Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  "BERANDUago, GEROago" erantzunez

"BERANDUago, GEROago" erantzunez

2007-10-15 / 08:54 / Bittor Hidalgo Eizagirre   HIZKUNTZA

Irakurri berri dut Asier Larrinagak azkena idatzitako BERANDUago, GEROago artikulua. Ez da aurreneko aldia aditzen dudana "teorizatzen" bi konparatzaile hauen arteko ezberdintasunaz, eta nik neronek ez dut inoiz garbi izan halakorik baden edo ez den. Oraingo honetan ordea, hala suertatu eta begiratu bat egin nahi izan diot kontuari.

Asierrek ematen dituen adibideetatik argi gehiegi sumatu ez badut ere, berak argi du araua: "Une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den adierazteko, okerra da «beranduago» sartzea." Eta hala gaitzesten ditu segidakoak bere ustezko ordain ona emanez geroago adberbioarekin:

  • EZ
    • Azpilikuetak oso jokaldi ona egin zuen, baina Osasunaren lehen gola hamabi minutu beranduago etorri zen.
  • BAI
    • Azpilikuetak oso jokaldi ona egin zuen, baina Osasunaren lehen gola hamabi minutu geroago etorri zen.
  • EZ
    • Bonbardaketak guztiz suntsitu zuen Gernika, baina hemen ez da igartzen, irudiok 50 urte beranduago hartutakoak dira eta.
  • BAI
    • Bonbardaketak guztiz suntsitu zuen Gernika, baina hemen ez da igartzen, irudiok 50 urte geroago hartutakoak dira eta.

Nik ordea ez dakit Asierrek nondik atera duen araua. Ez behintzat euskal usadiotik. Orotariko Euskal Hiztegian (IV 686-7) ez zaio sarrera berezirik egiten beranduago-ri, baina berandu sarreran jasotzen diren beranduago-ren adibide denak (salbu bat, oker edo hutsik ezean: Afalondoa luzatzen dute oi dan baiño berantago -Orixe-, eta berau ere berezi xamarra), beste guztiak nabarmen dira geroago-ren sinonimo estu, eta ez, inoiz baino beranduago, lehen baino beranduago edo ni baino beranduago itxurakoak berandu-ren bi gertaera elkar(rekin) konparatzen dituztenak. Hala:

  • Beste batzuk dira beranduago ere doktrina ez dakitenak (J.A. Mogel)
  • Idortzekotzat, lre bethean ebaki nahi du, eta ez berantago (Duvoisin)
  • Berantago hamabigarren mentian Besta horren zelebratzen hasi ziren (Intxauspe)
  • edo ez bagra eltan xuntatra, berantago oilten dazkad al dokedan obekienaz (Mendigatxa)
  • Hanitzez berantago egina izan omen du aitzinalde hura (J. Etxepare)
  • "argituek" asko berantago segitu behar zuten bide bat horrela erakusten zutelarik (Mirande)
  • Eta olako berela datorkit, beste olako berantago (Orixe).

Eta beste hainbat adibidek berriz, ipar eta hegoko, agerian adierazten dute "une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den" Asierrek gaitzetsi nahi duen eran:

  • Ordulauren beranduago (Etxeita)
  • bosteun urtez beranduago (J.M. Barandiaran)
  • ordu erdi batez beranduago (Anabitarte)
  • hogoita-hamalau urte berantago (Arradoy).

