Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  BERRIRO BERANDUago

BERRIRO BERANDUago

2007-10-19 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Gogoeta-ildo interesgarria ireki du Bittor Hidalgok nire artikulu bati erantzunez. Etiketa bat ipintzearren, «hizkuntza-arauak» esango nioke gogoeta horri. Zer dira hizkuntza-arauak? Nik, ez dakit.

Badakit Euskaltzaindiak «batzuetan» erabakitzen duenean hala jarri behar dutela EGAko azterketa gainditu nahi dutenek, eta aztertzaileak txartzat emango diela «batzutan» jartzea. Halako erabakiak arau dira, Euskaltzaindiaren arauak.

Berridazketa-erregelek ez dute Euskaltzaindiaren arauen antzik, beste itxura matematikoago hau baizik: «D’ → osagarria + D», alegia, determinatzailea izen-sintagmaren ostean ipintzen dela -sinplifikazioa onartzen bazait-. Halakoei erregela esan arren, arautik ez dute ezer, deskribapenak baitira: hiztun ideal baten hizkuntza-ezagutza ideala deskribatzeko formula konbentzionalak.

Coseriuri irakurriz gero, arau delako terminoa testuinguru oso ezberdinean aurkituko dugu. Coseriurentzat araua hizketaren eta hizkuntzaren bitarteko abstrakzio bat da. Hizketan produkzio bakanak, berdinik gabeak, ezezagunak eta ohiz kanpokoak gertatzen dira. Halakoak baztertuta, honela azal daiteke Coseriuren araua: lehenagoko ereduen errepikapena dakarten errealizazioen multzoa.

Hiru kontzeptu dira, bakoitza esparru batekoa eta ikuspegi batekoa, elkarrekin zerikusirik ez daukatenak. Dena dela, kezka bera dute hirurek oinarrian: erabilera errealean hizkuntzak mila aldaera, mila bariazio agertzen dituela, agian patroi batera ekar daitezkeenak.

Gramatikaria ezagutza zientifikoa emendatzeko eta handitzeko helburuz saiatuko da patroi horren bila. Akademikoak, hizkuntza-normalizazioaren mesedetan. Tartean bagara beste batzuk, hiztun espezializatuei laguntzeko ahaleginez. Izan ere, hiztun espezializatuek, hiztun arrunten aldean, hizkuntza ondo, zuzen eta egokiro erabiltzeko ardura dute, eta, horrenbestez, arauak, jarraibideak, gomendioak eta argibideak galdatzen dituzte.

Beti ez da erraza izaten halako eskaerari erantzutea. Euskaltzaindiaren arau bat aurkituz gero, arazoa berehala ebazten da, baina, aurkitu ezean, gramatika-liburuetan, testuetan, corpusetan eta abarretan ikertu behar da. Zorionez, gero eta bitarteko gehiago dugu euskaraz. Baliagarrienak, corpus elektronikoak.

Hartara, «beranduago»-ren gaineko kontsulta heldu zenean, lehen gauza Orotariko Euskal Hiztegiko Testu Corpusa arakatzea izan zen. «Beranduago», «berantago» eta «berantxago» batuta, guztira 65 agerraldi daude. Horietatik, bost dira «x egun / aste / urte beranduago» lokuzioaren erakoak. Gainerako agerraldiek ez dute misteriorik, eta ondo deskribatuta daude BERANDUago, GEROago artikuluan.

«x egun / aste / urte beranduago» lokuzioari dagokionez, Ereduzko Prosa Gaur corpusa arakatzea izan zen hurrengo urratsa. Emaitza oso esanguratsua izan zen. Aingeru Epaltzak behin ere ez du erabiltzen. Anton Garikanok behin ere ez du erabiltzen. Bernardo Atxagak behin ere ez du erabiltzen. Daniel Landartek behin ere ez du erabiltzen. Eta hala luza daiteke zerrenda nahi beste: Felipe Juaristi, Joan Mari Irigoien, Jon Arretxe... Elizen arteko Biblia txukunean ere ez da ageri.

Zelan azal daiteke hori hitzez? Une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den adierazteko, okerra dela «beranduago» sartzea. Egongo dira formulazio hobeak, baina ez da asma daitekeen txarrena.

Nolanahi ere den, BERANDUago, GEROago artikuluan fokoa beste gauza batera zuzendu nahi zen. «Bi egun beranduago» lokuzio bazterretsiaren ordez «bi egun geroago» proposatu izan da han-hemen, baina euskaraz badira beste lokuzio batzuk, batzuetan arruntagoak: «handik bi egunera», «bi egunen buruan», «bi egunen ondoan», «bi egun garrenean»...


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)


Inprimatu


Erantzun

 
DESKRIPZIO, PRESKRIPZIO, INKISIZIO
2007-10-30 / 12:25 / Bittor Hidalgo Eizagirre

Ez dio tarte honetan inork heldu Asier Larrinagak orain egun batzuk (2007-10-19, BERRIRO BERANDUago), foro honetan irekitako eztabaida interesgarriari (bide batez bere erantzuten ziolarik, nik 2007-10-5eko bere BERANDUago, GEROago artikuluari eginiko iruzkinei), eta berriro nik ekingo diot, zirikatze aldera, gaia garrantzizkoa delakoan, niretzako bederen.

Geroago/Beranduago esamoldeen arteko kidetasun eta desberdintasunez ari ginen biok, eta batez ere «x egun / aste / urte geroago/beranduago» formularen egokitasunaz euskaraz. Asierren erantzunean kuriosoen gertatu zitzaidan nola biok oinarrian corpus ia berdin-berdinak erabilita(1), horren ondorio elkarren kontrakoak eratorri genitzakeen aipatzen gatozen egituren zilegitasunez.

