Egin klik hemen INPRIMATZEKO


HP21: Oinarrizko Txostena irakurri ondoko zenbait ohar

Mikel Zalbide / Hizkuntza / 2008-07-09 / 08:25


HPSren ekimenez lantaldeak HP21 izenez prestatu duen txostena komentatzen du idazki labur honek. Gehienez hogei orrialdetan errenditzea eskatu zaigu iritzi-emaileoi, eta horretan saiatu naiz ahaleginean. Hasieran idatzitako hainbat puntu kanpoan utzi ditut, hori dela medio. Sarrerako azala eta bibliografia-orria alde batera uzten bada, mandatua ondo samar bete dudalakoan nago. Gatozen, besterik gabe, harira.




Esker-ematea

Eskerrak eman nahi dizkiot Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikari, lehenik eta behin, euskararen egoeraz eta geroaz giza arteko eztabaida lasaia eratzea erabaki izanagatik. Eskerrak ematen dizkiot, orobat, oinarrizko txostenaz iritzia emateko aukera eskaini didalako. Askatasun osoa ziurtatu du hasiera-hasieratik, nork geure iritzia aparteko eragozpenik gabe eman ahal izateko. Biziki eskertzen da jokabide hori.

Eskerrak eman nahi dizkiot, era berean, Erramun Osa zuzendariari. Eztabaida-lanerako prozedura tentuz bideratu du otsailetik hona, batez ere iritzi-emaileon ekarpen-bidea adosteko orduan: noiz-nola parte hartu beharko dugun, eta noraino, aldez aurretik zehazten asko lagundu du. Badakit albo-kontua dela hori, zenbait aldetatik. Albo-kontuek ere bere pisua izan ohi dute ordea giza arteko jarduera zabaletan, eta zor zaien begiruneaz hartzekoak dira beti.

Eskerrik asko eta zorionak, azkenik, oinarrizko txostena zirriborratu, eztabaidatu, adostu, prestatu eta guztion esku jarri duen lantaldeari. Lan ederra egin du: aspaldi honetan herri-aginteetatik jaso den dokumenturik baliagarrienetarikoa paratu digute egileek. HPStik azken hamar bat urtean (EBPNez geroztik) jasotakoen artean zabalena da hau perspektibaz, diagnostikoz zehatzena eta proposamenez umotuena. Iritzi diferenteen eta, are, kontrajarrien bateratze-saiorik gabe ezin izan da lan hori egin. Itsuenak ere ikus dezake, itsuarena egin nahi ez badu, oinarrizko txosten hau prestatu duten taldekideak ez direla gizarte-ikuspegiz gogaide, ez eta hizkuntza-plangintzaren edo glotopolitikaren esparru korapilatsuan irizkide hertsi. Doble meritu du, horrexegatik, bateratze-saio horrek. Eskerrik asko zazpioi. Hemen ere, bestetan bezala, nori berea da gizalegea.


Balio-irizpen globala

Irakurri dut txostena; hartu dut astia, testu osoa bizpahiru aldiz irakurtzeko eta kontu nagusiak (nire ustez nagusiak) puntuz puntu analizatzeko. Azpimarratu ere egin dut han-hemen, ohiko moduan, hainbat hitz-multzo eta zenbait pasarte. Azpimarraz beterik gelditu zait dokumentua, burutik burura: zerbaiten seinale izango ahal da hori ere, paper-kontuak zikintzeko dudan ohitura zaharraren oroigarri beti-batekoaz gainera!

Dokumentuaren argi-ilunak iruditzen zaizkidanak izango ditut, beraz, aipagai: testuan irakurri dudanetik zer gustatu zaidan eta, batez ere, zerk asebete ez nauen, eta zergatik, azaltzen saiatuko naiz. Bigarrenetik lehenengotik baino ugariago izango da oharrotan, seguruenik. Ez da hori harritzekoa. Laudorio otzana ez baina kritika zehatza eskatu zaigu berrogei iritzi-emaileoi: aurrera egiteko eta, ahal den heinean, adostasun zabala bilatzeko balio izango lukeen ohar-bilduma kritikoa. Horretan saiatu naiz batez ere, eta horrexegatik eskaini diet testuaren ahuldade ustezkoei lekurik zabalena.

