Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Elhuyar Hiztegiaren hirugarren argitalpena

Elhuyar Hiztegiaren hirugarren argitalpena

2006-12-14 / 07:00 / Elhuyarren Hiztegigintza Saila   HIZKUNTZA

Elhuyar-ek bere Euskara-Gaztelania / Castellano-Vasco hiztegiaren edizio berritua plazaratu du, hiztegiaren lehen argitalpenaren hamargarren urteurrena bete denean. Jarraian, hirugarren argitalpenaren arduradunek edizio berri honen ezaugarri eta edukien berri emango digute.

Sarrera

Sarrera

Euskara-Gaztelania / Castellano-Vasco Elhuyar Hiztegia-k hamar urte bete ditu dagoeneko. 1996an argitaratu zen hiztegiaren lehen edizioa, garai hartan euskara-gaztelania hiztegi elebidunen alorrean zegoen behar larriari erantzun nahian. Hiztegi hark, gainera, Elhuyar Fundazioaren hiztegigintzaren oinarriak sendotu zituen, eta, geroztik, zabaldu egin dugu euskal gizarteari eskaintzen dizkiogun hizkuntza-hiztegi orokorren gama, gaur egun Elhuyar Fundazioak argitaraturik dituen zazpi hiztegien multzoa osatu arte.

Handik lau urtera, 2000. urtean, berriturik argitaratu zen Elhuyar Hiztegia, Euskaltzaindiak Hiztegi Batua-ren lehen bertsioa gizarteratu eta hilabete gutxira. Euskararen historian hain garrantzi handia izan duen gertakari hori Elhuyar Hiztegia-n lehenbailehen islatzeko ahalegin handia egin zuen Elhuyar Fundazioak, gure lanak lexikoaren normalizazioan eragin lagungarria izan lezakeelakoan.

Gaur den egunean, euskara-gaztelania hiztegien alorra duela hamar urte baino landuagoa eta joriagoa da, eta horren erakusgarri argia da hiztegi-produktu gehiago daudela orain merkatuan. Elhuyar Fundazioak heldu nahi dio kalitateko hiztegiak merkaturatzeko apustuari, eta horren emaitza da orain, hamar urte betetzearekin batera, merkaturatu dugun eta esku artean duzun 3. edizio berritu, osatu eta eguneratu hau. Ahalegin honen bidez, Elhuyar Fundazioak dagokion apurra egin nahi du euskal hiztegigintzak aurrera egin dezan eta bizirik eta eguneraturik iraun dezan.

Duela hamar urte bezala gaur ere, gure xedea da Elhuyar Hiztegia tresna erabilgarria eta bateratzailea izatea. Beraz, erabiltzailearen beharrak asetzea eta euskararen normalizazioa bultzatzea dira gure lanaren jomuga nagusiak. Elhuyar Fundazioak argitaratzen dituen hiztegiek, eta, bereziki, Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco Hiztegia-k izan duten harrera onak ikusarazten digu egindako lana baliotzen dutela erabiltzaileek, eta harro esan dezakegu Elhuyar Hiztegia-k lortu duela erabiltzaileen erreferentzietako bat izatea. Pizgarri handia da Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua-ren lantaldeak aztertzen dituen materialetan Elhuyar Hiztegia-ren erreferentziak azaltzea, eta orobat Elhuyar Hiztegia-ren edukiak hainbat azterlan, artikulu eta eztabaidagunetan aipatu izana. Poza hartu dugu, gainera, azken urteotan argitaratu diren hiztegi elebidun nagusietan gure lehen edizio hartan bertan hiztegia egiterakoan oinarrizkotzat jo genituen irizpide batzuk aldarrikatu direla ikusita, hala nola hizkuntza bateko hitz baten ordainak ez duela zertan beti "hitz" bat izan, sintagma edo perifrasia izan daitekeela batzuetan; edo adibideen bidez balia gaitezkeela zenbaitetan hiztegiaren formatu- eta komunztadura-muga estuek bideratzen ez dituzten itzultze-modu naturalak ikusarazteko.

Elhuyar Fundazioak giza eta diru-baliabide handiak ezarri ditu gure hiztegigintzaren oinarri teknologikoa eraberritzeko eta hobetzeko. Hain zuzen ere, argitaratzen ditugun hizkuntza-hiztegi guztiak biltzen dituen datu-base sistema errotik birdiseinatu dugu. Horren inplementazioaren emaitza ElhDB datu-basea da, Elhuyarren hiztegi-produktuen kalitatea eta koherentzia bermatzeko aukera ematen duen baliabide lexikografiko ahaltsua.

Aurreko bi edizioak aurkeztean esan genuen eran, maiz entzuna dugu hiztegia, argitaratu orduko, zahartzen hasten dela, hizkuntzak, bizirik badago, bere bidea egiten baitu, bizitzarekin batera aurrera baitoa, etengabe eraberrituz, hitz eta esapide berriak hartuz edo sortuz. Beraz, jakin badakigu bertatik hasi beharra daukagula hurrengo edizioa prestatzen, baina orain aurkezten dizugun edizio honek euskararen eta gaztelaniaren gaur egungo lexikoaren bilduma adierazgarri eta erabilgarria izatea izan du helburutzat, eta Elhuyar Fundazioko hiztegigintza-saila pozik legoke hein batean bederen lortu dugula jakinik. Beti bezala, zeu zara, irakurle, gure lanaren azken epailea.

Hiztegiaren ezaugarriak

Elhuyar Hiztegia-ren lehen helburua bi hizkuntzen ondare lexikal adierazgarria biltzea izan da, ez oinarri-oinarrizko lexikoa lantzea soilik, eta, horretarako, 89.798 sarrera aurkezten dizkizugu, bi ataletan banatuta. Lexiko arruntaz edo orokorraz gain, lexiko teknikoa edo espezializatua ere landu dugu, hirurogeita zazpi jakintza-alor bereizita. Hitz anitzeko hizkuntza-unitateak ere landu dira (hitz-elkarteak, terminoak, kolokazioak, gramatika-egiturak, lokailuak, esapideak eta abar); 20.731 dira guztira. Bestetik, adibide ugari gehitu ditugu sarreren zein azpisarreren ordainen ondoren; guztira, 100.000 inguru dira. Azkenik, onomastika-alorreko 3.150 sarrera inguru bildu dira atal bakoitzean.