Eta fenomeno hori da lehenik azaldu edo eztabaidatu nahi nukeena, gero berriro zabalxeago heldu baino lehen «x egun / aste / urte geroago/beranduago» egituren eztabaidari.

Hizkuntza-arauak

Jatorrizko artikuluan Asierrek «x egun / aste / urte beranduago» egitura baztertzea/gaitzestea proposatzen zuen(2), egitura geroago adberbioaz ordezkatuz(3). Artikuluan Asierrek bi arrazoi aipatzen ditu agerian ordezkatze honen alde.

  • Bata logikoa, arrazonamenduzkoa: Esanahiari begiratuta, badirudi berandu bat behar dela beranduago konparatiboa sartzeko.
  • Bestea, purista, aldameneko hizkuntz(a antonomasikoar)ekiko konparazioa: ... arazoa gaztelania kalkatzeagatik gertatzen da. Une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den adierazteko, okerra da «beranduago» sartzea.

Eta kasu zehatz honetan Asierrek arrazoi izan zein ez, nik uste dut, gure arteko hizkuntz irizpideak eta araubidea zorrozterakoan, hain zuzen, halako arrazoibideak direla baztertu beharrekoak. Logikoak, zein puristak. Eta ez berez txarrak direlako sortzez edo. Esate baterako, kontzeptu edo erabilera berriak sortu beharrean gertatzen garenean, zientziaren esparruan edo adierazpenaren beste zeinahi alorretan ere. Hala, ez du mereziko aberri, abertzale, ikurrin edo Euskaltzaindi bezalako hitzen aurkako kanpainan hastea, ongi edo gaizki sortuak izan, euskal hiztunak ben trovato-tzat bereganatu dituelako, eta erabilerak gure bihurtu dituelako. Ez. Logika eta purismoa baztertutzekoak dira bereziki inork hauen izenean kontra egin nahi liezaionean hizkuntzaren tradizio eta erabilera nahikoa zabalari. Eta ez naiz hari norbanakoaren momentuko errealizazio berexi, ustekabeko, bakan eta tradiziorik gabeari (nahiz hauek ere izan lezaketen bere arrakasta erabiltzaileek zabaltzen dituzten heinen).

Eta hori erakutsi nahi izan nuen nire erantzunean Asierri (2007-10-15). Berak proposatutako ordezkatzea, agian izan zitekeela munduko logikoena, puruena eta are desiragarriena, baina ez zetorrela bat gure tradizioarekin. Tradizio nahiko sendoak (edo nahiko ahulak, nahi bada) sostengatu dituela bi erabilerak, eta beraz ez zegoela zertan bat baztertu eta gutxiago gaitzetsi, batetik ez garelako ari hizkuntza guztiz berria bat sortzen (nahiz bai bere maila artifiziosoa, koinea dekretuz edo ari garelako zabaltzen). Baina bestetik, ustegabean kaltegarria ere gertatu litekeelako, gure aberastasun ezagun eta hiztunek are sinonimotzat ere erabiliak (baina aldi berean esanahi ñabardura bereziak ere izan litzaketenak) murriztu nahia.

Noski, nonbait jarri beharra dago muga, zer den "norbanakoaren momentuko errealizazio berexi, ustekabeko, bakan eta tradiziorik gabea edo" Coseriuk esaten duen moduan, eta non hasten den tradizioa. Ikasi, gorde eta zabaltzea merezi duena gizartearen ondarea delako, eta ez norbanakoarena. Nahiz eta hala zenbaitetan egitura sinonimoak eta antzekoak gorde hizkuntzan. Baina horixe da hizkuntza eta logikaren arteko desberdintasunetako bat. Hizkuntzak ez dauka zertan unibokoa izan. Eta ez da (hizkera teknikoak maiz desiratzen duen arren ezaugarri hau beretzat). Gainera badakigu hizkuntzak ere ez dituela sinonimo perfektoak, eta halakoek ere beste zenbait ñabardura eransten dizkiotela hitzaren oinarrizko esanahiari, oso esanguratsuak izan litezkeenak eta adierazgarriak giza komunikazioan.

Asierrek Coseriu aipatzen du bere erantzunean, bere tesi inkisitorialaren defentsan, eta irakurri nahi lezakeenarentzat argitu nahi izan dugu artikulu honen amaieran zabalxeago Coseriuren letra, eta batez ere espiritua, inkisizioarekin baino gehiago lotzen dena, deskribapenarekin, gizartearekin, erabilerarekin eta askatasunarekin (ik. amaierako atala: Coseriu eta hizkuntza-arauak. Excursus-a (irakurri nahi lezakeenarentzat)).

Adibide bat

Lapur, ohoin, ebasle, eskulohi, esku-zikin, eskuluze, xixalari, harrapari, litxarrero eta beste erabili litezke sinonimotzat, baina bakoitzak badu bere konnotazio berezia ere. Arau-emaileak baztertu eta gaitzetsi egin behar al ditu erabilera horietako batzuk, gehiegi direlakoan, hala bakoitzari ahalik eta sarrerarik etiketatuena emanik, hiztunen esku utzi, hauek aukeratu dezaten unean komeni zaiena.

Eta gure arteko beste arazo handi bati helduaz: Euskara hutsetik ikasten ari denari, zer eskaini behar diogu hasteko? Aberastasun hori guztia, txoratu dadin? Ez. Noski. Irakasleak aukeratu beharko du. Eta ez edozein. Hegoaldean lapur aukeratu beharko du seguru asko. Edo agian honen aldakiren bat Nafarroa Garaian edo (napur) edo are, ohoin, han erabilia. Eta iparraldean ohoin aukeratu beharko du, baina ebasle ere ekialdean, edo are lapur [ llapur ] Lapurdin. Eta are aipatu beste guztiak ere erabilera berexiagoetan. Baina euskara dakienak, eta euskaraz bizi nahi duenak, mesede izango du horiek denak ezagutzen gutxieneko.

