Eremu urriko hizkuntzak Europar Batasunean: ikuspegi juridikoa Hego Euskal Herritik
Santiago Larrazabal / Herri-administrazioa / 2006-12-26 / 07:00
Erregio-Hizkuntzen edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluak Estrasburgon 1992ko azaroaren 5ean egin zuena, Espainiako Erresumak 1992an sinatu zuen, baina 2001 arte ez zuen berretsi. Testua berretsi (2001eko otsailaren 2ko berrespen-tresna) eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero (2001eko irailaren 15eko BOE) Espainiako arautegian euskararen arauketa aztertuko dut, Gutunaren ondoreetarako erregio-hizkuntza edo eremu urriko hizkuntza baita.
Hala ere, noiz edo noiz Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko berezko arautegiei ere aipamen egingo diet, bi horietan euskara hizkuntza ofiziala baita. Hala ere, azken kasu horiek ez ditut sakonduko(1).
Espainiako arautegia eremu urriko hizkuntzei edo erregio-hizkuntzei dagokienez
Konstituzioa:
Europako Gutunaren 1. artikuluaren arabera euskara erregio-hizkuntza edo eremu urriko hizkuntza moduan ulertuta, Espainiako 1978ko abenduaren 27ko Konstituzioaren 3. artikuluan ezarri da Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango direla haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz, eta Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea dela eta ondore horrek begirune eta babes berezia izango duela. Bestalde, 20.3 artikuluan, estatuaren nahiz bestelako erakunde publikoen menpeko gizarte-komunikabideei buruz hitz egitean, Espainiako gizarte-aniztasuna eta hizkuntzak errespetatuko direla ezarri da.
Nazioarteko tratatuak eta itunak:
- Espainiako Erresumaren eta Frantziako Errepublikaren arteko tratatua lurralde-erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetzari buruz, Baionan 1995eko martxoaren 10ean egin eta 1997tik indarrean dagoena: 6. artikuluan ezarri da estatutuak eta organismoaren deliberazioak idatziko direla alderdi kontratugile bakoitzaren barne zuzenbidearen arabera lurralde-erakundeek egindako egintza eta deliberazioetan manuzkoak diren hizkuntzetan (beraz, Espainiaren kasuan hizkuntza koofizialak erabil daitezke, betiere, espainierarekin batera).
- Espainiako Erresumaren eta Europar Batasuneko organo jakin batzuen arteko administrazio-akordioak: Europako Kontseiluaren 2005eko ekainaren 15 eta 16ko ondorioen ostean, Espainiako Gobernuak Europako hainbat erakunderekin akordioak sinatu ditu herritarrek haietara Espainiako hizkuntza koofizialetan jo ahal izan dezaten, eta Espainiako ordezkaritzetako kideek espainiera ez den beste hizkuntza ofizial batzuetan hitz egin ahal izan dezaten. Espainiak Europako Erkidegoko erakunde horiekin sinatutako itunak hauek dira: Europako Batzordearekin -2005eko abenduaren 21a (2006/C 73/06), Europar Batasuneko Kontseiluarekin (2006/C 40/02), Eskualdeetako Lantaldearekin (2005eko azaroaren 16an), Ekonomia eta Gizarte Lantaldearekin (2006ko ekainaren 7an), eta Europako Parlamentuari dagokionez, Europako Parlamentuko Mahaiak 2006ko ekainaren 3an hartutako erabakia aipatu behar da. Testu horietan antzeko prozedura ezarri da, funtsean, hurrengo hau: Espainiako herritar batek goian aipatu Europako Erkidegoko organoetara gaztelania ez den baina Espainiako Konstituzioaren arabera hizkuntza ofiziala den hizkuntza batean komunikazio idatzi bat igortzen duenean, komunikazio hori Espainiako Gobernuak ondore horretarako izendatutako organismo eskudunera bidali beharko du (prozedura Espainiako Erresumak Europar Batasunean duen Ordezkaritza Iraunkorraren Gai Autonomikoetarako Kontseilaritzak bideratuko du), eta horrek Europako Erkidegoko kasuan kasuko organora igorriko du gaztelaniazko itzulpenarekin batera. Europako Erkidegoko organoak erantzuna gaztelaniaz bidaliko dio organismo horri, eta azken horrek herritarrari erantzunaren itzulpena komunikazioaren hizkuntza berean emango dio. Hala ere, Europako Erkidegoko organoek ez dute inolako erantzukizunik itzulpenen edukiaren gainean, eta gainera, itzulpen horien kostuak Espainiako Gobernuaren kontura izango dira.
Espainiako ordezkariek Europako Erkidegoko organoetan esku hartuz gero gaztelania ez den baina Espainian ofiziala den beste hizkuntza batean, seihileko bakoitzaren hasieran, Espainiako Ordezkaritza Iraunkorrak kasuan kasuko organoaren idazkaritzari zerrenda baten bidez adieraziko dio hizkuntza horietakoren bat zein saiotan erabiliko den. Zazpi aste lehenago, Espainiako Ordezkaritza Iraunkorrak kasuan kasuko organoaren idazkaritzari jakinaraziko dio hizkuntza horietakoren bat erabili nahi duen Espainiako ordezkariaren eskaera (interpretazio pasiboa). Printzipioz, eskaera onartu egingo da, salbu eta horren inguruan baliabide pertsonal eta materialak eskura ez daudenean. Horrez gain, Espainiako Gobernuak edo horrek izendatutako organismoak hizkuntza horietara zinpeko itzulpenak egin ditzakeela ezarri da, hurrengo kasu hauetan: batetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak elkarrekin adostutako egintzak direnean eta, bestetik, legegintzako egintzarik garrantzitsuenak direnean.
