Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko

Kontseilua / Irakaskuntza / 2008-05-13 / 08:25


Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn dekretuaren garapenerako osatu duen proposamena aurkeztu zuen Kontseiluak 2008-5-8an Bilbon, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera izeneko jardunaldien barruan. Jarraian duzue proposamen horren edukia, bere osotasunean.



Sarrera

Sarrera

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak elkarlan iraunkorra izan du urteotan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin irakastereduen gainditzearen inguruan. Harreman hau lankidetza-hitzarmenen bidezkoa izan da.

2006an, sail honetatik abiatutako "Ele biko irakastereduen azterketa"ren barruan ekarpena bideratu zuen Kontseiluak, ele biko irakastereduen inguruan honako azterketa burutuz:

Azterketaren emaitza izan zen "Ikasle guztiak euskalduntzeko Kontseiluak egiten duen proposamena", 2006ko azaroan aurkeztutakoa.

2007an, Hezkuntza Sailak esku artean duen "Elebiko irakastereduen azterketa eta ezarpena"ren barruan burutu du Kontseiluak esku artean duzuen ekarpena.

Aipatu egitasmoaren baitan, hiru dira proposamenaren eduki garrantzitsuenak:

Proposamena osatzerako orduan, Kontseiluko hezkuntza arloko bazkideak eta beren ordezkariak bildu dira Arantxa Urbek zuzendutako lantalde teknikoan. Honakoek osatu dute aipatu lantaldea: EHIK (Koldo Tellitu), EHIGE (Ana Eizagirre), Kristau Eskola (Mikel Ormazabal), Sortzen-Ikasbatuaz (Julen Etxeberria) eta Hik-hasi (Joxe Mari Auzmendi).

Lantaldearen bileretan Xabier Mendiguren, Kontseiluko idazkari nagusiak, Aritz Zubiate, plangintzaburuak eta Iņaki Lasa, ildo politiko-instituzionaleko arduradunak ere esku hartu dute.

Aipatutakoez gainera, honako adituen ekarpenak ere jaso ditu proposamenak: Mari Jose Azurmendi, Felix Etxeberria, Paulo Iztueta eta Matilde Sainz. Eurei gure eskerrik beroena.

Testuingurua

Euskal Hezkuntzako partaideak, eta jendartea oro har, erronka handi baten aurrean aurkitzen gara. Europar Batasuneko herrialdeen arteko mugak gero eta lausoagoak diren honetan, euskal haurrak eta gazteak abiada bizian aldatzen ari den jendartean garatzeko prestakuntzea zinez egiteko konplexua da. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoak, jendarte eleanitz eta kulturanitz horretan, hizkuntzak irakatsi eta ikasteko irizpideak eta orientabideak finkatu ditu. Orain, euskaldunoi dagokigu jendarte eleanitz horretan geure lekua hartzea, eta, berezko hizkuntza eta kultura ditugun heinean, geure ekarpena egitea jendarte hori aberasteko. Euskaldunok euskaldun gisa biziraungo badugu, euskaldun eleanitz gisa izango da, dudarik gabe. Aurrean dugun erronkari ahalik eta egokien erantzuteko bideak diseinatzeko tenorea da. Eta horrekin batera, euskal jendarteari momentuaren garrantziaz ohartarazteko ahalegina egiteko ere bai. Ilusioz ekin diezaiogun, bada, eta zipriztin dezagun euskal jendartea ilusio horretaz. Denok, eskola eta jendartea, momentuaren garrantziaz jakitun, erronkari ahalik eta hobekien erantzun behar diogu, denen arteko elkarlanean.

Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa diseinatu da Euskal Autonomia Erkidegoan. Hurrengo urratsa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak marko berriaren garapenerako beharrezkoak diren dekretuak eta aginduak ematea da. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, bere aldetik, garapen hori burutzeko kontuan izan beharko liratekeen aldagaien eta hartu beharko liratekeen neurrien inguruko proposamena egin nahi du. Bi hizkuntza ofizial izanagatik, horietako bat gutxitua, euskara, hain zuzen, duen herria da gurea. Ondorioz, markoa garatzeko proposamena lantzerakoan kontuan hartu beharko dira hainbat zientzia diziplina; hala nola, glotodidaktika, soziolinguistika, psikolinguistika, soziopolitika eta beste.

