Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Iragarritako porrot baten kronika

Iragarritako porrot baten kronika

2007-07-11 / 08:30 / Iņaki Lasa Ustariz   HERRI-ADMINISTRAZIOA

"2006.eko otsailaren 8an Kultura Sailak Donostian duen ordezkaritzara bertaratu zen herritarra. Dirulaguntzen kontuak kudeatzeko zegoen bulegariak ez zekien euskaraz. Are okerrago, euskaraz zuzentzeagatik modu desegokian hartu zuen herritarra".

"Urte bereko urriaren 26an Donostiako ordezkaritza berean harreran zeuden langileetatik bakar bat ere ez zen gai izan herritarra euskaraz atenditzeko".

"Abenduaren 1ean Gazteak Ekinean izeneko programa ezagutzeko jardunaldi informatiboak antolatu zituzten Bilbon. Azalpenak gaztelania hutsean izan ziren eta ez zuten aldibereko itzulpenik eskaini".

Arestiko 3 adibideak Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2006.eko txostenean jasotako hiru espediente besterik ez dira. Urratzailea Kultura Saila da. Kultura Sailaren ardurapean dago Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Administrazio Orokorraren euskalduntzearen ardura zuzena duena. III. Plangintzaldiaren balantze aurrerapenaren haritik honako hau esan du Sailak:

"Sekulako aurrerakada egin dugu arlo horietan eta dagoeneko esan dezakegu hein handi batean elebiduna dela Administrazioa".

"datuen arabera, arduradun politikoen erdiek inguru badakitela euskaraz. Gaur egun, beraz, Administrazioa prest dago euskaraz ere lan egiteko, neurri batean bederen".

"...erakundeen hizkuntza paisaian eta kanpo proiekzioan bermatua dago euskararen erabilera".

"Kanpo proiekzioari dagokionez, orokorrean, euskararen presentzia bermatuta dago".

Hezkuntza Batzordean eginiko agerraldian erabilitako adierazpenak dira, III. Plangintzaldiaren balantzearen aurrerapena egiten duen txostenean literalki jasotzen direnak. 2004.ean Kontseiluak argitaratutako txostenean iragarri genuen gabezia estruktural handiak zituela Plangintzak eta, zoritxarrez, Kultura Saila errealitatea edertuz desitxuratzen saiatu bada ere, denborak arrazoia eman digu. Komenigarria da, beraz, hutsuneak non dauden aztertzea egoera tamalgarri honi irtenbide eraginkorra emateko.

Lehenengo eta behin, esan beharra dago hondoa zulaturik duen lapikoa ezin dela urez bete. Administrazioak euskara ez dakiten pertsonak kontratatzen segitzen du eta horrek eragin zuzena du ez bakarrik Administrazioaren hizkuntza egoeran, baliabideetan ere bai. Izan ere, euskalduna kontratatuz gero ez dugu sosik txikiena ere gastatuko haren euskalduntzean, beraz, euskararen normalizazioaren alde diru baliabideak liberatzeko modua da, dudarik gabe. Azken urte hauetan etengabeak izan dira Kontseiluaren kritikak egin diren enplegu eskaintza publikoetan ez delako hau kontuan hartu. Lapikoa beteko bada, zuloa estali behar zaio, langile euskaldunak kontratatu behar dira, beraz.

Azken mende laurdenean Eusko Jaurlaritzak, edo agian EAJk esan beharko genuke hizkuntza politika haien eskuetan egon baita beti, eperik gabe lan egin du. "Arian-arian" formulak betetzen ditu hizkuntzarekin erlazioa duten mota guztietako testu juridikoak. Ez dakigu, beraz, noizko espero duten hizkuntza politika hau aplikatuz Administrazioa euskalduntzea. II. Plangintzaldiak ez zituen helburuak bete, III.ak ere ez, baina ari gara. Euskaldun berrioi garai batean "arinaiztar" esaten ziguten, "arinaiztarrak" ordea, Hizkuntza Politikaren arduradunak dira. Begira ezazue bestela:


"Azken bost urteotan erabilera plana onartu duten herri administrazioek gorakada nabarmena egin dute, % 50era iristen dira".


Ehuneko 50ek bakarrik du erabilera plana 25 urte pasatu ondoren? Berdin da, ari gara.


"...herri administrazioen erdiek badute onartua erabilera plana".


Bakarrik? ari gara. Aurrerago:


"...plana definitu duten erdiek bakarrik egin dutela jarraipena".


Berdin da. Ari gara.

