Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  HP21: Oinarrizko Txostena irakurri ondoko zenbait ohar

HP21: Oinarrizko Txostena irakurri ondoko zenbait ohar

2008-07-09 / 08:25 / Mikel Zalbide   HIZKUNTZA

HPSren ekimenez lantaldeak HP21 izenez prestatu duen txostena komentatzen du idazki labur honek. Gehienez hogei orrialdetan errenditzea eskatu zaigu iritzi-emaileoi, eta horretan saiatu naiz ahaleginean. Hasieran idatzitako hainbat puntu kanpoan utzi ditut, hori dela medio. Sarrerako azala eta bibliografia-orria alde batera uzten bada, mandatua ondo samar bete dudalakoan nago. Gatozen, besterik gabe, harira.


Esker-ematea

Eskerrak eman nahi dizkiot Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikari, lehenik eta behin, euskararen egoeraz eta geroaz giza arteko eztabaida lasaia eratzea erabaki izanagatik. Eskerrak ematen dizkiot, orobat, oinarrizko txostenaz iritzia emateko aukera eskaini didalako. Askatasun osoa ziurtatu du hasiera-hasieratik, nork geure iritzia aparteko eragozpenik gabe eman ahal izateko. Biziki eskertzen da jokabide hori.

Eskerrak eman nahi dizkiot, era berean, Erramun Osa zuzendariari. Eztabaida-lanerako prozedura tentuz bideratu du otsailetik hona, batez ere iritzi-emaileon ekarpen-bidea adosteko orduan: noiz-nola parte hartu beharko dugun, eta noraino, aldez aurretik zehazten asko lagundu du. Badakit albo-kontua dela hori, zenbait aldetatik. Albo-kontuek ere bere pisua izan ohi dute ordea giza arteko jarduera zabaletan, eta zor zaien begiruneaz hartzekoak dira beti.

Eskerrik asko eta zorionak, azkenik, oinarrizko txostena zirriborratu, eztabaidatu, adostu, prestatu eta guztion esku jarri duen lantaldeari. Lan ederra egin du: aspaldi honetan herri-aginteetatik jaso den dokumenturik baliagarrienetarikoa paratu digute egileek. HPStik azken hamar bat urtean (EBPNez geroztik) jasotakoen artean zabalena da hau perspektibaz, diagnostikoz zehatzena eta proposamenez umotuena. Iritzi diferenteen eta, are, kontrajarrien bateratze-saiorik gabe ezin izan da lan hori egin. Itsuenak ere ikus dezake, itsuarena egin nahi ez badu, oinarrizko txosten hau prestatu duten taldekideak ez direla gizarte-ikuspegiz gogaide, ez eta hizkuntza-plangintzaren edo glotopolitikaren esparru korapilatsuan irizkide hertsi. Doble meritu du, horrexegatik, bateratze-saio horrek. Eskerrik asko zazpioi. Hemen ere, bestetan bezala, nori berea da gizalegea.


Balio-irizpen globala

Irakurri dut txostena; hartu dut astia, testu osoa bizpahiru aldiz irakurtzeko eta kontu nagusiak (nire ustez nagusiak) puntuz puntu analizatzeko. Azpimarratu ere egin dut han-hemen, ohiko moduan, hainbat hitz-multzo eta zenbait pasarte. Azpimarraz beterik gelditu zait dokumentua, burutik burura: zerbaiten seinale izango ahal da hori ere, paper-kontuak zikintzeko dudan ohitura zaharraren oroigarri beti-batekoaz gainera!

Dokumentuaren argi-ilunak iruditzen zaizkidanak izango ditut, beraz, aipagai: testuan irakurri dudanetik zer gustatu zaidan eta, batez ere, zerk asebete ez nauen, eta zergatik, azaltzen saiatuko naiz. Bigarrenetik lehenengotik baino ugariago izango da oharrotan, seguruenik. Ez da hori harritzekoa. Laudorio otzana ez baina kritika zehatza eskatu zaigu berrogei iritzi-emaileoi: aurrera egiteko eta, ahal den heinean, adostasun zabala bilatzeko balio izango lukeen ohar-bilduma kritikoa. Horretan saiatu naiz batez ere, eta horrexegatik eskaini diet testuaren ahuldade ustezkoei lekurik zabalena.

Argi azaldu nahi dut, gerora gabe, dokumentua gustura irakurri dudala. Gustura irakurri dut eta, hainbat alorretan, bere mamiaz dudan iritzia positiboa da. Han-hemen (kasu honetan hemen, herri-aginteen esfera instituzionalean) sortu ohi den beste hainbat dokumenturen aldean badu oraingo honek, hala iruditzen zait behintzat, kopeta zutik duela jendaurrera agertzeko motiborik aski. Ez da pro domo hutsean ari, halakorik falta ez bazaio ere tartean. Irakurleari eragiten edo pizten dizkion desadostasunak, ñabardura hutsezkoak zein pisuzkoak, banaka eta ordena logiko samarrean agertzeko parada eskaintzen du gainera: funtsezko adostasunak identifikatzen hasteko oinarririk ere badu, azkenik, bere gibel-erraietan. Ez dira gutxi, bata zein bestea. Hoberik duenak erakuts beza.

Kanpoko azaletik hasiko naiz, mamiari heldu aurretik, iritzia ematen: idazkera kontutik. Ez da huskeria, gure arteko idazlan askoren prestaera moldea, bere modus operandi nagusia, hurbiletik ezagutzen duen edonorentzat. Ondo idatzitako lana da eskuartean duguna: taxuz eratua eta atentzio handiz landua(1). Testu txukuna eta egokia eskaini digu lantaldeak. Gehienetan irakurtzea tokatzen zaizkigun dokumentuak baino hagitz landuagoa eta, aldi berean, euskaldun alfabetatu orok probetxuz irakurtzeko modukoa. Dokumentu zaindu, landu eta fresko itxurako baten aurrean gaude. Gure idazlan askoren zurruntasuna zenbaterainokoa izan ohi den kontuan hartuz, ez da ezaugarri hori ere alde batera uztekoa(2).


Oharren egitura

Hizkuntza-politikaren oinarriak ditu Oinarrizko Txostenak ardatz, eta oinarri horiek ditugu iritzi-emaileok aztergai. Oinarri bila aritzea dagokigu beraz, oraingoan. Logika baten haritik jardun nahi nuke bilaketa horretan, itzulinguru aspergarriekin inor atsekabetu gabe. Betiko galdera-hirukotearekin has gaitezke, hizkuntza-politikaren oinarriak argitzen. Hots, honako hiru galderokin:

  • a) non gaude EAEn, hizkuntza kontuan?,
  • b) nora joan nahi dugu begien bistako etorkizunean?, eta
  • c) zein da horretarako bide egokiena?

Horietan zentra gaitezke, hortaz, gure iritzia emateko orduan: ezinbesteko galderak dira hiru horiek, hemen eta nonahi, hizkuntza-politikaz ari garenean. Ezinbestekoak dira orain ere, 1978-82 epean bezala. Zentzu osoa zuen galdera-hirukote horrek orain dela 25 edo 30 urte, euskalgintza instituzionalaren abiaburu hartan. Orain, ordea, motx gelditzen da. Funtsezkoak ditugu orain ere hiru galdera horiek: ezinbestekoak. Baina ez dira aski. Besterik ere galdetu behar diogu orain geure buruari, nagitasun intelektualaren lozorro epelean kulunkaturik jardun nahi ez badugu. Honako beste hiru galderok ere egin beharra dago orain, mende berriaren hasiera honetan:

  • d) Orduan (1978-82 epean) adostutako norabidearen eta helburuen argitan zertan asmatu da, eta zertan huts egin? Zertan aurrera egin dugu eta zertan atzera?,
  • e) zergatik egin dugu gauza batzuetan aurrera, zergatik lehengo egoera bertsuan gaude beste zenbait puntutan, eta zergatik egin dugu besteetan atzera?, eta
  • f) goazen bidetik, nora goaz?

Hasieran ez genuen konparazio-puntu argirik; estrapolatzeko aurrekari sendorik ere ez. Ez zuen beraz zentzu handirik, beste hiru galdera hauek egitea: ez zuten erantzunik. Orain bai: gustukoa izan zein ez, galdera horiek badute erantzuna. Ez gara konforme egongo, agian, galdera horiei urliak edo sandiak ematen dizkien erantzunekin. Erantzunik badute, ordea, galdera horiek. Badute erantzunik eta erantzun horiek funtsezkoak dira EAEko hizkuntza-politikari itxurazko oinarririk eskaini ahal izateko. Litekeenaren eta ezin denaren arteko mugak zuhurkiago bereizten laguntzen dute erantzunok, begien bistako etorkizun-aukera posibleak doiago identifikatzen eta etorkizuneko eszenario posible bakoitzaren on-gaitzak zehazkiago baloratzen. Bete-betean sartzekoak dira hortaz beste hiru galderok ere, aurrera begirako hizkuntza-politikaren oinarriak arrazoi bidez argitu edota ahalik eta heldu-leku objektiboenez adostu nahi badira. Ahuldade nabarmenaren seinale litzateke, hemen eta orain, beste hiru galderoi ez erantzutea. Are seinale okerragoa genuke, galdera bera formulatu ere ez egitea.

Sei galderak kontuan hartu dira, zorionez, azterkizun dugun txostenean. Heldutasun-seinale da hori, eta hala adieraztea komeni da hasiera honetan bertan. Aurreko zenbait dokumenturen aldean aurrera egin da puntu horretan(3). Eztabaida egituratua baldin badugu amets, eta ez geure golkoan ditugun amets-beldur-irriken jaulkitze trumiltsua edota lehentasun programatikoen azalpen hutsa, mesede baizik ezin egin dezake eztabaida egituratuago horrek. Azterbideok banan-banan aukeratuz eratuko dut, hortaz, nire ohar-bilduma labur hau. Aspalditxo honetan baterako eta besterako darabildan eskematik abiatuz, eta dokumentu honen beharretara egokituz, ondoko hiru galdera multzo hauen haritik jardungo dut beraz:

  • a) zer gertatu da euskara-erdarekin, azken mende-laurdenean? Zer motibok (zer motibo-sortak) eragin du euskara-erdaren bilakaera hori?
  • b) zein da euskara-erdaren egungo egoera? Goazen bidetik nora goaz, hizkuntza kontuan?
  • c) Nora joan nahi genuke? Zer egin behar da, begiz jotako helburu horretara iristeko? Zein da horretarako bide zuhurrena, eraginkorrena, hoberena?

Gatozen beraz, besterik gabe, hiru galdera horiei txostenak eman dizkien galderak banan-banan komentatzera.

Zer gertatu da euskara-erdarekin, azken mende laurdenean? Zergatik

Aipagai dugun dokumentuak badu ikuspegi bikoitz horren osagai sendoa: bai ikuspegi zinetikoaren planteamendu zuzena (bilakaera horren emaitzak ebaluatu beharra integratuz(4)), eta bai azterbide dinamikoarena ("zergatik" galderari emandako hainbat erantzun sartzen da hemen). Berri samarra da jokabide hori gure artean, perspektiba instituzionalari dagokionez. Berri samarra eta aurrez aurre landua: azpiatal osoa eskaintzen dio Oinarrizko Txostenak bilakaeraren gaiari(5). Txostenean zehar barreiaturik ageri da, azkenik, zergatikoen azalpen-saioa. Norbaitek pentsa dezake alferlana dela galdera horiei erantzuten saiatzea. Aurrera begirako lana dela hizkuntza-politikaren oinarriak zehaztea eta, beraz, aurrera begirako perspektiba horretara mugatu behar genukeela gogoeta-lana. Okerra da ikuspegi hori: gure arteko arazo larrienetako bat, aurrera begirako oinarriak adosteko orduan, geroan ez baina lehenean dago. Hizkuntza-politikaren alorrean mende-laurden honetan egin den lana, lan horrek sortu dituen argi-ilunezko emaitzak eta emaitza horiek diren bezalakoak zergatik izan diren, horiek dira gure arteko desadostasun-puntu nagusietakoak. Oso beharrezkoa da, beraz, atzera begirako gogoeta-lan hori. Leku zabala eskainiko diot, horrexegatik, irizpen-txosten honetan.

Has gaitezen errazenetik: azterbide zinetikotik. Zer dio dokumentuak euskara-erdaren azken mende-laurdeneko bilakaeraz? Txostengileen ustez zertan egin du euskarak aurrera, zertan dirau bere hartan eta zertan ari da atzera? Aski perspektiba definitua du oinarrizko txostenak, euskararen bilakaerari dagokionez. Bere hitzetan esateko, "hogeita bost urteotan urraturiko bidearen ondotik, argiuneak dira nagusi, euskararen gaurko egoerak ez baitu zerikusirik ordukoarekin" (...) "25-30 urteko ikuspuntuan bistan da aurrera egin duela nabarmen euskarak. Argi-ilunak tarteko, ordukoa baino erruz hobea da gure hizkuntzaren gaurko egoera". Baikorra da, beste hitzetan esanik, oinarrizko txostena. Arrazoi al dute txostengileek euskarak EAEn oro har aurrera egin duela diotenean? Arrazoi al dute, bereziki, euskarak zertan (zer jardun-esparrutan, zer harreman-saretan eta zer eginbeharretan) aurrera egin duen, eta zer neurritan, azaltzeko orduan? Gauza batzuetan argi dago baietz: bete-betean asmatu dute. Besteetan ez dago argi kontuak hala direnik, edota argi samar dago bestela direla kontuak. Azal dezadan zergatik.