Lexikoa. Iturriak

Euskarazko lexikoari dagokionez, Elhuyar Hiztegia-ren asmoa euskal tradizioaren ikerketan zein euskararen normalizazioan egindako lanen eta emandako aurrerapausoen biltzaile eta islatzaile izatea da, eta euskara-gaztelania ataleko sarrerak hautatzerakoan zein beren adierak zehazterakoan halaxe jokatu dugu ahal izan den guztietan.

Hiztegiak jasotzen duen euskarazko hizkuntza-unitateen multzoa eratzeko, hainbat iturri izan ditugu oraingoan ere. Lan klasikoez gain (nagusiki R.M. Azkue, P. Lhande eta P. Mujikaren hiztegiak), euskara batuaren sorreraz geroztikoak ere izan dira informazio-iturri. Edizio honetarako, bereziki kontuan izan ditugu azken urteotan argitaratutako hainbat lan. Nagusiak hauek izan dira:

Informazio-iturri horiez gain, hona hemen gure hiztegigintza-lanean erabili ditugun eta eragina izan duten beste zenbait obra:

  • I. Sarasolaren Euskal Hiztegia, Euskara Batuaren Ajeak (Alberdania), Oinarrizko Hiztegia (Anaya-Vox), Euskara Ikaslearen Hiztegia (Vox) eta Zehazki (Alberdania)
  • Adorez taldearen 3000 Hiztegia eta Sinonimoen Hiztegia.
  • Labayru Ikastegiaren Labayru Hiztegia eta Diccionario Labayru.
  • P. Xarriton eta X. Kintanaren Euskara-Frantsesa/Français-Basque Hiztegia.
  • M. Morris-en Morris Student Plus Hiztegia
  • UZEIren Sinonimoen Hiztegia
  • Lur hiztegiak.
  • Ereinek argitaratutako Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen Anatomiako Hiztegia.
  • HAEEren Hizkera Argiaren Bidetik liburuko hiztegia, Lan Zuzenbideko Hiztegia eta Zirkulazio Hiztegia.
  • Euskaldunon Egunkariaren Estilo Liburua.
  • Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen Urratsak saila.
  • Didaktikerren Euskal Gramatika Osoa.
  • Elhuyar Fundazioaren hiztegigintza teknikoaren alorretik,
    • Eusko Jaurlaritzarentzat egindako Ingurumen Hiztegi Entziklopedikoa
    • Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Diputazioek enkargaturik prestatutako Gizarte Laneko Hiztegia
    • EEEE—Energiaren Euskal Erakundearentzat egindako Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa
    • Giza Anatomiako Poltsiko Atlasa itzulpena
    • EHUGETek egin eta Elhuyarrek argitaraturiko Geologia Hiztegi Entziklopedikoa
    • Ezagutzaren Clusterrarentzat prestatutako Enpresa Kudeaketa Aurreratuko Hiztegia (Euskalterm-en kontsulta daiteke)
    • Euskaltelentzat egindako Telekomunikazio Hiztegia.

Lokuzioak direla eta, aipamen berezia merezi dute honako lanok:

Azkenik, uste dugu bereziki nabarmentzekoa dela 2. edizioa prestatu genuenean euskaraz eskura ez zegoen baliabide-mota bat kontsultatu ahal izan dugula oraingoan: corpusak. Une honetan euskaraz corpustzat aurkez daitezkeen baliabideak hauek dira:

Bakoitzak bilaketarako eskaintzen dituen aukerez baliatzen saiatu gara Elhuyar Hiztegia lantzerakoan, batez ere hitzen erabilera haztatzeko eta erabilera-adibide errealak aurkitzeko. Baliabide horiek kontsulta beste analisi-aukerarik eskaintzen ez badute ere, informazio-iturri oparoak dira, eta ikertzaile eta hiztegigileentzat berri ona da horiek bildu eta kontsultagai jarri izana.

Euskal lexikoa eguneratu eta osatzeko erabiltzen dugun iturri arau-emaile nagusia, esan gabe doa, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua da. Euskaltzaindiak zenbait hizkuntza-unitate baztertu edo bigarren mailakotzat eman ditu, aldaera geografikoak izan, euskalki-marka izan edota ordezko egokiago bat duten heinean. Euskal hitzen grafietarako Hiztegi Batua-k egindako onespen eta hobespenak, eta adierei buruz eman dituen oharrak ere, Elhuyar Hiztegia-ren 2. edizioan hiztegiratu genituen, 2000. urtean, Euskaltzaindiak Hiztegi Batua-ren lehen bertsioa gizarteratu zuenean. Geroztik, Euskaltzaindia etengabe ari da Hiztegi Batua osatzen eta lan horren emaitzak aldian behin Interneten argitaratzen. Horiekiko ahalik eta eguneratze-lan handiena egiten ahalegindu gara. Horrezaz gain, Euskaltzaindiaren bestelako arau, gomendio eta lanak ere aintzat hartu dira. Baina Hiztegi Batua ez da hizkuntza-unitateen estatusa erabakitzeko iturri bakarra izan; hizkuntza teknikoan edo terminologian, Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeak Euskalterm-en egindako hobespenak ere kontuan hartzekoak dira.

Horren arabera, euskarazko hizkuntza-unitateak hiru estatusetakoak edo mailatakoak izan daitezke Elhuyar Hiztegia-n: unitate onargarriak, bigarren mailako unitateak (hau da, ondoan hobetsitako hizkuntza-unitatea dutenak) eta baztertzekoak edo onargarritzat jotzen ez direnak.

