![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Jean-Baptiste "Battittu" Coyos / Herri-administrazioa / 2008-02-14 / 07:00
Ekarpen honen bitartez, Iparraldean 2007. urtean abian jarritako euskararen aldeko hizkuntz politikaren aurkezpena eta azterketa egin nahi dut. Nabarmena da ondorengo lerrook behar-beharrezko izango dituztela argibideak, zehaztapenak eta azalpenak.
Alde batetik, elkarteek, ohi bezala, lan nekeza egiten jarraitu dute. Botere publikoek gero eta gehiago onartzen dute lan hori (euskarazko irratiak, Seaskaren murgiltze bidezko irakaskuntza eredua, euskarazko prentsa, kultur proiektuak, etab.), baina ez da gauza bera gertatzen Iparraldeko gizarte osoaren baitan. Hala ere, elkarteek ez dute beste eremurik zabaldu euskararentzat.
Beste alde batetik, 2004ko uztailaren 9an sortutako hizkuntz politikarako egitura publikoak (EEP, Euskararen Erakunde Publikoa) bete du hizkuntz politikarako proiektuaren lehen urtea. Hain zuzen ere, 2006ko abenduaren 21ean EEPk euskararen aldeko proiektua ezarri zuen 2007-2010 aldirako, eta 2007rako aurrekontua finkatu zuen. EEPk eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu zuten otsailaren 7an, eta azaroaren 21ean hitzarmen horren azterketa egin zuten 2007rako (ikus: "Eusko Jaurlaritza eta EEPren lankidetza, oso positiboa").
Esan dezakegu zenbait gauza egoki garatu direla: hizkuntz teknikarien sarea handitu egin da, 6 lanpostu sortu baitira udalerrien mankomunitateetan eta hirietan (horien artean, lanaldi erdiko 2 lanpostu; Hendaian, bestalde, bazen lanpostu bat 2005eko urtarriletik); EEPren lan taldea indartu egin da, orain 7 lagun gehiago baitira; gizarte esparru berria zabaldu da euskararentzat, haur txikienentzat haurtzaindegi elebidun edo euskaldunak baitaude (Ziburun bazegoen bat jada, elkarte batek sortua).
Bestalde, nik ez nuke erabiliko erdi hutsik edo erdi beteta dagoen botilaren irudia, ez baitzait egokia iruditzen; egindakoa onuragarria den ere ez dut galdetuko. Hasteko, mehatxatutako hizkuntza baten alde egindako guztia baliagarria da. Baina kontua da jakitea abian jarritako politikak Iparraldeko erronka soziolinguistikoei erantzuten dien ala ez, testuingurua kontuan hartuta: gizartea ia elebakarra da, eta biztanleria etorkinei esker baino ez da hazten.
Hizkuntzaren erabilerari buruzko azken neurketen emaitzak ez dira onak. Euskararen kaleko erabilerari buruzko Euskal Herriko V. Neurketaren datuen arabera, Iparraldean euskararen erabilera oso urria da eta etengabe hari da murrizten; hain zuzen ere, 1993an % 6,5 zen, eta 2006an, berriz, % 4,6 (hala ere, haurren eta gazteen adin taldeetan gutxi gorabehera gelditu egin da beherakada hori). IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen zain gaude orain, eta badirudi ez direla onak izango.
Politika horren finantziazioari dagokionez, aurrekontua % 20 handitu da 2007an, baina esan dezakegu 2.066.000 euroko aurrekontu hori urria dela mendean hartuta dagoen hizkuntza horren beharretarako (ikus: Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko politika finantzatzeari buruz). Eta hor zehar entzuten denaren arabera, aurrekontua ez da handituko 2008an. Aitzitik, Hezkuntza Ministerioak irakasle lanpostu ugari kenduko omen ditu, eta ez dakigu horrek zer ondorio izango dituen euskararen eta euskarazko irakaskuntzan.
Legeei dagokienez, ez dago berrikuntzarik 2005. urteaz geroztik (ikus: Frantziako hizkuntzen aldeko legealdi baten bila: helmugarik gabeko lasterka). 2006an, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko lehendakariak, Lamassoure eurodiputatuak, esan zuen Ğeskualdeetako hizkuntzak aintzat hartzea lortzeko lege proiektuağ prestatu nahi zuela. Baina orain jada ez du hitz egiten agindutako horri buruz. Esan behar da lege proiektu horren helburua ez zela halako hizkuntzei ofizialtasuna edo eskubide gehiago ematea, baizik eta gaur egun egiten dena balioztatzea soilik.
2007-2010eko hizkuntz politikarako proiektuaren funtsa "hizkuntz gogoa, motibazioa" da, eta motibazioa esatean, norbanakoaren borondatea adierazi nahi da, borondatezko lana printzipiotzat izatea (ikus: Euskararen alde Iparraldean garatzen ari den hizkuntz politika publikoaren proiektuaz). Iparraldean frantsesaren eta euskararen artean zer-nolako desoreka dagoen ikusita, badirudi "hizkuntz gogo" hori eta "motibazio" hori ez direla nahikoa eraginkorrak izango euskararen egoera benetan aldatzeko.
(JEAN BAPTISTE BATTITTU COYOS hizkuntzalaria da)
![]() | Inprimatu |