Autonomia Estatutuak:
- Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsia: 6. artikuluan euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela ezarri da, hizkuntza ofizialaren izaera aitortzen zaio gaztelaniarekin batera, eta herritarrek bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dutela esaten da. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek, lurraldeko egoera soziolinguistiko anizkuna kontuan hartuta, bi hizkuntzen erabilera bermatuko dutela ezarri da, haien izaera ofiziala arautuz, eta neurri eta bitartekoak jarriko dituztela bien ezagutza bermatzeko. Hizkuntza dela-eta inor ez dela baztertuko bermatu eta Euskaltzaindia euskararen gainean aholku-erakunde ofiziala dela bermatzen da. Amaitzeko, Autonomia Estatutuan ezarri da euskara beste euskal lurralde eta erkidego batzuetako ondarea denez, erakunde akademiko eta kultura-erakundeek izan ditzaketen loturez eta gutuneriaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Gobernuari eskatu ahal izango diola euskaldunak dauden beste estatuekin kultur harremanak ahalbidetzen dituzten itunak edo hitzarmenak egin ditzala -eta, hala denean, Gorte Nagusietan aurkeztu-, euskara babestu eta sustatzeko.
Aurrekoaren osagarri, nahitaez aipatu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoak emandako arau hauek: azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzekoa, 2007an 25 urte beteko dituena (eta uztailaren 11ko 138/1983 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza ez unibertsitarioan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena), eta 1/1993 Legea, otsailaren 18koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa, euskal hezkuntza-sisteman eredu linguistikoak ezartzen dituena.
- Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzekoa: 9. artikuluan ezarri da euskarak ere izaera ofiziala duela Nafarroako gune euskaldunetan, eta Nafarroako Parlamentuko geroko Foru Lege bidez zehaztuko dela zein diren gune horiek eta euskararen erabilera eta irakaskuntza arautu, Estatuko legeria orokorraren arabera. Lege hori abenduaren 15eko 18/1986 Legea da, Euskararen Erabilerari buruzkoa. Hezkuntza arloan maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretuak osatu du, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan euskara sartzea eta erabiltzea ahalbidetu eta Nafarroako eredu linguistikoak ezarri dituena.
Lege-lerruneko arauak:
- Hezkuntza-esparrua:
- Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa, Heziketa Jasotzeko Eskubidea arautzen duena: hezkuntza-jardueraren xedeetako bat Espainiako hizkuntza- eta kultura-aniztasuna errespetatzea dela ezarri du (2.e art.).
- Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzakoa: xede hauek ezarri ditu: lehen hezkuntzarako, gaztelania eta autonomia-erkidegoko hizkuntza koofiziala ezagutu eta behar den moduan erabiltzea eta irakurketa-ohiturak garatzea (17 e art.). Bigarren hezkuntzarako, gaztelaniazko eta, hala denean, autonomia-erkidegoko hizkuntza koofizialeko testu eta mezu konplexuak ulertu eta zuzen adieraztea, ahoz zein idatziz, eta literatura ezagutzen, irakurtzen eta ikasten hastea (23 h art.). Batxilergorako, gaztelania eta, hala denean, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko hizkuntza koofiziala ahoz zein idatziz menperatzea (33 e art.).
- Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa, Unibertsitateei buruzkoa: unibertsitateen autonomia ezarri du (2. art.), eta horren arabera, berezko hizkuntza duten autonomia-erkidegoetan kokatutako unibertsitateek eskolak hizkuntza horretan eman ditzakete.
- Justizia-esparrua:
- Urtarrilaren 4ko 17/1977 Legea, 1957ko ekainaren 8ko Erregistro Zibilaren Legearen 54. art. aldatzen duena: Erregistro Zibilaren inskripzioan jaioaren izena Espainiako hizkuntzetatik edozeinetan jasoko da. Interesdunak eskatuta, Erregistroko arduradunak, lege hau indarrean sartu aurretik ezarritako izena ordeztuko du, horrek Espainiako hizkuntzetatik edozeinetan duen onomastika-baliokidearekin.
- Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa: 231. artikuluan ezarri da epaile, magistratu, fiskal, idazkari eta epaitegi eta auzitegietako gainerako funtzionarioek gaztelania, Espainiako hizkuntza ofiziala, erabiliko dutela. Autonomia-erkidegoko hizkuntza ofiziala ere erabil dezakete, betiere, alderdietatik bat aurka jartzen ez bada, hizkuntza hori ez jakiteak defentsarik eza ekar diezaiokeela alegatuz. Era berean, alderdiek, horien ordezkariek, lekukoek eta adituek epaiketako jardunak zein autonomiaerkidegoren lurraldetan izan eta horretako hizkuntza ofizial berezkoa erabil dezakete, ahozko zein idatzizko adierazpenetan. Autonomia-erkidego bateko hizkuntza ofizialean gauzatutako epaiketa-jardunak eta aurkeztutako agiriek baliozkotasun eta eragingarritasun osoa dute, gaztelaniara itzuli gabe. Nolanahi ere, itzuli egingo dira autonomia-erkidegoko organo judizialen jurisdikziotik kanpo ondoreak sortu behar dituztenean, salbu eta ondoreak sortu behar dituztenean berezko hizkuntza berbera duten autonomia-erkidegoetan. Amaitzeko, ahozko jardunetan, epaileak edo auzitegiak erabilitako hizkuntza ezagutzen duen edonor interpretatzaile gisa gaitu dezake, horrek zina egin edo hitz eman ondoren.
