Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Europar Batasuna eta Euskararen aldeko hizkuntza politika Ipar Euskal Herrian

Jean-Baptiste "Battittu" Coyos / Herri-administrazioa / 2006-12-27 / 07:00


Euskararen aldeko hizkuntza politikaz mintzatu nahi dugunean Ipar Euskal Herriko kasuan, ohar bat bertan gogora etortzen da: Europar Batasunak eguneroko biziaren alor askotan eragin handia badu, Frantzia osoan bezala, tokiko edo eskualdeko hizkuntzen alorrean eraginik ez duela bat ere, edo guti bederen, aitortu behar da. Eta beraz, adibidez, frantses legegintza bakarra da indarrean dagoena.



Europaren eragina Iparraldeko hizkuntza politikan hiru mailan azter genezake: legegintzarenean, ideologiarenean eta diru-laguntzarenean. Aukera hori baliatuko dugu ere Iparraldeko euskararen aldeko garatzen den hizkuntza politika aurkezteko eta aztertzeko, Europaren eragina ahula izanik ere.

Frantzia eta Europa: hizkuntzen legezko testuingurua Iparraldean

Lehen zati hori Erramun Baxokek zehazki aztertu du eta beraz ez naiz luze izanen, datu batzuk oroitaraziz bakarrik. Frantziak, 2000ko Oinarrizko Eskubideen Karta-z bestalde, ez du hizkuntzekin ikusteko duen europar lege testu edo hitzarmen bat ere berretsi, eta beraz horien eragina idelogikoa dela bakarrik esan genezake. Jendearen ideia-sistema, eskualde eta hizkuntza gutxituei buruzko ikusmoldea bilakarazi, aldatu du, Frantzian ere, 1789ko iraultzaren hizkuntzei buruzko ideiak zalantzan jarriz XX. mendeko bukaeran zehar.

Eta egia da euskaltzaleeek testu horiek baliatu eta baliatzen dituztela podere publikoak akuilatzeko, bainan erantzuna beti bera da: Frantziako legegintzak ez dio ofizialtasunik edo onarpenik ematen euskarari edo edozein eskualde hizkuntzari. Haien irakaskuntza baimentzen du eta ez gehiago. Horiek dira indarrean edo baztertuak diren testu garrantzitsuenak.


Europako Kontseiluaren hizkuntzen aldeko legegintzaz


Europar Batasunaren hizkuntzen aldeko legegintzaz


Frantzia, eskualde erakunde publikoak eta tokiko hizkuntzak: frantsesaren aldeko legegintza

Frantzia estatu zentralizatu bat da eta jakin behar da tokiko edo eskualde hizkuntzak edozein erakunde publikoen eskumen-eremuetan ez direla sartzen, hizkuntza hoien irakaskuntzaz bestalde, azken hau Hezkuntza nazionalak beregain hartzen duelarik.


Legegintzaren aldatze nahikariez Iparraldean

Ikusiz nola Frantziaren legegintzak euskararen aldeko hizkuntza politika trabatzen zuela Ipar Euskal Herrian, Frantzia osoan bezala, agertu diren entsegu bat eta egitasmo bat aipatzeko dira. Biak Lamassoure eurodeputatuak bere kabuz hartuak dira, Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluaren lehendakari gisa, jakinez azken bost hamarkada horietan, borrogeita hamar bat eskualde hizkuntzen aldeko lege proposamen aurkeztu dituztela Assemblée nationale delakoan, batzuk eztabaidatuak izan direnak, bainan bat ere onartua izan ez dena.

2004ean, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak galdatu zuenaren arabera, Franck Moderne lege-kontuetan adituak ikerlan bat kudeatu zuen ikusteko «euskararen egoera juridikoa eta haren erakaskuntzaren ahalezko bilakaera» zein ziren. Problématique juridique du statut et de l'enseignement de la langue basque (Euskararen estatutuaren eta irakaskuntzaren problematika juridikoa) deitzen da txostena (2004/09/23). Emaitzak biziki xumeak izan ziren, 2003ko «dezentralizazio» legeak emaiten zituen ahalbide berriak hain argiak ez zirelakoz. Azkenik lan hori ez da publikoki aurkeztua izan eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluaren web gunetik kendu dute.