Egoera soziolinguistikoari begiratzen badiogu, marko berriaren aurreko hizkuntza ereduen 25 urteko esperientzia luzeak argitan utzi du derrigorrezko hezkuntzan urte horietan aplikatutako ereduek ez dutela baliogarritasun bera izan ikasleak euskalduntzeko. Eskolan euskaraz denbora gehiagoz aritu diren ikasleak izan dira gehiago euskaldundu direnak, eta horien ondoan, eskolan euskaraz denbora zenbat eta gutxiagoz aritu direnak, orduan eta gutxiago euskaldundu dira edo ez dira euskaldundu. Aldiz, kasu guztietan gaztelania maila egokia lortu dute. Orain arte garatutako plangintzak bereak eman ditu: egiten duguna egiten jarraitzen badugu, badakigu jada zer lortzen dugun. Ondorioz, eta beste helburu batzuk lortu nahi baditugu, beste emaitza batzuk erdietsi nahi baditugu, desberdin egin beharko ditugu gauzak ezinbestez. Beraz, hortik garbi ondorioztatzen da euskarari lehentasuna eman behar zaiola eskolan Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Marko berriak ezarri duen helburua lortu nahi bada, behintzat; hau da, derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean ikasle guztiek ongi menderatu behar dituztela bi hizkuntza ofizialak eta gainera atzerriko hizkuntza bat edo bi. Jakina da, bestalde, euskarari eskaintzen zaion denborarekin batera, denbora horren kalitatearen azterketa funtsezkoa dela. Bestalde, ukipenean dauden hizkuntzen artean kooperazioa sortu beharrean lehia sortzen da: gaztelania eta frantsesa lehian daude euskararekin. Ondorioz, eta ukipen lege hori dela eta, euskarak lehentasuna izan behar du, euskara erabilgarria ikus eta gerta dadin. Horiek guztiak kontuan hartuta, jarraian aurkeztuko dugun proposamenean euskara da, kasu guztietarako, eskolako hizkuntza. Beraz, etxeko hizkuntza euskara ez duten ikasleentzat murgiltze eredua proposatzen da eta etxeko hizkuntza euskara dutenentzat mantentze eredua. Proposamen honek alde psikolinguistikoa eta soziolinguistikoa kontuan izanik, oinarrizko printzipio bat plazaratu nahi du: euskara gutxiago duen ikasleari eskolak euskara gehiago eskaintzea.

Proposameneko beste habeetako bat Haur Hezkuntzak hizkuntzen ezagutzan duen garrantzia azpimarratzea da. Eta Haur Hezkuntzaren barruan, 0-3 zikloak, hain zuzen. Burutu diren ikerketek erakutsi dute 0-3 urteko epea oso garrantzitsua dela hizkuntzaz jabetzeko, adin horretako haurrek duten gaitasuna aparta baita. Hortaz, gure esku egon daitezkeen eremuak zaindu eta haietan eragin behar dugu, eta haurraren denboraren % 100 euskaraz izan dadin ahalegindu. Euskararen irakaspena ez bada nahikoa goiz hasten, ingelesa baino gutxiago ikasiko dute, nahiz eta ordu gehiago eskaini haren irakaskuntzari. Hizkuntzen arteko lehiaketa legearen ondorioa da. Beraz, ez genituzke emaitza berak lortuko euskararen irakaspena 6 urterekin hasita ere. Hainbat ikerketaren arabera, 2 urteko haurrak urte batean ia jatorrizko euskaldun baten maila lortzen du. Psikolinguistika aldetik ez dago arazorik murgiltze eredua erabiltzeko, adin horretako haurrak hizkuntzak ikasteko ahalmen handia baitu, eta urte horietan lortzen dena beste indar batekin lortzen baita. Hala ere, soziolinguistika ere kontuan hartu behar da: gauza bat da haurrak dituen gaitasun psikologikoak eta bestea ingurune soziolinguistikoan zer giro eta jarrera dagoen. Horien arabera, aukera batzuk egin beharra dago. Beraz, psikologikoki posible izateaz gainera, euskararen ezagutza eta erabilpenaren alde egiteko murgiltze eta mantentze ereduak posible dira. Zailtasunei jatorrian zuzentze bideak ipini aldera, urte gutxitan haurra euskalduntzea lor liteke eta euskararen oinarriak sendotu ere egin litezke; aukera hori litzateke, beraz, merkeena, errazena, koherenteena eta logikoena.

Bereziki zaindu beharko litzateke alde afektiboa. Era berean, kontu handiz zaindu beharrekoa litzateke maila pertsonala, ez baitugu ahaztu behar motibazioak ere pertsonalak direla. Dudarik ez dugu euskarara afektiboki hurbiltzea lortzen den kasuetan hizkuntzarekiko atxikimendua handiagoa dela eta horrek asko errazten duela ondorengo hizkuntzaren gaineko ikasketa guztia. Gainera, norberaren etxeko hizkuntzarekiko eta kulturarekiko errespetuzko jarrerak ere euskararekiko hurbilketa afektiboaren urrats sendoak dira.

Identifikazioa ere aipatuko dugu geure proposamenean. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu haurrek hizkuntza persona eta espazio jakinarekin identifikatu ahal izatea. Horrela, etxetik euskara ez dakarten haurrek eskola eta bertako langileak identifikatuko dituzte euskararekin, eta bi hizkuntzen arteko interferentziak saihestuko dira, horiek sendotuz. Bi alde hauek ere, afektiboa eta identifikazioa, Haur Hezkuntzan egokiago landu daitezkeela deritzogu, etapa horrek eta haurrek adin horretan duten berezitasunengatik.