Hizkuntza-unitate bat onargarria ez denean, unitate onetsirako bidaltze-oharra ipini da (Ik.) Hizkuntza-unitate onetsia azpisarrera lexiko edo lokuzio denean, letra lodiz adierazi da unitate hori zein sarreratan dagoen.

Euskara-gaztelania atalean, hizkuntza-unitate bat bigarren mailan onartu denean, hau da, beste bat hobetsi denean, hobetsitako unitatea letra lodiz azaltzen duen oharra erantsi da (hobe adierazten duen h. laburduraz).

Gaztelaniazko sarrera-multzoa hirurogeita hamar mila lemako bilduma bat aztertuz eta hautaketa eginez osatu da. Amerikanismoak bazter utzi dira. Oro har, Real Academia Españolak bere Diccionario de la Lengua Española eta Diccionario Panhispánico de Dudas hiztegietako grafiak hobetsi ditugu, gaztelaniazko hiztegietan RAEren grafia gabe berariaz beste bat aukeratu denean salbu (aukera hori erabilera kontuan hartuz egiten da ia beti). RAEk Interneten kontsultagai dituen Corpus de Referencia del Español Actual (CREA) eta Corpus Diacrónico del Español (CORDE) ere erabili ditugu kontsultarako (www.rae.es).

RAEren hiztegian ez dauden hitzak ere sartu dira, hark onetsi ez arren beste hiztegietan ageri badira eta gaur egun gaztelaniaz biziak badira. Gaztelaniazko zenbait hiztegitan sarrera ez diren atzizkidun hitz batzuk (-mente, -dor, -ble eta abarrez osatuak) gurean ere ez dira sistematikoki sarrera, nolaz eta, gurea hiztegi elebiduna izaki, itzulpenaren ikuspuntutik informazioa ematea merezi duela iritzi ez diogun. Gorago aipatutakoez gain, honako obra hauek aipamen berezia merezi dute, besteak beste:

  • M. Moliner-en Diccionario de uso del español.
  • M. Seco, G. Ramos eta O. Andrés-en Diccionario del español actual eta Diccionario fraseológico documentado del español actual.
  • SM Ediciones-en Clavee—Diccionario de uso del español actual.
  • Gran Enciclopedia Larousse.
  • RAEren Ortografía de la Lengua Española.

Estatusari dagokionez, gaztelaniazko grafia bat onargarritzat jo ez denean, dagokion sarrera gomendatura joateko bidaltze-oharra egin dugu (V.).

Amaitzeko, azpimarratzekoa da Elhuyarrek erabiltzaileen hainbat ohar jaso dituela, gaztelaniazko hitz, termino eta esapideen ordainak emateko proposamen berriak eginez, zuzenkizunak iradokiz, falta den euskarazko zein gaztelaniazko hitz, termino edo esapide batez ohartaraziz, eta abar. Gainera, euskararen hizkuntza-ereduari buruz piztu diren eztabaidak, itzultzaileen arteko informazio-trukean landu diren gaiak eta egin diren proposamenak, denak ere kontuan hartzekoak dira.

Artikuluaren egitura. Adierak bereizteko eta ordainak emateko irizpideak

Hiztegian eman diren hizkuntza-unitateak sarrera eta azpisarrera motako hiztegi-unitatetan antolatu dira. Azpisarrerak hitz anitzeko unitateak izaten dira, eta lexiak (izen-sintagma egiturako unitateak, terminoak zein kolokazioak) edo lokuzioak izan daitezke (kasu-atzizkidun forma lexikalizatuak, gramatika-egiturak, esapide idiomatikoak, kolokazioak...). Azpisarrerak hiztegi-unitate nagusi baten barnean antolaturik daude (antolatzeko modua dela eta, ikus aurrerago Ordenazio-irizpideak atala).

Sarrera-hitzaren ondoan, adieren eta ordainen aurretik, sarrerari buruzko informazio osagarria agertzen da: sarreraren formari buruzko oharra, gramatika-kategoria, erabilera-oharrak... Adierak kategoriaka multzokatuta daude, eta, adieraren kategoria aldatzen denean, ikurraren bidez ohartarazten dugu erabiltzailea.

ostatatu, ostata, ostatatzen. da ad. 1. Hospedarse, alojarse.
Herriko hotelean ostatatu ziren: se hospedaron en el hotel del
pueblo. du ad.
2. Hospedar, alojar, albergar; dar posada.

Eremu geografikoaren edo euskalkiaren, hizkuntza-mailaren eta jakintza-alorraren markak hizkuntza-unitatearen adiera guztiei dagozkienean, adieren aurretik ipintzen ditugu; bestela, dagokion adiera-zenbakiaren ondoren. Euskara-gaztelania ataleko euskalkiaren eta eremu geografikoaren markak direla eta, argi gera bedi euskal hitz batek euskalki-marka izateak ez duela baturako edo estandarrerako onartzen ez denik besterik gabe adierazi nahi. Anitz hitzari GN/Ipar. marka (goi-nafarrera eta Iparraldea), berba-ri B marka (bizkaiera) edo korrika-ri G marka (gipuzkera) eranstea hitzaren hedadurari buruzko informazioa baizik ez da, eta ez du inork delako hitza euskara batuan baztertzekoa denik ulertu behar. Gaztelania-euskara atalean unitate horiek ordain izan daitezke, gehienetan markatu gabe. Alabaina, ordain horiek Euskaltzaindiak hizkuntza estandarrerako ezarritako baldintza minimoa betetzen ez duten eremu mugatuko maileguak direnean, baina gaztelaniazko unitatearentzat beste ordainik ez eta eman behar izan ditugunean, eremu geografikoaren markak ezarriz adierazi ditugu.

gasolina. s.f. Gasolina (Heg.); ezantza (Ipar.)

