Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Toponimia ikerketak: zergatik, zertarako

Toponimia ikerketak: zergatik, zertarako

2006-12-22 / 07:00 / Patxi Galé   BESTELAKOAK

Artikulu honen helburu nagusia, udalek beren toponimia zergatik eta zertarako aztertu, ikertu eta jagon behar duten aditzera ematea da.

Azken aldi honetan toponimia ikerketak nolabaiteko boladan daude gure artean. Udal asko herriko mapak, kaletegiak, monografiak eta era honetako produktuak argitaratzen ari dira. Horiek gauzatu ahal izateko, aurretik herriko ondare toponimikoaren ikerketa bat egin behar da, azalekoago edo sakonagoa izan daitekeena. Egin beharreko lehenbiziko galdera da, ea udal batek zergatik egin behar duen honelako ahalegin bat, zergatik gastatu behar duen diru bat era honetako produktu batean. Galdera honen erantzunik errazena, ia dudarik gabe, kultur-ondarearen babesa aipatzea litzateke. Hau da, gure herrietako toponimoak, gure kultur-ondarearen parte dira eta babestu behar ditugu. Eta ez dago gaizki, baina era berean, ez dugu ahaztu behar, duela gutxira arte, betiko lekuei izen berriak jartzea, modernitatearen seinale zela. Hala ere, gaur egun tradizioei kendu diegu lehen zeukaten atzerakuntza-ñabardura hura eta, oro har, zaindu beharreko balio bat direla onartzen da. Udalerri baten eskumeneko lekuen izenen babesaren ardura, beraz, udalari berari dagokio hurbilenik. Baina arrazoi beragatik esan daiteke, ondare horren galeraren erantzukizuna ere, neurri handi batean, gertatzekotan, berarena litzatekeela. Udalek ezarritako seinaleztapenek, adibidez, berehala egiten dute bidea jende artean. Ordezkaturiko toponimo bat edo gaizki idatziriko izen bat, hasierako eztabaidak edo protestak gutxi gorabehera, aurki "betikotzat" hartuko dute herritarrek. Hor ikusten da argienik erakundeen erantzukizuna leku-izenen kudeaketan.

Eskuartean dugun ondare horren izaera bereziagatik, babes hori gauzatzeko oso neurri edo jardun diferenteak jar daitezke martxan. "Toponimia zaintzea" udalerriko lekuen izen egokiak erabiltzea eta erabilaraztea baino ez da. Eta toponimia zuzena erabilarazteko udalek eskueran dituzten zenbait bitarteko eraginkor balia ditzakete: toponimia ikertzeaz gainera, herritarrei helarazi behar zaie ikerketaren emaitza, izen horiek herritarren eguneroko bizitza arruntean eta udalaren jarduera ohikoan erabilia izan dadin. Ikerketa baten helburua ez da, honenbestez, herriko leku-izenen bilduma "izoztu" eta zurrun bat plazaratzea -gero apalategi batean egongo den liburu ederra, adibidez-, izen horiek gaurko bizimoduetara egokitu eta eguneratzea baizik, behar delarik, izen zaharrei erabilgarri bihurtuko dituen balio berriak erantsiz eta atxikiz. Azken kasu honen adibide egokiak izan daitezke industrialdeak, polígono 27 izena hartu beharrean, desagertutako baserri edo dorretxe baten izena hartzen duenean. Hortaz, ikerketaren emaitzak Udalarentzat tresna erabilgarri gertatzen dira Hiri Ordenazio Plangintza Orokorretan, kale izenetan, herriko bide eta parajeen seinaleztapenean eta era honetako erabilera eguneratuetan.

Erraz susma daitekeenez, bide, kale, auzune, baserri eta halakoen seinaleztapena izaten da hiritarrarengana toponimia helarazteko erarik artez eta arruntena. Baina kontuz! Seinaleztapenak eraginkortasun berbera dauka egokia ez den izen bat gizarteratzeko -gizartean sustraiak luza ditzan-, eta ikerketa serio baten emaitza den proposamen arauzko bat normal bihurtzeko. Dudarik ez dago, azken bide hau dela kultur ondarea "babesteko" era zuzen eta egokia.

