Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hitanoa unibertsitatean

Hitanoa unibertsitatean

2007-03-07 / 07:00 / Ekaitz Santazilia (Euskal Filologia ikaslea)   HIZKUNTZA

Hitanoaren erabileraz luze mintzatzen da jendea: galtzen ari dela, oker erabiltzen dela, berreskuratu behar dela, sexista dela eta abar. Ez naiz horiek baloratzen hasiko, hitanoaren erabilera esparruari heldu nahi diot. Aspalditxo nire blogean (Euskofilia-n) aferaren berri eman nuen baina orain egun batzuk UPV-EHUko Euskal Filologia irakasle batek gaia gogorarazi zidan eta iritzi gehiago bildu nahi nituela ondorioztatu nuen. Ikus dezagun zertan den nire zalantza.

1996an Xabier Alberdik tesi bikaina burutu zuen hitanoaren erabileraz. Bertan tratamendu hori hainbat euskal herritan zein testuingurutan erabiltzen zen aztertu zuen. Lan hartarik ateratako artikulu batzuk Erabilin bertan irakur daitezke (1,2); horietarik hain zuzen jaso ditut tratamendua hautatzeko orduan eragina dute faktore batzuen (inolaz ere ez denen) azalpena, gero agertuko dudan zalantza eta proposamenarekin loturik daudenak.

a) Mailak edo estatusak eragina du tratamendua hautatzeko orduan. Ez hainbeste maila ekonomiko edo jatorriak. Gauzak horrela, estatus desberdinetako hiztunak bere solaskidearen araberako tratamendua hautatu behar du. Jakina, maila altuagoan dagoenak zuketan zein hiketan solasteko aukera du, besteak zuka egin behar du halabeharrez.

b) Adinak noski, eragina badu. Gazteak gutxitan eginen dio zaharragoari hika, biak estatus berean egon arren. Belaunaldien arteko aldea oraindik nabariagoa da, jakina.

c) Testuinguru formalek (kongresu batek, lantokiak etab.) hitanoa baliatzea oztopatzen dute. Ez formalek (Tabernek, festa giroak etab.) aldiz, bultzatu.

d) Elkarrizketan asimetriak aurkitzen dira gure hizkuntzan, gainontzeko hizkuntzetan hain ohikoak ez direnak. Honen adibide dugu esate baterako, aitak semeari hiketan egin diezaiokeela, baina alderantziz ez. Hala izanik, elkarrizketa berean bakoitzak tratamendu bat erabiliko luke.

e) Bi pertsonek darabilten tratamendua ez ohi da testuinguruaren arabera aldatzen. Behin ohitura hartuta tratamendu berbera erabiltzen da gehienetan.

f) Estatus soziokultural bereko pertsonekin egon arren, batekin tratamendu bat eta bestearekin bestea erabil daiteke. Esaterako, ez zaie lehengusu guztiei hiketan egin behar “lehengusu” direlako, batzuekin bai eta besteekin ez erabiltzea gerta daiteke.

g) Solaskideetako batek hiketan ez badaki edo ohiturarik ez badu, zuketan aritu ohi dira bi hiztunak, egoera hiketan mintzatzeko aproposa izanik ere.

h) Dena den d-n aipatutako asimetria horiek aldatze bidean daude eta hikak onartuko lituzkeen esparruak boterearen parametroa galtzen ari delako zabaltzen ari badira ere, simetria bilatze horretan erruz hedatzen ari dena zuka da.

