Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Diglosiaren ondorioak

Diglosiaren ondorioak

2007-06-11 / 08:30 / Gotzon Garate   HIZKUNTZA

Diglosia: "The coexistence in the same area of a colloquial idiom of an inferior prestige, side by side with a more learned language". Gu Euskal Herrian diglosia gorrian bizi gara.

Euskara espainolaren eta frantsesaren ondoan bizi da. Prestigio txikiago du eta alor askotan -administrazioan, justizian, teknikan, osasun kontuetan...- espainola eta frantsesa baino askoz gutxiago erabilia izan da.

Euskara orain arte ez da eskolan eta unibertsitatean sartu.

Gazteek ez dute euskaraz egiten. Zergatik? Diglosian bizi garenez gero, espainolez errazago egiten dutelako. Bermeon, adibidez, lehengo egunean Deia egunkariak esaten zuenez "euskararen erabilera % 60koa da, nahiz eta gazteriaren herenak baino ez duen ahotan". Ondarroan ere gauza bertsua gertatzen omen da. Eta beste herri askotan ere bai.

Diglosia hizkuntza galtzearen aurreko egoera da.

Hona Spektrum der Wissenschaft aldizkari entzutetsuaren lerrook: "Gizaldi honetan munduko hizkuntzarik gehienak desagertu egingo dira, ehunetik 70 edo 90".

Diglosiak dakarren birusa: jendeak hizkuntza nagusiz pentsatzen duela.

Hemen dago koska. Euskal Herrian, diglosia dela eta, askok eta askok espainolez pentsatzen dute. Horregatik idazterakoan maiz euskal estruktura pikutara igortzen dute. "Begiz jo" eta "begitan hartu" nahasten dituzte, "kontu hau beste horri lotu behar diogu" idatzi beharrean, "beste horrekin" idazten dute, edo "mutil nafarrak" (zuzen "nafar mutilak"), edo "astean zehar" ("aste barruan"; sekula ez dute baserritarrek eta gure gurasoek zehar denborari lotu) edo "eske nik esan nion".

Problema pentsatzean dago. Gero eta gutxiago dira euskaraz pentsatzen dutenak. Zazpi probintzietako baserritarrek eta Azpeitia bezalako herritan bizi direnek euskaraz pentsatzen dute. Horien euskara zinez oso ona da, estruktura errespetatzen dutelako, espainolezko edo frantsesezko hitz piloak sartu arren. Lexiko arrotzak ez dio hizkuntzari kalterik egiten.

Bizkaiera, erdal hitzak erabiltzen dituelako, purista batzuek gutxietsi egin dute. Ez dakite linguistikaz gauza handirik. Bizkaieraren estruktura bikaina da. Non egiten da Eibarren baino euskara hoberik?

Frantsesez pentsatzen duenak ez du sekula alemanez ongi idatziko. Ez eta espainolez pentsatzen duenak euskara zuzena erabiliko. Estrukturan hutsak egingo ditu.

(GOTZON GARATE OIHARTZUN hizkuntzalaria, euskal literaturan katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta idazlea da)

  • Estreinakoz Argia astekarian argitaratua (2007-6-3)


Gontzon Garatek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Euskarari eragindako kalteak
2007-06-11 / 11:26 / Xabier Andonegi Santamaria

Hauxe dio Garate jaunak:

"Begiz jo" eta "begitan hartu" nahasten dituzte, "kontu hau beste horri lotu behar diogu" idatzi beharrean, "beste horrekin" idazten dute, edo "mutil nafarrak" (zuzen "nafar mutilak"), edo "astean zehar" ("aste barruan"; sekula ez dute baserritarrek eta gure gurasoek zehar denborari lotu) edo "eske nik esan nion".

Horietako bat bera ere ez da diglosiaren ondorio. Horiek beste hizkuntza batzuen eraginaren ondorio baino ez dira, eta hori hizkuntza guztiek jasaten dute, gehiago edo gutxiago.

Baina Garate jaunak utzi digun perlarik handiena, “sekula ez dute baserritarrek eta gure gurasoek zehar denborari lotuu” da. Hasteko, hori gezurra da, borobil-borobila (eztabaidarik txikiena ere ez du merezi). Eta, jarraitzeko, zer argudio mota da hori?

Lexiko arrotzak ez digula kalterik egiten dio. Ados. Eta lexikoak kalte egiten ez badio, zergatik egiten ote diote kalte kanpoko egiturek euskarari?


(XABIER ANDONEGI SANTAMARIA irakaslea da)

 
Azterbide zuzenean
2007-06-11 / 16:04 / Kepa Atutxa

Lehen eskuko informazioa bildu eta ebaluatuz, azterbide zuzenean jartzen ditu Gotzonek datuak eta bilakaerak. Aurrera egin nahi duenak badu hor zer hausnartu.


Kepa Atutxa Gizarte ikertzailea

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com