Bestalde, 341. artikuluan ezarri da, hizkuntza ofizial berezkoa duten autonomia-erkidegoetan Auzitegi Nagusiko edo Probintzia Auzitegietako presidente karguak betetzeko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erkidegoko hizkuntza berezkoa ezagutzea meritu gisa baloratuko duela. Modu berean, 450.4 artikuluan ezarri da idazkari judizialen kasuan meritu moduan baloratuko dela hizkuntza koofiziala ezagutzea. Amaitzeko, 431. artikuluan antzeko arauketa ezarri da Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden funtzionarioen hautaketari dagokionez.
- Abenduaren 28ko 38/1988 Legea, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzkoa: 32.5 artikuluan ezarri da hizkuntza ofizial berezkoa duten autonomia-erkidegoetako Auzitegi Nagusiko presidentea izendatzean, hizkuntza ofizial hori ezagutzea meritu gisa baloratuko duela Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak.
- 1882ko Prozedura Kriminalaren Legea (apirilaren 30eko 10/1992 Legeak eraldatu ostean): gaur egungo idazketan, 440. artikuluan ezarri da lekukoak gaztelaniaz ulertzen ez badu edo hitz egiten ez badu, interpretatzailea izendatuko zaiola. Adierazpena lekukoak erabilitako hizkuntzan jaso beharko da, eta, jarraian, gaztelaniara itzuliko da. Legearen 762.8 artikuluarekin beste horrenbeste gertatzen da, prozedura laburtuari dagokionez.
- Urtarrilaren 7ko 1/2000 Lege Organikoa, Prozedura Zibilarena: 142. artikuluan ezarritakoaren arabera, epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkariek eta gainerako funtzionario judizialek autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala erabil dezakete, baldin eta alderdietatik bat aurka jartzen ez bada, hizkuntza hori ez jakiteak defentsarik eza ekar diezaiokeela alegatuz. Era berean, alderdiek, euren prokuradore eta abokatuek, eta lekuko eta adituek, epaiketako jarduna zein autonomia-erkidegoren lurraldetan izan eta horretako hizkuntza ofizial berezkoa ere erabil dezakete, idatzizko nahiz ahozko adierazpenetan. Bestalde, autonomia-erkidego bateko hizkuntza ofizialean gauzatutako epaiketa-jardunak eta aurkeztutako agiriek baliozkotasun eta eragingarritasun osoa dute, gaztelaniara itzuli gabe. Nolanahi ere, itzuli egingo dira autonomia-erkidegoko organo judizialen jurisdikziotik kanpo ondoreak sortu behar dituztenean, salbu eta ondoreak sortu behar dituztenean berezko hizkuntza ofizial berbera duten autonomia-erkidegoetan. Jarduna eta agiriok itzuli egingo dira, halaber, legeetan hala xedatzen bada edo defentsarik eza alegatu duen alderdiak hori eskatzen badu.
- Herri Administrazioa:
- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legea, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duena. 35 d) artikuluan ezarri da herritarrek eskubidea dutela autonomia-erkidegoaren lurraldean hizkuntza ofizialak erabiltzeko herri-administrazioarekin dituzten harremanetan; 36. artikuluan ezarritakoaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorraren prozedurak gaztelaniaz izapidetuko dira. Dena den, interesdunek autonomia-erkidegoan ofiziala den beste hizkuntza ere erabil dezakete autonomia-erkidego horretan kokatutako Estatuko Administrazio Orokorreko organoetara jotzen dutenean. Kasu horretan, interesdunak hautatutako hizkuntzan izapidetuko da prozedura. Herri-administrazio instrukzio-egileak gaztelaniara itzuli behar ditu agiriak, espedienteak eta horien atalak, autonomia-erkidegoko lurraldetik kanpo ondoriorik izan behar badute, eta interesdunei zuzendutakoak, espresuki hala eskatzen badute.
- Azaroaren 12ko 4/2001 Lege Organikoa, Eskatzeko Eskubideari buruzkoa: 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskatzaileek Estatuko Administrazio Orokorrari edo horri lotutako organo publikoei eskaerak hizkuntza ofizialetatik edozeinetan egingo dizkiote, eta erantzunak jasoko dituzte autonomia-erkidegoetako estatutuen arabera koofizialak diren hizkuntzetatik edozeinetan. Erakunde publikoak espedienteak eta agiriak gaztelaniara itzuli beharko ditu autonomia-erkidegotik kanpo ondoreak sortu behar dituztenean edo horiek jaso behar dituztenek esanbidez hala eskatzen dutenean.
- Toki araubidea:
- Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituena: 14.2 artikuluaren arabera, udalerrien izena, gaztelaniazkoa, bakoitzaren autonomia-erkidegoan ofiziala den beste edozein espainiar hizkuntzatakoa edo bietakoa izan daiteke.
