Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Pedagogoa Batzar Nagusietan. Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan

Mikel Zalbide / Bestelakoak / 2007-06-08 / 09:00


Mikel Zalbide euskaltzain osoak 2007-6-2an Donostian irakurri zuen sarrera-hitzaldia oso-osorik daukazue jarraian.



Aldun nagusi jauna, agintari agurgarriok, euskaltzainburu jauna eta euskaltzain-kideok, etxeko eta familiarteko senide maiteok, aspaldiko eta lanbidezko lagun preziatuok, jaun-andreok: egun on digula guztioi.

Atseginez nator zuengana. Atsegin handiz eta begitarte arraiz. Euskaltzain-kideoi eta entzule guztioi zor dizuedan hitzaldia eskaintzeko eguna iritsi da azkenik. Eginbidea aurre-aurrean izanik, atsegina izan ohi da aurrez emandako hitza behingoz bete ahal izatea. Atsegin berezia dut, horrezaz gainera, aspalditxoan buruan darabildan gai bati heldu ahal izateaz. Hizkuntzaren beraren gibel-erraiak alde batera utzita, hizkuntza-soziologiari eta ele biko hezkuntzari helduko diogu gaurkoan. Euskalgintzaren alorrean bide-urratzaile izandako hernaniar handi bat aztertzen saiatzeko aukera dugu gaurkoan: Agustin Iturriaga.

Kezka-beldurrez eta lotsa apur batez nator, halere, zuen artera. Burutik kendu ezinik nabil, ekitaldi eder hau gehiegizko aitortza dela nire merezimendu ahulentzat. Norberak jakin ohi du ongien, barne-muinen bakardade isilean, bere hutsegiteen eta ahulezien berri. Jakite horrek eragina duzue nire kezka-beldurra. Horrek bakarrik ez: hitzaldiari hain entzule adituen aurrean behar duien tornuia ematen asmatuko ote dudan ez jakiteak, horrek ere lotsa ematen dit noski. Bide bakarra izan ohi da, nolanahi ere, lotsa-beldur horiek uxatzeko: lanari ekitea. Eskerrik asko beraz, eskaini didazuen aukera paregabe honengatik, eta natorren harira.

Gaiari heldu aurretik esker onezko aitormen bi egin nahi ditut berariaz, labur-labur izango bada ere(1). Eskerrak eman nahi dizkiot, batetik, Henrike Knörr euskaltzain eta adiskideari. Azken urteotako gizarte-giro zurrunbilotsuan, bestetarako tentaziorik falta izan ez denean ere, gizalegezko jokabide garbia aldarrikatu izan du Henrikek, hitzez eta egitez. Zenbaiten ustean kazetaritzazko artikulu xume diren bere gogoetak, hori dela medio, gizabidezko jarrera zabal baten lekuko irmo ditugu: ur bizia bezain beharrezkoa dugu, nire ustez, gogoeta horietariko asko. Elkar hartuzko lan-giroan jarduteko gonbita izan ohi da, askotan, bere mezua. Gure etorkizuna, hizkuntza eta kultura kontuei dagokienean ere, errespetuz eta buru argiz oratu nahia. Atsegin gertatzen zait, zeharo, Henrikeren ikuspegi eta jokamolde hori. Horregatik, eta beste hainbat motiborengatik, poz ematen dit bere erantzunaz aurkeztu ahal izatea zuengana. Eskerrik asko, Henrike, nire sarrera-hitzaldi honi erantzuna ematea zeure gain hartu zenuelako, bi aldiz pentsatu gabe, joan den otsailean-edo hala eskatu nizunean. Eta esker mila anitz, adiskide, unerik deserosoenean erantzun-idazkia prestatzeko astia hartzen, eta benetako adorea azaltzen, jakin duzulako. Sutan jartzean jakiten da, eltzea nolakoa den: hala erakutsi zigun Xenpelar handiak. Halaxe diot nik ere, Henrikerenganako esker onez.

Eskerrak ematerakoan oso gogoan izan nahi nuke, bestetik, gure guztion Patxi Altuna. Bere ordez sartua naiz Euskaltzaindian, dakizuenez, eta ohore handia da hori niretzat. Azpeitiar argia orain urte t’erdi joana bada ere, gure artean dugu gaur Manuel Altuna, Patxi zenaren anaia. Eskerrak eman nahi dizkizut, Manuel, gaurko ekitaldi honetara etorri izanagatik. Hitz bi esan nahi nituzke, zuen guztion baimenaz, Patxi Altunaren alde. Maisuarenganako begiruneak narama gorazarre xume hau egitera. Euskarazko alfabetatze kontuan, aditz-jokoaren ezagutzan bereziki, Patxiren zordun naiz ni inoren zordun izatekotan. Orain ahaztu samarrik dagoen bere liburu bat (Euskal Aditza) izan nuen nik, artean hogei urte bete gabea nintzelarik, aditz-jokoaren alorreko bide-erakusle. Euskal aditzaren egitura nagusiaz, bere atalez eta barne-joskeraz, Patxiri eskerrak dakit orain ere, dakidan gehiena. Gauzak argi eta taxuz azaltzen zekien Patxik. Pedagogo trebea genuen bera, ikertzaile zorrotz izateaz gainera.

Euskara ikasteko metodoen alorrean ere trebetasun handia erakutsi zuen Patxik. Ez dut inoiz ahaztuko bere Euskera Hire Laguna. Metodo haren bidez euskaldundu zen gure arteko hainbat erdaldun. Hori bakarrik ez: etxetik nola-halako euskaldun ginenok alfabetatzen hasteko ere, ez zen lagungarri eskasa gertatu. Metodo hura zela medio hasi nintzen ni, artean euskaraz ia alfabetatu gabe nengoelarik, ikasle erdaldunak euskalduntzen. Ondo gogoan dut noiz eta nola hasi nintzen, ikaskideei euskara-klaseak ematen. Klaseak ematen eta, hori eginaz, neure burua euskaraz alfabetatzen. Bide-erakusle izana dut beraz, alde horretatik ere, Kanpaxa handia, eta halaxe aitortzen dut gaurkoan, esker onez eta atsegin handiz.

Esker onezkoak aitorturik, gatozen harira. Iturriaga dugu, ondo dakizuenez, gaurko protagonista. Agustin Iturriaga edo, bataio-agiriari hitzez hitz helduta, izenez Agustin Ignacio María eta apeliduz Pascual Ugalde Iturriaga Amitesarobe(2). Hiru ponte-izenetatik bakarra erabili zuen berak normalean, eta bakar horretaz da orain ere ezaguna: Agustin. Apelidu kontuan, aldiz, gauzak ez daude argi: izatez eta jaiotza-agiriz Pascual zuen Agustinek lehen abizena. Iturriaga hori ez zuen ez lehenengoa eta ez bigarrena, hirugarrena baizik. Euskal literaturan, ordea, Pascual Iturriaga edo Iturriaga esan izan zaio, aspaldidanik, Agustini. Amaren Ugalde deitura oso goiz galdu zuen(3). Gero, une batetik aurrera, aitaren Pascual ere galduz joan zen. Agian ez bere erabakiz, edo berak hala nahita, baina hala gertatu zen hainbat dokumentutan(4). Nolanahi ere, 1851ko bere heriotza-agirian Agustin Iturriaga esaten zaio huts-hutsik: ez aitaren Pascual apelidurik aipatzen da bertan, eta ez amaren Ugalderik. Geroztikako idazle askok, gehienek(5) agian baina ez guztiek(6), horrela deitu izan diote: Agustin Iturriaga(7). Nik ere horrela jokatuko dut gaurkoan.

Bazuten kidetasunik Agustin Iturriagak eta Patxi Altunak. Apaiz genituen biak; apaiz eta irakasle. Pedagogo ona izateagatik dugu Iturriaga batez ere ezagun(8). Antz handia du Hernaniko benefiziaduak, horretan ere, Patxi Altunarekin. Hiztun ederrak ziren biak: hiztun ederrak eta ikasketa-lanera emanak, zeharo. Bide beretik zebiltzan, beraz, honetan eta hartan.

Ez dugu esango, haatik, hernaniarra eta azpeitiarra denean bat zetozenik. Ezin esan liteke, bereziki, gizarte-iritzietan gogaide zirenik erabat. Ez da harritzekoa: jaiotzaz eta bizialdiz mende t’erdiko aldea dute elkarren artean, eta horrek berak muga sendoa ezartzen du. Kasu honetan badago, gainera, gehigarrizko motiborik, halako kidetasun estu-esturik ezin aurkitu ahal izateko. XIX. mendeko bi iritzi-joera handietako batetik, pentsaera ilustratu-liberaletik, zetorren Iturriaga: hori zuen etxeko giroan eta lagunarte jasoan gidari, eta bide horri eutsi zion, bere gorabeherekin, bizi izan zen artean(9). Euskaldunon artean hain indartsu izandako beste pentsabide nagusitik, tradizio-zaletasunetik, zetorren Patxi. Hain iturri diferenteetatik edandakoak izanik ere bata eta bestea, begirune osoa eta errespetu handia zion azpeitiarrak hernaniarrari. Estimu handitan zuen Patxik Agustin. Hain zuen gogoko non, Iturriagaren berrargitaratzaile eta sarreragile izan zen. Berak prestatu zuen, orain dela hogei urte, Iturriagaren Dialogo-jolasen argitalpena(10). Badu horrek ere zer erakutsia, bien arteko kidetasunak zehazterakoan. Patxiren interes handi horrek berekin du, nire ustez, Iturriagaren esan-eginak zehatzago ezagutzeko gogoa eta bere pentsaera hobeto entenditu nahia.

Banuen nik ere, atrebentzia onartzen bazait, Iturriaga ilustratu-liberala hurbilagotik ezagutzeko eta bere ibilerak xeheago entenditzeko gogoa. Esango dizuet zergatik. Etxetik jasoa dut umetan, beste askoren moduan, apaiz-jendea eta gizarte-aurrerakuntza bateragaitzak direlako ikusmoldea. Aitak esango zukeenez, "Lapitzak ez dik artorik ematen, Zalbide!" Zenbat aldiz entzun ote genion aitari etxean, bere gaxtetako gertaerak aipatzen zituenean, esaldi hori gogoratzen. Aitak herriko apaizarekin egin nonbait topo, Hernaniko kalean, eta honek zorrotz galdetu: "nora hoa, Zalbide?" Baita berak ere, erdi-lotsaz, erantzun: "gau-eskolara, jauna, regla-de-tresa eta aritmetika gehixeago ikasiko ote degun". Apaiz jaunaren epaia, berriz, ozena bezain etsia: "Zertan ari haiz gero, baserriko lanak alde batera utzita? Ez al dakik lapitzak ez duela artorik ematen?"