Adostasun-puntuak

Hizkuntza-politikak azken hamarkadotan izan duen bilakaera lau zutabetan oinarritu du txostenak: oraingo lege-markoa lehengoa (Konstituzioa eta Autonomia Estatutua) baino euskal-maiteagoa da, herritarren atxikimendua funtsezko euskarria eta indar-emailea izan da, gizarte-ekimeneko elkarteek eta enpresek ahalegin ohargarria egin dute benetan eta, azkenik, herri-erakundeen aitzindaritza eta konpromisoa ere hor egon da. Konforme nago, oro har, txostenaren gogoeta-bide laukoitz horrekin. Ñabardura asko erantsi ahal izango litzaioke goiko eskema horri, baina nekez esan liteke egia ez denik. Lau elementu horiek osatu dute, funtsean, azken mende-laurdeneko euskalgintzaren bizkarrezurra. Horiek izan dira mahaiaren lau hankak. Joera handia dago, egungo egunean, lau hanka horietariko bat edo beste gutxiesteko edo isiltzeko. Horrela, adibidez, herritarren atxikimendu euskaltzale hori berezkoa ez baina induzitua izan da, zenbaiten ustez. Induzitua, legez bortxatua izan ez denean. Beraz ez da kontuan hartu behar. Gero eta ozenago ageri da ikuspegi hori, adibidez, eskola-munduko hiru ereduek izan duten bilakaera balioesteko orduan: A ereduak behera egin badu hiritarrei hartarako aukerarik eman ez zaielako izan omen da. EAEko lege-markoak euskara indarberritzearen alde ageri duen izaera eta marko horren ildotik herri-aginteek egin duten ekarpena, bestalde, isildu edo gutxietsi egin izan da (orain ere halatsu egiten du zenbaitek) gure arteko joera jakin baten altzotik. Egin dena gutxiegi omen da, markoaren berezko mugengatik besteak beste, eta egin denean ere herri-ekimenaren bultzadagatik izan omen da sarri baino sarriago. Arrazoi-parterik ez zaie, seguruenik, ikuspegi biei falta. Ez bata eta ez bestea dira ordea, ene ustez, balioespen orekatuak: markoa ez da laissez-faire modukoa, are gutxiago euskal-etsaia, eta herri-aginteak hizkuntza-normalkuntzaren motore, ez gogoz kontrako amor-emaile, izan dira hainbat alorretan. Komeni da beraz, arrazoi bi horiengatik, txostenak zuzen dioen hori berariaz azpimarratzea. Honako puntuok, bederen, gogoangarriak dira alde horretatik:

  • a) Lege-marko berria, aurrekoa baino nabarmenkiro euskal-maiteagoa da. Zuzen dabil txostena, honako hau dioenean: "Lege-marko berriak, aurrekoak ez bezala, euskara babestea eta indarberritzea bere berezko xede du. Euskadiko hizkuntza politikaren marko legalak Espainiako Konstituzioan du abiapuntua, Autonomia Estatutuan du oinarria, Euskararen Legean du bizkarrezurra eta Lege horren garapenerako arautegi zabalak -lege sektorialez, dekretuz eta aginduz beteriko arautegiak- osatzen du corpusa. (..) Aurrerakada hori gertatzea ezinezkoa izango litzateke lege-marko egokirik gabe, hizkuntza-eskubideak aitortzen dituen eta herri-erakundeak garatzen ari diren hizkuntza politika aktiboak garatzeko bidea irekitzen duen lege-markorik gabe. (..) Gaur eguneko egoera juridikoa nahiko ongi azaldua dago, ene ustez: "lege-markoaren oinarri nagusiak ondoko hauek dira: batetik, herritarrei hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkie, eta herri-erakundeei betebeharrak ezartzen zaizkie herritarrei aitorturiko hizkuntza-eskubideak eguneroko bizitzan egiazki errespetatuak eta baliatuak izan daitezen; bestetik, progresibotasuna, ezinezkoa delako guztia goizetik gauera betetzea, are gutxiago Euskadiko errealitate soziolinguistikoa ez baita homogeneoa; eta, azkenik, normalizaziorako legeria, zeina ez baita neutrala, ez da laissez-faire printzipioaren jarraitzaile, euskararen erabilera normalizatzea eta gizarte elebiduna eraikitzea ditu helburu".
  • b) Herritarren protagonismoa, aldakuntzen eragile edo erabaki demokratikoen onartzaile moduan, nabarmena izan da egiazki. Txostenak ongi dioenez "ezinezkoa zatekeen euskarak eman duen aurrerakada ematea, herritarren atxikimendurik izan ez balitz. (..) Euskal herritarrek, batzuek aktiboki eta beste batzuek pasiboki, baina guztiek jarrera positiboz, ahalbidetu dituzte euskararen geroa bermatzeko garatu izan diren egitura, diru-hornidura, plangintza eta sustapen-ekimen ugariak, oso neurri nabarmenean hezkuntzan". Bistan da atxikimendu sozial horiek, gainerako guztiak bestela, ez direla vacuum sozio-politikoan eta instituzionalean gertatzen. Korrelazio-loturak eta, zenbaitetan, kausa-ondorio loturak ezartzea posible izan liteke herritarren eragile-onartzaile izaera nagusiaren eta bestelako prozedura politiko-instituzionalen artean. Lotura horiek posible izateak ez du, ordea, gertatu dena gertatu izana ezabatzen. Gertaera puntualak alde batera uzten badira inor gutxi behartu da mende-laurden honetan hizkuntza-politikaren alorrean, eta inor behartu denean errazago behartu dira euskarazko zerbitzu-eskatzaileak erdarazkoak baino. Hemerotekak hor daude, gai hori objektiboki errebisatu nahi duenarentzat.
  • c) Herri-aginteen eta gizarte-ekimenezko eragileen edo han-hemengo euskaltzale ugarien arteko uztardura ez da batere lan erraza izan (puntu hori isilpean uzten du txostenak, inor ez mintzeko asmoz agian), baina funtzionatu egin du hainbatean. Zuzen ari da horretan txostena: "aurrerakada hori gertatzea ezinezkoa izango litzateke (..) herri-erakundeen aitzindaritza eta konpromisorik gabe. (..) Aurrerakada hori gertatu da, halaber, euskara sustatzeko lanetan diharduten gizarte-ekimeneko elkarte eta enpresen ahalegin bikainari esker, eta, jakina, hainbat eta hainbat euskaltzaleren lan jarraitu eta aberatsari esker. (..) Herri-aginteen eskutik eta gidaritzapean, gizarte-ekimeneko eragile ugarien bultzadaz, euskal gizarteak inoiz ez bezalako indarrak jarri ditu urteotan euskara biziberritzeko lanetan". Egunen batean, behar den zehaztasunez eta ikuspegi globalaz, oraindainokoan baino sakonago landu beharko da gai hori: bere emaitzak argigarri izan litezke, gure arteko hainbat eten-urradura eta gaitzerizko hobeto ulertzeko.


Desadostasun-puntuak. Azterbide konparatiboaren ahuldadeak

Beste zenbait baieztapenekin, aldiz, ez nago konforme. Zertan oinarritzen dira txostengileak, euskararen oraingo egoera ordukoa baino hobea dela esateko? Zergatik diote osasun-egoerak hobera egin duela? Ondoko sei motibo hauengatik, besteak beste:

  • a) "Urteotan izan dugun aurrerapauso sendo eta garrantzitsuenetakoa familia transmisioari dagokiona da. EAEn dagoeneko eten da belaunez belauneko familia transmisioan gertatzen zen etendura".
  • b) "Milaka hiztun berri irabazi ditu euskarak 25 urteotan. Duela 25 urte, adin zaharrekoen artean biltzen ziren gehienik euskal hiztunak, eta gutxienik gazte, gaztetxo eta haurren artean. Gaur, hori justu alderantziz gertatzen da, euskararen mesedean gertatu ere".
  • c) "Guraso gehienen gogoa da euren seme-alabek derrigorrezko hezkuntzako ikasketak euskaraz egitea, eta gogo hori bete dezakete eta asebetetzen dute. Euskara ikasi nahi duten helduek, berriz, eskura daukate euskara ikasteko aukera".
  • d) "Lehen ez bezala egunkaria eta aldizkariak irakur ditzakegu euskaraz, telebistak eta irratiak ikus eta entzun ditzakegu euskaraz".
  • e) "Gora egin du itzulpengintzak eta kultura ekoizpenak, oro har (..) Euskal literaturak, esate baterako, inoiz izan ez duen maila lortu du".
  • f) "Poetak aipatu zuen harako euskara noranahiko hura biziberritu egin da urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da, ezbairik gabe".

Aski kontsiderazio diferenteak dira goiko sei horiek, edukiz eta izaeraz. Diferenteak, orobat, garrantziaz edo eragin-indarrez. Diferenteak, azkenik, benetako balio-indarrez. Baieztapen bat benetakoa izan liteke, baina eragin-indar ahulekoa. Beste bat garrantzi handikoa izan liteke, eragin-indar handikoa, baina egiazkoa den ala ez frogatu gabe (dokumentu-oinarri sendorik gabe) egon eta, hortaz, balio-indar ahulekoa izan. Zaila da, horregatik guztiagatik, goiko sei baieztapen horiei baiezko edo ezezko biribilik ematea. Horretan saiatzea eskatzen zaigu, ordea, ohargileoi. Gatozen beraz harira.

Urruti samar hegaldatu beharko badugu ere, has gaitezen formulazio teorikoetatik. Zein parametro dira nagusi teoria soziolinguistikoan, hizkuntza batek osasunez hobera egin duela, bere horretan dirauela edo okertzen ari dela esateko? Ez dago modelo teorikorik, espezialista guztiek erabateko adostasunez onarturik eta galdera horri aurrez aurre erantzuteko balio osoa duenik. Mundu zabalean hizkuntzen (batez ere ahuldutako hizkuntzen) gizarte-dimentsioa lantzen duen komunitate zientifikoaren konstrukzio teorikoetan ez dut halakorik ezagutzen. Are gutxiago dago halakorik gure artean, gizarte-interes kontrajarrien uretan igeri egin behar izaten duen zurrunbilo bihurri honetan: gutako batzuentzat aurrerapen argia dena balio apaleko bilakaera da beste zenbaitentzat. Kontuz ibili behar dugu, hortaz, edonork onar dezakeen ondorio eztabaidaezinen jabe garela uste izatearekin: iritzi-emaileok ez gaude arrisku horretatik txostengileak baino libreago.

Edozein argudiok ere ez du ordea indar bera, mundu zabaleko espezialistentzat. Ahuldutako hizkuntzen gizarte-dimentsioa lantzerakoan dena ez da, teoria hutsean ere, enfasi edo iritzi-kontu. Badira gutxienezko parametroak, gurea bezalako hiztun-elkarte elebidunen osasun-aztertzaile informatuek beti ere oso kontuan hartu ohi dituztenak. Eztabaida-lana esparru akademikoan zentratzeko orduan badira elementuak, komunitate zientifikoak baliagarri eta beharrezko kontsideratzen dituenak oro har: hiztun-elkarte elebidun horrek zenbat hiztun duen, hiztun horiek zer adinetakoak diren eta zein neurritan aurrez aurreko interakzio sendoan bizi diren, interakzio hori zein hizkuntzatan mamitzen duten jardun-esparru eta harreman-sare jakinetan (bere A hizkuntza propioan edo kontestualki nagusi den B hizkuntzan), hiztun-talde horien autorregulazio soziokulturalerako ahalmena eta jarduna eta beraien talde-nortasuna zaindu ahal izateko eskueran duten oinarri instituzionala. Aparteko garrantzia aitortu ohi zaio normalean, osasun-analisi horietan, hizkuntza bien konpartimentazio moldeari(6): hiztun-elkartearen espazio fisiko-territorialean eta sozio-funtzionalean mintzajardun osoaren(7) zein zati bideratzen den erabat edo nagusiki A hizkuntzan, eta zein zati erabat edo nagusiki B-n. Gauza bat dago argi, nolanahi ere, mundu zabaleko aditu gehienen azalpenetan: hizkuntzaren erabilerak definitzen du lehenik eta behin, ez ezagutzak edo iritzi-jarrerek, hiztun-elkarte elebidunen osasun-egoera. Funtsezkoak dira beste parametro horiek ere. Albora ezinak, inolako dudarik gabe. Baina erabileran dago, funtsaren funtsean, osasunaren korapiloa. Korapilo hori askatu gabe ez dago aurrera egiterik. Horri erreparatu behar zaio beraz ezinbestean, gainerako faktoreak alboratu gabe, hiztun-elkarte batek osasunez aurrera edo atzera egin duen epaitzeko orduan.

Teoria soziolinguistikoa bere horretan utz dezagun une batez, eta gatozen gure egoeraren analisi praktikora. Zentra gaitezen euskara-erdaren erabilera-moldeetan gertatzen ari diren aldakuntzetan. Lehen baino jende gehiagok egiten al du orain euskaraz? Lehen baino gehiago egiten al da euskaraz, bereziki, etxean eta kalean, lanean eta astialdian? Zaharrek egiten al dute euskaraz, batez ere, edota berdintsu mintzo dira guztiak, zahar eta gazte? Mintzajardun arruntaren belaunez belauneko katea eten egin al da, edota bizirik al dirau eta, are, indarberriturik ageri al da gazteen artean? Gatozen ahozkotik idatzizkora: lehen baino gehiago irakurtzen al da orain euskaraz? Nork irakurtzen du, eta zer? Lehen baino gehiago idazten al da? Formazio akademikoz, status sozio-ekonomikoz eta jarduera profesionalez non koka litezke nagusiki euskaldun aktiboak? Galdera horiek, eta horien antzekoak, ezinbestekoak ditugu euskararen erabilerak aurrera egin duen ala ez jakiteko: hots, euskarak non (noren artean) aurrera egin duen, eta non atzera, identifikatzeko. Erantzun horiek ditugu, bakarrak izan gabe ere, osasun-egoeraren oinarrizko iragarleak. Gero, jakina, funtsezko beste dimentsioei ere atentzio handiz erreparatu beharko zaie: lehen baino hiztun garbiagoak eta hitz-etorri handiagokoak al dira oraingo euskaldunak? Irakurle eta idazle trebeagoak al dira euskaraz? Lehen baino euskaltzaleago al da jendea, oro har, egungo egunean? Funtsekoak dira puntu horiek ere, "euskaldun" edo "euskal hiztun" etiketaren pean oso konstelazio psikolinguistiko diferenteko errealitateak egon baitaitezke jasoak.

Beste mila gauzarekin ere jardun dezakegu osasun kontuak astintzen, probetxu handiko ondorioak atereaz hainbatean. Puntu horiek argitu gabe ez dut uste, ordea, euskararen osasunari buruzko atzera-aurrerak behar bezala epaitzerik dagoenik. Saia gaitezen hortaz, goiko elementuok gogoan ditugula, txostengileek euskararen osasun-hobetzea azaltzeko eskaini dituzten sei motiboak gaingiroki aztertzen eta zertxobait komentatzen.