Toponimia ikerketak: nola

Toponimia ikerketa bat burutzeko lehen urratsa, beka baterako deialdia plazaratzea izan ohi da. Hala ere, ez dira ahaztu behar zenbait aurrelan: lana egiteko plan orokorra proposatu, eskuratu nahi den produktuaren nondik-norakoak aurreikusi, udaletxeak beharrezko diru kopurua lortu eta helburu hori eman, balizko bekadunak lokalizatu, deialdia publiko egin, beka esleitzeko epaimahaia eta zuzendaritza kultur erakunde batekin itundu...

Ikerketa hauek apur bat deskribatu aurretik, argitu nahi nuke gure artean "fama ona" duten metodologiak, duela ia-ia mende batekoak direla. Gauza zahar guztiak ez dira txarrak, noski, eta ez gara gu orain metodologia etnografiko tradizionalen kritika sinpleetan arituko. Baina jakin beharra dago, 1920. urteen hamarkadan Aranzadik eta Barandiaranek abian jarritako uhinean ari garela oraindik lanean hemen. Gizartea franko aldatu da eta aldatzen ari da. Ondorioz, metodologia horretan zer den baliagarri eta zer dagoen zaharkiturik bereiztu behar dugu.

Nolanahi ere, ohiko ikerketa batek honako urrats nagusi hauek izaten ditu, neurri batean edo bestean, ikerketa prozesuaren oinarriak izango direnak: (1) Datu dokumentalen jasoera, (2) ahozko informazioaren bilketa, (3) toponimoen arautze grafikoa eta (4) izenen normalizazioa.

  • 1.- Fondo dokumental, kartografiko eta bibliografikoen inbentarioa eta ondoko erauzketa.

    Dokumentazioan, mapetan eta abarretan idatzirik aurkitzen ditugun leku-izenak, denboraren arabera ordenaturik, beren historia idatziaren berri ematen digute. Ez dira inpresioak edo memoria-ariketak, datuak baizik. Hala ere, iturri dokumental guztiek ez dute fidagarritasun maila bera eta jasotako lekukotzak garai bakoitzeko baldintzetara egokituta daude, eskribauen irizpideetara, administrazio hizkuntzaren ortografiara...

  • 2.- Ahozko informatzaileen bilaketa, identifikazioa eta informazioaren bilketa.

    Helburua gaurko erabilera mintzatuaren berri jasotzea da. Izaera desberdineko arrazoi askorengatik aurreko fasean lortu ditugun era dokumentalak eta ahoz jasotzen ditugunak, ez dira izaten nahi bezain "antzekoak". Informatzaileak bilatzeko irizpideak kualitatiboak izaten dira, errepresentatiboak baino gehiago, hau da, informatzaile egokia ez da herriko batez besteko "tipo" kulturala, kultura zaharrean edo jatorrean jantzia dagoena baizik. Horregatik jasotako datuek ez dute balio errepresentatiborik zentzu soziologikoan, ez dira izen erabilienak. Nola edo hala, aurreirizten dugu "jatorrena" bilatu behar dugula, ez erabiliena. Eta hori ia inkontzienteki, zalantzan jarri barik, egiten dugun hautu metodologikoa da bere horretan.

  • 3.- Toponimoen arautze fasea eta normalizaziorako proposamenak.

    Ikerketa sustatzen duen erakundeak, ikerbideak kontrolatu eta emaitzak zuzenduko dituen erakunde akademikoa aukeratu ohi du, lanaren berme gisara. Erakunde akademikoak, ustez (behintzak hala egin ohi du Euskaltzaindiak), irizpide batzuk ditu toponimoen idazkera arauzkoa zein den erabakitzeko. Gaztelania edo frantsesa bezalako hizkuntza normalizatu batean, hiztunek oro har ezagutu eta erabiltzen dute sistema ortografikoa apenas desbideratzerik gabe. Euskara, tamalez, ez dago egoera honetan. Horregatik oso ohikoa da erakunde, ikertzaile edo zale bakoitzak bere gustoko idazkerak proposatzea, hobestea edo jo-ta-su defenditzea. Sakabanatze hori hizkuntzaren egoera ez-normalaren ondorio da alde batetik, baina egoera horretan jarraitzeko lagungarri aktibo ere bihurtzen da.

  • 4.- Arauzko toponimia horren gizarteratzea eta normalizazioa.

