Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Azpeitiko udal ordenantza eta Bilbokoa

Iņaki Arregi / Herri-administrazioa / 2007-05-15 / 08:00


Azpeitiko Udalak euskara arautzeko udal ordenantza eduki nahi eta ezin, eta Bilbokoak ezer ez eta... lasai.



Modan jarri dira ostera ere udal ordenantzak gure herrian. Izan ere, azken hilabeteetan, epe laburrean eta bata bestearen atzetik Udalbiltzak, Kontseiluak, Bizkaiko Aldundiak, Azpeitiko jeltzaleek... proposatu dizkigute euskara arautzeko eredu ezberdinak. Konpetentzia moduko bat ere egon da euren artean ahalik eta gehiago "saldu" nahian. Emandako azalpenetan, gainera, ematen du udal ordenantza barik ez dagoela aurrera egiterik udal administrazioa eta udalerria bera euskalduntzeko orduan. Kontseiluak orain gutxi hainbat udaletan egindako azterketetan ere, udal ordenantza edukitzeari sekulako garrantzia eman dio, eta hori, ordenantza horrekin egin denari eta egiten denari asko erreparatu barik; askotan, inork gogoratzen ez duen apal batean galduta egoten baita ordenantza hori.

Ez naiz hasiko orain esaten euskara sustatzeko udal ordenantzak ez duela ezertarako balio, ez baita hori egia; baina, komeni da erlatibizatzea, eta batez ere, kontu honen gainean hausnartzea. Izan ere, udal ordenantza testu juridikoa da, hau da, indarrean dagoen legearen menpekoa: Espainiako Konstituzioa eta "Euskararen legea" EAEn, Espainiako Konstituzioa eta "Vascuenceren legea" Nafarroan eta Frantziako Konstituzioa Iparraldean. Hori ahaztu egiten da sarritan, eta gero etortzen dira "sorpresak" udal askotan. Beste gauza bat da jakinaren gainean egon eta ezeztatuak izango diren ordenantzak aprobatzea beste helburu bat -zilegia zelan ez- lortzearren. Azken kasu hori beste kontu bat da, beste hausnarketa bat eskatzen du, eta beraz, beste baterako lagako dugu.

Hona hemen eztabaidatzeko eta hausnartzeko "baieztapen" eta galdera batzuk, batez ere udalerri euskaldunek duten problematikatik eginda hain zuzen ere:

  1. - Zertara dator orain euskarako ordenantzen aldeko kanpaina hau? Akaso goian aipatutako legeren bat aldatu da? Nik dakidanez ez. Beraz, egitekotan, orain 15-20 urte egin behar izan ziren udal ordenantzak eta egin, egin ziren. Trantsizio hasieran onartutako lege marko juridiko berbera daukagu gaur ere. Beraz, egindako ordenantzak edo oso txarrak izan ziren orain aldatzeko edo, ez du merezi, ezin delako gauza berririk sartu. Eta premia bada horretarako, batez ere, udal euskaldunen ikuspuntutik. Arazoa zein da? EAEn "Euskararen Legea" eta Nafarroan Vascuencearena aldatu edo garatu beharra dagoela. Zaharkituak geratu dira, eta normala da, hainbeste urte pasa eta gero. Ez da ahaztu behar, gainera, EAEko Euskararen Legeari 8.3 artikulua ezeztatu ziotela Madrilen, eta beronek euskara hutsezko jarduna arautzen zuen. Beraz, ordenantzak berriztatzeko lege babes berria behar dugu. EAEko Jaurlaritzako "Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia"n aurreikusten da; baina, momentuz, nik dakidanez, ez da mugimendurik egin. Hori barik ordenantzak berriztatzea energiak eta dirua alperrik galtzea da.
  2. - Iņaki Agirreazkuenaga da hizkuntza kontuetan dugun juristarik ezagunena, eta saiatu da erredaktatzen Azpeitiko Udalerako udal ordenantza aurrerakoia. Eta lortu, lortu du testu "inpekablea" egitea. Baina, alperrik izan da! "Bertako" auzitegiak egurra eman dio. Izan ere, udal euskaldunei begira egun goian aipatu dugun lege markoarekin ezin da udal ordenantza on bat eduki. Beno, aukera egon badago: hainbeste hilabete, urte... aprobatzea kostatu den ditxosozko ordenantza hori boletin ofizialera bidaltzen denean estatuko abokatua edo bere nagusia entretenituta egotea beste gauza batzuekin eta oharkabean pasatzea. Bitartean zer? "De fakto"-ko politika egitea. Beste aukerarik ez da!
  3. - Beno bai. Bada beste aukera bat ere aldarrikatu behar dena EAEko parlamentuaren aurrean: "Udal Legea". Eta bertan udal euskaldunei autonomia eman hizkuntza kontuak arautzeko. Urte asko dira EAEko parlamentuak konpromiso hori hartu zuenetik eta ez du bete.
  4. - Bilboko Udalak euskarako udal ordenantza edukiko balu ere seguruenik egoera berdinean egongo litzateke euskararen garapenari dagokionez. Egia esan, Bilbo, Bilbao ei da eta Azkuna, Azcuna da... eta ura txanpaina jakina! Zabarkeria nagusi denean alperrik dira ordenantzak eta planak. Udal askotan gertatu da: hilabeteak pasatu eztabaidetan (haserretu arte askotan) ordenantza txukun bat ateratzeko eta aprobatu orduko ahaztu eta berdin jarraitu.
  5. - Beraz, dugun marko juridikoagaz, -eta aldatzen ez den bitartean- ordenantzen garrantzia udal euskaldunetan erlatibizatzea komeni da. Hobe legealdirako (lau urte) planak egin eta amaieran ebaluatu eta aurrera segi plan berriagaz. Horretarako, ezinbestekoa izango da hauteskundeetan aukeratutako gainontzeko hautetsiekin batera ezker abertzalekoak ere -"kutsatuak" barne- udaletan egotea. Beraz, denok arduragaz jokatzea ezinbestekoa litzateke.
  6. - Eta Ipar Euskal Herrian zer? Administrazioan euskara sustatzeko babes legal zehatzik ez badago ere, Frantziako Konstituzioak ez du euskararen erabilera debekatzen. Beraz, Herriko Etxeetan "euskaraz ere" funtzionatzea posible da, hau da, herritarrei "euskaraz ere" zerbitzua emateko ez dago eragozpen legalik. Orain arte egindako apurrak ez du izan inongo traba juridikorik. Euskal Konfederazioak euskara sustatzeko planak indarrean daude herriko etxe askotan eta beraz bidea markatuta dago. Halan da ze, hautetsien esku dago euskararen sustapena herriko etxeetan. Gainera, "de fakto"-ko politika hau euskararen ofizialtasuna lortzeko lagungarria izan daiteke. Momentua ere egokia da, orain agintean dagoen hautetsien belaunaldia da eta Iparraldeko euskaldunena.


(IŅAKI ARREGI IHARTZA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) koordinatzailea da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1179128788