  • "Urteotan izan dugun aurrerapauso sendo eta garrantzitsuenetakoa familia transmisioari dagokiona da. EAEn dagoeneko eten da belaunez belauneko familia transmisioan gertatzen zen etendura"

    Funtsezko puntua da hau. Hiltzeko arriskuan dagoen hizkuntza batek belaunez belauneko transmisioa segurtatu behar du, lehenik eta behin. Etxean eta familian oinarritzen da transmisio hori lehen-lehenik, auzoa eta kale-bizitza hurbila bide-lagun dituela eta eskola, une batetik aurrera, osagarri sendo. Zuzen jokatu du txostenak, hortaz, familia-giroko transmisioa oso kontuan hartzerakoan. Asmatu al du etxe-giroko mintzajardunak izandako eboluzioa zehazterakoan? Ez nago seguru. Etxeko eta familiako hizkuntza-transmisioaz txostenean esaten denak badu parte bat egiazkoa, erraz konproba litekeena eta garrantzi handia duena. Bere osoan hartuta zalantzazkoa da, ordea, goiko baieztapen hori. Nahiago nuke gauzak horrela (baieztapen horrek dioen bezala) balira, baina bere osoan hartuta ez dut uste horrela direnik. Eskueran ditugun datuen eta egunero bizi dugun esperientziaren argitan nekez egin dezakegu hain baieztapen biribilik: "urteotan, Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskararen bilakaera prozesuan izan dugun aurrerapauso sendo eta garrantzitsuenetakoa familia transmisioari dagokiona da. Urteak eman ditugu belaunez belauneko euskararen familia transmisioa bermatu gabe, galerak galeraren ondoan. Nafarroan oraindik ere ez dago bermatua, eta Iparraldean etengabea da galera. EAEn dagoeneko eten da belaunez belauneko familia transmisioan gertatzen zen etendura". Zertan oinarritzen gara hori esateko? Non daude datuak, belaunez belauneko odol-galtze linguistikoari etxe-giroan frenoa jarri zaiola bermatzen dutenak? Nire datuek, bere ahul-mugatuan ere, ez diote halakorik. Ez naiz bakarra, gainera, horretan. Ez al dio Oinarrizko Txostenak berak, handik gutxira, honako beste hau: "Guraso euskaldunek bere egin dute (..) euskara ondorengoei transmititzearen ardura. Horrek ere, ordea, badu bere ifrentzua. Umeei euskara etxean lehen urteetan irakatsi arren, eskolan euskara irakatsi arren, askok eta askok gero etxean ohikotasunez erabiltzen duten hizkuntza gaztelania da" Zer transmisio familiarrez ari gara hortaz hizketan, etxean ohikotasunez erabiltzen den hizkuntza gaztelania baldin bada?

    Belaunez belauneko hizkuntza-transmisio arrunta, menderik mende han-hemen ezagutu izan dena, osabetezkoa da: transmisio betea, etxeko eta kaleko, lagunarteko eta lan-munduko mintzajardun bizi arruntaren beharrak asetzeko balio duena; beste hizkuntza baten makulurik gabe jarduteko behar adina soporte kontzeptual, emotibo eta operatibo eskaintzen duena; haserretzeko eta txisteak kontatzeko, amari lausenguz hau-hori eskatzeko eta semeari harako hura zorrotz agintzeko, amets egiteko eta bihotzeko lagunari maiteminezko hitzak jaulkitzeko beregaintasun zabala eskaintzen duen hizkuntza-transmisioa. Transmisio betea, gizaki gehienon jardun-esparru eta harreman-sare arruntetan eta eguneroko esparru barrenkoi-intimoenetan lasai eta naharo jarduteko aukera eskaini ohi duena. Frenatu al da, benetan, belaunez belauneko familia-transmisioan gertatzen ari zen mintzagaitasun betearen eten hori? Transmisio betea eskaintzen al dute egungo familia euskaldunek, guztiek edo gehienek?

    Erantzuna begien bistan dugu: ez. Eskueran ditugun datuen argitan ezin esan liteke, mintzagaitasun betearen transmisio-galera eten egin denik. Transmisio modu bat segurtaturik ageri da oro har, familia euskaldunetan. Egia da datu demolinguistikoek transmisio-maila altua iradokitzen dutela halako familietan. Datu horiek ez dira ordea aski, beren hutsean, etxeko mintzajardunean galerarik gertatzen ari den ala ez zehazteko. Transmisioaren huts-betea ezin da, hemen eta orain, soil-soilik kontsiderazio demolinguistikoen argitan erabaki: zentsuaren eta inkesten arabera guraso euskaldunez osaturiko zenbat etxetan euskaraz egiten den jakitea ez da horretarako aski. Euskaraz egiten omen den etxe horietan zenbat hitz egiten den hizkuntza horretan, norekin egiten den, zertaz eta zertarako, funtsezko galderak dira orobat. Erantzun arteza eskatzen dute galdera horiek, etxe-giroko mintzajardunaren belaunez belauneko galerari alto eman zaion ala ez erabaki ahal izateko. Zenbatekoaz gainera nork norekin, zertaz eta zertarako egiten duen jakin behar da. Osotasun horrek markatzen du etxeko hizkuntza. Osotasun horren azken balantzeak, ez bost urtean behingo inkestan edo zentsu-galdetegian ematen den erantzun tipifikatuak, definitzen du etxeko transmisioaren huts-betea.

    Gai garrantzitsua darabil txostenak puntu horretan: ahuldutako hizkuntzen osasun-egoera neurtzeko adituek eskueran izan ohi duten neurgailurik garrantzitsuenetako bat. Kontuak ez dira behar bezain zuzen atera ordea(8). Transmisio partziala dugu, ez betea, egungo familia euskaldun askotan nagusi. Hori da egia, txostenak beste puntu batean aski era objektiboan jasorik duena. Hori horrela izanik, alferrik da familiako odol-galtze linguistikoari frenoa jarri zaiola ondorioztatzea. Datu demolinguistiko kuantitatiboetan fidaturik errazegi gainditutzat eman dugu gehienok, ez txosten honek bakarrik, belaunez belauneko hizkuntza-jarraipenaren hil ala biziko arriskua. Sinpleegi planteatu ditugu kontuak, etxe barneko harreman-sareen konplexutasuna, seme-alaben mintzajardunaren izaera dinamikoa eta bertako harreman-sareen high-multiplexity izaera(9) alde batera utziz. Errepaso on bat behar du, horregatik, Oinarrizko Txostenaren argudio-bideak: egiari zintzoki kasu egin nahi bazaio, ezin dugu funtsezko puntu horretan deskuidorik izan. Besterik nahiago bagenu ere askok, ezin hain borobil esan dezakegu EAEn dagoeneko eten egin denik belaunez belauneko familia-transmisioan gertatzen ari zen etendura. Odol-galtzeak aurrera dirau, hainbatean: hala dio euskaldun askoren eguneroko esperientzia pertsonalak; halatsu dio beste zenbait jakin-iturrik ere(10).

  • "Milaka hiztun berri irabazi ditu euskarak 25 urteotan"

    Egia da hori. Egia handia eta euskaltzaleontzat pozgarria, gutako hainbatek errazegi ahanzten badu ere. Europako hiztun-herri txiki gehienen ondoan bilakaera positiboa izan du EAEko euskal hiztun-elkarteak. Lehen baino hiztun gehiagok daki orain euskaraz, eta hiztun horien zenbait ezaugarrik (adinak, adibidez) aldeko bilakaera izan du perspektiba soziolinguistikotik. Txostenak berak argi dioenez "duela 25 urte, adin zaharrekoen artean biltzen ziren gehienik euskal hiztunak, eta gutxienik gazte, gaztetxo eta haurren artean. Gaur, hori justu alderantziz gertatzen da, euskararen mesedean gertatu ere". Aurreko puntuak belaunez belauneko transmisioa zuen jomuga, oraingo honek berriz euskaldun-jendearen zabalkunde demografikoa: Lehen baino gehiago gara, gertaera bi horien laguntzaz, egungo egunean euskaraz egin dezakegunak.

    Betikora goaz ordea: euskaraz egiteko gai izatea gauza bat da; euskaraz ondo eta erraz egiteko gai izatea, aldiz, bestea; eta benetan euskaraz egitea, azkenik, oso bestea. Bistan da kausa-efektu moduko bat ezar daitekeela, hipotesi moduan, lehen gertakariaren eta azkenaren artean. Euskaraz ez dakienarekin oso zaila da euskaraz egitea. Alboan duzunak euskaraz ikasi badu edo umetatik euskaraz baldin badaki, errazago (estatistikoki probableago) da lehenago edo beranduago euskaraz egitea. Egiaren erdia erakusten du ordea hipotesi horrek. A hiztunak eta B solaskideak euskaraz egingo badute beharrezko baldintza da A eta B euskaldun izatea, baina ez da aski. Beste faktore asko gertatu behar dute tartean, aldeko konbinazioa eratuz. Tarteko faktoreok garrantzi handikoak dira, euskaraz egin ahal izateko aurrebaldintza hura euskarazko mintzajardun bizi bilaka dadin. Hiztunen hizkuntza-gaitasun egokia da, txostenak berak beste nonbait argi azaltzen duenez, tarteko faktore horietariko bat. Euskaraz ezinean ari denarekin errazago egiten dugu gehienok, bai solaskidearen amorez eta bai geure garun-belarrien neke-aringarri, euskaraz bezain ongi dakigun erdaraz. Ez da hori ordea, urrundik ere, euskaraz jakitetik euskaraz egitera dagoen langa bakarra. Luzeegi ez jardutearren diogun txostenak arrazoiz apuntatzen duen aurrebaldintza horri albo-baldintza askotxo erantsi behar zaiola praktikan.

    Labur bilduz: egia al da "milaka hiztun berri irabazi ditu(ela) euskarak 25 urteotan"? Bai, egia dio txostenak baldin eta hiztun hitzarekin "euskaraz dakiena" esan nahi badugu. Ez dago horren pareko baieztapenik egiterik, aldiz, hiztun hitzarekin "euskaraz egiten duena" esan nahi bada. Euskaraz egiten dutenak etxean, kalean, lanean eta astialdian ez dira neurri berean ugaritu. Ez neurri berean eta ez, zenbait esparrutan, inola. Gogoan izan dezagun azkenik, berriro ere, erabilerak adierazten duela beste ezerk baino artezago hizkuntzaren osasunak hobera egin duen ala ez.

  • "Guraso gehienen gogoa da euren seme-alabek derrigorrezko hezkuntzako ikasketak euskaraz egitea, eta gogo hori bete dezakete eta asebetetzen dute. Euskara ikasi nahi duten helduek, berriz, eskura daukate euskara ikasteko aukera"

    Sendoagoa da, dudarik gabe, txostenak puntu horretan hezkuntza kontuaz dioena. Bere lekua irabazi du euskarak, eguneroko jardunean, hezkuntza-munduan. Hanka-sartze ugari eta baldintzapen askorekin bada ere, hori da euskarak mende-laurden honetan egin duen aurrerakadaren frogantzarik argiena: euskaraz ikasi eta irakatsi egiten da gaur, EAEn eta Nafarroa zaharrean(11). Hor dago diferentzia: batean (irrati-telebistetan, administrazioan,...) egin liteke gutxi-asko; bestean (hezkuntzan) egin egiten da. Mila iruzkin eta mila matiz-ñabardura erants diezazkiokegu gai horri, baina ez dago dudarik: erabileraren aldetik aurrera egin da esparru horretan(12). Hori da mende-laurden honetako aldaketa sakona, zenbait aldetatik iraultza ere esan litekeena: lehen erdara jaun eta jabe zen esparruan aurrera egin du euskarak, eta erdarari nagusitzen ari zaio ikasle-kopuruz, irakasleen jardun-orduez eta eskola barruko bizitza arautuari dagokion heinean. Zuzen dabil horretan txostena(13).

    Zuzen dabil baina, aldi berean, aurrerapauso horren benetako neurria ez da begien bistatik galdu behar. Haur batek edo gazte batek, D ereduko eskolan dabilen urteetan, iratzarririk dagoen orduen % 14 inguru egiten du euskarazko ingurumen formalean(14). Ordu horietan ere irakaslearen azalpenak entzuten edo testu-liburutik irakurtzen pasatzen du denbora gehiena, ez bere kasa idazten eta ez, batez ere, hitz egiten. Are gutxiago, eta funtsezkoa da hori, eguneko mintzaira lasai informalean jarduten du halakoetan bere ikaskideekin. Eskolak bere hutsez eskain dezakeena mugatua da hortaz: mugatua kopuruz eta mugatua, batez ere, kalitatez, ikasleen euskara-mailaz. Mintzagaitasun apala eta hizkuntzaren erabilera joria ez dira, berez, erabateko etsai. Dakigun ingeles apurrarekin moldatu behar izaten dugu parra-parra, hitzez eta idatziz, ingurumen-baldintzek hala exijitzeen dutenean. Ingurumen-baldintzek halako beharkizunik ezartzen ez digutenean, aldiz, errazenerako isuria gailendu ohi zaigu nabarmenki: euskaraz edo gaztelaniaz egiten dugu gehienok, ez ingelesez.

    Argia eta zuzena da, horretan, txostena. Ongi dioenez mintzagaitasun apalak, gure arteko erdal-elebidun gero eta ugariagoen artean hain ezaguna den euskarazko mintzagaitasun partzialak, oso ondorio nabarmena du harreman-sare informal gehienen zer-nolakoan. Mintzaira molde informalean aje-gabezia nabarmenak dituzte eskola-ume eta gazte askok: baita etxetik euskalduntzat hartu ohi diren neska-mutil askok ere. Puntu kritikoa da hizkera-molde informalaren alorreko gabezia hori. Ikaskideari txistea graziaz kontatzen jakiteko edota irakaslearen azken pasadizoaz irribarre jolastiaz txutxu-mutxuka jarduteko euskaldun trebeagoa izan behar da, hainbatean, oxigenoaren propietateak euskaraz azaltzeko edo Axularrek zer liburu idatzi zuen esateko baino. Funtsezkoa da txostenak hiztun askoren hitz-etorrian ageri den naturaltasun faltaz dioena. Egin duen baino gehiago horretan sakondu izanak ere ez ziokeen txostenari, seguruenik, kalterik egingo. Are gutxiago hitz-etorri horren gainbehera eguneroko harreman-sare arrunten, barrenkoi-intimoen galerarekin lotzen asmatuko balu. Gaitzaren muinetik oso hurbil genbiltzake guztiok, halakorik azaltzean. Muga-eragozpen horiek guztiak eta gehiago egia izanik ere, zuzen dabil txostena eskola munduan egin den aurrerapena, eta gurasoen borondateak (aktibo-eragileak edo onarpenezkoak) horretan izan duen garrantzia azpimarratzean.