- Gizarte-komunikabideak, zinema, ikus-entzunezkoen sektorea, eta abar:
- Uztailaren 9ko 15/2001 Legeak, Zinematografia eta Ikusentzunezkoen Sektorea Sustatu eta Bultzatzekoak, pizgarriak ezarri ditu gaztelania barik beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzten zinematografiako eta ikus-entzunezko lanak ekoitzi eta erakusteko (5-6 art.).
- Uztailaren 5eko 17/2006 Legea, Estatuaren Irrati eta Telebistarena: xedeetako bat Espainiako hizkuntza- eta kultura-aniztasuna sustatzea izango da (3.2.e art.).
- Partikularren esparrua:
- Azaroaren 8ko 30/1995 Legea, Aseguru Pribatuak Antolatu eta Gainbegiratzekoa: kontratuaren polizak gaztelaniaz idatzita egon behar du, eta aseguru-hartzaileak hala eskatzen badu, beste hizkuntza batean (6. art.).
Parlamentuko erregelamenduak:
- Senatuaren 1994ko maiatzaren 3ko Erregelamendua (2005eko ekainaren 29ko aldaketaren ondoren): Senatua lurraldeko ordezkaritza-ganbera denez, Senatuko presidenteak, legegintzaldi bakoitzean Senatua eratzeko bilkuran, gaztelaniaz gain, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan izaera ofiziala duten hizkuntzak erabil ditzake (11 bis art.). Era berean, Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzorde Nagusiaren bilkuretan erabil daitezke, eta ganberako bilkura-aktan idatziz jasoko dira bai erabilitako hizkuntzan bai gaztelaniaz (56 bis 9 art.). 191. artikuluaren arabera, mozio, interpelazio edo galdera baten egileak horiek gaztelaniaz eta beste hizkuntza koofizial batean aurkezten baditu, ekimena hizkuntza horretan ere argitaratuko da. Amaitzeko, laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, herritarrak eta erakundeak Senatura edozein hizkuntza koofizialetan jo dezakete, eta ganberari horren itzulpena ere emango diote, izapideak behar den moduan egin daitezen.
Erregelamendu lerruneko arauak:
- Hezkuntza eta kultura esparruari dagokionez:
- Otsailaren 26ko 573/1976 Errege Dekretua (otsailaren 25eko 272/2000 Errege Dekretuak eta ekainaren 16ko 750/2006 Errege Dekretuak aldatua), Euskaltzaindia aitortu eta horren estatutuak onesten dituena.
Era berean, ez dira ahaztu behar Estatuko erregelamendu-lerruneko arau guztiak (ministro-aginduak, etab.). Hain ugariak direnez, ezin dira banan-banan aipatu mota honetako testu batean. Horietan laguntzak ezartzen dira Espainiako hizkuntza desberdinetan itzulpenak eta argitalpenak bultzatzeko eta espainiar literatura idatzia Espainiako hizkuntza ofizial guztietan irakurri eta zabaltzeko, dirulaguntzak ematen zaizkie hizkuntza koofizialak bultzatzen dituzten kultura-erakundeei, sariak ematen zaizkie hizkuntza koofizialetan ekoitzitako lanei, etab. Horrez gain, laguntzak eta diru-laguntzak ematen zaizkie Espainiako hizkuntza ofizialetan garatzen diren zinema- eta antzerki-lanei eta, oro har, arte eszenikoei.
Era berean, ugari dira erregelamendu-lerruneko xedapenak Estatuko liburutegi, artxibo eta museoei eta horiek hizkuntza koofizialetan ematen dituzten zerbitzuei buruz (errotulazioak, informazioa, argitalpenak, inprimakiak eta komunikazio ofizialak, etab.).
- Justiziaren esparruari dagokionez:
- Ekainaren 7ko 1/1995 erregelamendua, Karrera Judizialari buruzkoa: kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren lurraldeko jurisdikzio-organoen lehiaketetan hizkuntza koofiziala ezagutzea meritu gisa baloratzearen inguruko guztia arautzen du (108. art. eta h.).
- Otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretua, Justizia Administrazioko Ofizialen, Laguntzaileen eta Agenteen Kidegoen Erregelamendu Organikoa onesten duena: 54.9 artikuluan ezarritakoaren arabera, hizkuntza ofizial berezkoa duten autonomia-erkidegoen lurraldean plazak betetzeko lehiaketetan, hizkuntza hori ahoz eta idatziz ezagutzen dela behar den moduan egiaztatzen bada ziurtagiri ofizialaren bidez, ondore hauetarako soilik, gehienez ere sei punturekin baloratuko da. Eta bigarren xedapen gehigarrian ezarri da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza eta aipatu autonomia-erkidegoan euskara normalizatzeko egin daitezkeen planetatik eratorritako gainerako xedapenak arautzen dituen urriaren 17ko 224/1989 Dekretuan ezarritakoaren arabera, irizpide hauek hartuko direla kontuan: 2. hizkuntza-eskakizuna: bi puntu; 3. hizkuntza-eskakizuna: lau puntu; 4. hizkuntza-eskakizuna: sei puntu.
- Apirilaren 29ko 429/1998 Errege Dekretua, Idazkari Judizialen Kidegoen Erregelamendu Organikoa onesten duena: merituen balorazio-sistema ezarri da hizkuntza koofizialak ezagutzen diren kasurako (2.1 e art. eta 2. xedapen gehigarria).
