 |
Euskara: hizkuntza eta hizkera |
 |
2007-09-14 / 08:43 / Roberto Alkarterri |
HIZKUNTZA |
|
Hizkuntza bat ikasteko orduan, euskara kasu, ohikoa izan da gramatikatik abiatzea eta, horrela, nozio gramatikalak bereganatu ahalean, ikasleak nolabaiteko segurtasuna edo konfiantza lor dezake praxira jauzi egiteko; hau da, hizkuntza akademikotik abiatuta, mintzapraktikara edo ahozko hizkuntzara igarotzea lortu.
Horrela egin dugu milaka euskaldun-berrik, nahiz eta beste askok, segur aski, bestela ikasiko zuten. Euskaltegira joan, bertan euskara batuaren nondik norakoak geure egin eta, gerora, kalera mintzapraktika egitera irteten ginen. Orduantxe konturatzen ginen zein ezberdinak ziren ikasgelan ikasitako euskara eta kalean ohiko euskaldun-zaharrek zerabiltena.
Hala ere, ikas-prozesu hartan ez ginen kikiltzen gure euskara traketsa erabiltzerakoan. Lotsa barik eskatzen genuen edozein tabernatan "bi noski" edo "kafe bakarrik bat" eta, hala, motibazioa eta umore ona lagun, ulertarazi egiten genuen geure burua. Poliki-poliki eta erabiliaren erabiliaz, euskara zuzenaz eta "benetako" euskaraz ere jabetu ginen; hots, hizkuntza akademikoaz haratago, kaleko hizkera ere ikasi eta, ahal genuen neurrian behintzat, erabili egiten genuen. Nolabait esatearren, imitatu egiten genituen hain polito eta dotore (gure ustez, behinik behin) hitz egiten zuten euskaldun-zahar haiek.
Nire iritziz, nik eta nire moduko askok euskara ikasi genuen garaian, dezente ondo uztartu genituen hizkuntza eta hizkera, eta berehala ohartu ginen, euskara ongi ikasiko bagenuen, biak ere behar-beharrezkoak genituela, elkarren osagarri baitziren, eta ez bata bestearentzako oztopo.
Izan ere, edozein hizkuntza normalduk bi maila horiek gutxienez, hizkuntza eta hizkera alegia, derrigorrean izan behar ditu luzaro irautekotan. Eta, beraz, elkarren aurka kontrajartzen dituenak, bata zein bestea gailendurik ere, nekez gozatuko du euskaraz, hanka bietatik bat falta duen herrena bezala sentituko baita betiere.
Kontua da, gaur egun, nik halako aurkaritza sumatzen dudala euskara-hizkuntzaren, batetik, eta euskara-hizkeraren artean, bestetik. Norabide biko aurkaritza, gainera. Hau da, badira hizkerari mespretxua adierazi eta hizkuntza goraipatzen dutenak; baina alderantziz ere, hizkera miretsita, hizkuntza formala (eta euskara batuaz ari naiz) onartzen ez dutenak ere ugari dira.
Edonola ere, garbi dago mundu globalizatu eta eleanitz honetan, euskara biziko bada, normalkuntza ezinbestekoa dugula. Eta, era berean, euskara normalduko bada, premiazkoak dira hizkuntz batasuna eta hizkuntza akademikoa (euskara batua, alegia).
Hizkuntza versus hizkera
Euskal Herria, bere txikitasunean, hain da anitza eta aberatsa hizkuntzari dagokionez, ezen euskalki edota aldaki linguistiko ezberdinak darabiltzaten bi euskaldunek, maiz, gaur egun oraindik, ezin baitute elkar ulertu. Esaterako, bizkaitar eta zuberotar peto-peto bana hartuta, nork bere hizkera darabilela, nekez adituko diote elkarri zer dioten. Baina bi euskaldun horiek, euskara batua jakinez gero, erraz asko mintzatuko dira euskaraz beren artean, erdarara (gaztelania edo frantsesa, berdin dio) jo beharrik gabe.