  • "Egunkaria eta aldizkariak irakur ditzakegu euskaraz, telebistak eta irratiak ikus eta entzun ditzakegu euskaraz"

    Ez dago dudarik lehen baino aukera hobeak ditugula egungo egunean, euskarazko komunikabideez baliatzeko. Ikuspegi horretatik zuzen dio txostenak: "egunkaria eta aldizkariak irakur ditzakegu euskaraz, telebistak eta irratiak ikus eta entzun ditzakegu euskaraz". Bai, egia da hori. Galdera bestea da ordea: egunkaria eta aldizkariak irakurtzen al ditugu euskaraz, telebistak eta irratiak ikusten eta entzuten al ditugu euskaraz? Zenbatek ikusten, entzuten eta irakurtzen ditugu? Txostenaren ditzakegu horiek ahulak dira, zenbaitetan alferrikakoak, benetako dituguren galbahetik pasa artean. Lastima da nahasketa kontzeptual hori, txostenak berak argi aitortua baitauka beste nonbait erabileraren giltzarri-izaera: "badakigu (...) erabilera dela hizkuntzaren balioaren benetako neurgailua". Teorian argi onartzen dena(15) lastima da aplikazio-une konkretura iristean alde batera utzi izana eta benetan argitu beharrekoa argudio-oinarri sendorik gabe argitutzat ematea. Egia diote txostengileek, lehen egin ezin zena orain egin litekeela diotenean. Baina balio-indar ahuleko egia da hori, ordea. Lehen egiten ez zena egiten al da orain? Hori da galdera, erantzun orekatuaren zain dagoena. Kultura alorreko informeek zer diote horretaz? Ez ote da egia ezer gutxi aurreratu dela alor horretan?

  • "Gora egin du itzulpengintzak eta kultura ekoizpenak, oro har. Poetak aipatu zuen harako euskara noranahiko hura biziberritu egin da urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da, ezbairik gabe. Euskal literaturak, esate baterako, inoiz izan ez duen maila lortu du"

    Aurreko puntuan esandakotik ez dabil hain urrun, partez, puntu honetan ageri dena. Egia da lehen baino askoz itzulpen gehiago (erdaratik euskarara batez ere) egiten dela orain. Zuzen dabil, orobat, kultura-ekoizpena (euskarazko literatura bereziki, ez hainbeste musika edo antzerkia) hazi egin dela esatean. Zer ondorio dute hazkunde bi horiek, ordea, euskararen osasun-hobekuntzan? Goazen atalez atal: has gaitezen itzulpen kontuarekin.

    • a) "Gora egin du itzulpengintzak". Lan delikatua da itzulpena: ondo egingo bada espezializazio-maila altua eta lan-baldintza egokiak eskatzen dituena. Dudarik ez dago itzulpen-teknikak garapen handia izan duela gure artean, azken berrogei urtean. Itzultzaile handiak eta jantziak ditugu gaur egun, ez dago dudarik: itzultzaile handiak, jantziak eta trebeak. Erdaratik euskararako itzulpen zenbaitek aparteko profesionaltasuna ageri du; maisu-lan argirik ez da falta tartean. Bada horren erakuskari ederrik hainbat literatura- eta filosofia-obratan. Baita unibertsitate alorreko liburuetan edo ikus-entzunezko prestaera erakargarrietan ere. Baina ez ginen horretaz ari, euskararen osasunaz baizik: euskarak lehen baino osasun hobea duela frogatu nahirik, itzulpengintzak gora egin duela esaten digu txostenak. Ba al dago ordea kausa-ondorio argirik, bataren eta bestearen artean? Estatu Batuetan eta Ingalaterran inon baino itzulpen gehiago egiten al da ingelesera, literaturan zein teknologia alorrean, eta horregatik al dago ingelesa hain osasun onean, puntaren puntan? Espainiako administrazio zentralean EAEn baino itzulpen gehiago egiten al da (gaztelaniara), eta horregatik al dago gaztelania, administrazio alorrean eta gainerakoan, euskara baino osasun hobean? Bistan dago ezetz, batean zein bestean: ingelesa hain osasun onean baldin badago mundu zabalean, eta gaztelania Espainian zein Hispanoamerikan, ez da justu-justu ingelesera edo gaztelaniara itzulpen asko egiten delako. Kausa-efektuzko lotura horiek sinpleegiak dira oro har, askotan ahulegiak eta zenbaitetan kontraesan hutsezkoak. Ez dago dudarik itzulpengintzak gure artean gora egin duela kopuruz eta, horri eskerrak, lehen euskaraz irakurri edo ikusi ezin zen hainbat txosten, aldizkari ofizial, jakintza-gai, irakurgai, ikasliburu, leku-izen eta film euskaraz jaso dezakegula orain. Euskararen osasunean itzulpen horiek izan duten (are: izan dezaketen) inpaktua aztertzeke dago ordea(16). Goiko esaldi hori baino gogoeta xeheagoa eskatzen du itzulpengintzak, euskara indarberritzeko langintzan izan duen lekua eta balio-indarra ganoraz zehaztu ahal izateko.
    • b) "Euskal literaturak inoiz izan ez duen maila lortu du". Gatozen kultura-ekoizpenera. Demagun, eta ez da gutxi ematea, egia dela goiko baieztapen hori: demagun gora egin duela euskal literaturak, kopuruz eta kalitatez, eta goraldi horri eskerrak inoiz ez bezalako erpina jo duela. Garbi al dago ordea, alor honetan ere, literaturak inoiz ez bezalako maila lortu izanaren eta euskarak lehen baino osasun hobea izatearen kausa-efektuzko lotura? Zertan oinarritzen gara lotura hori, besterik gabe, egiazkotzat emateko? Inportantea da, jakina, kultura-ekoizpenaren kontua: William F. Mackey batek, esate baterako, kultura-ekoizpenarekin lotu zuen (besteak beste) hizkuntza baten erakarmena (eta, horrenbestez, bere bizi-kemena) 1976ko bere eredu famatuan(17). Ez ekoizpen-zifra absolutuekin halere, zifra erlatiboekin baizik. Hala egin beharko genuke guk ere, hortaz: zenbat eleberri sortzen da euskaraz, eta zenbat gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez? Zenbat orain, hizkuntza bakoitzean, eta zenbat lehen? Baliteke arrazoi izatea txostenak, kontuak horrela ikusita: aztertu egin beharko litzateke ordea, epaia eman aurretik.

      Kalitatez ere euskal literaturak gora egin dugula asumituz, gatozen hurrengo puntura: zer pisu dute kalitatezko literatura-lanek ahuldutako hizkuntza indarberritzeko orduan? Erantzuna, teoria soziolinguistiko landuenaren argitan, badakigu zein den: literatura onaren berezko ahalmena, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko, ez da oso handia. Ez, inola ere, Finlandiako Rosenröt-ek Kalevala idatzi zuenean edo Okzitaniako Mistral-ek Mireio argitara zuenean uste zen bezalakoa. Ezta Orixeri Euskaldunak idazteko mandatu-gonbita egin zitzaionean, gutako askok, Mokoroa "Ibar" tarteko(18), uste zuen adinakoa. Garai bateko itxaropen kontuak asko epeldu dira Heinz Kloss-en 1952ko hastapen-lanaz geroztik(19). Azalpen soziolinguistikoei dagokienez inor gutxik onartuko luke gaur, bereziki, literatura-lanketa Zweckprosa-ren garapena baino garrantzitsuagoa denik hizkuntza-normalkuntzaren ikuspegitik(20). Are gehiago: teoria hutsaz gainera han-hemengo ebidentzia enpirikoa oso da gai horretan nabarmena. Nobel saridunik ere tartean duen jiddish-a gainbehera bizian doa Estatu Batuetako judu ilustratu literaturazaleen artean: ezer gutxitarako balio die judu horiei jiddish-ezko literaturgintzak etxea eta kalea, lagunartea eta ohiko harreman-sare arruntak gesalduz eta indargabetuz joan zaizkielarik eta ingeleserako language shift edo mintzaldaketa luze-zabal hedatu delarik beraien artean. Aldiz jiddish hizkuntzari New York-en eta bestetan bizirik, hainbatean bizirik(21), eusten diotenak ultraortodoxoak dira batez ere: erlijio-esparruaz aparteko jiddish-ezko literatura-lanak (Nobel saridunak barne) irakurtzetik urrutien daudenak justu-justu. Beste plaza batean jokatzen da nagusiki, literaturaren balioa hutsaren parekoa ez bada ere, ahuldutako hizkuntzaren indarberritzea: hiztun arruntaren etxean eta lagunartean, kale-bizitza hurbilean eta oro har, lan-munduak eta aisialdi antolatuak gero eta garrantzi handiagoa duelarik, harreman-sare ohikoenetan. Eguneroko mintzoa nabarmen ahultzen denean, helduen artean bakantzen eta gazteen artean galtzen, alferrik dira literaturazko Nobel sariak: batak ezin du bestea berdindu.

      Jiddish-en kasua munduan bakarra (bakarretakoa) dela esan dezake norbaitek. Bakarra dela eta, beraz, kasu horretatik ezin dela ondorio jeneralik atera. Demagun, eta ez da gutxi ematea hori ere, arrazoi duela halakorik dioenean. Demagun literatura-lan garaiak hor gelditzen direla betiko eta, gaur ez bada bihar, belaunaldi berrien gozagarri eta, horrenbestez, hizkuntza horren balio-indargarri gertatuko direla. Zer belaunaldiz ari gara ordea orduan ere? Han-hemengo unibertsitateetan bihar edo etzi jiddish hizkuntzaz eta jiddish kulturaz master-en bat emango edo ikasiko duten espezialistez? Aldizkari espezializaturen batean beren artikulu jakintsuak elkarri azalduko dizkioten jiddish-adituez? Espezialista horiek gutxiegi dira kopuruz, eta harreman-sarez elkarrengandik urrunegi egon ohi dira, hiztun-elkarte trinko, bizi eta beregainik eratzeko.

      Garrantzizkoa izanik ere goi-mailako literatura-ekoizpen hori, besterik da ahuldutako hizkuntza indarberritze aldera literatura horrek izan dezakeen garrantzia. Ekoizpena baino gehiago kontsumoa da, zinez eta benaz, kontuan izan behar dugun datua hizkuntzaren osasuna neurtzerakoan. Eguneroko mintzajardun arruntean behera baldin badator hiztun-elkartea, gero eta gutxiagok egiten badu jiddish-ez etxean eta lagunartean, esango didazue zer goraldi espero litekeen jiddish-ezko literatura-lanen kontsumo aldetik. Ingelesera itzulitako jiddish-ezko literatura-lan bikainak kontsumituko dira gero ere, gutxi asko. Kontsumo horrek ingelesa indartuko du ordea batez ere, ez jiddish-a. Ez al da halakorik gertatzen hasi, dagoeneko, euskarazko literatura-lan hoberenekin ere? Hizkuntza-prestigioaren hasierako kontzeptua, Uriel Weinreich-ek 1953an definitu zuen moduan(22), aspalditxodanik kuestionaturik dago. Ikus, esate baterako, Fishman 1982.

  • "Poetak aipatu zuen harako euskara noranahiko hura biziberritu egin da urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da, ezbairik gabe"

    Aurreko puntuak delikatuak dira berez, eta eztabaida askotxoren iturburu gerta litezke. Oraingo puntu honetan, aldiz, guztion edo gehienon iritziak bat etorri ohi dira sarri: etxe-zulorako eta meza nagusirako, taberna-zokoan bertsotan zirika jarduteko eta ganadua gobernatzeko balio zuen hizkuntza larrekoa noranahiko bihurtu dugu. Berdin balio du orain, lehengo L funtzio horietan jarduteaz gainera, Elhuyar aldizkarian fisika kuantikoaz idazteko edo Kutxaren Garibai kaleko egoitza nagusian goi-mailako finantza-exekutiboei urteko balantzea euskaraz (hots: ele bietan) agertzeko. Horra Lizardi handiaren ametsa, azkenik, egia bihurturik. Ez osorik, jakina, erdararen makuluz eusten baitio bere buruari H esparru gehienetan zutik, baina bai sinbolikoki eta, horrenbestez, egiazki posible dela aditzera emateko heinean. H funtzioetan euskaraz gehiago egiten ez bada ez da "hizkuntzak berez hartarako balio ez duelako, orain arte hartarako aukerarik izan ez delako eta esparru horretaz urratsez urrats jabetzen ari garelako" baizik. Ikusmolde horretara bildu da Oinarrizko Txostena ere: "euskara noranahiko hura biziberritu egin da urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da".

    Horrela al dira kontuak, benetan? Bai eta ez. Egia da, alde batetik, txostenak dioena: lehen ez bezala doktore-tesiak egite eta aurkezten dira orain euskaraz, unibertsitate mailako ikerlanik ere egiten da hizkuntza horretan, Ajuria Enetik euskara ederrean egiten ditu Jaurlaritzaren bozemaileak bere agerraldiak, telebistan eta irratietan bada esatari handirik, garai bateko sermoi entzutetsuen pareko edo hortik gorako azalpen landuak euskara batu noranahikoan eskaintzen dituenik. Aurrera egin da, dudarik gabe, jardun-esparru eta harreman-sare horretan eta beste hainbatetan: ehunka eta milaka euskal irakasle ditugu orain EAEko eskola publiko eta kontzertatuetan, beren jardun profesionala (honetaz eta hartaz: geologiaz eta filosofiaz, termodinamikaz eta fisika kuantikoaz, historiaz eta soziologiaz) ikasleen begi-belarrietara helarazten dutenak. Ez dago dudarik: Oinarrizko Txostenak dioen moduan "euskara noranahiko hura biziberritu egin da urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da". Hori hala da,... hein batean. Zenbateraino da hori, izan ere, egia? EAEko bi milioi bizilagunetatik, edo bertako 700.000 euskaldun ingurutik, zenbatek jarduten du H funtzio horietan euskaraz? Zer maiztasunez jarduten du horrela, eta zenbatekin? Bere elkarrekintza komunikatiboaren errepertorio osoaren zer proportziotan? Benetako maiztasuna eta trinkotasuna kontuan izanik, zenbateko osasun-indarra eransten dio H mailako mintzajardun horrek euskarari, egungo eguneko EAEn?