Besterik da ordea, gaur eguneko hiztunari irakatsi behar diogun Euskal Herrian barrena, sinonimotzako hauek erakusten ohi dituzten aldakiak:

  • lapur, laphur, llapur, napur, ñapur, ñaphur, ñafur...
  • ohoin, ooin, oin, ogoñ, ogin, oñ, ohoi, uhuin, uhuñ, uhuiñ, uhun...
  • ebasle, epasle, ebazle, epazle...

Badirudi, eta Euskaltzaindiak hala ulertu duela dirudi, hala moduzkoen artean aukeraketa egitea komeni dela hizkuntza estandarrerako, eta agian ez ere erabatekoa. HB2000k lapur jasotzen du, baina ez llapur (adierazkorra izan litekeena, eta erabilgarria) edo napur (ezaugarri dialektal garrantzikoagoak izan ditzakeena), eta beraz, HBren espirituari jarraiki, erabilgarria ere bai behar izanez gero («Hiztegian jasotzen ez diren hitzei buruz esan behar da, bestalde, Euskaltzaindiak ez dituela oraingoz onartzen, baina ezta gaitzesten ere»).

«x egun / aste / urte beranduago» egitura bada espainolezkoa, eta baita ere frantsesezkoa, eta ingelesezkoa, eta...

Eta hiztegitik kanporako esamoldeekin ere beste hainbeste egin beharko dugu. Aldaki pertsonalak edo hutsala baino ez direnak, batu eta besteak etiketatu. Konparaketa baterako. Asierrek dio aztertzen ari garen egitura gaztelaniaren kalkoa dela, eta agian da, nahiz eta aurkitu dugun lehen testigantza J.B. Elizanbururena izan (Sara, 1828-1891). Kontua da egitura bera darabilela frantsesak ere (bikoitza hauek ere; Ving ans après edo Quelque minutes plus tard-ekin sinonimotzat dituztenak). Espainolez ere sinonimotzat dituzten bezala arazo handirik gabe dos años después eta dos años más tarde. Eta ingelesez ere berandu esanahi duen late darabilte konparatibo honetarako: Two years later (eta late ez dator latinetik dirudienez). Euskaldunoi bakarrik debekatu behar zaigu adierazpide hori?

«x egun / aste / urte beranduago/geroago» egituren tradizioaz

Asier nolanahi dirudienez (2007-10-19), ez zen guk gure erantzunean jasotzen genituen tradiziozko erabileren ez-jakitun. Eta horrek kezkatzen nau bereziki. Ze, berak, maila pribatuan bada ere, 2007-10-19an proposatzen duen baztertze eta gaitzestea ez da ja bakarrik logikaren eta garbitasunaren izenean, baizik eta, gainera, jakinaren gainean, tradizioaren kontrara egiten duela. Edo behintzat tradizioetako baten kontrara. Ze eskubiderekin? Berriro diogu. Nork bere etxean nahi duena egin lezake, eta hitz bat edo esamolde bat gustatzen ez bazaio, erabili-ez ere bai. Beste gauza bat da ordea, hori arau zabalago bihurtu nahi izatea.

Eta merezi du, nire ustez, begiratzea Asierrek egiten duen tradizioaren irakurketa, gure ustez desbideratua delako, eta pentsatu behar dugu, interesatua, ez dakigu zergatik.

  • Guk diogunean (2005-10-15) Orotariko Euskal Hiztegian (OEH) zenbait erabilera adibide aurkitzen dugula, ipar eta hegoko, agerian adierazten dutenak "une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den" (Asierrek gaitzetsi nahi duen eran), eta hauek agerian jasotzen (Etxeita, J.M. Barandiaran, Anabitarte eta Arradoyrenak), guretzat hori bakarrik jada nahikoa arrazoi da oso zalantzan jartzeko erabilera hori gaitzetsi nahi duen araua. Areago, aurretik diogunean OEHn (IV 686-7) jasotzen diren «beranduago-ren adibide denak -60 bat edo?- (salbu bat, oker edo hutsik ezean: ...-eta berau ere zalantzan-), beste guztiak nabarmen dira geroago-ren sinonimo estu, eta ez, inoiz baino beranduago, lehen baino beranduago edo ni baino beranduago itxurakoak berandu-ren bi gertaera elkar(rekin) konparatzen dituztenak»,
  • Asierri nahikoa zaio gaitzesteko (logikaz eta purutasunaz gain) esatearekin (2007-10-19): «... Orotariko Euskal Hiztegiko Testu Corpusa... [ arakatuta ] «Beranduago», «berantago» eta «berantxago» batuta, guztira 65 agerraldi daude. Horietatik, bost dira «x egun / aste / urte beranduago» lokuzioaren erakoak.» Baina noski, beranduago-k beti izan ditu, eta ditu gaur egun ere, beste erabilera batzuk aipatzen gatozen egiturarenaz gain. Egitura horretan bakarrik ez erabiltzeak, ez dio inori eskubiderik ematen egitura horretako erabilera gaitzesteko.
  • Guk diogunean (2005-10-15): «Orotariko Euskal Hiztegian (IV 686-7) ez zaio sarrera berezirik egiten beranduago-ri, baina berandu sarreran jasotzen diren beranduago-ren adibide denak (salbu bat, oker edo hutsik ezean: ...), beste guztiak nabarmen dira geroago-ren sinonimo estu, eta ez, inoiz baino beranduago, lehen baino beranduago edo ni baino beranduago itxurakoak berandu-ren bi gertaera elkar(rekin) konparatzen dituztenak.», ulertuz hala, hiztunak behin geroago = beranduago sinonimotasuna ziurtatuta, eta azken hau askotan zenbatzaile zehaztugabez lagundua delarik (asko, askoz, askozaz (Mitxelena), hanitzez, zerbait, gutxiz, puska bat (Mitxelena) beranduago), edota oso maiz konparatiboz zehaztuak (ogei ta bosta bañan berandubago, M. Soroa; ...), oso zaila zaiola hiztunari ulertzen zergatik ote den txar «x egun / aste / urte beranduago» egitura, «x egun / aste / urte geroago»-ren aldean, eta muga hori jartzen bere buruari, hain zuzen, Coseriuren arauak zilegiztatzen diolako, eta haren sistemak oinarritzen gainera.
  • Asierri nahikoa zaio esatearekin (2007-10-19): «... Orotariko Euskal Hiztegiko Testu Corpusa ... [ arakatuta ] «Beranduago», «berantago» eta «berantxago» batuta, guztira 65 agerraldi daude. Horietatik, bost dira «x egun / aste / urte beranduago» lokuzioaren erakoak. Gainerako agerraldiek ez dute misteriorik, eta ondo deskribatuta daude BERANDUago, GEROago artikuluan.»