- Apirilaren 5eko 326/2002 Errege Dekretua (otsailaren 3ko 92/2006 Errege Dekretuak, Karrera Fiskaleko ordezkoak izendatzeari buruzkoak, aldatu du): 5. artikuluan ezarri da hizkuntza koofiziala ezagutzea gehienez ere bi punturekin baloratuko dela.
- Herri Administrazioaren esparruari dagokionez:
- Otsailaren 12ko 334/1982 Errege Dekretua, hizkuntza koofiziala duten autonomia-erkidegoetan errepide, aireportu, geltoki eta interes orokorreko zerbitzu publikoetako seinaleei buruzkoa: errotuluek elebidunak izan behar dutela ezarri du.
- Apirilaren 14ko 489/1997 Errege Dekretua, autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan argitaratzeari buruzkoa. Legeak, Errege-Dekretu Legeak eta Legegintzako Errege-Dekretuak autonomia-erkidegoetako gainerako hizkuntza ofizialetan ere argitaratu ahal izango dira, erkidego horiek hala erabakiko balute, Nazioko Gobernuaren eta aipatu erkidegoen artean lankidetza-hitzarmenak sinatuta, argitalpen horien itzulpen, edizio eta banaketan lankidetzan aritzeko. Argitalpena Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Autonomia Erkidegoko aldizkari Ofizialean egin daiteke (1-2 art.). Horretarako, hitzarmenak sinatu dituzte Lehendakaritza Ministerioak eta Kataluniako Autonomia Erkidegoak (1998ko apirilaren 21a), Galiziako Autonomia Erkidegoak (1998ko ekainaren 18a), Valentziako Autonomia Erkidegoak (2000ko abenduaren 4a) eta Balear uharteetako Autonomia Erkidegoak (2001eko abenduaren 4a). Euskarari dagokionez, beste hizkuntza batzuen kasuan ez bezala, une honetan ez dago horren inguruko hitzarmenik, eta Estatuko arauak ez dira euskaraz argitaratzen. Era berean, hitzarmen zehatzak daude Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean testu ofizialak erregio-hizkuntzetara itzultzeko eta hizkuntza ofizial berezkoa duten autonomia-erkidegoetan lan egiten duten Estatuko Administrazioko funtzionarioen hizkuntza-trebakuntzarako.
- Irailaren 17ko 1465/1999 Errege Dekretua, irudi instituzionalaren irizpideak ezarri eta Estatuko Administrazio Orokorraren dokumentu-ekoizpena eta material inprimatua arautzen dituena: Estatuko Administrazio Orokorrak erabilitako barne seinaleak eta dokumentazio inprimatuaren ereduak elebidunak izango dira hizkuntza koofiziala duten lurraldeetan (5-6 art.).
- Herri Administrazioen Ministerioaren Agindua, 1990eko uztailaren 20koa, Estatuko Administrazio periferikoan lanpostu batzuk betetzeko arauak ezarri zituena, autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizial berezkoak ezagutzeari dagokionez. Bi aukera jaso dira: hizkuntza berezkoa ezagutzea esanbidez zehaztutako plaza batzuetarako lan-eskaintza publikoan parte hartzeko betekizuna izatea, edo hizkuntza berezkoa ezagutzea meritu gisa baloratzea plaza batzuk betetzeko, besteak beste: jendea artatzeko zerbitzua, dokumentazioa jaso eta erregistratzea, jendearekin nolabaiteko lotura duten kudeaketa-eginkizunak, eta hizkuntza koofiziala ezagutzea garrantzitsua den gainerako lanpostuak.
- Toki Administrazioari dagokionez:
- Uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretua, Udal Batzen Lurralde Mugaketa eta Biztanleriaren Erregelamendua onesten dituena: udalerrien izena gaztelaniazkoa, bakoitzaren autonomia-erkidegoan ofiziala den hizkuntzatakoa edo bietakoa izan daitekeela ezarri du (30. art.).
- Azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretua, Toki Erakundeen Antolaketa, Jarduera eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua onesten duena: 86, 110 eta 201. artikuluetan ezarri da bilkuren deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak eta Informazio Batzordeen irizpenak gaztelaniaz edo autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialean idatzi daitezkeela, aplikatzeko moduko legeriaren eta korporazioak egindako akordioen arabera. Eztabaidetan bi hizkuntzetako edozein erabil daiteke, eta bertsio elebidunean idatzitako aktak eta ebazpenak dagozkien liburuetan kopiatuko dira bi zutabeko sistema erabiliz, bakoitza hizkuntza baterako.
- Erregistroak eta Dokumentazioa:
- Erregistro Zibilari dagokionez, ministro-agindu batzuek ezarri dute gaztelaniaz gain hizkuntza koofiziala duten lurraldeetan eredu elebidunak erabiliko direla (1988ko maiatzaren 26ko agindua). Zehatz esanda, bizi- edo egoera-agirietan, Erregistroko akten ziurtagiri laburtuetan edo hitzez-hitzezkoetan, Familia Liburuan, etab. (1989ko uztailaren 20ko agindua). Amaitzeko, izen-abizenak hizkuntza ofizialetatik edozeinetan horiek duten onomastika-baliokidearekin ordeztu ahal izatea ezarri da. (Otsailaren 11ko 193/2000 Errege Dekretua, alderdi horiei dagokienez Erregistro Zibilaren Erregelamendua aldatzen duena).