    Gutxitan aipatzen den puntu zentralaren aurrean gaude. Gutxitan aipatzen den eta, halere, euskararen luzera begirako hil ala biziko perspektiban lehen mailako auzigaia plazaratzen duen puntu baten aurrean. Labur bilduz, bi kontu ari gara hor planteatzen:

    • a) Batetik konstatazio gordina, inor gutxik onartzen duena eta, halere, eguna baino argiago egon behar lukeena: noranahiko bihurtze horren azpian dena ez da aurrerabidea. Diglosiarik gabe gelditzen ari zaigu euskara, gure begien aurrean, eta diglosiarik gabeko elebitasuna bietako baten atarikoa da hemen: gaztelaniaren edota euskararen galeraren atarikoa. Gauza batzuetarako erabiltzen zen euskara lehen, eta beste batzuetarako erdara. Oinarri sozial sendoa zuen konpartimentazio sozio-funtzional horrek, ez hiztun elebidun bakan batzuen inplikazio biografiko sotila. Iraupen luzeko gertakaria zen, gainera, funtzio-banaketa hori: belaunez belaun transmititzen zen konpartimentazio molde hori, funtsezko banaketa burubikoari bere horretan eutsiz. Bukatu da konpartimentazio soziofuntzional jeneralizatu eta iraupen luzekoa. Hitz teknikoetan esanik, bukatu da diglosia: "euskara noranahiko hura biziberritu egin da urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da". Pozik gaude, harro ere bai, diglosia gainditu izanagatik. Denerako edo ia denerako balio du orain euskarak.
    • b) Bestetik, ebaluazioa: noranahikoago izatera iritsi da euskara, benetan? Denerako edo ia denerako balio al du orain praktikan, ez teorian? Horrela al dira kontuak, justu-justu? Ez. Denerako edo ia denerako balio duena, orain eta hemen, gaztelania da. Goian azaldutako konpartimentazio-galera hori alde bietakoa izan da, ez alde bakarrekoa. Konpartimentazio soziofuntzionala galdu ahala hedatu egin da gaztelania: arnasguneetan(23) euskaraz bideratu ohi ziren gizarte-bizitzaren esparru informal-intimoetara zabaldu da, batez ere, gaztelania. Hori dela-eta, lehen debeku zituen esparru gehienak, guztiak ez bada, irabazten jarraitu du gaztelaniak mende-laurden honetan. Lehen baino ahulduago utzi du konpartimentazio-galera horrek euskara, eta lehen baino indartsuago gaztelania. Etorkizunean, konpartimentazio territorial, soziofuntzional edo misto berri bat eratzen, ezartzen eta egonkortzen ez bada, hizkuntza bietan indartsuena bihurtuko da hiztun-elkarte elebidun honen (zer esanik ez bertako elebakarren: hots, bertako gehiengoaren) jaun eta jabe.

    Errazegi "gainditu" uste ohi dugu diglosia. Ez gara jabetzen diglosia horrek mantendu gaituela bizirik hainbat mendez, aski egoera buru-makurrean izanik ere. Horrek mantendu gaituela bizirik eta, non eta euskara funtzio guztietan edo gehienetan jaun eta jabe izango den etorkizun kolektiborik eskuratzen ez den han-hemen, konpartimentaziorik gabe okerrera, ez hobera, egingo duela euskararen osasunak. Zerbait segurua baldin bada hizkuntza-soziologiaren esparruan, horixe da segurua. Harrigarria da gertakari horri zein atentzio txikia eskaintzen diogun eta, are, euskara noranahiko bihurtu izanaz zein erraz harrotzen garen. Abantaila argiak ditu euskararen zabalkuntza soziofuntzionalak, menderik mende bere-bereak izan dituen jardun-esparruei bere horretan eusten badie: ohiko esparruei eta harreman-sareei bere horretan eusten ez badie, alferrik-edo dugu H mailako funtzioetara hegaldatzen saiatzea. Belaunez belauneko hizkuntza-transmisioaren muin-gune eta oinarri ditugun familia eta auzoa, hurbileko kale-bizitza eta lan-esparru arrunta gabe nekez bizirik iraun dezake, hemen eta orain, gurea bezalako hizkuntza ahulak. Aho biko ezpata da, horregatik, "euskara noranahiko bihurtu" beharraren slogana. Argitzen duena baino gehiago ere bada, zenbaitetan, estaltzen duena: zer irabazten dugu, demagun, Donostiako zinemaldian filmen % 25, % 33 edo % 50 euskaraz ikusteko aukera ematearekin baldin eta, aldi berean, hiriburuaren gerri-bueltako, Beterri osoko eta are Probintzia gehieneko azken arnasguneak hizkuntza-irizpide minimorik gabeko urbanizazioz erdalduntzen baditugu? Nor etorriko da Kursaalera film horiek euskaraz ikustera: etxean eta auzoan, kalean eta lantegian euskaraz baino usuago eta erosoago erdaraz ari dena? Zer lehentasun modu dugu hori? Non dago hor euskararen osasun-hobekuntzaren balantze orekatua?

Labur bilduz: zuzen eta, hainbat alorretan, gordin azaltzen du txostenak euskararen mende-laurden honetako bilakaera. Zertan aurrera egin duen, eta zertan ez, ongi xehakatzen du halakoetan. Heldutasun-giroan egindakoak dira bertako hainbat ohar, konstatazio eta uste-iritzi. Baliozko lana da, hortaz, azterbide zinetikoaren ikuspegitik. Ez nau betetzen, halere, bertako zenbait baieztapenek. Ahulak iruditzen zaizkit hainbatetan, eta aho bikoak besteetan, bertako kontsiderazio batzuk. Ez da ebidentzia enpiriko handirik eskaintzen, batetik, lortu diren emaitzak materialki hala direla sinetsi ahal izateko. Ematen diren azalpenak, beste zenbaitetan, egiazkoak izanik ere balio-indar ahulekoak dira neurtu nahi dena (euskararen osasunak hobera edo okerrera egin duen, zertan eta zenbat) behar bezala neurtzeko. Kezka modu horiek azaltzen saiatu naiz bilakaeraren pasarte honetan.

Zein da euskara-erdaren egungo egoera? Goazen bidetik nora goaz, hizkuntza kontuan?

Labur jardungo dut atal honetan eta hurrengoan, nahi eta behar baino luzeago baitoa dagoeneko nire irizpen-txostena. Mende-laurdeneko bilakaera azaltzerakoan, inplizituki bada ere, oraingo egoeraren hainbat azalpen eskaini dira: bai Oinarrizko Txostenean, eta bai txostenari egin dizkiodan aldeko zein erreparozko oharretan. Han esandakoak ez naiz beraz errepikatzen hasiko. Ezer berririk erantsi nahirik, ondoko puntuotan zentratuko naiz oraingoan.


Adostasun-puntuak

Zuzenak iruditzen zaizkit, oro har, Oinarrizko Txostenak han-hemen aditzera ematen duen hainbat kontsiderazio. Ikus ditzagun horietariko bi, nire ustez nagusiak:

  • Euskaldun berriak edota, agian zehatzago, erdal-elebidunak ugaritzen ari dira(24). Euskal-elebidunak ez dirudi ugaritzen ari direnik eta, azkenik, euskaldun elebakarrik ez dago bospasei urtetik gorakoetan. Ez dago eta ez da egongo, begien bistako etorkizunean. Puntu garrantzitsua da hori, kontuak ondo atera nahi baditugu. Euskaldunen kopurua gora doa baldin eta euskaldun hitzarekin gutxi-asko euskaraz dakien pertsona adierazi nahi badugu. Euskaraz ongi dakiena eta sarri egiten duena adierazi nahi badugu, aldiz, ez.
  • Euskaldun-jendea kalean bizi da(25). Zuzenago esanik, kalean batzuek (gero eta gehiago) eta kale-giroan guztiak edo ia guztiak: Zeraingo puntan bizi dena ez da orain dela berrogei urteko leku apartean bizi, aski modernitatearen zurrunbiloan txertaturik baizik. Kalean bizi izateak ondorio jakinak ditu berekin: harreman-sare inpertsonal, ireki, modernitate supraetnikora makurtuagoetan jardutera bultzatzen du, euskal hiztun aktiboen arteko dentsitatea eta harreman-sare sendoa ahultzen. Hots, gero eta zailagoa gertatzen zaie euskaldunei beste euskaldunekin ingurumen horretan euskaraz jardutea, eta gero eta errazagoa (hainbatetan ezinbestekoa) erdaldunekin edo erdal-elebidun erdaraz ari izatea. Zaildu egiten du horrek, erraztu ordez, euskarazko bizimodua etxetik kanpora atera orduko. Baita etxe barruan ere, lagunartea eta komunikabideak nagusiki erdarazkoak diren heinean. Alferrik dira horretan, jakina, lantu-jotzeak eta negar-malkoak: modernoak izan nahi dugu, kosta ahala kosta, euskaldun gehienok, eta beraz ingurumen zail horretan eratu behar dugu gure bizi-itxaropenezko gizarte-moldaera. Ongi dago txostenak horretan jakitun egin izanak guztiok.


Desadostasun-puntua

Azalpen guztietan ez nator bat, txostenak dioenarekin. Iritzi diferentekoa naiz, esate baterako, euskarak administrazioan duen erabilera moldeaz bertan esaten denarekin. Honela dio Oinarrizko Txostenak: "Gaur egun, arazoak arazo, administrazioko hizkuntza ere bada euskara, inoiz ez bezala izan ere gainera". Administrazio-esparruaz esaten den hori ez da, inondik ere, txostenaren diagnostikorik erakargarriena. Urrun gelditzen da baieztapen hori administrazio autonomoa barrutik ondo samar ezagutzen dugunon eguneroko praktikatik. Ez dut uste gainerako administrazio-atalak, bestalde, autonomikoa baino euskaldunago direnik. Argazki desenfokatua eskaintzen du horretan txostenak: hori onenean.

Erdaraz funtzionatzen duen administrazioa dugu EAEkoa, hamarretik bederatzietan(26). Hori da oinarri-oinarrizko egia, dokumentuak behar bezala jasotzen eta agertzen ez duena. Egia gordin horren aurrean alferrik dira txosteneko gogoetok: "aurrerapausoak aurrerapauso, esan beharra dago, gaur oraindik hainbat direla herri-administrazioak herritarrari inolako deserosotasunik eragin gabe modurik naturalenean euskaraz artatzeko zailtasunak eta ezintasunak dituztenak. Gainera, gaur egun, oraindik ere administrazio asko dira euskara ere, gaztelaniaren pare, pixkanaka administrazioetako lan-hizkuntza izan dadin neurririk hartu edo plangintzarik egin ez dutenak". Kontua ez da hori, funtsaren funtsean: mende-laurdenean milaka lan-postu sortu dira; hainbat lan-posturi euskarazko hizkuntza-eskakizuna erantsi zaio legez, une batetik aurrera. Saio ohargarriak egin eta egiten dira, azkenik, beratako langileak euskalduntzeko edota, oro har, euskaraz lan egin ahal izan dezaten prestatzeko. Administrazioko lan-postuen % 90ek edo gehiagok erdaraz funtzionatzen du ordea: beti edo nagusiki erdaraz, hitzez eta, bereziki, idatziz. Diagnostiko horren balorazio zehatza falta da Oinarrizko Txostenean. Zergatik gertatzen da euskararen desagertze hori? Demagun zenbait hipotesi xume:

  • a) Agintarien hizkuntzaz baliatzen direlako funtzionarioak eta agintariek, oro har, erdaraz dihardutelako;
  • b) Funtzionario gehienak erdaldun elebakarrak edo erdal-elebidunak direlako hainbat administrazio-ataletan;
  • c) Administrazio-hizkuntza estandarizatu gabe dagoelako euskaraz. Estandarizatzea bere jatorrizko adiera zabalean ematen da hemen: kodea sortu eta finkaturik izatea; hartaz baliatuko den xede-multzoak gogoko izatea, ikasia izatea eta de facto erabiltzea;
  • d) Euskaraz datorren herritarrak erdaraz ere badakielako euskaraz bezain ondo (hobeto ez bada), eta euskaltzale militantea ez baldin bada gero eta errazago konformatzen delako erdaraz egiten dion zerbitzari publikoarekin; eta
  • e) Aurreko faktore horien konbinazioa.

Esplikazio posibleak asko izan litezke noski; goiko hipotesi horiek ez dira lehen apunteak baizik. Hipotesiak hipotesi, hori da ordea eskuartean dugun administrazioa, partez oinordetzan jasoa eta partez guk geuk sortua. Badakit erdarazko moldaera nagusi horri itzulpenak eta itzulpen-ondokoak erantsi behar zaizkiola gero, koadroa konpletoa izango bada: zeharo gauza bi dira, ordea, aurrez aurreko jarduera administratibo bizia batetik, eta (normalean dokumentu idatzien) zenbait ondoriotarako itzulpen ofiziala bestetik. Berrikustapen lasaia zor zaio, horregatik guztiagatik, euskara EAEko administrazioaren kohizkuntza bihurturik egotearen kontu horri. Mila bider bihurriagoa da historia.


Goazen bidetik nora goaz, hizkuntza kontuan?

Landu-arin gelditu da puntu hau Oinarrizko Txostenean. Funtsezko galdera da, ordea. Bide onetik doanak ez du bidez aldatu beharrik ikusten: ez erabat, ziaboga larria eginez, eta ez partez. Alto egin baldin badu HPSk, eta zer hobetua badagokeela esanaz abiatu baldin badu txostena, seinale da oso bide onetik ez goazena. Lastima da, alde horretatik, puntu hau hain gainetik pasa izana. Uste baino emaitza hobeak emango lituzke galdera horren erantzunak.

Orain hogeita bost urte inguru abian jarritako ofizialtasun bikoitzeko markoak atsekabe bat baino gehiago sortzen du egungo egunean. Zenbaiten ustez urrutiegi eraman dira kontuak, eta herri-dirua itxuratxarki xahutzeaz gainera kalte nabarmenak egin zaizkio hainbat herritar erdalduni. Bide horrek arriskuan jar dezake, gainera, estatu-nazioaren osaera bateratua eta, beraz, frenoa jarri behar zaio era batera edo bestera. Hainbaten ustean, aldiz, oso bestelakoak dira arazoak: martxan jarritako lege-markoa ahulegia gertatu da begiz jotako helburuak eskuratzeko: ez ditu helburu haiek lortu eta, okerrago dena, ezin lor ditzake etorkizunean ere. Gauza bat dago horretan guztian argi: iritzi-sortzaile batzuen eta besteen ustez, aski leku diferentera goaz. Egungo modeloa, hori dela-eta, istilu-iturri da hainbatean.