Zoritxarrez, elkar ulertze horren alde egin nahian-edo, baten batek euskalkiak eta berorien aldaki nahiz azpi-aldakiak baztertu egiten ditu, eta batuan ondo egiten ez dakiena ezjakintzat jo izan du sarritan, euskaldun guztiek EGA izan beharko balute bezala. Jarrera hori dutenek herriko hizkerari guztiz baztergarri deritzote, eta uste dute batuak ordezkatu egin behar duela hor noizbait. Batuak ba omen du halako maila jasoa eta landua, mundu akademikoan ere lekua emango diona euskarari, Euskal Herriari, eta apustu garbia egiten dute horren alde. Baina ez dira konturatu euskara batuak (hizkuntzak) ez dituela euskalkiak-eta zertan etsaitzat hartu, beraien beharra baitu (hizkerarena, alegia) Euskal Herria iraunarazteko. Izan ere, batuak ez du balio izan, ez orain arte behintzat, kaleko eguneroko txikikerietan jarduteko, dela futbolaz eztabaidatzeko, dela begiko dugun horrekin ligatzeko, artifizial samarra suertatu baita, oraino bederen. Horretarako guztirako norberaren hizkera jator eta aberatsa erabili izan da, zalantzarik gabe.
Hizkera versus hizkuntza
Hizkerak, berriz, batuaren nolabaiteko artifizialtasunetik at, badu halako freskotasun bat, berariazko jatortasuna, nolabait esatearren. Eta, kontrakoa pentsatzen duen baino askoz ere jende gehiagok uste du batuak arriskua dakarrela euskalkien (hizkeraren) biziraupenerako. Batuari "plastikozko hizkuntza artifiziala" deritzote hauek, eta euskara batu garbia (eta zuzena) egiten duenaren aurrean ez dira batere eroso sentitzen. Batua, gehienez ere, idazteko-eta erabili behar dela uste dute, eskolarako eta kontu ofizialetarako akaso, baina ez egunez eguneko bizimoduan. Horregatik, sarritan, erdarara (gaztelania edo frantsesa) joko dute euskaldun-berriak euskara batua egiten dienean; beharbada, ondo ulertu ez eta jarraitu ezinik egoten direlako, erabat arrotza eta funsgabea zaielako batua, edo, batek daki, lotsatu egiten direlako euren "etxeko" euskararekin.
Tamalez, horrela pentsatzen dutenak ez dira jabetu euskalkiek ere batua behar dutela (alderantziz bezainbeste) euskalduntasuna ziurtatzeko. Ikasi beharreko kontu bakarra zera da: bakoitzari bere lekua eman, eta, beharrizanen arabera, bata edo bestea erabili, baina erdara derrigorrean erabili barik.
Elkarren beharraz jabetu, eta elkarrekin jardun
Hau guztia diot horrelako jarrerak, gaur egun oraindik ere, oztopo handia direlako euskararen erabilerarako. Euskara batuak adin nagusigoa lortua behar zuen honezkero, baina badirudi arerio askotxo dituela oraindik, eta ez bakarrik erdaldun etsaien aldetik, baita hainbat euskaldunen euren aldetik ere.
Badakit, euskarari gagozkiolarik, batua ez dela berez hizkuntzaren sinonimo, euskalkiak hizkeraren sinonimo ez diren bezalaxe, baina susmoa dut bi kontzeptu horiek, hizkuntza eta hizkera alegia, nahasi egiten dituela euskaldun askok, ez dituela bereizten eta, ondorioz, kontrajarri eta bietako baten alde egiten duela beti; hizkeraren alde, normalean.
Izan ere, gure kaleetako kartel gehienetan, esaterako, herriko berbakera edo kartela idatzi duenaren hizkera erabili ohi da unean uneko hitzaldia, elkarretaratzea edo dena delako ekimena zabaltzeko. Idatzita irakurtzen dugu hizkera baino ez dena, edo, askotan, "akats" tipografiko hutsak direnak ("andramaixak", "8´tan", "gaztiok burrukan", "bi pertsonentzako afarixa", "ordutegixa: 8:30tik 12:00arte", "uztailan arratzaldez itxita", "ezkerrik asko"...), eta nahasgarri suertatzen zaio hainbati, bereziki euskara ikasi nahian dabilen horri. Euskaltzaindiak dioen guztiaren aurka idaztea beste helbururik ez dagoela ematen du askotan, edo, akaso, arauak errespetatzeko ezintasun nabarmena, nahiz eta EGAduna izan kartelok idatzi dituena. Ergatiboa "ahaztu", mugagabea eta plurala nahasi, deklinabidea erabat aldrebestu, ahoskerari dagozkion yodak idatzi... edozer ikus daiteke gure kaleetako kartel, deialdi, jai-egitarau eta abarretan. Eta akats horiek erakunde ofizialenak direnean izaten dira mingarrien euskara "zuzena"ren zalearentzat (norberak pentsa dezala zer ote den euskara zuzena beretzat).