Estandarrerako onargarria edo egokia ez dela iritzi diogunean, hitza edo adiera ez da sartu gaztelania-euskara atalean (behatz hitzean G/GN marka duen adiera dedo de la mano o del pie da, baina gaztelania-euskara ataleko dedo hitzean dagoen behatz ordainari buruz oinekoa baino ez dela esaten da).

behatz. iz. 1. Dedo [ del pie ]. 2. (G/GN) Dedo [ de la mano o del pie ].
dedo. s.m. [ del pie o de la mano ] Hatz; [ de la mano ] atzamar, eri; [ del pie ] behatz.

Honi loturik, atal batean zein bestean sarrera baten ordain-zerrendan albait sinonimo gehien sartzen ahalegindu garela esan behar da, hedatu edo erabilienak lehenik, eta ondoren forma dialektalak, ez hain erabiliak eta mailegu berriak ordenatuz. Nolanahi ere, hiztegiaren muga fisikoek zenbait hitzen ordain diren sinonimo guztien zerrenda agertzea galarazten dute.

Euskarazko sarrera-hitzaren ondoan agertzen den marketako bat neol. da; argitu egin behar da, ordea, euskarazko hitz berri guztiak ez direla neologismotzat jotzen, eta izendapen hori mende honen lehen erdialdean era berezian asmatutako hitz batzuetarako gorde dela: aberri, ikurrin, lehendakari. Onomastikako leku-izen berezia denean, dagokion jentilizioa eman dugu sarrera-hitzaren ondoan, parentesi artean; sigla bada, honen forma garatua ageri da ondoan; eta forma laburtua edo sigla, berriz, forma garatuaren sarreraren ondoan.

Polisemia denean, informazioa xehatu egin dugu. Adibidez, erabiltzaileari esplizituki adierazten bazaio bihotz hitzak, zirkulazio-aparatuko organoaz gain, corazón hitzak duen sentimendu, emozio edo maitasunaren gunearen adiera ere baduela, audacia, valor hitzen baliokidea ere badela, edo maitasunezko deiki moduan erabil daitekeela (ene bihotza!) eta abar, informazioa xehatuagoa eta zehatzagoa du bihotz = corazón dela esanez baino. Halaber, irakurleari argi adierazi behar zaio fruituek gaztelaniaz corazón badutela, baina landareek médula, euskaraz biek bihotz-a duten bitartean. Horrela jokatu ezik, errazkerian eror gaitezke askotan eta, ondorioz, erabiltzailea hitzen arteko ordain-erlazio okerrak sortzeko bidean jarri.

Beraz, erabiltzailea okerreko bidetik zuzendu nahi ez bada, komenigarria da, hizkuntza-unitate baten adiera bati halako ordaina esleitzen zaionean, delako ordainaren zein adierarekin lotzen dugun adieraztea. Horretarako, adierak xehe bereizi ditugu, eta, argigarririk behar denean, marka semantikoak (gako zuzen artean, letra etzanez), jakintza-alorraren markak, adibideak eta abar erantsi ditugu. Esanahi bera izan arren, ordaina kategoriaren arabera alda daiteke. Adibidez, albergar aditza iragankorra eta pronominala izan daiteke; ostatatu-k bietarako balio du, baina ostatu eman-ek iragankorrerako (albergar) eta ostatu hartu-k bigarrenerako soilik (albergarse). Horrelakoak adiera banatan eratu dira. Gramatika-hitzak (determinatzaileak, izenordainak, preposizioak, juntagailuak, lokailuak, postposizioak eta abar) zein gramatika-egiturak oso zaindu ditugu, erabilera-oharrez (parentesi artean, letra arruntez) eta adibide ugariz hornituz. Kontuan izan behar dugu maiz egituren arteko baliokidetza era abstraktuan adierazi behar izaten dela, gramatika-kategorien laburdurak, gramatika-atzizkiak edo azalpen orokorrak erabiliz. Horrelakoetan, adibideak ematea halabeharrezkoa da, bai jatorrizko hizkuntzan delako gramatika-hitz edo -egitura nola erabiltzen den bai helburu-hizkuntzan nola adieraz daitekeen azaltzeko.

Bestalde, adieraren ordain-zerrenda ere egituratu egin dugu. Adiera bakoitzeko ordainak, haien arteko baliokidetza-maila irizpidetzat hartuta, kide-multzotan bildu ditugu, puntu eta komaren bidez bereizita. Artikulua atalkatze honetan sortutako adiera zein kide-multzoei beharrezko informazioa gehitu diegu, erabilera-oharren eta marka semantikoen bidez. Hortaz, marken informazioa adierarena izan daiteke:

abade. iz. 1. Abad. 2. (B) Sacerdote.
halo. s.m. 1. [ de santos ] Argi-koroa, aureola. 2. (Astron.) [ del Sol, de la Luna ] Zisku, halo.

Adiera barneko banaketarena:

ahoskera. iz. [ hitzak, hotsak ] Pronunciación, articulación; [ ahotsa ] entonación, modulación. Ahoskera ez zen hain maitekorra: su modo de hablar no era tan cariñoso. Euskal kontsonanteen ahoskera: la pronunciación de las consonantes vascas.
ampliar. v.tr. Handitu, handiagotu; zabaldu, hedatu; [ cantidad ] gehitu; [ tiempo ] luzatu. Es necesario ampliar el local: aretoa handitu egin behar da. Para este trabajo necesitamos ampliar datos: lan hau burutzeko datuak gehitu beharrean gaude. Han ampliado el plazo de inscripción: luzatu egin dute izena emateko epea.

Edota ordain-multzoarena:

jaurtigailu. iz. 1. (Arm.) (batez ere hitz-elkarteen bigarren osagai gisa) Lanzador; lanza- (en composición). Granada-jaurtigailua: lanzagranadas. 2. (Astronaut.) [ kohetea ] Lanzador.
biográfico, -a. adj. Biografiko; biografia- (hitz-elkarteetan). Datos biográficos: biografia-datuak, datu biografikoak.
ibaiertz. iz. Orilla, margen, ribera [ de un río ]
2 robo. s.m. Erregu [ pisu-neurria ]. Dos robos de grano: bi erregu bihi.

