|
Legealdi honen hasieran, gure konpromisoak gizartearen aurrean aurkeztu genituenean, alor sozio-ekonomikoa lehentasunezko esparrua izango zela adierazi genuen. Alor horretarako, besteak beste, enpresetako euskararen erabilera gaur egun organizazio pribatuetan indarrean diren kalitate-parametroen arabera modu sistematizatuan aitortu eta ebaluatzeko prozedura finkatzeko konpromisoa hartu genuen, horretarako espresuki ziurtagiria sortuz edota jadanik organizazio pribatuetarako finkaturik dauden kalitate-ziurtagirietan euskararen aldagaia txertatuz.
Gaur esan behar dugu honetan ere emandako hitza bete eta aurrerapauso nabarmenak eman ditugula, eta eskuartean duzuen Agindua horren adierazle da.
Maiz esan dugu euskara berreskuratzeko eta euskara gizartean erabat normalizatzeko eginbehar honetan elkarren osagarri direla herri aginteak eta gizartearen ekimena. Legeak, dekretuak, planak... denak dira beharrezkoak hizkuntza minorizatuaren egoerari aurre egiteko; baina beharrezkoagoa da, ordea, hiztunen borondatea, hiztunen jarrera, hiztunen konpromisoa.
Gobernu Batzordeak atzo onartutako Agindua, testuinguru horretan ulertu behar da: Agindua beharrezkoa da, bide berri bat irekitzen du, laguntza eta babesa eskaintzen ditu euskara normalizatzeko bide honetan...; baina, Aginduaren indargunea eta benetako balioa gizartean bertan dago, eta, bereziki, enpresen eta erakundeen konpromisoan eta borondatean.
Euskara enpresetan integratzeko ahalegina ez da kontu berria. Azken 30 urte hauetan asko izan dira ahalegin honetan indarra jarri duten enpresak eta euskara plana garatzen eskarmentu handia dutenak; eta horregatik uste dugu garaia iritsi dela esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egiten ari diren saioak eta plangintzak ebaluatzeko eta errekonozitzeko, era bateratu eta sistematizatuan.
Helburu horrekin sortu da iazko abenduaren 17an jendaurrean aurkeztu genuen Bikain ziurtagiria. Bikain Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duena, eta enpresa zein erakundearen euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena.
Ebaluazio sistema 2007. urtean landu eta testeatu zen proiektu pilotuan parte hartu zuten bederatzi enpresen laguntzarekin. Bidelagun izan ditugun enpresa hauek dira: Eika, ELAY, Elkargi, Eroski, Euskaltel, CEGASA, Fundación Matia, Goiena, eta Makina Erremintaren Institutua.
Bestalde, lan honetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera Artezkaritza Kontseiluan diren Euskalit Elkargoa, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiak, EUDEL, eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresari elkarteak izan dira; hauekin batera, baita Ziurtagiriaren Kudeaketa Batzorde Eragileko partaide den Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa ere.
Artezkaritza Kontseiluak otsailean izandako azken bileran onartu eta ontzat eman du ebaluazio sistemaren azken egokitzapenak. Hortaz, euskararen kalitate ziurtagiri ofizial, publikoa eta doakoa gizarte osora zabaltzeko prest dago. Bihartik aurrera, beraz, ziurtagiria eskuratu nahi duten enpresek beraien eskabidea egiteko aukera izango dute.
Eta zer eskaintzen die Bikain Ziurtagiriak erakundeei?: EAEko herri-erakundeen aitortza ofiziala izatea; euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko ikasbidea izatea, kanpoko adituen eskutik; euskara-planak sustatzeko diru-laguntzetan bestelako baldintzak izatea aurrerantzean; etorkizunean arlo honetan finkatuko diren abantailez baliatu ahal izatea; eta azkenik, etengabeko hobekuntzaren kulturan eta dinamikan sartzea.
Ebaluazioak talde ebaluatzaile baten eskutik egingo dira eta Euskalit erakundea arduratuko da ziurtagiriaren kudeaketaz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin sinatutako hitzarmenean adostu dugun moduan.
Amaitzeko, esparru sozioekonomikoarekiko konpromisoaren adierazle diren beste bi ekimen nagusi aipatu nahi ditut: batetik, LanHitz programaren eskutik enpresaz enpresako sustapen lana; aurten beste 1.000 enpresengana heltzeko helburua dugu. Bestetik, enpresetarako diru-laguntza deialdia, 2.690.000 euroko laguntza deialdia hain zuzen; urteko planak aurkezteko epea amaitu berria denean 160 eskaera inguru izan dugu, hau da, iaz baino % 10 gehiago.
Beraz, baikorrak izateko arrazoiak baditugu. Egindako ahaleginak bere emaitzak erakusten hasi dira eta, zalantzarik gabe, bide horretan Euskararen Kalitate-Ziurtagiria oso pauso garrantzitsua izango da euskara ez ezik enpresak ere indartzeko. Euskararekin eta Ziurtagiriarekin enpresek ez dute zer galdurik; guztia dute irabazteko.
(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)
Ildo bereko artikulua (ikusteko gainean sakatu)
|