Ba al dago modurik, gatazka horretan murgildu eta bando baten bozemaile bihurtu gabe, "nora goaz?" galderari dokumentazio-oinarri seguru samarrez erantzuten saiatzeko? Puntu batzuetan bai, ene ustez. Horrela:

  • a) Gaztelaniak ez dauka arriskurik txikiena, gure bizi-denbora osoan eta gure seme-alabenean, EAEko gizarte-bizitzatik desagertzeko. Indartsu dago goi-mailako esparru formaletan, jaun eta jabe esparru publikoan eta euskara nagusi zen eskualde zenbaitetan nabarmen indartzen ari da eguneroko bizimoduak hain bereak dituen harreman-sare informal, intimoetan. Eskola da, nolabait ere, arau nagusi horretatik aldentzen den esparru bakarra. Komunikabideetan eta idatzizko zein ikus-entzunezko kultura-ekoizpenen kontsumoan, aldiz, oso leku periferikoa dauka euskarak: euskarazko komunikabideak D eredukotzat hartuko bagenitu konbentzionalki, eta erdarazkoak A eredukotzat, erdibidekoak-edo B eredukotzat hartuz, eskolarekin inolako loturarik ez duen banaketa-koadroa eskainiko liguke eguneroko egunkari-aldizkari-irrati-telebisten kontsumo-balantze globalak: ez al du oraindik inork halakorik egin, gure errealitatea termino konparatiboetan zehazten saiatzeko? Merezi luke. Hutsaren hurrengo lekua zuen euskarak lehen eta orain, mende-laurdenaren ondoan, % 5era ozta-ozta iristen da hainbat esparrutan(27). Euskararen mendekotasun hori factum bat da, euskaltzaleok zein euskal detraktoreek hain erraz ahaztu behar ez genukeena. Gehiegikeria itxuragabea da, egoera horretan, gaztelania gure artean galtzeko arriskuan dela esatea.
  • b) Euskal arnasguneak ahultzen ari dira, oro har. Arnasgune batzuek ongi eusten diote beren jatortasun etnolinguistikoari, eta modernitatearen beharkizunei era autorregulatuan zabaltzen diete atea, kultura zaharra eta berria modu berezian oratuz eta, horrela, hurrengo belaunaldiaren jarraipena segurtatuz. Beste zenbait arnasgunetan ez da horrela, ordea: aspaldidaniko gainbeherak bere hartan dirau.
  • c) Kale-giroan, horren guztiaren ordainetan, euskara-erdaren bateratze-gune berria indartzen ari da. Ez da azken orduko joera, joan den mendearen 60ko hamarkadatik hedatuz joan dena. Aukera ederra izan liteke hori, bien arteko konpartimentazio-molderik eratzen, zabaltzen eta egonkortzen asmatzen bada. Eginkizun dago hori, ordea, oraingoz.

Nora joan nahi genuke? Zer egin behar da, begiz jotako helburu horretara iristeko? Zein da horretarako bide zuhurrena, eraginkorrena, hoberena?

Azalpen ugariak eman ditu Oinarrizko Txostenak galdera hauen haritik. Puntuz puntu ikusiko ditugu hiru galderoi dagozkien planteamenduak. Has gaitezen lehenengoarekin.


Nora joan nahi genuke?

Oso aberatsa da oinarrizko txostena, "nora joan nahi genuke?" galderari erantzuteko orduan. Konforme nago bertako baieztapen askotxorekin. Ez nago ados, aldiz, beste zenbaitekin. Labur-labur esanik, luzeegi bainabil orriz dagoeneko, ondoko atal hauetara bilduko ditut nire adostasunak eta desadostasunak.

  • Adostasun-puntuak
    • a) Arrazoizkoa da euskarari bizitasuna opa izatea, lehenik eta behin: euskara ederra baino inportanteagoa da hiztunen ezpain-lumei darien euskara nolanahikoa. Zuzen dabil horretan txostena: "Euskara hizkuntza bizia, adierazkortasun handikoa, jarduera formaletan ez ezik jarduera ezformaletan ere naturaltasunez eta atseginez gero eta jende gehiagok erabiliko duen hizkuntza noranahikoa izatea da helburuetan helburu. Jakina da ez dugula museorako objektutzat nahi, baina inola ere ez genuke nahi ikasgeletako lau hormei jositako hizkuntza izatea";
    • b) Arrisku nagusia ez datorkio euskarari goi-mailako funtzioetan hain leku mehar-periferikoa izatetik, eguneroko mintzajarduna arruntaren jardun-esparru eta harreman-sareetan "bere lekua" galtzetik baizik. Txostenak ongi dioenez, "biziko bada, kalean hartu dezake eta hartu behar du arnasa euskarak; zerbitzu publikoetan bai, ez da horretaz zalantzarik, baina oso bereziki lagunartean, familiako harremanetan, Interneten, lan munduan, aisialdian eta hedabideetan ikusi nahi dugu indartsu".
    • c) Oso zuhurra da, bereziki, txostenak pasarte gogoangarri batean dioena: "beldurrik gabe onartu beharko genuke etorkizuneko gizartean ohikoa izango dela hizkuntza bakoitzak bere erabilera-eremuak edukitzea, batzuetan bat izango da nagusi eta beste batzuetan bestea, lurralde batetik bestera egoera diferenteak gertatzea, eta abar. Hobe da era horretako testuinguru ireki eta nahasi baterako euskara indartzeko estrategiak bultzatzea, guztia berdintzearen boluntarismoan erortzea eta indarrak ahitzea baino". Funtsezko puntua da hori. Txostenak beste ekarpenik berekin ez balu ere, baluke aparteko garrantzirik arazo nagusia argi aipatzera ausartu izanagatik. Hori baita, halakorik onartu nahi izaten ez badugu ere sarri, euskararen bene-benetako erronka. Euskara-erdarak hemen izango dira etorkizunean, euskara bizirik ateratzen bada, eta beraz hizkuntza bakoitzak espazio fisiko-territorialaren, sozio-funtzionalaren edo bien zati bana bere mende izan beharko duela onartu beharko dugu. Hots, hizkuntza bien (eta, beste maila batean, ingelesaren) konpartimentazio egonkor samar bat diseinatu, gizartean adostu, inplementatu eta egonkortu beharra daukagula. Beste hitzetan esanik, eta hori esatearekin inor gutxi poztuko dudala ongi aski badakit ere, diglosiazko formulazio berritu bat hil ala biziko eginkizuna dugu. Hori gabe jai du euskarak, hasi berria den mende honetan. Behar-beharrezkoa dugu konpartimentazio hori, handiak txikia jango ez badu. Bilaketa horretan xahutu behar genuke hortaz gure indar intelektualaren eta adostasun-bilaketaran parte nagusia, euskararen etorkizuna baldin badugu kezka-gai eta amets. Euskaldunok eta euskaltzaleok gara diglosia molde berri horren beharrenik, besterik uste badugu ere. Premia larriko beharra da hori, gainera: denbora gure kontra doa. Funtsean bat natorren eta lehendik zehaztu samarra dudan bidetik doa txostenaren atal hau ere: "Inguruabar horretan sakonduz, hizkuntza-erkidegoak kontuan, berariazko trataera diseinatzea eta garatzea garrantzi handikoa da, besteak beste, euskaraz nagusiki jarduten duten eremuetan-eta haren ezagutza eta erabilera indartuz, trinkotuz eta berariaz lehenetsiz".
    • d) luze-zabaleko adostasun berri bat bilatu beharra.

      Apurturik daude, aspaldi samarretik, 1982ko adostasun esplizituak eta inplizituak. Berri batzuen premia benetakoa da, etengabeko konfrontazioan bizi nahi ez badugu. Konforme nago txostenaren pasarte honekin: "Euskararen erabileraren mesedean indarberritu beharrekotzat jotzen dugun adostasunak politika arloan ez ezik gizartearen luze-zabalean ere arnasa hartzen duen adostasun politiko-soziala izan behar du. Izan ere, gure gizarteko hizkuntzen arteko bizikidetzaren auzia baita euskararen auzia, eta hain zuzen ere horrexegatik da begien bistakoa euskararen normalizazioa gu guztion bizikidetzaren muinean txertatzen den faktoreetarikoa dela. Euskararen oraina eta etorkizuna sendo bermatzeak euskal gizartearen bizikidetza hobetzea lekarke berarekin, ezbairik gabe. Bizikidetza demokratikoak ororen gainetik "bizikideen adostasuna" behar du oinarri". Konforme nago, baina beldur naiz horretan, beste zenbait puntutan bezala, asko direla besterik uste dutenak. Hor dago zailtasuna. Txostenak argi dioenez, "Herritarron bizikidetza orekatua, aberatsa eta sendoa eraikitzea da edozein gizarte aurreratu eta demokratikoren helburu nagusia". Beste hau ere erantsi behar zaio ordea adierazpen horri, gure egoera konkretua gogoan izan nahi bada: aniztasunean, ez uniformetasunean, eraiki nahi da hemengo bizikidetza eta hori, geure burua engainatu nahi ez badugu, lan zaila da benetan. Bi motiborengatik da lan hori bereziki zaila: helburua bera erabat konpartitua ez delako, batetik. Bestetik, berriz, asmoa zeharo konpartitua balitz ere hartarako bidea nola egin behar den inon esana (are gutxiago praktika konkretuan frogatua) ez dagoelako. Zailtasunak zailtasun, ideiarekin bat nator.

  • Desadostasun-puntuak

    Badira txostenean, han-hemen, ondo ulertu ez ditudan helburu-proposamenak. Eta bada tartean, azkenik, desegokia iruditzen zaidanik. Horien berri eman nahi dut hemen, ahalik eta laburren.

    • a) "Hizkuntza-askatasun"aren izaera iluna.

      Iluna da, teknikoki, intuitiboki argia dirudien termino hori. Iluna da hemen eta iluna edo ezezaguna, itxuraz, hemendik kanpora ere. Linguistic freedom edo antzeko terminorik ez dut soziolinguistikazko entziklopedia eta hiztegietan aurkitu. Language pluralism bai, jakina: besterik da hori, ordea, txostenak dioena aintzakotzat hartu nahi bada behintzat. "Hizkuntza-askatasun"aren alde egiten du txostenak, hizkuntza-aniztasunaren alde egiteaz gainera. Zer da askatasun hori, ordea? Nahi dugun solaskidearekin nahi dugun hizkuntzan jardutea? Horrela balitz kontua, ondorio larria atera beharko genuke: Logroñoko biztanle gehienek ez daukate inolako hezkuntza-askatasunik; gaztelaniaz bakarrik dakitenez, ezingo lukete Logroñoko biztanle elebakarrekin beren gogozko hizkuntzan (demagun frantsesez, alemanez, polakoz, suedieraz, grekoz, japonieraz...) jardun. Munduko hiztun elebakarrak, hortaz, inolako askatasunik gabeak lirateke alde horretatik. Horiek lirateke hizkuntza-askatasunik gabeenak. Portugesak, esate baterako, arras egoera tristean, ia inolako hizkuntza-askatasunik gabe, leudeke. Askatasun-faltak eraginik, hizkuntza-burrukaren erdigune lirateke herrialdeok: hain leudeke askatasun apurrik gabe!

      Horrela al dira kontuak? Ez: herrialde horietan ez dago hizkuntza-istilurik; bai aldiz, gutxi-asko, Belgikan eta Kanadan, Gales-en eta gure artean. Nola liteke justu herrialde elebakar horiek izatea hizkuntza-istilurik gutxien ageri dutenak munduan, horiek baldin badira hizkuntza-askatasunik gutxien dutenak? Erantzuna bistan dago: hizkuntza-askatasunaren kontuak ez dira horrela. Itxuragabekeria da hizkuntza-askatasunaren goiko formulazio hori. A hizkuntza egiten den herrian jaio, hazi eta bizi den hiztunak ez du aparteko askatasun-faltarik sumatzen bere bizian, herri horretako hiztunekin "A hizkuntzan egitera beharturik" dagoelako. Aitzitik: naturala, egokia eta erosoa (normalean aukerarik erosoena) iruditu ohi zaio hizkuntza horretan, munduko bost mila hizkuntza ingurutik justu-justu horretan, egitea. A hizkuntza egiten den herritik B hizkuntza egiten den beste herriren batera joatean sentitzen du herritar horrek, sentitzekotan, eragozpen-muga eta nolabaiteko moztadea. B herrira joatean edo, gero eta sarriago, bere herrian bertan Language of Wider Communication batean jardutea eskatzen duen harreman-sare batera (adibidez internetera, ingelesezko telebista-kate batera, eta abar) konektatzen denean.

      "Hizkuntza-askatasun"aren kontzeptua, ongi definitzen ez bada, istilu-iturri etengabea bihur liteke. Kontu handiz ibili behar dugu, hortaz, ad hoc sorturiko kontzeptu horrekin. Zer da funtsean hizkuntza-askatasuna, gurean bezala hizkuntza ofizial bi dituzten eta hirugarren bat (ingelesa) LWC gisa bere sarbidea egiten ari den hiztun-herri elebidunetan? Nola definitzen da hizkuntza-askatasun hori, hemen eta orain? Balio ote digu horretarako txostenaren ondoko pasarteak?: "Den-denok jarri beharko genizkioke geure buruari honako helburu hauek: hizkuntzen arteko ezberdintasun sozialak pixkanaka-pixkanaka baztertzea, hizkuntzak erabiltzeko aukera berdintasunerantz bidea egitea eta egiazko hizkuntza-askatasuna eraikitzea".

      Dakidan neurrian, "egiazko hizkuntza-askatasun" delako hori ez da, bere osoan hartuta, inon esistitzen. Ez da esistitzen praktikan eta, teorian bertan, azken muturrera eramaten badugu bateraezina da gorago aipatu den konpartimentazio soziofuntzionalarekin. Honako hau ere ez da egia: "Hizkuntzen artean ezberdintasun sozial gutxiago eta berdintasun handiagoa daukagun neurrian, bi hizkuntzen erabilera-aukeren artean berdintasun handiagoa lortzen dugun neurrian, gutariko inork ez dio berak aukeraturiko hizkuntza erabiltzeari uko egin beharrik izango". Gizarteak ez du, dakigun neurrian, horrela funtzionatzen: hori da guztia.

      Nahastu egin dira hor kontuak, seguruenik, plano jurilinguistikoaren eta plano soziolinguistikoaren artean. Lehenengoak, McRae-k aspaldi azaldutako bidetik (McRae 1975, 1983, 1986, 1997 eta abar), the principle of territoriality and the principle of personality arteko dikotomia du abiaburu eta formulazio bakoitzaren on-gaitzak zehaztu nahi izaten du. Argi dago the principle of personality delakoan oinarritzen dela nagusiki (ez erabat) gure lege-markoa. Lege-marko hori gauza bat da, ordea, eta etorkizunerako hobetsiko genukeen harreman modua bestea. Azaldua dut, behin eta berriro, norbanako irizpidearen aldeko naizela gure kasuan: lurralde-irizpidea baino egokiagoa iruditzen zait hemen eta orain, euskara indarberritu nahi badugu batetik eta erdal gehiengoa Prokustes-en ohatzean etzanarazi nahi ez bada bestetik. Gauza bat da hori, ordea, eta inolako konpartimentazio-irizpide territorialik edo soziofuntzionalik gabeko free-market linguistikoa bideragarri dela uste izatea. Egokia da lehenengoa, tresna juridiko gisa. Ezinezkoa da bigarrena, mintzajardunaren luze-zabaleko gizarte-moldaera gisa.

