![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Iñaki Zabaleta (eta beste lau irakasle) / Bestelakoak / 2008-03-17 / 07:00
Europa, gehien bat, "Estatuen Europa" da eta nahiko bazterrean gelditzen dira beste errealitate batzuk, "Hizkuntza txiki eta/edo gutxituen Europa" adibidez, nahiz eta 27 Estatu eta 23 hizkuntza ofizialeko Europar Batasunean badiren berrogei milioitik gora hiritar hizkuntza gutxitu bat erabiltzen dutenak.
Hizkuntza guztien, eta beren komunitateen, garapenean tresna garrantzitsuak dira hedabideak, ez bakarrik funtzio estandarrak betetzeko (zaintza edo informazioa, ebaluazioa, korrelazioa, eta entrenimendua) baizik baita beste zeregin batzuk bideratzen laguntzeko ere: mintzairaren hedakuntza eta hobekuntza, eta herri edo nazio identitatea, besteak beste.
Europar hamar hizkuntza gutxituren hedabideak eta kazetaritza aztertu dugu UPV-EHUko ikerketa-talde batek hainbat urtetan: euskal, katalan, galiziar, korso, bretoi, frisiar, eskoziar gaeliko, gales, irlandar eta sami hizkuntzetakoak. Hamaika milioi hiztun inguru dituzte komunitate hauek, eta hogeita hamar milioitik gora bizilagun guztira. Ikerketaren emaitzak nazioarteko hainbat kongresu eta argitalpenetan ematen ari gara eta hemen ere aurkeztu nahi ditugu. Seguruaski, maila orokor eta konparagarri honetan, Europan lehen aldiz egin da honelako ikerketa zabal eta landua, komunitate guztietako hedabideak zuzenean bisitatuz, arduradunak eta adituak elkarrizketatuz, eta 230 kazetari inkestatuz.
Eduki edo programazioaren % 70etik gora hizkuntza gutxituan duten hedabideak milatik (1.024) gora dira (hedabide elebakarrak edo monolingueak deitzen ditugu). Katalanez 810 hedabide (% 79), euskaraz 109 (% 11), gallegoz 45 (% 4), galeseraz 17 (% 1'7), irlanderaz 11 (% 1), bretoieraz 12 (% 1), frisieraz 10 (% 1), samieraz 5 (% 0'5), korsikeraz 3 (% 0'3) eta eskoziar gaelikoz 2 bakarrik (% 0'2). Beraz, komunikazioaren esparruan, Europako beste hizkuntzekin alderatuta, garapen aipagarria dute espainiar Estatuan dauden hirurek. Ondoren, lau komunitate datoz, hedabideen kopurua 10-20 artean dituztenak, eta azkenik, samiera, korsikera eta eskoziar gaeliko hizkuntzak, 2-5 hedabideko sardean.
Hamar komunitate horietako hedabideetan (ia) lanaldi osoz behar egiten duten kazetariak 5.305 dira eta beren portzentaje-banaketa ia bat dator mapako balioekin. Gogoan izan behar da, autore batzuren iritziz, Inglaterran 15.000 kazetari inguru omen zeuden orain dela urte gutxi.
Maparen datu horiek mota guztietako hedabideak hartu dituzte barruan, hala hedapen txiki edo tokikoak nola komunitate osora heltzen direnak. Begirada zorrotzago jarriz, alegia, edukiaren % 70tik gora hizkuntza propioan eta soilik zabalkunde eta eduki orokorrak eta eguneroko edo asteroko maiztasuna dutenak hartzen baditugu (egunkari, astekari, irrati, telebista), emaitzak oso eskasak dira komunitate batzuetan eta justukoak besteetan. Korsoek ez dute egunkari, astekari, irrati edo telebistarik beren hizkuntzan; bretoiek astekari bat soilik, ekimen sozialak sortua; eskoziarrek irrati bat, BBCren kanala; frisiarrek irrati eta telebista publiko bana; samiek bi astekari pribatu eta irrati publiko bat, nahiz eta 70.000 bizilaguneko komunitatea den; galestarrek bi astekari pribatu eta irrati eta telebista publiko bana; eta irlandarrek eta gallegoek egunkari, astekari, irrati eta telebista bana. Euskaldunak eta katalanak dira garapen handiena dutenak: lehenek egunkari bat eta bigarrenek bost egunkari (gogoan izan behar da komunitate linguistikoez ari garela, ez politikoez).
Ondorioa da zazpi komunitate txikienetako hedabideen errealitatea garapen-gradu minimo eta bizi-iraulean dagoela, hortik gora egiteko ia indarrik gabe. Galizia eta Euskal Herria erdibide batean aurkitzen dira, minimoak bermatuta baina arazo estruktural batzuk ajetuta. Katalanezko hedabideen mapak egoera ia normalizatu baten itxura dauka, hainbat puntutan arazoak dauden arren.
Azkenik, hamar komunitateak batuz, ikusi dugu hedabide elebakarren % 32 pribatua dela (gehienbat prentsa idatzia), % 45 publikoa (irrati eta telebista) eta % 23 soziala (denetatik). Pribatu eta soziala batuz % 55era heltzen da portzentajea, alegia, publikoarena baino balio handiagoa. Iritziaren tokiak datuen ondoren etorri beharko du.
(IÑAKI ZABALETA URKIOLA UPV-EHUko Kazetaritza katedraduna eta HEKA ikerketa-proiektuko zuzendaria da. Ikerketa taldeko kideak: NIKOLAS XAMARDO, ARANTZA GUTIÉRREZ, SANTI URRUTIA eta ITXASO FERNÁNDEZ
![]() | Inprimatu |