimendua, gogoa edo motibazioa sendotzeaz ari garenean eta "Euskal nortasuna indartzea" proposatzen dugunean, beraz, normalizazio-prozesuaren ikuspegi integratzaile eta prospektibotik ari gara, batez ere. Eraiki behar dugun zerbaitetaz, eta ez iraganetik berreskuratu behar dugun zerbaitetaz. Gizarte modernoetan, hizkuntza komunitatearen eraketak eta eraikuntzak gutxieneko partaidetza-kontzientzia eta talde-egitura eskatzen baititu.
Bestalde, ezin dugu ahaztu Espainiako Konstituzioaren arabera herritar guztiok dugula gaztelania jakiteko betebeharra. Egoera soziolinguistikoak erabat desberdinak izan arren, guztiz interesgarria izango da jakitea zein den Kataluniako Estatutu berriak markatzen duen katalana jakiteko betebeharraren inguruan Auzitegi Konstituzionalak ematen duen ebazpena, eta horren ondorio juridikoak zeintzuk diren. Inondik ere, gehiago hurbiltzen da berdintasunezko printzipioetara azken proposamen hau, gure hizkuntzen izena ere aipatzen ez duen Espainiako Konstituzioaren erredakzioa baino.
Globalizazioak eta iraultza teknologikoak ingelesa "lingua franca" bihurtu eta etxekotu izana, eta hizkuntza normalizazio-prozesuen aurkako jarrerak indartu izana, guztiz berria den testuinguru batean kokatu dute hizkuntza normalizazioaren inguruko diskurtsoa. Ingelesa gero eta etxekoagoa eta geureagoa da. Ingelesa da edo izango da gure haur ia guztien bigarren edo hirugarren hizkuntza. Lan-mundura integratzen ari den belaunaldiak ingelesa ezinbestekotzat dauka. Eta esan genezake, praktikan, beste hizkuntza guztiak "minorizatu" egin dituela (gazte euskaldunentzat gaur egun frantsesaren edo katalanaren erabilgarritasun-maila antzekoa da). Ingelesa ondo menderatzen dutenak oraindik ere gutxiengoa izan arren, gizarte osoa ukitzen duen gaia da.
Ezin pentsa genezake beraz, egitura sozio-ekonomikoak irauli dituen ordenu berri honek eraginik izan ez duenik hizkuntzekiko jarrera eta motibazioetan, edo kultur kontsumoetan eta hizkuntzen erabilera-praktika eta eremuetan.
Diskurtso, argudio eta ikuspegi "zaharrak" egokitu eta modernizatzea da hizkuntza politikaren eta euskalgintzaren premia gorrienetako bat; iraganean finkaturiko joera esentzialistak baztertu eta etorkizunera begirako ikuspegi pragmatikoagoak lantzea. Jon Sarasuak zioen bezala hizkuntza komunitate beregain bat eraikitzea da erronka; munduari irekia, dinamikoa, autozentratua eta autoarautua; burujabea, hitz batean esanda.
Horregatik "elebitasuna erdiestea" baino egokiagoa irudituko litzaidake, puntu honetan ere, "eleaniztasuna" erdiestea aipatu izan balu txostenak.
Lluis V. Aracilek(5) duela berrogei urte aipatzen zuen bezala, "elebitasun" hitza mito bihurtzeko arriskua dugu, eta errealitate soziolinguistikoa zehaztasun handiagoz deskribatzea ezinbestekoa iruditzen zait. Euskara egoera minoritario eta minorizatu batetik gatoz. Pertsonen eleaniztasuna guztiz aberasgarria den bezala, hiztun elkarte osoen elebiduntze prozesuak, asimilazio eta "elebakartze" prozesuen etapak izan ohi dira beti, orain arte behintzat. Europan elebakar mantendu diren edo elebidundu diren hizkuntza komunitateen historia begiratzea besterik ez dago.
Gurea bezalako egoera batean, "elebitasuna" helburutzat hartzea egokia izan daiteke, baldintza jakin batzuk betetzen diren neurrian: hizkuntza indarberritzeari begira aurrerapausoa suposatzen badu eta hizkuntza ofizialen ezagupena sozializatzea bermatzen bada, elkarbizitzarako oinarriak finkatzen badira eta adostasun sozialerako kontzeptu partekatu bihurtzen bada.
