Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen berrreskuratzea Nafarroan

Euskararen berrreskuratzea Nafarroan

2007-10-16 / 09:00 / Patxi Juaristi Larrinaga   KULTURA

Uka ezina da euskararen inguruan aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari direla. Euskaldun kopuruaren hazkundea, D ereduaren hedakuntza, hiriburuetako euskaldunen ugaritzea, euskaldun berrien fenomenoa…

Franco hil ostean euskararen mundua eraldatzen hasi zen, eta, nire ustez, oraindik eraldaketa prozesu horretan guztiz murgildurik gaude, etorkizuna nolakoa izango den zehatz-mehatz ez dakigularik.

Testuinguru honetan, garrantzitsua da non gauden eta nora goazen ezagutzea, iparra non dagoen ez ahazteko. Euskararen inguruko azterketak, gogoetak edota iritzi trukaketak ezinbestekoak dira, datorkiguna aurreikusteko, behar bezalako erabakiak hartzeko eta euskara eta euskal kultura aro postmodernoan inolako trauma eta konplexurik gabe sartzeko.

Horregatik iruditzen zait interesgarria Miquel Cros i Lladós-en liburua: Recuperación del Euskera en Navarra. Izan ere, 1986tik Nafarroan euskarak izan duen bilakaera, gaur egun duen egoera eta aurreikusi daitekeen etorkizuna zehatz-mehatz aztertzen ditu, eta gai honen inguruan gogoeta sakona egitera bultzatzen gaitu; eta, bide batez, euskararen inguruan Nafarroan gertatzen ari denari buruzko hainbat mito apurtzen dizkigu.

Miquel Cros i Lladós-ek 1986, 1991, 1996 eta 2001eko erroldetako datu soziolinguistikoak aztertu ditu, eskualdez eskualde. Alegia, nafar guztiek euskaraz hitz egiteko duten gaitasuna ikertu du, bi urtetik beherakoak kenduta. Beraz, agertzen dituen ondorioak populazioaren datuetan oinarrituta daude, eta ez dute laginketa errorerik. Beste hitz batzuekin esanda, Nafarroako eskualdeetan euskararen inguruan gertatzen ari denaren argazki fidagarria eta osoa eskaintzen digu.

Aurkezten dituen datu eta ondorioen arabera, ez dago zalantzarik euskara berreskuratzen ari dela Nafarroan. Franko hil osteko urteak izan ziren txarrenak euskararen osasunari dagokionez, baina 1985. urtetik aurrera gauzak aldatzen hasi ziren, eta euskaraz hitz egiteko edonolako gaitasuna dutenak (Miquel Cros i Lladós-en hitzetan “vascofonos”) zein euskaraz ondo hitz egiteko gai direnak (euskaldunak) ugaritzen joan dira. Eskualde ia guztietan, euskarak progresio geometrikoa erakusten du.

1986an, Nafarroako 16 eskualdetako biztanleriaren %10ak euskararen edonolako ezagutza zuela adierazten zuen (Gros-en hitzetan “vascofonos” ziren), eta, gaur egun, 32 eskualde dira egoera horretan daudenak.

Euskaldunen edo euskaraz ondo hitz egiteko gai direnen kopuruak ere gora egin du 1986tik. Bereziki azpimarragarriak dira Burundako datuak, Agoitzaldekoak, Erronkarikoak, Ameskoa-Allin ibarretakoak, eta Etxauribarrekoak, inguru horietan hamar puntu inguru igo delako euskaldunen kopurua, eta eskualde gehienetan igoera %5ekoa izan delako. Hala ere, lanak argi uzten du euskaldunen kopurua “vascofonoena” baino gutxiago hazi dela. Gros i Lladoren ustez, horren arrazoia da hainbat eskualdetan euskararen familia arteko transmisioa etenda zegoela, eta azken hamabost urteetan hil diren belaunaldiak zirela euskaldunenak.

