|
Urtarrilaren 28an Errioxari "Wine Star" saria eman dio New Yorken Wine Enthusiast aldizkariak, 2007an ardo-eskualderik onena izan dela iritzita. Ardoa hainbeste bider azaltzen da albistegietan, Euskal Herrian ekonomi sektore garrantzitsua da eta.
Geografia
Geografia
Errioxan hiru zona bereizten dira, orografiari eta klimari begiratuta.
- Arabako Errioxa: Toloño mendilerrotik Ebro ibairaino doa.
- Errioxa Garaia: Logroño probintziaren sartaldean.
- Errioxa Beherea: Logroño probintziaren ekialdeaz gainera, Nafarroako zazpi herri besarkatzen ditu (Andosilla, Aras, Azagra, Bargota, Mendabia, San Adrian eta Viana).
Jatorri-izena
Errioxan ekoizten diren ardoek berezko izen bat dute, euren «jatorri-izena» edo «sormarka» dena: Errioxa. Errioxa ez da jatorri-izen soila, jatorri-izen kalifikatua baizik, produkzio-kontrol eta kalitate-ezaugarri zorrotzak betetzen ditu eta. Gauzak behar bezala egiten direla zaintzeaz «kontseilu arautzailea» arduratzen da: Errioxa Jatorri Izen Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea.
Arabako Errioxan zazpi mahats-barietate onartzen dituzte jatorri-izeneko ardoa produzitzeko. Beltzetan: tempranillo, garnatxa, graciano eta mazuelo. Zurietan: viura, malvasia eta garnatxa zuria. Nafarroan, aurreko horietaz gainera, beltzetan cabernet‑sauvignon eta merlot ere onartzen dituzte, eta zurietan, ale txikiko moskatela eta chardonnay.
Ardo motak
Koloreagatik, hiru ardo mota bereiz daitezke: zuriak, gorriak eta beltzak. Errioxan hirurak ekoizten dira.
Ardoaren adina kontuan hartuta, honako sailkapena egiten da.
- Ondu gabeko ardoak: urtekoak.
- Ardo onduak: barrikan gutxienez urtebete egiten dute.
- Erreserbako ardoak: barrikatik irten eta gero, gutxienez botilan bi urte egiten dute.
- Erreserba handiko ardoak: barrikan gutxienez bi urte eta botilan gutxienez hiru urte egiten dute.
Badira beste klase interesgarri batzuk.
- Autore-ardoak: enologo batek bere ezagutzen eta gustuen arabera eginikoak.
- Ardo txinpartadunak edo pindartsuak: karboniko apur bat dutenak.
- Ardo apardunak: karbonikoa dute, alegia, burbuilak. Ardo apardun naturalen taldean «Xanpaina» eta «Cava» jatorri-izenekoak daude. Euskal Herrian Errioxako bost herri besarkatzen ditu Cava sormarkak: Oion, Biasteri, Moreda, Mendabia eta Viana.
Ardoaren kultura
Ardoak harreman harmonikoa izan behar du laguntzen duen jakiarekin. Harreman harmoniko horri «uztartze» esaten zaio (fr.: «mariage», esp.: «maridaje»).
Jatetxe batera joanez gero, sommelier-ari galde diezaiokegu zein ardo uztartzen den ondo aukeratu dugun janarekin. Sommelier-ik onenak "Urrezko Sudurra" izateko lehiatzen dira urtero.
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
- Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN
|
|
Kaixo:
Artikulu honetan erantzun bat egin nuen eta hor ez da azaltzen...: kontua da ez dela zehazten nola erraten den "vino clarete": ardo klaretea? ardo claretea?
Gainerako guztia hagitz ongi dago eta arront baliagarria da adibidez tabernarientzat...
Oharra: klaretea (clarete) eta gorria (rosado) ez dira gauza bera; beraz, izendapen ezberdinak izan beharko lukete, nik uste..
Mila esker aunitz,
Raul Iglesias Alvarez
|