Zalantzarik gabe, lan hori guztia ahalik eta hobekien egin ahal izateko bereziki eragin beharko da hainbat arlotan: taldeen antolaketan, motibazioan, metodologian eta irakasleen prestakuntza teknikoan, batik bat. Euskararen ezagutza maila nabarmen hobetu nahi bada, eta beharko da ipini diren helburuak bete ahal izateko, metodologian berrikuntza sakonak egin beharra dago. Hizkuntzen irakaskuntzan bereziki kontuan hartu beharko da hizkuntzaren alde kualitatiboa eta haren irakaskuntza intentsiboa. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza helburuak mailaka eta etapaka zehaztea. Hizkuntza baten ezagutzan osotasuna lortzeko, ikusten denari, idazten denari, internetari eta ahozkotasunari garrantzia eman behar zaie. Baina ez dezagun ahantz euskara ezagutzeko helburuarekin batera, euskararen erabileran ere eragin beharko duela metodologiak. Ahozkotasunari bere tartea eskaini beharko zaio metodologian, eta ordutegiaren barruan ere ahozkotasunarentzat ordu kopuru bat ziurtatu beharko da. Ezinbestekoa da ikasleek euskararen funtzionalitatea sentitzea, eta horretarako ikasleek hitz egin behar dute eskolan.

Interakzioa bultzatzen duten metodologiak txertatu behar ditugu geure jardun pedagogikoan, talde dinamikaren ildoetan barneratu behar dugu. Aditu askoren ikerketek azaldu dute interakzio egoki bideratuek irakaskuntza prozesuetan duten eragin positiboa. Ikasleek gehiago eta hobeto ikasten dute elkarren arteko eta irakasleekiko interakziotik. Interakzio intentsiboak, eraginkorra izan dadin, programatua izan beharko du, kontzientea eta berariazkoa. Hezitzaileak, beraz, estrategia horietan trebatzea ezinbestekoa izango da. Bestalde, taldeak kopuru aldetik interakzioa bermatzeko jasangarriak izango diren neurrian eta eran antolatzea begi-bistakoa dirudi. Hala ere, interakzioarekin batera pertsona bakoitzaren posibilitateak landu behar dira. Talde lanarekin batera, bakarkako lanean ere trebatu beharko dira ikasleak. Ondorioz, irakasleak prestatu beharko dira erronka horietarako guztietarako, hau da, hizkuntza egoki irakasteko.

Euskal hezkuntza sistema gaur ematen dituenak baino emaitza hobeak emateko gai da, horretarako behar dituen baliabide guztiak erabiliz gero, baina guztiarekin ere mugatua da bere eragina eta ezin lekioke eska jendarteak bere aldetik eman behar diona. Lehen urratsa zentroa izaeraz eta funtzionamenduz benetan euskalduna izatea da. Eta hortik abiatuta, eskola barrua eta kanpoa lotu beharko ditu proposamenak. Beraz, aisialdiaren eta eskolaren arteko koordinazioak estua izan behar du, ikasleek eskolatik kanpoko ekintzak ere euskaraz egin ahal izateko. Eskolak motorra izan behar du prestatzen dituen euskal ikasleak euskarazko espazioetan integratzeko, ikasleak euskaradunak baino euskaldunak areago izateko.

Eta horrek guztiak, dudarik gabe, ebaluazioa beharko du. Diseinatzen diren plangintzek euskararen ezagutza maila eta erabilera maila egokia ziurtatzen duten jakiteko, eta horrela ez den kasuan laguntzabideak non behar diren detektatzeko.

Funtsezkoa da jendarteari adieraztea hainbeste urtetan hizkuntza ereduetan oinarri eta erreferentzia izan duen hezkuntza sisteman non eta zergatik egin diren aldaketak, eta zein diren aldaketaren gako nagusiak. Jendarteak adostasun ahalik eta zabalena adieraz dezan Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Marko berriarekiko eta haren garapenarekiko ezinbestekoa izango da orain artekoa zertan aldatu den azaltzea: aldaketaren gako nagusiak ongi komunikatu behar dira eta aldaketa elementuak oso ongi transmititu behar dira. Gure ustez, ebaluazioaren gaiak funtsezko betekizuna du. Hasieratik jendarteari iradoki beharko litzaioke ebaluazioaren garrantzia, zer eredu izango dituen, eta nola egin eta kudeatuko den.

Laburtuz, euskaran ardaztutako eleaniztasunaren bidean egin beharreko lanean hezkuntza komunitateen autonomia eta esku-hartzea bilatu eta indartu beharko luke Hezkuntza Sailak. Behin Derrigorrezko Hezkuntza bukatzen duen gazte batek gaztelaniari, euskarari, ingelesari edota frantsesari eta laugarren hizkuntza bati buruz eskuratu beharko lituzkeen gaitasunak argi zehaztuta, ikastetxe bakoitzaren esku gelditu beharko luke, bizi duen errealitatea (soziolinguistikoa eta abar) kontuan hartuta, bere ibilbide propioa zehazteak. Hizkuntza proiektua litzateke horretarako markoa eta ezinbesteko tresna, ikastetxean lantzen diren hizkuntza guztien irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak koherentziaz eta era bateratuan biltzen dituen dokumentu adostua, hain zuzen.

Ezarritako helburuen lorpenaren jarraipena egiteko kanpo ebaluazio sistema bat ezarri beharko litzateke, baina honen hedadura ondo aztertzekoa litzateke ez bailuke inoiz ordezkatu behar eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektuaren garapenean duen erantzukizuna. Azkenik, ikastetxeek egin beharreko ibilbide horretan beharrezko prestakuntza, baliabideak eta banakako laguntza bideratzeak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lehentasunezko zeregina izan beharko luke, gure ustez.