Euskal Filologian ari naiz UPV-EHUn. Irakasle batzuk, ez denak, ikasleoi hika zuzentzen zaizkigu, bai eskoletan bai eskoletarik kanpo. Ikasleok nola erantzun beharko genukeen da neure buruari galdetzen diodana. Aurreko faktoreak ikusirik, erantzuna argi dagoela ematen du: a-ren arabera, estatusak eragina du tratamendua hautatzean eta argi dagoenez, irakasleak ikasleak baino maila altuagoa du. Gainera, adinak (b) badu zer esan ugari. Irakaslea gu baino helduagoa denez, guk harekin zuka erabili beharko genuke, baina ez soilik irakaslearekin, gu baino zaharragoak diren ikaskideekin ere bai (unibertsitatean eskola berean adin zeharo desberdinetako ikasleak biltzea ohikoa da). C-k azaltzen duen bezala, testuinguruak ere badu zer esanik, unibertsitatea bezalako testuinguru formal eta akademikoak hitanoaren erabilera oztopatuko luke. Esan dugu jada, elkarrizketan asimetriak (d) aurki ditzakegula, beraz arazorik ez legoke irakasleak hika egiteko eta ikasleak zuka erantzuteko, are gehiago, bi pertsonek elkarren artean baliatzen duten tratamendua ez ohi da aldatu, ohitura finkatuz gero bere horretan geratzen da, hortaz, irakasleak klasean ikasleari hika eta ikasleak zuka eginez gero, berdin jokatu beharko lukete bulegoan, fakultateko kafetegian eta beste. Horretaz gain, ez legoke arazorik irakasle batzuk ikasleekin hika eta beste batzuekin zuka mintzatzeko, f-k azaltzen duen bezala, estatus soziokultural bereko pertsonekin ez duelako hiztunak tratamendu bera zertan erabili.

Hau ikusirik duda izpirik ez dagoela ematen du, irakasleek ikasleei hika zein zuka egiteko aukera dute eta ikasleok zuka egin behar diegu beti, gainera honek horrela behar du, zeinahi dela testuinguru edo egoera.

Baina nik haratago joan nahi nuke. Alberdik aski ongi daki zenbait eremutan hitanoa atzera ari dela erruz. Horren arrazoia honakoa izan daiteke: nolabait testuinguru akademikoak hitanoaren erabilera ez duela bultzatzen esan dugu, baina kontuan har dezagun gero eta euskaldun gehiago eskolan euskaldundu direla (edo garela), beraz hitanoaren ezagutza erabat mugatzen zaie. Oroit, g-k agertzen duen bezala, solaskide batek hitanoa erabiltzen ez duenean (ez dakielako edo ohiturarik ez duelako) zutanora jotzen dela, nahiz eta gainontzeko faktoreek hitanoa baliatzea ahalbidetu. Horrela jarraituz gero bada, hitanoa galduta dagoke, ez dakitenek ez dutelako baliatuko, eta dakitenek ez dakitenekin ere ez dutelako erabiliko, bere erabilera esparrua murriztuz.

G puntuan esaten denez halere, boterearen parametroa galtzen ari da, estatusaren bereizketa hori gero eta nabarragoa da eta elkarrizketetan tratamenduak batzeko joera agertzen hasi da, hots, edo bi solaskideak hika edo biak zuka, simetriaranzko joera alegia.

Beraz, nire proposamena orain arteko erabilera esparru hori hedatzea da. Hitanoa gero eta gutxiago erabiltzen bada, eman diezaiogun gehiagotan agertzeko aukera. Aukera desberdinak bururatzen zaizkit egia esan. Simetriara hurbiltzen ari bagara, bi solaskideen arteko solasa zuketan izan dadin aukera asko dago. Bietariko batek hitanoa menperatzen ez badu, arrunta iruditzen zait zutanora jotzea, baina biek hitanoa ezagutuz gero, zergatik ez baliatu? Zeinahik esango dit ikasle-irakasleen arteko elkarrizketan bi mintzakideak ez daudela estatus berean: ados, baina gure fakultatean bederen, ikasle eta irakasleen arteko harremana ez da urruna, finean denok ezagutzen dugu elkar eta askotan eskolaz kanpo ere topo egiten dugu. Gauzak horrela, nik irakasle eta ikasleen artean eskoletan (testuinguru formalean) zutanoa eta eskoletarik kanpo hitanoa erabiltzearen alde eginen nuke, beti ere irakaslearen esku utziz hautu hau, esan nahi baita, irakasleak ez badu onartzen ikasleak kafetegian hika egin diezaion, iritzi hura errespetatuz.

