Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen Jatorriaren III. Biltzarra

Euskararen Jatorriaren III. Biltzarra

2008-04-30 / 08:35 / Patxi Alaņa, Luisma Etxeberria, Koldo Urrutia, Urtzi Ihitza, Aitor Gabellanes, Felix Zubiaga   HIZKUNTZA

Iruņa Okako idazkunek, berriz ere, euskara ez dela hizkuntza isolatua izan frogatu dute. Ideia hori defendatzen dute iritzi artikulu honetan Euskararen Jatorriaren Elkarteko kideek, Arabako herri horretan 2008-5-17an egitekoa duten III. Biltzarraren aurkezpen modura.

Iberiar penintsulako iparraldetik Bretainia Handira

Iberiar penintsulako iparraldetik Bretainia Handira

Londreseko metroan aldizkari bat banatzen dute doan, hemen bezala. Gaurko albiste nagusienetako bat hauxe da: Britainia Handiko biztanleak, jatorriz, iberiar penintsulatik datozela frogatu duen ikerketa sakona eta horren liburua: The Origins of the British, Stephen Oppenheimer-rena. Telebistan eta irratietan gaia ere azaldu da, berri horri garrantzia eman diotelako. Horri esker, eskoziar, britainiar eta galestar gehienek albiste hau entzun eta irakurtzeko aukera izan dute. Emaitza hauek bi uharteetako 10.000 biztanleei ADN aztertu ondoren atera dituzte. Inork ez du zalantzan jarri egindako ikerketa hau.

Albiste bera, estatu espainiarreko telebista eta irratietan ez da azaldu. Soilik egunkari gutxi batzuetan eta albiste labur gisa, ez modu sakon eta zabal batez. Gure herrietako jendeari galdetuko bagenie, % 5ek baino gutxiagok honen berri entzun duela ikusiko genuke.

Albistea Bretainia Handiko eta Irlandako biztanleentzat bezainbeste garrantzitsua zen Iberiar penintsulako iparraldeko biztanleentzat. Baina hemen tabu gehiegi eta ez-jakintasuna nagusi ditugu.

Oxford-eko Unibertsitateak egindako ikerketa hau ez da bakarra izan honelako zerbait adierazi duena. Azken hamarkada hauetan, antzeko azterketa asko plazaratu dira eta ia denak norabide berean doaz, Theo Vennemann eta Jhon Bengtson esaterako. Ikerketa guzti hauek ez dute eragin handirik izan unibertsitate mailan, ezta hizkuntzalaritzan ere, nahiz eta izugarria izan, orain arte euskara hizkuntza isolatua aldarrikatu izan duten teoria guztiak hankaz gora jartzen dituztelako. Baina, ikerketa horien garrantzia antzeman eta, gutxi batzuek eman dute honen berri gure artean: Alfontso Lizarduikoa, Antonio Arnaiz... Maila partikularrean egindako ekarpenak izan dira (ekonomikoki eta lanaren aldetik) baina, ipuinean bezala, Erregea biluzik zegoela beste guztioi ikustarazteko balio izan dute.

Iruņa Oka eta ez Iruņa-Veleia

Ikerketa genetiko hauei beste bat gehitu zaie: Iruņa Okakoa. Guk horrela deitzen diogu. Ez diogu Veleia deitzen, erromatarrek aurretik zegoen hiriari izena aldatu nahi izan bazioten ere eta eurek agintean zeudela asko handitu bazen ere, erromatarrekin hiria eta Veleia izena desagertu zirelako. Guk nahiago izan dugu herritarrek, nahiz eta euskara Arabako eskualde honetan orain 200 urte inguru galdu, betidanik erabili izan duten izendapen bera erabili: Iruņa.

Izendapen honek 3.000 urte baino gehiago du, eta herriak betidanik erabili izan duen izena da, herriak inoiz ez diolako Veleia deitu (ez azken 1.000 urte hauetan behintzat). Gainera, udalerriaren izen ofiziala Iruņa Oka da, Nafarroako beste hiriburutik bereizteko. Guk horrela izan behar dela aldarrikatu dugu, Euskararen Jatorriak egindako Iruņa Okako Adierazpenean ikus daitekeen moduan. Edo Arabako Iruņa ere izan liteke, herrialde honetako eta, seguruenik, esparru zabalago bateko hiri handia izan zelako.

Lehenengo eta bigarren Biltzarretan izan ditugun adituetako batzuk ez dira harritu Iruņa Okako idazkunekin. Ez behintzat Azterketa Batzordean parte hartzen duten hizkuntzalarietako batzuk harritu diren moduan. Ez dira harritu, haiek aspaldi proposatu izan dutelako euskara ez dela asko aldatu. Arkeologo guztiek frogatu duten moduan, euskarak inguruko hizkuntza guztiekin etengabeko harremana izan duela pentsatzen dute. Eta, ez hori bakarrik, batzuek zera aldarrikatzen dute, Euskal Herria zentroa izanik eta penintsulako iparralde osoa, Ebro, Akitania... barne hartuz, agian kultura sorleku eta zabaltzaile zentroa izan dela.