    Baina, aipatu dugu, han bestela esaten da: «Esanahiari begiratuta, badirudi berandu bat behar dela beranduago konparatiboa sartzeko. / ... / Hori gutxitan gertatzen da, ordea. «Beranduago» sartuta, gehienetan, «ohi denerako, berandu» edo «behar denerako, berandu» adierazten dugu. / ... /

    • Australiar marinelak bost egun beranduago hasi zuen lasterketa, bela-ontzian arazoak izan zituen eta. / Azken esaldi horretan, adibidez, «australiar marinela bost egun geroago» abiatu zela esan daiteke, baina orduan ez da aditzera ematen beste parte-hartzaileak baino atzerago hasi zela, lehenago abiatu behar zuela.»
  • Guk diogunean (2005-10-15): «Ereduzko Prosa Gaur [ EPG ] corpusean ere beranduago-ren 553 agerraldietako gehienak (ia denak) dira ere geroago-ren sinonimo estu (begiratu bitza interesatuak); eta hauetako erdiek-edo adierazten dute agerian "une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den", Asierren aholkuaren kontrara, autore aski ezagunek ere lasai darabiltelarik.»; eta liburugileen artetik (264 agerraldi) agerian ematen ditugunean Txillardegi, J.A. Arrieta, P. Zabala, A. Lertxundi, K. Izagirre, G. Garate eta Asisko Frantziskoren egileen adibideak, eta espres aipatzen beste 65 autoreen izenak behintzat, zeinen artean hobeak izango diren eta ez hain gogokoak (baina denak gu ez garen beste norbaitek aukeratuak gaurko ereduzko prosarako), maiz EPGn jasotzen zaizkien obra guztiak aipatuz).
  • Asierri nahikoa zaio esatearekin (2007-10-19) Ereduzko Prosa Gaur corpusean «x egun / aste / urte beranduago» lokuzioa ez darabiltela 8 autorek (bere gustukoak suposatzen dut) -eta beste nahi bestek, dio-: A. Epaltza, A. Garikano, B. Atxaga, D. Landart, F. Juaristi, J.M. Irigoien, J. Arretxe..., Elizen arteko Biblia txukuna. Nahiz guk 70 autore-edo aurkitu erabiltzen dutenak.

    Nolanahi esan behar, Asierrek berak aipatutako Antton Garikanok, esaterako, lasai asko erabiltzen duela EPGn (..., batez ere Neuhäusl bulegaria -ordu erdi bat beranduago etorria baitzen-, hurrengo hilaren hasieran kaleratuko zuela eta. -L. Perutz, Bederatzietatik bederatzietara). Eta berak agerian aipatzen dituen beste autore guztiek ere beranduago darabiltela geroago-ren sinonimo estu, eta hainbatetan zenbatzaile zehaztugabez lagundua (... anitzez ere beranduago ..., A. Epalza; ... pixka bat beranduago..., J. Arretxe; ...).

  • Areago, Asierrek dio bere erantzunean (2007-10-19): «... Orotariko Euskal Hiztegiko Testu Corpusa ... [ arakatuta ] «Beranduago», «berantago» eta «berantxago» batuta, guztira 65 agerraldi daude. Horietatik, bost dira «x egun / aste / urte beranduago» lokuzioaren erakoak.»
  • Gu konformatu ginen bere garaian OEH begiratzearekin, baina orain begiratu nahi izan dugu Orotariko Euskal Hiztegiko Testu Corpusa ere, eta Asierrek 5 adibide baino aurkitzen ez dituen lekuan, guk aurkitu ditugu batzuk gehiago, ipar eta hegokoak, eta esanguratsuak ere bai (Mitxelenaren bat tarteko), gure lehen erantzunean ematen genituen lehen lauoz gain (denera 12 behintzat):
    • Ordulauren beranduago (Etxeita)
    • bosteun urtez beranduago (J.M. Barandiaran)
    • ordu erdi batez beranduago (Anabitarte)
    • hogoita-hamalau urte berantago (Arradoy).

      ------------------

    • Egun batzuk beranduago (Irazusta)
    • ordu batzuetara beranduago (Erkiaga)
    • urthe asko beranduago (Oskillaso)
    • Egun batez beranduago (Anabitarte)
    • ehunka urtez beranduago (Mitxelena)

      ------------------

    • hogoita hamalau urte berantago (Arradoy, obra bereko beste pasarte batean)
    • Zortzi egun berantago (Elizanburu, zaharrena, XIX. mendekoa eta iparraldekoa)
  • Asierrek «x egun / aste / urte beranduago» esamoldearen kontra egiten du eta «x egun / aste / urte geroago»-ren alde, nahiz eta agerian esaten duen lehen artikuluan bertan: «Holakoetan «geroago» zuzena izanik ere, badira bestelako egiturak, sarritan arruntagoak:
    • handik hamabi minutura
    • hamabi minuturen buruan / hamabi minuturen ondoan
    • hamabi minutu garrenean».
  • OEHn ordea espres dio geroago (VIII 521-2): «(Con término de comparación explícito, o con cuantificador). Tr[ adición ]. Muy poco usado al Norte.» Eta itxuraz antzeko adibide guztiak aipatuaz (24), hauetako 18 autorerenak dira soilik «x egun / aste / urte geroago» formula darabiltenak. Ez nahikoa agidanean gaitzesteko. Baina beranduago-ren 12ak edo, bai?