Euskararen indartze hau azaltzerakoan, Miquel Gros i Lladós-ek dio “Vascofonoen” zein euskaldunen kopuruaren hazkundea eskolari esker gertatu dela nagusiki, baina baita hainbat nafarren borondate eta euskararekiko duten jarrera baikorrari esker ere. Bere ustez, “…las comarcas que fueron total o parcialmente euskaldunes hasta los siglos XVI y XVII muestran un porcentaje, en la vascofonía infantil, que se sitúa entre el 50 y el 30% de vascófonos. Son datos concluyentes. Dichas comarcas presentaban en 1986 unos porcentajes de vascofonía pírricos, y al estar situadas en zona no vascófona, no ha habido ninguna promoción social de carácter significativo, ni del euskera ni de su aprendizaje. Cabe atribuir, por tanto, solamente a la voluntad de su tejido social, el considerable nivel de revasquización producido, y, sin duda, la herencia histórica que el euskera dejó en aquellas tierras ha debido jugar un papel en dicha recuperación”.

Arestian esan bezala, liburuak hainbat mito ere apurtzen dizkigu. Izan ere, oso ohikoa da pentsatzea Nafarroako euskaldun gehienak Gipuzkoatik hurbil dauden eskualdetan bizi direla. Alegia, askotan pentsatzen da euskararen presentzia Nafarroan Gipuzkoaren eraginaren ondorioa dela. Miquel Gros i Lladós-ek argi erakusten du euskara nafar guztien ondarea dela eta euskaldunak Nafarroa osoan daudela barreiatuta. Modu berean, liburuak frogatzen du askok pentsatzen dutena baino egoera hobeagoa duela, gaur egun, euskarak Nafarroan. Izan ere, oraingo haur eta gazteak aurreko belaunaldietakoak baino euskaldunagoak dira. Gainera, euskaldunen ugaritzea eskualde ia guztietan gertatu da. Zentzu honetan, liburu honen ondorio garrantzitsuenetarikoa da, nire ustez, Euskararen Legeak Nafarroan ezarri zuen eremuen araberako banaketa ez datorrela bat gaur egungo egoera soziolinguistikoarekin.

Gaur egun bizirik dauden hizkuntzen kopurua 5.000 eta 6.000 bitartekoa dela uste da. Ala eta guztiz ere, badirudi hauetariko asko hil egingo direla hurrengo urteetan. Ikerlari asko dira esaten dutenak hizkuntz desagerpena izango dela XXI. mendeko arazorik larrienetakoa.

Miquel Gros i Lladós-ek egin duen ikerketa honen arabera, ez dirudi hori gertatuko zaionik euskarari Nafarroan. Arazoak eta ahultasunak ukatu gabe, euskara aurrera ateratzen ari da Nafarroako eskualdeetan, eta etorkizuna baikorki ikusteko arrazoiak badaude. Lan zehatz eta ondo egindako batek adierazten digu hori.


(PATXI JUARISTI LARRINAGA soziologoa eta Euskaltzaindiaren Jagon saileko Sustapen batzordeko kidea da)


Inprimatu


Erantzun

 
Arnasa
2007-10-16 / 10:37 / Dionisio Amundarain

Esker mila, Patxi, heure baikortasunez jendeari, kasu honetan niri bereziki, arnasa-pixka bat ematen jakin duelako. Aurrera beti Nafarroako euskaldunak eta Euskal Herrikoak.

 
Euskal ikerlariak?
2007-10-16 / 12:19 / Aitor

Azken asteotan hiruzpalau komunikabideren bidez izan dut ikerketa eta liburu honen berri. Eta nire harridura handitzen joan da; izan ere, non egon gara euskaldunok, non egon dira euskal ikerlariak orain arte? Kanpotik etorri behar izan behar du katalan batek honen guztiaren berri emateko? Zenbat energia gastatzen dugun exigentzia, eskari eta protestatan, berauek oinarri eta indar litzakeen ikerketetarako erabili beharrean! Imagina genezake nafar ikerlari bat El Vendrell-eko katalanaren garapena aztertzen?

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com