Egin klik hemen INPRIMATZEKO


(Bizi)Esperientzia aberatsa

Karmen Irizar - Iker Martinez de Lagos / Bestelakoak / 2007-06-20 / 09:00


Topaguneak 10 urte bete eta euskara elkarteen mugimenduak 25 urte betetzear dauden garai honetan, atzera eta aurrera begiratzeko aitzakia izan dugu Topagunean gabiltzanok.



Atzera begiratzerakoan, batez ere duela 25 urte euskara elkarteen mugimendua irudikatu, antolatu eta abiarazteko intuizioa, bisioa, jakintza eta ausardia izan zuten gizon-emakumeekiko miresmena datorkigu gogora. 25 urte beranduago guztiz presente ditugun erronkak aurreikusteko gai izan ziren lagun hauek.

Helburua bazuten, martxan jartzeko oinarri teorikoa ere bai eta tresna egokia sortzen jakin zuten.

Ondoren etorri zen euskara elkarteak bilduko zituen erakundea sortzeko momentua. Geroz eta talde gehiago zegoen herrietan, bakoitza bere aldetik lanean. Guztiak elkarrekin arituta indar handiagoz lan egin zitekeela eta bilera, gutun trukaketa eta lan ordu askoren ondoren sortu zuten Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa. Oso modu xumean hasi zen erakundea etengabe hazten joan da hamar urte hauetan eta lan handia izan da euskara elkarte bazkide guztiak bildu, haiek harremanetan jarri, proiektuak bideratu, azpiegitura sendotu eta lan talde finkoa osatzea. Hamar urteren buruan lan hori egintzat, edo bideratutzat behintzat, jotzen dugu. Urte hauetan lan egin dugu, baina eragin ere eragin dugu, eta euskararentzako esparruak irabazten joan garen heinean, euskara elkarteak sendotu egin dira, euskara elkarteen funtzioa gizarteratu da eta euskara karga ekonomiko eta soziala baino aberastasun iturri, lanpostu sortzaile eta komunitatearen lotura sendoa dela erakutsi dugu.

Egin eta eragiteaz gain, ikasi ere gauza asko ikasi dugu, eta lehen oharkabean hanka egiten ziguten hamaika xehetasun ulertzeko modua izan dugu.

Gure kasuan euskara eskubidea dela irizten diogu, eta baita konpromisoa eta militantzia, baina batez ere, identitatea eta izaera ematen digun zerbait dela esan nahi dugu, lanerako, bizitzeko, gozatzeko eta izateko dugun modua. Jon Sarasuak esan zuen moduan "...suerte bat izan dut nik nire garaian, gonbidatu nautela euskararen jaian".

Topagunean gabiltzanok horretan asmatu nahi genuke aurrerantzean, jendea euskaldun bizi garenongana erakartzen, euskara aberastasun eta gozamen iturri izan daitekeela adierazten, gure identitatea konplexurik gabe aldarrikatzen, euskarak lotzen duen hizkuntz eta kultur komunitatea trinkotzen, eta batez ere, gure ondoan, inguru berean bizi diren beste hizkuntza komunitateetako kideei, berea utzi gabe, euskaraz bizitzen eta sortzen has daitezen motiboak ematen.


(KARMEN IRIZAR eta IKER MARTINEZ DE LAGOS Topaguneko Zuzendaritza Batzordeko kideak dira)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1182171769