Ondorioz, "elebitasuna"ren aldeko liderrek, koherentziagatik, ezin daitezke elebakarrak izan. Eta honek ondorio zuzenak izan beharko lituzke, lider politiko-sozialak aukeratzearen orduan. Entzun izan ditugu politikari elebakarren ahotik "Aquí algunos quieren impulsar el monolingüismo" bezalako esaldiak, beraiek elebakarrak direla jabetu gabe. Hizkuntza politikak euskara politikaren hizkuntza izatea ere ekarri behar du, Iñaki Arrutik formulatu duen gisan(6).
Txostenean bertan, atal batzuetan elebitasuna hartzen da helburutzat; beste batzuetan, aldiz, eleaniztasuna. Gaur egungo egoeratik abiatuta, garbi dago elebitasuna hedatzeak oraingo belaunaldi gazteak eta hurrengo belaunaldiek bi hizkuntza ofizialak menderatzea esan nahi duela (Txepetxen(7) teorian inflexio-puntura iristea litzateke hori). Euskarak eta gaztelaniak (eta frantsesak) dituzten bizi-indar etno-linguistiko guztiz desorekatuen ondorioz, ordea, hizkuntza minoritarioaren biziraupena segurtatzeak, funtzio eta esparru elebakarrak sortu, garatu eta babestea eskatzen du.
Euskal elebakarrak desagertu ziren, eta, haiekin batera, baita belaunez-belauneko transmisioa eta hizkuntzaren erreferentzia sinbolikoa bermatzen zuen gizataldea ere. Aurrerantzean, baldintza sozio-politiko, kultural edo ekonomikoen aldaketek, hizkuntza transmisioa etetea ekar dezakete eta beraz, hiztun elkartearen biziraupena arriskuan jartzea, gaur egun munduan zehar hizkuntza komunitate askori gertatzen zaion bezala.
Bestalde, bi hizkuntzak eskueran eta aukeran izanda, zer dela eta egingo dute hurrengo belaunaldiek euskaraz? Zergatik egin ahalegin erantsi hori? Zergatik mereziko die euskara eustea? Zergatik eta zertarako nahi dugu eta nahiko dute euskara?
Horrexegatik da guztiz garrantzitsua ahalik argien eta garbien zehaztea zer esan nahi dugun -eta zer ez dugun esan nahi-, "elebitasuna" aipatzen dugunean, batez ere populazio erdaldunarengan sor daitezkeen beldurrak uxatzeko eta hizkuntza normalizazio-prozesu baten gutxienekoak zeintzuk diren gizarteratu ahal izateko.
Euskararen aurrerakadaren ifrentzua
XX. mende amaierako eta XXI.aren hasierako Hizkuntza Politika egokitze aldera, orain arteko prozesua moteldu eta galgatu duten arrazoiak zeintzuk izan diren jakin beharko genuke, zulo berean berriro erori nahi ez badugu, behintzat. Honako hutsune eta lan-ildo hauek nabarmenduko nituzke, gehien ezagutu eta jorratu ditudan esparruei dagokienez:
Kontzientziazio kanpainak eta Elebide bezalako ekinbideak ezinbestekoak izango dira inertzia sozial horiek astintzeko.
Xedeak: erabilera, eleaniztasuna, gizartearen kohesioa eta bizikidetza
Hiztunak ugaltzea dugu xede, hizkuntza noranahikoa izan dadin prestatzea eta erabilera ahalik eta gehien ugaltzea.
Azken urteotako leku publikoetako erabileraren datuek argi erakusten dute ordea, zailtasun handiak ditugula ezagupenean lortutako hobekuntza, erabileran isla dadin.
Euskara ohiko erabilera hizkuntza izango duten gune eta eskaintzak sustatzea da horretarako biderik egokiena. Pertsonak euskalduntzetik, guneak euskalduntzera igaro behar dugu, eta hizkuntza erabilerarako ditugun oztopo era guztietakoak identifikatu eta horiei aurre egin.
