Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen Input-ak eta Output-ak

Bittor Hidalgo Eizagirre / Hizkuntza / 2007-05-03 / 07:00


Zer jaso hura eman. Besteak magia dira edo ez dira. Ia esklusiboki jasotzen dugu espainola eta frantsesa. Emari euskara nahi badugu, jasoa aldatu behar. EAEko Euskara legearen 25. urtemugan burutazio batzuk.



Ondo/gaizki, ondoen EAEn egin da. Okerren Iparraldean. Nafarroa Garaian hala-hola. Emariak zerikusi estua du ofizialtasunarekin. Ondoen gauden lekuan ere ordea ez gaude ondo. Franco hil eta 32 urtera, biztanleen % 53 da erdaldun huts. Ergo erdaltzale. Iparrean % 65; Nafarroa G.an % 80. Ezin hala euskaldunon eskubidea bermatu. Ordea hazi da euskaldun kopurua 800.000ra eta euskarak dignitatea irabazi du (EAEn bereziki). Alfabetatze maila, irakasleria, hedabide sarea... Sinestezina orain 30 urte.

Erabilera ez da proportzioan hazi. Normala. Ezin zaio gazte euskarara etorri berriari eskatu euskaldun helduak ez duenik (soilik % 50ean euskaraz; Iparrean % 25). Galdu dugu ere euskal komunitatearen dentsitate maila. Ez da euskaldun elebakarrik, eta gero eta gehiago gara erdaraz hobeki (eta maizago) moldatzen garenak. Hiztun gazte irabaziak ez ditugu euskaldun bihotzeko bihurtu, erabiltzaile. Ezta 600.000 ia-euskaldunak. Denera biztanleen erdia gara. Hegoan gainera euskañola dugu. Euskaldun on (eta gazte) gutxi mintzo da diskurtso zati osoak espainolez eman gabe. Iparrean frantsesez osorik.

Agian erabili zitezkeen hobexeago orain 30 urteko giza errekurtso eskasak edo xahutu diruak. Ikasi bide dugu horretan ere. Baina garenak gara, eta lan handia egin dugu beste 3/4ak euskarara ebanjelizatzen. Zaila da hiritarrei errekurtso gehiago eskatzea beretzat hila-edo den hizkuntza bat berreskuratu eta inposatuz.

Zer egin? Bihotzeko euskaldunon sarea trinkotu. Euskañol-frantses-espainolik gabe jardun gure artean eta ondo pasatu. Autosufiziente bihurtu euskaraz eta hala erakargarri ingurukoentzat. Nola? Asmazio guztiek sari.

Agergarria, pin-a, intsignia

Euskaldun bihotzekoon harrotasunaren agergarria sortu. Ikurra. Paparrean erakutsi konpromiso pertsonala euskararekin: Euskaldun naiz eta euskaraz nahi dut euskaraz dakien guztiarekin. Harrotasunez aldarrikatu euskalduntasun pertsonala.

Euskarazko inputa gehitu

Demokraziak euskara ofizialtzea zor du Iparrean eta Nafarroa G. osoan. EAEko legeko 5. art.-ak aitortzen du gutxieneko eskubidea (a eta b) harremana administrazioan eta irakaskuntza euskaraz izateko. Baina administrazioak erdaldun segitzen du eta itzultzaile eskubideak euskalduna kaltetu du, ez administrazioa. Eta irakaskuntzaren mugak ezagun ditugu. Beste hiru atal ditu: d) Lanbide-jarduerak, langintza... euskaraz egiteko eskubidea; eta e) Edozein bilkuratan euskaraz mintzatzekoa. Bakoitzak ikusiko zenbateraino betetzen zaizkion. Zenbat bilkuratan ausartzen den inor euskaraz besteak erdaraz ari badira, lantegian, nagusiarekin, medikuarekin, futbol taldean, zine-forumean.

c) atala garrantzitsua da: Aldizkariak eta irrati-telebistetako eta beste hedabideetako emanaldiak euskaraz jasotzeko eskubidea. Eta garatzen da: Herritar guztiei aitortzen zaie gizarte-hedabideen aldetik euskaraz zein gaztelaniaz informatuak izateko eskubidea. Horretarako, hedabideetan euskararen presentzia areagotzera bideratutako neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino (22. art.). Jaurlaritzak, ..., Autonomia Erkidegoko hedabideetan euskara lehentasunez erabil dadin bultzatuko du (23. art.). Espainiako Irrati-Telebistaren emanaldi-zentro[ ak ] hartzen ditu hizpide euskarak, ..., behar duen presentzia izan dezan (24. art.). Eta 25.ak espres jasotzen du Jaurlaritzaren betebeharra: bermatu, bultzatu, babestu, hedatu eta benetan erabiltzea ahalbidetu... irratian, egunkari eta aldizkarietan, zineman, antzerki eta ikuskizunetan, [ eta ] irudiaren eta soinuaren grabazioetan. Lege hobea ez. Bete! Ze dirurekin?