- Baita dokumentazioaren arloan ere: esaterako, 1985eko apirilaren 18ko ministro-aginduak, titularraren izen berezia Espainiako hizkuntza ofizialetatik edozeinetan horrek duen onomastika-baliokidearekin ordeztea ahalbidetzen du Nortasun Agiri Nazionala berritzerakoan, edo ordezpena jasota duen Erregistro Zibileko ziurtagiri bidez edo Familia Liburuaren bidez. Familia Liburuan Erregistro Zibilak izenaren ordezte-eginbidea egin duela agertu beharko da.
Gaiari buruzko konstituzio-jurisprudentziaren laburpena
Konstituzio Auzitegiak gai honen inguruan duen jurisprudentzia honela labur daiteke: Auzitegiak argi utzi du hizkuntza-aniztasunaren lege-esparrua ez dela Konstituziora soilik bildu, baita autonomia-estatutuetara ere (ekainaren 26ko 82/1986 KAE).
Hizkuntza bat ofiziala dela aitortzeko, agintari publikoek haien artean eta subjektu pribatuekin baliozkotasun osoarekin eta ondore juridikoekin komunikatzeko bitarteko moduan aitortu behar dute. Modu berean, hizkuntza koofizialak dituzten lurraldeetan, partikularrek hizkuntza ofizialetako bat erabiltzeak baliozkotasun juridiko osoa du agintari publikoekin dituzten harremanetan, eta hizkuntza horiek edozein organismoaren aurrean erabiltzeko eskubidea Konstituzioan eta kasuan kasuko autonomia-estatutuan oinarritutako eskubidea da. Hezkuntzaren esparruan, Estatuak eta autonomia-erkidegoek gaztelania eta kasuan kasuko autonomia-erkidegoko hizkuntza berezkoa ezagutzea bermatzeko eginbeharra dute (urriaren 27ko 87/1983 eta 88/1983 KAE).
Epai berean azpimarratu da gaztelania ezagutzeko betebeharra soilik dagoela, eta kasuan kasuko autonomia-erkidegoetan koofizialak diren beste hizkuntza batzuk erabiltzea eskubidea dela, ez eginbehar indibiduala. Bestalde, autonomia-erkidegoari dagokio koofizialtasuna eta horren norainokoa arautzea, baina hizkuntzak kultura-ondare diren neurrian babestea Estatuari eta autonomia-erkidegoei dagokie.
Legeriaren bidez aztertu ditugun alderdi zehatzei dagokienez, administrazio-prozedurari dagokionez, hizkuntza bakar bat erabiltzea posible da, betiere, hizkuntza hori ezagutzen ez duela alegatu dezakeen interesdunaren eskubideak urratzen ez badira. Bestalde, agintari publikoek alderdiek adostasunez ezartzen duten hizkuntza erabiltzeko betebeharra dute. Era berean, erregio-hizkuntza ezagutzea meritua izan daiteke plazak betetzeko, betiere, bazterketarik egiten ez bada. Hizkuntza ofizialek maila bera dute kasuan kasuko autonomia-erkidegoetan. Hala ere, Justizia Administrazioaren esparruan, koofizialtasunaren norainokoa berezia da, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera (ekainaren 26ko 82/1986 eta 83/1986 KAE, Kataluniako Hizkuntza Normalizazioaren Legeari buruzkoa, eta ekainaren 26ko 84/1986 KAE, Galiziako Hizkuntza Normalizazioaren Legeari buruzkoa). Oraintsuko jurisprudentzian, Konstituzio Auzitegiak adierazi du, autonomia-erkidego batean kokatutako organo judizialei ez zaiela ezartzen bertako hizkuntza koofiziala ezagutzea, justizia bakarra baita Espainiako lurralde osoan. Beraz, epaileek hizkuntza koofizialean idatzita dauden eta ulertzen ez dituzten idazkiak itzultzea agin dezakete, horrela jokatzea haien jurisdikzio-eginkizuna betetzeko beharrezkoa denean. Hori dela eta, hizkuntza hori ezagutzea baloratzen den meritua den arren, ez da karrera judizialean sartzeko betekizuna, justizia bakarra baita nazioaren lurralde osoan, eta karrera judizialeko kideei lanpostua eta erkidegoa txandakatzeko aukera ematen baitzaie (apirilaren 13ko 105/2003 KAE eta irailaren 13ko 270/2006 KAE).