Argi azaldu nahi dut, gerora gabe, dokumentua gustura irakurri dudala. Gustura irakurri dut eta, hainbat alorretan, bere mamiaz dudan iritzia positiboa da. Han-hemen (kasu honetan hemen, herri-aginteen esfera instituzionalean) sortu ohi den beste hainbat dokumenturen aldean badu oraingo honek, hala iruditzen zait behintzat, kopeta zutik duela jendaurrera agertzeko motiborik aski. Ez da pro domo hutsean ari, halakorik falta ez bazaio ere tartean. Irakurleari eragiten edo pizten dizkion desadostasunak, ñabardura hutsezkoak zein pisuzkoak, banaka eta ordena logiko samarrean agertzeko parada eskaintzen du gainera: funtsezko adostasunak identifikatzen hasteko oinarririk ere badu, azkenik, bere gibel-erraietan. Ez dira gutxi, bata zein bestea. Hoberik duenak erakuts beza.

Kanpoko azaletik hasiko naiz, mamiari heldu aurretik, iritzia ematen: idazkera kontutik. Ez da huskeria, gure arteko idazlan askoren prestaera moldea, bere modus operandi nagusia, hurbiletik ezagutzen duen edonorentzat. Ondo idatzitako lana da eskuartean duguna: taxuz eratua eta atentzio handiz landua(1). Testu txukuna eta egokia eskaini digu lantaldeak. Gehienetan irakurtzea tokatzen zaizkigun dokumentuak baino hagitz landuagoa eta, aldi berean, euskaldun alfabetatu orok probetxuz irakurtzeko modukoa. Dokumentu zaindu, landu eta fresko itxurako baten aurrean gaude. Gure idazlan askoren zurruntasuna zenbaterainokoa izan ohi den kontuan hartuz, ez da ezaugarri hori ere alde batera uztekoa(2).


Oharren egitura

Hizkuntza-politikaren oinarriak ditu Oinarrizko Txostenak ardatz, eta oinarri horiek ditugu iritzi-emaileok aztergai. Oinarri bila aritzea dagokigu beraz, oraingoan. Logika baten haritik jardun nahi nuke bilaketa horretan, itzulinguru aspergarriekin inor atsekabetu gabe. Betiko galdera-hirukotearekin has gaitezke, hizkuntza-politikaren oinarriak argitzen. Hots, honako hiru galderokin:

Horietan zentra gaitezke, hortaz, gure iritzia emateko orduan: ezinbesteko galderak dira hiru horiek, hemen eta nonahi, hizkuntza-politikaz ari garenean. Ezinbestekoak dira orain ere, 1978-82 epean bezala. Zentzu osoa zuen galdera-hirukote horrek orain dela 25 edo 30 urte, euskalgintza instituzionalaren abiaburu hartan. Orain, ordea, motx gelditzen da. Funtsezkoak ditugu orain ere hiru galdera horiek: ezinbestekoak. Baina ez dira aski. Besterik ere galdetu behar diogu orain geure buruari, nagitasun intelektualaren lozorro epelean kulunkaturik jardun nahi ez badugu. Honako beste hiru galderok ere egin beharra dago orain, mende berriaren hasiera honetan:

Hasieran ez genuen konparazio-puntu argirik; estrapolatzeko aurrekari sendorik ere ez. Ez zuen beraz zentzu handirik, beste hiru galdera hauek egitea: ez zuten erantzunik. Orain bai: gustukoa izan zein ez, galdera horiek badute erantzuna. Ez gara konforme egongo, agian, galdera horiei urliak edo sandiak ematen dizkien erantzunekin. Erantzunik badute, ordea, galdera horiek. Badute erantzunik eta erantzun horiek funtsezkoak dira EAEko hizkuntza-politikari itxurazko oinarririk eskaini ahal izateko. Litekeenaren eta ezin denaren arteko mugak zuhurkiago bereizten laguntzen dute erantzunok, begien bistako etorkizun-aukera posibleak doiago identifikatzen eta etorkizuneko eszenario posible bakoitzaren on-gaitzak zehazkiago baloratzen. Bete-betean sartzekoak dira hortaz beste hiru galderok ere, aurrera begirako hizkuntza-politikaren oinarriak arrazoi bidez argitu edota ahalik eta heldu-leku objektiboenez adostu nahi badira. Ahuldade nabarmenaren seinale litzateke, hemen eta orain, beste hiru galderoi ez erantzutea. Are seinale okerragoa genuke, galdera bera formulatu ere ez egitea.