    • b) Elebitasunaren argi-itzalak

      Garrantzitsua da eta, aldi berean, zalantzazkoa txostenak, aurreko puntuan iragarritako bidetik, ondoko pasarte honetan dioena: "egiazki elebiduna izango den euskal gizartea eraikitzeko pausoak ematea izan behar du hizkuntza politikak helburu. Esaten da ez dela munduan benetan elebiduna den gizarterik, argudiatzen da elebitasun simetrikoa ez dela inon gertatzen eta hori hemen ere ezinezkoa dela; azken batean, bi eratako mezuak plazaratu ohi dira elebitasunari argi eta garbi "ez" edo "bai, baina ez" esaten diotenak: euskara jendarteko harremanetarako hizkuntza bakarra izango duen Euskal Herria proposatzen dute batzuek, eta euskara beti eta betiko gaztelania hegemonikoa baino ahulagoa eta maila apalagokoa izango duen Euskal Herria iradokitzen dute beste batzuek. (...) Elebitasun simetrikoari dagokionez, ez dakigu benetan eraiki ahalko dugun eta gaurko belaunaldiok ezagutu ahal izango dugun halako elebitasunik euskal gizartean. Baina hizkuntza-askatasunaren eta hizkuntza-erabilera aukera berdintasunaren alde, euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozialaren alde modu positiboan eta aktiboan, zuhurtasunez eta malgutasunez, baina etengabe, lan egingo badugu, nahitaezkoa da elebitasun orekatua eta aukera-berdintzailea benetan posible balitz bezala jardutea, hori helburu duen hizkuntza politika malgu eta errealista egitea. Bestela galga jarriko genioke guztion bultzada behar duen prozesuari".

      Parez pareko elebitasunaren konstrukzio jurilinguistikoa beharrezkoa dugu, bizi garen gizartean bizi izanik, hainbat eginkizunetarako. Horren aldekoa naiz aspaldidanik, eta lehengo lepotik dut orain ere burua. Tresna egokia da hori EAErako: hoberik ez dut ezagutzen, helburu argia eta malgutasun zabala uztartu behar diren gurea bezalako gizarte ireki, plural eta dinamiko baterako. Hoberik aurkitzen ez den artean indarrean dagoenari (eta hainbatean funtzionatzen duenari) eustea izango da, beraz, zentzuzko bidea. Erreminta egokia da konstrukzio hori, eta hala aitortzea komeni da.

      Parez pareko elebitasun hori ezin da, ordea, hizkuntza-politikaren oinarriak eztabaidatzean bere helburuak definitzeko elementu zentral izan: ez du hartarako ahalmenik. Hizkuntza-soziologiaren printzipio oinarrizkoen ahulezia da, berriro ere, txostenaren pasarte honetan gehien faltan botatzen dena. Gizarte-dimentsioa du, ezinbestean, eskuartean dugun elebitasunak. Gizarte baten helburuak definitzeko orduan ezin gaitezke, horregatik, elebitasunaren atributu indibidual hutsetan gera. Jendartean dabiltzan hizkuntza bi ez dira norbanako isolatuen askatasun-aukera hutsen ondorio, mintzajardunaren giza arteko moldaerak berekin dakarren ele biko ekoizpena baizik. Ez nau asetzen, alde horretatik, guztia norbanako hiztunaren aukera-askatasunera bideratzen duen formula hori. Logroñon bertan jaio, hazi eta bizi diren hiztunek beraien artean polakoz, ketxuaz, turkieraz edo galesez egiten ez badute ez da, inola ere, beren hizkuntza-askatasunaz baliaturik (aurtengoz) gaztelaniaz egitea erabaki dutelako. Besterik da kontua: gizarte-urek hartara bulkatzen dituztelako ikasi eta egiten dute gaztelaniaz, hamarretik hamarrek. Sozializazioa eta akulturazioa ez dira gutako inorentzat kontzeptu ezezagunak: prozesu soziokultural horien altzoan txertatzen da mintzajardunaren giza arteko moldaera ere. Horrek definitzen du leku jakineko eta solaskide jakinarekiko mintzamoldea. Moldaera horretara biltzen gara hiztunok, hamarretik bederatzietan baino gehiagotan. Fishman-en hitzetan esateko, "people speak bilingually or monolingually because of their long and intrincate involvement in establishments that require such language(s)"(28).

  • Labur bilduz

    Hizkuntza-askatasunaren eredu orbangabea aski baldintzatua dago: erabat Logroñon, eta aski den adinako neurrian EAEn bertan. Solaskideak euskaraz ez badaki ez duzu harekin euskaraz egiteko askatasunik; solaskide hori bera, zu zeu edo biok erdal-elebidunak baldin bazarete erdarara jo beharrean gerta zaitezke gainera, besterik nahi izanik ere, komunikazioaren mesedean. Harreman-sare irekietan jardutea eskatzen du biziak, lan-munduak eta goi-ikasketak: euskara bezalako hizkuntzek sarbide mugatua dute, ezinbestean, harreman-sare horietan. Sarbide mugatua dute gaur eta mugatua izango dute begien bistako etorkizunean ere. Oinarrizko gertakari horiek, eta horien pareko beste zenbait baldintzapen basiko, ezin dira norbanakoaren hizkuntza-askatasunaren mantupe lausogabean ezkutatu. Bere lekua zor zaio norbanakoari, hizkuntza kontuan: hiztuna da hizkuntzaren etengabeko jasotzaile, kodetzaile, birmoldatzaile, sortzaile eta belaunez belauneko transmititzaile. Zenbaitek errazegi ahazten duen zentraltasuna du norbanakoak, eguneroko mintzajardun arruntaren moldaeran. Litekeen biderik labankorrena aukeratuko genuke, ordea, mintzajardunaren giza arteko moldaerarik existitzen ez dela eta guztia norbanako hiztun isolatuen hautapen hutsezko mintzamoldea dela aditzera emango bagenu. Seinale txarra genuke hori: mende-laurdeneko ibilia alferrik egin dugun seinale, ororen buru.

    Ez dut uste, zinez eta benaz, mende-laurdeneko ibilaldi nekoso eta itxaropentsua, plangintza esplizituz eta iniziatiba intuitiboz oraturiko ibilaldi hau alferlana izan denik. Mila okasio eder galdu ditugu bidean, egia da hori: batzuetan egin behar zena egin ez delako, beste batzuetan egin behar ez zena egin delako edo beste batzuetan, azkenik, egin behar zena gaizki egin delako. Bidea egin dugu ordea, guztiok: hori da egia. Orduan entenditzeko gai ez ginen arriskuez, bestek eragindakoez eta guk geuk geure buruari ezartzen dizkiogunez, jakitun izan behar genuke orain. Jakitun izan eta kontuan hartu. Atzeak erakusten baitu aurrea nola dantzatu. Hizkuntzaren norbanako izaeraz gainera ezinbestekoa da, horregatik, hizkuntzaren gizarte-dimentsioa ere bere osoan aintzakotzat hartzea. Hiztun-taldeak eta hiztun-elkarteak dira, ez hiztun isolatu bakanak, hizkuntzaren erreferente azkenak. Horien autorregulazio soziokulturaleko ahalmenak, gogoak eta aukerak erabakitzen du hizkuntzaren geroa.


Zer egin behar da, begiz jotako helburu horretara iristeko? Zein da horretarako bide zuhurrena, eraginkorrena, hoberena?

Konforme nago, oro har, txostenak alor horretan azpimarratzen dituen lau punturekin. Horien berri emango dut, labur-labur, irizpen-txosten honi amaiera emateko.

  • Hizkuntza-eskubideen diskurtsoa neurriz kanpo ustiatzearen arriskua

    Bat nator, funtsean, ideia honekin: "Beldurrik gabe onartu behar dugu, euskararen interesetik begiratuta ez zaigula komeni hizkuntza politikaren diskurtsoa eskubideen inguruan bakarrik ardaztea, eta "eskubidea dugulako eta horregatik bakarrik" gaztelaniaz dagoen guztia euskaraz ere jartzen saiatzea. (...) oso garrantzitsuak dira hizkuntza-eskubideak (...) baina eskubideen izenean harturiko edozein neurri ez da berez onargarri, baldin eta euskararen erabilera sendotzeko eta areagotzeko balio ez badu". Behar-beharrezkoa dugu bertako jarduera (batez ere jarduera instituzionala, baina ez hura bakarrik) jurilinguistikazko formulazio sendoetan oinarritzea. Bertako tirabira guztiak legea eskuan hartu eta "nire eskubidea urraturik dago puntu honetan" oihukatuz lau haizetara ez gara urruti iritsiko.

  • Eskolaren zeregina ahuldutako hizkuntza indarberritzeko orduan

    Konforme nago, hurbiletik ezagutzen nauten guztiek ongi dakitenez, Oinarrizko Txostenaren argudio-bide honekin: "Urteotako ibilbideak agerian utzi du euskararen biziberritzea ezin dela osorik eskolaren kontu utzi, euskararen erabilera gizarte-bizitzan indarberritzea ez baita eskola-kontua, ez behintzat hori bakarrik. "Eskola euskalduntzearekin, eta neurri apalagoan bada ere euskal irrati eta telebista publikoa edukitzearekin, ondorengo belaunaldiek behin-betikoz salbatuko dute euskara": hori uste izan du 80ko hamarkadako belaunaldiak, eta uste horren gainean eraiki da urteotan hizkuntza politikari eman zaion bultzada emateko beharrezko izan den adostasuna. Uste horrek, ordea, erdia ustel du. Berari dagokiona eskatu behar zaio eskolari; beldur gara, ordea, zenbait kasutan eman duena eta ematen duena hobe badezake ere, kasu askotan, eman dezakeena baino gehiago eskatu diogula. Ikasleek eskura dezaketen euskara-gaitasun neurria ez dago bakarrik irakasleen hizkuntza-prestakuntzaren eta hizkuntza ereduaren esku. Faktore ugari dira ikaslearen euskara-gaitasunean eragiten dutenak, eta eskolaren esku ez daudenak: hala nola, esate baterako, gurasoen eta familiako hizkuntza, udalerriko egoera soziolinguistikoa, ikaslearen harreman-sare natural ez formaletako hizkuntza, ikaslearen aisialdirako jarduera eta askotariko baliabideetako hizkuntza, eta abar. Hizkuntza-eredu berak emaitza diferenteak emango ditu, nahitaez, gune euskaldunenetan eta gune erdaldunetan". Urteak daramat ideia horiek azaltzen eta esplikatzen. Ez daukat, hortaz, luzaz horretan pausatu beharrik. Jakin ere badakit, urteetako ibiliaren poderioz, gauzak lasai hartzen eta txukun esplikatzen direnean ia edonork onartzen duela eskolaren indarberritze-ahalmen mugatu hori. Galdera bakarra egingo dut hortaz, eskola kontuari amaiera emateko, borondate oneko irakurleen argigarri: nola liteke oinarrizko ideia hori hain zabal onartzen badugu gero, aplikazio-garaian, sarri asko horren antipodetan ibiltzea? Zer ari zaigu gertatzen?

  • Biziberritze-prozesuaren faktoreak

    Honela dio Oinarrizko Txostenak, gai horri zein perspektibatatik heldu nahi zaion azaltzeko orduan: "Soziolinguistikaren etxean onarpen zabala duen printzipioaren arabera, ondorengo hirurok dira hizkuntza baten -edozein hizkuntzaren- biziberritze prozesuaren arrakasta bermatzeko nahitaez gertatu behar diren faktoreak: lege-marko egokia, hizkuntza normalkuntza ahalbidetzeko behar bestekoa izango dena; hizkuntza politika eraginkorra eta baliabideak; herritarren atxikimendua eta hizkuntzaren aldeko jarrera eta konpromisoa". Ez dakit Soziolinguistikaren etxean onarpen zabala duen ala ez printzipio horrek. Aztertua dudan neurri mugatuan ez nintzateke hainbat esatera ausartuko. Ez zaizkit batere printzipio desegokiak iruditzen, ordea. Mundu zabalerako printzipio baliagarriak izan zein izan ez, hemen eta orain arrazoizko hizkuntza-politika aplikatzeko orduan zentzuzkoak iruditzen zaizkit hiru elementu horiek: batetik lege-marko egokia, bestetik hizkuntza-politika eraginkorra eta, azkenik, herritarren atxikimendua eta konpromisoa. Hiru elementu horietariko lehena, hirugarrena edo biak kontuan izan gabe egin dira (eta halatsu egiten dira egungo egunean ere, dakigun neurrian) mundu zabaleko hizkuntza-politika asko. Hala egin eta egiten da, batez ere, unifying, state building language direlakoen aldeko hainbat hizkuntza-politika. Inork ezin esango du, jakina, politika horiek arrakastatsuak izan ez direnik hainbatean. Gurean bezalako gizarteetan ezin da ordea, kontuak atzekoz aurrera aterako ez bazaizkigu, lehenengo eta hirugarren elementu argirik gabeko hizkuntza-politikarik egin.

Azken gogoeta

Uste baino luzexeago atera bazait ere irizpena, saiatu naiz Oinarrizko Txostenak dioenera mugatzen eta, alde zein kontra, deigarrienak gertatu zaizkidan pasarteetan zentratzen. Puntuz puntuko azalpenak freskotasunean galtzen du sarri, egia da hori. Zuhaitzen ugariak begien bistatik ezkutatzen digu oihana. Irizpen-txostena da hau, ordea, ez idazlan beregaina. Ez da oihan baten azalpen-saioa beraz. Lantaldeak prestaturiko dokumentuaren argi-mutil izan nahi du soil-soilik, eta zeregin horretarako lagungarri hobea izan liteke puntuz puntuko azalpena.

Hasieran esan dudanez lan ederra egin du taldeak. Zer pentsatua ematen du eta, ororen gain, buruan ditugun kezkak, konbentzimenduak, duda-mudak eta eskarmentu-printzak beste hainbaten uste-aburuekin bateratzen saiatzeko aukera eskaintzen du. Ez da hori bera, ondo pentsatzen jarrita, bizpahiru hilabeteon emaitza ezdeusena.

Suerte ona opa diet txostengileei, jasoko dituzten iritzi-ekarpenak bateratu, erkatu, bakandu eta balioetsi ondoan azken bertsioa prestatzeko saioari begira. Guztion mesederako izan dadila beren ahalegina. Badugu guztiok ere kontuok patxadaz, aparteko presarik baina geroko geroaren iheslekurako tentaziorik ere gabe, tratatzeko premia. Ea oraingo saioak bere fruitua ematen duen, eta gai hauen gainean lasaiago, elkarren adiago eta aurrera begirako adostasun-formulen zaleago bihurtzen gaituen. Hala biz.


