Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskaraz eskatzea ez da saltzaileari erasotzea

Euskaraz eskatzea ez da saltzaileari erasotzea

2008-04-15 / 08:30 / Malores Etxeberria   HIZKUNTZA

Lan kontuengatik Bartzelonara joandako bi lagunek ekarri zidaten orain dela hilabete inguru Gracia auzoan dagoen La Bodega jatetxe eleganteko karta bat, opari, gaztelaniaz eta euskaraz idatzia.

Afaltzera joanda, zerbitzariak karta zein hizkuntzatan nahi zuten galdetu omen zien eta gure lagun hauek, erdi txantxetan, euskaraz nahiko luketela erantzun, eta zerbitzariak ekarri. Gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako kartak ikurrina txiki bat dauka gainean, beste hizkuntza batzuetatik erraz bereizi ahal izateko, eta euskaraz oso txukun idatzita dago.

Kosovok independentzia aldarrikatu berria zuen egun haietan eta, gure lagunen harriduraz ohartuta, karta Kosovoko hizkuntzara ere itzultzen ari zirela esan zien zerbitzariak.

Buruntzaldeko udaletatik duela gutxi egin dugu Eska ezazu ogia euskaraz izeneko kanpaina bat eskualdeko okindegietan, ageriko elementuetan euskararen presentzia areagotzeko eta bezero euskaldunak erosketetan euskara erabiltzera bultzatzeko. Bezero asko dituen okindegi batek ezetz esan zion kanpainan parte hartzeari, proposamena behar bezala aztertzeko tarterik ez zuela izan argudiatuta. Kanpaina herritarren gustukoa izan da eta, dirudienez, zenbait bezerok galdetu egin diete okindegiko langileei ea zergatik ez diren sartu kanpainan. Arduradunak, herritar horien jarrera ikusita, Udalera inguratu dira kanpainarekin bat egin nahiko luketela adieraziz.

Bistan da Buruntzaldeko okindegi batek Bartzelonako jatetxeak baino bezero euskaldun gehiago jasoko duela egunero, baina oraindik ez da jabetu eguneroko bezero euskaldunei zerbitzua euskaraz ematea garrantzitsua dela berauek fidelizatzeko. Plaça Molina-ko jatetxea, berriz, konturatua dago askoz bakanago jasoko dituen bezero euskaldunei karta euskaraz ere eskaintzea ona dela negozioarentzako.

Kontsumitzaileen legearen garapenerako dekretua batzuen eta besteen ahotan dabil egun hauetan eta, agian, betebeharren bat ezarriko die Autonomia Erkidegoko zerbitzu emaileei, bezero euskaldunen eskubideak bermatzeko. Baina, legeaz gain, bezerook ere zeregina badugula uste dut eta eragina ere bai. Hizkuntza aldetik jarrera aktiboagoa izan behar dugu eta horretarako prestatu. Prestatu, argudio eta diskurtso egokiak erabiltzeko, ahalik eta modurik erosoenean jarduteko, lehenengo saiakeran ez erretzeko, eta, ahal bada, aurrean duguna konbentzitzeko. Nago, jarrera aktibo hauei karga negatiboa egotzi zaiela maiz, jarrera intolerantetzat hartuak izan direla, eta gehienetan egonezina eragin dutela inguruan. Hizkuntza normalizazioan egin dugun bidea eginda, ordea, eta daukagun ezagutza mailarekin, oso errespetuzko jarrera dela uste dut eta jendartean sustatu eta prestigiatu beharrekoa.


(MALORES ETXEBERRIA ARRESE Hernaniko Udaleko euskara teknikaria da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com