Sei galderak kontuan hartu dira, zorionez, azterkizun dugun txostenean. Heldutasun-seinale da hori, eta hala adieraztea komeni da hasiera honetan bertan. Aurreko zenbait dokumenturen aldean aurrera egin da puntu horretan(3). Eztabaida egituratua baldin badugu amets, eta ez geure golkoan ditugun amets-beldur-irriken jaulkitze trumiltsua edota lehentasun programatikoen azalpen hutsa, mesede baizik ezin egin dezake eztabaida egituratuago horrek. Azterbideok banan-banan aukeratuz eratuko dut, hortaz, nire ohar-bilduma labur hau. Aspalditxo honetan baterako eta besterako darabildan eskematik abiatuz, eta dokumentu honen beharretara egokituz, ondoko hiru galdera multzo hauen haritik jardungo dut beraz:

Gatozen beraz, besterik gabe, hiru galdera horiei txostenak eman dizkien galderak banan-banan komentatzera.

Zer gertatu da euskara-erdarekin, azken mende laurdenean? Zergatik

Aipagai dugun dokumentuak badu ikuspegi bikoitz horren osagai sendoa: bai ikuspegi zinetikoaren planteamendu zuzena (bilakaera horren emaitzak ebaluatu beharra integratuz(4)), eta bai azterbide dinamikoarena ("zergatik" galderari emandako hainbat erantzun sartzen da hemen). Berri samarra da jokabide hori gure artean, perspektiba instituzionalari dagokionez. Berri samarra eta aurrez aurre landua: azpiatal osoa eskaintzen dio Oinarrizko Txostenak bilakaeraren gaiari(5). Txostenean zehar barreiaturik ageri da, azkenik, zergatikoen azalpen-saioa. Norbaitek pentsa dezake alferlana dela galdera horiei erantzuten saiatzea. Aurrera begirako lana dela hizkuntza-politikaren oinarriak zehaztea eta, beraz, aurrera begirako perspektiba horretara mugatu behar genukeela gogoeta-lana. Okerra da ikuspegi hori: gure arteko arazo larrienetako bat, aurrera begirako oinarriak adosteko orduan, geroan ez baina lehenean dago. Hizkuntza-politikaren alorrean mende-laurden honetan egin den lana, lan horrek sortu dituen argi-ilunezko emaitzak eta emaitza horiek diren bezalakoak zergatik izan diren, horiek dira gure arteko desadostasun-puntu nagusietakoak. Oso beharrezkoa da, beraz, atzera begirako gogoeta-lan hori. Leku zabala eskainiko diot, horrexegatik, irizpen-txosten honetan.

Has gaitezen errazenetik: azterbide zinetikotik. Zer dio dokumentuak euskara-erdaren azken mende-laurdeneko bilakaeraz? Txostengileen ustez zertan egin du euskarak aurrera, zertan dirau bere hartan eta zertan ari da atzera? Aski perspektiba definitua du oinarrizko txostenak, euskararen bilakaerari dagokionez. Bere hitzetan esateko, "hogeita bost urteotan urraturiko bidearen ondotik, argiuneak dira nagusi, euskararen gaurko egoerak ez baitu zerikusirik ordukoarekin" (...) "25-30 urteko ikuspuntuan bistan da aurrera egin duela nabarmen euskarak. Argi-ilunak tarteko, ordukoa baino erruz hobea da gure hizkuntzaren gaurko egoera". Baikorra da, beste hitzetan esanik, oinarrizko txostena. Arrazoi al dute txostengileek euskarak EAEn oro har aurrera egin duela diotenean? Arrazoi al dute, bereziki, euskarak zertan (zer jardun-esparrutan, zer harreman-saretan eta zer eginbeharretan) aurrera egin duen, eta zer neurritan, azaltzeko orduan? Gauza batzuetan argi dago baietz: bete-betean asmatu dute. Besteetan ez dago argi kontuak hala direnik, edota argi samar dago bestela direla kontuak. Azal dezadan zergatik.