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren buru eta euskaltzaina da)

  • Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.

Oin-oharrak

  • (1) Euskarazko testua osorik irakurri dut; bi aldiz ere bai, zenbait kasutan. Gaztelaniazkoa, aldiz, zatika irakurri dut, eta ez osorik. Oro har, euskarazkoaren parekoa iruditu zait erdarazkoa. "Pareko" izateak ez du esan nahi, halere, idazkuntza biak zeharo berdinak direnik. Nahita ere ezin izaten da, askotan, halakorik egin: gauza bera al da, testuinguru guztietan, erdarazko vasco eta euskarazko euskaldun? Ezetz esango nuke. Ez diezaiogun inori eska, hemen eta orain egin ezin litekeenik.
  • (2) Mekanografiazko eta bestelako zuzenkizun-oharrik egin dut halere, han-hemen: ofiziokoa izaki, nonbait, eta ezin tentalditik ihes egin. Gutxi dira halako oharrak, zinez. Aparte bidaliko ditut, kontuan hartu nahi badira.
  • (3) Sei galderak ez dira Oinarrizko Txostenean neurri berean landu. Horietariko zenbait landu-arin gelditu da. Landu-arin eta, irakurketa pausatuago batek besterik azaltzen ez badu, han-hemen zatikatuegi. Lastima da, uste baino gauza gehiago argituko bailituzke azterbide landu-arin horrek.
  • (4) Horra bere hitzak: "geure buruari ahalegin hori aitortzearekin batera galdetu behar diogu (...) ahalegin horrek espero zitezkeen emaitzak eman ote dituen eta emaitza guztiak egokiak izan ote diren". Beste hau ere irakur liteke bertan, aurreraxeago: "onartu beharko dugu agian zenbaitetan atzera ere egin dugula, eta onartu beharko dugu hobe izango zela, agian, urteotan guztiotan egindako zenbait gauza beste modu batera egin izan bagenu".
  • (5) Ikus bertako 2.1. puntua: "euskararen gizarte-bilakaeraz". Azpiatal horretatik kanpora ere maiz ageri dira ikuspegi zinetiko edo ebolutiboaren oihartzun-printzak.
  • (6) Are zorrotzago hartu ohi da hainbatetan kontua. A eta B hizkuntzen artean konpartimentaziorik badagoen ala ez eta, egotekotan, zenbateko zurruntasuna ageri duen: hori ere berariazko aztergai izaten da sarri, gurea bezalako hiztun-herrien osasun-neurketa objektiboenetan.
  • (7) Sensu lato darabilt, hemen, mintzajardunaren kontzeptua: hitzezkoa eta idatzizkoa (irakurketa barne) biak hartzen ditu kontuan.
  • (8) Haurrak txikiak diren artean "Ander, hartu berokia", "zer nahi duzu, bihotza?", "kontuz ibili jolastokian, Ane" eta antzekoak maiz esatea, seme-alabak B edo D ereduko eskolara bidaltzea eta familia osoarekin bidaia luze samarra egin behar dugunean autoan euskal pailazoen musika jartzea gauza bat da. Besterik da aldiz aste-egun buruzurian eta aste-bukaera osoan, jatorduan eta goiz-arratsetan, oheratzerakoan eta telebista aurrean, lagunekiko jardun arruntean, periodikoak dakarren notizia komentatzerakoan eta lantokiko azken txistea kontatzean, igogailuan gindoazela bosgarrenekoak argiaren garestitzeaz esandakoa aipatzean, Anderri motozikletarik oraingoz ez diogula erosiko eta Aneri berandu-beranduenik goizeko ordubi t'erdietarako etxean izan behar duela jakinaraztean,... horretan guztian etxeko hizkuntza nagusia euskara izatea. Oso bestelako kontua da hori. Oso bestelakoa eta oso garrantzitsua, seme-alabak koskortuz doazen heinean bereziki. Lapiko horretan egosten da etxeko hizkuntza, ez bost edo hamar urtean behin zentsoko papera betetzerakoan ematen den erantzun hotz eta sinplifikatuan. Demolinguistikazko azalpen estatistikoak eta azterlanak ez da gutxiestea komeni, zenbaitek errazegi egin ohi duenez: balio handia dute, beren esparruan eta beren neurrian. Baina egiaren zatitxo bat erakusten dute datu horiek, ez egia osoa.
  • (9) Ikus, esate baterako, A. L. Milroy-ren Social Networks.
  • (10) Ikus esate baterako, laster argitaratzekoa den nire Euskararen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa.
  • (11) Baita, ondotxoz maila apalagoan izan arren, ipar Euskal herrian ere.
  • (12) Iruzkin eta matiz-ñabardura horien berri jakin nahi duenak laster izango du eskuera, Euskararen Erabilera Normaltzeko legearen mende-laurdena dela-eta prestatua dudan txosten monografikoa. Euskaltzaindiak berandu gabe argitara ematekoa du.
  • (13) Zenbaitek errazegi estrapolatu ohi ditu datu horiek, eta hurrengo belaunaldia heldu-arora iristean euskararen osasunak eskolaren eragin hori dela medio gorakada nabarmena izango dela ondorioztatzen du.
  • (14) B eredukoek % 14 inguru, eta A-koek % 3 inguru. Horretaz guztiaz informazio gehiago nahi duenak ikus beza Zalbide 1991.
  • (15) "egia izanik lehen baino gehiago egiten dela euskaraz eta milaka euskal hiztun irabazi ditugula, galdetu beharko genioke geure buruari lehen baino askoz gehiago egiten ote duten euskaraz euskal hiztunek beren artean". "Lagunarteko giroan, familian, harreman-sare ez formaletan, kaleko bizitza sozialean edo lantokiko jarduera arruntean, lehen baino askoz gehiago egiten ote dugu euskaraz?"
  • (16) Arrazoizkoa dirudi esatea, lehen hurbilketa moduan, euskal itzulpengintza hori euskarak esparru formal-ofizialetan eta, oro har, plano idatzian egin duen aurrerapen baten seinale, eragile edo oihartzun dela eta aurrerapen horrek, neurri batean edo bestean, euskarak plano sinbolikoan irabazitako aitormen soziala islatzen duela. Zail da, aldiz, hortik aurrerako baieztapen sendorik egitea. Landu-arin dago, bereziki, itzulpen-lanen benetako kontsumoaren azterketa soziolinguistikorik: zer neurritan kontsumitzen dira, esate baterako, EHHAko eta gainerako aldizkari ofizialetako euskal itzulpenak? Zer neurritan erabiltzen dira oinarri gisa Administrazioko langileen eta agintarien artean?
  • (17) Bilinguisme et contact des langues. Paris: Klincksieck.
  • (18) Ikus 1936ko bere Genio y Lengua.
  • (19) Kloss, Heinz, 1952: Die Entwicklung neuer germanischer Kultursprachen. München, Pohl.
  • (20) Kontua sakonxeago aztertu nahi duenak ikus, esate baterako, Zalbide 2002.
  • (21) Ikus Joshua A. Fishman-en 2001eko Can threatened languages be saved?
  • (22) Ikus bere Languages in Contact.
  • (23) Arnasguneen definizioaz ikus, besteak beste, Zalbide (2001 eta 2008).
  • (24) Honela dio txostenak, zuzen eta argi: "Gaur egun, aurreko garaietan ez bezala, pertsona elebidun gazteen artean, gero eta gehiago dira lehen hizkuntza euskara izan ez dutenak; beste era batera esanda, jatorrizko hizkuntza, hizkuntza naturala gaztelania duten gazte elebidunak gero eta gehiago dira".
  • (25) Txostenaren puntu sendoetako bat da, ene ustez, ondoko baieztapena: "Bestalde, gaur egun, aurreko garaietan ez bezala, elebidunen bi heren hirietan edo herri handietan bizi dira, hots, erdaldun elebakar gehienak kontzentratzen diren tokietan eta eguneroko bizitzan euskaraz naturaltasunez jarduteko aukera gutxiago dituzten udalerrietan. Jakina denez, hizkuntza baten erabileran neurri erabakigarrian eragiten duten bi faktore, honako hauek dira: hiztunaren hurbileko dentsitate demolinguistikoa, batetik, eta hiztunak hizkuntza horretan komunikatzeko duen gaitasun erlatiboa, bestetik. Kontuan hartzen badugu hiztun hori ez dela elebakarra eta, gainera, kasu askotan bigarrena duela erabili dezan nahi dugun hizkuntza, erraz ohartuko gara faktoreon eragina erabatekoa izaten dela".
  • (26) Epaia are larriagoa da, zenbait kasutan hutsetik sortu dugulako organoa erdaldun, ele biko administrazio-atala sortzeko kandidatu euskaldunen falta nekez izan zitekeelarik motiboa. Hanka-punttaka pasa ohi gara funtsezko gertakari horretatik, gauzari bere neurria eta garrantzia aitortu gabe.
  • (27) Ikus, esate baterako, euskal liburuen erosketaz edo kontsumoaz berrikitan argitara eman den informea. Mila hitz korapilatsuk baino argiago azaltzen du informe horrek, aski zifra gordinez, egungo errealitatea.
  • (28) Buruz ari naiz, orijinala ez baitaukat eskueran.

Bibliografia

  • Fishman, Joshua A
    • 1982: Sociología del Lenguage. Madrid, Cátedra.
    • 2001: Can threatened language be saved? Reversing Language Shift revisited: a 21st century perspective. Clevedon: Multilingual Matters.
  • Kloss, Heinz, 1952: Die Entwicklung neuer germanischer Kultursprachen. München, Pohl
  • Mackey, William F. 1976: Bilinguisme et contact des langues. Paris: Klincksieck.
  • McRae, Kenneth
    • 1975: "The principle of territoriality and the principle of personality in Multilingual States", in International Journal of the Sociology of Language, nº4, págs. 33-54.
    • 1983: Conflict and Compromise in Multilingual Societies: Switzerland. Waterloo, Ontario: Wilfrid Laurier University Press.
    • 1986: Conflict and Compromise in Multilingual Societies: Belgium. Waterloo, Ontario: Wilfrid Laurier University Press.
    • 1997: Conflict and Compromise in Multilingual Societies: Finland. Waterloo, Ontario: Wilfrid Laurier University Press.
  • Milroy, L. A. 2001: "Social Networks", in Concise Encyclopedia of Sociolinguistics. Rajend Mesthrie arg. Amsterdam: Elsevier.
  • Mokoroa, Justo "Ibar" 1936: Genio y Lengua. Tolosa: Mokoroa anaiak.
  • Weinreich, U. 1953: Languages in contact. Findings and problems. New York: The Linguistic Circle of New York.
  • Zalbide, Mikel
    • 1991: "Hasi-masiak: eskola-giroko hizkuntza-erabileran eragiten duten faktoreen lehen azalpen-saioa". In Artola, I., Basterretxea, B., Berasategi, J. M., Olaziregi, I., Sierra, J. eta Zalbide, M., Eskola Hiztun Bila (17-35). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
    • 2001: "Fishman-en HINBE edo RLS". Donostia, graduondoko HIZNET ikastaroaren baitako materiala, orain erabili.com-en ere eskuragai.
    • 2002: Ahuldutako hizkuntza indarberritzea: teoriak zer dio?, in Ikastolen IX. Jardunaldi Pedagogikoak. Donostia.
    • 2008 (inprimatzeko): Euskararen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa. Bilbo: Euskaltzaindia, 2007ko Jagon-jardunaldiak.


Inprimatu


Erantzun

 
'Txepetx'en artikulu bat, gogoan hartzekoa
2008-07-09 / 11:22 / Antonio Gainza Rui Wamba

Hiru orrialdetako artikulua duzue hemen, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetxek idatzia, eta Escola Catalana aldizkariak katalanera itzulia 2001eko ekainean. Uste dut gogoan hartzekoa dela:

 
Summarioa mesedeko edo aitzinetik edo gibeletik
2008-07-09 / 19:20 / Erramun Gerrikagoitia

Nahiz-eta ondoko kommentario honekin hasten da Mikel Zalbide eta esaten du buruz lanaren neurri laburra edo luze-zabala edo hedadurea ze lortu dukeela hori laburtasun desiatua

HPSren ekimenez lantaldeak HP21 izenez prestatu duen txostena komentatzen du idazki labur honek. Gehienez hogei orrialdetan errenditzea eskatu zaigu iritzi-emaileoi, eta horretan saiatu naiz ahaleginean. Hasieran idatzitako hainbat puntu kanpoan utzi ditut, hori dela medio. Sarrerako azala eta bibliografia-orria alde batera uzten bada, mandatua ondo samar bete dudalakoan nago. Gatozen, besterik gabe, harira.

hala ere deritxot ze on eta beharrezko izango zen noiz skribitu zuen eta ere oraino litzateke berdin on eta beharrezko baldin izan balu lan honek summario bat doana edo aurretik -nire apreziationez hobe aurretik- edo gibelean zeren hortara legoke irakurle potenziala aurretiaz edo gibeletik ere nahi balu aurretiaz orientatua eta positionatua edo kokatua buruz zer doaken iraakurtzera aitzinetik lehenago ezi sartu irakurtzera -kasu hontan- hori idazki "labur" hau.

Horregatio ba dakit, eta hortan du edo duke lanak bere importantzia, ezen ez dago lan baten valioa dependentzian hon izatea labur edo luze edo ertain. Bakarrik nahi izan dut hori nabarmendu zeren askotan an mundu moderno laster hau behar dugu laguntasunik eta orintabiderik nahiko eta batzutan ere asko lehenago ezi sartu bide batean zein izan ahal da onenean interesantea edo ez horrenbeste; gainera egiten du edo duke irakurketea effektivoago (yago effektivoa). Hori, on litzateke behintzat nire ustez izatea delako summarioa guzion mesedeko, nik faltan botatzen dut handizki.

Patra, Grezia. (skribatua harrapaladan, laster batean tik internetcafe bat)

 
Nafarroako 12-16 urte bitarteko gazteak
2008-08-27 / 14:26 / Antonio Gainza Rui Wamba

Ihazko "Euskera" aldizkariaren 52. liburukian, orain dela zortzi urtetako proiektu interesgarri baten berri ematen da, gaztetxoen Low esparruari dagokionez. SIADECO elkarteak egin omen zuen 2000. urtean: "Nafarroako 12-16 urte bitarteko gazteen artean, euskararen erregistro informalen ezagupena eta erabilera sustatzeko proiektua".

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com