Aspaldiko kontuak dira horiek: Primo de Rivera-ren garaikoak, oker ez banago(11). Aspaldikoak izanik ere, beti gorde izan ditut gogoan. Aitaz akordatzen naizen bakoitzean, bere uste-sinesmenak, amets-gorrotoak eta jokaera entenditzen eta gure gizarte honen eten-urratze sakonetan kokatzen ahalegintzen naizen bakoitzean, ezin alboratu izan dut Hernaniko apaizaren ateraldi hura. Berekin daraman mundu-ikuskera hertsia garrantzitsua da, nolanahi ere, gure lehena entenditzeko. Baserriko semea baserritar izateko jaioa zen, ez bestetarako, eta hartarako ez zuen kultura idatziaren behar handirik.

Alfonso Maria Zabala, ipuin- eta antzerki-idazle ezaguna, Hernaniko erretore izana zela jakin nuen halako batean, Kizkitzaren Ereintza irakurriz. Baita neure buruari galdetu ere, ez ote zen bera izango aitari kargu hartu ziona(12). Laster ikusi nuen, ordea, oker nenbilela: 1901etik aurrera Hernaniko erretore izana zen Zabala. Gure aitak, 14an jaioa izaki, ezaguna izango zuen beraz, umetan. 1919an hil zen ordea Alfonso Maria, Donostiako zenbait gazterentzat hainbat antzerki-lan irri-eragile prestatu ondoan. Ateraldi hura ezin zen, hortaz, berea izan. Apaiz hura nor zen jakitea, hori da gutxiena. Bestea da garrantzitsua: Gipuzkoan orain dela laurogei bat urte gertatzen ari zen gizarte-aldaketa begien bistan izan, eta horren aurrean lehenari loturik, beti-bateko ordena zaharrean estekaturik, geratu izana. Horrexek sortua zidan niri, nolanahi ere, lehenaldiari iltzaturiko apaiz-prototipoaren irudia. Irudi hura zela medio, Hernaniko herria eta bertako apaizak loturik nituen gogoan.

Lotura hura eten egin zitzaidan, euskal kontuen berri izaten hasi eta Agustin Iturriagarekin topo egin nuenean. Hernaniarra genuen hau ere, eta apaiz. Iturriaga ezin nezakeen, ordea, arto-lapitzen pasadizo harekin uztartu. Oso urruti zegoen Agustin, aitagandik iritsitako apaiz-prototipoaren iruditik: justu beste punta-muturrean. Agustinen eta beste apaiz-idazle batzuen bizia arakatzen hasi, eta besterik ere ikusi nuen: denetik zegoela hor ere(13). Historiak beti aurrera egiten duela pentsatzen ohiturik gaudelarik, horra non, Hernanin behintzat, itxuraz atzera egin zuen. Iturriagaren biziak bazuen beraz, pedagogo gisa diogun itzalaz gainera, bestelako interesik ere. Hori guztia nuen hortaz, Iturriaga arakatuz eta biografia orori zor zaion begirunez, argitu beharrekoa.

I.- Iturriaga eta bere garaia

Askotan aipatzen dira Iturriagaren nortasun-printzak. Ondotxoz gutxiagotan saiatu izan gara, ordea, gizona bere gizarte-giroan txertatzen. Beharrezkoa da bigarren hori ere, biografiari bere zukua aterako bazaio. Beharrezkoa da hori biografia gehienetan eta, ene ustez, ezinbestekoa dugu Pascual Iturriagarenean(14).

Aldaketa sakon eta bizkorren garaian bizi izatea suertatu zitzaion Agustini. Lau gerra-aldi bizi izandakoa dugu Iturriaga: Konbentziokoa lehenik (1793-95); Independentziako gerra (gure artean Frantsestea esan izan dena) gero (1808-13); "Trienio Liberal-konstituzional"-ean (1820tik 23ra) erregezaleek egindako altxamendua hurrena; eta, azkenik, gure herriaren historia hain sakon markatu duen Karlistada: Lehen Karlistada (1833-39). Hamasei urte luze bizi izan zen Agustin, era batera edo bestera, ekintza armatuen erdian(15).

Aurrez aurreko gatazka-giro hori ez zuen, gainera, plano militarrean bakarrik bizi izan. Antzera gertatu zitzaion beste hainbat sailetan ere. Alor instituzionalean, batetik: mendeetako foru-sistema jatorra arrailtzen, ahultzen eta, partez, desegiten ikusi zuen bere bizi-denboran. Antzera gertatu zitzaion, ekonomian eta teknologian ere: burdingintza-molde zaharra gainbehera larrian erortzen ikusi zuen, itsas merkataritzaren txepelaldi sakona oso gertutik bizi izan zuen, eta Donostia(16) erre eta kiskali egin zen erabat. Aldaketa handiak eta gogorrak, belaunaldi bakarrean.

Guztia ez zen gainbehera izan. Enpresa-molde berriak sortzen hasi ziren han-hemen, bide asko berritu edo zabaldu zen, eta abar. Antzera gertatu zen plano soziokulturalean ere: aldakuntza nabarmenak agertu ziren janzkera-orrazkeretan, dantza-musiketan, ezkontza-ohituretan eta gizabidezko arau nagusietan. Baita erlijio-sinesmenari eta eliz kontuei zegozkienetan ere. Fraideen esklaustrazioak eta desamortizazioak, baita apaiz liberalen ibilera berezia ere, zurrunbilo horren osagai nagusi izan ziren. Horiek guztiak, eta ondotxoz gehiago, ikustea eta nozitzea tokatu zitzaion Iturriagari.

Hori bakarrik ez: aldaketa batzuetan, testigu ez ezik eragile ere izan zen bera. Iturriagaren izaerak berak bazukeen horretan bere eragina. Ekintza-gizona zen hernaniarra, bete-betean. Aldaketa-giro bortitz hark eta Agustinen ekintzarako joerak esplikatzen dute, hainbatean, Iturriagaren biografia: horren guztiaren argitan ulertu behar dira hizkuntza alorreko bere esan-eginak(17).


I.1.- Gizonaren zenbait ezaugarri

1778an jaio zen Agustin, Hernanin, eta herri berean hil zen handik 73 urtera, 1851n. Etxe onekoa zen Agustin: "zezakeen jendea" ziren Pascual Iturriagatarrak(18). Zezaketenak eta, herrian zein Probintzian, zezakeen jendearekin harreman estua zutenak(19). Iturriagatarren lanbide nagusiek horren berri ematen dute, halako neurri batean(20).

Gizon apala zen: buruan ez zeukan harrokeria handirik(21). Ez zen diruzale amorratua ere. Hitzez eta egitez, pobreen maitale zela esan izan da(22). Bere eskutitzetan ere, erraz da Iturriagaren hurkoarenganako esku-zabaltasuna eta zinezko gizalegea antzematen(23).

Hiztun ederra, alaia eta jakituria handikoa zen Agustin. Jakintsua izateaz gainera, zekiena oso ondo erakusten zuena(24). Hernaniko eta Donostiako lagunarte jasoan ere gizon atsegin eta alaia zen Iturriaga(25). Hizketarako atsegina eta gogoetalaria(26).

Izaeraz ez zen odol-beroa. Bere hitzetan esanik, "berotasunak eta errabiak ez dute beiñere gauza iraunkorrik egiten". Buru-hotza eta kalkulatzailea zen, ordea, kontu grabeetan: gizakion desio-irriken eta ahuldadeen jakitun, eta muga horiekin jokatzen ohitua. Apala izanik ere apalekin, bazekien bere ustez kontrako bidean aurrera samar zebiltzanei gogor egiten: beldur emateko neurrian ere bai, inoiz(27). Horrekin batera, gizarte hobea eraikitzeko esperantza ilustratuaren seme genuen Agustin. Aurrera begirako itxaropen horrek indar berezia zuen bere baitan. Konbentzitua zegoen hernaniarra, esperantzari eskerrak eskuratzen duela gizonak bere goi-maila, itxaropen horren bidez erdiesten duela bere izaera betea. Aitortu ere horrelaxe aitortu zion, behin batean, bere lagun Iztuetari: "Esperantzak gizona bizi du; ken bekio esperantza eta da kriaturarik kupigarriena".

Azkenik, euskaltzale zen gure Agustin. Euskaltzale porrokatua, batzuen ustez(28). Aski berezia, beste zenbaiten iritzian. Baina euskaltzalea, guztien esanean. Bide batez, eta hitzak hizpidea emanik, galdera bat egin nahi nuke hemen, guztion aurrean eta gero esango ditugun kontuen argigarri: zer da, funtsaren funtsean, euskaltzale izatea? Zer da euskaltzaletasuna? Hitzaren axalera bagoaz erraza genuke, Orotariko Euskal Hiztegia lagun, bere agerpen goiztiarrena kokatzea: Iturriagaren lagun Iztuetak erabilia da lehenengoz, itxuraz, idatziz. Erraza genuke, era berean, bere jendarteko eztanda eta zabalkundea egiaztatzea: Azkueren 1897tik 99ra arteko Euskalzale aldizkaria izan genuen, noski, hedapen zabala eman ziona. Aurrez aurreko definiziorik ematen ez bazaigu ere lehen agerpen haietan, ezaugarri zehatzez hornitua agertzen da hitza hasiera-hasieratik: euskararen alde, ez kontra, dagoen jendea dugu, batetik, euskaltzalea: hitzez eta egitez hizkuntza bizirik ateratzen eta indarberritzen saiatzen dena. Hitzez eta idatziz euskara garbian egiten saiatzen dira, bestetik, euskaltzale gehienak(29).

Gatozen gurera, eta egin dezagun proba. Saiatu al zen Iturriaga euskara indarberritzen? Bai, ahalegin bizian eta ondo jakinaren gainean saiatu zen horretan, aurrerago ikusiko dugunez. Saiatu al zen euskara, idatzizko lanetan bereziki, mordoiloegi ez erabiltzen? Horretan ere saiatu zen, nahiz eta eragozpenik falta izan ez, gero ikusiko dugunez. Ez dago dudarik, hortaz: aski neurri zabalean bete zituen Iturriagak baldintza biak. Euskaltzale argi eta goiztiartzat hartzekoa dugu, beraz, Hernaniko benefiziadua.


I.2.- Harreman-sarea: lagunak, ezagunak eta etsaiak

Geure baitarik eman ohi dugu gizakiok, duguna eta dezakeguna. Egia da hori, baina ez egia osoa. Biltzen gaituen gizarte-giro zabalak eta inguruan dugun lagunarteak ere garrantzi handia dute, gure esan-eginetan. Hala gertatzen zaigu egungo gizakioi, lautatik hirutan, eta halatsu izango zen Iturriagaren garaian ere. Saia gaitezen, beraz, Agustinen berezko ezaugarriez gainera bere harreman-sarea kontuan izaten(30). Zer lagunarte zuen Iturriagak?

Bazuen Agustinek, batetik, lagunarte jasoa, goi-mailakoa, nahi izanik ere gipuzkoar gutxik izan zezakeen modukoa. Gipuzkoako jende ikasiarekin, Hernaniko eta Donostialdeko jende ilustratu eta, oro har, liberal famakoarekin bildu ohi zen sarri Agustin(31). Gipuzkoako gizarte-hierarkian goi-mailan zegoen jendea biltzen zen Hernaniko eta Donostiako bilera horietara. Jende ikasia, ilustratua; gizartearen esparru instituzionalean, ekonomikoan edo kulturalean goi samarrean zegoena edo gorabidean zihoana: horrelakoak ziren bere solaskide jantziak, guztiak edo gehienak.