2006ko hastapenean, Lamassoure jaunak, berriz, prentsan esan du «eskualde hizkuntzen onarpenaren eskuratzeko lege testu proposamen bat» nahi zuela prestatu, eta hori 2006an (ikus adib. Euskal Herriko kazeta, 2006/01/1415). Iduri du egitasmo hori bidean utzirik izan dela, 2006ko bederen.

Europar Batasunaren diru-laguntzak Iparraldean: proiektu batzuk

Europar Batasunak hizkuntza gutxituen aldeko proiektuak laguntzen zituen, Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza orokorraren bidez. Bainan 2001ean, aitzinkonturik ez zen emanik izan. 2003an berriz «Apprentissage des langues et diversité linguistique» dei bat hedatua izan zen, bainan iduri luke Ipar Euskal Herritik ez dela proposamenik igorririk.

Halere, euskara kontuan hartzen duten proiektu batzuk lagunduak izan dira, Europar Batasunaren beste hiru lankidetzarako aitzinkontu erabiliz, mugaz gaindiko egitasmoak onartzen dituztenak. Esan behar da proiektu horiek gutxi direla, dozierraren prestatzea erraza ez baita eta prozedura luzea.


Interreg III (FEDER «Fonds européen de développement régional» 2000-2006)

Akitania eskualdeak 84, 3 M euroko INTERREG III A (Frantzia-Espainia) europar egitaraua kudeatzen du, Pirinioetako mugaz gaindiko espazioa garatu nahi duena. Ekintzen artean, hamargarrenari esker, «Promouvoir et développer les actions culturelles communes et le multiculturalisme» deitzen dena, Iparraldeko elkarte batzuek diru-laguntza eskuratu dute.

2007-2013ko ez da Interreg IV-rik izanen, bainan «Volet coopération territoriale» delako bat garatuko da. Helburua beti bera izanen da: bi estatuen arteko mugaren inguruko eskualdeen arteko loturak garatzea. Europar Batasunak Interreg diru-laguntzak bikoiztu beharko lituzke.


Leader + (2002-2008)

Leader + baserri eremuetarako europar programa bat da. Iparraldean beraz, barnekaldeko informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sustagatzen ditu. Euskarari lotuak diren hiru proiektu laguntzen ditu:


Akitania-Euskadi fondoa

Akitania-Euskadi eta Akitania-Nafarroa lankidetzarako fondoei esker, ekintza batzuk ere lagunduak dira, «Bilinguisme franco-espagnol et développement des langues basque et occitane» sailean sartzen direnak. Horien artean hona Akitania-Euskadi fondoaren bi adibide.

Iparraldeko elkarteek europar diru-laguntza horiek baliatzen dituzte beren egitasmoak bururatzeko, bainan bai ere beren legitimitatea indartzeko, tokiko podere publikoei buruz. Beren euskararen aldeko lana azkartzen eta legitimatzen du, goiko babesa lortzen duela erakutsiz, ez bada beti Frantziakoa.

Hizkuntza politikaren egituratzea Iparraldean

Laurogeita hamarreko hamarkada arte Iparraldeko podere publikoek hizkuntza politika kontzeptua ez zuten aipatzen ere. Diru-laguntzak zuhurki ematen zituzten euskararen alde ari ziren elkarte batzuei, aukera irizpiderik gabe, emaitzak neurtu gabe.

Aldi berean, oztopo asko jartzen zitzaizkien elkarte horiei frantses legealdia estakuru gisa hartuz, hizkuntza politika beste alorrak bezala gizarte-alor bat zela ez onartuz, politika eta hizkuntza politika nahasiz. Gorago ikusi dugun bezala, Europako hizkuntzei buruzko testuetarik bat baizik indarrean da Frantzian: 2000ko Oinarrizko Eskubideen Karta eta eragin handirik ere du.