Eremu tekniko edo berezituetan polisemia murrizteko joera izan ohi da: sonido adierazteko, Fonetikan hots erabiltzen da, baina Fisikan soinu, hizkuntza arruntean biak baliokide samar izan litezkeen arren; urtu hizkera arruntean fundir eta disolver izan daiteke gaztelaniaz, baina zientzia eta teknologian fundir baino ez da, eta disolver-erako Kimikan disolbatu erabiltzen da. Zalantzarik gabe, hiztegiak horren berri eman behar du eta, horretarako, adierak bereizi egin behar dira. Biologian, landare- eta animalia-izenek tratamendu berezia izan dute. Izan ere, biologoek, elkarri ulertuko badiote, espezie jakin baten izen arrunt zehatza behar dute, eta herri-izendapen ugarietatik aukeratu egin behar da halabeharrez. Lan horretarako, UZEIren izendegiari estu lotu gatzaizkio. Gaztelania-euskara atalean, aipatu izendegiak hobetsitako izenak eman ditugu, latinezko izendapenarekin batera. Euskara-gaztelania atalean, forma nagusi horren sinonimo diren herri-izendapenak ere sarrera dira, ordaina badute, baina forma hobetsia zein den ere adierazten da. Espezie-izen zientifikoa, berriz, forma nagusian baino ez dugu eman. Jakintza-alor batzuetan, medikuntzan esaterako, izen tekniko zehatza eta tradiziozko herri-izen batzuk batera gertatzen dira. Izen horiek ez dira batzuetan oso zehatzak izaten eta, esate baterako, gorputz-atal, organo edo gaixotasun bat baino gehiago izendatzeko erabiltzen dira. Esate baterako, hazteri, zaragar, hatz eta ezkabia gaztelaniazko sarna gaixotasunaren euskarazko izenak dira. Baina ezkabia bera tiña eta azaleko beste zenbait gaixotasunen izena ere bada. UZEIri jarraituz, hazteri hartu dugu sarna adierazteko eta ezkabia, berriz, tiña-rako. Izen tekniko horiek jakintza-alorraren markaz hornitu ditugu, eta berori da hiztegiaren beste atalean eskaintzen den lehen ordaina. Gainerakoak, agertzekotan, (herr.) markaz agertzen dira.

Ordainak eta adibideak. Adibideen itzulpena

Jakitun gara, noski, hiztegiak mugak badituela. Bistan dena, bi hizkuntzaren elementuen arteko baliokidetzak ez dira beti hiztegia bezalako egitura batean orokortu eta sistematizatzeko modukoak eta, horrez gain, hainbat esanahi, adiera eta ñabardura ezin dira batetik bestera zuzenean itzuli. Hiztegi elebiduna ez da itzulpen-tratatua, ezin du itzultzailearen arazo guztien konponbidea eskaini. Bere funtzioa hizkuntza bateko elementuak bestearenekin harremanetan jartzea da, delako harremana argi, zehatz eta orokorra edo, bestela, erraz muga daitekeen testuinguru-multzo batean baliozkoa denean.

Hala ere, adibideetan askatasunez jokatu dugu, ordain-zerrenda hutsak nahi bezain argi ezin bidera ditzakeen eta jator eta naturalago diren itzulpenak eskainiz. Horregatik, ez bedi irakurlea harritu batzuetan hitz baten ordain-zerrendan ageri diren formak adibideetan erabilitakoen berdin-berdinak ez badira. Hiztegiak gutxieneko komunztadura agintzen du, eta batzuetan itzulpen egokia osatzeko balio dezakeen forma edo eraikuntza ezin da ordain gisa bere horretan eskaini. Adibidez, nahikoa kasu sistematikoa gaztelaniazko ekintza-izenak dira. Gaztelaniak joera eta erraztasun handia du realizar una acción modukoak egiteko euskaraz aditza erabiliko litzatekeen tokian: reparto hitzaren ordainak bere adiera orokorrean banaketa, banatze dira, baina el reparto del libro se realizará a domicilio esaldia liburua etxez etxe banatuko da esango genuke gehienetan (honekin ez dugu adierazi nahi liburuaren banaketa etxez etxe egingo da esaldia gaitzesten denik, realizar el reparto adierazteko banatu aditza erabiltzea arruntagoa eta euskal joskerari lotuagoa dela baizik). Alderantziz ere gertatzen da batzuetan: zapokeria hitzaren ordainetako batzuk intriga, conspiración eta traición dira; horiek zapokeria egin diote ordea, ésos le han traicionado itzuliko genuke. Bestalde, euskarazko egin bidezko aditz elkartuek zenbait testuingurutan (empezar a, aprender a) lanean moduko forma hartzen dute, hots, ha empezado a trabajar: lanean hasi da eta ez lan egiten hasi da. Horren berri emateko modurik egokiena adibideak eranstea da, nahiz trabajar-en ordainetan lan egin, behar egin jarri. Situación-en adiera bat "norbait edo zerbait dagoen tokia" da, eta hiztegian norbait/zerbait dagoen toki, norbait/zerbait dagoen leku; posizio jarri dugu; adibidean, ordea, la situación del barco no es conocida: ontzia non dagoen inork ez daki jarri dugu. Horrelakoak kasu bakanak izan gabe nolabait orokortzeko modukoak badira, adieran bertan edo aparteko adieran azaldu dugu. Adibidez, abusar aditza "zerbait gehiegi edo gehiegizko neurrian egitea" da (no abuses de la bebida: ez ezazu gehiegi edan); ordainetan gehiegi egin (dagokion ekintza) jarri dugu; durar euskaraz iraun dela esan ohi da, baina todavía le dura el cabreo esaldia euskaldun gehienek oraindik haserre dago modukoaren bidetik itzuliko lukete, eta, aukera hori nolabait jasotzearren, aparteko adiera batean (oraindik) egon/izan/eduki ordaina eskaintzen da.