Iturriagaren lagunartea ez zen, ordea, jende ikasi eta goi-mailakoen alorrera mugatzen. Hizkuntzarekiko kezka bizia zuen Iturriagak: Hernaniko eta Donostiako bilera horietako kide gehienek baino biziagoa. Euskaltzale eragilea zen Agustin, eta bere moduko kezka-gogoak ageri zituzten gipuzkoar eta euskaldun gehiagorekin harreman estuak izan zituen. Goi-mailako bileren kontua beti aipatzen den bezala, beste kontu hau alde batera utzi izan da maiz. Iturriagaren nortasuna bere osoan aztertu nahi bada, ordea, bestelako harremanok ere oso kontuan izan behar ditugu. Deigarriak dira, alde horretatik, Juan Inazio Iztuetarekin(32) izandako harremanak, bai gutunez eta bai aurrez aurre. Aieteko parean, "Oriyamendiko gañean" egin ohi zituzten elkarrizketak, zenbaitetan behintzat(33). Euskara aurrera nola atera, hori izaten zen itxuraz "goi"-bilera horietako solasgai nagusia(34).

Lagunarte dotorea eta euskaltzale-taldexka bizia: horiek izan zituen bere harreman-sarearen oin biko oinarri. Horrezaz gainera, gauzak hobeto zehazte aldera, kontuan izatekoa da Iturriagak norekin harremanik izan ez zuen. Badirudi, horrela euskara kontuan aski aurrera zebiltzan Zarauzko frantziskotarrekin ez zuela Agustinek traturik izan: ez tratu handirik, behintzat. Konbentzioko gerra, Frantsestea eta Trienioko gertaerak zirela medio kontrako punta-muturretan suertatuko ziren, sarri, Zarauzko fraileak eta Hernaniko benefiziadua: Iturriaga liberal berritzaileen artean, eta besteak erregetiar absolutisten sailean. Horregatik izango da, seguruena, elkarren artean harreman handirik ez izatea(35). Badirudi, orobat, Tolosako Juan Inazio Mendizabal inprimatzailearekin eta Abandoko Jose Paulo Ulibarri euskaltzale bezain tradiziozale sutsuarekin ez zuela zuzeneko harremanik izan(36). Ideologiazko zati-banatzeek eragindakoa izan liteke, kasu horretan ere, Iturriagaren eta bere garaiko zenbait euskaltzaleren artean antzematen den distantzia hori.

Horietan guztietan badago, nolanahi ere, esplikaziorako oinarria. Harrigarriena, esplikazio argirik gabea, beste hau da: Luis Astigarragarekin ere ez zuela Iturriagak, itxuraz, harremanik izan. Hori bai dela harritzekoa. Biak gipuzkoar ezagun eta gailenak izaki; adinez ez hain diferenteak(37); pedagogo handiak biak: ikuspegi didaktikoz aski antzekoak, ele biko metodologiari dagokionean; biak ama-hizkuntzaren printzipioaren aldeko sutsu; biak eskola banaren sortzaile; biak euskaltzale zintzo eta saiatu; biak hizkuntza askoren jabe(38); biak ekintza-gizon eta biak liberal aurrerazale(39). Hori guztia pare-pareko izanik(40), zergatik ez da bien arteko harreman-izpirik inon ageri?

Gatozen, azkenik, Iturriagaren etsaietara. Horrelakorik ere askotxo izan zuen Iturriagak bere bizian. Ezagunenak, agian 1820-23 garaikoak. Eta denetan agiriena, jasotako datuak zuzenak baldin badira, Hernaniko "beste" irakaslea: Mariano Arizmendi(41). Etsai okerrenak badirudi, halere, paperetan ageri ez direnak, edota hala seinalaturik ez daudenak, izan zituela. Herrian bertan izan zituen, itxuraz, etsairik gogorrenak. Uste izatekoa da, apezpikuak herritik desterratu zuenean erabaki horren xaxatzaileak ez zebiltzala batere urruti. Iturriaga oso jakitun zen, bere muga horiena. Hortik eratorritako eragozpen larriak konformidadez hartzen ohitua zegoen, bestalde(42). Zuhurtziak hala agindurik, hori bai, isilik lan egitearen zale zen Agustin, zenbait egitekotan(43). Ondo eskarmentatua zegoen, inondik ere, jendearen ahotan ibiltzearen kalteez.


I.3.- Bizi-ibilera: aldiak eta gertaerak

Bost aldi nabarmen bereiz litezke Iturriagaren bizian: a) ikasle-garaia; b) apaiz- eta pedagogo-garaia; c) ikastetxea itxi eta karlistada artekoa; d) karlistada-garaia; eta e) azken hamar urteak. Ikus ditzagun bost aldiok, hurrenez hurren.

II- Iturriaga eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak (1830-33)

Iturriagaren 1830eko planaz hitz egin ohi da normalean, urte horretako Batzar Nagusietan, Arrasaten, eman zitzaiolako ideiari hasiera. Prozesu luzea izan zen ordea, ez egun bakarreko edo urtealdi bakarreko lana, egun hartan martxan jarritakoa. Hiru urte iraun zuen kontuak, dokumentazio ofizialaren argitan: 1830etik 1833ra (hots, gerra hasi arte). Oso giro nahasia gertatu zen parean: gertaera soziopolitiko bortitzek gogor erasan zioten bere ibilerari, bai eta azken emaitzari ere. Beste kontu horien berri ere eman beharko da beraz, gain-gainetik bada ere, Iturriagaren 1830eko planaz hitz egiterakoan.


Abiaburuak

1819an huts egindako(93) eta 1829an berriro planteaturiko asmoa berpiztea lortu zen 1830ean, Arrasaten egindako Batzar Nagusietan: XVIII. mendeko Real Sociedad Bascongada famatua berpiztea. Izena aldatuz, halere, berpiztu nahi zen Bascongada hura. Izen berria honako hau izango zuen: Sociedad de fomento de artes de Guipúzcoa. Egitasmo zabal honekin sortu nahi zen Elkarte hori: "fomentar la agricultura, artes y comercio del distrito de la Provincia, estendiéndolas á cuanto creyese susceptible de concurrir á la mayor prosperidad del pais".

Hori zela-eta, beste elkarte bat ere sortzea komeniko zela esan zuen, Arrasateko batzarraldi horretan, Zumaiako Joakin Frantzisko Barroeta Aldamarrek. Euskara indarberritzeko Elkarte ofizial bat. Asmoa ez omen zen berea: Juan Bautista Erro euskalari eta politikari erregezaleak, une horretan Erregeren "Consejo de Estado"-koa zenak(94), bultzatu omen zuen horretara. Asmo jakina zuen elkarte honek, Barroeta-Aldamarren esanean: "una Sociedad que procure la conservación é ilustración de la lengua bascongada". Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Erroren euskaltzaletasuna kontuan izanik eta gaiaren garrantziaz jabeturik, ontzat eman zuten proposamen hori ere. Gauza bat esan zuten, halere: elkarte bi sortu ordez hobe zela dena batean egitea. Hobe zela Sustapen-elkarte bakarrak, Sociedad de fomento de artes de Guipúzcoa delakoak, enkargu biak jaso eta lan biak berak egitea(95). "Euskara bizirik gorde eta ilustratzeko neurriak" proposatzea eskatu zitzaion beraz, industria eta merkataritza kontuez gainera, 1830eko Batzar Nagusietan sortutako Sustapen-elkarte edo Sustapen-batzordeari(96).


Erabakiaren garrantzia

Hau da lehenengo aldia, dakigularik, Gipuzkoako goi-agintariek euskararen aldeko hizkuntza-politika esplizitu eta orokorra egitea erabaki zutena. Hizkuntza-politikazko erabaki asko harturik ziren aurreko mendeetan, partzialak eta inplizituak gehienetan(97). Oraingoan, ordea, euskararen aldeko politika egin nahi zen, batetik, eta politika orokorra bestetik: euskara bizirik ateratzeko eta ilustratzeko neurriak planteatzea eskatzen zitzaion Sustapen-batzordeari. Euskararen bizia arriskuan zegoela onartu zen, beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Euskararen gizarte-dimentsioa garrantzizko gai bihurturik agertu zen, lehenengo aldiz, Probintziako herri-agintearen organo gorenean. Garrantzizko gaia zen agintarientzat, posizio argia eskatzen zuena. Erabaki ere hala egin zen: euskara arriskuan zegoenez, eta bizirik eutsi nahi zitzaionez, hartarako neurri praktikoak hartu beharra zegoela erabaki zen. Erabakiak hartzeko, berriz, proposamen bat egin beharra zegoen eta Sustapen-batzordeari eman zitzaion horren enkargua. Ez, ezinbestean, euskara indarberritzeko plana berak idazteko, lana adituren bati enkargatu eta hurrengo urtean Batzar Nagusira ekartzeko baizik. Ez dago konstantziarik, halako plangintza-saiorik egin izanaz 1830a aurretik. Ez dirudi, era berean, hain erabaki zabalik hartu zenik berriro XIX. mende osoan. Euskararen aldeko plangintza instituzionalean garrantzizkoa izandako une batez ari gara, beraz, hizketan.

Horrekin batera, beste zerbait ere eskatu zitzaion Sustapen-batzordeari: euskara ilustratzeko neurriak plantea zitzala. Behar bezala argitu gabe dago gure artean, orduko Gipuzkoan euskara ilustratzea zer izan zitekeen(98). Nolanahi dela ere, erronka handia zen plangintza hori, bai proposamen konkretua egin behar zuen batzordearentzat eta bai, bereziki, proposamena onartuz gero neurri konkretuak aplikatu beharko zituzten Batzar Nagusientzat eta Foru Aldundiarentzat.


Sustapen-batzordea martxan jartzea

Lau alor nagusi berezi zituen Sustapen-batzordeak, 1830ean bertan, bere lana aurrera eramateko: batetik Hazienda, bestetik Nekazaritza, hurrena Merkataritza eta Industria eta, azkenik, "Literatura". Literatura-atalean sartu zen, hain zuzen, Barroeta Aldamarren proposamenez onarturiko ekimena, euskara indarberritzeko planarena. Sustapen-batzordearen beraren hitzetan esanik, literaturako batzorde-atalaren egitekoa honako hau zen: "Disposiciones dirigidas a conservar nuestra lengua bascongada, nativa de estas Provincias" planteatzea.