    Laugarren fase hau ikertzaileen eskuetatik kanpo gelditu ohi da. Jasotako informazio guztia ordenatu, mapetan kokatu, oharrak erredaktatu, arauzko proposamenak egin eta material hori guztia entregatutakoan, lana "amaitutzat" eman ohi da. Ondoko fasea da, ordea, garrantzitsuena, prozesu osoaren helburu delako. Emaitza eta proposamen horiek gizarteratu behar dira eta gizarteak bere egin arte, ez da gure zeregina burutuko. Nolabait ere, proposamen hauek herritarrengandik jasotako emaitza elaboratua dira. Horregatik batzuetan "deboluzio" bat bezala uler daitezke.

Ikerketarako jarraibide batzuk

Lehen aipatu dugu erabili ohi den metodologia apur bat zaharkiturik dagoela. Egia da baliabide tekniko asko ari direla gaur egun erabiltzen eginbeharreko desberdinak errazteko: datu baseak, argazki digitalak, GPSak, grabagailuak...

Hala ere, lan prozeduraren egitura orokorrean, Euskal Etnografia Eskolaren topiko batzuk antzeman daitezke, lan zientifikoaren eta jakintzaren kontzeptuen gaineko ulerkera tradizionala izkutatzen dutenak. Hau oso argi ikusten dugu lanaren emaitzak (guk "normalizazio proposamen" deitu ditugunak) ezartzeko jarraitzen den bidean. Lehenik, legezko eskumena duen erakunde batek sustatzen du ikerketa; ondoren horretarako prestakuntza demostratu duen ikertzaile batek burutzen du lana eta, azkenik, konpetentzia akademikoa onartzen zaion erakunde batek ematen dio arauzko eren gaineko onirizpena. Toponimoak "benetan" normalizatzeko prest daudela adierazteko, akademiaren oniritzia edota dagokion erakundearen ofizialtasun ziurtagiria behar dute. Gure ustez, bestela ulertzen hasi behar dira gauzak. Amaitu dira arauzko izenen zerrendak eta izen ofizialen dekretuen garaiak. Prozedura hauen atzean, kulturaren eta jakintzaren eredu "bertikala" dago eta, gure helburua herriko toponimia gizarteratzea den aldetik, egokiagoa litzateke eredu horizontalago bat, herritarrak aintzat hartzen dituena eta, finean, demokratikoagoa litzatekeena.

