Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zein da independenteagoa eta pluralagoa?

Zein da independenteagoa eta pluralagoa?

2008-02-29 / 07:00 / Joxan Lizarribar   BESTELAKOAK

Beren gustukoa ez den oro ETA dela eta ondorioz itxi, legez kanpo utzi eta deuseztatzekoa den teorian oinarrituta, duela bost urte Egunkaria itxi zuten. Hain zuzen ere, otsailaren 20an, Martin Ugalde Kultur Parkean ehunka lagunek Espainiako Auzitegi Nazionalak duela bost urte bidegabeki Egunkaria itxi izana gogorarazi eta salatu zuten, epaiketara bidean diren akusatuei babesa emanez.

Biharamunean, Euskadi Irratian, Miren Azkaratek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Berria sortu zen modua ez zela egokia izan eta egunkari hau ez dela zabala esan zuen, eta "sektore bati" begira aritzea leporatu zion, enegarrenez. Ondoren, hainbat egunkaritan argitaratutako artikulu baten bidez, Patxi Baztarrikak esan du Egunkaria-k eta Berriak kanpoan utzi dituztela "ezker abertzale ofizialekoak ez direnak".

Zertara dator hau dena, eta zein da Kultura Sailaren asmoa? 2003ko martxoaren 6an, Miren Azkaratek "Errautsak Zimentarri" izeneko artikulua idatzi zuen Egunero-n; "bere buruaren jabe izango den egunkaria" egin behar zela idatzi zuen aurrekoa nahiko zabala ez zela esanez, eta Egunkaria-ko langileek, hiru egun geroago argitaratutako "Elkarlana, independentziatik" izeneko artikuluan, honela erantzun zuten: "Azkarateren artikuluan ez genuke bestelako esku-hartzerako asmo ezkuturik ikusi nahi, ez dugu uste euskarazko egunkaria izaera zabal, baterakoi, independente eta profesionaletik aldendu nahi duenik, eta ez dugu uste erabaki judizial bidegabe batek suntsitu duen proiektu baten errautsen gainean beste ezaugarri batzuetako proiektu baterako zimentarriak jarri nahi dituenik".

Egunkaria itxi eta kalean geratu zen talde hark egunkari berri bat egiteko zuen zilegitasuna beste inork ez zuen zalantzan jarri, kontrakoa baizik: euskal gizarteak bat egin zuen taldearekin eta haren egitasmoarekin, eta berebiziko laguntza eman zion, EKTk proiektua abia zezan. Dirudienez, langile ohiek lortu zuten konfiantza hura denek ez dute gustuko izan.

Auzitegi Nazionalak bere gustuko ez dituenak desegin nahi dituela genioen hasieran, eta Azkaratek zein Baztarrikak ere gauza bera nahi dutela dirudi. EKT ez zen sortu eurek nahi zuten doinuan, eta ondorengo dantza ez zaie gustatzen; ondorioz, euren iritzian oinarrituta, kargu publikoak erabiliz, Berriaren zabaltasunik eza salatzen dute. Erabat ezohikoa den eran, egunkari baten izaera kritikatu egin dute, baina zergatik kritikatzen dute egunkari bakarra? Ez ginateke harrituko gainontzeko medioekin gauza bera egingo balute, baina ez da hala gertatzen. Lehen aldia da 30 urte hauetan Eusko Jaurlaritzako kargu publikoek iritzi artikulu bidez hedabide bat kritikatu dutena -eta ez da hau euskarazko hedabide bakarra, ez diru laguntzak jasotzen dituen bakarra, arrazoiak horiek badira, behintzat-. Ezin da ulertu zertara datorren Berriarekiko herra hori.

Berria ez omen da euskaldun guztiena. Baina zertan oinarritzen dira hori esateko? Ba al dago euskaldun ororentzat ona eta baliagarria den hedabiderik? Denok dakigu hori ezinezkoa dela, eta, agian, horregatik esango zuen Azkaratek berak Euskadi Irratian "agian, ez dakit, ametsa da edo ezinezkoa da guztiona izatea". Berria ez da euskaldun guztiona izango, baina euskaldun guztiek dute tokia Berrian.

