|
Frantziako Konstituzioa aldatzeko xedea eztabaidatu da berrikitan Frantziako Parlamentuan. Karia horretara, proposamen bat egina izan da, Frantziako eskualde hizkuntzei nolabaiteko ezagutza emateko, hizkuntza horiek Frantziako ondarearen parte direla Konstituzioan agerraraziz. Lehenik Diputatu Ganbarak onartu du aldaketa proposamen hori; ondoren, haatik, Senatuak kenarazi du, gai horren inguruan gizartean eztabaida bizia sortzen zelarik. Frantses Akademia bereziki holako aldaketa baten aurka goraki mintzatu da, akademiakideek aho batez onartu adierazpen batean galdatzen zutelarik aldaketa proposamen hori ken zedin, Frantziako Konstituzioan hizkuntza horiei aipamen den mendrenik ez egiteko, edo ezagutza formalik ez emateko.
Testuinguru horretan, eta Konstituzioaren aldaketa oraino eztabaidatzen delarik, Euskaltzaindiak hauxe jakinarazten du:
- Euskara euskaldunen hizkuntza da, ez baitezpada hizkuntza bakarra, aspaldi baita euskaldunek eleaniztasunaren beharraren eta haren onuren berri dakitela, bai ordea berezko hizkuntza. Mintzaira horren bidez izendatzen dugu geure burua, haren bidez, halaber, geure herria.
- Horiek hola, euskara historikoki estatu eta administrazio eremu desberdinetan mintzatua izan da, eta ondorioz beti legezko egoera desberdinetan bizi izana da. Zuzenbide egoera desberdintasun horren gainetik, Euskaltzaindiak aspaldi jakinarazi du euskarari zor zaiola, mendez mende aspaldiko denboretan mintzatua izan den herrialde guztietan, legearen ezagutza eta geriza. Hain zuzen ere, 1994an, bere 75. urtemugakari, Miarritzen egin zuen adierazpenean galdatu zuen Frantziako estatuan ere euskarak izan zezan dagozkion hiru herrialde historikoetan ko-ofizialtasuna.
- Egun, berriz ere, printzipio beretan finkaturik, biziro eskatzen dugu Frantziako estatuan ere euskarak izan dezan estatuaren legezko antolamenduan zor zaion ezagutza betea, nazioarteko hitzarmen guztietan, bereziki Europakoetan, eskatua den bezala.
- Deitoratzen dugu, frantses mintzairaren kasuan legearen babesaren beharraz horren kezkatua den Frantses Akademia, hain bortizki eta itsuski, Frantziako beste hizkuntza anitzez ahulagoen kasuan Frantziako Konstituzioan aipamen sinboliko den gutieneko baten egitearen aurka altxatzea.
- Euskaltzaindiak jakinarazten du gerturik dagoela, orain arte izan den bezala, herri agintari eta erakunde publiko guztiekin lan egiteko euskarak izan dezan ezagutza ofiziala Frantziako herrialde euskaldunetan.
Euskaltzaindiak aho batez onartua, Bilbon, 2008ko ekainaren 27an.
|