Bada halako joera nagusi bat, nik uste, herriko hizkera euskara batuari gailendu eta, nolabait, goraipatzekoa. Jakina, hizkerak bere garrantzia du, eta goraipatzekoa da, oso. Baina edonoiz eta edozertarako idaztea, euskara batuari halako kontrakotasuna agertu nahian idatzita gainera, ez dut uste mesedegarri zaionik euskarari, inondik ere. Euskal Herriko edozein bazterretan esaten den berba, esamolde edo esakunea, idatziz gero, idazkerari dagozkion arauak (grafema guztiak idatzita eta deklinabidea errespetatuta, esaterako) idatzi behar dela uste dut nik, bestela are gehiago nahasiko baitugu euskararen afera.
Pentsa dezagun hizkuntza normalduren batez, gaztelaniaz adibidez, horrela jokatuko balitz, zer-nolakoak entzun beharko genituzkeen. Esate baterako, honelakoak idatziz gero: "juegos pa niños", "si podríamos hacerlo", "ná de ná", "presupuestos del estau"... Are gehiago, maiz, gaztelaniaz oso hizkera markatu eta traketsaz hitz egiten entzuten diogunean norbaiti, seguru nago batek baino gehiagok hori zein analfabetoa den pentsatu eta irribarretxo bat edo beste agertuko duela hain gaztelania "txarra" entzunda. Baina euskaraz, aldiz, zenbat eta euskara bitxiagoa, arautik eta euskara batutik urrunduagoa eta tokian tokiko hizkeratik hurbilagoa entzun nahiz irakurri, hainbat eta euskara hobe eta jatorragotzat jo izan dugu, eta "hori bai euskara polita" pentsatu.
Tira, esan nahi dudana zera da: ez dakit zertan ari garen euskaldunok, baina, erabilerari dagokionez behintzat, atzeraka ari garela uste dut nik, nabarmen gainera. Eta horretan, ziur, badu zerikusi handia aurreko lerro hauetan azaldu nahi izan dudan guztiak. Euskara salbatuko bada, salbatuko badugu, ados jarri beharko gara denok nola eta noiz idatzi, gerora denok, nor bere kasa, mintzo ere izan dadin euskaraz. Bereiz ditzagun hizkuntza eta hizkera, eta zain dezagun euskara.
(ROBERTO ALKARTERRI helduen euskara-irakaslea da)
Roberto Alkarterrik erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):
|
Erantzun |
| |
 |
| Hainbat iruzkin |
 |
2007-09-14 / 10:34 / Andoni Sanz |
|
Roberto:
Primerako artikulua. Berton adierazitako gauza askorekin bat nator. Hala ere, eta nire esperientziari atxikita, puntu batzuk komentatzea gura nuke, zure baimenarekin.
Alde batetik, zer da euskara batua? Horretan ez naiz aditua, eta ez naiz inoiz izango. Baina, bizkaitar bati entzun, batueraz aritzen den beste bati entzun, eta parekotasun handirik ez dut topatzen bien artean, mezu bera esan arren. Horrek gauza bat iradokitzen dit: garai batean eginiko batuera prozesuak ez zituela euskalki guztien ezaugarriak kontutan hartu. Hori horrela, ez nau harritzen bizkaitarrek batuerari muzin egin, eta bizkaieraren alde egitea; beste euskalki batzuez ez hitz egitearren.