Modu horretan nire ustez, elkarrizketan erabiliko diren tratamenduak hautatzeko eskumena estatus altuagokoari (irakasleari) onartuko litzaioke, ikasleak errespetua adieraziz nolabait, baina berak ikasleei eskolatik kanpo hitanoa erabiltzeko aukera emanez gero, tratamendu honen erabilera sendotuko litzateke. Kontuan har unibertsitatera ailegatu arte batzuk ez dugula hika mintzatzeko eta berori ongi ikasteko aukera izan, horren beharrean gaude beraz, bestela, Euskal Filologian lizentziatzen direnetarik ere mordo batek ez du hitanoa ezagutuko.


Aipu bibliografikoak:

(1) Alberdi, X. 2003. "Hika tratamenduaren balore sozio-afektiboak". On line, http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1057320285 (Kontsulta: 2007-3-1). Artikulu hau FLV 64, 1993, 425-442. orr.-en ere aurki daiteke.

(2) Alberdi, X. 2003. "Hitanoa non eta nork erabiltzen duen". On line, http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1055937391 (Kontsulta: 2007-3-1). Artikulu hau Euskara 39, 1994-3, 983-993. orr. -en ere aurki daiteke.


(EKAITZ SANTAZILIA Euskal Filologia ikaslea da)


Inprimatu


Erantzun

 
Elkarrekin
2007-03-07 / 08:44 / Pello Salaburu

Nik ez diat, Ekaitz, hire zalantza argituko, nahiz eta egiten duan proposamena aski bidezkoa ikusten dudan. Hirea irakurri diat, eta ohar hau idaztea erabaki diat, ororen gainetik, gustua ere ematen baitu gauza bat hain txukun, argi eta errespetuz idatzia ikustea. Horregatik zorionak. Eta noizbait elkarrekin egoten bagara, ez izan inolako zalantzarik: hire hitanoa lasai asko erabil dezakek nirekin. Nik ere halaxe eginen diat eta, hirekin.


(PELLO SALABURU hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

 
Informala dena formal bihurtu nahaia
2007-03-07 / 14:52 / Roberto Manjón

Hitanoaren erabilerarekin, beste gai askorekin bezala, Mediterraneoa deskubritzen ibiltzen dira euskal hizkuntzalari batzuk (linguistak?) eta euskaltzale ugari. Nire ustez, hitanoaren gaiari ematen zaion tratamenduan aurki dezakegu mundu horretako zentzugabekeriarik handienetako bat, haren gabezien erakusgarri edo lagin argi bat. Horregatik, zoritxarrez, ez nau harritzen Euskaltzaindiak arauak ematen eta beste batzuk tesiak egiten ibiltzeak.

Izan ere, hitanoa bezalako formak normalak dira hizkuntza askoren behe-mailako erregistroetan, familian, lagunartean, eskuarki, gizarte maila apalean. Espanieraz ere ohikoak izan dira, eta literaturan sarritan jo da horietara jatorri baxuko herritarren hizkera islatzeko.

Ematen du, bestalde, espainieraren inguruko linguistikak ez diola toki handirik eman gai horri, baina berton toki handiegia eta desegokia eman izan zaio. Gaineratu behar da espainiera estandarra, bernakuluaren kaltetan, zenbat eta gehiago hedatu den, orduan eta mugatuagoa eta arraroagoa bihurtu dela adizki etikoen erabilera. Ziur aski, gauza bera gertatuko da euskerarekin: zenbat eta "euskara" gehiago, edo "euskera" gutxiago, orduan eta hitano gutxiago.