  • Ikerketen helburua: Askotan esan ohi da toponimia ikerketak ez direla sekulan amaitzen. Egia da. Egitasmo batean ordu asko sartu dituen ikertzaileak, bere lanaren emaitzak albait modurik biribilenean aurkeztu nahi izango ditu. Bere lana "amaitutzat" emateko gogoa izango du. Gainera pentsatuko du ikertu duen eremua, jadanik ez dela berriro ikertu behar. Gaia ahiturik dago, alegia. Gauzak ez dira hain sinpleak. Ikerketa bat egiten denean, ondoren etorriko diren beste ikerketa batzuen oinarri izatera pasatuko dira. Toponimiaren munduan, amaituriko ikerketa bat, beste ikerketa batzuetarako datu iturri bat besterik ez da. Badaude ikertzaileak, beren herriko toponimia aztertu nahi duten belaunaldi berriei oztopoak jartzen dizkietenak. Zertarako? Nik egina dut ikerketa hori. Gastatu dirua beste edozertan. Baina ikergaiak ez dira ikertzaileen jabetza, noski, eta kontuan izan behar dugu aurrerapen zientifikoa beti oinarritzen dela aurrekoek egindako aurrerapenetan. Hortaz, lehengoen lana ezagutu beharra dago eta ondorengo ikerketak bultzatu behar ditugu. Ikertzaile batek produktu bat osatzen duenean, produktu horren egiletasuna onartu eta aitortu egin behar zaio. Lana burutzeko finantziazioa jarri duen erakundea haren jabe izan daiteke, baina horrek ez du haren egile bihurtzen. Egile paper hori izkutatzea edo, besterik gabe, egilearen izena ordezkatzea, lan intelektual baten lapurreta egitea da eta, legala balitz ere, inola ere ez da ez justua ez etikoa. Arrazoi beragatik, ikerketa batean erabilitako datu iturri guztien egilea aipatu behar izaten da. Lanaren parte handi bat, datu horien bilketa egitea baita. Ikertzaileen artean, ordea, bada beste jarrera bitxi eta antzu bat. Ikerketa bat egin du filologo batek bere eskualdeko toponimiaz eta, lapurtuko dioten beldurrez, ez dio inori uzten ez datuak inoren esku jartzen. Era honetan kudeatzen diren ikerketak, adibidez doktore maila eskuratzeko baliagarriak izan daitezke. Baina komunitate zientifikoaren esku jartzen ez badira, aurrerabidearen kate hura nahita eteten ari gara eta lan horiek alferrikakoak dira zeharo. Hobe egin barik utzi izan balira.
  • Informatzailea egilekide: Gure herrietako toponimoak aztertzean, informaziorik garrantzitsuena herriko biztanleengandik jaso ohi da. Informatzaile lokalak izaten dira toponimia lan baten arima eta, horrexegatik, onartu beharko litzaieke emandako datu horien "egiletasuna". Agintaritzatik, berriz, kontrako bidea iradokitzen zaigu. Bizi garen gizarte "hiperzibilizatu" honetan, ikerketen informatzaileei emandakoa eskertu ez baina beren nortasuna izkutatu egiten dugu, datu-pertsonalen sekretuaren gaineko legeria argudiaturik. Guk, ordea, ikertzailearekin batera egilekide bezala agertu beharko liratekeela uste dugu.
  • Herritarrak partehartzaile: Leku-izenen arauzko grafiak "indarrean jartzeko", orain arteko bidea zerrendak argitaratze hutsa izan da. Ez da harritzekoa honen ondorioz, herri askotan jendeak onartu ez izana ikertzaileek, adituek, "espertoek", akademiak eta abarrek emandako erabakiak. Herritarrek beren herriko lekuen izenak kanpotik etorritako zerbait bezala somatzen dituzte. Herri guztietan dago izen bat edo besteren gaineko liskarra, eztabaida, desadostasuna... maiz ezinikusi sakonak ere ekarri dituena. Hau da toponimiak pizten dituen pasioen erakusgarri bat. Ikerketak burutzen ari diren bitartean -ez ondoren- optika eta iritzi guztiak jasotzeko aukera eskaini behar da. Toponimian interesa duen edozeinek eduki behar du bere iritzia eta bere arrazoibideak adierazteko foroa, baita besteena entzuteko ere. Eta partehartze foro hori ikerketa guztietan ahalbidetu behar da. Era honetan debatea gizarteratu egiten da, arrazoibideak plazaratu egiten dira eta, finean, iritzi guztiak entzunda egiten dira azkeneko proposamenak. Duda gabe, hemendik irtendako zerrendek kontsentsu handiagoa izango dute eta errazago normalizatuko dira. Bada, gainera, metodologia partehartzaile honek ekar dezakeen saihetseko onura bat: hiritarrak eta herriko talde kulturalak mobilizatuko dira herrigintza-egitasmo baten inguruan. Azken finean ikerketan zehar herria eraikitzen arituko gara, kultura demokratizatzeko urratsa izango da gure lana eta eredu simetrikoago batean kokatuko ditugu eragileak: sustatzaileak (Udala, adibidez), herritarrak (partikularrak nahiz taldeak) eta akademikoak (ikertzaileak, akademia, unibertsitatea, bestelako erakundeak...).
  • Ikertzaileak jakintsu: Oso ohikoa da toponimia ikerketetan aritzera doan jendearen artean, ikasle lizentziatu berriak jardutea. Toponimiaren ikerketa bati ekitean, ikasgeletan jasotako hainbat jakintza eta trebezia eramaten da baina, zoritxarrez, onomastikaren eta toponimiaren inguruko formaziorik ez da apenas ematen gure unibertsitateko fakultateetan. Ohikoan, honelako ikertzaileak zerotik, ex nihilo, hasten dira beren ikergai berria aztertzen. Lana egin ahala, datuek eurek emandako pistei segiturik eta beren disziplinak eragindako bultzaden arabera, ikerketa sistema osoa eraikitzen dute: metodologia propioa diseinatu, tresna egokiak bilatu edo eraiki, datuetatik eta prestakuntza akademikotik ondorioak atera eta, azkenik, egindako aurkikuntzak nola edo hala formulatu eta aurkeztu egiten dituzte. Ikergai horren gainean munduko jakintsuenak sentitzen dira. Denborak emango die errealitatearen neurria. Bide luzea egin da gure artean honelako ikerketetan eta, gauza gehienak aurkituta daude. Era honetan aritzen den ikertzailearen bakartasuna saihestu behar da. Alde batetik, berarentzat oso garrantzitsua da lehendik egin denaz informazioa edukitzea eta, bestetik, bakoitza bere aldetik ibiltzeak irizpide-batasunik eza dakarkio gure toponimiari. Eta gure hizkuntzaren egoera partikularrak ezin dio sakabanaketa egoera horri eutsi, hau da, are gehiago anormalizatzen ari gara hizkuntzaren erabilera.