Ia bost urte egitera doan Berriaren aleak hartu eta talde independente baten esku azterketa ahalik eta objektibo eta serioena egin dadin bideak jarriko ditugu EKTn, eta izango dugu horretaz hitz egiteko aukera. Baina, bitartean, EKTren administrazio kontseiluak zenbait gauza esan behar ditu:

  • Gizarte ekimenetik sortutako enpresa dugu EKT, enpresa pribatua, bere baitan eta independentzia osoz egituratuta dauzkanak enpresa orok dituen erabakiguneak. Era guztietako 20.000tik gora akziodunen konfiantzak emandako pluraltasuna du, eta hori garatzen du egunero Berrian eta gainontzeko hedabideetan. EKT eta Berria ez dira ez ezker abertzalearen menpeko, ez beste inolako indar politikoren menpeko. Horixe da, agian, kritika guztien oinarria, ez dutela kontrolatzen.
  • Berriak beti egiten du lan bere orrietan herri honetako adierazpide politiko eta sozial orok isla izan dezan. Era guztietako berriak argitaratu dira (baita tartean berari mesede handirik egiten ez diotenak ere, eta gaurko orrietako Patxi Baztarrikaren artikulua da horren adibide -eta hori ez dute beste hedabideek egiten-), kolore guztietako eragileak elkarrizketatu dira, eta denek izan dute euren iritzia azaltzeko aukera, baita Auzitegi Nazionalaren dinamika defendatu dutenek ere.
  • Azkaraterentzat eta Baztarrikarentzat zabaltasun falta ez da arazoa; izatekotan ere, haien arazoa da beren gustukoak ez diren gauzak ere argitaratu egiten direla Berrian, baina hori ezinbestekoa da pluraltasuna badugu helburu. Eta, nonbait, hori ezin dute eraman.
  • Larria da kargu publikoak erabiltzea gizarte ekimenetik abiatutako proiektuak kolokan jartzeko, oso larria. Onartezina da, eta hori egiteko gauza denak utzi egin beharko luke kargua.
  • "Elkarlana, independentziatik" zioen gorago ere aipatu dugun artikulu hark, eta Kultura Sailak ez daki hori zer den. Beste inongo sailetan ez zaio esaten inori bere lana eta enpresa nola bideratu, baina Kultura Sailak etengabe baldintzatu nahi du berekin harremanetan diren gizarte eragileen lana, berak nahi duen eran bakarrik aritzea nahi duelako. Elkarlana ez da inposizioa, ez da bestek zer egin behar duen esatea; elkarlana da aldamenekoa errespetatu eta harekin batera lan egitea, bere izaera aldatzera behartu gabe.
  • Ez dakigu Baztarrikak zer helburu duen artikulu horrekin. Haren helburua bada Berria-EKTren hazkundea moteltzea, argi utzi nahi dugu ez garela eztabaida antzuetan eroriko. Guk lanean segituko dugu egunkari eta proiektu zabalak, independenteak eta kalitatekoak sustatzen, sektorearekin elkarlanean.

Eta bukatzeko, egungo egoera politikoan larriena dena aipatu behar dugu. Auzitegi Nazionalaren teorian, ezker abertzale osoa ETA da eta legez kanpo utzi behar da. Baztarrikak EKT ezker abertzalearen menpeko edo aldeko egiten duenez, Auzitegi Nazionalari eta Espainiako Poliziari bidea erakutsi nahi diela ematen du, hurrengo urratsak noren kontra egin behar dituen esateko. Eta gero bidegabekeria dela esatera agertuko da hedabideetara?

EKTren administrazio kontseiluak eskaera argi bat egiten dio Eusko Jaurlaritzari: zuzendu ditzala hedabideen aurrean Azkaratek eta Baztarrikak esandakoak, eta enpresa honen eta Berria zein Egunkaria-ren inguruan gizartean sortu nahi izan duten irudia garbi dezala.


(JOXAN LIZARRIBAR EXPOSITO. EKTko lehendakaria. Administrazio kontseiluaren izenean)

Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com