|
Datorren 2008-5-7an hizkuntza gutxituak eztabaidagai izango dituzte, hizkuntza gutxituen euroagiria berresteari begira, Frantziako Legebiltzarrean. Eztabaida horren aurrean Euskal Konfederazioak, Korsika, Bretainia, Alsazia, Katalunia, Okzitania eta Reunion uharteko elkarteekin batera, agiri hau plazaratu du.
Kultur eta hizkuntz aniztasunaren zaintzea gizadiaren erronka nagusietariko bat da. Aldeko politika publikorik garatzen ez denez eta legezko estatuturik ez dutenez, gure hizkuntzak ez dira beren biziraupena segurtatuko luketen baldintzetan transmititzen eta garatzen.
Badu hogeita hamar urte baino gehiago nazioarteko eta Europako erakundeek (Europako Parlamentua, Europako Kontseilua, Europako segurtasun eta kooperazioari buruzko Konferentziak, Nazio Batuak, UNESCO) hizkuntzek gizadiaren ondarean duten garrantzia etengabe azpimarratzen dutela eta Estatuak neurri egokiak hartzera bultzatzen dituztela hizkuntzen defentsa eta garapena segurtatzeko, eskualde hizkuntzen edo hizkuntza gutituen kasuan bereziki.
Hala eta guztiz ere, Frantzia, "Giza Eskubideen Herria", aspaldidanik ari da frantsesa ez den bere lurraldean present diren hizkuntzen kontrako hizkuntza politika eramaten. Gaur egun ere, Eskualde eta Hizkuntza Gutituen Aldeko Europako Karta (1992koa) ez du berretsi nahi, Konstituzioaren 2. artikuluaren irakurketa berezia egiten du eskualde hizkuntzen eta hizkuntza gutituen kontra egiteko, hastapeneko helburutik horrela aldenduz.
Nazioarteko eta Europako testuekin bat eginez pentsatzen dugu:
- Gizakien arteko harremanetarako baliatzen diren heinean, hizkuntza guziak maila berean kokatzen direla
- Hizkuntza guziek balio berdina dutela, hizkuntza horien hiztunek dignitate berdina duten bezalaxe
- Hizkuntza guziek, berez, garatzeko gaitasun berdina badutela
- Hiztun guziak berdintasunez tratatu behar direla eta bakoitzak bere hizkuntza eskuratu eta transmititu, erabili eta garatzeko eskubidea duela, arlo pribatuan zein publikoan
Printzipio horiek kontuan harturik, gure hizkuntzen aldeko legezko antolaketa juridikoa aldarrikatzen dugu baita ere hizkuntza politika ausart eta eraginkorren ezartzea gure lurraldeetan, lortu beharreko helburuak finkatzen dituztenak eta berauek garatzeko beharrezkoak diren giza eta diru baliabideak ukanen dituztenak. Instituzio bakoitzak doazkion eginkizunak bete behar baditu ere (herriek, Herri Elkargoek, Eskualdeek), Estatuari doakio legedia egokitzea (Konstituzioa aldatzea, lege berezia ezartzea, eskualde hizkuntzari koofizialtasun estatutua ematea lurralde batek hala eskatzen baldin badu...).
Aldarrikapen horiek guziek helburu bakarra dute: gure hizkuntzak biziaraztea eta erabili nahi dituztenei horretarako parada ematea.
2008: Hizkuntzen Nazioarteko Urtea!
Gure hizkuntzen garapenaren alde har daitezkeen neurri batzuk
- Bizi publikoan:
- Irakaskuntzan:
- Murgiltze irakaskuntzaren eta oren parekotasunezko irakaskuntza elebidunaren eskaintza zentro guzietan proposatzea, ama eskolatik unibertsitateraino.
- Gure hizkuntzen eta kulturen ekarpenak ezagutzen oinarri amankomunean integratzea.
- Helduei begirako irakaskuntza berezia garatzea, formakuntza profesional publikoa eta pribatuaren baitan ere bai.
- Eskaintza politika orokorra garatzea etengabeko formakuntza arloan.
- Hedabideetan:
- Gure hizkuntzetan emititzen dituzten irrati eta telebista zerbitzu publiko osoa sortzea.
- Gure hizkuntzak zabaltzen laguntzen dituzten operadore pribatuentzat (elkarte irratiak, telebistak, prentsa, hedabide berriak) laguntza berezia ematea.
- Kultur arloan, sorkuntzan eta garapenean:
- Gure hizkuntzetan garatu sorkuntzak sustatzea, argitalpena, antzerkia, ikusgarri biziak, zinema eta musikaren aldeko politika berezia eramanez, maiz itzalean diren kulturak ezagutzeko parada izan dezan jendeak.
(ANEM OC, Okzitania; CONSEIL CULTUREL DE BRETAGNE, Bretainia; CULTURE ET BILINGUISME D'ASLSACE ET DE MOSELLE, Alsazia; EUSKAL KONFEDERAZIOA, Euskal Herria; LA FEDERACIÓ, Katalunia; LOFIS, TIKOUTI ET L'ASSOCIATION DES ENSEIGNANTS DE CRÉOLE, Réunion Uhartea; PARLEMU CORSU, Korsika)
|