Azken finean, hitanoa gertuko harremanen erregistro informaleko osagai gramatikaletatik bat da, informala denez, berez osagabea eta aldakorra. Horregatik, hitanoak berezkoa du paradigma partzialak eta herri batetik beste batera diferenteak, adierazkortasunak agintzen duenez gero.

Nola da posible berez informala den zerbait estandarizatzea, alegia, formal bihurtzea? Aditz paradigmak osatu behar direla eta berdindu behar direla? Bestela galduko direla? Zirkuluak karratuak ez diren bezala, hizkera informalaren ezaugarriak ez dira formalarenak. Euskara batuaren hitanoa zirkulu karratua da. Simil bat jarriko dut. Pertsona batzuk heriotzaren oso beldur dira, eta horregatik ezin dute bizitza jasan. Heriotzaren beldurrez, bere buruaz beste egite dute. Hitanoarekin berdin. Euskara batuak hitanoa hiltzen du iraun dezan, berdina eta osoa izan dadin, labur esanda, hitanoa izan ez dadin.

Euskaldun batentzat euskara batuaren hitanoa formala da, ez da bere intimitatekoa. Jakina, gero eta gehiago dira euskara batua bernakulutzat duten euskaldunak, hala ere, estatistikek dioten baino askoz gutxiago. Baina "euskaldun" horiek, noizbait euskaldun osoak izatera heltzen badira, bere gertuko komunitatean sortutako erregistro informalaren ezaugarriak jasoko dituzte, ez Euskaltzaindiaren eredura idatzitako liburuetatik. Haiek esango dute (lukete) nolakoa den.

García Lorcak ezin izango zuen "El Romancero gitano" idatzi bere pertsonaien ahoan adierazkortasunez betetako forma etikoak jartzeko aukera izan ez balu, jakina, guztiz informalak. Gaur egun, euskal idazleek oso literatura txarra sortuko dute, bere pertsonaiek euskara batuaren hitanoa erabiltzen badute, pertsonaiok ezin izango baitira munduko inorekin identifikatu; eta ez da aitzakia literatura fikzioa dela argudiatzea, non eta literatura fantastikoa ez den. Tamalez, euskal idazle batzuek beti nahastu dute literatura euskara irakasteko testu-liburuekin, eta euskal arau-emaileek, euskal herritarren premiak eta eskubideak inoren bizitza gobernatzeko duten gogo asegaitzarekin.


(ROBERTO MANJÓN LOYOZA, Osakidetzako euskara-teknikaria da.)

 
Asimetriaz
2007-03-07 / 19:30 / Txipi Ormaetxea

Ekaitz, hireari ekingo zioat, ez Robertorenari. Hasteko, hire blogean 2006ko azaroan agertu huena ezagutzen nian, eta zinez txalotzen diat hire ekimena.

Gai honetan kontu askotxo zagok, baina bakarraz arituko nauk, h) puntuaz, alegia (asimetria). Iaz gertatutako kontutxo bi:

  • 1) Euskal Herrian oso ezaguna den idazle-euskaltzale-euskalari... batek berari hika egitea eskatu ziguan bazkari batean. Pertsona hori ni baino belaun bat zaharragoa duk (25 urte, juxtu-juxtu), eta hasieran zertxobait kostatu bazitzaidan ere, orain, urtebeteren ondoren, hika egiten diat berarekin ahoz zein idatziz. Ohitura kontua, beraz.
  • 2) Duela hilabete batzuk ni baino 20 bat urte zaharragoa den apaiz jator batek ere hika egitea eskatu zidaan. Hasieran gogor samarra gertatu arren, orain berarekin elkartuz gero, ez nikek arazo handirik hika jarduteko.

Ikasleekin dudan harremana alderantziz duk, ni nauk belaunaldi bat pasa zaharragoa. Hor kasuistika zabala duk. Nik batzuekin hika egiten diat, problemarik gabe. Baina aurreiritziek ere indarra ditek: emakumezko (ikasle)ekin nekezago ateratzen zaidak, eta inoiz gertatu zaidak honakorik ere: nik ikasleari ekin eta ekin hika, ustez eta haren herrian hika egiten dela, ohartu arte arrotza zaiola hitanoa.

