![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Zelai Nikolas / Hizkuntza / 2007-05-08 / 07:00
Tristura. Hori izan zen larunbatean Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) familientzat antolatzen dituen kontzertua entzun eta gero sentitu nuena. Tristura eta haserrea, beste behin ere.
Larunbatean, BOSek ekitaldi berezia zuen antolatuta familientzat. Hara joan ginen lau familia euskaldun, 18 lagun (lau nagusi eta 14 haur). Sarrerak aspaldi hartuta genituenez, oso jesarleku onak genituen eta hurbil-hurbiletik jarraitu ahal izan genuen emanaldia.
Emanaldian musika eta ipuina nahasten ziren. Musika polita izan zen (Chaikovski, Dvořák, Manuel de Falla eta Guridi), baina ipuina ez zegoen nondik harrapatzerik. Pena da, badakidalako horrelako ekitaldi batek atzetik dakarren lana, baina, zer esango dizuet bada, niri arrotza egin zitzaidan kontakizuna eta haserrea eragin zidan. Euskal Herriari buruzko irudi zaharkitua ematen zuen, pertsonai euskaldunak arlote hutsak eta hizkuntzen tratamenduan ere ez zuen bat ere asmatu.
Ipuina kontatzeko euskara eta gaztelania nahasten ziren, politikariek egiten ohi duten antzera, eta, nola ez, gaztelaniari nagusitasun osoa eman zitzaion.
Ipuina Euskal Herriko herrixka batean gertatzen zen. Pertsonai batzuk, beraz, euskaldunak izanik euskaraz egiten zuten, baina "errespetuaren" prebentzio guztiak hartuta: badaezpada entzuleren batek ulertu ez, segituan gaztelaniara itzultzen zitzaion euskaraz esandako hori.
Pertsonai hauen elkarrizketak kenduta, kontakizun guztia gaztelaniaz egin zen, eta orain bai, euskarara itzuli gabe. Bada, jakin ezazue, bertan zeuden haur txiki asko, gureak esaterako, ez zutela gaztelaniaz kontatutakoa piperrik ulertu, gaztelania jasoa erabiltzen baitzen. Eskerrak ipuina amaitzerakoan jatorriz euskaldunak ez ziren pertsonai batzuk "hain ulergaitza den hizkuntza zahar hori" ikastea lortzen duten. Hori bai, magiaz lortu ere, inolako ahaleginik eskatu gabe.
Senarrak eta biok bagenuen susmoa emanaldia gaztelaniaz izango zela, beraz, kritikagarria iruditzen zaidana ez da emanaldia gaztelaniaz izatea, baizik eta, beste behin ere, euskarari eta euskaldunoi eman ziguten tratamendua.
Ez dut uste egilearen aldetik inolako fede txarrik egon denik, baina bai, ordea, euskaldunon eta Euskal Herriaren inguruko ezjakintasun ikaragarria.
Hizkuntzen tratamendu duinaren inguruan gogoeta egin behar da, nire ustez, eta ondo aztertu behar da zentzurik ote duen emanaldi publikoen hartzaileak gehienbat euskaldunak direnean (haurrak alegia) zergatik eman behar ote zaion gaztelaniari nagusitasuna. Euskaldunon irudi modernoaren inguruan ere, bueltatxo batzuk, mesedez.
(ZELAI NIKOLAS EZKURDIA Eusko Jaurlaritzako langile eta Tiraka taldeko kidea da)
![]() | Inprimatu |