Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Supervivientes

Asier Larrinaga Larrazabal / Hizkuntza / 2008-06-06 / 08:30


"Supervivientes" deritzon telebistako saioari euskaraz izen itxurosoa ipini behar izanez gero, jai genuke hiztegiekin. Izan ere, inguruko hizkuntzetako «superviviente», «survivent», «survivor» esateko ez daukagu hitz zehatzik.



Bizirik irtetea

Bizirik irtetea

Gehienetan, ezbeharrean hil ez direnen egoera aditz-lokuzio baten bitartez ematen dugu aditzera: «bizirik atera», «bizirik irten»...

Halako esaldietan ez dugu batere arazorik. Ondo moldatzen gara lokuzioekin.

Bizi arrastoak

Beste egoera batzuetan, ordea, goiko lokuzio horiek ez digute balio. Kasurako, erreskateetan, inor bizirik dagoen ez dakigunean.

Zer egin holakoetan? Hiru bide proposatzen dizkizuegu.

  1. «Bizi» edo «bizidun» hitza erabili. Egia da hiztegiek ez dutela halako ordainik ematen, baina esaldi batzuetan eroso eta ulergarri sartzen direlakoan gaude.
  2. «Bizi-arrasto», «bizi-aztarna» edo antzeko esamolde bat aukeratu.
  3. Formulazio hipotetikoren bat erabili.

Biziraupena

Aditzari dagokionez, «bizirik atera»-ren ondoan, «bizirik iraun» eta «biziraun» ematen dizkigute hiztegiek. Azken hori lagungarria da «biziraupen-ikastaro», «biziraupen-kit» eta antzekoak esateko. Beste kasu batzuetan, hobe dugu kasuan-kasuan erabaki.

Bide batez, otu zaizue ezer "Supervivientes" saioaren izena euskaratzeko? Konturatuko zineten goian aipatutakoetatik batak ere ez duela balio.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)


Inprimatu


Erantzunak


Biziberri?

Aitor Iturriaga Bakarte / 2008-06-06 / 09:54

Egun on.

Gustatzen al zaizue "biziberri" hitza?


Aitor


Bizirauleak

Xabier Erroteta / 2010-02-17 / 09:35

Supervivientes = Bizirauleak.


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1212482730