Eta holako hamaika kontu. Baina besteek ere esan dezatela zerbait.


(jOSE LUIS "TXIPI" ORMAETXEA LASAGA hizkuntzalaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

 
Hitanoan ere batasun linguistikoa behar dugu
2007-03-08 / 10:23 / Ekaitz Santazilia

Aupa!

Lehenik eta behin, mila esker hirurei artikulua irakurtzeaz gain, erantzutera ausartzeagatik.

Nahiz eta ez zaion estuki artikuluan gaiari lotzen, Roberto Manjóni erantzun nahi nioke, ez bainator bat bere iritziarekin, nahiz eta ulertzen dudan:

Zuk diozu:

"zoritxarrez, ez nau harritzen Euskaltzaindiak arauak ematen eta beste batzuk tesiak egiten ibiltzeak".

Niri, ez harritzeaz gain, eskertzekoa dela iruditzen zait. Zeinahi tesi eskertzekoa dela uste dut. Arautu beharrekoa dela ere uste dut, euskara batua ikasi dugunok, eremu erdaldun batean sortu garenok ere badugu hika mintzatzeko eskubidea, baina zein hautatu behar dugu? Abiapunturen bat bederen behar dugu.Kontuan har, oso gutxi direla euskara batuaz mintzatzen direnak eta hika mintzatzen dakitenak, nie inguruan gutxienez. Bai hitanoa ikateko bai euskara bera ikasteko paradigma estandar batzuk egoteak bidea errazten du ezta?

"hitanoa bezalako formak normalak dira hizkuntza askoren behe-mailako erregistroetan, familian, lagunartean, eskuarki, gizarte maila apalean. Espanieraz ere ohikoak izan dira, eta literaturan sarritan jo da horietara jatorri baxuko herritarren hizkera islatzeko."

Ez dut uste espainieraren erregistroak eta euskararenak konpara daitezkeenik, testuinguru desberdinetan erabiltzen direlako. Gainera, hitanoak bederen ez du inolako loturarik goi edo behe mailako izatearekin, estamentu guztietako euskaldunek erabili izan baitute.

"hitanoak berezkoa du paradigma partzialak eta herri batetik beste batera diferenteak, adierazkortasunak agintzen duenez gero."

Ematen du euskara batuari berari, nik bezala beste askok egiten dugunari adierazkor izateko aukera kentzen diozula, hura arautua eta (nahiko) homogeneoa delako. Gainera, hitanoa berezkoa duten tokietan, dudarik gabe, beren hitanoa egin behar dute, gogoan har hitano (edota euskara) batuak ez duela euskalkiaren lekua betetzeko asmorik.

Iruditzen zait ez duzula onartzen batasun linguistiko bat behar dugula baita hitanoan ere, eta noski, hizkuntza batu horin ez da inoiz herri zehatz bateko hizkerarekin bat etorriko. Baina pentsa ezazu, Atxagaren liburu batean (batuan idatzia dagoena, jakina) hika agertzean Altzürüküko hitanoa erabiliko balu, nonbait euskara batukoa arautua ez dagoelako. Ez luke zentzurik, ez?

Ea zer deritzozuen, mila esker hau dena irakurtzera benturatu zaretenei.

 
Normalizaziorako alderdi linguistikoa bigarren mailakoa da
2007-03-09 / 11:11 / ROBERTO MANJÓN LOZOYA

Nire erantzunetik ez da berez ondorioztatzen estandarizazioaren kontra nabilenik. Hala ere, gaineratu nahi dut, ikuspegi soziologiko batetik, nire ustez, garrantzitsuenetik, euskara batua txapuza bat dela. Hizkuntza baten normalizazioan alderdi linguistikoa bigarren mailakoa da, eta akats larria da oinarrizko erabakiak filologoen eskuetan uztea, egin den bezala Baina, tira, eredu desegokia iruditzen bazait ere, hor dago, eta funtzio jakinak eduki ditzake; arazoa batuaren erabilera-esparrua zein den mugatzea da.