Erdarari kanona, kuota eta zor historikoa

Euskal gobernuak, espainol/frantses estatuek agerian aitortu behar dute erdal hedabideek jokatu rol inperialista hizkuntz ordezkatzailea. Eta legez derrigortu hizkuntza ofizial bien erabilera berdintzera. Gutxieneko kuota. Mila bider biderkatzera Zabalik/Aldaketa guztiak, erdaraz adina izan dezagun informazioa euskaraz (EITBn ere). Eta hala ere erdara zabaltzen segituko duten hedabide guziok derrigortu kanon bat ordaintzera erdal produktu/hitz/ minutu bakoitzeko euskal hedabide sarea sustatzeko. Amets? Ez. Jomuga.

Era berean aitortu behar lukete mendetako ahalegin planifikatua euskararen gainbeheran, erdal administrazioaren eta irakaskuntzaren zabaltze/inposatzearekin. Eta hasi zor historikoa ordaintzen euskararen aldeko diskriminazio positiboko neurriak bultzatuz Euskal Herrian (eta estatuetan ere), hauek diruz bermatuz. Justizia.

Bitartean, asmazio guztiek laguntza, txalo eta sari, euskal produktu/hedabideak zabaltzen. Kirol egunkari, telebista, Internet, kafe antzoki, bidaia agentzia, birus, euskal-zone, euskal kultur agenda, euskaldun berrien egun/gorazarreak eta gazte euskaldunenak (erdaldunen artean ditugun bi ziri nagusiak), Bilbo euskalduneko eguna, Donostia, Araba, Iruñea...

Inputa ingelesez dator

Informazioa ingelesez sortzen da munduan. Internetez jasotzen. Espainol/frantsesek itzultzen. Gu eta gure seme-alabak ingelesez trebatzen bagara zuzen bilduko dugu. Ingelesdunen laguntza behar dugu espainolaren/frantsesaren aurrean. Zenbat eta ingelesdunago, orduan eta euskaldunago. Urruneko ingelesdunen kolonia bihurtzeak liberatuko gaitu frantses-espainol kolonia izatetik. Eta era berean erabili frantsesa hegoan eta espainola iparrean. Mugaz besteko euskaldunak ezagutzeko, anaitzeko, eta beste espainol eta frantsesek baino informazio gehiago izateko. Hizkuntza txiki guztietako hiztunak bezalaxe, gure patua eleanitz (4) izatea da.

Mentalitatea aldatu. Ideologia

Orain nonahi da jende gaztea gu euskaraz ulertzeko adina. Egin bezate berea. Guk geurea. Eta ohitu egin beharko dugu elkarrizketa eleanitzetara, guk amore eman nahi ez badugu. Elkar errespetuaren bide bakar. Eta ulertzen ez badigute, eta ahal badugu, buelta erdia eta egunon! Gu ulertzen ikasi arte. Hori zabaldu behar du ideologia euskaltzaleak; herri desberdina, kultura propioa izatearen kontzientziak; 30 urte eta gero ezartzeke dugun curriculumak.

Espainiako konstituzioa aplikatu

Eta euskal herritar guztiari sinestarazi euskara ikasi beharra duela legez, eta erraz ahal duela ulertzeko adina. 3. art.-ak dio: 1. El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla. 2. Las demás lenguas españolas serán también oficiales en las respectivas Comunidades Autónomas...

Argi da zer den hizkuntza ofizial. Katalunian ere. Hizkuntzen ezagutza da elkarbizitza baketsurako baldintza demokratiko minimoa. Eta betetzen ez duenak, epe batean, galdu egin beharko ditu eskubide hiritarrak. Botoarena eta beste. Baltikoan lez. Amets? Helburu demokratiko.

Erdaldun elebakarrek ezin digute adarra jotzen segi, gu ulertzeko ahalegin txikiena gabe. Hori ez bada inposaketa inperialista...


(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia Saileko irakaslea da)


Bittor Hidalgok erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1178102029