Beste alde batetik, oraindik ere ez dut oso argi Euskaldun Zahar eta Euskaldun Berri adierek zer adierazi gura duten. Baserri baten barruan hazi, edota herri euskaldunean jaio eta euskaraz bizi direnen kasuan ez dago zalantzarik. Aldiz, ama, edo aita, kanpotarrak izan, bertaratu, euskara batua ikasi eta seme-alabei transmititu dietenei, nola deitu, baina? Euskaldun berrizahartuak? Euskalhibridoak? Ez dakit, bada, euskalduntasunaren ikuspuntutik nork duen, kasu horretan, pisu handiagoa: bertokoa izanik erraz izan duenak, ala atzerritik etorri eta ezezaguna zaion mintzaira bereganatu duenak. Traba galanta da kontzeptua, gainera, komunikatzerakoan, berriek zaharren beldur baitira, eta alderantziz, tokitara dagoelako batua zenbait euskalkitatik. Gogoan dut, txikitan, amaren lagun bizkaitarrarekin hitz egiten nuenean. Ziztuan, bizkaiera-aditz ulergaitzekin, eta esapide ezezagunekin egiten zidan. Beldurrak jota nengoen berarekin aritzen nintzenean, ekintza komunikatiboa gauzatzea ia ezinezkoa zelako. Berak zerabilen euskara, eta nik ikasitakoa –baturik batuena- bi hizkuntza ezberdin ziren. Ordea, andrea poz batean aritzen zen nirekin, azken batean euskaraz jarduten genuelako.
Gainera, euskara etengabe biziberritzen den hizkuntza da. Prozesua polita da, baita ikusgarria ere. Ez dakit gaztelerak horrelakoak jasaten ote dituen. Esaterako, mugagabea eta zenbakiekin arazoak izaten jarraitzen dut. Garai batean Hamahiru kilotako fardela esaten genuen, eta, nahiz eta araua aldatu izan, Hamahiru kilokoa esatea programatu barik dut buruan. Eta ulertzen dut egin beharreko lana dela, baina Euskaltzaindiak atseden ez hartzeak akabatu behar gaitu martxa honetan. Ez nau harritzen jende askok ikasketak bertan behera uztea panorama horrekin, eta hizkuntzaren eboluzioak ezarritako abiadari jarraitu ezinik ibiltzea. Bai, beharrezkoa da, baina nola ulertarazi jendeari?
Nola ez, EGA aipatu duzu. Zorioneko titulu ezereza. Berau gainditzeko historia, matematika edo literatura ikasgaiak bezala ikasten dena. Gainditu ostean, subjektuari euskara arrozten zaio, inoiz jator izan baldin badu. Eta jatorra dutenei, euskalkia itxuraldatzen zaie. Errebalidak egin beharko litzaizkioke orori. EGA lortu eta bost urte pasa direla? Erakuts dezala EGA maila duela, oraindik. Bestela, gezurrezko tituluaren jabe izan, eta berau curriculum-etik kendu beharko luke.
Bide batez, esan behar da zuk idatzitako gaztelerazko adibide horiek punta-puntakoak direla. Jende askok pentsatuko du gehiegikeria dela, baina bai zera! Horrelakoak ikustea eguneroko kontua da estatuan, eta, bitxia bada ere, gaztelerari banderari haina garrantzia ez diote ematen, nonbait.
Azkenik, txukuntasun zalea naizela aitortu behar dut. Jakin, badakit, ezinezkoa dela beti txukun aritzea, baina ataza horri ekin beharko genioke guztiok, ezen, egun, lasaitasunak euskararen txarrerako egiten baitu lan.
Beste barik, agur bero bat.
|
| |
 |
| Re: Euskara: hizkuntza eta hizkera |
 |
2007-09-14 / 16:00 / Borja Ariztimuño López |
|
Oso ona Roberto, guzti-guztiarekin ados.
Aldiz, ez nator bat Andoni Sanzek dioen guztiarekin, edo planteatze-moduarekin.
Batua zer den denok dakigu (ez ordea erabiltzen) eta aditz laguntzailearen zati bat (handia eta garrantzitsua, bai) kenduta, ez da berez-berez hain desberdina. Bizkaierazko berba eta atzizki asko onartuak izan dira hartarako. Tokian tokiko txokokeriak soilik baztertu dira, baina ez bakarrik bizkaierarenak, baita gipuzkera edota zubererarenak ere. Batua nork bere euskalkira hurbiltzeko ahalegina egingo bagenu, ikusiko genuke, eta konturatuko, ez dagoela horren urrun. Gainera, zer da bizkaiera eta zer ez? Bizkaierazkoagoa al da dauz (ditut), ditudaz (edo ditut bera) baino? Euskalkien historiaz apur bat jakinez gero, argi ikusten da euskalkiak lehen askozaz ere hurbilago zirela elkarrengandik, eta batez ere bizkaiera urrundu dela, hainbat arrazoirengatik (eta ez arrazoi "intralinguistikoengatik").