Azaldu dugu jadanik hiztegian sarreraren eta ordainaren kategorien arteko komunztadura arau izaten dela. Hala ere, arau hori salbuespenik gabe betetzera, sarri azalpen kamutsa egingo genuke. Gaztelaniazko adjektibo askoren ordaina aditzondo edo partizipioaren bidez ematen ditugu euskaraz. Vacío, -a hitza huts da askotan (dame las botellas vacías: botila hutsak eman), baina bestetan hutsik (está vacío: hutsik dago) eta, adjektibo baten ordaina izan arren, euskarazko aditzondoa ere sartu dugu. Bestalde, repleto de adierazteko -z betea, -z beteta, -z beterik, -z gainezka, -z josia, -z josita, -z josirik eta abar erabil ditzakegu. Arrazoi praktikoak direla bide, partizipio hutsa (-z bete eran) jarri dugu, adibideetan forma osoak ageri diren bitartean. Beste batzuetan, gaztelaniaz kalifikatzeko erabiltzen den izen baten ordaina euskaraz izenondoa da (león: bipil, ausart, adoretsu...); eta alderantziz (ser algo molesto: eragozpen/traba/enbarazu izan).

Ordainak emateko arazoak

Gaztelaniazko hitzen euskal ordainak emateko orduan izan diren arazoek azalpen berezia merezi dutela uste dugu. Behar besteko finkotasun eta fidagarritasunezko hitzak ez aurkitua gertatu izan zaigu maiz, eta ez gutxiagotan hitzik ez aurkitua ere, euskarak alor horretan tradiziorik ez duelako eta inork hartarako proposamenik egin ez duelako. Hitz horietako asko ezin dira "eremu urrikotzat" jo eta proiektu honetan nahitaez hiztegiratu beharrekoak ziren gure iritziz. Azkueren hiztegiak, P. Mujikaren hiztegiak eta Orotariko Euskal Hiztegia-k askotan egin digute argi, baina beste batzuetan esku-hutsik gertatu gara. Euskarazko zenbait hitzi gaztelaniazko ordaina egokitzeko orduan ere izan dugu antzeko arazoa, neurri txikiagoan baina.

Horrelako arazo bat agertu zaigunean, lehenengo eta behin euskaraz ordainik behar ote den galdetu diogu geure buruari. Esan nahi baita, nola hiztegi askotan euskarazko hitz batzuen ordaina gaztelaniazko azalpena den, hala egin behar genuke guk ere askotan gaztelaniazko zenbait hitzekin delako hitza gaztelaniazko kulturari atxikia bada. Esate baterako, euskarazko txalaparta hitzean gaztelaniazko ordainik eman gabe zer den adierazi dugu, eta orobat egin dugu, esaterako, gaztelaniazko letrilla-rekin (gaztelaniazko literaturako konposizio poetiko mota da, inguru-erdaretan ere ordainik gabea, eta inoiz erabiltzekotan jatorrizko hizkuntzan duen grafiaz hartzekoa, gaztelaniaz txalaparta idazteko dagoen arrazoi beragatik). Horrelako kultura-hitzak esan dugun eran lantzen dira hiztegi elebidun estandarretan, ingelesez, frantsesez eta abarrez lasai asko aitortzen baitute "ez dugu horretarako hitzik". Euskaldunok ordea, gaztelaniaz hitz edo termino den guztiak euskaraz beste horrenbeste merezi zuelakoan jardun dugu behin baino gehiagotan. Manuel Larramendik berak ere erreparatu zion arazo honi (1745): "...para desengañar a aquellos mal instruidos Bascongados, que con errada aprehensión piensan que a toda voz castellana ha de corresponder otra voz simple bascongada." Kultura-arrazoirik gabe ere, beste batzuetan ordain bakun bakarra ematea ez dugu beharrezkotzat jo. Horrelakoak ditugu gaztelaniazko aurrizkidun hainbat hitz, pre- eta in- dutenak kasu. Ez da egokia aurre- eta -ezin/-gaitz hartzea eta hitz berriak sistematikoki sortzea, batzuetan zuzena ez delako (adjektiboei erantsita esaterako) eta bestetan beharrezkoa ere ez delako. Euskaraz atzizkidun ordain batzuek tradizioa badute, eta errespetatu egin dira noski, baina berriak ez ugaritzen saiatu gara (inestimable adierazteko ordainezin badugu, baina ezin eskertuzko eta ezin estimatuzko ere eman ditugu; prefijar adierazteko nahikotzat jo dugu aurrez/aurretik/aldez aurretik finkatu/ezarri ordaina). Antzeko zerbait esan liteke lokuzioei buruz. Hizkuntza batean lokuzio denak (hau da, lokuzioaren osagaien berezko esanahien batura lokuzioarena ez denekoa, adibidez adarra jo edo tomar el pelo) beste hizkuntzan lokuzio-mailako ordaina ez izatea gertatzen da batzuetan: euskarazko hitzetik hortzera esapidearen esanahi bat constantemente, incesantemente da (zerbait esateari edo entzuteari buruz) eta ahotan hartu/erabili esapidearena berriz, mencionar, nombrar eta hablar de, murmurar; gaztelaniazko todo bicho viviente lokuzioa mundu guztia, jende guztia, arima guztiak, guztiak, denak, edozein eta abarren bidez euskaratzen da, maila bereko lokuziorik gabe alegia.