Euskara batua hizkuntzaren barietate bat da. Bakarra denean, argi dago hizkuntzak gabezia oso handiak dauzkala. Hizkuntza hori, ziur aski, gizartean oso desegituratuta egongo da, funtzionalki oso murriztuta, eta oso berba-errepertorio txiroa izango du. Hizkuntzak barietate eta erregistro desberdinak behar ditu, batzuk, informalak, eta hori da hitanoaren tokia. Gainera, historian, esanak esan, behe-mailako barietate bateko errepertorioa izan da, salbuespen gutxirekin, euskara horixe izan baita.

Jakina, gaztelaniaren eta euskeraren erregistroen artean formazko desberdintasunak daude, baita ikuspegi-aldaketak ere, baina darabilgun gaiari bagagozkio, funtsean, ez dago desberdintasun nabarmenik, kontua gizartearen erabilera-maila baita. Hitanoa, espainieran bezala, herri-mailako hizkeran kokatuta dago eta maila hori dagokio. Egia esan, euskerak bere tradizioan ia ez du bestelako mailarik ezagutu, saio bakan batzuk gorabehera, eta nahiz eta kultura edo gizarte maila jasoko pertsona batzuek erabili. Esan gabe doa testu "jaso" horiek ez direla oso egokiak hitanoa agertzeko.

Ziur aski zuk ikasgelan eta Unibertsitateko irakasleen artean berdintsu hitz egiten duzu, normala denez. Agian, familian eta lagunartean ere bai. Barietate bakarra duzu. Hor dago koska. Euskararen kasuan, hizkuntzaren gabeziagatik gertatzen da hori; beste hizkuntza batzuetan ere gertatzen da, baina goi-mailako gizarte-sektoreen errepertorioaren homogeneitateagatik. Deskribatuta dago goi-mailako gizarte-mailako barietateak direla uniformeenak. Ziur aski, zure inguruan, euskarak ez du inoiz oso errepertorio aberatsik garatuko. Baina, berriro diotsut, hitanoa ez da maila horretako errepertoriokoa, eta ez du zentzurik erregistro informalak formalizatzeak. Ahalegindu zaitezke irakasleen artean hizkera informaleko adierazkortasunezko formak imitatzen, baina sasi-hitano bat sortuko duzu, simulakro bat. Beharbada, zu zeu konturatuta egongo zara formalitate-maila ez dela nabarmenki aldatzen irakasle bati batuaren hitanoz hitz egiten diozunean.

Hain zuzen ere, ETB1eko saio berri batzuen arrakasta berkalulua erabiltzean datza, albiste-emankizunen eta mahai-inguruen hizkerarekin kontrastean. Euskaraz hitz egin nahi duten euskaldun berriek edo bernakulua galdu duten euskaldun estandarizatuek beste bide batzuk bilatu beharko dituzte gertuko hizkera, adierazkorra, bizia, aldakorra sortzeko, inoiz euskara batuak maila horren premia badu. Nolanahi ere, corpusaren plangintzak ezin du arrakastarik eduki aurretik hizkuntzak funtzioak eskuratu ez baditu. Gainera, corpusaren plangintzak zenbait esparrutan ez du zentzurik, adibidez, gazte-hizkeraren eremuan.

Esan gabe doa niretzat herri-hizkera eta gizarte-maila baxua ez direla berez negatiboak, ez eta hizkera jasoa eta gizarte-maila altua berez positiboak ere.