Halaber, joskeraren aldetik euskaltzaindiak ezer gutxi esan du, eta are gutxiago araurik eman.
Gainera, emandako arauak ez dira aldatu! Gertatu izan dena da araurik ez zegoen tokian araua ezarri duela.
("kilotako/kiloko" auzi horren harira, araua 1995ean eman zen, -tako/-ko bereizketa egin behar dela argudiatuz, ez da hamaika aldiz aldatua izan)
Ez dakit, batzutan ez dakit gauzak ondo azaltzen ditudan ere...
Bejondeizula Roberto!
|
| |
 |
| Batua bai, miraririk ez |
 |
2007-09-14 / 20:25 / Igone Meaza |
|
"Euskara: hizkuntza eta hizkera" artikulua irakurri berri dut. Testu interesgarria iruditu zait. Oro har bat nator berarekin, baina idatzitakoaren puntu batek atentzioa eman dit, zuberotar eta bizkaitar peto-petoarena aipatzen duen zatiak, alegia.
Egia da, nire ustez, bizkaitar hutsean berba egiten duen batek zuberotar hutsean egiten duen batekin hitz egitean zailtasunak izango dituela eta baita alderantziz ere; baina nire galdera honakoa da: batua hutsean egin behar ote dugu nahitaez? Kasu horretan, esate baterako, ni neu ez naiz batua hutsean hitz egitearen aldekoa; are gehiago, niri, bizkaitarra naizen aldetik, ez litzaidake gustatuko zuberotarra batua hutsean aritzea. Apurka-apurka hizkera guztietara ohitzen joan behar dugu. Ez dut uste euskarari komeni zaionik euskalkien errealitatea ezabatzerik. Nire ama-hizkuntza euskara da. Bizkaiera euskara da, zuberera eta gainontzeko beste euskalki guztiak ere euskara dira; batua ere bai, jakina. Beraz, denek osatzen dute nire ama-hizkuntza den euskara aberats hau. Hori dela-eta, iruditzen zait kontu handiarekin ibili behar dugula batua hutsera hain erraz jotze horrekin, horrela, beti egingo zaizkigu-eta urrunegiko gainerako euskalkiak.
Lehen, gure aitita-amamen garaian, gaitzagoa zen elkar ulertzea. Telebistan erdara entzuten zuten, ia-ia ez ziren baserri edo etxe ingurutik mugitzen... Gaur egun, ordea, komunikabideek hizkerak hurbildu egiten dituzte; bidaiatu ere, askoz gehiago bidaiatzen dugu eta, ondorioz, beste euskalki batzuen jabe diren pertsona asko ezagutzeko aukera dugu... Hartara, ez dugu aitzakiarik tarteka-marteka bakoitzak bere euskalkiko hitzak zein egiturak erabiltzeko, egun ez zaizkigu-eta hain arrotz egiten; baina txokokerietara jo gabe, betiere. Ahalegina egin behar dugu eta interesa ipini.
Horiek horrela, nire ustez, batuarekin irabazi egin dugu; hori bai, momentuan momentuko hizkera erabiltzen jakinez gero. Irabazi batua ikasi dugunok irabazi dugu. Batua ikasteko aukerarik eduki ez dutenekin hor konpon, Marianton! Nire aitita eta amama bizkaitar peto-petoak dira, beste aitita-amama asko bezala, eta ETB1 jartzen dutenean ez dute ezertxo ere ulertzen. Ezertxo ere ez.
|
| |
 |
| Miraria gure esku |
 |
2007-09-17 / 19:25 / Roberto Alkarterri |
|
Aupa, Igone:
Gustura irakurri dut nik idatzitako testuaren gainean egin duzun ekarpena. Eta esan dezadan, gainera, bat natorrela diozunarekin. Baina, zurea irakurri ostean, zehaztapen txiki batzuk egin nahi ditut atentzioa eman dizuten nire hitz horien harira.