Euskararen biziraupena bermatzeko, euskarazko guneak eta harreman-sareak posible egingo dituzten baldintzak sortu eta indartu behar dira. Harreman-sare horiei esker lortu ahal izango da komunak izan daitezkeen erreferenteak sortzea, edozein hizkuntza komunitatek funtsezko duen "iruditeria" partekatu horren jabe egitea. Euskarazko sorkuntzan edo hedabideetan gabiltzanok ederki asko dakigu estandarra finkatzeko erreferente komun horien lanketa eta sozializazioa funtsezkoa dela.
Baina hori guztia lortzeko, gure harreman sistema, gure mundu kontzeptuala eta gure diskurtsoak doitu, aberastu, berritu, findu eta elikatu egin behar ditugu, erreferentzia mundu tradizionala gaindituz eta abertzaletasunera mugatutako sistema erreferentziala zabalduz.
Erreferentzia-sistema hori gure tradiziotik bezainbat elikatu beharko da beste kulturetako eta nazioarteko joera nagusietatik, baina, ikuspegi beregain batetik, beti ere. "Hizkera kolokiala"rekin gertatzen zaigun bezala, hemen ere bada saihestu beharreko arrisku bat: beti eta sistematikoki albo-erdara nagusietara jotzea. Bide horrek kultur menekotasuna besterik ez dakarkigu, satelizazioa eta Iparraldeko eta Hegoaldeko hiztunak elkarrengandik gehiago urruntzea. Asisko Urmenetak ohiko duen ironiaz honako izenburu hau eman zion bere hitzaldi bati, arrisku hau aintzat harturik: "Koloniala = kolokiala".(8)
Hizkuntzarekin zerikusia duten beste auzi guztiekin gertatzen zaigun bezala, planteamendu hau malgutasun osoz landu behar da, satelizaziora daraman menekotasuna bezain arriskutsua izan daitekeelako ghettismora daraman garbizalekeria isolatzailea.
Bada, ordea, erreferente komunen eraikuntzan oztopo suertatzen zaigun beste elementu bat: euskararen kultur industrien kontzentrazioa Donostialdean. Euskarazko ekoizpenaren proportzio handi bat oso eremu geografiko txikian egiten da, eta egoera hau oztopo da gure hizkuntza komunitatearen aniztasuna eta dibertsitatea behar bezala islatuak izan daitezen eta hiztun askok bere burua pantailan islatua senti dezan. ETB1eko lan-taldeen osaketa aztertu besterik ez dago.
Aurrerapen teknologikoen ondorioz, kultur tradizionalaren erreprodukzio mekanismoen krisia begi bistakoa da. Iraganak, tokian tokiko tradizioek eta kultur jarraipenak gizartearen trinkotzean duela hamarkada gutxi zuten pisua erabat murriztu dira. Beraz, aurreikus genezake erreferentzia eta kultur iruditeria tradizionalak krisi sakonagoa nozitu dezakeela mekanismo horiek eraberritzen ez badira. Adibide interesgarri asko sortu da ordea, norabide egokian Euskal Herrian: bertsolaritzan, musikan edo dantzan, esate baterako. Tradizioaren etengabeko berrirakurketarako eta teknologia berriekiko egokitzapen ahalmenak markatuko du iruditeri horren biziraupena, eta neurri batean baita euskararena berarena ere. Batzuk arriskua ikusten duten lekuan, aukerak ikusi beste erremediorik ez dugu, zorionez.
Hori lortu ezean, garbi dago zein den arriskua: euskara bigarren mailako hizkuntza apaingarri eta sinbolikoa bihurtzea, gaelikoari Irlandan gertatu zaion bezala.
Elebitasun asimetrikoa
Elebitasun simetrikoaren ezintasuna onarturik, elebitasun edo eleaniztasun asimetrikoaren ideia hartu nahi nuke hausnarketarako abiapuntutzat, oso erabilgarria gerta dakigukeela uste dudalako.
Adosteko moduko helburuak dira bi hizkuntza ofizialak ongi menderatuko dituzten herritarrez osaturiko eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen gizarte eleanitza erdiestea eta euskararen hizkuntza normalizazioa lortzea.
Elebitasun edo eleaniztasun asimetrikoan gaude eta nekerik gabe onar genezake etorkizunean ere hala egongo garela, toki, esparru eta egoeren arabera asimetria hizkuntza baten aldera ala bestera makurtuko delarik, egoera ekonomiko-politikoaren edo/eta hiztun eta herritarren ezagupenaren eta borondatearen arabera.
