|
Agian berandu samar da orain lau-bost urteko artikulu bati erantzuteko (Yo sé EN español / Gotzon Lobera Revilla / 2003-12-12 / erabili.com), baina gaur egin dut artikuluarekin topo eta gaurkoa zelakoan hasi naiz erantzuten. Hala ere hemen, nahi duenarentzat, oraindik ere baliokoa datekeelakoan.
Ez daukat ezer Gotzon Loberak artikuluan aldarrikatu nahi duen espirituaren kontra. Niri ere, berari bezala, euskarazko aho eta idatzizko tradizioa ezagutzea, gorde eta zabaltzea iruditzen zait, euskara maitatzeko bide kuttun izateaz gain, baita ere bide hoberena datorkigukeen zeinahi berrikuntza ere bere balioan juzgatu eta bere onartu edo baztertzeko. Izatez gerotan iraganaren eta tradizioaren ez-ezagutzak garamazke galera bidera, edo bide okerrera, nola presentearen ez-ezagutzak ere gure etxe txokotik haragoxean.
Baina tradizioaren ezagutzea ezinbesteko ere bada inork ausartu gura duenean hizkuntza erabileraren bat gaitzesten edota bultzatzen. G. Loberak artikuluan "euskara jakin" esaera anatemizatu nahi du ozen: «... euskaraz gero eta sarriago agertzen zaizkigu honelako esamoldeak: "Nik euskara dakit", "nik ez dakit euskararik" eta abar. (Jakina, egitura horren azpian "yo sé euskara" eta "yo no sé euskara" espainierazko esamoldeak daude.) Garbi dago hori espainierakada dela, ... Izan ere, euskaraz, betidanik esaten izan da "Nik badakit euskaraz" eta "nik ez dakit euskaraz". // Eta azken esamolde horiek beti erabiltzen izan dira (gaur egun ere bai erabiltzen dira euskaldun arrunten artean), betiere, azken urteotan badator erabilera "berri" hori, nondik eta, gehienbat, irakaskuntzaren arlotik,...».
Harritu nau debeku nahiak 1997rako argitaratua delako Orotariko Hiztegiaren X. alea (Jad-Kop), eta bertan argi dio jakin sarreran (47-8): "Saber, conocer un idioma (con instr[ umental ].) Documentado sobre todo en textos meridionales. La construcción con absoluto es frecuente en textos septentrionales." Eta segidan agertzen ditu hainbat adibide gogoangarri, Bernat Etxeparenetik hasita (hegoaldekoak beltzaskaz) -azken bi adibideak partitiboz ere-:
- Heuskara ez iakin harren. (B. Etxepare)
- Zenbait aphur dakidala eskara. (Etxeberri Ziburukoa)
- Nihork ezin jakin baitzetzakeen munduko hitzkuntza guztiak. (Etxeberri Sarakoa)
- Aurtasunean diña euskar ere ez dakitela. (Mendiburu)
- Eskuara baizen ez dakiten arima ... (Baratziart)
- Ain ederto jakin euskeria ta ... (J.A. Mogel)
- Jakin izan balute erdera bezein ondo gure euskera. (V. Mogel; eta bere beste 2 adibide ere)
- Euskera ez jakin arren. (J.I. Arana)
- Anglesa dakienak daki. (M. Elizanburu)
- Frantsesa jakin gabe. (Hiriart Urruti)
- Eskuara nahiz jakin. (Oxobi)
- Hitzik [ sic ] yakin gabe hango mintzaira. (Manezaundi)
- Badaki ba euskara ene alabak. (J. Etxepare, eta beste bat ere)
- Frantsesik ez dakitener. (Etxamendi)
- 313.000-k baizik ez zekiten engelerarik. (Mirande)
Ez dut nik esango euskaraz jakin ohikoa ez denik (OEHk 15 adibide dakartza oker ezean, baina 18 euskara jakin itxurakoak). Edozein dela ere norberaren erabilera edo intuizioa, aurrerantzean ezin inor ausartu liteke arau bat ematen, aurretik gure corpus gero eta eskuragarriagoei begiratu bat egin gabe. Ez da jakitea, da konturatzea azken mendean izan dugun euskara transmisio sozial eta kultural eskasarekin gure jakinduria partikularra oso eskasa dela oro har.
Eta euskara hitz egin, euskara berba egin, euskara mintzatu, euskara mintzo izan?