Berrikuntza hauek guztiak eraginkorrak izan daitezen, eta erdietsi nahi diren helburuak sendotasun handiagoz finkatzeko, derrigorrezkoaz haratagoko hezkuntzan esku hartu beharra dago. Derrigorrezkoaren ondorengo Hezkuntzak, Lanbide Heziketak eta Unibertsitateak ere eraldaketa sakonak beharko dituzte, jendartean plangintza hauek guztiek sinesgarritasuna izan dezaten.

Bide batez, hizkuntzak irakasteko eta ikasteko erronka berri honetan, Unibertsitatearen inplikazioan sakondu beharko litzateke. Unibertsitateak eginak baititu hausnarketak eta ikerketak prozesu horietan lagungarriak direnak eta, horiek guztiak, irakaste/ikaste prozesuan sor daitezkeen kezkak eta anbiguitateak argitzeko lagungarriak izan daitezke. Era berean, irakaslegai berriak prestatzen ari diren Irakasle Eskolen jarduna oso kontuan izan beharko da. Erronka berri hauei guztiei erantzuteko prestakuntza behar dute irakasle berriek ere, eta noski, euskaraz izan behar du.

Pedagogia mota berrietan eta eraginkorretan prestatu beharko dira irakaslegaiak, ikasleei parte-hartzaileak, kritikoak eta sortzaileak izaten lagundu nahi bazaie, ezaugarri horiek beharrezkoak izango baitituzte herritar euskal eleanitzak izateko. Berebiziko garrantzia du, beraz, Irakasle Eskolek erronka hauei egoki erantzungo dioten irakaslegai euskaldunak prestatzea.

Geure proposamenean batez ere hiru atal garatu ditugu. Hala ere, eta horiekin batera, beste atal hauek landu beharko liratekeela uste dugu, Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko marko berria egoki garatzeko ezinbestekoak direlako.

Etapa eta ziklo bakoitzean hizkuntzen arteko denbora banatze proposamena

Egun EAEn dugun egoera soziolinguistikoa eta ukipenean dauden hizkuntzen arteko konpetentzia legeak kontuan harturik, euskararen, hizkuntza gutxitua den heinean, ezagutza maila egokia ziurtatzeko euskarari lehentasuna eman behar zaio eskolan. Hau da, helburua bada euskarak beste hizkuntzekiko berdintasun erreala lortzea, orduan, euskarak eskolako hizkuntza izan behar du. Eta hori horrela baieztatu dute orain arte egin diren probek eta neurketek. Hala ere, irakaskuntzari eskainitako orduak gehitzeak soilik ez luke ziurtatuko helburua lortuko litzatekeenik; are gutxiago, euskararen erabilera maila nabarmenki handituko litzatekeenik. D ereduko ikasleen artean eginiko probetako emaitzen arteko aldeek hala erakusten dute, behintzat.

Beraz, "hizkuntzarekiko zenbat eta esposizio handiagoa, orduan eta ezagutza-maila handiagoa" baieztapena osatu egin beharko litzateke esposaketa horren kalitatea zainduz. Hizkuntzak batez ere kualitatiboak direlako, bereziki zaindu beharrekoa litzateke ordu horietan eskaintzen diren hizkuntza edukiak, irakasteko modu intentsiboak eta estentsiboak eta, batik bat, horiek guztiak lantzeko metodologiak.

Gelan hizkuntza curriculumaren aplikaziorako erabiltzen diren metodologien gaineko hausnarketa sakona egitea komeniko litzateke. Aspaldi honetan metodologia arloa abandonatu samarturik egon den irudipenak eta gurean testuliburuek hartu duten ia erabateko protagonismoak interakzioaren eta talde dinamikaren garrantzia lausotu egin dute.

Interakzioa -irakaslearen eta ikasleen artekoa, baita ikasleen artekoa ere- sustatuko duten metodologiak eta talde dinamikak diseinatu beharko lirateke. Interakzio horien baitan, mundu sinbolikoak berebiziko garrantzia du. Arlo horretan irakasleek eta ikasleek euskararekiko agertzen duten atxikimendu maila erabakigarria izango da. Taldearen osaketari dagokionez, interakzioa efektiboa izan dadin, denen parte-hartzea bermatuko duen kopuru aldetik talde jasangarria beharko luke. Hizkuntzen ikaspenen azken helburua hizkuntza horien erabilpena izanik, metodologiak bereziki zaindu beharko luke ahozkotasuna. Are gehiago euskararen kasuan, hizkuntza gutxitua den neurrian. Horrekin batera, eta hizkuntzaz bere osotasunean jabetzeko, ahozkotasunarekin batera hizkuntzaren gainerako trebetasunei erreparatu behar zaie: ikusten denari, idazten denari, internetari eta abar. Haur eta gazteek ikasten ari diren hizkuntza bizia dela eta baliagarria zaiela sentitzen eta baieztatzen duten neurrian ikasi eta erabiliko dute. Euskara funtzionala gertatu behar zaie. Eta horretarako, ezinbestekoa da euskaraz hitz egitea, ahozkotasuna bere zentzu sakonenean lantzea: haurrek eta gazteek euskara bere bizitzako pasadizo eta interesekin lotua izatea. Hizkuntzaren balioa lortzen da komunikazio egoera guztietarako erabilgarria gertatzen den neurrian. Eraginkorrena litzateke hizkuntza instrumentua edo bitartekoa izatea beste zerbait egiteko edo ikasteko.

