|
Hedabideetako testuak zenbakiz beteta egoten dira, eta ekonomiaz diharduten albisteetan, zer esanik ez. Burtsaren gaineko informazioetan bada gaztelaniaz behin eta berriro errepikatzen den esapide bat: «el Ibex 35 ha superado los trece mil puntos». Euskaraz, bere horretan kalkatu da esaldia inoiz: «Ibex 35 indizeak hamahiru mila puntuak gainditu ditu». Ez dirudi esaldi hori aukerarik onena denik. Dena dela, garbi dago zer eman nahi den aditzera era horretako egituren bidez: marka bat, kota bat, mugarri bat.
Adina
Adina
Gaztelaniaz badago adina adierazteko formula bat, gorago beltzez nabarmenduriko egituraren antzekoa dena.
- A los trece años me mandaron a estudiar a Italia.
- Antiguamente la mayoría de edad no llegaba hasta los veintiún años.
Esapide horiei garbiro antzematen zaie mugarri-kutsua. Euskaraz, baina, kutsu bera izan arren, ez genuke pluralera joko, mugagabera baizik.
- Eskolarat sei urtetan hasi ninduzun.
- Gure amonak hamazazpi urterekin izan zuen lehen haurra.
Indizeak
Hizpidea eman digun esaldia, beraz, ez genuke pluralaren bidez moldatu behar, beste era honetara baizik.
- Ibex 35ek hamahiru mila puntuko maila gainditu du.
«Maila» hitzaren bitartez mugarri-kutsua azpimarratzen dugu, baina badira beste aukera batzuk, hain higatuta ez daudenak.
- Ibex 35 hamahiru mila puntutik gora jarri da.
- Nikkei indizeak 12.000ko marka gainditu du.
- Nasdaq 2.200 puntuko marraz azpira jaitsi da.
Beste batzuk
Burtsako indizeetatik kanpo, gaztelaniaz askotan aurki daitezke «los trece mil puntos» erako egiturak, betiere mugarria edo marka aditzera eman nahi denean.
- El agua hierve a los cien grados centígrados.
- Tardamos tres horas en ascender hasta los 2.000 metros.
- Euskaltel ha llegado a los cuatrocientos mil clientes en febrero.
Euskaraz txartzat emango dugu mugatu plurala. Aukerak hainbat dira.
- Urak ehun gradu zentigraduan irakiten du.
- Hiru ordu behar izan genuen 2.000 metroko kotara igotzeko.
- Euskaltel laurehun mila bezero edukitzera iritsi da otsailean.
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
- Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN
|