Enkargua nork nori noiz

Plana idatzi eta Batzar Nagusietan aurkezteko erabakia hartua zegoen, beraz. Orain, urtebeteko epean, bete egin behar zen erabaki hori. Adituren bat behar zuen Sustapen-batzordeak, literatura-ataleko lana garaiz eta zuzen egiteko. Aditu gisa Agustin Iturriaga aukeratu zen(99). Baliteke enkargua lehendabizi Iztuetari eman izana, Villafuertes-ko kondeak edo dena delakoak, Iztuetak enkargua onartu ez eta, honek hala aholkaturik, enkargua azkenik Iturriagari pasa izana(100). Baliteke, orobat, eskaintza zuzenean Iturriagari egin izana. Kontua da berari enkargatu zitzaiola eta, eskutitz pertsonaletatik dakigunez, 1831ko urtarrilaren 1erako prestatua zuela bere oroitza-idazkiaren lehen zirriborroa. Badakigu hori baino gehiago ere: Zabalari erakutsia ziola eta honi "txit gustatu" zitzaiola. Badakigu, jakin, hortik aurrerakoetan ere lanean ari zela Iturriaga: bere txostenean esaten ziren ikasmaterialak prestatzen ari zen buru-belarri, Iztuetaren laguntzaz(101). Eskutitza 1831ko urtarrilaren 1ekoa baldin bada, eta hori ia segurutzat eman liteke Probintziaren artxibo ofizialetako beste dokumentuen daten argitan, enkargua 1830eko udan (uztailaren bigarren hamabostalditik aurrera) edo udazkenean egin zitzaion Iturriagari, eta honek 1830ean bertan prestatu zuen planaren lehen idazkuntza, eta Zabala batzordekideari bidali. Bere planaren kopia bat Iztuetari bidali zion 1831ko urtarrilaren 1ean, eskutitzez hari ere.


Tramitazio-lana eta liburu-prestakuntza

Badakigu, 1831ko ekainean egindako deskargutik eta artxiboetan ondo gorderik agertu diren lau oroitza-idazkietatik, lanean gogor jardun zutela Batzorde-atal guztiek. Lanean eta ilusio handiz. Ekonomia aldetik oso egoera tristean zegoen Probintzia, burdingintza gainbehera bizian zetorren eta Donostiako eta Pasaiako merkataritza burua jaso ezinik zebilen. Horrezaz gainera aparteko larrialdia sortu zen 1830eko urri-azaroetan, txostena egiteko enkargua eman zen ia une berean: Frantziatik bertaratzen hasiak ziren espainol errefuxiatuak, eta errefuxiatu haiei(102) aurre egiteko tertzioak eratu behar izan zituen Probintziak. Tropa-eratze horrek ohiz kanpoko gastu handiak ekarri zituen. Ekonomia eta industriako txostenak, horregatik besterik ez balitz ere, aparteko garrantzia zuen une hartan.

Bestalde, euskaltasunaren inguruko gaietan ere pizten ari zen giroa, eta "la questión bascongada" gorpuzten. Lasalaren esanean "una questión más dolorosa y sangrienta por sí misma, como si no fueran suficientes las que existían". Estutasuneko egoera horretan, euskara indarberritzeko txostenari ere garrantzi handia ematen zitzaion: oinarri egokiak gerta zitezkeen bata eta bestea, Gipuzkoako egoera sozioekonomikoa eta soziokulturala hobetzen hasteko. Txostenak ez ziren gogoeta teoriko huts moduan enkargatu, Gipuzkoako arazo sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalentzako konponbide gisa baizik. Ez zebiltzan Batzar Nagusiak teoria sakonen bila, bertatik bertara aplikatzen hasi ahal izateko neurrien galdezka baizik. Proposamen konkretuak eskatzen zitzaizkion Sustapen-batzordeari, problema konkretuei gerora gabe erantzun egokia eman ahal izateko.

Iturriagaren proposamenak, esana dugunez, eskola-elebitasuna izan zuen helburu. Ez nolanahiko elebitasuna, full bilingualism edo elebitasun betea baizik(103). Ordura arteko eskola-eredu elebiduna, Astigarragarena bereziki, bere osoan onartu zuen Iturriagak hainbat puntutan. Hori bakarrik ez: hura onartu eta harantzago jo zuen: eskolaren azken xedeak zeintzuk ziratekeen, eta begiz jotako gizartean euskara-erdarek izatekoa zuketen moldaera, ordura arte inork ez bezalako zorroztasunez planteatu zuen Iturriagak bere txostenean(104). Aurrerapen handia zen hori, eskolaren jarduna gizarte-giroan txertatu beharra baitzegoen aurrera eraman nahi zen hizkuntza-politika orokorra eztabaida didaktiko antzuetan galduko ez bazen.

Formulazio teoriko eta planteamendu programatiko hori ez zen, ordea, aski. Helburu-finkapena eta inplementaziorako zehaztapena ez ziren aski, hizkuntza-plangintzazko proposamen hura benetako ekimen bihurtu ahal izateko. Baliabideak ere behar ziren horretarako. Plana aurrera aterako bazen, besteak beste, elebitasun beterako material sorta zabala prestatu beharra zegoen. Norbaitek prestatu behar zuen material sorta hori ere, bere oroitza-txostena proposamen hutsean geldituko ez bazen. Agustinek berak hala deliberaturik, Iztuetaren akuiluz edo Zabalak espresuki eskaturik, materialak prestatzeari ekin zion Iturriagak, oroitza-idazkia entregatu eta berehala.

Badugu ikasmaterialen sortze-lan horren berri. Badakigu korrika eta presaka jardun zutela hurrengo hilabeteetan Iturriagak eta Iztuetak, material-sorkuntza horretan(105). Iturriagaren izenean joan baziren ere materialak, jakin badakigu Iztuetaren parte-hartzea ez zela hutsaren hurrengoa izan: Agustinek euskaraz prestaturiko liburu-atalen hizkuntza-orrazketa egiten zuen Iztuetak, batetik. Beste zenbaitetan, berriz, Agustinek erdaraz prestaturiko zati batzuen euskal itzulpena berak egiten zuen zuzenean(106). Liburuak, kartilla eta bi dialogo- edo jolas-liburutxo, prest izan nahi zituen Iturriagak 1831ko uztailerako, Batzar Nagusiak Donostian biltzen zirenerako(107).


1831ko Batzar Nagusiak

Donostian izatekoak ziren Batzar Nagusiak, uztailean. Aurretik, ekainaren 6an, Sustapen-batzordea bildu eta Iturriagak egindako lana aztertu zen. Hernaniarrak (Iztuetaren laguntzaz) egindako lana ikusi eta ontzat eman zen. Eskabide konkretuarekin joan zen Sustapen-batzordea Donostiara, Batzar Nagusietara: "Pedimos a V. S. se sirva dictar en la materia las disposiciones que juzgue convenientes, para llenar los interesantes fines propuestos". Hots, plana onartu eta berehala aplikatzen hasteko neurriak hartzeko.

Donostiako Batzar Nagusietan ez zen giro izan, 1831ko uztailean. Ez Iturriagaren txostenagatik, Merkataritza eta Industria alorreko idazkiak astindu zituen hautsengatik baizik. Dirua falta zitzaien Herri-aginteei, bestalde, ezertan hasi ahal izateko. Aurreko urtean, urri-azaroetan, Frantziatik bueltan zetozen errefuxiatuen auzia sortu zenean tropak deitu eta eratu behar izan zituen Probintziak, bere kontura noski, eta gastu handiak ekarri zituen horrek(108). Diruen jestioaz ere baziren zalantzak.

Giro horretan aztertu zen, beraz, Iturriagak idatzi eta Sustapen-batzordeak bere egindako proposamena. 1831-VII-12ko data daraman aktan zera esaten da:

Kontu horien berri eman zion handik gutxira Tolosako Zabala batzarkideak Iturriagari, egia esanez baina esperantzari leihoa itxi gabe. Batzar Nagusietan gauzak ez zirela nahi bezala atera, baina bazegoela aurrera egiterik. Iturriagak behar zuen dirua, liburuak inprimatu ahal izatekoa, ez zela berez hainbatekoa, eta nondik edo handik aterako zela. Horren berri eman zion Iturriagak Iztuetari, oraingoan erdaraz, abuztuaren bian: "el Conde no estaba contento del descargo de la comisión y decreto de las Juntas en que parece se dice que la provincia no se halla con medios para proporcionárselos a la Junta de Fomento de la Industria del País. Me añadía que para nuestros libritos no se necesitarán muchos y que podrá proporcionárselos regularmente la Junta." (ikus VI. eranskina, 13. dokumentua).

Ordurako erdi hitz egina zegoen Iturriaga Donostiako Baroja etxearekin, liburuak inprimatzeko. Liburuen zuzenketa-lana Iztuetaren esku jartzeko asmoa-edo zuen Agustinek. Baita zertxobait ordaintzeko ere. Iturriagak berak sosik kobratu gabe egin zuen lan guztia, eta halaxe jarraitzeko asmoa zuen(111).


1832ko Batzar Nagusiak

Lanean jarraitu zuten Iturriagak eta Iztuetak, beren eskola-liburuekin. Zain zeuden, dirua noiz etorriko. Sustapen-batzordea ere bai. Denbora aurrera zihoan, ordea, eta diru-itxaropena ez zen hezurmamitzen.

Berariazko bilera egin zuen Sustapen-batzordeak 1832ko ekainaren 28an. Kexu gogorra egin zien Batzar Nagusiei: dirurik gabe alferrikakoa zela hain Sustapen-batzorde dotorea: "negándose los precisos medios para llenar los objetos indicados, la influencia de esta Comision en el pais es de ninguna consideracion". Jarraitu behar bazuten, emateko baliabideak. Hordagoa jo zuen Sustapen-batzordeak, bestela esanik(112).

Etorri zen Batzar Nagusiak egiteko eguna. Egundoko eskandaloa sortu zen bertan, Donostiarrek atera zuten txostenarekin: Memoria justificativa de los que tiene expuesto y pedido la Ciudad de San Sebastian para el fomento de la industria y comercio de Guipuzcoa. Argudio-bide argia zuen donostiarren txostenak: a) pasatzeko aduanak Ebrotik kostara eta Bidasoara, Donostia eta ingurua bizirik aterako bazen; eta b) beraiek ez zeudela foruen aurka, bizibidea ukatzen zien zenbait foru-xedapen birmoldatzearen alde baizik. Gipuzkoako herri gehien-gehienetako ordezkariak oso kontra agertu ziren. Batzarraren ustez, txosten horrek "ofende á los Fueros, privilegios buenos usos y costumbres de Guipuzcoa", eta aktan jarriarazi zen "la completa y pública desaprobacion de esta junta general al expresado folleto". Donostiarren erantzuna: "que ha sabido y sabe dar pruevas de su adhesion á las instituciones forales que ama y respeta (...) pero protesta el decreto que acaba de hacer la Junta". Aurreko urtean bere ordezkariek Azpeitian esandakoari eusten zion Donostiak. Pasaia bere alde agertu zen oraingoan.

Ez zegoen girorik, Iturriagaren bi liburuekin zer egin behar zen ganoraz eztabaidatu eta erabaki argi bat hartzeko. Edozein hasten zen, foruen automutilazioa eztabaida-gai bihurturiko bilera batean, umeentzako kartillak eta dialogo-jolasak xehekiro aztertzen... Zerbait erabaki zen halere, geroko paperetatik jakin ahal izan denez: Sustapen-batzordeari diru bat jarriko zitzaiola eskueran, Iturriagaren eta gainerakoen planak aplikatzen hasi ahal izateko.


