Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Mintza Eguna 2007 Donostian

Mintza Eguna 2007 Donostian

2007-05-31 / 09:00 / Ane Loidi Garitano   BESTELAKOAK

Iazko Iruņeko jaiari lekukoa hartuta dator aurten Donostiara Mintza Eguna, Euskal Herriko mintzalagun, mintzakide, berbalagun eta abarrak elkartu eta hurbiltzeko antolatutako jaia.

Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak sortutako "Mintzalaguna" ekimena izan da Euskal Herri guztira hedatu den mugimendu honen aitzindaria. 15 urte datoz 1992an Gipuzkoako hiriburuan esperientzia abian jarri zenetik eta gaur egun ia 40 herritan elkartzen gara antzeko taldeak. Enkarterrietan eta Irunen, Pasaian eta Larrabetzun, Iruņerrian eta Bermeon, Aretxabaletan, Araialdean, Ermuan eta Galdakaon... Astean ordubete edo pare bat orduz, paseoan edo kiroletan, tabernan edo erakusketa areto batean 1.900 lagunetik gora dabil Euskal Herri osoan mintzapraktika talde hauetan.

Donostian bakarrik 240 laguneko taldea osatzen dugu mintzalagunok: 79 "laguntzaile" eta 160 "ikasle". Zalantzarik ez, beraz, sarritan euskaltegiko lanaren ezinbesteko osagarri den ekimen honen arrakastaren inguruan. Ikasleentzat kalean eta eguneroko bizitzan euskaraz bizitzen hasteko lehen urratsak dira, eta euskaldun zaharragooi, berriz, prozesu horretan partaide izatearen poza ematen digu. Herriz herri antzeko taldeak antolatzen eta zuzentzen dituzten Euskara Elkarteentzat ere aberasgarri eta pizgarri dira talde hauek; ekimen honi esker, bestela elkartetik urruti geratuko liratekeen gizataldeak bertara hurbiltzea lortzen dute: bai euskaltegietako ikasleak eta bai horrelako ekimen batean parte hartzeko ez bada elkartera hurbilduko ez liratekeen hainbat lagun ere.

Elkartze eta hurbiltze horri indar handiagoa ematera dator aurten ere Mintza Eguna. Ekainaren bian Donostiara ekarri nahi ditugu gainontzeko herrietako mintzakide, berbalagun, hitzontzi eta berritsu guztiak, elkarren berri izan dezagun eta, batez ere, egun alai eta eder bat pasa dezagun.

Besterik ez, beraz, hemendik: ekainaren 2an Donostiako Boulevardean plazan elkartuko gara.


(ANE LOIDI GARITANO Bagerakidea eta mintzalaguna da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com