Bestalde, 0-3 urte arteko haurren ezaugarri psikologikoen inguruan eginiko ikerketen arabera, egiaztatu da haurrek adin horretan hizkuntzak ikaskuntzaz baino jabetzaz bereganatzen dituztela gehiago. Ondorioz, haurrak erraztasun handiagoarekin bereganatuko du euskara etxeko hizkuntza ez den kasuetan ere. Adin horretatik aurrera, beste hainbat mekanismok eta alde psikologikok parte hartzen dute batez ere ikaskuntzaz eskuratzen den hizkuntzaren irakaskuntzan. Adinean zenbat eta aurrerago hasi euskara irakasten, orduan eta konplexuagoa izango zaio hizkuntza bereganatzea haurrari. Hala baieztatzen dute hemen eta hemendik kanpo egindako hainbat ikerketek. Horra hor, 0-3 urteko haurren euskalduntzea hain indartsu azpimarratzeko arrazoia.

Bestalde, adin horretako haurraren mundu sinbolikoa eratzen ari den horretan, afektiboki euskarara hurbiltzea errazagoa izango da. Eta haurra euskarara afektiboki hurbiltzeak, zalantzarik gabe, euskararekiko atxikimendua estutzea eta ondorengo ikasketa bidea leuntzea lekarke. Gainera, hizkuntza pertsona jakin batzuekin eta leku jakin batzuekin identifikatzeak berebiziko garrantzia du oraindik orain, euskarak soziolinguistikoki pairatzen duen egoera dela-eta.

Etxeko hizkuntza, berriz, oso kontuan hartzeko ezaugarria da. Ikaslea onartua sentituko da bere hizkuntza eta kultura baloratzen diren neurrian, eta hori erabakigarria da ikasle horrek izango duen euskararekiko jarreran.

Lehenago aipatu dugun afektibitate arloarekin zerikusi zuzena du. Ikasle etorkina onartua eta errespetatua den heinean egongo baita motibatua euskararen ezagutzarako eta euskal kulturaren partaide izateko.

Eskolako hezkuntza proiektuan etorkinen hizkuntzak eta kulturak ikuspegi integralean jaso beharko lirateke. Eskola bakoitzak, egoeraren arabera, sentsibilizazio plan bat egin beharko luke.

Horiek guztiak kontuan, honako proposamena luzatzen dugu etapa eta ziklo bakoitzean hizkuntzen arteko denbora banaketarako:

Hizkuntza proiektua aberasteko ikastetxe guztiek izan behar dituzten prestakuntza jarduera askotarikoak

Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzako Curriculum dekretuak lehentasuna ematen dio hizkuntzen trataerari. Horretarako, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Markoa da esparru testuingurua. Jendartearen errealitate soziolinguistikoarekin eta soziokulturalarekin bat egiteko, testuinguru eleanitzari erantzungo dion markoa sortu nahi da; hala, azken xedea da ikasleek behar bezala ikas ditzatela bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat edo bi. Xedea gehiago zehazte aldera, esango genuke derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek euskaldun eleanitzak izan behar dutela.

Hitzetik hortzera dabil eleaniztasun hitza, baina, askotan, curriculumean dagoen hizkuntza kopurua adierazteko izaten da. Horrela, hizkuntzei dagozkien helburuak, edukiak eta metodologia planifikatzerakoan, hizkuntza bakoitzarena bere aldetik egiten da. Gainera, maiz, hizkuntza bakoitzean desberdinak izaten dira edukiak hizkuntzako irakasleek duten hizkuntzaren eta irakaste/ikaste prozesuaren errepresentazioaren arabera. Gehienetan, beraz, hizkuntza bakoitzaren irakaspenean metodologia bat erabiltzen da, hizkuntza bakoitza modu desberdinean ikasten dela pentsatzen baita.

Ez dugu ahantzi behar hizkuntzen artean loturak daudela, eta lotura horiek, gainera, oso garrantzitsuak direla.

Lan egiteko erari dagokionez, hizkuntzako irakasleek, hizkuntza ezberdinetako irakasleek, beren artean koordinatu beharko lukete edukiak, metodologia edo hizkuntza jarduerez aritzeko eta horiek adosteko. Elkarlan horren ondorioz, hizkuntza bakoitzean ikasitakoa beste hizkuntzetara transferituko litzateke eta beste hizkuntzetan erabili ahal izango litzateke: curriculumeko beste hizkuntza batean landutakoa ez litzateke errepikatuko, beraz, beste hizkuntzetan.

Zalantzarik gabe, eskolak gehien eragin dezakeen arloa kurrikularra da. Gela barruan egiten diren jarduerek hizkuntzaren erabilera bultzatu beharko lukete, ez litzateke bereizketarik egin beharko hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren artean. Ez dezagun ahantz, hizkuntzak horiek guztiak baliatzen diren neurrian eskuratzen direla. Bide batez, hausnartu beharko litzateke hizkuntza arloaren antolaketaz gainera, beste jakintza arloek ere hizkuntzak eskuratzeko egin dezaketen ekarpenaz.