1833ko Batzar Nagusiak

Agindutako dirurik ez zitzaion, ordea, Sustapen-batzordeari iritsi. Erabakimen handia bai, baina dirurik ez: hori zen, itxuraz, Probintziako agintearen une hartako egoera. Beste urtebete itxaron behar izan zen, ganorazko pauso bat aurrera eman gabe.

Sustapen-batzordea 1833ko maiatzean bildu zen azkenik, zer egin deliberatzeko. Maiatzeko bilera horretan, Iturriagaren txostenaren azalpen laburtua eman zen. Alde batetik laburpena, eta bestetik berrikuntza ohargarria. 1831ko txostenean, euskararen gaitza eskolan zegoela esaten zen. Eskolan bakarrik. Orain, berriz, gaitzaren bigarren fokoa identifikatzen zen: pulpitua. Sustapen-batzordearen hitzetan esanik, "Buscando las causas de la corrupcion y desaparecimiento progresivo del Bascuence, ha parecido que se encuentra en las Escuelas de primeras letras y en el Púlpito. En aquellas por la falta de medios auxiliares para enseñar a los jovenes la lengua castellana, sin perjuicio ó mas bien con ventaja de la nativa, y en éste por falta de un Diccionario manual del Bascuence al Castellano y del Castellano al Bascuence. Se ha tratado en consecuencia de atajar estos dos inconvenientes ó suplir estas dos faltas".

1833ko Batzar Nagusietan ere bere kexua agertu zuen Sustapen-batzordeak: "un año sin que se haya plantificado ninguna de las ideas reclamadas por todas las personas ilustradas del pais, e interesadas en su prosperidad." Beharrezkoenak edo egingarrienak ziren zazpi egitasmo hautatu zituen Sustapen-batzordeak, denak gehiegi izango zirelakoan, eta zazpi horiek azaldu zizkien Batzar Nagusiei(113). Lehentasunezko zazpi horien tartean, euskara indarberritzeko argitalpenena. Lengua Bascongadaren batzorde-atalak honela zioen, bukaeran: "Por estos dos medios es de esperar que se logre el efecto deseado y se perfeccione la enseñanza de primeras letras del pais, poniendo á los jóvenes en disposicion de leer con fruto los libros de asignatura de las Escuelas de esta clase."

Ez da begi-luzeegia izan behar, konturatzeko diru-eskasiaz gainera bestelako arazorik ere bazegoela tartean. Batzordeko lanak, eta Iturriagaren enkarguak, helburu zehatz eta jakina izana zuen Arrasaten, 1830ean: euskara bizirik ateratzeko eta ilustratzeko neurriak planteatzea. Orain, berriz, zera esaten zen: planaren asmoa "perfeccionar la enseñanza de primeras letras del pais, poniendo á los jóvenes en disposicion de leer con fruto los libros de asignatura de las Escuelas de esta clase" zela. Jauzi handia zegoen, 1830eko erabakitik 1833ko aplikaziora. Jauzia are handiagoa zen, Iturriagaren elebitasun beteko xedea eta materialgintza osoa kontuan hartzen bada. Norbaitek murriztu egin zuen jatorrizko xedea, aplikatu beharreko neurriak minimora ekarriz eta helburua bera nabarmenki desitxuratuz. Proiektuetatik aplikazio praktikora maiz egon ohi diren murriztapen ohargarrien eredu argia da, dudarik gabe, Iturriagaren planarekin 1830-33 epean gertatua. Horixe da hizkuntza-plangintzaren teoria-azalpen askotxok, batez ere zenbait azalpen sinplifikatuk, errazegi ahaztu ohi duena(114).

Ez zen aukerarik izan, nolanahi ere, hasierako planaren murriztapen eta desitxuratze horren zenbatekoaz jabetzeko. Batzar Nagusiak egin eta handik gutxira hil egin zen erregea, eta gerra piztu zen: Lehen Karlistada. 1839ra arte ez zen girorik izan, hezkuntza elebidunaren gaiari berriro aurrez aurre heltzeko. Eta gerra amaitu zenean, beste Euskal herri bat zegoen begien bistan: beste aginte-ahalmen, beste Zeitgeist eta beste lehentasun batzuk. Iturriagak laster ikusi zuen, gerra aurrean bukaturik utzitako bere liburuak argitaratuko baziren bere kabuz jokatu beharko zuela. Euskara aginte-babesez indarberritzeko saioa, 1830eko ilusioa eta ekimena, bultzada eta aupada pasata zegoen. Une egokiagoen zain egon beharko zen, gaiari aurrez aurre eta aginte-mailatik heltzeko.

III.- Euskara-erdarak, Iturriagaren garaian

Hain gaizki al zegoen euskara, 1830ean, goitik beherako plan bat aplikatu behar izateko? Hain nabarmena al zen euskararen gainbehera, Probintziako jauntxoek gaia beren agenda politikoan txertatzeko? Hainbatekoa al zen beharra? Badakigu, jakin, bertako protoeliteek euskararen atzera-martxaz kezkaturik zeramatela ehun urte inguru(115). Hizkuntzaren (hobe: euskara-erdaren) erabilera handiaz edo txikiaz eta erabilera horren gizarte-moldaeraz ezer gutxi esan ohi zuten. Gutxi esan izanik ere, han-hemen idatzita utzi zigutenetik badago batezbesteko deskribapen soziolinguistikoa egiteko behar adina lehengai. Lehengai horietaz baliaturik eskaintzen da hortaz, lehen hurbilpen moduan, Iturriagaren garaiko egoeraren azalpen saioa(116).

Zenbat gipuzkoar ziren euskaldun, eta zenbat erdaldun, Iturriagak bere txostena aurkeztu zuen garai inguruan? Ahozko jardunean zer hizkuntza zen nagusi, eguneroko gizarte-bizitzan? Zer hizkuntza zen nagusi hitzez, eta zein idatziz? Euskararekiko jarrera eta jokabideak nolakoak ziren? Hiztunen hitz-etorria eta erraztasuna zenbatekoa zen hizkuntza batean, eta zenbatekoa bestean? Elebidunen euskara hura nola ageri zen, erdaratiko interferentziez eta euskara-erdaren konmutazioz?


a) Zenbat gipuzkoar euskaldun, eta zenbat erdaldun?

Har dezagun, hasteko, Iztuetak Gipuzkoako Probintziaz 1845erako prestaturiko azalpena(117) (Iztueta, 1847: V): "Provincia labur onetaco mugapean contatcen dira eun ta oguei milla arima bezalatsu; oetatic eun milla bederic izango dira Euscara beste itzcuntzaric ezdaquitenac: gañerontzeco oguei milla-etan beguira izan ezlitezquean erdiac baño gueiago, Euscararen ugazume etorqui arrotz, nongoak eta noren odolecoac diran berac ere ezdaquitenac; eta azquenengo amar milla-etan ere izango dira guichienaz sei millaraño, Euscaraz charqui, eta gaztelaniaz, gaizqui itzeguiten dutenac, beren buru arroac guizon andi ta jaquintsu eguiteagatic."

Antzeko bidetik dabil Madoz, honako hau dioenean: "Se habla el vascuence en toda la prov. Es el lenguaje que en su niñez aprenden todos sus naturales, y el único que saben los que por su educación ó con el trato de gentes no han aprendido el castellano" (Madoz, 1847: IX. iburukia, 113. or).

Azalpen horiek bat datoz, funtsean, handik hogei bat urtera Eguren eskola-ikuskariak egindako baieztapenarekin: "en los pueblos rurales, que son los que forman la mayor parte de la Hermandad guipuzcoana, solamente se habla el vascuence, con muy cortas escepciones, y aun en las poblaciones de más importancia no es todavía habitual la lengua castellana sino entre las personas cultas y de más instrucción. Así es que la masa general del pueblo guipuzcoano habla usualmente el vascuence" (Eguren, 1867). Bereizketa garrantzitsu bi ezarriak dizkigute Iztuetak, Madozek eta Egurenek: a) kalea gauza bat da, eta baserria bestea; b) baserrian euskara da jaun eta jabe; aldiz kalean, handikien eta jende ikasiaren artean, eguneroko hizkuntza da erdara: ez bakarra, inola ere, baina bai egunerokoa.

Hiztun-kopuru eta banaketa molde horiek kontuan izanik argi dago euskarak oso leku zabala duela eguneroko mintzajardun arruntean, Iturriagaren garaiko Gipuzkoan. Erdara ere etxekotua dago, ordea. Nola? Zer neurritan? Ikuspegi xeheago batetik begiratu behar diogu, horretarako, gaiari. Hizkuntza-soziologia deskriptiboaren ohiko analisi-bideetatik. Nork dihardu norekin hizkuntza batean, ahoz ari delarik, gai honetaz edo hartaz diharduela? Eta nork norekin erdaraz, idatziz edo, bakanago, ahoz? Honako puntuok, bederen, argi samar daude Iturriagaren garaiaz ari garelarik oro har, eta 1830 inguruko egoeraz dihardugunean bereziki.


Ahozko jardunean, euskara nagusi

Euskara zen 1778an, Iturriaga jaio zenean, gipuzkoar gehienen eguneroko hizkera(118). Euskaraz(119) egiten zen familia gehienetan. Euskara zen neska-mutil horien ama-hizkuntza(120). Euskaraz ikasten zuten haurrek gurasoekin eta senideekin, aiton-amonekin eta neskame-morroiekin. Hizkuntza horretan hazten ziren umeak, beraiek bezala euskaraz baizik ez zekiten anai-arreben eta inguruko lagunen artean: giro horretan hazten eta hezten ziren, eskolatu artean eta are handik aurrera. Euskara zen gizarte-bizitzaren esparru arrunt, ohikoenetan nagusi. Horrela egiten zen etxean, auzoan eta kalean, lagunarte hurbilean eta ohiko lanbide gehienetan. Orobat herriko plazan, merkatuan, azoka-ferietan, festa-egunetako erromerietan, hileta-elizkizunetako sarrera-irteeretan eta ezteietan. Beraien moduko euskaldun-jendearekin ezkontzen ziren gazteak, eta euskal familia berriak osatzen. Hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena segurtaturik zegoen horrela, neurri zabalean.

Gero, une batetik aurrera, eskolan lehenik eta gizarte-giro batzuetan ondoren, gaztelaniarekiko kontaktua izaten zuten gazte horietariko askok. L2 gertatzen zen gaztelania, normalean, gazte horientzat. Berez L2 izanik ere, gaztelania hori ez zen askorentzat atzerri-hizkuntza baten pareko. Iturriagak argi dioenez, urteen poderioz eta erdarazko harreman-sareetan txertatu behar izanaren ondorioz elebidun bihurtzen zen hainbat gipuzkoar: gaztelania ere beren hizkuntza zuten hortaz, hainbatean(121).