Halerik ere, Erramun Baxokek erakutsi duen bezala, elkarteen eta euskaltzaleen lana emeki-emeki onartua izan zen, Pizkundea eta Deiadar mugimenduei esker besteak beste, eta hizkuntza politikaren gaiaren eztabaidatzea mahaiaren gainean jarri zen.


Euskal Herriko antolaketa eta garapen eskema (1996)

Frantziako deszentralizazioaren ildoan, garatzen zen lurralde antolaketa mugimendua baliatuz, 1996ean, Euskal Herriko Garapen Kontseiluak eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak lau urteko gogoetak aurkeztu zituzten. Euskal Herriko antolaketa eta garapen eskema euskal elkarteen eta hautetsien lanaren fruitua zen, finantzamendurik gabeko egitarau bat, bainan beharrezko urratsa, Euskal Herriko Hitzarmen Berezia emanen duena, 2000an. Hizkuntza antolaketa atal bat edukitzen zuen.


Euskal Herriko Hitzarmen berezia (2001-2006)

Azkenean, 2000an, Estatu-Akitania Eskualde Kontratu Planaren Euskal Herriko Hitzarmen Berezian, lehen aldikoz, podere publikoek hizkuntza politika atal bat sortu zuten, Estatua, Eskualdea eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua partaide nagusienak zirelarik.

Hamar neurri baditu atal horrek, denak aurrekontu batekin. Lehena «Politique linguistique» deitzen da, bainan aurrekontuetatik txikiena dauka. Urrats handi bat bazen ere, podere publikoek azkenik politika hori beregaintzen baitzuten, euskararen aldeko lan egiten zuten elkarte nagusiak hizkuntza politika partaide eta eragiletzat hartuak zirelarik, atal hori egiazko euskararen aldeko plan bat ez zela azpimarratu behar da.


Euskararen Erakunde Publikoa (2005-2010)

Azken etapa izan zen beraz egiazko egitura publiko bat sortzea. Euskararen Erakunde Publikoa deitu dute (EEP). Erakunde berri horrek hizkuntza politika publikoa beregain hartuko du. Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten kideak aurrez Hitzarmen berezia finantzatzen eta kudeatzen zuten berak dira. Talde profesionala txikia da, lau lanpostu eterdi dauzka.

Hitzarmen hori aurten, 2006ean, bururatzen da eta Euskararen Erakunde Publikoak, 2007-2010 hizkuntza politika proiektua prestatu behar du urte bukaerako. 2006ko otsailaren 22an, proiektu horrentzat proposatzen zuen eginmoldea aurkeztua izan zaio Aholku Batzordeari, helburuak, metodologia, egutegia, erronka estrategikoak. Euskararen alde lan egiten duten eragile, elkarte eta adituekin hainbat bilkura egin eta, urriaren 26an hizkuntza politika aitzinproiektua aurkeztu dute: Hiztun osoak helburu, haur eta gazteak lehentasun. Horri buruz ohar batzuk eginen ditut geroago.


Mugaz gaindiko harremanak

Europaren eragina alor horretan gero eta argiago agertzen da, eta Iparraldeko euskaltzaleek eragin hori erabilten ikasi dute. Euskara Euskal Herriko mugaz gaindiko hizkuntza baita, elkarteen arteko eta Hegoaldeko podere publikoekiko harremanak garatu dira. Ez ditugu hemen zehazki aipatuko, bainan jakin behar da Euskadi Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Politikarako Saiburuordetzak Ipar Euskal Herriko elkarteak diruz laguntzen dituela nasaiki, Frantziako podere publikoek baino gehiago batzutan. Jakin behar da, irakaskuntzaren arloan, azken horiek kontratu pribatu pean dagoen egiturarik ezin dutela diruz lagundu, legegintzaren arabera. Hegoaldeko beste egitura batzuek ere Iparraldekoak diruz laguntzen dituzte.