Horrelako irtenbiderik ez denean ordea, kontuan hartu beharreko faktoreak anitz dira. Bi bide nagusi ditugu, mailegua batetik eta euskal erabidea bestetik. Euskaltzaindiak esana du, mailegu berria onartu ahal izateko, baldintza minimoa bete behar duela: Hegoaldean zein Iparraldean ulergarria izatea hain zuzen ere. Baldintza minimoaren printzipioak euskara estandarraren ateak ixten dizkie egunero euskaldunek erabiltzen dituzten eta gaztelania hutseko edo frantses hutseko mailegu diren hainbat hitzi (nazioarteko mailegu-hitzak ez dira multzo horretakoak, bistan dena). Ez litzateke, hala ere, agintea duen erakundeak kanpotik ezarritako lege hutsa denik ulertu behar; euskaldunek, oro har, arazo horrekiko kezka badutela aitortu behar da. Baina kezka horrek, besterik gabe, ez ditu komunikazio-arazoak konpontzen, hizkuntza erabiltzean, hiztunak ikasi dituen eta eskura dituen tresnak erabili behar ditu eta "ohiko" denaren barnean mugitzen da, bere burua hiztun-elkartean nabarmen gelditzeko edo horretatik kanpo gertatzeko arriskua saihestu nahian. Baldintza minimoaren printzipioak hainbat murriztapen ezartzen dizkio eredu estandarrari, hitz eta termino berriak proposatzera behartzen dituelako hiztegigilea, hizkuntzalaria, terminologoa, teknikaria eta abar. Planteamendu horri ezin ehuneko ehunean lotu ordea, eta, horren lekuko, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batu-ko zerrendan bertan ageri diren gasolina/ezantza edo koaderno/kaier modukoak, Hegoalde eta Iparraldearen arteko bereizketa onartuaren erakusgarri.

Mailegu batek baldintza minimoa betetzen badu, euskal tradizioan lehiakiderik aurkitzen ez bazaio eta haren ordez euskal erabidezko hitzik proposatzeko modurik ez badago, gure jokabide orokorra onartzea izan da. Arrazoibide horren ondorio dira errimel, librea, nezeser edo palafre, esaterako. Beste batzuetan, baldintza minimoa bete gabe ere, mailegua onartu dugu, ahoz gaur egun delakoa erabiltzen dela jakinik eta haren ordez erako ezer proposatzerik izan ez denean. Hori bera dugu lehen aipatu gasolina/ezantza arazoa. Batasunerako hitz bakar-bateraturik ezean, biak onartu beharrean gaude, jakina, eta ordain horien ondoren dagokien marka ageri da: (Heg.) edo (Ipar.). Bestelakoetan, hitz eratorri edo hitz-elkartearen bidetik jo dugu. Irizpide hori ezarriz proposatu ditugu, esaterako, ardurapeko gaztelaniazko tutore baten pupilo adierazteko edo bakar-joko kartekin jokatzen den solitario delakorako. Inoiz edo behin zabalkuntza semantikoaz baliatu izan gara, hartarako baldintza minimoa ere ezarriz noski, hizkuntza gehienetan (bereziki gure inguruko frantsesean eta gaztelanian) bide horretatik jo denean: adibidez, kakao-gurin eman dugu manteca de cacao-ren ordaintzat, frantsesez beurre de cacao eta ingelesez cocoa butter dela kontuan hartuz; purasangre (zaldia) ere puresang da frantsesez, eta euskaraz odolgarbi egitea proposatu dugu). Laburbilduz, ez diegu arazoei ihes egin nahi izan, gaztelaniazko hitz "gaizto" edo deserosoen istingan sartu egin gara, lohiztaturik ateratzeko beldurra gainditzen ahaleginduz eta gogoan izanik beti gaur egun hau bezalako hiztegi batek albornoz, baca, chorretón, cortauñas, encaje de bolillos, envase desechable, ligón, marchoso, pareado, percha, salón de belleza eta abarri buruz zerbait esan behar lukeela.

Beude horiek denak proposamen gisa, eta geroak erranen onartuko diren edo egokiagoak sortu eta nagusituko diren.

Hiztegiaren zuzenketa eta egiaztapena

Hiztegiaren kalitatea bermatuko bagenuen, hizkuntza-gaietan jakituria eta esperientzia handiko adituen aholkua eta zuzenketa nahitaezkoa zen. Miren Azkarate, Xabier Kintana eta Xabier Mendiguren Bereziartuk egindako lana da hiztegi honen berme handiena. Hiztegia burutik buru landu eta oharrak, zuzenkizunak eta proposamenak luzatu dizkigute, hala hiztegiaren zerizan, helburu eta irizpide orokorrez nola sarreren eta ordainen zuzentasun eta egokitasunaz. Zalantza egin dugunean, argi-egile eta bide-erakusle ezin hobeak izan zaizkigu. Nolanahi ere, lan honetan ageri den ororen azken erantzulea Elhuyar Fundazioa da, eta geuri egotzi behar zaigu, horrelakorik gerta baledi, hutsegiteen errua.

Ahalegin berezia egin dugu hiztegiaren atal bateko hizkuntza-unitate baten ordaintzat ematen dena beste ataleko sarrera edo azpisarrera izan dadin. Adibidez, gaztelania-euskara ataleko bien sarreraren barruan dauden zuzenbide-alorreko bien edo ondasun-motak euskara-gaztelania ataleko ondasun sarreraren barruan aipatzen diren berberak dira. Arau orokor hori kasu bakan eta berezi batzuetan bestetan ez dugu hautsi nahi izan (esaterako, zenbait hitz eratorritan ez dugu erabat bete irizpide hori, hala nola, gaztelaniaz -mente edo -dor atzizkiez osatutakoetan edo euskaraz -tasun edo -tzaile atzizkiez osatutakoetan). ElhDB berariaz diseinatu dugu koherentzia-maila hori unean erraz kontrolatzeko eta kudeatzeko.

Onomastika

3.200 sarrera inguru bildu dira euskara-gaztelania atalean, eta 3.100 inguru gaztelania-euskara atalean.

Euskal Herriko leku-izenei dagokienez, sarrera dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako udalerri guztiak, Nafarroako eta Arabako kontzejuak, Ipar Euskal Herriko udalerri nagusiak eta euskal probintziak. Hego Euskal Herriko udalen izenetan, izen ofizialaren forma hautatu da gaztelaniazko grafiarako. Grafia ofizialarena eta ez ofizialarena arazo konplexua eta, zenbaitetan, gatazkatsua da (Euskaltzaindiaren —baita Katalunia eta Galiziako hizkuntza-akademienn— eta Real Academia Españolaren artean 2000. urteko apirilean toponimoak zirela-eta izandako eztabaida lekuko).