Ikerketen arabera, hizkuntzak hobeto garatzen dira jakintzarekin batera; hau da, pertsonok hobeto ikasten dugu hizkuntza beste zerbait ikasten dugun bitartean.

Metodologiari dagokionez, hedatu beharreko ikuspegi metodologikoan ahozko komunikazioak izan beharko luke irakas/ikaskuntzaren estrategia nagusia. Edonola ere, komunikazio horrek hizkuntzaren eskuratzea eta erabilera ahalbidetu ahal izateko, komunikazio testuinguru aberatsa eskaini beharko du, hizkuntzaren erabilera esanguratsua izan beharko du, kalitatezko interakzioa ahalbidetu beharko du eta hizkuntzari buruzko hausnarketa kontuan izan beharko du. Adituen arabera, gaitasun eleaniztuna ez da hainbat gaitasun elebakarren batura; izaera propioa du eta jendarteak sortzen dituen behar komunikatiboen arabera garatzen da; hau da, egoera komunikatiboaren, gaiaren, hartzailearen, helburuaren, eta abarren arabera.

Euskararen erabilera eta hizkuntzen eskuratzea zein erabilera indartzeko, gela barruko zein gelaz kanpoko jarduerak uztartzeko, eta era koherentean garatzeko, marko egokia eraiki beharko litzateke. Marko horretan, ikastetxean diren hizkuntza guztiak hartu beharko dira kontuan; bakoitzarekin ditugun helburuak definitu egin beharko dira eta xedeak lortu ahal izateko ikastetxearen jarduera osoa hartu beharko da kontuan. Ikastetxeak, kokatuta dagoen jendarte eragileekin askotariko egitasmoak partekatu beharko lituzke eta jendartean euskararentzat espazioak irabazi beharko lituzke. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko, ekintza isolatuak baino planteamendu sistematikoan oinarritzen diren plangintzak dira eragingarriagoak. Ikastetxeek Hizkuntza Normalkuntza Plana behar dute, hizkuntzen inguruko egitasmo horiek guztiak bildu eta uztartzeko. Eta plan horrek behar duen eraginkortasuna izan dezan arduradun iraunkor eta prestatua beharko du. Horretan laguntzeko, hizkuntzen erabilera eremuak aurreikustea garrantzi handikoa da; hau da, eremu pedagogikoa eta eremu instituzionala.

Euskara ikasleek gustuko dituzten jarduerekin lotzeko urratsak eman behar dira. Horretarako, ikastetxe bakoitzak eremu horretan zer egiten ari den jaso beharko du Hizkuntza Normalkuntza Planean, zein hizkuntza baliatuta, nolako bitartekoekin, halakoetan ari direnek zein prestakuntza duten, eta beste bildu beharko du. Halaber, burutzen dituen edo burutu gabe arrakasta izan dezaketen jarduerak identifikatu beharko ditu ikastetxeak bere planean. Datu hauek baliatuta, besteak beste, helburuak definitu, hutsuneak non dituen antzeman, begiraleen prestakuntzarako orientabideak zehaztu, gainerako zerbitzuetako (jantokia, autobusa eta abar) profesionalen prestakuntzarako eta aukeraketarako irizpideak finkatu, eta abar egin beharko ditu. Betiere, kontratatzen diren langile guztiek frogatu beharko dute beren lana euskaraz gara dezaketela. Azken erantzulea Administrazioak izan behar du. Irizpide hauek euskararen erabilera indartzeko helburua duen Hizkuntza Normalkuntza Planean jaso beharko ditu eta honako atalak gaineratu beharko lizkioke: eremua eta etapa helburuak, ekintzak, azpiekintzak, burutzeko behar den denbora, arduradunak, baliabideak, eta aurreikusten diren ebaluazio adierazleak.

Era berean, euskararen erabilera indartzeko helburua duen egitasmoan hizkuntza paisaia zaintzeko orientabideak, eskolako inprimaki, batzar, estatutu, ohar, idatzi zein bestelakoetarako hizkuntza irizpideak ezarri, eta horien jarraipena egiteko mekanismoak zehaztu beharko lituzke. Halaber, ikastetxeak kokatuta dagoen ingurunean ere euskararen erabileraren aldeko giroa sortzeko asmoz, zerbitzuak kontratatzeko zein hizkuntza irizpide baliatuko duen ere erabaki beharko luke. Kontratatzen dituen langile guztiek beren egitekoa euskaraz gara dezaketela bermatu behar du. Azken ardura Administrazioarena izango da. Gelaz kanpoko euskararen erabilera indartzeko xedea duten egitasmoek eremu pedagogikoaren arlo ez kurrikularra eta arlo instituzionala hartuko lituzkete, batez ere, baina ez bakarrik.