Horrezaz gainera, jende jantzi eta ikasiak erdaraz egin ohi zuen, maiz, bere artean. Distintzio-seinale eta status sozial baten adierazgarri zen erdaraz ongi jakitea eta parez pareko status soziala, zer esanik ez goragokoa, zuten handikiekin hala egitea(122). Donostian eta Bergaran, Tolosan eta Azpeiti-Azkoitietan, Hernanin eta Hondarribian, ez zen halako harreman-sarerik falta. Aparteko lekua eta lehentasuna zuen, zirkulu horietan, erdarak. Gaztelaniak eta are, zenbaitetan, frantsesak(123). Elebidun funtzional ziren, horrelako harreman-sareetara irispide arteza zuten gipuzkoar gehienak. Goi-mailako jardunbide formaletan gaztelaniaz (inoiz, frantsesez) egiten zuten, eta gainerako harreman gehienetan euskaraz: hots, kaleko hizkuntza arruntean, kaletar zenbaitek eta herri txikietako edo baserrietako gehienek zekiten hizkuntza bakarrean. Horrela ziren gauzak, ahozkoan(124). Aski bestela ziren kontuak, aldiz, idatzizko zereginetan.


Idatzizko jardunean, erdara nagusi

Hizkuntzaren erabilera formala eta jasoa eskatu ohi duten esparru askotatik baztertua zegoen euskara, esan berri denez. Eta esparru horietan behar izaten zen, bereziki, idatzizko jarduna. Latina eginkizun sakroklasikoetarako(125), gaztelania goi-mailako bizibide laikoaren zeregin gehienetarako (administrazio-esparrurako erabat, merkatarien eguneroko komunikazio-lanerako eta lagun arteko korrespondentziarako ia erabat) eta frantsesa, gutxitan ingelesa, jakin-iturri formalizatuetara zuzenean iristeko edota urrunagoko merkatari-lanetarako.

Eskola-munduan oso leku mugatua zuen euskarak. Dotrina euskaraz eta erdaraz erakutsi ohi zen normalean, 1600. urte inguruko sinodaletan hartutako arau-erabakien ildotik. Arau horiek zirela medio bazuten neska-mutil gehienek euskara idatziarekiko kontaktu minimoa: euskaraz eta erdaraz irakurtzen zuten ikasleek dotrina, eskolan egunero eta elizan aste-bukaeran. Dotrina-irakurtze hori ez zen, ordea, egungo irakurketaren pareko. Buruz ikasten zen liburuan idatzirik zegoena, eta kantuz "irakurtzen". Bide horrek ez zuen, gehienetan, egungo irizpideen araberako belaunaldi alfabetaturik sortzen. Hortik aurrerakoan, oso kasu mugatuetan erabiltzen zen euskara eskolan. Gutxitan erabiltzen zen eta, kasu gehienetan, espresuki debekatua zegoen. Ez zen euskaraz irakurtzen eta idazten erakusten; ez zen euskaraz irakasten. Are gehiago: debekatua zegoen ikasleek eskola-orduetan hitz bat euskaraz egitea(126). Leku guztietan ez zen horrela(127), baina hori zen arau nagusia, eskueran ditugun datuen argitan.


Euskararekiko jarrera eta jokabidea

Hiru eratako gertakariak antzematen dira aldi berean, euskararekiko jarrerei eta jokabideei dagokienean(128): jende xehearen euskal giro bizi eta lasaia batetik, status sozial batetik gorakoek euskararen bajeza-estigmatik ihes egin nahia bestetik, eta protoelite euskaltzaleen gorabidea azkenik. Hirurak ikusiko ditugu, labur-labur.

Beren etnizitatea, beren herritartasuna, aparteko elaborazio teorikorik gabe bizi zuten gipuzkoar gehienek, Hernanin eta Hernanitik kanpora: euskaldun-jendea ziren beraiek, inolako tatxarik eta, dakigun neurrian, aparteko harrotasunik gabe. Euskal giro lasaian bizi ziren, hizkuntzaz eta herritartasunaz aparteko buruhauste handirik gabe. "Horrela ziren gauzak", belaunez belaun etorriak, eta horrela bizi ohi zituzten. Bazekiten L hizkuntza zela txikitan ikasitako euskara, eta H hizkuntza erdara(129). Adierazpide arrunt, zalu eta erraz zuten beren ama-hizkuntza, ez bestelako gizarte-xedeen ikur edo adierazgai. Aktibatu gabeko etnizitate-giroan bizi ziren euskaldun gehienak (antzeko kontestuetarako ikus Fishman, 1972, 1985)(130).

Jende ikasi askotxok, batez ere kale-giroan bizi eta erdi- edo goi-mailako lanbideetan ziharduen hainbat kaletarrek, epeltasunezko edo arbuiozko jarrera ageri zuen euskarari buruzkoetan. Baziren hor ere euskara beren nortasun pertsonal eta kolektiboaren osagai preziatu sentitzen zutenak, eta euskaraz egiteaz inola ere lotsatzen ez zirenak. Baina ez ziren gutxi euskaldun-jende xehearen euskal giroko gizarte-arau horiek xaharkitutzat jotzen zituztenak eta erdarazko gizarte-arau berrien ildotik jo nahi zutenak. Lotsatu egiten ziren horietariko asko, euskaldun izateaz. Euskaraz ez zekitela esatera ere iristen ziren inoiz, euskarak berekin zekarren bajeza-estigma hura begien bistatik (hots, beren status soziala definitzen zuten atributuen sailetik) uxatzearren(131).

Baziren, azkenik, beren ama-hizkuntza "gipuzkoar jatorraren" edo euskaltasun betearen ezinbesteko osagai eta ikur nagusi kontsideratzen zutenak. Beren artean, herritar xeheen ohiko erabilera-arau nagusien arabera euskaraz egiten zuten ahoz, eta zenbaitetan (oso gutxitan) idatziz. Bazen horien artean, halako neurri batean, euskaltasunaz eta euskararen ubikazio sozialaz gogoeta egiten zuenik. Gutxi ziren halakoak, eta oro har indar handirik gabeak. Are gutxiago gai horien araberako gizarte-helburu esplizituak ezartzen zituztenak. Larramendiren segiziokoak ziren, normalean, horrelako bakanak(132). Giro horretan hasten dira, protoelite euskaltzale horiek, euskaltzaletasun-gurpilari jakinaren gainean eragiten. Hizkuntzarekiko jarrera orokorra aldatzen hasi da Larramendiz geroztik, eta Iturriagaren bizialdian, batez ere 1830 inguruan, inarrosaldi bizia izango du giro-aldaketa horrek(133).


Hizkera pobretzen ari da

Mende-hasieran, 1800 inguruan, horrela ikusten du Mogelek euskararen pobretzea: "la lengua bascongada está tan alterada y desfigurada, que no la conocería la Madre que la parió. Si resucitaran los antiguos bascongados, no la entenderian". Mogelek hori dioenean, buruan beste zerbait duela pentsa liteke berez: ez dela ezinbestean bere bizi-denborako interferentziaz ari, hizkuntza orok mendeen joanean pairatu ohi duen aldaketaz baizik. Egiaren zati bat bakarrik da, ordea, lehenaldi urruneko perspektiba hori. Markinako parrokoak Peru Abarkan azaldu nahi duena bere belaunaldiko gertaera da, batez ere: Mogel ez da aldi joanetako bilakaera pausatu baina etengabeen balorazio hutsa egiten ari, bere bizi-denborako fenomeno ongi ezagunaren testigantza ere ematen baizik.


Erdal interferentzia ugaritzen ari da

Hitz egiterakoan gero eta ugariago baliatzen gara euskaldunak erdararen makuluez: erdarazko hitzak hartzen ditugu, bere doinu-era eta hots-ebakera ezpainetaratzen zaigu, joskeraz eta hitzen adieraz ere gero eta erdararen mendeago gaude,... Oraingo kontuak direla iruditzen zaigu hori. Ez dira orain-oraingoak ordea, aspaldidanik datozenak baizik. Horra 1854an, Iturriaga hil eta handik hiru urtera, zer zioen Alejo Azpeitiak, Zestoako bikarioak: "El transcurso de los siglos, las continuas guerras y trastornos, en especial de medio siglo aca, han dado el triste resultado de adulterar nuestra primitiva lengua Vascongada con la adopcion de multitud de vocablos tomados de otros idiomas, en terminos, que se hace ya notable el desaliño é incorreccion con que aun los mismos naturales del pais hablan su propia lengua".

Batez ere "de medio siglo aca" gertatzen ari omen diren fenomenoez ari da Alejo Azpeitia. Ez nolanahiko interferentziaz ordea. Interferentzia lexikalez ari da bera, huts-hutsik. Euskalari, euskaltzale eta euskal detraktore askok aho batez dio galtzen ari dela euskara garbia, euskara jatorra, "betiko" euskara. Galtzen ari dela eta, bere ordez, euskaldunek hitzetik hortzera (are, bertso-papera lagun, hitzetik lumara) egiten duten "oraingo" euskara hori euskalgaiztoa dela. Beterik dago Iturriagaren garaiko dokumentazioa, XIX. mendearen lehen erdian, ikuspegi ezkor horrekin. Iturriaga bera da, bere buruaz ari dela, arazo horren lekuko: "Nola guc ez degun icasi eusquera gueren gaste demboran icasi izan guer(n?)ezaquean (...) la lan andiari narraizquio, esagutcendet ceren itz bacoitcian diccionarioa escuan artubear"(134). Horra arazoa: hain interferentziaz beterikako euskara erabiliko ez badu Diccionarioa eskuan hartu behar, umeentzako ikasliburutxoak prestatzeko eta Iztuetari eskutitz bat txukun antzean idazteko. Hori Iturriagak. Hortik atera kontuak.

IV.- Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan

Bat ote dator aurreko atalotan emandako deskribapen xume hori, Iturriagak 1830-31n dioenarekin? Noraino dira han-hemen barreiaturik dagoen informazio soziolinguistikoa eta Hernaniko benefiziaduak Gipuzkoako Batzar Nagusiei aurkeztutako azalpena bateragarri? Zertan gelditzen da Iturriagaren azalpen hori motz? Non dakartza aldiz ekarpen ohargarriak, ordura arteko iturrietan jaso gabeak edota kontzeptualki landu arinak? Hori ikusiko dugu, hizkuntza-soziologia lagun, hurrengo atalean.

Jakintza akademiko gisa eratu berria da soziolinguistika, eta bere atal nagusien sailkapenean nekez bila liteke egituratze-maila handirik, edonork onartzen duen modukorik. Nolanahi ere, eta Iturriaga gogoan dugula, sei azterbide bereiz litezke hizkuntza-soziologiaren alorrean(135).

Gauzak nola dauden begiratzen du, batez ere, lehenengo azterbideak: hizkuntzen erabilera aldetik (bai eta jarrera aldetik ere) gauzak nola dauden, gizarte osoan edo hiztun-talde jakinetan; hizkuntza-gaitasunaren aldetik gauzak nola dauden, banakako hiztunen artean; eta hiztun elebidunen hizkuntzak ukipen horren seinalerik ba ote duen (interferentzia edo kommutazio moduan), eta zer-nolakoa. Azterbide deskriptiboa esan ohi zaio horri guztiari.