  • Disziplinen morrontzak eta kutsapen ideologikoak: Gorago esan dugu ikertzaile bakoitzak bere disziplinari dagokion prestakuntza dakarrela aldean. Toponimia kontuetan dabiltzanak, ohikoan, filologia, historia, geografia, etnografia eta honelako disziplinetatik heltzen dira. Maiz lehentasunak bilatu nahi izaten dira baina, gure ustez, toponimia zeregin interdisziplinarra edo, orain esaten den bezala, "zeharkakoa" da. Izaera honek, berriz ere, metodologia partehartzaileagoak eskatzen ditu eta ikerketan parte hartzen duten "adituak" ere, disziplina desberdinekoak izatea komeni da, honela optika diferenteen berri izango dugulako. Funtsean, disziplinen eraginez toponimiazaleen artean dauden joerak, bi muturren arteko continuum batean aurkitzen dira. Alde batetik, dokumentalista batek, izenak dokumentuetan beti idatzi diren bezala idaztea defendi dezake. Ikuspuntu honetatik Aramayona, Bilbao, Villafranca de Oria eta era honetako formak izango ditu gustoko. Aramaio, Bilbo, Ordizia eta halakoak nazionalistek inposaturiko gauzatzat izango ditu segur aski. Beste alde batetik, filologo dialektologiazaleak izenak ahoskatzen diren modu zehatzean nahi izango ditu idatzi. Honela, Aramaixo, Atxabalta edo Ondarru nahiagoko ditu, izenen tradizio idatziari inolako arretarik eman gabe. Gai honetan norberaren disziplina ez ezik, afera ideologikoak ere daude tartean. Batzuek indarrezko estandarizazio prozedura bezala ulertuko dute toponimiaren normalizazioa -dekretu bidezkoa, beraz- eta besteek, berriz, populismoaren bidean erosoago sentituko dira, hizkuntzaren asistematizazioa bultzatzea "aberastasun" iturri bezala ulertuta. Idatz dezagun ahoskatzen dugun bezala, alegia. Euskararen normalizazioari begira, zeharo arrazoi desberdinengatik bada ere, etsai diren muturreko jarrera bi hauek, ondorio berberera eramango gintuzkete: euskara baserritarren hizkuntza bat da eta ez dugu hortik mugitu behar. Gure jarrera, noski, ez dator bat muturreko hauekin eta oreka, continuum horretako erdibidean bilatu behar dela dudarik ez daukagu.
  • Elebitasunaren kudeaketa: Afera ideologikoekin nahasturik badago ere, uste dugu geure legeriak nahiko artez eusten diola gai honi. Euskararen erabilera arauzkotzeko legeak ezartzen du toponimiaren normalizaziorako irizpide nagusia. Eta honek dioenez, euskal toponimoak euskarazko grafiaz idatzi behar dira eta erdal toponimoak gaztelaniazko ortografiaz. Hain sinple dirudien irizpideak, arazo handiak dakartza gero gure lekuen izen ofizialak ezartzeko orduan. Badaude hizkuntza bakoitzean eboluzio diferentea izan duten izenak eta, kasu horietan, biak ontzat ematea dirudi zuhurrena, bakoitza bere hizkuntzan. Azken hauek salbu, ordea, irizpide nagusi hark eskatzen du toponimoaren hizkuntzari arrotza zaion grafia baztertzea. Baina gure hizkuntza biak ez dira egiaz koofizialak: Euskal toponimoak gaztelaniazko grafiaz idatzirik ikusteak ez digu batere minik egiten, zeharo "normala" iruditzen zaigu. Hala, Escoriaza, Guernica (gu-rekin), Zuya (y grekoaz) bezalako grafiek ez gaituzte harritzen, baina astakeria iruditzen zaigu funtsean gauza bera liratekeen Baldegobia edo Billabuena (b-rekin). Aipaturiko irizpidea aplikatze hutsa ez da beti erraza izaten baina, gauza gehiago konplikatzeko, toponimoen era ofizialak ez dituzte ikertzaileek edo konpetentzia akademikoa dutenek erabakitzen, leku bakoitzaren gaineko eskumen legala duen administrazio erakundeak baizik. Hortaz, irizpideak txandako agintarien intuizio edo gogoaren eskuetan gelditzen dira eta, ondorioz, gure toponimiaren irudiaren panorama ez da lasai bizitzeko modukoa. Euskaldunaren patua, maiz, honako hau da: zer erabiliko dut, euskaraz zuzena dena ala herri horretan ofiziala dena? Nola uler daiteke zuzenak ez diren izendapenak ofizial izatera heltzea? Errespetatu behar ote ditugu izen oker horiek? Euskararen normalizazioa mantso samar doan kontua baldin bada, haren barruan, toponimiaren normalizazioa atzeratuenik dagoen atala da. Euskaldunek dagoeneko badakite nola idatzi behar den, adibidez, "edozein orrialdetan aurki zeniezadake adibide on bat" (deklinabide mugagabea, adizki laguntzaile konplexua...). Euskal idazleek eta kazetariek (eta hitzaren profesionalez ari naiz), ordea, ez dute oraindik ikasi nola deklinatu behar den Azpeitia, Asparrena edo Bizkaia... Bistan da, euskaldun guztiok elebidunak garen aldetik, komunikazio arrunterako praktikoena gaztelaniara jotzea dela.