Ondorioz, Txepetxen teorian "trinkotze prozesu" gisa definitzen zena (hizkuntza komunitatea eta gune euskaldunak trinkotzea) beharko luke hurrengo urteetako hizkuntza normalizazio prozesuaren estrategia nagusietako bat. Errealitate soziolinguistiko asimetriko honetan, funtsezkoa izango da, zonalde eta udalerririk euskaldunenetan nagusiki euskaraz bizi eta funtzionatuko duten eremuak bermatzea eta berauek bilakatzea erabileraren hedapen-gune Euskal Herria osoari begira.
Abiapuntu hau aintzat harturik, adostasuna eta bizikidetza berma dezaketen estrategiak diseinatu daitezke: gizartearen borondatearen araberako planteamenduak eginez, tokian tokiko errealitate desberdinak aintzat harturik, etorkinen errealitate anitza onartuz eta integratuz, ingelesaren hedadura eta garrantzi sozialari erantzuna emanez eta gaztelania eta frantsesaren nagusitasun demografiko-ekonomikoari aurre eginez. Asimetrikotasun horren barruan, euskararen biziraupena eta belaunez-belauneko transmisioa bermatzea litzateke minimoa eta hizkuntzaren normalizazioa, lortu nahiko genukeen helburua.
Prozesu honen amaieran, beraz, euskara Euskal Herriko erabilera-hizkuntza nagusia izatea lortu beharko genuke, hori baita gizarte-kohesioa, bizikidetza eta hizkuntzaren biziraupena hobekien bermatzen duen egoera soziolinguistikoa, nire ustez.
Hizkuntza politikaren oinarriak
Gizarte demokratiko batean, hizkuntza politikak bi baldintza ezinbesteko bete behar ditu: herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea batetik, eta hizkuntza normalizaziorako bidean, herritar gehienen onespena izatea. Herritarren adostasunik gabe ez dago hizkuntza politika normalizatzailerik aurrera ateratzerik. Izan ere, hizkuntza normalizazio prozesua, gizarte kohesiorako, eta ez banaketarako, prozesu demokratiko gisa ulertzen dugun neurrian, euskararen aldeko jarrera landu eta elikatu egin behar da. Bernat Joan i Marík(9) dioen bezala, hizkuntza jarrerak lantzea baliagarria eta lagungarria da hizkuntza ikasteko, egoera soziolinguistiko desberdinak ulertzeko eta bizikidetzarako. Erdaldun (eta gazte euskaldun) askoren artean sortu diren errefusatze jarreren atzean dauden zergatiak aztertu behar dira eta berauek gainditzeko estrategia berriak landu. Euskararen eskaintza ideologikoa zabaltzea ere lortu beharko litzateke ere.
Gizartea aurka eduki ezin daitekeen bezala, lidergoa alde edukitzea nahitaezkoa da. Arduradun politikoek hartu behar dute hizkuntza politikaren lidergoa, hizkuntzaren normalizaziorantz markatutako helburuak lortze aldera. Borondate sozial orokorraren gauzatze zehatza ez baitator askotan eskaera sozial konkretutik. Gure gizartean horren inguruko adibide asko dugu: erretzeko debekua, abiadura-mugak, homosexualen eskubideak, berdintasun legea, emakumeen kuotak politikak...
"Erdaldunak euskaldunduko badira, euskal hizkuntza komunitatea, emigratzea merezi duen komunitate bat izan dadin lortu beharko duzue". Halaxe esan zigun duela 24 urte Lluis Aracilek "Tolosan euskaraz" jardunaldietan, eta ordutik, nire jardueraren ipar izan da esaldi hori. Izan ere, hizkuntzaren aldeko motibazioak sendotu eta hizkuntza komunitatearentzat hiztun berriak lortu nahi baditugu, euskarazko eskaintza erakargarria izan dadin lortu beharko dugu: diskurtsoak, zerbitzuak, hedabideak, produktuak... Herritarrak euskal produkziora eta euskarazko kontsumo eta erabileretara hurbildu ezean, ezinezkoa izango zaigu hiztun berriak lortzea. Bestalde, praktika linguistikoa ahalik eta modurik naturalenean burutzeko joerak gizarteratu beharko lirateke, gain-karga militanterik gabe; hizkuntza asertibitatearen proposamenen bidetik. Bide honetan lagungarri izango zaizkigu emoziozko adimenaren inguruko metodologiak eta antzekoak, edo asertibitatea jorratzen duten TELP (Taller del espai lingüistic personal) moduko esperientziak.