Ereduzko Prosa Gaur corpusean ere (EPG) beranduago-ren 553 agerraldietako gehienak (ia denak) dira ere geroago-ren sinonimo estu (begiratu bitza interesatuak); eta hauetako erdiek-edo adierazten dute agerian "une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den", Asierren aholkuaren kontrara, autore aski ezagunek ere lasai darabiltelarik. Liburugileen artean behintzat (264 agerraldi):

  • Txillardegi: 34 urte beranduago, berrogei urte beranduago.
  • J.A. Arrieta: Ordubete beranduago (4 bider), Ordu-laurden beranduago, hogei urte beranduago, Hogeita lau ordu beranduago (baita ere lehenago ala beranduago esamoldea, Asierrek behin eta berriz errepikatzen badu ere "gero" dela "lehen"-en sailekoa eta aldiz "berandu" "goiz"en sailekoa).
  • P. Zabala: 200en bat urte beranduago, apurren bat beranduago, astebete beranduago.
  • A. Lertxundi: ordu erdi beranduago, hamar minutu beranduago (2 bider ere).
  • K. Izagirre: ordubete eta luze beranduago, segundo batzuk beranduago.
  • Asisko Frantzisko Asisko Klara: apur bat beranduago.
  • Gotzon Garate: Hamar minutu beranduago Louis zerraldo zegoen.

Baita beste autore askok ere (beranduago erabiliz geroago-ren sinonimo estuz eta maiz agerian adieraziz "une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den"):

• Aingeru Epaltza (EPGko obra guztietan)

• Alberto Barandiaren

• Ana Urkiza

• Anton Garikano (EPGko obra guztietan)

• Arantxa Iturbe

• Bernardo Atxaga

• Daniel Landart

• Edorta Jimenez (EPGko obra guztietan)

• Eider Rodriguez

Elizen arteko Biblia ASKOREN ARTEAN

• Eskarne Mujika

• Felipe Juaristi (EPGko obra guztietan)

• Fernando Morillo (Lehenago edo beranduago).

• Harkaitz Cano (EPGko obra guztietan)

• Hasier Etxeberria

• Iban Zaldua (EPGko obra guztietan)

• Ibon Uribarri (EPGko obra guztietan)

• Iñaki Iñurrieta

• Iñaki Mendiguren

• Iñaki Zabaleta

• Itxaro Borda (EPGko obra guztietan)

• Itziar Otegi

• J.M. Olaizola "Txiliku"

• Jenaro Garate

• Joan Mari Irigoien

• Jokin Urain

• Jon Alonso (baita ere, lehen edo beranduago, lehenago edo beranduago esamoldeak)

• Jon Arretxe (Zita-ordua baino askoz lehenago azaldu ziren kafetegira Eneko eta Zigor eta pixka bat beranduago Ritxi)

• Jon Muñoz

• Jose Morales (lehenago erein eta beranduago ernetzen)

• Joseba Sarrionandia

• Josu Landa

• Joxean Agirre

• Joxemari Iturralde

• Joxemari Urteaga

• Juan Garzia (EPGko obra guztietan; baita ere Ondoren artizarra irten zen eta beranduago ilargia esamoldea)

• Juan Martin Elexpuru

• Julen Gabiria

• Koro Navarro

• Lopez de Arana

• Lourdes Oñederra

• Lutxo Egia

• Matías Múgica

• Migel Angel Mintegi (baita ere lehentxeago edo beranduago esamoldea)

• Mikel Hernandez Abaitua

• Mirentxu Larrañaga

• Mirentxu Larrañaga (EPGko obra guztietan; baita ere zenbaitzuetan beranduago sekula ez lehenago)

• Oskar Arana

• Pako Aristi (EPGko obra guztietan)

• Patxi Zubizarreta

• Patziku Perurena (EPGko obra guztietan)

• Pedro Alberdi

• Rafa Egiguren

• Ramon Etxezarreta

• Ramuntxo Etxeberri

• Santiago Iruretagoiena

• Sonia Gonzalez

• Unai Elorriaga (EPGko obra guztietan)

• Urtzi Urrutikoetxea (EPGko obra guztietan)

• Xabier Amuriza

• Xabier Aranburu

• Xabier Etxabe

• Xabier Mendiguren Elizegi (EPGko obra guztietan)

• Xabier Montoia

• Xabier Paya

EPGko prentsa corpusean ere (284 agerraldi) batez ere hegoaldekoak, baina baita ere iparraldean agerraldi gehienak dira geroago-ren sinonimo estu (begiratu bitza interesatuak); eta hauetako erdiek-edo adierazten dute agerian "une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den", Asierren aholkuaren kontrara. Hala nola Herria-ko segidako biak: 97 urte beranduago, aste bat beranduago.

