Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskarak Euskal Herria. Euskal Herriak Independentzia!

Euskarak Euskal Herria. Euskal Herriak Independentzia!

2008-03-10 / 07:00 / Unai Larreategi eta beste 34 sinatzaile   BESTELAKOAK

Euskal Herria eta euskara, herri eta hizkuntza zapalduak. Bere buruaren jabe izan nahi, geure buruaren jabe izan nahi, baina etengabe zapalduak. Euskal Herriak eta euskarak salbuespen-egoera bizi dute. Belaunaldiz belaunaldi euskaldunon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratuak izan dira; bizitza sozialaren eremu guztietan ez dira euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatu; euskarari garapen osoa izateko aukera ukatu zaio; euskararen lurraldea zatikatua izan da. Oraindik euskarak ez du etorkizuna ziurtatua, are gehiago, euskaldunak ez gara aske geure hizkuntzaren etorkizuna ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta abian jartzeko.

Egoera hau ez da kasualitatea inondik inora ere, ez eta euskaldunok aukeratutakoa ere. Jazarpen eta ezintasun honek guztiak erantzule argiak ditu: Espainiar eta Frantziar estatuak. Euskal Herria zatikatu eta asimilatu nahi dute, eta honetarako ezinbestekoa dute herri honen izaeraren muina osatzen duen euskararen desagerpena. Euskararen aurkako neurri oro herri honen aurkako eraso zuzena baita, herri hau deuseztatzeko ahalegina baita.

Horregatik diogu euskarak ez duela etorkizunik muga hauen baitan; euskarak ez duela etorkizunik bere lurraldea onartu ez eta zatitzen dutenen baitan; euskarak ez duela etorkizunik beste hizkuntza batzuen menpeko den bitartean.

Eta horregatik nahikoa dela diogu. Euskara eta Euskal Herria gutxiesten eta zapaltzen dutenen aurrean planto egiteko sasoia dugu. Zapalkuntza honi harresia jartzeko garaia da, salbuespen-egoera hau eten beharra daukagu. Bada garaia euskaldunok euskararen etorkizuna geure eskuetan hartzeko, bada garaia Euskal Herriaren etorkizuna geure egiteko. Inposizioen gainetik, geure buruaren jabe. Inposizioen gainetik Euskal Herriak eta euskarak ezinbestekoa dute aldaketa politikoa. Euskararen lurraldea eta euskaldunon erabakia aintzat izango duen aldaketa politikoa.

Aldaketa politiko horrek Euskal Herriaren izaerari erantzun behar dio. Adierazpen honekin bat egiten dugunok argi dugu: Euskal Herri euskalduna nahi dugu. Izan ere, euskaldunak gara, euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta Euskal Herrian euskaraz bizitzeko hautua egina daukagu.

Euskal Herria euskalduna dugulako helburu hain zuzen ere, derrigorrezkoa dugu Independentzia. Independentzia da Euskal Herri euskalduna bermatzeko ezinbesteko baldintza, baina ez nahikoa hala ere. Euskal Herria euskalduntzeko herri-gogoa ere beharrezkoa baita. Ziur gaude, herri honen gehiengoak baduela gogoa, baduela borondatea, herri honen euskalduntzean bere hondar-alea jartzeko. Euskal Herria estatu izateak gainera, euskaldunon esku jarriko ditu berreuskalduntze prozesua bururaino eramateko bitartekoak; euskara menpeko hizkuntza izatetik Euskal Herriko hizkuntza nazionala eta lehentasunezkoa izatera bideratuko duen hizkuntza politika garatu ahal izateko.

Deia luzatzen diogu bada euskaldun orori, euskaltzale orori, inposizioen aurrean harresia eraiki eta Euskal Herria euskalduna eta askearen aldeko borrokan bat egiteko.

Gora Euskal Herri euskalduna!

Gora Euskal Herri burujabea!


(UNAI LARREATEGI eta euskalgintzako beste 34 sinatzaile)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com