Gaur egun, gure zibilizazio aurreratuan bizi itxaropena gero eta handiagoa den honetan, 60 urterekin gazte sentitzeko miraria errealitatea bihurtua denean Eusko Jaurlaritzak langile taldearen % 80 inguru salbuetsita dauka 45 urte baino gehiago dutelako. Haien lanpostua eskuratu duten pertsona horiek 45 urte betetzen dutenean ez dute euskara ikasi beharrik. Salbuetsita izateko adinean nago lagunok, eta "itzaltze intelektualaren" zain nago, Eusko Jaurlaritzaren ustez, jadanik ez naiz hizkuntza bat ikasteko gai. Nola euskaldundu nahi du Administrazioa HPSk euskara ez dakitenak kontratatzen baditu eta langile gehienak salbuesten baditu? Iragarritako porrota, izan ere, 2004.ean eman genuen datua da hau.

Hala ere, langile fin asko hortxe ari da jo ta ke euskara ikasten. Ahalegin pertsonal zintzoa, kasu askotan, euskaraz lan egin ahal izateko baina...


"Hizkuntza eskakizunen bat egiaztatu duten hainbatentzat zail da mailari eustea. Eta zenbaitetan ezarrita dauden hizkuntza eskakizunak, agian, ez dira nahikoa euskaraz jarduteko".

"Hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izanda ere, ezagutza maila horri eusteko eta erabilera bermatzeko urrats gehiago eman beharra dago".

"...lehen hizkuntza eskakizunaren maila oso baxua dela eta egunerokoan erabili ezean berehala galtzen dela..."

Behin ikasi ondoren, lanatal erdaldunetan kokatzen dituzte berriro, euskara ezagutzen ez duen arduradun politiko baten aginduetara eta, noski, neke handiarekin lortutakoa erabiltzen ez denez ikasi baino azkarrago galtzen da. Euskara ikasten duen langilea euskaraz lan egingo duen zirkuituan kokatu behar dela, esan dugu hainbat aldiz, arduradun politikoek eta goi karguek salbuetsi beharrean ikasteko betebeharra izan beharko luketela ere esan dugu, beste aldean erantzuna: "Ari gara, ari gara, pazientzia behar duzue". Agortzen ari zaigu, ordea.

Derrigortasun data duten lanpostuak % 40 dira eta horien % 54k egiaztatu du hizkuntza eskakizuna. Indizea Biztanle Erroldaren arabera kalkulatzen da, 1996.eko Erroldaren arabera kalkulatu dute, zegokiena ordea, 2001.ekoa, aplikatu izan balute % 44ko indizea beharko luke baina, tira, hor ere tranpak. Hizkuntza eskubideak ez dira irizpide kuantitatiboak, ezinduentzako espaloiak ez dira egokitzen elbarri kopuruaren arabera, Administrazioak hizkuntza eskubideak errespetatu egin behar ditu euskaldunon kopurua edozein izanik ere eta horretarako lanpostu guztiek izan beharko lukete dagoeneko derrigortasun data; bitartean, hizkuntza eskubideen urraketen erantzuleak dira.

Utzikeriak lideratzen du hizkuntza politika. Begira ezazue bestela zer gertatzen den erabilera irizpideekin:


"Erakunde askok finkatu gabe ditu oraindik erabilerari buruzko hizkuntza irizpideak eta ezarrita daudenean, ere, askotan, ez dira ezagutzen".

"...herri administrazioen erdiek badute onartua erabilera plana". Bakarrik?

"Derrigortasun baxuko erakundeetan zaila da euskarak gutxieneko presentzia izatea".

"Ez dago euskararen erabilera normalizatzeko komunikazio plan orokorrik".

"Erakunde barrura begirako harremanetan, batez ere, ahozkoetan, gaztelania da nagusi".

Bitartean, beti bezala, erantzule bat behar denez herritarrari eta langileari egurra, zergatik eta, ez duelako erabiltzen.

Hurrengo urteetarako helburua ezagutzatik erabilerara jauzi egitea omen da. Baldintza hauetan jauzi ezinezkoa, hizkuntza politika honekin jauzi ezinezkoa, ziur aski, arduradun politiko hauekin jauzi ezinezkoa. Administrazioa euskalduntzearekin gertatzen ari denak gero eta garbiago uzten digu hizkuntza politika berri baten beharra.


(IŅAKI LASA USTARIZ Kontseiluko ildo politiko-instituzionalaren arduraduna da)


Iņaki Lasa Ustarizek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com