    Nik ez dut esango handik hamabi minutura, hamabi minuturen buruan, hamabi minuturen ondoan, hamabi minutu garrenean eta antzeko beste zenbait ez direnik onak euskaraz eta bultzatu behar ez direnik tradizioak eta euskal gizarteak erabili dituen neurrian. Baina ez legoke gaizki hori ere kuantifikatzea, eztabaidatzen gatozen egiturekin konparatu ahal izateko. Ea nor animatzen den.

  • Asierrek ez dio begiratu Euskaltzaindiak eta UZEIK sarean jarritako XX. mendeko Euskararen Corpusari, baina merezi du.
  • 203 sarrera ditu beranduago-k, zeinetako 83 (% 40,9) diren «x egun / aste / urte beranduago» itxurakoak. Tartean A. Urretabizkaia, J. Iturbe, Torrealdai, X. Gereño, A. Eguzkitza euskaltzaina, A. Arejita euskaltzaina, J.A. Lakarra euskaltzaina, Txillardegi, P. Sastre, K. Zuazo, K. Izagirre, J. Garzia, P. Aristi, H. Etxeberria, eta abar.

    Berantago-k 14 sarrera ditu, zeinetako x dire «x egun / aste / urte berantago» itxurakoak, zeinen artean X. Arbelbide edo J.L. Davant euskaltzain zuberotarra.

    Berantxago-k 3 sarrera ditu, eta bakarra «x egun / aste / urte berantxago» itxurakoa.

  • Begiratzeagatik, sarean kontsultatu litekeen J. Mokoroaren hiztegian ere aurkitzen ahal dira, J.A. Irazustaren eta B. Garrorenak bezalako adibideak. Hurrenez hurren: illabete beranduago edo egun bat beranduago.

    Nabarmen dena da dirudienez «x egun / aste / urte beranduago» egitura XIX. mendean hasita ere XX.ean zabaldu dela batez ere. Baina baita ere «x egun / aste / urte geroago» egitura, zeinen XIX mende erditik aurreko Kapanagaren adibide bakarra dugun (OEH VIII 521).

Ondorioz

Ez dut ba nik batere arrazoirik topatzen delako egiturak (eta Asierrek aipatu besteak ere) gaitzesteko, eta bai bultzatzeko, gure 100 edo 150 urte ez luzeegiko tradizio nahikoa ondo oinarritua delako, eta sistemak, Coseriuk dioen bezala, hizkuntza sortzeko eta erabiltzeko aukerak eman behar dizkiolako hiztunari. Tradiziozko aukerak debekatzen badizkio, bietako bat. Edo hiztunak aukera berriak sortuko ditu, maiz tradizioarekin zerikusirik ez dutenak, eta etena eragingo dutenak tradizioarekin eta hizkuntzaren geografia sozial eta dialektalean. Edota okerrago dena, hiztuna azkenik nazkatuta, dakien hizkuntza guztia gaitzesten diotelako, beste hizkuntza estandarizatuago eta zabalagoren batera joko du, besteak beste gure gazteak ere egiten ari direna gaur egun.

Nik uste dut hizkuntzan badugula garaia inkisizioaren sasoia bukatzeko, eta, ordena baten barruan, adierazpide aukerena eta askatasunarena irekitzeko hiztunari bere konfiantza berreskuraraziz.

Coseriu eta hizkuntza-arauak. Excursus-a (irakurri nahi lezakeenarentzat)

Asierrek bere erantzunean, gure arteko «hizkuntza-arauak» finkatzeko moduaz dihardu, eta eztabaida interesgarria da. Coseriu errumaniarra aipatzen du, eta agerian honek 1952an espainolez eraikitako «habla --> norma --> sistema» trikotomia (hizketa --> araua --> sistema edo guretzat)(4). Uste dut ordea tartean nahasiak ageri direla Coseriurenak. Eta nik bere hitz zuzenak baliatuko ditut hemen nire prentsamendua agertzeko.

Coseriu eta beste hainbat parafraseatuz, Asierrek dioen bezala: Hizketan produkzio bakanak, berdinik gabeak, ezezagunak eta ohiz kanpokoak gertatzen dira. Baina ez bakarrik, noski. Eta hori esan behar da. Horrelakoak ere gertatzen dira. Baina Coseriuk dioen bezala (97-8): «...; el hablar (o, si se quiere, habla) es la realización individual-concreta de la norma, que contiene la norma misma y, además, la originalidad expresiva de los individuos hablantes.»

Eta Coseriurentzat, hain zuzen, araua sortzen da (sortzea komeni bide da gurea bezala estandarizazio prozesuan dauden hizkuntzetan) hizketaren errealizazio konkretu horietatik, hain zuzen klenduaz: bakanak, berdinik gabeak, ezezagunak eta ohiz kanpokoak gertatzen diren produkzioak, baina-eta, beste guztiarekin geratzeko (95-6): «... eliminación de todo lo que en el hablar es aspecto totalmente inédito, variante individual, ocasional o momentánea, conservándose sólo los aspectos comunes que se comprueban en los actos lingüisticos considerados y en sus modelos.». Coseriuk berak dioen bezala (eta Asierrek), arauak (Sprachnorm -zehazten du Coseriuk badaezpada-) (95): «... contiene sólo lo que en el hablar concreto es repetición de modelos anteriores». Hau da, tradizioa. Eta soilik (aurreko) gizarte-eta-tik datorkigun arau hau da, Coseriuren ustez, hiztun estandarrari inposatzen zaion bakarra (edo nahi izanez gero, inposatu behar zaiona hizkuntza estandarrean edo estandarizatu nahi duenean).