Adituen Batzordeak aurkeztutako Txostenean Espainiako Erresumari egiten zaizkion gomendioak
Gutunaren 15.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Espainiako Erresumak Europako Kontseiluko idazkari nagusiari Gutunaren aplikazioari buruzko hasierako aldizkako txostena aurkeztu zion, 2002ko irailaren 23an. Horixe izan da orain arte aurkeztutako txosten bakarra. Era berean, eta Gutunaren 16.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, txosten hori Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak aztertu zuen, eta Gutunaren 16.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, horren inguruko txosten bat egin zuen Ministroen Batzorderako, 2005eko irailaren 21ean. Estatu zentralaren lehia-arazoei dagokienez, Adituen Batzordearen txostena, oro har, positiboa da Espainiak erregio-hizkuntzei eta eremu urriko hizkuntzei ematen dien aitorpenaren eta babesaren inguruan, eta erregio-hizkuntzak eta eremu urriko hizkuntzak babestu eta sustatzeko konpromisorik handienetakoa duen herrialdeetako bat dela adierazi du. Hala ere, arazo zehatz batzuk aipatu eta horien inguruan zenbait iradokizun egiten ditu:
Justizia Administrazioaren esparruari dagokionez:
Batzordeak marko arau-emailea aldatzea gomendatu du argi gera dadin Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako agintari judizial, penal, zibil eta administratiboek prozedurak euskaraz egingo dituztela alderdi batek hala eskatuz gero; akusatuari modu formalean bermatu behar zaio euskara erabiltzeko eskubidea gaztelania menperatu arren; Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gune euskalduneko agintari judizialek, alderdietako batek hala eskatuz gero, prozedurak euskaraz egiteko betebeharra dutela prozesuko alderdiei jakinarazteko neurriak hartzea; Justizia Administrazioaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan euskaraz lan egin dezaketen langileen ehunekoa handitzeko beharrezko neurriak hartzea, zehatz esanda, epaile eta fiskalen artean, eta horretarako, trebakuntza-programa egokiak ezartzea Justizia Administrazioaren Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako langileei eta abokatuei bideratuta.
Herri Administrazioari dagokionez:
Espainiako agintariei beharrezko neurriak hartzea gomendatzen zaie nazioko lege-testurik garrantzitsuenak eta euskaldunei buruzkoak euskaraz ere eskura egon daitezen. Horretarako, neurririk egokiena euskarazko itzulpen ofizial bat argitaratzea izango litzateke gaztelaniazko bertsio ofizialarekin batera. Modu berean, beharrezko neurriak hartu beharko lirateke Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan kokatutako Estatuko Administrazioaren bulego guztietan askotan erabiltzen diren inprimakien eta testu administratiboen bertsio elebidunak herritarren eskura jar daitezen. Horrekin batera, Estatuko Herri Administrazioan ezarritako karrera- eta trebakuntza-egitura berrikustea eskatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan kokatutako Estatuko Administrazioaren bulegoetan lan egiten duten langileen ehuneko egoki batek euskara ezagutzen duela eta laneko hizkuntza moduan erabil dezakeela bermatzeko.
Toki Administrazioari dagokionez:
Espainiako agintariei Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan udal mailan euskararen erabilera sustatzeko moduak bilatzea gomendatzen zaie. Era berean, euskaldunek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan udal mailan ahozko eta idatzizko eskaerak euskaraz aurkeztea bermatu behar dute agintariek, baita toki erakundeek agiri ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan euskaraz argitaratzea ere.
Gizarte-komunikabideei, zinemari, ikus-entzunezkoen sektoreari, etab. dagokienez:
Txostenak agintari eskudunei gomendatzen die Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan euskarazko programak ematen dituzten irrati pribatu bat eta telebista-kanal pribatu bat gutxienez sortzea bultzatu eta/edo errazteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko komunikabide elektroniko pribatuetan eta Nafarroako irrati eta telebista programetan euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartu beharko lituzketela.
Txostenaren amaieran, Espainian erregio-hizkuntzei edo eremu urriko hizkuntzei buruzko kontzientzia sortu behar dela gomendatzen da, Espainiako komunikabideetan ia ez zaiolako arretarik eskaintzen Estatuko hizkuntza-aniztasunari, eta gaztelaniaz hitz egiten duten herritar gehienak ez direlako ohartzen Espainia herrialde eleanitza dela. Horregatik, gaztelaniaz hitz egiten duten herritarrak -gehiengoa direnak- eta nazioko komunikabideak hezteko ahalegina eskatzen da, erregio-identitateen berezitasunak onartu eta errespetatzea sustatzeko, Espainiako ondarearen osagai diren neurrian. Horren ildotik, ezinbestekoa da elkar ulertzea hobetzea eleaniztasunaren bertuteak eta elkarbizitza baketsu eta harmoniatsuaren funtsezko ideia sustatzeko.
Espainiak Adituen Batzordearen Txostenari egindako iruzkinak
Bestalde, eta Gutunaren 16.3 artikuluan ezarritakoa dela bide, Espainiako Gobernuak zenbait iruzkin egin zituen Adituen Batzordearen Txostenari buruz. Aipagarrienak jasoko ditut jarraian: Justizia Administrazioari dagokionez, Espainiako Gobernuak azpimarratu du hizkuntza koofiziala ezagutzea meritu gisa baloratzen dela, baina Konstituzio Auzitegiarentzat ez da betekizun funtsezko edo baztertzailea. Horrez gain, sistema judizialak justiziaren jarduna sustatzen du hizkuntza ezagutzeagatik bereizkeriarik egin gabe, eta inguruabar horrek ezin du justiziaren jarduna geldiarazi nazioaren lurraldeko edozein esparrutan. Espainiako arau juridiko nagusiak hizkuntza koofizialetan argitaratzeari dagokionez, Espainiako Gobernuak Kataluniako Generalitatearekin, Valentziako Generalitatearekin, Galiziako Xuntarekin eta Balear uharteetako Governarekin sinatutako hitzarmenak aipatu ditu, horiei esker Estatuko xedapenak dituzten Estatuko Aldizkari Ofizialaren eranskin batzuk argitaratu baitira katalanera, valentzierara eta galizierara itzulita. Komunikabideei dagokienez, Espainiako Gobernuak azpimarratu du nazioko irrati-kateek deskonexioak egiten dituztela autonomia-erkidegoetarako, eta horietan hizkuntza koofizialean aritzen direla, eta irrati publikoaren kanal batek programazio osoa katalanez egiten duela (Radio 4) eta gainerako kasuetan, irrati publikoa (RNE) astean zenbait orduz Kataluniako, Balear uharteetako eta Galiziako hizkuntza koofizialetan aritzen dela, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Valentziako Autonomia Erkidegoan albisteak gaztelaniaz eta hizkuntza koofizialean ematen dituztela. Estatuko telebista publikoari dagokionez (RTVE), egunero-egunero deskonexioak egiten ditu autonomia-erkidegoetan, eta horietan hizkuntza koofizialean ere aritzen da.
Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Gutunak Espainian izan beharreko aplikazioari buruz emandako gomendioa
Amaitzeko, Ministroen Batzordeak, Espainiak eta Adituen Batzordeak aurkeztutako txostenak eta Espainiak Adituen Batzordearen txostenari buruz egindako iruzkinak ikusita, 2005eko irailaren 21ean, erregio-hizkuntzen eta eremu urriko hizkuntzen Europako Gutuna Espainian aplikatzeari buruzko gomendio bat onetsi zuen (RecChL gomendioa (2005) 3). Estatu zentralaren eskumenei dagokienez, batez ere, Espainiak Justizia Administrazioaren esparruan beharrezko neurriak hartu behar dituela azpimarratu zuen autonomia-erkidego elebidunetako Justizia Administrazioko langileen ehuneko egoki batek hizkuntza koofizialen ezagutza praktikoa duela bermatzeko. Gomendio bera egiten da Estatuaren Administrazioak autonomia-erkidego elebidunetan dituen langileei dagokienez. Amaitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko komunikabide pribatuetan eta Nafarroako irrati- eta telebista-programetan euskararen erabilera sustatzea eskatu du.
Oinarrizko bibliografia
- AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, I. "Reflexiones jurídicas sobre la oficialidad y el deber de conocimiento de las lenguas" in ZZ.AA. Estudios sobre la Constitución Española. Homenaje al Profesor Eduardo García de Enterría. Madril: Ed. Civitas, 1991, II. liburukia.
- AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, I. Diversidad y convivencia lingüística. Dimensión europea, nacional y claves jurídicas para la normalización del euskara. Donostia/San Sebastián: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2003.
- COBREROS MENDAZONA, E. El régimen jurídico de la oficialidad del euskara. Oñati: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 1989.
- EUSKARAREN GIZARTE ERAKUNDEEN KONTSEILUA. EAEko Administrazio orokorraren euskalduntze prozesua. 1989-2004. Emaitzak eta III. Plangintzaldirako asmoei buruzko Kontseiluaren irakurketa. 2004.
- HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA. Espainiako Estatutuko Administrazio Orokorra eta euskaldunon hizkuntz eskubideak (2003). www.behatokia.org
- HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA. An application of the Spanish state's evaluation of the European Charter for Regional or Minority Languages to Euskara, the Basque language (2003). www.behatokia.org
- HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA. Hizkuntz eskubideen egoera Euskal Herrian. Gaur egun arteko urteko txostenak kontsultatu daitezke, web-orrialde honetan: www.behatokia.org
- IRIONDO, X. "Hizkuntz eskubideak kontzeptu juridikoa eta Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala". Udako Euskal Unibertsitatearen Zuzenbide Saila, Hizkuntz eskubideetan trebakuntza. Iruñea: 2003.
- IRIONDO, X. Hizkuntza gutxituen lege statusa. HIZNET Hizkuntza Plangintza Ikastaroa 2003-2004. Asmoz, 2003.
- KASARES, P. "Cinco status diferentes para la lengua vasca y los derechos lingüísticos" in Linguapax, Actas del Congreso Mundial sobre Políticas lingüísticas, Bartzelona: 2002. www.linguapax.org/congres/indexcast.html
- KASARES, P. Hizkuntz eskubideak Euskal Herrian. Zer eskubidez ari garen eta zertan diren. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, Giza Eskubideen Institutua, 2004.
- REVISTA INTERNACIONAL DE LOS ESTUDIOS VASCOS. "15 años de la Ley del Euskera en Navarra", 2001. urtea, 46-2.
- ZZ.AA. "Euskararen Normalkuntzarako Legea aztergai". Eleria, 2000. urtea, 5. zk. (zenbaki monografikoa).
- ZZ.AA. Hizkuntzen Europako urtea. Euskararen egoera juridikoa Nafarroan / Año Europeo de las lenguas. La situación jurídica del euskara en Navarra. Iruñea: Euskara Kultur Elkargoa, 2002.
- ZZ.AA. Carta Europea de las lenguas regionales o minoritarias. Una perspectiva sobre su aplicación. Iruñea: Euskara Kultur Elkargoa, 2003.
- ZZ.AA. "Nafarroako Euskararen Foru Legea aztergai". Eleria. 2003. urtea, 11. zk. (zenbaki monografikoa).
(SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ Euskaltzaindiaren Jagon saileko Sustapen batzordeko kidea da)
Oin-oharrak
- (1) Eskerrak eman nahi dizkiot Arantza Etxebarria Iturrate andreari, Euskal Gaien Institutuko Euskarazko Irakaskuntzaren Laguntza Guneko terminologoari, lan hau egiten lagundu didalako.
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1166112167