Adostasun-puntuak

Hizkuntza-politikak azken hamarkadotan izan duen bilakaera lau zutabetan oinarritu du txostenak: oraingo lege-markoa lehengoa (Konstituzioa eta Autonomia Estatutua) baino euskal-maiteagoa da, herritarren atxikimendua funtsezko euskarria eta indar-emailea izan da, gizarte-ekimeneko elkarteek eta enpresek ahalegin ohargarria egin dute benetan eta, azkenik, herri-erakundeen aitzindaritza eta konpromisoa ere hor egon da. Konforme nago, oro har, txostenaren gogoeta-bide laukoitz horrekin. Ñabardura asko erantsi ahal izango litzaioke goiko eskema horri, baina nekez esan liteke egia ez denik. Lau elementu horiek osatu dute, funtsean, azken mende-laurdeneko euskalgintzaren bizkarrezurra. Horiek izan dira mahaiaren lau hankak. Joera handia dago, egungo egunean, lau hanka horietariko bat edo beste gutxiesteko edo isiltzeko. Horrela, adibidez, herritarren atxikimendu euskaltzale hori berezkoa ez baina induzitua izan da, zenbaiten ustez. Induzitua, legez bortxatua izan ez denean. Beraz ez da kontuan hartu behar. Gero eta ozenago ageri da ikuspegi hori, adibidez, eskola-munduko hiru ereduek izan duten bilakaera balioesteko orduan: A ereduak behera egin badu hiritarrei hartarako aukerarik eman ez zaielako izan omen da. EAEko lege-markoak euskara indarberritzearen alde ageri duen izaera eta marko horren ildotik herri-aginteek egin duten ekarpena, bestalde, isildu edo gutxietsi egin izan da (orain ere halatsu egiten du zenbaitek) gure arteko joera jakin baten altzotik. Egin dena gutxiegi omen da, markoaren berezko mugengatik besteak beste, eta egin denean ere herri-ekimenaren bultzadagatik izan omen da sarri baino sarriago. Arrazoi-parterik ez zaie, seguruenik, ikuspegi biei falta. Ez bata eta ez bestea dira ordea, ene ustez, balioespen orekatuak: markoa ez da laissez-faire modukoa, are gutxiago euskal-etsaia, eta herri-aginteak hizkuntza-normalkuntzaren motore, ez gogoz kontrako amor-emaile, izan dira hainbat alorretan. Komeni da beraz, arrazoi bi horiengatik, txostenak zuzen dioen hori berariaz azpimarratzea. Honako puntuok, bederen, gogoangarriak dira alde horretatik:


Desadostasun-puntuak. Azterbide konparatiboaren ahuldadeak

Beste zenbait baieztapenekin, aldiz, ez nago konforme. Zertan oinarritzen dira txostengileak, euskararen oraingo egoera ordukoa baino hobea dela esateko? Zergatik diote osasun-egoerak hobera egin duela? Ondoko sei motibo hauengatik, besteak beste:

Aski kontsiderazio diferenteak dira goiko sei horiek, edukiz eta izaeraz. Diferenteak, orobat, garrantziaz edo eragin-indarrez. Diferenteak, azkenik, benetako balio-indarrez. Baieztapen bat benetakoa izan liteke, baina eragin-indar ahulekoa. Beste bat garrantzi handikoa izan liteke, eragin-indar handikoa, baina egiazkoa den ala ez frogatu gabe (dokumentu-oinarri sendorik gabe) egon eta, hortaz, balio-indar ahulekoa izan. Zaila da, horregatik guztiagatik, goiko sei baieztapen horiei baiezko edo ezezko biribilik ematea. Horretan saiatzea eskatzen zaigu, ordea, ohargileoi. Gatozen beraz harira.

Urruti samar hegaldatu beharko badugu ere, has gaitezen formulazio teorikoetatik. Zein parametro dira nagusi teoria soziolinguistikoan, hizkuntza batek osasunez hobera egin duela, bere horretan dirauela edo okertzen ari dela esateko? Ez dago modelo teorikorik, espezialista guztiek erabateko adostasunez onarturik eta galdera horri aurrez aurre erantzuteko balio osoa duenik. Mundu zabalean hizkuntzen (batez ere ahuldutako hizkuntzen) gizarte-dimentsioa lantzen duen komunitate zientifikoaren konstrukzio teorikoetan ez dut halakorik ezagutzen. Are gutxiago dago halakorik gure artean, gizarte-interes kontrajarrien uretan igeri egin behar izaten duen zurrunbilo bihurri honetan: gutako batzuentzat aurrerapen argia dena balio apaleko bilakaera da beste zenbaitentzat. Kontuz ibili behar dugu, hortaz, edonork onar dezakeen ondorio eztabaidaezinen jabe garela uste izatearekin: iritzi-emaileok ez gaude arrisku horretatik txostengileak baino libreago.