Jakina ez dugula euskara batuan derrigorrean egin behar; are gutxiago jakin ez eta ikasteko ere paradarik izan ez dutenek, noski. Diozun bezala, euskara guztiek osatzen dute EUSKARA, denon euskara. Nik, ordea, zuberotar eta bizkaitar petoen adibidea aipatzean, batua ulerpide gisa aldarrikatu nahi nuen erdararen aurretik; hau da, norberaren euskalkian elkar ulertu ezinean gabiltzanean, frantsesa edota gaztelania erabili barik, batuak erraztu beharko liguke bidea, eta ez frantsesak edo gaztelaniak, maizegi gertatzen den bezala. Horregatik da hain garrantzitsua oraingo eta geroko belaunaldiak alfabetatzea (edo euskalduntzea, erdaldun jaioz gero).
Garrantzi hori azpimarratu nahian, nire ustez, kontzientzia hartu behar dugu euskaraz berbetan jator eta polito egitea ez dela nahikoa, eta idazten ere ikasi beharra dagoela. Alfabetatze ezak ordezkapena dakar; hots, gaztelania (edo frantsesa, Iparraldean) euskarari nagusitu hainbat eta hainbat egoeratan. Eta gogora dezagun idazten diren hitzak soilik direla haizeak ezin eraman ditzakeenak.
Esaterako, ni euskaldun-berria izanik, askotan gertatu zait euskaraz komunikatu nahi izatea eta, euskara arrotza, ezberdina edo ez dakit nolakoa egiten dudalako, ba, gaztelaniara pasatzea nirekin hizketan dabilen euskaldun-zaharra, eta nire militantzia handi bezain nekagarriari esker, azkenean, elkarrizketa hori, erosketa baten aurreko azalpen hori edo dena delakoa euskaraz izatea lortzen dut; baina gaztelania nik ukatuta, betiere. Amorratu egiten nau, egia esanda.
Hori Bizkaian gertatu izan zait, gehienbat. Bizkaitarra naiz eta Bizkaian bizi naiz, baina ez nintzen euskaldun sortu, eta, bizkaieraz problema barik ulertzen baldin badut ere, nire euskara beti arrotza izango zaie bizkaitarrei, nahiz eta euskara “jatorra” imitatzen ahalegindu. Izan ere, askotan euskalkia bera tokian tokiko aldakiarekin nahasten da, eta erraz asko bota dezaket nik, esaterako, ETXIE Lekitxon eta ETXIA Ixurretan, alderantziz dela jakin arren (bizkaieraz ETXEA, dena den). Hau da, euskara ezberdina onartzea oraindik ere kostatu egiten zaio euskaldun-zahar askori, benetan. Zuk diozun bezala, ahalegina eta interesa ipini behar beste(lako) euskaldunak ulertzeko.
Bestalde, nire hitz haietan beste kontu bat kritikatu nahi nuen: ahozko euskara uneoro idaztearena, hain zuzen. Adibidez, abuztuaren erdialdera andramariak ospatzen dira Euskal Herriko herri eta auzo askotan. Batzuek ANDRAMAIXAK, beste batzuek ANDRAMAIK, edo ANDRAMARIEK edo nahi dugun beste formatan ospatuko ditugu, baina idazterakoan, nik uste, ANDRAMARIAK idatzi behar. Nola hitz egin eta nola idatzi bi kontu zeharo ezberdinak dira, eta honatx, berton, horren froga: euskaraz ari gara komunikatzen foro honetan, euskara zuzen eta ulergarrian esango nuke nik (batua abiapuntu); baina komunikazio bera garagardo bana hartu bitartean egingo bagenu, erabat euskara ezberdina egingo genuke biok, euskara zuzen eta ulergarria ere bai, nork bere erara eginda (hizkera oinarri). Hortaz, biak ere, batua zein euskalkia, hizkuntza nahiz hizkera, behar-beharrezkoak ditugu, baina bakoitza dagokion unean eta tokian erabilita.
Tira, barkatu hain luze idatzi izana azken batean gauza bera esateko. Kontua da kezkatuta nagoela, oso, idazten den euskara kaxkarrarekin. Sinistuta nago egunen batean TXATetako edo SMSetako “gramatika” berezia pairatu beharko dugula edonon eta edozertarako, eta askok eta askok orduan ere zera esango dute: “ori bai euskera politxe!”. Ordurako, akabo euskara.
Ondo segi.
Roberto.
|
|
Erantzun |
|