Hizkuntza normalizazio proiektuekin ez dago erdibiderik: edo gizarte-integraziorako eta bizikidetasunerako proiektu bihurtzen dira edo porrotera kondenatuta daude; bide ez demokratikoetatik inposatzen ez badira behintzat. Horregatik, plangintza, araudi edo ikasketa-prozesuen hezurdurei, motibazioaren, produktu erakargarrien eta erabileraren giharra erantsi beharko diegu, hiztunak sortze eta trinkotze aldera.
Behin eta berriz errepikatzen ari garen bezala, euskarak aurrera egingo badu, ezinbestekoa izango zaigu adostasun berri batera heltzea. Baina iruditzen zait, bide horretan, norberaren posizioetatik denok mugitu beharko badugu ere, gehiago mugitu beharko dutela, orain arte, euskararen errealitatera hurbildu ez diren sektore sozio-politikoak. Alegia, ezin daitekeela elebakartasunetik euskara bultzatu.
Nolanahi ere, guk nahi ala nahi ez, bizikidetza sustatu arren, testuinguru askotan hizkuntzak elkarren kontrako ikusi eta ikusiko dira; eta hala gertatu eta hala gertatuko dira. Ezin dugu hausnarketa honetatik kanpo utzi, hizkuntza bakoitzak suposatzen duen merkatu-errealitatea eta merkatuen (hizkuntzen) arteko konpetentziak berarekin dakarren lehia eta borroka: telebista-audientziak, esate baterako, adibide bat aipatzearren.
Txostenean hemen beti bi hizkuntza izan direla aipatzen den arren, bi baino gehiago bizi izan direla beti zehaztu beharko litzateke (nagusienak bi izan arren). Eta zehaztu ere zehaztu beharko genuke, hizkuntza komunitate horien arteko harremanak ez direla inoiz berdintasunean oinarriturikoak izan. Eta bat, gaztelania (eta frantsesa iparraldean) egoera askotan, inposatua izan dela, nahiz eta batzuetan herritar batzuen edo gehienen adostasunarekin izan.
Etorkizuneko eleaniztasunaren eraikuntzak, oso aintzat hartu behar du iragan hori, hala hizkuntzarik ahulena bultzatzeko orduan, nola sustapen horren baldintza errealak aintzat hartzeko garaian.
Hizkuntza kalitatea
"Hizkuntza kalitatea"ri(10) buruzko planteamenduak Euskararen Aholku Batzordeak onartutako txostenean zehaztuak ditugunez, ez gara gai honekin gehiegi luzatuko. Batetik esan, David Crystalek(11) nabarmentzen duen bezala, gaur egun, komunikatzeko aldi berean bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen dutenen kopurua (kode-aldaketa), erabiltzen ez dutenena baino handiagoa dela.
Bestetik ordea, badakigu, euskarazko baliabideak baztertu eta erdarara sistematikoki joz gero, euskara degradatu egingo dela. Alegia, euskaldunok, eta bereziki, haur eta gazteek, gure premia komunikatiboak eta gabezia linguistikoak beti gaztelaniaren (edo frantsesaren) bidez estaltzen baditugu, ulermen arazoak sor daitezke belaunaldien eta zonalde desberdinetako hiztunen artean, komunikazioa eteteraino. Horregatik, ezinbestekoa da estandarra finkatzea eta garatzea, hizkuntza beregaina, sortzailea eta hiztun elkarte osoarentzako erreferentziala izan dadin.
Baldintza hauetan, euskara zenbat eta gehiago erabili, hizkuntzaren kalitatea orduan eta hobea izango da, jakinik, euskara aldatu egingo dela, historian zehar, euskara bera eta hizkuntza guztiak aldatu diren bezala.