Irakurri beharrekoa da ere Euskal Hiztegia-n Ibon Sarasolak beranduago-ri egiten dion aipamena irakurlea bidaliz ik. geroago-ra (sinonimo izan litekeelakoan), ondoko adibideak eman aurretik:

• Ehunka urtez beranduago

• Lehenago edo beranduago

• beranduagora laga gabe

• Izen horiek askozaz beranduagokoak dira (Mitxelenarena azken hau).

Aipamen txiki bat ere gero eta beranduago esamoldearen gainean. 9 aldiz ageri da EPGn eta batzuetan berandu-ren konparatibo izan baliteke ere (hau da, hasieran jada berandu zebilen, eta gero, gero eta beranduago), beste batzuetan gero-ren konparatiboa baino ez da: "Guri gertatzen zaigun gauza bera gertatzen zaie: gero eta beranduago lotaratzen ditugu, eta, aldiz, betiko orduan esnatzen ditugu" (A. Argoitia, Berria 2004), non ez den aurresuposatu beharrik jada hasieratik berandu lotaratzen zituztela (haurrak edo). Kontua da honen pareko litzatekeen gero eta geroago ez dela apenas erabiltzen (agian kakofoniaz edo antzekoagatik). EPGn adibide bakarra (eta berexia) aurkitu dugu: "Letra bat izan daiteke…, letra multzo bat…, silaba bat…, hitz osagai bat (gerotik gerora geroaldia gero eta geroago)" (Iñaki Arranz, 2006).

Nolanahi ere EPGri begiratuta esan behar da Asierrek oinarri hatutakoaren bidetik "une jakin batetik hasita zenbat denbora igarotzen den" adierazten denean maizago ageri dela geroago konparatiboa, beranduago baino. Esaterako x urte geroago esamoldea 498 bider agertzen da (68 x urte beranduago); x egun geroago 165 bider (12 x egun beranduago); x minutu geroago 129 bider (19 x minutu beranduago); x ordu geroago 62 bider (8 x ordu beranduago) eta x segundo geroago 9 bider (1 x segundo beranduago).

Baina maiztasunak maiztasuna adierazten du (kasu honetan %10 ingurukoa EPGn, nahiz ez daukagun halako daturi OEHTCekorik). Eta ez gutxiengoak anatemizatzeko eskubidea. Ala bai? Eta gutxiago kasu honetan bezala, gutxiengo ondo kualifikatuak direnean. Nahiz eta gure artean oso ohituak garen bestera. Asierrena bezalako artikuluen ondoren (lehenago ere seguru asko), EGAren antzeko edozein frogatan eskatuko zaie azterketariei lotsa gabe gaitzesteko euskara erabiltzaile on askoek darabiltzaten formak, eta aurrerantzean gero eta gutxiago izanen dira noski hau erabiltzen ausartuko diren idazleak, euskara txarra darabiltelako salaketaren beldur petan. Eta hori hizkuntza inkisizioa da. Hemen jasotako autore saldoek suspendituko zuketen praktikan halako item gaizto eta apokrifoa.

Uste dugu arau eta gaitzespen berriek, honek dituen baino oinarri sendoagoak behar dituztela. Eta batez ere ez daitezela joan benetako euskara erabiltzaileen erabileren kontrara. Hainbat euskalki, euskalki asko edo euskalki guztietako erabileraren kontrara, eta ahozko edo idatzizko tradizioen kontra. Jakinaz gainera erabilera txikiagoko esamoldeek adierazkorragoak ohi direla, ñabardura gehiagoren komunikatzaile hobe, eta beraz balio gehituak gure hizkuntz altxorrean.


(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakasle da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)


Bittor Hidalgok erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com