Edozein argudiok ere ez du ordea indar bera, mundu zabaleko espezialistentzat. Ahuldutako hizkuntzen gizarte-dimentsioa lantzerakoan dena ez da, teoria hutsean ere, enfasi edo iritzi-kontu. Badira gutxienezko parametroak, gurea bezalako hiztun-elkarte elebidunen osasun-aztertzaile informatuek beti ere oso kontuan hartu ohi dituztenak. Eztabaida-lana esparru akademikoan zentratzeko orduan badira elementuak, komunitate zientifikoak baliagarri eta beharrezko kontsideratzen dituenak oro har: hiztun-elkarte elebidun horrek zenbat hiztun duen, hiztun horiek zer adinetakoak diren eta zein neurritan aurrez aurreko interakzio sendoan bizi diren, interakzio hori zein hizkuntzatan mamitzen duten jardun-esparru eta harreman-sare jakinetan (bere A hizkuntza propioan edo kontestualki nagusi den B hizkuntzan), hiztun-talde horien autorregulazio soziokulturalerako ahalmena eta jarduna eta beraien talde-nortasuna zaindu ahal izateko eskueran duten oinarri instituzionala. Aparteko garrantzia aitortu ohi zaio normalean, osasun-analisi horietan, hizkuntza bien konpartimentazio moldeari(6): hiztun-elkartearen espazio fisiko-territorialean eta sozio-funtzionalean mintzajardun osoaren(7) zein zati bideratzen den erabat edo nagusiki A hizkuntzan, eta zein zati erabat edo nagusiki B-n. Gauza bat dago argi, nolanahi ere, mundu zabaleko aditu gehienen azalpenetan: hizkuntzaren erabilerak definitzen du lehenik eta behin, ez ezagutzak edo iritzi-jarrerek, hiztun-elkarte elebidunen osasun-egoera. Funtsezkoak dira beste parametro horiek ere. Albora ezinak, inolako dudarik gabe. Baina erabileran dago, funtsaren funtsean, osasunaren korapiloa. Korapilo hori askatu gabe ez dago aurrera egiterik. Horri erreparatu behar zaio beraz ezinbestean, gainerako faktoreak alboratu gabe, hiztun-elkarte batek osasunez aurrera edo atzera egin duen epaitzeko orduan.

Teoria soziolinguistikoa bere horretan utz dezagun une batez, eta gatozen gure egoeraren analisi praktikora. Zentra gaitezen euskara-erdaren erabilera-moldeetan gertatzen ari diren aldakuntzetan. Lehen baino jende gehiagok egiten al du orain euskaraz? Lehen baino gehiago egiten al da euskaraz, bereziki, etxean eta kalean, lanean eta astialdian? Zaharrek egiten al dute euskaraz, batez ere, edota berdintsu mintzo dira guztiak, zahar eta gazte? Mintzajardun arruntaren belaunez belauneko katea eten egin al da, edota bizirik al dirau eta, are, indarberriturik ageri al da gazteen artean? Gatozen ahozkotik idatzizkora: lehen baino gehiago irakurtzen al da orain euskaraz? Nork irakurtzen du, eta zer? Lehen baino gehiago idazten al da? Formazio akademikoz, status sozio-ekonomikoz eta jarduera profesionalez non koka litezke nagusiki euskaldun aktiboak? Galdera horiek, eta horien antzekoak, ezinbestekoak ditugu euskararen erabilerak aurrera egin duen ala ez jakiteko: hots, euskarak non (noren artean) aurrera egin duen, eta non atzera, identifikatzeko. Erantzun horiek ditugu, bakarrak izan gabe ere, osasun-egoeraren oinarrizko iragarleak. Gero, jakina, funtsezko beste dimentsioei ere atentzio handiz erreparatu beharko zaie: lehen baino hiztun garbiagoak eta hitz-etorri handiagokoak al dira oraingo euskaldunak? Irakurle eta idazle trebeagoak al dira euskaraz? Lehen baino euskaltzaleago al da jendea, oro har, egungo egunean? Funtsekoak dira puntu horiek ere, "euskaldun" edo "euskal hiztun" etiketaren pean oso konstelazio psikolinguistiko diferenteko errealitateak egon baitaitezke jasoak.

Beste mila gauzarekin ere jardun dezakegu osasun kontuak astintzen, probetxu handiko ondorioak atereaz hainbatean. Puntu horiek argitu gabe ez dut uste, ordea, euskararen osasunari buruzko atzera-aurrerak behar bezala epaitzerik dagoenik. Saia gaitezen hortaz, goiko elementuok gogoan ditugula, txostengileek euskararen osasun-hobetzea azaltzeko eskaini dituzten sei motiboak gaingiroki aztertzen eta zertxobait komentatzen.