Euskaltzaindiaren papera

Amaitzeko, toponimia ikerketetan Euskaltzaindiak zein paper betetzen duen eta bete beharko lukeen apur bat zehazteko, iradokizun batzuk eman nahi genituzke. Kontrakoa uste bada ere, Onomastika batzordea ikertzaileen lanetatik eta ideien elkartrukatzetik elikatzen da eta, horregatik, lan horien jarraipena egitea eta ikertzaile horiekin iritziak trukatzen jardutea interesatzen zaio bereziki.

Ohikoan kontrakoa uste bada ere, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak ez ditu era honetako toponimia ikerketak "burutzen". Hala ere, egiten diren ikerketa gehienen berri izaten du eta nolabaiteko papera betetzen du beraietan. Normalean, beka deialdiaren agirian jada agertzen da zein izango den bere eginbeharra: bekarako epaimahaiko nahiz jarraipen batzordeko kide pare bat jarri, zuzendaritza eskaini eta toponimo arautuen azken zerrendari oniritzia ematean datza bere eginkizuna.

Honez gainera, Euskaltzaindian burutzen hasi den Euskal Corpus Onomastikoa (ECO) izeneko egitasmo eskergak, baliabide informatiko batzuen atonketa egokia ekarri du. Azken aldi honetan Euskaltzaindiaren partaidetzaz egiten ari diren toponimia ikerketetan, ECO zerbitzuak eskuraturiko aplikazio informatikoak ari dira erabiltzen. Taula-anitzeko datu base egituretan antolatuak (MS Access), ikerketa bakoitzeko interesen arabera moldatzen ere laguntzen dugu, betiere erakunde bultzatzaileak eta ikertzaileek lortu nahi duten produktua helburu izanik.

Ikerketaren amaiera aldean ikertzaileek eta zuzendariek ez dituzte beti gauza guztiak argi eta, gertatu ohi da, Onomastika batzordeak zuzenean leku-izen zehatz batzuen arautzea eztabaidatu behar izatea. Hala egiten da eta eztabaida horien ondoren, lanari oniritzi orokorra ematen dio Euskaltzaindiak. Gorago esan bezala, lanaren amaierako fase honetan partehartze anitzagoa ahalbidetzen duen metodologiaren erabilera hedatu behar dugu. Onartu behar da lan gehiago ematen duela, baina aberasgarriagoa da eta kontsentsu handiagoak lortzen ditu.