Familia giroan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak indartzeari dagokionez, eskolek gurasoen artean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko egitasmoak bideratu beharko lituzkete, euskaltegiekin lankidetzan, teknologia berriekin osatuz. Hala, gurasoek euskara gauzak egiteko baliatzen duten neurrian eskuragarriagoa izango lukete, seme-alabak etxerako lanekin doazenean laguntzeko aukerak izango lituzkete eta familia giroan euskararen erabilera indartzen joateko urrats sendoak egingo lirateke, besteak beste. Eskolek gurasoen euskara eskuratzeko, hobetzeko, eta hezteko erabakigarria den ekarpena egin dezakete, bide batez, euskararen erabileran ikaragarri lagunduz. Ikastetxeko hizkuntza proiektua hizkuntzekiko esku-hartze eremuen arabera antolatu beharko litzateke, honek eskolaren komunikazio-testuinguruaren ikuspegi sistemikoa eskaintzen baitu, eragile eta esparru askotarikoen arteko interakzioa eta koherentzia ziurtatzeko bide emanez. Esparru eta talde horiek guztiak kontuan izan beharko dira ikastetxe guztiek izan behar duten hizkuntza proiektua aberasteari begira askotariko prestakuntza jarduerak diseinatzerakoan.

B2 helburua egoki neurtzeko ebaluazio tresnaren diseinua

Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko markoa garatzeko proposamen honek espero zitezkeen emaitzak lortzen ari dela baieztatzeko ezinbesteko adierazlea da ebaluazioa. Edozein plangintzak, zer esanik ez hezkuntza arloan garatzen denak, ebaluazioaren beharra du. Ez da ebaluazioa helburu gisa ikusi nahi, baizik eta tresna hezitzaile gisa. Eta ebaluazioaren egitekoa izango da, tresna den heinean, abian ipini diren eta dauden plangintzen egokitasuna aztertzea. Azterketa horrek esango du plangintzak ipinitako helburuei erantzuten dien, edo erantzuten jarraitzen dion; hutsuneak agertzen ote dituen, ondorioz, egokitzapenak egitea ahalbideratuko du; edo zaharkitua edo baliogabetua geratu den, plangintza eta ekimen berrietan saiatzeko garaia izango da, orduan.

Ebaluazio mota asko izanik, proposatzen dena izaera formatiboa eta deskriptiboa izango duena eta jarraia izango dena da: hutsuneak non dauden detektatu ahal izateko, eta, beraz, laguntzabideak eta indartze neurriak non ipini beharko diren agerian uzteko. Ebaluazioak, hortaz, ipinitako helburuek eta diseinatutako plangintzek duten garapena eta eraginkortasuna neurtzeko tresna gisa baliatu eta hizkuntzen irakaspenaren eta ikaspenaren benetako egoera erakusteko balio beharko luke. Ebaluazioak hainbat euskarri beharko ditu, eskuhartzeak izango duen izaera adinakoak: zenbaitetan ebaluazioak kanpokoa beharko du, hainbatetan kanpoko proba estandarrak izango dira, eta beste batzuetan ikastetxeak berak bideratutako neurketak izan beharko dute.

Ebaluazioa eraginkorra izan dadin lehen baldintzak zer ebaluatu behar den jakitea izan beharko du. Horretarako, hizkuntza proiektua ezinbestekoa da. Bertan, maila eta etapa bakoitzerako hizkuntza helburuak mailakatuak eta zehaztuak egon behar dute; curriculum proiektuak ikaskuntza prozesua zehazteko eta sekuentzializatzeko funtzioa baitu. Eskola bakoitzak hizkuntza proiektu hori garatzeko erantzukizuna izango luke legeak ezarritako ebaluazioei erantzun ahal izateko. Horrekin batera, gelan barruan gertatzen dena ebaluatu beharko litzateke. Ikasleen ekoizpenaren ebaluazio soila egiten bada, nekez neurtu ahal izango baitira hizkuntza proiektuan jasotako irizpideak eta ikaste prozesuan haien aplikazioak egokienak diren ala ez. Azkenik, ebaluazioak ikaslea bere osotasunean izan behar du kontuan.

Ebaluazioa burutu ostean, proben emaitzen tratamendua letorke. Tratamendu horrek ere izaera hezitzailea izan beharko du ezinbestean, eta bere helburu behinena laguntzabideak edo ondorioztatzen diren ekimen eta plangintzak lehenbailehen abian ipintzea beharko luke. Betiere, azken helburua hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa modu egokienean garatzea izango delarik. Proba horien emaitzei lan tresna edo adierazle izaera eman beharko litzaieke, euskalduntzearen eta euskararen erabileraren inguruko ikerketen oinarri izan daitezen, eta markoaren eraginkortasuna optimizatzeko lan tresna bilaka daitezen.

Bestalde oso garrantzitsua da ebaluazio horien emaitzen erantzukizunak ongi mailakatzea eta bereiztea. Zenbaitetan erantzukizuna norbanakoarena izango da, beraz norbanakoaren inguruabarra aztertu beharko da eta haren gainean hartu neurri akademikoak eta ipini laguntzabideak, hala behar den kasuetan. Beste batzuetan erantzukizuna kolektiboa izango da. Kasu horretan administrazioari esku-hartzea eskatu beharko zaio. Administrazioak berandu baino lehen aztertu beharko du ikastetxe horretako hizkuntza proiektua, erabiltzen den metodologia eta emaitza desegokiak nondik eratortzen diren detektatzen saiatu beharko luke. Ondoren, kasu bakoitzari dagozkion ekimenak ipini beharko ditu abian: neurri zuzentzaileak edota laguntzabideak, kasuan kasuko. Erantzukizun kolektiboa denean, behar diren mekanismoak abiaraziko dira kaltetutako ikasleek baldintza egokiagoetan ebaluatuak izan daitezen. Horrek guztiak elkarlana behar du Administrazioaren, hezkuntza sektoreko eragileen eta jendartearen artean.