Podere publikoen arteko mugaz gaindiko harremanak sortu dira duela guti, Frantziakoen beldurra desagertu ondoan. 2000an oraino mesfidantza, aitzin-iritziak hedatuak ziren ipar aldetik, deitzen zuten «atzerriko laguntza» ez zutela onartu nahi. Bainan Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2003an hitzarmen bat izenpetu dute eta geroztik erreberritzeko prozedura finkatu dute. Akordioa 2007an indarrean sartuko da eta prestik 2006ko abendurako, Madrileko eta Pariseko onarpena eskuratu eta. EEP sortuz geroztik solaskide bat dute parean Hegoaldeko podere publikoek. Euskal Herriko laugarren inkesta soziolinguistikoaren ardura hartuko du EEPk. Eusko Jaurlaritzak Seaska eta ikastetxe pribatuei eskaini diru laguntzen berri emanen dio EEPri, besteak beste.


EEPren hizkuntza politika aitzin proiektua (2006/10/26)

Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika aitzinproiektu bat aurkeztu du 2006ko urrian. Hiztun osoak helburu, haur eta gazteak lehentasun goiburuarekin, hamaika «erronka» nagusi biltzen dira bertan: 1/ Familia bidezko transmisioa, 2/ Lehen haurtzaroa, 3/ Irakaskuntza, 4/ Hedabideak, 5/ Atsenaldia, 6/ Argitalpena, 7/ Euskara bizi publikoan, 8/ Toponomia, 9/ Helduen euskalduntzea, 10/ Euskararen kalitatea, 11/ Motibapena.

Xehetasunetan sartu gabe, hona gogoeta batzuk. Lan berri eta aberats hori urrats beharrezkoa zen, duela 10 urte asmaezina zena. Halere, legezko kuadro eskasak zalantzan jartzen du era batez. Bi adibide eman ditugu irakaskuntzaren kasuan; bainan eskas horren eragina indartsua da ere bizi publikoan, administrazioetan, zerbitzu publikoetan, eta bai ere herritarren buruetan!

Bestetik, holako aitzinproiektuak izigarriko eginahal berriak behar ditu sail oroetako formakuntzak sortzeko (unibertsitatekoak bereziki), epe luzerakoak, gai liratekeen langileak eskuratzeko «11 erronka nagusiei» buru egiteko. Oraiko egoeran, holako gaitasunak ez dira laster aurkitzen ahalko Ipar Euskal Herrian.

Aitzinkontu egokirik eta beharrezko formakuntzarik / langile aditurik gabe, printzipio eta helburu hobeki zehazturik gabe, egutegirik gabe, aitzinproiektu hori finantzamendu galdurekiko egitasmo bat izan daiteke, luzakor daitekeena, garatzen den hizkuntzaren ala hizkuntzazko irakaskuntzarekikoarekin, bainan hautuzko hizkuntza batekin oraino, ez beharrezkoa, hezkuntza-zikloan zehar uzten dena, «gauza seriosak» hasten direnean, bizi sozialean bigarren mailako lekua duena.

Proiektuaren txostenean, azken «Motibapena» alorra hitz hoietan aurkezten da: «motibapena piztu, azkartu eta egonkortu, euskararen ikastearen, baliatzearen eta transmititzearen aldeko dinamika iraunkor bat jendartean sortzeko gisan». Iduri du, proiektu oso horretan, motibapena norberaren nahikariatzat, borondatezkotzat hartua dela. Halere, hizkuntza-antolakuntzaren alorrak erakusten digu hizkuntza bat erabilia izanen dela beharrezkoa bada: gizartearen mailan, argi da nortasun motibapena (hizkuntza ikurtzat) edo hizkuntza kulturaren oinarri gisa aski eraginkorrak ez direla (Iparraldea horren froga da). Eta beraz, gehienetan, hizkuntza nagusia da erabilia dena eta ez mehatxatua. Nahi ala ez, errealitate sozioliguistiko hori kontuan hartu behar daiteke hizkuntza politika eraginkor bat bidean jartzeko.