Labur bilduz: zuzen eta, hainbat alorretan, gordin azaltzen du txostenak euskararen mende-laurden honetako bilakaera. Zertan aurrera egin duen, eta zertan ez, ongi xehakatzen du halakoetan. Heldutasun-giroan egindakoak dira bertako hainbat ohar, konstatazio eta uste-iritzi. Baliozko lana da, hortaz, azterbide zinetikoaren ikuspegitik. Ez nau betetzen, halere, bertako zenbait baieztapenek. Ahulak iruditzen zaizkit hainbatetan, eta aho bikoak besteetan, bertako kontsiderazio batzuk. Ez da ebidentzia enpiriko handirik eskaintzen, batetik, lortu diren emaitzak materialki hala direla sinetsi ahal izateko. Ematen diren azalpenak, beste zenbaitetan, egiazkoak izanik ere balio-indar ahulekoak dira neurtu nahi dena (euskararen osasunak hobera edo okerrera egin duen, zertan eta zenbat) behar bezala neurtzeko. Kezka modu horiek azaltzen saiatu naiz bilakaeraren pasarte honetan.

Zein da euskara-erdaren egungo egoera? Goazen bidetik nora goaz, hizkuntza kontuan?

Labur jardungo dut atal honetan eta hurrengoan, nahi eta behar baino luzeago baitoa dagoeneko nire irizpen-txostena. Mende-laurdeneko bilakaera azaltzerakoan, inplizituki bada ere, oraingo egoeraren hainbat azalpen eskaini dira: bai Oinarrizko Txostenean, eta bai txostenari egin dizkiodan aldeko zein erreparozko oharretan. Han esandakoak ez naiz beraz errepikatzen hasiko. Ezer berririk erantsi nahirik, ondoko puntuotan zentratuko naiz oraingoan.


Adostasun-puntuak

Zuzenak iruditzen zaizkit, oro har, Oinarrizko Txostenak han-hemen aditzera ematen duen hainbat kontsiderazio. Ikus ditzagun horietariko bi, nire ustez nagusiak:


Desadostasun-puntua

Azalpen guztietan ez nator bat, txostenak dioenarekin. Iritzi diferentekoa naiz, esate baterako, euskarak administrazioan duen erabilera moldeaz bertan esaten denarekin. Honela dio Oinarrizko Txostenak: "Gaur egun, arazoak arazo, administrazioko hizkuntza ere bada euskara, inoiz ez bezala izan ere gainera". Administrazio-esparruaz esaten den hori ez da, inondik ere, txostenaren diagnostikorik erakargarriena. Urrun gelditzen da baieztapen hori administrazio autonomoa barrutik ondo samar ezagutzen dugunon eguneroko praktikatik. Ez dut uste gainerako administrazio-atalak, bestalde, autonomikoa baino euskaldunago direnik. Argazki desenfokatua eskaintzen du horretan txostenak: hori onenean.

Erdaraz funtzionatzen duen administrazioa dugu EAEkoa, hamarretik bederatzietan(26). Hori da oinarri-oinarrizko egia, dokumentuak behar bezala jasotzen eta agertzen ez duena. Egia gordin horren aurrean alferrik dira txosteneko gogoetok: "aurrerapausoak aurrerapauso, esan beharra dago, gaur oraindik hainbat direla herri-administrazioak herritarrari inolako deserosotasunik eragin gabe modurik naturalenean euskaraz artatzeko zailtasunak eta ezintasunak dituztenak. Gainera, gaur egun, oraindik ere administrazio asko dira euskara ere, gaztelaniaren pare, pixkanaka administrazioetako lan-hizkuntza izan dadin neurririk hartu edo plangintzarik egin ez dutenak". Kontua ez da hori, funtsaren funtsean: mende-laurdenean milaka lan-postu sortu dira; hainbat lan-posturi euskarazko hizkuntza-eskakizuna erantsi zaio legez, une batetik aurrera. Saio ohargarriak egin eta egiten dira, azkenik, beratako langileak euskalduntzeko edota, oro har, euskaraz lan egin ahal izan dezaten prestatzeko. Administrazioko lan-postuen % 90ek edo gehiagok erdaraz funtzionatzen du ordea: beti edo nagusiki erdaraz, hitzez eta, bereziki, idatziz. Diagnostiko horren balorazio zehatza falta da Oinarrizko Txostenean. Zergatik gertatzen da euskararen desagertze hori? Demagun zenbait hipotesi xume:

Esplikazio posibleak asko izan litezke noski; goiko hipotesi horiek ez dira lehen apunteak baizik. Hipotesiak hipotesi, hori da ordea eskuartean dugun administrazioa, partez oinordetzan jasoa eta partez guk geuk sortua. Badakit erdarazko moldaera nagusi horri itzulpenak eta itzulpen-ondokoak erantsi behar zaizkiola gero, koadroa konpletoa izango bada: zeharo gauza bi dira, ordea, aurrez aurreko jarduera administratibo bizia batetik, eta (normalean dokumentu idatzien) zenbait ondoriotarako itzulpen ofiziala bestetik. Berrikustapen lasaia zor zaio, horregatik guztiagatik, euskara EAEko administrazioaren kohizkuntza bihurturik egotearen kontu horri. Mila bider bihurriagoa da historia.


Goazen bidetik nora goaz, hizkuntza kontuan?

Landu-arin gelditu da puntu hau Oinarrizko Txostenean. Funtsezko galdera da, ordea. Bide onetik doanak ez du bidez aldatu beharrik ikusten: ez erabat, ziaboga larria eginez, eta ez partez. Alto egin baldin badu HPSk, eta zer hobetua badagokeela esanaz abiatu baldin badu txostena, seinale da oso bide onetik ez goazena. Lastima da, alde horretatik, puntu hau hain gainetik pasa izana. Uste baino emaitza hobeak emango lituzke galdera horren erantzunak.

Orain hogeita bost urte inguru abian jarritako ofizialtasun bikoitzeko markoak atsekabe bat baino gehiago sortzen du egungo egunean. Zenbaiten ustez urrutiegi eraman dira kontuak, eta herri-dirua itxuratxarki xahutzeaz gainera kalte nabarmenak egin zaizkio hainbat herritar erdalduni. Bide horrek arriskuan jar dezake, gainera, estatu-nazioaren osaera bateratua eta, beraz, frenoa jarri behar zaio era batera edo bestera. Hainbaten ustean, aldiz, oso bestelakoak dira arazoak: martxan jarritako lege-markoa ahulegia gertatu da begiz jotako helburuak eskuratzeko: ez ditu helburu haiek lortu eta, okerrago dena, ezin lor ditzake etorkizunean ere. Gauza bat dago horretan guztian argi: iritzi-sortzaile batzuen eta besteen ustez, aski leku diferentera goaz. Egungo modeloa, hori dela-eta, istilu-iturri da hainbatean.

Ba al dago modurik, gatazka horretan murgildu eta bando baten bozemaile bihurtu gabe, "nora goaz?" galderari dokumentazio-oinarri seguru samarrez erantzuten saiatzeko? Puntu batzuetan bai, ene ustez. Horrela:

Nora joan nahi genuke? Zer egin behar da, begiz jotako helburu horretara iristeko? Zein da horretarako bide zuhurrena, eraginkorrena, hoberena?

Azalpen ugariak eman ditu Oinarrizko Txostenak galdera hauen haritik. Puntuz puntu ikusiko ditugu hiru galderoi dagozkien planteamenduak. Has gaitezen lehenengoarekin.


Nora joan nahi genuke?

Oso aberatsa da oinarrizko txostena, "nora joan nahi genuke?" galderari erantzuteko orduan. Konforme nago bertako baieztapen askotxorekin. Ez nago ados, aldiz, beste zenbaitekin. Labur-labur esanik, luzeegi bainabil orriz dagoeneko, ondoko atal hauetara bilduko ditut nire adostasunak eta desadostasunak.


Zer egin behar da, begiz jotako helburu horretara iristeko? Zein da horretarako bide zuhurrena, eraginkorrena, hoberena?

Konforme nago, oro har, txostenak alor horretan azpimarratzen dituen lau punturekin. Horien berri emango dut, labur-labur, irizpen-txosten honi amaiera emateko.

Azken gogoeta

Uste baino luzexeago atera bazait ere irizpena, saiatu naiz Oinarrizko Txostenak dioenera mugatzen eta, alde zein kontra, deigarrienak gertatu zaizkidan pasarteetan zentratzen. Puntuz puntuko azalpenak freskotasunean galtzen du sarri, egia da hori. Zuhaitzen ugariak begien bistatik ezkutatzen digu oihana. Irizpen-txostena da hau, ordea, ez idazlan beregaina. Ez da oihan baten azalpen-saioa beraz. Lantaldeak prestaturiko dokumentuaren argi-mutil izan nahi du soil-soilik, eta zeregin horretarako lagungarri hobea izan liteke puntuz puntuko azalpena.