Irakaskuntzaren garrantzia
Hasteko, esan dezagun eskola ezinbestekoa dela baina ez dela nahikoa.
Asko dira derrigorrezko irakaskuntza amaitu ondoren euskararen ezagupen-maila nahikorik ez duten ikasleak. Gero eta gehiago dira jatorri erdalduneko haur eta gazte euskaldunak. Horietatik askok euskara, batez ere, eskolan darabil, eta bada eskolatik kanpo euskara erabiltzen ez duenik ere.
Hizkuntza politikaren helburu nagusia erabilera sustatzea izanik, egoera hori gainditu egin behar da: ikasleak motibatuz eta euskararen alderdi ludikoak indartuz, eskola orduz kanpoko euskarazko eskaintza bermatuz (helburua, haur bakoitzak gutxienez gustuko jarduera bat euskaraz garatzea izanik), guraso erdaldunak informatuz eta motibatuz(12)... Familia euskaldunen kasuan, transmisioan hutsunerik ez gertatzea lortu behar da, etxeko hizkuntzari prestigioa ematea, eta etxetik eta eskolatik kanpo ere haurraren ingurua euskalduntzea.
Arrakasta izan duten hizkuntza normalizazio prozesu gehienetan hala ere, ekonomiak eta faktore sozio-ekonomikoek garrantzi gehiago izan dute irakaskuntzak berak baino. Euskal Herrian gertatu den euskararen atzerakadak eta gaur egun ingelesak bizi duen hedadura-prozesuak ere oinarri ekonomikoak dituzte (eta irakaskuntza prozesu horien lagungarri da, eta ez alderantziz).
Lan-munduaren euskalduntze progresiboa izango da hurrengo hamarkadetako hizkuntza politikaren ardatz garrantzitsuenetako bat. Irakaskuntzan ikasitako edo landutako euskarak baliagarritasunik ez badu lan-munduan, normalizazio prozesua kolapsatu egin daiteke, aurkako jarrerak indartuz.
Herritarren protagonismoa, herri-erakundeen aitzindaritza eta erakunde publikoen eta pribatuen jardunaren arteko osagarritasuna
Euskara eta euskal kultura ez daude agenda politikoaren lehentasunen artean. Diskurtsoetan, programa politikoetan eta deklarazio publikoetan entzun eta irakurtzen duguna ez dator bat egunero ikusten dugunarekin. Lehentasun hori lortu beharko luke eztabaida prozesu honek. Are gehiago, bai estatuan, baina baita Euskal Herrian, eredua ez eze, hizkuntza normalizazioaren zilegitasuna ere auzitan jartzen duten ahotsak ugaritzen ari diren honetan.
Hizkuntza normalizazio prozesuaren aitzindaritza herri-erakundeei dagokie. Bizitza sozialaren beste esparruetan gertatzen den bezala, aitzindaritza hori erakunde publikoen eta pribatuen arteko osagarritasunean eta adostasunean garatzea da, ordea, egokiena. Kontrako kasuan badakigu zer gertatzen den: aurrerapenak askoz txikiagoak dira eta maiz, ekinbideak galgatu egiten dira edo elkar ezabatu. Gizartearen eskaera eta presioa bidera dezakeen gizarte-mugimendurik gabe, administrazioak eta erakundeek inertzia burokratikoan erortzeko arriskua dute, historia garaikideak ederki asko erakutsi digun bezala. Besterik da, eskaerak eta presioa bideratzeko moduak, herritarrak berak uxatzea eta aldentzea euskaratik. Herritarren onarpena ezinbestekoa da, aspektu honetan ere.
Bestalde, hizkuntza politikak gaur egun ez duen zentralitatea lortu beharko luke euskal politikan. Behin baino gehiagotan aipatu izan dugun bezala, hizkuntza politika gidatzen duten sailen kokapenak zentralagoa behar du, Lehendakari, Ahaldun nagusi, alkate edo zuzendarien ardura eremuetatik ahalik eta gertuena.
Izan ere, 30 urte hauetan euskara arriskuan egotetik biziraupena segurtatu samartua izatera pasa gara. Baina hori al da euskararentzat nahi duguna? Galdera hor dago eta batez ere, administrazioak eta eragile sozio-politiko-ekonomikoek erantzun behar dute: "Zein da herri honetan eta bere kultur proiektuan euskarak bete behar duen lekua?"