Ebaluazioak, beraz, hausnarketa sakona eskatzen du: izaeran, diseinuan, kudeaketan, tratamenduan eta jarraipenean. Markoaren garapenetik haratago, egun dauden datuekin jakina da jada non eragin behar den eta non aplikatu behar diren laguntzabideak eta indartze neurriak. Beraz, ez dago zertan itxaron neurri horiei, berandu baino lehen abian jartzeko.

Jarraian azaltzen den B2 helburua egoki neurtzeko ebaluazio tresnaren diseinuaren proposamenak horiek guztiak besarkatu nahiko lituzke:

Proposamenean erabilitako hainbat kontzepturi eman diogun esanahia

Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Markoaren garapenerako ardatz nagusiak

Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Markoaren garapenerako hainbat proposamen aurkeztu dira txosten honetan. Aipatu proposamenak atalka zehaztuta multzokatu dira eta atal bakoitzean proposamen horien nondik-norakoak argudiatu dira.

Proposamen horien guztien artean hauek azpimarratu nahi ditugu, lortu nahi den helburua -hau da, ikasleek derrigorrezko eskolaldia amaitzen dutenean euskaldun eleanitzak izatea-, erdiesteko erabakigarriak direlakoan:

  1. Eleaniztasunaren izaera eta ezaugarriak jendarteratuko dituen diskurtsoa zabaltzea, hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzaren planteamendu berri horretan euskarari lehentasuna ematearen abantailak eta alde onak azpimarratuz.
  2. Ikastetxeko hizkuntza-proiektua antolatzea. Hizkuntza-proiektuaren barruan Hizkuntza Normalkuntza Plana zehaztea eta horiek kudeatuko dituen arduradunaren lanpostua sortzea dagozkion bitartekoekin. Hizkuntza Normalkuntza Plana preskriptiboa izatea.
  3. Fundazioak izatea ebaluazioaren ardura. Fundazio horrek, B1, B2, C1 eta burutu daitezkeen gainerako proben prestakuntza eta kudeaketa egitea, proba horietako emaitzak publiko eginez.
  4. Haur Hezkuntzaren amaieran ikasleen hizkuntzen aurrebaluazio glotodidaktikoa egitea.
  5. Hizkuntza zertifikazioak eskaintzea, ikasleei eta ikastetxeei.
  6. Eskolako langile guztiak euskaldunak izatea.
  7. Irakasleen prestakuntza diseinatu eta antolatzea.
  8. Haur Hezkuntzan, 0 urtetik 6 urtera, murgiltze eta mantentze ereduetan eskolatzea.
  9. Irakasle eskolek irakaslegai euskaldunak soilik prestatzea.
  10. Eusko Jaurlaritzak Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Markoaren garapenerako proposamena abian jartzeko beharrezko bitartekoak aurreikusi eta onartzea.


(EUSKARAREN GIZARTE ERAKUNDEEN KONTSEILUA)


Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzunak


Oharra

Pello Salaburu / 2008-05-13 / 09:15

Ez dut sartu nahi lan honen barneko aldearekin. Ohar bat bakarrik egin nahi dut,ez mamiari dagokiona, baizik formari.

Garai batean "eleanitz" hitza erabiltzea bururatu zitzaion norbaiti. Seguru, "anitz" hitza sortzez erabiltzen ez zuen norbaiti, arrotza zuen norbaiti.

Berez gureak (txikitan ikasiak) ez diren hitzei erraz aurkitzen diegu exotismo puntu bat. Baina betitik erabili dugunontzat biziki harrigarria egiten zaigu erabilera mota hori: "euskaldun eleanitza" edo "industria anitza" esatea txineratik hurbilago dago, euskaratik baino. Txinoa izango litzatekeen moduan "euskaldun eleaskoa" esatea. Horrek guretzat izango luke exotismo puntua, "asko" hitza geroago ikasi dugunontzat, esan nahi dut. Ez dakit, beharbada hasi beharko dugu guk ere holakoak erabiltzen. Hori zen nire oharra.

Pello Salaburu


Kaltegarri eta ere arrotz

Erramun Gerrikagoitia / 2008-06-03 / 20:12

Ohar interesantea Pello Salabururena baina valio duena ez soilik berak ipinitako exempluan baizik asko eta askotan gehiango. Esaterako esaterakoan

aniztasuna

esan ahal litzateke berdinki paralleloki

askotasuna.

Soka hori -sokea hon purismo lexikala, oraikoan- da lar luze eta kaltegarria tzat euskararen airostasuna eta lanhotasuna. Behar genduke reflexinoatu eta gogoetatu zerbait buruz puntu hori eta dakarren kalteaz euskarari, aparte izan total arrotz an gure traditionea.

Calgary, Canada.


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1210587251