Esango litzateke hitz egin eta berba egin aditz lokuzioek objektua berekin daramaten neurrian ezingo luketela euskara bezalako beste objektu bat jaso absolutiboan, eta bai ordea instrumentalean (Euskaraz hitz egiten, Mitxelena, OEH -adibide bakarra-) edota inesiboan (Euskara Sartaldekoan ... -J.I. Arana-, Bizkaiko euskalkian -Alzola- berba egin -adibide bakarrak-). Baina hauekin ere aurkitu liteke inoizka hizkuntza absolutiboan emana, lehen eta orain:
- Ez eban Jesu Kristok euskerarik berba egin. (J.A. Mogel, Peru Abarka).
- Ezin jakin zehatz-mehatz nolako euskara hitz egiten zen XVI. mendean (K. Zuazo, Euskararen sendabelarrak 31 -Ereduzko Prosa Gaur-).
- Hemen ez da gaztelania bakarrik hitz egiten: katalana, galiziera eta euskara ere hitz egiten dira. (K. Berasain, Berria 2005-05-12 -Ereduzko Prosa Gaur-).
Antzekoa pentsatu liteke mintzatu aditzaz, baina Herria astekarian euskaraz mintzatu eta euskara mintzatu biak ageri dira maiz, nahiz bi aldiz gehiago lehenaren itxurakoak. Eta tradizioan ere badira halako hainbat adibide (OEH):
- Eskuara dezagun ... mintza ... (Arbelbide)
- Bai amak, bai alabek, mintzatzen dute eskuara. (J. Etxepare)
- Egiazko azkaindarrek behar lukete ... euskara mintzatu. (Zerbitzari)
- ..., ez balitz ... ezkuara mintzatu. (Arradoi)
- Kornubiera mintzatu izan d[ a ]... (Mirande)
Eta antzera gertatzen da egin aditzaren erabilerarekin ere hitz egin edo mintzatu adieran darabilgunean. Arrunta izanen da instrumentala erabiltzea, edota are inesiboa. Baina absolutiboak ere arrunta dirudi:
- Zer euskera egiten dozuen emen? (Holmer, Gernika)
- Euskera egiten dezu. (V. Mogel)
- Etxe onetan euskera egin bearko dozu... (Etxeita)
- Lotsaria bezela euskera egitea. (Jan-edanaren Bertsoak).
Zertan aritu behar dugu arau eta debeku berriak asmatzen euskal tradizioaren gainetik? Hizkuntzak ez dira logika hutsa, baizik gizakiek historian eraikitako tresna, askotan nahasiak, baina gureak, eta ez dute zertan izan aukera bakarra, unibokoa, egoera bakoitzerako, matematikan bezala. Beste gauza bat zenbait kasutan komenigarri ikustea tradiziozko hainbat erabileraren artean aukeratzea, baina lan hori Euskaltzaindiaren esku utzi dugu eta beti espero izan dugu tradizioa ahalik eta hobetoen ezagututa eginen zuela aukera. Eta hala biz aurrerantzean ere.
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakasle da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)
Bittor Hidalgok erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
|
|
Iruditzen zait da inozokeria aritzea stigmatizatzen edo areago txarrago dena kondenatzen edo kondenatu nahian erabilera hon esaldia euskara berba egin gomendatuz edo imposatuz edo imposatu nahiz bortxa akademikoz behar genduke esan eta erabili skrituz euskaraz berba egin.
Hemen, euskarazko munduan, nabarmendurik exemplu hontan, ikusten dut spiritua hon kontrolatu dena eta ere guzia, spiritu inquisitionala, izaten bada edo balitz ere fede onaz edo inkluso federik onenaz eta bedeinkatuenaz.
Personeak, euskaldunak, individualki edo ere kollektivoki ez al du behar libertatea expresatzeko behintzat autonomoki kin margen handixko eta flexibleak dadintzat expresa ampleki eta ahalik hobekien eta gustosoen (gogoan dezagun har ere zuzen personal individualak -zein ez bait da konzeptu huts irrelevante bat-) ?
Gogora etotzen zait, kasurako, nola inglean esaterako idatzi ahal da nahi duenak I am eta ere nahi lukeenak zeren berak nahi bait lu -eta eman beharrik gabe deus explikationerik- I'm, eta mila gehiago horrelako.
Non du euskaldunak margen personala erabiltzeko hizkuntzea nahi duen bezala? Nork dute propietatea euskararena? Zenbaitzuk uste daroe ze dira euskararen propietario, propietario bakar. Horiek ez dute besterik egiten baizik bildurtu euskalduna eta paralyzatu euskara.
Gora libertatea behintzat noiz da dago deusen harrikurik edo porrokatzerik. Dezagun molda euskara guk geuk euskaldunok beti ere barruan kriterio general aski zabalak eta irekiak baina ez barruan normativismo eta normak, gutiago barruan norma absurdo estridente nniminno intranzendentalak.
|