Administrazioari dagokionez, Malorex Etxeberriak honako hau proposatu zuen Larrunen(13): administrazioa "elebitasunetik aldentzea eta euskarazko jarduna ez oztopatzearen diskurtsoa erabiltzen hastea"; gaztelania hutsezko produkzioari beldurra galtzea, baina era berean administrazio barruan eta beste administrazioekin euskara hutsezko harremanak sortzea. Bide hau ongi planifikatuz gero, egoera asimetriko honetatik mugitzen hasteko aukerak zabalduko lirateke; erdara ez litzateke ia lan-hizkuntza bakarra eta euskara ez litzateke mugatuko ez beti oso modu ulergarrian itzulitako hizkuntza hutsa izatera.
Euskararentzat erabilera-eremuak irabazteko planteamendu honen barruan, garrantzi estrategikoa dute euskara lan-hizkuntza nagusi edo bakar duten eta izan dezaketen udalek. Adostasun berrien planteamendu honek barne hartu beharko luke, urte hauetan guztietan UEMAk garatu duen lana eta eskaini duen esperientzia.
Kultur ekoizpena eta kontsumoa(14)
Nire ustez, euskarazko kultur kontsumoaren hedapena eta garapena 3 ardatz hauen inguruan burutu behar da:
Euskarazko kultur produkzioak lege-babesa behar du. Euskararen presentzia, eskaintza eta erabilera bermatu egin behar dira; baita kultur alorrean ere. Euskarazko kultur eskaintzaren zati bat beraz, orain bezala, ezinbestean derrigorrez egin beharko da, lege aginduz.
Lege-babesak eta derrigorrezkotasunak, ordea, mugak dituzte eta izan behar dituzte. Horregatik, hil ala bizikoa izango da, euskarazko produktuak eskuragarri izatea; erdarazkoak edo ingelesezkoak eskuragarri baitaude merkatuan. Euskara eskura Interneten, zinemetan, hedabideetan, musikan, aisialdian... Etorkizuna gure bizitasun sozio-kulturalean jokatzen dugu. Kontzeptu hau inon aplika badaiteke, esparru hori Internet da. Lehen esan bezala, sarea euskarazko edukiz elikatu behar da eta horretarako estrategia egokiak diseinatu.
Gainera, produktu horiek erabiliak, kontsumituak edo/eta erosiak izango badira, gustukoak, erabilgarriak edo interesgarriak izan beharko dute. Kalitatea eta berezitasuna zaindu behar dira.
Hiztun berriak lortu behar ditugu eta euskarazko zerbitzu eta produktuen merkatua zabaldu, alegia, ikusle, irakurle eta entzule berriak lortu. Abangoardiako produktuak behar baditugu ere, alegia, iparra markatuko duten liburuak edo filmak... batez ere jendeak "masiboki" kontsumituko dituen produktuak behar ditugu. Marketing hausnarketa eta merkatu-ikerketak ezinbestekoak dira xede horretara heltzeko. Euskarazko produkzioaren sustapena ere lehentasun osoko kontua da. Ditugun bozgorailuak urriak dira eta nahikoa endogamikoak.
Mugak desagertzen ari diren heinean, bestalde, hizkuntza komunitatearen zentzu geografiko hertsia ere gainditzen ari da. Fenomeno honek bi alderdi ditu:
Eta amaitzeko, HPSk berariaz hedabideen inguruan eskaturiko txostenean nioen bezala(15), EITB eta gure eskaintza komunikatibo publikoa arautzen duten lege-oinarriak ere duela 20-25 urteko egoera soziolinguistikoaren zimenduetan eraiki ziren. Euskarazko medioen funtzio eta helburuen inguruko hausnarketa sakona egin beharra dago, esparru honetan ere inertziak astindu eta helburuen araberako estrategiak egokitzeko. Euskarazko kontsumo krisia ezin da aztertu hizkuntza normalizazio prozesuak euskal gizartean bizi duen moteltze egoeran kokatu gabe.
(KIKE AMONARRIZ GORRIA filologoa eta soziolinguista da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |