Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Boto zenbaketa

Asier Larrinaga Larrazabal / Hizkuntza / 2008-03-07 / 07:00


Gure irrati eta telebistetan hauteskunde-saio berezia hauteslekuak itxi bezain laster hasi ohi da. Ordu pare batez, boto-zenbaketaren lehen albisteak heldu arte, kazetariek boto-arakaketaz eta inkestaz asetzen dute ikus-entzuleen jakingura. Esaten dutenari arreta apur bat eman ezean, kazetariek denbora osoa igaro lezakete «hain alderdik honenbeste eserleku lortuko lituzke» formula nekagarriria errepikatzen.



Aurreikuspenak

Aurreikuspenak

Boto-asmoari buruz galdetuz gero, EUSTATek aldian behin egiten duen bezala, egoera hipotetikoa dela ulertzen dugu. Emaitzen berri ematean, beraz, «hauteskundeak gaur izango balira» esaldia presente egongo da denbora guztian.

Boto-arakaketa batean, egoera ezberdina da. Hasteko, botoak emanda daude, eta inkestatuei emandako botoaz galdetzen zaie. Arakaketatik atera diren datuen berri ematean, gehienez ere inkestatuen zintzotasunari buruz izan dezakegu zalantza: «inkestatuek egia esan badute», «galdekatuek zintzoki erantzun badute»... Hau da, balu / luke bikotea "jokoz kanpo" dago.

Beste modu batean esanda: aurreikuspenak egiteko, geroaldi arrunta erabiltzen dugu, esaterako, eguraldiaren gaineko informazioa ematen dugunean bezala: «euri asko egingo du, eta tenperatura ez da 18 gradura helduko».

Erabateko ziurtasunik gabe

Pentsatzekoa denez, kazetariak zer edo zelan adierazi behar du ematen dituen datuak ez direla erabat ziurrak, ez direla behin betikoak. Horretarako, alde batetik, informazioaren jatorria aipa dezake, -ren arabera, -ren esanetan, -ren haritik, -nez edo antzeko esapide bat erabiliz.

Aditz egokiak erabiltzea ere oso erabilgarria da. «Aurreikusi» eta «iragarri» aukera-aukerakoak dira testuinguru honetan.

Baliabide horretara joz gero, oso traketsa -eta, itxura batean, okerra- da «irabaziko lituzke» erako adizkiak erabiltzea.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1204713829