![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Asier Larrinaga Larrazabal / Hizkuntza / 2008-07-04 / 08:15
Orri honetan arreta handia eman diogu aditz-denboren erabilerari. Gramatika-testuetan nahiko garbiro egoten da zehaztuta aditz-denbora bakoitza zelan erabiltzen den, baina itzulpenak beti korapilatzen ditu gauzak. Itzulpena bikoizketarako bada, are gehiago. Izan ere, pertsonaien egoera psikologikoak ere badu eragina aditz-denbora baten edo beste baten hautaketan.
Gertatu eta igaro dena
Dagoeneko amaitu eta denboran atzera geratu diren jazoerak kontatzeko, adizki bat baino gehiago dute gure inguruko hizkuntza guztiek. Azpiko zerrendan jarri ditugun adizkiek orainaldiko forma dutela esan dezakegu.
| euskaraz: etorri naiz ingelesez: I have come frantsesez: je suis venu |
Beste hauek, berriz, iraganekoa.
| euskaraz: etorri nintzen ingelesez: I came frantsesez: je vins |
Aurkeztutako adizkiak itxuran parekoak izan arren, balioan, ostera, ez dira beti pareko. Baliokidetasunak honela laburbil daitezke.
| ingelesez: I have come euskaraz: etorri naiz ingelesez: I came euskaraz: etorri naiz / etorri nintzen frantsesez: je suis venu euskaraz: etorri naiz / etorri nintzen frantsesez: je vins euskaraz: etorri nintzen |
Testu bat ingelesetik euskarara ekartzen dugunean, testuinguruak esango digu «I came» erako adizkiak «etorri naiz» ala «etorri nintzen» modura itzuli behar ditugun. Gauza bera, frantsesetik euskarara. Testuinguruak argituko digu «je suis venu» zer den: «etorri naiz» ala «etorri nintzen».
Bikoizketan ere hala da, baina ez da alferrekoa oharpen bi egitea. Lehena da askotan erreferentzia ez dela denbora erreala izaten, denbora psikologikoa baizik.
Denbora psikologikoaren adibide bat emateko, "Traveler" telesailaren eszena bat har dezakegu. Protagonistak, ihesi doazela, gauza batzuk berreskuratzera doaz gordeta dauzkaten tokira.
(Traveler 03)
Protagonistentzat oraindik orain gertatu da guztia: euren gauzak lagun baten etxean utzi dituzte bi egun lehenago, Estatu Batuak alderik alde zeharkatzeko abenturari ekin aurretik, bidean tranpa batean jausiko zirela jakin barik. Euskaraz ez litzateke egokia izango «gorde genitian» jartzea, «behinola», «behinola gorde genitian» esango balute bezala.
"Itsasoaren urdina" telesailean, protagonista hiltzen ahalegindu dira. Saiakera, azpiko elkarrizketa baino egun batzuk lehenago gertatu zen, baina Taliak -protagonistak- eta bere lagunak ezin dute burutik aldendu. Egokiena, beraz, aditza orainaldian ipintzea da.
TALIA: Je veux qu'il comprenne qu'il ne me fait pas peur.
Denbora psikologikoak nahasteak eragiten ditu, baina batzuetan denbora errealak are nahaste handiagoak. Hain zuzen, bigarren oharpena da oso adi jarraitu behar zaiola kontakizunaren hariari, batzuetan ez baita erraz igartzen, esate baterako, biharamunera pasatu den ala egun berean jarraitzen duen.
"Dr Who" telesailaren lehen atalean, adibidez, Doktoreak Roseri izena lehen aldiz esan dionetik bigarrenez esan dionera hainbat eszena igaro dira, baina kontatzen diren gertakizunetan minutu erdi baino ez.
Kontakizunari adi jarraituz gero, erraz kontura gaitezke okerra litzatekeela «esan nizun» jartzea. Era berean kontakizunari adi jarraituz gero, "Itsasoaren urdina"ren protagonistak egunkarian irakurritako albiste honetan ez genuke ipiniko ez batean «itsasora atera da», ez bestean «itxaropena galdu zuten».
Itzulpenak eragiten dituen korapiloetatik harago, euskaraz ditugun ohitura ezberdinek ere arazoren bat ekar dezakete. Izan ere, aditz-aukera bi ditugu honako kasu honetan: denboran atzera geratutako jazoera bi, uneren batean bat egin dutenak. Bietako bat erreferentzia modura erabiltzen dugu, eta orainaldi burutuan ematen dugu. Beste jazoerak nolabaiteko iraupen edo hedadura luzea izan behar du, eta era bitara eman dezakegu.
Bigarren modua, orainaldi burutuaz baliatzea, mendebaldeko euskara batzuetan entzuten da. Bikoizketan zilegi da batera zein bestera egitea, nork bere ohituren arabera.
Elkarrizketa horretan «jakin dut» eta «jakin duzula» dauden tokian «banekien» eta «bazenekiela» ipin zitezkeen.
Aintzat hartu behar da, dena dela, burutuaren aukerak ez duela beti ondo funtzionatzen. Izan ere, orainaldi burutua errazago ulertzen dugu gertaera puntual modura. Gertakizuna iraupen luzekoa dela aditzera eman nahi badugu, orainaldi burutuari beste zerbaitek lagundu behar dio, indargarri bat behar du.
Indargarri hori aditzaren esangura izan daiteke. Jakitea, adibidez, ez da istantean hasten eta amaitzen; jakitea ekintza "luzea" da. Beste batzuetan, indargarria denborazko adberbioren bat izan daiteke («denbora guztian»...). Azkenik, indargarria aditz-flexioan bertan egon daiteke, «erantzuten izan dit» modura, edo «erantzun izan dit» modura.
Calgonit brilliant
Fabrikatzaile askok "deiturak" eransten dizkiete euren produktuen izenei, produktuok berriztu eta hobetu egin dituztela iradokitzeko: «Ariel frescor de los Alpes», «Ariel blancura profunda», «Ariel sensaciones», «Ariel básico»...
Iragarkiak bikoizten ditugunean, halako izenak euskaraz jartzeko ohitura dugu, "deitura" lekuz aldatu barik, eta jatorrizkotik ahalik eta lotuen, erreferentzia ez galtzeko: «Ariel frescor de los Alpes» / «Ariel Alpeetako freskura», «Vernel rosas silvestres» / «Vernel basa-arrosak», «Colon toque de Flor» / «Colon Flor ukitua», «H&S color» / «H&S kolorea»...
Gaztelaniaz beste hizkuntza bateko deitura ipintzen badute, euskaraz beste hizkuntza horretan uzten dugu: «Calgonit brilliant», «Opel Corsa blue line», «Danet batifresh»...
Euskaraz jartzen ditugun deiturak artikulu eta guzti ematen ditugu. Edozelan ere, atzetik «berri» izenondoa edo beste hitzen bat erantsiz gero, deklinatzeko, kate bakartzat hartzen dugu dena.
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
Orain arte argitaratuak
![]() | Inprimatu |