Gauzak nola aldatzen ari diren begiratzen du(136), bereziki, bigarren azterbideak. Gauzak aldatzen ari diren ala ez, eta aldaketa hori zer-nolakoa eta zenbatekoa den. Aldaketaren ubikazioak, bere kokapen fisikoak eta soziofuntzionalak, aparteko garrantzia du azterbide honetan. Azterbide zinetikoa esan dakioke honi, soziologia zaharraren ildotik(137).

Gauzak zergatik aldatzen (ari) diren begiratzen du, nagusiki, hirugarren azterbideak. Zergatik indartzen edo ahultzen da hizkuntza baten erabilera? Zergatik ahazten edo atzentzen zaio zenbait hiztuni hasierako hizkuntza, eta beste bat nagusitzen? Zergatik sortzen dira interferentziak eta konmutazioak? Zein prozesu psikologiko, sozial eta kultural daude gertaera horien atzean, edota horiekin nolabaiteko loturan? Azterbide dinamikoa esan ohi zaio, ia aho batez, hirugarren lan-ildo honi.

Goazen bidetik goazela, non bukatu behar dugun kalkulatu nahi izaten du, batez ere, laugarren azterbideak. Hemendik epe batera (hurrengo belaunaldian, hemendik berrogeita hamar edo ehun urtera,...) hizkuntzaren erabilerak aurrera edo atzera egitea espero izatekoa den, zein lekutan, zer funtziotan eta zer neurritan: hori da azterbide prospektiboaren muina.

Hiztun batzuek edo besteek hizkuntza kontuak nola izatea nahi luketen, eta beraz egungo egoera (eta aurrera begirako proiekzioa) gogoko duten ala ez analizatu ohi du bosgarren azterbideak. Herritarrek ba al dute beren hizkuntzari eta hiztun-herriari buruz kontzientzia argia eta hura aurrera atera nahia(138)? Ba al dute herri-gogorik? Nola loturik joan ohi dira herri-gogoa eta hizkuntza-leialtasuna? Galdera horiei eta antzekoei erantzuten saiatzen da bosgarren azterbidea(139).

Egungo hizkuntza-egoera honetan edo hartan desegokia dela uste bada, bestelako egoera bat lortu nahi bada hortaz, zer egin behar da? Iritsi nahi den helburura iristeko zer egin litekeen analizatzen du seigarren azterbideak, Fishmanek RLSren ildotik azterbide preskriptiboa deitu izan duenak(140). Hizkuntza-plangintza esaten zaio gaur egun, maizenik, atal honi. Hizkuntza-soziologia aplikatua ere esan izan zaio inoiz(141).

Gatozen beraz, Iturriagak 1830-31n prestatu eta Batzar Nagusiek 1831-33an mahai gainean izandako planera, euskara indarberritzeko proiektura. Zer leku zegokien, egitasmo hartan, goiko sei azterbide horiei? Zer neurritan izan genuen Iturriaga, azterbide horietan bide-urratzaile? Ikus ditzagun seiak, banan-banan.


IV.1.- Euskara-erdaren erabilera

Zer leku dagokie euskara-erdarei, Iturriagaren garaiko gizarte-bizitzan? zer neurritako euskaldunak dira, oro har, gipuzkoarrak? Zer-nolako euskara egiten dute, hitzez eta idatziz? Zer moduko erdara? Zer jarrera modu eta zer jokabide gailentzen dira garai hartan, bere esanean, hizkuntza eta hiztun multzo biei buruz? Aukeran gutxi landua dago deskribapen kontu hori, Iturriagaren txostenean(142).

Euskara-erdarek gizarte-bizitzan duten lekuaz jarduterakoan, eskola-mundura mugatzen du Iturriagak bere analisia: eskola-munduan, eta bereziki, ikasleen artean, euskara-erdarak nola erabiltzen diren, edo ez diren, adierazten du berak. Bere esanean, dotrina kontura mugatzen da euskararen presentzia eskola munduan(143). Gaztelaniaren lekuaz, berriz, honako hau dio: "La lengua castellana es lengua viva, pero no lo es respecto a la mayor parte de los bascongados y especialmente respecto a los niños." Baina "hablando muchos el español entre nosotros, tampoco se puede llamar a esta lengua enteramente muerta".

Mintzatzeko eta idazteko gaitasunei dagokienez ere, ikasleetara mugaturik dago Iturriagaren azalpena. Gaizki egiten dute ikasleek gaztelaniaz, bai eskolan dabiltzan urteetan eta bai gero(144). Euskara-mailari dagokionean ere aski aitormen etsia egiten du: "Apenas han aprendido algunas palabras sueltas en castellano se les obliga á hablar en esta lengua y por consiguiente a que vayan olvidando su corto diccionario bascongado". Hitz-altxorra aberasteko eta hizkera molde jasoan egiteko aukera, beste hizkuntzetako haurrei eta gazteei eskolak eman ohi diena, debekatua dute Iturriagaren garaiko gipuzkoarrek beren ama-hizkuntzan. Hori dela-eta, beren hizkera-sorta osoa aldaera informalera, elaborazio kontzeptual laburrenekora, mugaturik dute sarri, eta aldaera horietan ere erdararen interferentzia nabaria da.

Zer dio Iturriagak, azkenik, bere garaiko gipuzkoarrek euskara-erdarei buruz pentsatzen dutenaz? Ezer gutxi dio hernaniarrak horretaz ere. Ikasleen autogorroto linguistikoa aipatzen du une batean. Horra nola: "En otra edad, en que sienten más la necesidad de poseer el castellano, se aperciben de las dificultades, que para aprenderlo les pone el vascuence, y este conocimiento junto con el recuerdo de los fatales anillos y los castigos, que a ellos se siguieron, hace que aborrezcan su lengua nativa". Horrela bukatzen da, oker ez bagaude, azterbide deskriptiboari dagokionez Iturriagak bere txostenean dioena(145).


IV.2.-Euskararen eta erdararen gure arteko bilakaera

Hizkuntza kontuak aldatzen ari al ziren Iturriagaren garaian? Eta, aldatzen ari baziren, nola? Iturriagarentzat, bere garaiko guztientzat bezala, ez zegoen dudarik: aldatzen ari ziren gauzak Hernanin, Gipuzkoan eta Euskal herri osoan. Atzera zihoan euskara. Gero eta jende gutxiagok hitz egiten zuen euskaraz, eskualde osoak euskaratik erdarara pasa berriak zirelarik Bizkaian, Araban eta Nafarroan(146). Gero eta euskaldun gehiago, elebidun ziren. Euskaldun elebidun haiek egiten zuten hizkera, berriz, gero eta mugatuagoa zen hitz-altxorrez, esapideez eta joskeraz. Gero eta interferentziaz beteago zegoen beren hitz-altxorra, hots-ebakera eta joskera. Kommutaziorako joera ere sentitzen hasia zen han-hemen. Ondo begien bistan zuen hori guztia Agustin Iturriagak. Iztuetarekiko elkar-idazketan halako aipamenik falta ez bada ere, 1830-31ko txostenean ez zuen bilakaera horretaz azalpen zehatz handirik eman. Gauza jakinak iruditzen zitzaizkion horiek, Batzar Nagusietako jaun aldunei esan beharrik ez zeudenak.

Hori guztia horrela zela jakinik ere, Iturriaga ez zen berehalako mintzaldaketaren beldur. Argi zuen hori Agustinek, eta denborak arrazoi eman zion: Hernanin eta Gipuzkoako herri-herrixka gehienetan euskara ez zegoen berehala galtzeko arrisku bizian. Ondo zekien, ordea, etorri bazetorrela arrisku hori, luzera edo ez hain luzera, eta halakorik gerta ez zedin garaiz hartu nahi zituen neurriak. Bere bizialdiko arrisku nagusia ez zen luze-zabaleko mintzaldaketa, ez zen language shift edo proceso de substitución lingüística deitu izan dena. Egon ez zegoen 1830 inguruan, Hernanin eta Gipuzkoa gehienean, etxean ikasitako euskara alde batera utzi eta bere ohiko eskulanean, kaleko tratuan eta, bereziki, etxean euskaldun-jendea erdara hutsean jarduten hasteko arriskurik. Ez erdara hutsean eta ez, askotan, ele bietan. Euskarak bere-bereak zituen oraindik, Gipuzkoako eskualde eta herri-herrixka gehienetan, etxea eta familia, auzoa eta kalea, herriko plaza eta feria-eguneko merkatua, herriko jai-giroa eta, oro har, aurrez aurreko mintzajardun biziaz oratu ohi den eguneroko bizimodu arrunta(147).


IV.3- Zergatik ari dira gauzak aldatzen?

Iturriagaren txostenaren muinera hurbiltzen hasi gara, azterbide honekin. Gorago esan dugunez, oso interes txikia agertu zuen Iturriagak begien bistako gauzak azaltzeko: bai une hartako hizkuntza-egoera deskribatzeko eta bai azken hamarkadetako bilakaera azaltzeko. Oraingo galdera-sorta, aldiz, maiteago zuen. Zergatik doaz hizkuntza batzuk aurrera eta beste batzuk atzera? Zergatik egiten da euskaraz gero eta gutxiago? Zergatik dira euskaldunak beren hizkeran gero eta mordoiloago? Zergatik dago euskara gero eta erdararekin nahastuago? Lau galdera zorrotz dira horiek, eta laurentzat du Iturriagak erantzuna. Goazen pausoz pauso.


IV.4.- Nora goaz, hizkuntza kontuan?

Nora goaz, gauzak horrela segitzen badu, euskara-erdaren kontuan? Non bukatu behar dugu, hemendik 50 edo 100 urtera? Galdera horiei ere erantzun zien Agustinek, bere idazkian. Ilun ikusten zuen Iturriagak euskararen eta euskaldunon etorkizuna. Gindoazen bidetik gindoazela, ez zegoen atarramentu onik. Alferrik zen euskararen ederra eta euskararen argia goraipatzea. Alferrik zen garai bateko bere hedadura zabala eta nagusitasun erabatekoa argudiatzen saiatzea. Bere hitzetan esanik, "lo que veo es que mientras nuestros filólogos están haciendo la anatomía de esta lengua, se nos va escapando de las manos, digamoslo así y (...) si nos descuidamos, nos vamos á quedar como el cuervo de la fabula hinchados de vanidad y sin queso. Que importa (...) todo esto, si cada dia camina con mas celeridad ácia su perdicion, y se nos va á desaparecer totalmente?"