(PATXI GALÉ Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea da)

  • Txosten hau HPS-k antolatutako Euskal Herriko Toponimia eta Kartogarfiari buruzko Jardunaldian (Gasteiz, 2006-11-16) aurkeztu zen.


Inprimatu


Erantzun

 
Mila azalpen
2006-12-22 / 09:21 / Pruden Gartzia

Zorionak artikulu luze, aberats eta argigarri honengatik (agian luzetxoegia, baina tira).

Dena den, neuk puntu bat nabarmenduko nuke. Diozu, eta ondo diozu:

"... dokumentalista batek, izenak dokumentuetan beti idatzi diren bezala idaztea defendi dezake. Ikuspuntu honetatik Aramayona, Bilbao, Villafranca de Oria eta era honetako formak izango ditu gustoko. Aramaio, Bilbo, Ordizia eta halakoak nazionalistek inposaturiko gauzatzat izango ditu segur aski."

Motz eta adeitsuegi geratu zara, nire uste apalean. Ez dago dokumentalistarik ez dakienik, adibidez, "Bilbao" gaztelaniazko dokumentuetan ere sarri baino sarriago ikusten dela "Vilvao" grafiarekin (edo "Varacaldo", etab.). Ez dago dokumentalistarik ez dakienik bere lanaren muina neurri handi batean toponimo horiek (eta beste hainbat kontzeptu) normalizatzea eta uniformizatzea dela.

Beraz, arazoa ez da "ikuspuntu dokumentala" izatea. Arazoa da batzuen ezjakintasun olinpikoa, sarri aurreiritzi nazionalista estuei lotua. Hau da, batzuk ez bide dira konturatzen espainiar estatuak araututako grafia eta formak horixe besterik ez direla, hots, espainiar estatuak historian zehar araututako grafia eta formak, eta ez Jainkoak kreazioaren zazpigarren egunean sortutako gertakari "naturalak".

Frantziar estatu jakobinoaz ere beste horrenbeste eta gehiago esan daiteke, ziur aski.

Jakina, ez naiz herritar arruntez ari, baizik eta euron ustez nolabaiteko "maila intelektuala" duten horiei buruz.

Dena den, gehienek ez dakite euskaraz, eta dakitenek ere ez dute euskaraz ezer askorik irakurtzeko lanik hartzen. Baina hori ez zaie eragozpen izaten huntaz eta hartaz pontifikatzeko, bereziki euskara edo euskal konturik agertzen den bakoitzean.

Eta gu beti mila azalpen ematen errespeturik erakusten ez digun jendeari.

(PRUDEN GARTZIA Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da)

 
Behar litzateke quantifikatu. Jakin zenbat handi edo txiki den.
2006-12-29 / 12:12 / Erramun Gerrikagoitia

Izkiriatu da hau:

Euskaldunaren patua, maiz, honako hau da: zer erabiliko dut, euskaraz zuzena dena ala herri horretan ofiziala dena? Nola uler daiteke zuzenak ez diren izendapenak ofizial izatera heltzea? Errespetatu behar ote ditugu izen oker horiek?

Baina aipatzeaz aparte hori arazoa, zein ondo dago, behar litzateke ere jakin zenbat handi edo zenbat txiki da, behar litzateke dimensionatu eta quantifikatu [aipamen numerikoa] problemea. Zeren ez da berdin izatea problemaren dimensionea handia eta generala edo txipia edo kasik insignifikatea. Zenbatetan dago problematika hau? Non, zeintzu kasutan? Behar lirateke aipatu minimoki exemplu batzuk.

Hala ote dira bakarrik:

Bilbao / Bilbo, Irunna / Iruinnea (hemen non nago, Grezia' ez dago nn), Sopelana / Sopela, Aulesti / Aulestia, Etxebarria /Markinetxebarri, ...

eta beste banakaren bat edo batzuk soil? Halan balitz, eta ni nago holan delakoan, ez legoke problemarik ez arazorik baizik aipamen puntala soil hon kasu insignifikanteak, behintzat quantitativoki.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com