Real Academia Españolak 1999an argitaratutako Ortografía de la Lengua Española liburuaren 3. eranskinean berariaz aipatzen ditu zenbait euskal toponimo eta horien gaztelaniazko izen "jatorrak". Horietako batzuk dagoeneko ez dira ofizialak, hala nola Azcoitia, Baracaldo edo Lejona. Horrelakoetan, bi grafiak ageri dira hiztegi honetan: ofiziala, udalak erabakitakoa alegia, eta Real Academia Españolak hobetsitakoa. Azken horien ondoan, según RAE oharra erantsi da.

Gainerakoetan, euskararako grafia ofiziala eta gaztelaniarakoa desberdinak direnean, bakoitza dagokion atalean agertzen da hiztegian. Adibidez, Arrasate udalaren gaztelaniazko ordaina Mondragón da. Euskarazko grafia ofizialik ez dagoenean, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak emandako grafia hartu da herriaren euskarazko grafia emateko.

Euskal Herriko toponimo bakoitzaren ondoan, dagokion probintziaren laburpena ageri da parentesi artean. Udalerriak direnean, euskara-gaztelania atalean, udalerriaren izenaren ondoren eta parentesi artean, udal horretako herritarren izendapena ere erantsi da. Adibidez, Agurain (aguraindar). (Geogr.) Salvatierra (Ar.).

Nafarroako toponimoen euskarazko grafiak Euskaltzaindiak 1999an egindako Nafarroako Herri Izendegia lanean emandakoak dira.

Euskal Herriko leku-izenetan, leku-izenaren azken letra a denean eta a hori berezkoa ez eta artikulua denean, ondoan -a erantsi da, hori jakinarazteko. Adibidez: Azpeitia, -a; Ermua, -a; Zigoitia, -a. Azken a hori berezkoa denean, berriz, ez da ezer erantsi. Adibidez: Ondarroa; Donostia; Lemoa.

Euskal Herritik kanpoko leku-izenetan, sarrera dira munduko estatuak, munduko hiri nagusiak, Espainiako probintzia eta autonomia-erkidegoak eta munduko elementu geografiko nagusiak (mendi, ibai, itsaso, eskualdeak), baita zenbait toponimo historiko ere (Bizantzio/Bizancio, Kartago/Cartago). Guztira, 800 toponimo inguru.

Pertsona-izenei dagokienez, pertsona-izen arruntak eta santutegiko izen ohikoenak (Agata/Águeda, Jurgi/Jorge, Viktoria/Victoria, Henrike/Enrique) gehi pertsonaia historiko ezagunenak (Hadriano/Adriano, Kleopatra/Cleopatra) sartu dira hiztegian. Guztira, 500 izen inguru. Euskarazko izena neologismoa denean, (neol.) oharra erantsi da. Adibidez, Miren.(neol.) María; Josu. (neol.) Jesús. Neologismo horietako asko guztiz erroturik daude euskal gizartean; beraz, pertsonen euskal izenak dira. Hala ere, neologismo horiek ez dute balio santuen izenetarako, ez eta, ondorioz, aita santu, errege-erregina edo historiako beste pertsonaien izenetarako ere.

Sarrera dira, halaber, mitologiako eta bestelako zenbait izen berezi ere: mitologia-izenak (Andromaka/Andrómaca, Herkules/Hércules), astronomiakoak (Artizar/Venus), askotariko izen bereziak (Edurnezuri/Blancanieves, Etxe Zuria/Casa Blanca) eta zenbait sigla (NBE/ONU, LPEE/OPEP).

Ordenazio-irizpideak

Ordenazio alfabetiko estandarra erabili da. Hartara, gaztelania-euskara atalean ch eta ll-z hasten diren hitzak c eta l barruan ageri dira. Salbuespena ñ letra dugu, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Homonimoak sarrera desberdinetan antolatu ditugu eta gaztelaniaz azentuz bereizten diren hitzak ere bai; azentu-markarik gabea da lehena. Letra larriz idatzitakoak lehenik ordenatu dira (adibidez, gaztelania-euskara atalean Lima hiria gainerako lima homonimoak baino lehen dago).

Azpisarrerak bi multzotan antolatu dira, lehenik lexikalak (letra lodi zuzenaz idatziak) eta ondoren lokuzionalak (letra lodi etzanaz idatziak). Atal bakoitza alfabetikoki ordenatuta dago, marra kontuan hartu gabe. Azpisarrerak sarreraren barnean kokatzeko irizpide orokorrak honako hauek dira: euskara-gaztelania ataleko lokuzioak, lehen hitz beregainaren sarreran (babak eltzetik atera, adibidez, baba sarreraren artikuluan dago); gaztelania-euskara atalekoak, berriz, izena/aditza/adjektiboa/izenordaina/adberbioa/preposizioa/juntagailua hierarkia-mailaren arabera (tomar el pelo, esaterako, pelo-n dago eta hacia abajo, abajo-n). Azpisarrera lexikalen kasuan, euskaraz irizpide orokorra lehen izenaren sarreran antolatzea da, baina izen bat ardatz dela osatutako terminoak (izen horri dagozkion kontzeptu-motak direnak) izen nagusiaren sarreran sartu dira (adibidez, helegite-motak helegite sarreran daude; olio mineral, oliba-olio eta gainerako olio-motak, olio sarreran). Gaztelaniaz, izenaren sarreran antolatu ditugu. Dena dela, batzuetan azpisarreraren informazioa zein sarreratan dagoen adierazteko, bidaltze-oharrak egin dira. Horretarako, ikurra erabili da.


(ANTTON GURRUTXAGA, ELIXABETE ETXEBERRIA, AINARA ONDARRA, AMAIA ASTOBIZA, MARI SUSPERREGI eta ALFONTSO MUJIKA Elhuyar-en Hiztegigintza saileko kideak dira)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com