Iturriagaren ustez, ezer egiten ez bazen galdu egingo zen euskara. Eten handia gertatua zen Hernanin, eta seguruenik Gipuzkoa osoan, bi belaunaldiren buruan. Bera baino bi belaunaldi zaharrago zen Kardaberaz, eta harentzat ez zegoen dudarik euskarak bizirik iraungo zuela (Kardaberaz, 1761)(156). Kardaberazentzat bakarrik ez: oso diferenteak dira, oro har, "nora goaz?" galderari diglosiaren iraunkortasunean oinarritzen diren autore zaharrek (Kardaberazek eta bere kidekoek) ematen dituzten erantzunak, batetik, eta Wilhelm Von Humboldt-en eskutik ari diren pentsalari eta idazle gazteagoen ikuspegia, bestetik. Azken hauetakoa zen Agustin Iturriaga(157). Ez ordea bera bakarrik: Erro batek euskara indarberritzeko berariazko elkartea edo batzordea eratzea proposatu bazuen, Barroeta Aldamarrek proposamen hori Mondragoeko batzarraldira eraman bazuen eta bertan bildutakoek euskara ez galtzeko neurriak aztertzea erabaki bazuten, seinale da arriskuaren kontzientzia aski zabaldua zegoela jendearen (gipuzkoar jakitunen eta zezakeen jendearen) artean.

Luze-zabaleko mintzaldaketa(158) zergatik gertatzen zen azaltzen saiatu izana: hori da Iturriagaren ekarpen nagusia. Iturriagaren pasarterik etsigarriena eta kopetilunena dugu hori, dudarik gabe. Generalizazio-maila handienetako bat ere bai. Pasarte batean badirudi Iturriagak ez duela ikusten, ezer eginaz ere euskarak salbaziorik duenik: "tal la suerte final, que irremediablemente le va á caber". Euskararenak ez du erremediorik, itxuraz, Iturriagaren ustean(159). Bigarren puntu horretan, Ilustrazioaren eta harrez geroko progresu-paradigma mekanizistaren oihartzun bortitza ageri da Iturriagaren hitzetan. "Egiten duguna egiten dugula, gureak ez du konponbiderik".

Gero, ordea, txosten berean, aurrez aurre gezurtatzen du Iturriagak hasieran esandako hori. Ba omen dago modurik, euskara bizirik ateratzeko: ez, beharbada, nahi litzatekeen neurri osoan; baina bai behar adinako neurrian. Hori bakarrik ez: horrela jokatuz gero, galdutako eremuak ere berreskuratu ahal izango omen dira euskararentzat, tentuz eta elkar hartuz, indarrak bilduz egiten badira gauzak.(160)


IV.5.- Asmoak, interesak eta ikuspegiak

Euskara-erdarak direla-eta, galdezka ari da jendea: nora joan nahi dugu, hizkuntza kontuan? Zer leku dagokio euskarari, gizarte berrian? Posible al da, hori? Merezi al du? Bide onetik al goaz, joan nahi dugun lekura garaiz eta zuzen iritsi ahal izateko? Era honetako galderak dira, atal honetan ikustekoak. Has gaitezen puntuz puntu


IV.6.- Azterbide preskriptiboa: zer egin behar da, helburua lortzeko?(-)

Hizkuntza-soziologia aplikatuaren esparrua da, bete-betean, orain ikustera goazena. Azken mende-erdiko terminologia teknikoan izen bat baino gehiago jaso izan duena baina, nagusiki, hizkuntza-plangintza esan ohi zaiona. Hizkuntzaren gizarte mailako problemei irtenbide antolatua bilatzeko saioen azterketari esan izan zaio, beste zenbait definizioren artean, language planning edo hizkuntza-plangintza.

Asmoa aurrera ateratzeko zer arazo ikusten zituen Iturriagak, aztertua daukagu aurreko atalean. Arazo horiek konponbidean jartzeko zer neurri hartu nahi zituen ikusiko dugu orain, Iturriagaren eskutik azterbide preskriptiboen alorra hurbilxeagotik arakatuz. Planaren oinarri teorikoak aztertu behar dira horretarako, batetik, eta bere aplikazio praktikoa ikusi bestetik. Ezagunena bigarren zatia bada ere Iturriagaren kasuan, soziolinguistikaren aldetik bere oinarri teorikoen ikustaldia da, dudarik gabe, erakargarriena. Has gaitezen hortik, beraz.

Zer egin behar da gero eta jende gehiagok, gero eta jardun-gune eta harreman-sare gehiagotan, euskaraz egin dezan? Galdera horri erantzuten saiatu zen Iturriaga, bere garaiko inor baino zehatzago eta esplizituago. Horixe du bere meriturik handienetakoa: galdera on bati erantzuten saiatu izana. Erantzuna bilatzerakoan, bere irizpide nagusiak bi eratakoak izan ziren. Batetik, "zerk ez du balio?" Galderari erantzun zion. Bestetik, berriz, "zerk balio du edo balio luke?" galdera argitzen saiatu zen. Goazen gu ere, puntuz puntu, galdea biak bereiz lantzera.

V.- Zenbait ondorio

Bada motibo argia, Iturriagaren hizkuntza-jokabidea azaltzea nabarmen zailtzen duena. Gurea da arazoa, funtsaren funtsean. Eragozpen-muga larriak ditugu oraingo euskaldunok, garai hartako esan-eginak orduko baldintzen arabera entenditu eta baloratu ahal izateko. Iturriagaren esan-eginak eta bere ekarpenak, batez ere eskola-mundukoak, ezin uler litezke bere osoan Gipuzkoako garai hartako egoera soziolinguistikoa nolakoa zen jakin gabe. Erresumako goi-agintearen filosofia soziokultural eta politikoa kontuan izan gabe ere ezin dira bere jarrerak eta jokabideak argi epaitu. Maizegi egiten dugu halakorik. Argitu ordez ilundu egiten dugu, horrekin, gure lana. Txosten honetan esandakoak, eta amaierako hitzak, argitze-lan horretarako ekarpen gisa eratu dira. Aurrez adierazitakoak hamar bat ondoriotara bilduz eman nahi nioke gaurkoari akabera. Goazen beraz, puntuz puntu. Zer esan dezakegu, labur bilduz, Iturriagaren egitasmoaz, jokabideaz eta ekarpenez?

Plan oso baten egile dugu Agustin Iturriaga: euskarari bere garaiko Gipuzkoan leku hobea eskaintzeko asmoz egindako planaren asmatzaile. Horretarako, elebitasun beteko formula sozioedukatiboa aukeratu zuen, aukeran zeuden beste bideak alboratuz. Ez zen hori, egia da, Agustinen asmo bakarra: erdal itsasora ere eraman nahi zituen berak Gipuzkoako haurrak. Haur guztiak: baita baserrietako umeak ere. Ahalik eta erarik lasaienean (ez ahalik eta azkarren), baina erdal itsasora nolanahi ere. Euskara hutsezko Gipuzkoa joaten, galtzen ari zen bere begien bistan, eta hizkuntza biak, ez bakarra, beharrezkoak izango ziren ingurumen baterako prestatu nahi zuen Agustinek bertako gazte-jendea. Hori zen bere bigarren asmoa.

Azken hitz

Txuri eta beltz arteko gizarte-giroan, askoren atseginez eta beste hainbaten ezin eramanez, elkar hartuzko konponbideak bilatzen saiatu zen Agustin Iturriaga, Hernaniko apaiz euskaltzale eta argitasun-zalea. Lapitza ez zen beretzat dotrinaren etsai. Bata eta bestea elkartuz eratu nahi zuen berak gizarte berria: erlijioa eta entziklopedia, kale-giroko bizimodu berria eta aspaldiko baserritar-legea, euskara eta erdara.

Bere ilustrazioa eta ikuspegi liberala, gizona eta gizarte-aurrerakuntza dialektika jakinean biltzen zituena, argi agertu zen 1830an, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako idatzi zuen txostenaren zenbait pasartetan. Ez gutxienik, ene irudiko, honako honetan: "Lo que (Larramendi) no vió y hubiese visto acaso, a haber vivido más, o haber tenido más tiempo, es el medio de convertir en ventaja para la lengua bascongada la fuerza de la acción, que la castellana estaba ejerciendo sobre ella, no de otra manera que convierte el hombre en bien suyo las fuerzas físicas, dando a las leyes naturales la dirección correspondiente al objeto que se propone".

Pasarte hori lehenengoz irakurri nuenean, eta badira urteak, deigarria egin zitzaidan oso: horra herri koskor bateko apaiz benefiziadua, Gipuzkoako herri-agintariei esplikatu nahian nolatan "convierte el hombre en bien suyo las fuerzas físicas, dando a las leyes naturales la dirección correspondiente al objeto que se propone". Aparta iruditzen zitzaidan esaldia, apaiz baten lumatik jasoa izateko. Ez zen, ordea, hain aparta: bertako ilustrazioak, Azkoitiko jauntxoekin identifikatu ohi dugunak, erro zabalak zituen eta elizgizonak ez ziren, inola ere, gogo-giro hartatik kanpora geldituak. Gero konturatu nintzen, urteen joanean, ez genuela Iturriaga hain salbuespen huts, hain egun bakarreko lore. Lehendik zetorren kate luzea, gero ere ondorengo ugari izan dituen katea, eta hari loturik bizi izan Agustin. Geroztik ere Agustin asko izan ditugu gure artean. Bakar bat aipatuko dizuet, gustu baduzue, "dar a las leyes naturales la dirección que se propone (el hombre)" horren lekuko. Ez naiz, aipamen horretarako, filosofiaren edo gizarte-zientzien osin mamitsuetan murgilduko, olerkien mundura hegaldatuko baizik. Xabier Lete handiak, nire ustez azken mende erdiak eman digun poetarik sakonenak, ez dakit Iturriaga irakurri ondoren idatzi zuen, eta kantuz eman, izarren hauts zirraragarria:

"Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia,
borroka hortan bizi da eta hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia: bide ilunak nekez aurkitu,
lege berriak noizpait erditu, hortan jokatuz bizia.

Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea.
Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz,
ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea".

"Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia (...). Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea". Horra hor Agustinen "la manera en que convierte el hombre en bien suyo las fuerzas físicas, dando a las leyes naturales la dirección correspondiente". Horra hor olerkari-kantariaren ezpainetan, pentsalari argituaren mende t’erdiz lehenagoko gogoeta sakona. Agustinen estilokoa da, hainbatean, Izarren hautseko bizi-programa: "Gure sustraiak lurrari lotuz, ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea". Errealitateari bizkar ez ematea eta aurrera begirako ikuspegia sendotzea: xede bikoitz hori zuen Iturriagak, dakigun neurrian, bere eguneroko bizi-poz eta oinarri. Horretan saiatu zen, deblauki, Hernaniko pedagogoa. Hori dela-eta, guztion esker onezko aitormena merezi du bere saio zintzoak. Gaurko ekarpen xume honek ezer gutxi erantsiko badio ere lehendik jasoa duen sonari, gizona eta bere ingurumena hurbilagotik ezagutzeko balio izango ahal zigun. Hori nuen behintzat jomuga eta, horretara iritsi banaiz, banengoke pozik.

Eskerrik asko, jaun-andreok.


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuaren burua eta euskaltzain osoa da)

Oin-oharrak


Gai honi lotutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1181124576