Eta ez sistema (98): «Lo que, en realidad, se impone al individuo, limitando su posibilidad expresiva y comprimiendo las posibilidades ofrecidas por el sistema dentro del marco fijado por las realizaciones tradicionales, es la norma. La norma es, en efecto, un sistema de realizaciones obligadas, de imposiciones sociales y culturales, y varía según la comunidad. Dentro de la misma comunidad lingüística nacional y dentro del mismo sistema funcional pueden comprobarse varias normas (lenguaje familiar, lenguaje popular, lengua literaria, lenguaje elevado, lenguaje vulgar, etcétera, distintas sobre todo en lo que concierne al vocabulario, pero a menudo también en las formas gramaticales y en la pronunciación: ...».

Coseriuk dioena da, gero, gizarte errealizazio zabal eta desberdin horien azpian, eta gizarte horren oso ezaugarri diakroniko eta diatopiko desberdinen nahastetik datozkeenak historikoki, seguru asko aurkitu dakiekeela guztiei ere sistema bat, arrazoi bat, patroi bat, zergatik eta nola iritsi diren errealizazio desberdinak gizarte arau ugari izatera. Eta ez, berez, patroi bakar batera ekarri ahal izango direnak. Eta gutxiago, gero patroi bakar hau gizarteari eta norbanakoari inposatu nahi bazaio.

Coseriuk garbi du (96): «..., el sistema (Sprachsystem), que contiene sólo lo que en la norma es forma indispensable, oposición funcional, habiéndose eliminado ... todo lo que en la norma es simple costumbre, simple tradición constante, elemento común en todo el hablar de la comunidad ..., pero sin valor funcional, ...». Edo (99): «El sistema, ..., aparece ...como autónomo y separado de su uso, dado que lo que se emplea en el hablar no es propia y directamente el sistema, ...». Hau da, sistema hizkuntzaren abstrakzio teorikoa da, hizkuntzalarien erabilerarako, eta hiztunaren inkonszientean gehiago edo gutxiago dagokeena. Baina ez da hizkuntza.

Eta sistemak, batez ere aukerak ireki behar dizkio hiztunari, eta bideak, onak, egokienak, erakutsi (98): «El sistema es sistema de posibilidades, de coordenadas que indican caminos abiertos y caminos cerrados: puede considerarse como conjunto de «imposiciones», pero también, y quizá mejor, como conjunto de libertades, ... Podríamos decir, pues, que, más bien que imponerse al individuo, el sistema se le ofrece, proporcionándole los medios para su expresión inédita, pero, al mismo tiempo, comprensible para los que utilizan el mismo sistema.»(5)

Hizkuntzan, beraz, araua, gizarte erabilera da (ez norbanakoarena). Eta gizarte erabilera hori da, tradizioa, ezagutu behar duguna, hizkuntza ongi menderatzeko. Ez hainbeste, erabilera horren zergatiak. Batzuetan oso logikoak direnak, analogikoak, sistematizagarriak. Baina beste batzuetan berriz irregularrak, anomaloak sistema horrekiko, nahiz eta bere garaian beste sistema eta beste analogia batzuen parte izan. Eta hizkuntza bi parteak dira, biak erabiltzen diren heinean. Parte analogikoa, eta parte anomaloa. Eta hizkuntzalariak eta onak izan nahi dugun hiztunok biak ezagutu behar ditugu. Edo komeni da biak ezagutzea, nahiz eta gero erabilera partikularragoa izan, norbanakoaren irizpide, eta ahalmenen araberakoa.

Eztabaida zaharra da. Greziarren eta erromatarren artean ere beti izan dira hizkuntza eta logika gauza bat eta bertsua balitz bezala begiratu nahi izan dutenak: analogistak (Platon bera kontsideratu liteke hala, Alexandriako eskola helenistikoa garaiko gramatikarien garrantzitsuena, eta Zesar bera ere), eta guk mendebaldean batez ere herentzia horretatik edan dugu, gramatikari latindar, eskolastiko eta Port-Royaleko gramatikari, kartesiar eta orain ere gramatikari sortzaileen eskutik.

Baina izan dira ere bestalde, hizkuntza gehiago ikusi dutenak arbitrario gisa, konbentzioz eta ohituraz sortua eta denborarekin eta distantziarekin beti irregulartasun askoz josia (Aristotelesen nolabaiteko joera izan liteke, eta batez ere estoikoena eta Pergamoko eskolako gramatikariena), eta mendebaldean geroago Condillac-arrena, eta finean funtzionalistena.

Kontua da, biak ere arrazoi izanik mailaren batean behintzat, hizkuntza bai baita sistematikoa eta aldi berean irregulartasunez betea, ez dela erraza gizakiarentzat eta gramatikariarentzat komeni den oreka gordetzea.

Soilik hizkuntzaren erregularitateei begira, hizkuntzaren eta honen erabileraren parte (txiki) bat baino ez da atxikitzen. Maiz oso txikia eta adierazkortasun eskasekoa. Eta etena handia gertatu liteke, eta gertatu ohi da, benetako hizkuntza eta hizkuntza horren gaineko teoria edo gramatikaren artean. Hori gertatu zen latinarekin inperioaren desegitearekin; hori gertatzen da arabe klasikoarekin gaur eguneko mintzaira arabe desberdinen aldeann; eta hori geratzen zaigu gaur egun "eskolako edo euskaltegiko batu soila" ikasten/irakasten duenarekin, kaleko euskaldun bizia topatzen duenean.

