Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko politika finantzatzeari buruz

Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko politika finantzatzeari buruz

2007-02-20 / 07:00 / Jean-Baptiste Battittu Coyos   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskararen Erakunde Publikoko administrazio kontseiluak, 2006ko abenduaren 21eko bileran, euskararen aldeko hizkuntz politikaren proiektuaren aurrekontua zehaztu zuen.

Orain urte batzuk sortutako erakunde publiko honen urteko aurrekontua 1.760.000 euro izatetik 2.066.000 euro izatera pasatu da. Kide garrantzitsuenak Frantziako Estatua, Akitaniako Lurralde Kontseilua eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia dira, eta horien parte hartzea % 20 handitu da; horietako bakoitzak 620.000 euro emango ditu.

Estatuak, bere aurrekontuen egoera orokorra kontuan hartuta, ahalegin handia egin duela azpimarratu da. Eginahal horren adierazle, 300 euskara irakasleak nabarmendu dira, 15 milioi euroko aurrekontua izango baitu. Hala eta guztiz ere, hori azaltzeko era engainagarria da, frantsesa irakasteaz arituko bagina aurrekontua berdina izango bailitzateke, gutxi gorabehera.

Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politikako sailburuordeak ere, 2007ko urtarrilaren 3an, aurtengo aurrekontua aurkeztu zuen: 51.183.530 euro, iazkoa baino % 13,31 handiagoa (ikus www.euskadi.net). Mutatis mutandis, kontuan hartuta Euskadin 2.094.900 pertsona bizi direla eta Ipar Euskal Herrian, berriz, 262.300, bi aurrekontuak alderatuz gero, esan dezakegu Euskal Autonomia Erkidegokoa hiru bider handiagoa dela.

Are gehiago. Eusko Jaurlaritzak aurrekontuaren zati bat Ipar Euskal Herrian proiektuak finantzatzeko erabiliko du. Alde horretatik, azpimarratzekoa da hain denbora gutxian Frantziako botere publikoaren jarrera horrenbeste aldatu izana. Nahikoa da gogoratzea zer zioen Pirinio Atlantikoen prefetak, 2000 urtean, Eusko Jaurlaritzak elkarteei ematen zizkien diru laguntzei buruz: Ğdiru bidezko kolonizazioağ omen zen. Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2003an sinatu zuten lehen hitzarmena, eta orain, berriz ere, elkarrekin lan egingo dute (ikus www.erabili.com). Horrela, norabidea erabat aldatuz, Hegoaldearen diru laguntzak eta proiektuetarako deialdiak batera finantzatuko dituzte.

Hala eta guztiz ere, badira Ipar Euskal Herrian euskarari diru laguntzak emateko beste bide batzuk. Hirugarren bat ere badugu finantzaketa lanetan: herritarra -euskaltzalea, behinik behin-. Adibidez, ikastoletara -murgiltze eredua erabiltzen duten eskola pribatu horietara- doazen umeen gurasoek 650.000 euro ordaintzen dituzte urtero; hau da, Estatuak Euskararen Erakunde Publikoari baino zertxobait gehiago. Ipar Euskal Herrian etengabeak izango dira euskararen aldeko ekintzak: ikastolek Herri Urrats antolatuko dute; AEK-k, Korrika; irrati euskaldunei diru laguntzak emango zaizkie; kontzertuak egingo dira...

Beraz, Ipar Euskal Herrian euskarari bizirik eusteko hiru finantziazio iturri ditugula esan dezakegu. Argi dago Frantziako botere publikoak hizkuntz politika bere gain hartu duela, baina ez ehuneko ehunean. Ipar Euskal Herriko gizartearen eta euskaltzaleen konpromisoa inoiz baino beharrezkoagoa da, baita finantza arloan ere.

Argibide gehiago: Euskararen Erakunde Publikoa


(JEAN-BAPTISTE BATTITTU COYOS hizkuntzalaria da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com