Hortaz, ez dut uste batasuna hizkuntzaren maila guztietan behar denik eta, aitzitik, uste dut hizkuntza "normal" batek maila desberdinak behar dituela. Hizkuntzaren maila batzuk eta estandarra berez dira desberdinak, eta ona da horrela izatea. Edozein hizkuntzatan ikusten dira mailen arteko desberdintasun horiek. Bestalde, hizkuntzen bilakaera trikitixaren antzekoa da: batetik, kulturaren beste arlo batzuetan bezala, gero eta homogeneotasun handiagoa dago, eta estandarra hizkera bernakuluen tokia hartuz doa, sarritan beste hizkuntza baten estandarra; beste alde batetik, desberdintasunak sortzen dira atergabe, inguru metropolitanoetan bereizketa eta bernakulu berriak sortzen dira, agian, estandar baten desestandarizaziotik. Hori berori euskaran geratuko balitz, ezin esan nolakoa izan litekeen, ez baitago aurretik programatzerik: corpus-plangintzak, arrakasta izateko, aurretik funtzio egokiak eduki behar ditu hizkuntzak. Geroxeago berriro itzuliko naiz horretara.

Horrela, akademia batek ezin du bernakulu bat sortu, gazteen hizkera sortzerik ez dagoen bezala. Hizkuntz mailak daude eta ez du zentzurik guztiekin bat egin nahi izateak; gainera, esan dudan bezala, espazio pribatuak inbaditu nahi izatea iruditzen zait. Alferrik, nolanahi ere. Nire irudiko, batuaren hitanoa, Axularren Gero euskara batuan bezala, alferrik dago.

Zilegi bekit gai honi hertsiki lotuta daukadan kezka bati buruz zenbait aipamen egitea. Hautapen linguistiko eta soziolinguistikoen inguruko arazo ideologikoek, zentzu zabalean hartuta, kezkatzen naute, alegia, zein diren joera eta jarrera batzuk sortzen dituzten baloreak, balorazioak, mundu-ikuskerak, gizarte-proiektuak. Horregatik, kezkatzeko modukoa iruditzen zait hizkerak arautzeko gogoa espazio guztietara eraman nahi izatea, mundu guztia eta ahalik eta egoera gehienetan eredu jakin batzuetara mugatu nahi izatea, homogenizazio-zalentasuna. Adibidez, neuk artikulu bat idazten dudanean, sistematiko “euskeraa” erabiltzen badut, eta argitaratzaileak nire aukera zanpatuz “euskaraa” jartzen badu, nire askatasuna murrizten ari da. Hori eguneroko gertakaria da. Zein izan da historian euskera sustatzeko mugimendu gehienen euskarri ideologikoa? Zein izan da akademien berezko euskarri sozio-politikoa, Frantziako aitzindaritzatik hasita? Nazio-estatu bat eraikitzeko asmoak zein neurritan ematen die sostengua batuaren sorrerari eta batuaren neurririk gabeko hedapenari edo Euskaltzaindiaren? Zer toki dute euskararen ideologiek globalizazioaren eta nazio-estatuei eusteko edo nazio-estatu berriak sortzeko tentsioen artean?

Bakoitzak bere aukera egiten du, eta neuk arestian agertu ditudan polo bi horien kontra. Baina aukera hori erabaki eta jarrera bakoitzaren bidez egiten dugu, nabarmena izan gabe. Hizkuntzaren inguruko erabakiak eta jarrerak, kulturaren eremukoak direnez, horretarako egokienetarikoak dira.

Enpin, honekin amaitzen da gai honen inguruko nire jarduna, balizko erantzunengatik ere. Itxaroten dut gutxienez denontzat probetxukoa izatea, onuragarri baita ikuspegi desberdinekin elkarrizketak izatea. Kontrakoa, endogamia kulturala, politikoa edo ideologikoa, bakean eta gustura bizitzeko balio badu ere, espezieak desagertzera darama.

Zoritxarrez. ez dut ulertu Atxagaren inguru gogoeta, eta beste baterako utziko dut. Nolanahi ere, ez da arazo zentral bat, literaturaren inguruko gaiak beti interesgarriak izan arren.

Ondo izan.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com