Aldiz, hizkuntzaren irregularitateei asko begiratu nahi izanez gero, gaur egunekoei, geografia dialektaletan barrena, eta diakronikoki, azkenean ez da beste aukerarik fulltime filologoa bihurtzea baino. Eta hori oso aberasgarria da, eta hizkuntz ezagutza eta adierazpen aukera ezin zabalagoa ematen du. Baina sozialki ez da oso errentagarria, denok horretara behartuak bagara. Beraz orekaren bat bilatu beharra dago.

Gure artean, nik ez dut zalantzarik, ikuspegi analogista eta erregularitate zalea dabilela garaile azken 40 urteotan. Eta beharrezkoa genuen, eta mesedegarria, aurrera egingo bagenuen.

Ordea, garai hau bat etorri da gure arteko azken belaunaldietako hizkuntz transmisioaren ahulezia handienarekin. Ahulezia soziala batez ere, euskararen erabilera esparruak nahiko urrun ibili diren neurrian espazio publikoetatik. Baina baita ere honen azken ondorio den familia transmisioaren ahulezia erabatekoa. Oso gutxi gara, eta gero eta gutxiago, euskal hiztunen artean arbaso euskaldun itxurazko euskal hiztunak izan ditugunak. Eta hori da gure hizkuntzaren pobrezia handienetako bat, sozialki, afektiboki, emozionalki iraun ahal izateko.

Eta nik uste ahalegin handia egin beharrean garela eskasia hori konpentsatzeko. Eta horretarako orain arte sozialki eta familiaren bidez jaso ez dugun tradizio hori zabaldu behar dugu. Alde batetik, gaur egungo gizarte zabalenaren erabilera benetakoa ahalik eta gehien zabalduz beste eremuetara (Iparrekoa, Bizkaikoa, Zuberokoa, Nafarrokoa, ...). Eta beste aldetik literatur tradizioa jasoz, aztertuz eta zabalduz, noski oreka baten barnean. Gutako nork ez du aurkitu, beste inguruetako hiztunak entzunez, gure tradizioko testuak irakurriz, guk ere txikitan-eta entzuten genituela ere halako esamolde eta erabilerak, nahiz gerora ahaztu ditugun. Hori da transmisioaren ahulezia konpentsatzeko modu bakarra.

Orekatuta. Eta Euskaltzaindia jada, gorabeherak gorabehera, nahikoa ondo uste dugu ari dela bideratzen azken 40 urteotan hizkuntzaren alde analogikoa, ahalegin handia eginez batez ere ortografia eta morfologia estandarizatzeko (kontrako ondorio gehiegi eragin gabe, nahiz izan diren), eta horretan dihardu txalogarri.

Baina aldi berean ari da ere Euskaltzaindia ahalegin berezia eginez ahozko zein idatzizko tradizioak biltzen (OEH, EGLUak, Atlas Etnolinguistikoa, Euskal Gramatika osoa-ren asmoa, ...). Eta hori baliatu behar dugu bereziki. Azken 40 urteotan nik uste dut asko begiratu diogula estandarraren preskripzioari. Baina hori hizkuntzaren atal ñimiñoenetakoa baino ez da. Hemendik aurrera, preskripzio mailan jadaneko egindakoa gordeaz oinarrian behintzat, beste 40 urteko epea ere hartu beharko dugu egiten aritu garen ahozko zein idatzizko tradiziozko erabileraren aberastasuna deskribatzeari, ezagutzeari, ulertzeari, eta, behin sistematizatuta zabaltzeari.

Hori da gure erronka. Alferrikako debekuak garatzean aritzea baino, gero maiz, hiztun guztiak ahoa irekitzeko beldurrez izateko baino balio ez digutenak. Atera beharrean gara behingoz ongi/gaizki-aren manikeismo sinplista eta burugabekoenetik.

Halako hausnarketak bideratzeko, beste milaren artean, interesgarri izan litezke, Asierrek aipatu Coseriurekin gabiltzanez, honek bolumen berean ematen duen 1957ko «Logicismo y antilogicismo en la gramática» artikulua(6). Edota oraintsu, elkarren ezagunek gomendatuta, saltoka irakurtzen ari naizen Milroytarren 1985eko Authority in Language liburu interesgarria, nahiz errepikakor samarra(7).

Amaitzeko ohar labur bat berrikuntzez eta hausnarketarako gazteei eskaini beharreko bideez

Nire ustez nolanahi tradizioa bera ere ez dugu bihurtu behar totem ukiezin. Eta jakin behar dugu eskua zabaltzen hizkuntzaren berrikuntzei ere, batez ere, hauek hiztun gazte eta dinamikoengandik datozenean, edota hizkuntzaren erabilera beretik, kanpoko eragin zuzenik gabe. Gazteei ezin diegu inposatu, soilik 80 urteko aitona-amona edo abadeek erabili litzaketen esamoldeak. Iritsiko dira beraiek ere 80 urteetara, eta orduan transmisioa eta hizkuntzaren erabilera soziala itxurazkoak izan badira, hitz egingo dute beraiek ere 80 urteko aitona-amona edo abadeek bezala. Esaterako, ni baino gazteagoak direnen esamoldeak, nik sekula erabiliko ez nituzkeenak, ez bada beren hizkera itxuratzeko:

  • Ze ba esan didazu hori? Guk Ze(r) ba(da)? OEHk jaso bezala galde independente bezala erabili dugunean soilik. Baina zergatik da txarra gazteei erabilgarria iruditu bazaie, eta arrakasta bereganatu badu, zergatik, zertako, zerendako eta antzekoen sinonimo, eta bere kastas soziala adierazten duena.
  • Beste hainbeste: Kriston ondo pasatu dut! Guk soilik -(r)en izenlagun bezala bakarrik erabiltzen dugunean izen batekin, edo honen ordez. Beraiek, eta bere marka da, mailakaaile bihurtu dute. Eta zergatik ez?
  • Euskaltzaindiak HB2000n gaitzetsitako Gaur nire zorionak dira! horri ere ez diot bestelako aitzakiarik bilatzen. Nik ez dut erabiltzen. Baina gazteek bai, txikitatik entzun dutelako. Eta gainera gaztelaniari ere erantsi diogu terminoa. Zer gehiago nahi dugu. Nik urtebetetzea ospatzen dut, baina hiru urteko umeak zorionak. Eta zer, hori da hizkuntza.
  • Adibide okerrago bat: *Si ez nago nekatuta. Ez da maila berekoa. Gaztelaniaren interferentzia da. Eta holako mila. Baina ze ordain eskaintzen diogu gazteari: Ez nago nekatuta eta! Aurrizki baten ordez, atzizki bat. Ez al dauzka euskarak halako aurrizkiak. Eta zer da gure ba ilatibo unibertsala. Baina ez dut ezagutzen gramatikarik halakoei propaganda gehiegirik egiten dienik.

(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakasle da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)

Oin-oharrak

  • (1) Ala corpus berak esan beharko nuke derrigor? Nik ez dut hala uste, eta puntu hori ere ez da antzeko beste eztabaida bat baino oraindik egiteke duguna, baina egin beharko duguna noizbait, tradizioko erabileraren argitan, beste hainbat axioma falazios eta apokriforena bezalaxe.
  • (2) Gure artean kirol nazionala bihurtua XIX. mende hondar eta XX.aren hasieratik. Arrakastatsuago hegoaldean, aranatarren eta Azkueren gidaritza estimagaitzaren pean, baina iparrean ere zalantzarik gabe, Hiriart-Urruti eta Lafitteren itzal zabalen azpitik. Zeinahi euskaldunek, batez ere batere alfabetatuk, ezagutzen ditu euskaraz erabili behar ez lituzkeen mila egitura (nahiz egunero nonahi entzun eta irakurtzen dituen), baina gero ez daki ze egitura erabili bere burua euskaraz eroso sentitzeko. Nik uste dut zerbait ari garela gaizki egiten.
  • (3) Eta egia da Asierrek jatorri batean nolabait maila pribatu batean-edo egiten zuela aholku, Asierren artikulu sail hori EITB eta inguruen barne erabilerarako edo den puntutik (hala dio erabili.com -ek berak artikulu sailaren sarreran: EiTBren eta erabili.com-en arteko lankidetza iaztik dator. Harrezkero, Azpeitiko Euskara Patronatuaren webgunean lau hilean behin agertu dira ETBko Euskara Sailak eta Edertrack, Irusoin eta K-2000 bikoiztetxeetako hizkuntza-arduradunek bikoizketarako landuriko hizkuntza-irizpideak.). Eta maila pribatuan zilegi bide da nork bere legea izatea noski. Baina artikulua bera maila zabalagoan hedatuta besteon eredu ere bihurtu litekeen neurrian, uste dugu merezi duela bertako iritziak zabalago ere eztabaidatzea, eta halakoa dirudi Asier beraren espirituak ere noski, eztabaidan sartuta, eta eskertzekoa denez.
  • (4) Ik. «Sistema, norma y habla», 1952. Orain in Teoría del lenguaje y lingüistica general, Gredos, Madrid (11-113, 1982ko argitalpenean).
  • (5) Gramatika sortzailearen esparruetan ere antzeko esan beharko litzateke giza hizkuntz gaitasun(unibertsal eta partikularrago)ez, baina maiz falta da ikuspegi ireki hori.
  • (6) Teoría del lenguaje y lingüistica general, Gredos, Madrid (235-260, 1982ko argitalpenean).
  • (7) J. eta L. Milroy, 1985, Routledge (bada argitalpen berriagorik ere).
 
Zorionak biei
2007-11-12 / 07:53 / Pruden Gartzia

Nik ere amorru pittin bat sentitzen dut ikustean inork gutxik heltzen diola gai honi publikoki, zeren makina bat gauza bururatzen zaizkit esateko, baina funtsezkoena adierazten saiatuko naiz:

1) Zorionak biei, Larrinaga eta Hidalgo. Artikulu ederrak, mamitsuak, zentzuzkoak... idatzi dituzue.

2) Arrazoia nork, ordea? Bada, biek.

3) Zergatik? "Araua"-ren kontzeptua argituz gero (edo, zabalago harturik, "hizkuntza autoritatea"-rena) ez dagoelako talkarik bien artean, funtsean.

4) Zer da araua, beraz? Hara, oker ez banago, Larrinagaren botere linguistikoa (besterik da autoritatea) ETBn hasi eta bukatzen da. Hots, asko jota, ETBko aurkezleei zer esan eta zer ez esan preskribitzen die. Funtsean, munduko edozein telebistetan bezala (agian oker nago, baina esango nuke BBC-ko aurkezleek ere ez dutela, besterik gabe, "ingeles naturala" erabiltzen, baizik eta norbaitek oso estu preskribitzen diela nola hitz egin behar duten... aski da BBC ikustea horretaz jabetzeko). Eta hori, normala ezezik, ona da.

5) Baina inork uste al du euskaldun guztiok ETBko aurkezleek bezala hitz egin behar dugunik? Mamu hori gainetik kendu behar dugu.

6) Mamu hori gainetik astinduta, Hidalgoren hausnarketak askoz ere hobeto ulertuko (eta neurri handi batean onartuko) liratekeelakoan nago.

Esandakoa, zorionak biei. Oso gustura irakurtzen ditut zuen lanak, mila esker idazteagatik.


(PRUDEN GARTZIA, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com