Hasieran esan dudanez lan ederra egin du taldeak. Zer pentsatua ematen du eta, ororen gain, buruan ditugun kezkak, konbentzimenduak, duda-mudak eta eskarmentu-printzak beste hainbaten uste-aburuekin bateratzen saiatzeko aukera eskaintzen du. Ez da hori bera, ondo pentsatzen jarrita, bizpahiru hilabeteon emaitza ezdeusena.

Suerte ona opa diet txostengileei, jasoko dituzten iritzi-ekarpenak bateratu, erkatu, bakandu eta balioetsi ondoan azken bertsioa prestatzeko saioari begira. Guztion mesederako izan dadila beren ahalegina. Badugu guztiok ere kontuok patxadaz, aparteko presarik baina geroko geroaren iheslekurako tentaziorik ere gabe, tratatzeko premia. Ea oraingo saioak bere fruitua ematen duen, eta gai hauen gainean lasaiago, elkarren adiago eta aurrera begirako adostasun-formulen zaleago bihurtzen gaituen. Hala biz.


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren buru eta euskaltzaina da)

Oin-oharrak

Bibliografia


Inprimatu


Erantzunak


'Txepetx'en artikulu bat, gogoan hartzekoa

Antonio Gainza Rui Wamba / 2008-07-09 / 11:22

Hiru orrialdetako artikulua duzue hemen, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetxek idatzia, eta Escola Catalana aldizkariak katalanera itzulia 2001eko ekainean. Uste dut gogoan hartzekoa dela:


Summarioa mesedeko edo aitzinetik edo gibeletik

Erramun Gerrikagoitia / 2008-07-09 / 19:20

Nahiz-eta ondoko kommentario honekin hasten da Mikel Zalbide eta esaten du buruz lanaren neurri laburra edo luze-zabala edo hedadurea ze lortu dukeela hori laburtasun desiatua

HPSren ekimenez lantaldeak HP21 izenez prestatu duen txostena komentatzen du idazki labur honek. Gehienez hogei orrialdetan errenditzea eskatu zaigu iritzi-emaileoi, eta horretan saiatu naiz ahaleginean. Hasieran idatzitako hainbat puntu kanpoan utzi ditut, hori dela medio. Sarrerako azala eta bibliografia-orria alde batera uzten bada, mandatua ondo samar bete dudalakoan nago. Gatozen, besterik gabe, harira.

hala ere deritxot ze on eta beharrezko izango zen noiz skribitu zuen eta ere oraino litzateke berdin on eta beharrezko baldin izan balu lan honek summario bat doana edo aurretik -nire apreziationez hobe aurretik- edo gibelean zeren hortara legoke irakurle potenziala aurretiaz edo gibeletik ere nahi balu aurretiaz orientatua eta positionatua edo kokatua buruz zer doaken iraakurtzera aitzinetik lehenago ezi sartu irakurtzera -kasu hontan- hori idazki "labur" hau.

Horregatio ba dakit, eta hortan du edo duke lanak bere importantzia, ezen ez dago lan baten valioa dependentzian hon izatea labur edo luze edo ertain. Bakarrik nahi izan dut hori nabarmendu zeren askotan an mundu moderno laster hau behar dugu laguntasunik eta orintabiderik nahiko eta batzutan ere asko lehenago ezi sartu bide batean zein izan ahal da onenean interesantea edo ez horrenbeste; gainera egiten du edo duke irakurketea effektivoago (yago effektivoa). Hori, on litzateke behintzat nire ustez izatea delako summarioa guzion mesedeko, nik faltan botatzen dut handizki.

Patra, Grezia. (skribatua harrapaladan, laster batean tik internetcafe bat)


Nafarroako 12-16 urte bitarteko gazteak

Antonio Gainza Rui Wamba / 2008-08-27 / 14:26

Ihazko "Euskera" aldizkariaren 52. liburukian, orain dela zortzi urtetako proiektu interesgarri baten berri ematen da, gaztetxoen Low esparruari dagokionez. SIADECO elkarteak egin omen zuen 2000. urtean: "Nafarroako 12-16 urte bitarteko gazteen artean, euskararen erregistro informalen ezagupena eta erabilera sustatzeko proiektua".


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1215426700