Horretan datza Iruņa Okan aurkitutako idazkunen garrantzia, aspaldian hasitako zalantzak handitzen lagundu izana. Ikerketa taldeak prentsaurrean eman dituen datazioak egiazkoak badira, datu guztiak ezagutzera ematen dituztenean, orain arte indarrean egon den euskararen isolazionismoaren teoriaren heriotzaren data izan liteke. Horregatik egin dugu aurtengo III. Biltzarra herri honetan, idazkun hauen garrantzia hobeto zabaltzeko.

Hizkuntzalariek, beste arloetako profesionalekin alderatuta, aurrerapen gutxi eman dituzte hizkuntzen jatorriaren azterketetan eta hizkuntzen bilakaeretan. Gogoratu Koldo Zuazoren artikulua non esaten duen euskalkiak desberdindu direla 1.200.eko Gasteizko konkistaren ostean, Iruņa Oka duela 1.700 urteko euskararen eta gaur egungoaren antza justifikatuz, Mitxelenaren iritziaren aurka. Agian, ordua da, hizkuntzalariek, genetistekin, arkeologoekin, eta beste hainbat arlotako profesionalekin estu-estu ikertzen hasteko ordua. Iruņa Okako indusketetan horrelako talde bat jarri da martxan zorionez, baina, gehiago ireki beharko litzateke, hizkuntzalaritzan batez ere.

Agian, historian agindu duten zibilizazioei (erromatarrak,...) garrantzi gutxiago eman eta gauzak beste era batera ikusten hasteko ordua heldu da. Agian konplexu politikoetatik alde egin eta hizkuntzen alderdi guztiak, aurreiritzi gabe, aurreiritzi politikorik gabe batez ere, aztertzeko orena da.

Hori da eskatzen duguna, Ikerketa Batzordea, Iruņa Okako idazkunez bestelako ikuspuntuak eduki ahal dituztenei zabaltzea. Eta, horrez gain, Iruņa hiriak izan zuen zabaleraren % 1 arakatu ondoren guzti hau aurkitu badute, indusketa plan handigura bat abiatzea, hiri guztia epe egoki batean (10-15 urte) aztertzeko.

Euskal Herriko hiririk handiena izan omen zen (10.000 biztanle izan ei zuen orain 2.000 urte, adibidez Donostiak 5.000 biztanle izan zuen duela 200 urte) baina epe labur-laburrean desagertu zen. Agian gure historiako gako garrantzitsuenetako bat gordetzen du eta orain arte ezikusiarena egin dugu. Hau da, hizkuntzalaritzaz gain, hiri honek zeresan gehiago du, historia alorrean batez ere.

Hirugarren Biltzarra

Maiatzaren 17an ospatuko dugun Euskararen Jatorriaren III. Biltzarrean Iruņa Okako idazkunez gain beste zenbait gai landuko dira. Josu Naberan euskara sortzeko gure arbasoek erabili zituzten erroez arituko da, gutxien ezagutzen direnei tarte gehiago eskainiz. Naberanek idatzitako Hitzen Koba liburuan, Bittor Kapanagak orain 30 urte zabaldu zuen teorian sakondu eta ildo berri asko ireki ditu. Bere ustean, ere, euskaran iberiar, mediterraniar eta piriniar erroak daude elkartuta, baina Kapanagaren lanaren haratago doa erro gehiago proposatuz eta berauek sakonago aztertuz.

Ondoren Alfontso Martinez Lizarduikoak hizkuntzen bilakaerak ulertzeko gaur egun dauden ikerketak sakonki aztertuko ditu. Euskaldunen migrazioek, ustez, Europa osora zabaldu zuten aitzineuskara aztertuko du, disziplinarteko ikerketak erabiliz: populazioen genetika, paleohizkuntzalaritza, paleontropologia, etab.

Hitzaldien ostean indusketak bisitatuko dira eta, arratsaldez, euskararen zazpi erroei buruzko mahai ingurua izango da, aurreko biltzarretan parte hartu duten adituek bideratuta: Kapanaga, Segurola, Arnaiz, Naberan, Mendizabal... Helburua, apurka-apurka euskararen hiztegi etimologikoa osatzea da, dauden teoria eta proposamen guztiak elkartuta eta alderatuta.

Euskararen Hiztegi Etimologikoari hasiera emateko, Biltzarrean honako erro eta hitzak landuko dituzte ikerleek: ur (lur, elur...), iz (izen, piztu...), in (egin, eragin...), aba (neba, izeba...), egu(eguzki, eguna...), hats eta eusk/erd (euskera, erdera).

Jendeak parte hartzeko aukera ere izango du arratsaldean, Komunikazioen atalean. Gaia, noski, euskararen jatorriari buruzkoa. Horrez gain, goizeko hiru hitzaldi eta arratsaldeko mahai inguruan ere parte-hartze zabala espero da.

Gai hauetan sakontzeko, aitzinako herria ikusteko eta euskararen jatorriaren auzolanean laguntzeko, maiatzaren 17an, Euskararen Jatorriaren III. Biltzarra egingo dugu Iruņa Okako udalerriko Kultur Aretoan, Langraitz herrian. Informazio gehiago, euskararenjatorria@gmail.com, 946 004 101, www.euskararenjatorria.eu.


(PATXI ALAŅA, LUISMA ETXEBERRIA, KOLDO URRUTIA, URTZI IHITZA, AITOR GABELLANES eta FELIX ZUBIAGA, Euskararen Jatorriaren Biltzarraren izenean)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com