Kontuan hartuz nola Iparraldeko bi azken belaunaldiek eskuratu zuten euskara beren haurrei ez dieten eman, nola inkesten arabera heldu gutxik euskara ikasi nahi duten, nola atzerritar gero eta gehiago kokatzen diren Iparraldean, euskal kulturaren eta hizkuntzaren izpirik ezagutu gabe, nola frantsesa beharrezkoa den Iparraldean bizitzeko eta ez euskara, iduritzen da «gogoa, nahikaria» delako hori (aurkezpena, 2006/02) edo «motibapena» (aitzinproiektua, 2006/10) ez direla aski eraginkorrak izanen, euskararen egoera aldatzeko.

Alderantziz, ezaugarri onak gutxi dira. Bainan gero eta familia gehiagok beren haurrentzat euskararen irakaskuntzaren aukeratzea (B edo D ereduak) horietarik bat da, dudarik gabe. Aitzinproiektuan, 16-29 urteko gazteetarik % 22 euskaraz mintzatzen direla eta «irakaskuntzaren bidezko transmisioaren lehen ondorioak» litzatekeela esaten digute. Bainan ez dakigu zein den gazte hoien egiazko ezagutzaren maila, lehen belaunaldienari konparatuz. Gainera, hizkuntzaren ezagutza erabiltea dela aditzera emaiten dutela iduri luke. Bainan hizkuntza gutxituaren kasuan, badakigu ez dela bat ere hola.

«Motibapena / Halabeharra»-ren dialektika sakondu beharko daiteke. Gure gurasoek frantsesa ikasi dute ez motibapenarengatik, bainan bai bereziki halabeharrengatik. Beraz motibapen nozio hori zabaltzeko litzateke, norberaren eta elkarrekilako zeharkako «erronka» delarik jakinez.

Beraz politikaren helburuetarik bat euskara hizkuntza bakarra denarekiko leku, aldi sortzea da, oasi euskaldunak Iñaki Martinez de Lunaren hitzetan. Iparraldean, ikastolak, euskal irratiak horien adibideak dira; Herria astekaria ere bai. Motibapen soziala, hala nola hizkuntza lan-merkatuan, premiatsua da: euskararen ezagutzari esker irabazpide gehiago lortu beharko litzateke, jakitate, teknologia gero eta ezberdinagoak eskuratu ere. Hots euskara hizkuntza baliagarria bihurtu beharko da Iparraldean, irudizko zeinu izatetik gora.

Honek hizkuntzak bete beharko lituzkeen funtzioei buruzko hausnarketara erakarten gaitu, aitzinproiektu horretan aztertua ez den gaira, eta bereziki euskarararen lekura bizi publikoan. Frantsesaren eta euskararen arteko funtzioak nola erdibanatu nahi dute?


Eta gero?

Ohar horiek ez dute esan nahi besoak gurutzatuak egon behar dela. Proposatu den hizkuntza politika proiektu aberats horren norabidean, podere publikoek eta euskararen alde lan egiten duten elkarteek indarrak oro eman beharko lituzkete, euskararen erabilera-eremu berri sortuz non euskara ohizko hizkuntza izanen den, orain bizi diren holako euskal eremuak azkartuz (ikastolak, euskal irratiak), euskaldun eta euskara ikasten duen bakoitzak euskarazko harreman sareak garatuz, euskara gero eta gehiago beharrezkoa bihur dadin Iparraldean. Honetarako nabari da Euskararen Erakunde Publikoak bere aurtengo 1 M 7 euroko aurrekontua emendatu beharko duela.

Bukatzeko, Europar Batasunaren politikak euskararen aldeko hizkuntza politika Ipar Euskal Herrian eragiten duela esan dezakegu (legegintza gutxi, hizkuntzei buruzko ideologia segur aski, diru-laguntza batzuk emanez ere). Erakusten saiatu gara zeharkako eragin bat zela bereziki, bainan beharrezko bat dudarik gabe.

Bibliografia


(JEAN-BAPTISTE BATTITTU COYOS Euskaltzaindiaren Jagon saileko Sustapen batzordeko kidea da)

Oin-oharrak


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1166518039