Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Eremu urriko hizkuntzak Europa Batuan

Erramun Baxok / Herri-administrazioa / 2006-12-20 / 07:00


Europa batua aipatzen delarik hiru erakunde badira bat besteari lotuak: Europako Elkarte Ekonomikoa, Europar Batasuna, Europako Kontseilua.



Txosten honetan hiru pundu landuko ditugu:

I. EUROPAKO ERAKUNDEEN IDEOLOGIA

Bi iturburu landu behar ditugu, Europa batua eta Europako Kontseilua. Hona idazki nagusien zerrenda:

a) Europako Parlamentuaren ebazpenak:

b) Europako Kontseiluan:

Harreman asko izan dira erakunde horien artean. Adibidez Cirili txostena Europako Parlamentuak landu zuen eta gero Europako Kontseiluari onarpena eskatu zionean txostena berehala artxibatua izan zen, hizkuntzak estatuen eskuduntzan zirelakotz. Alderantzizko bidetik Europako Kontseiluak landu zuen Eskualde Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta (Hizkuntzen Karta), gero Europako Parlamentuak onartu zuen eta gomendatu Killilea ebazpenaren bitartez. Corpus osoa kontuan hartu behar da. Alabaina Europar Batasunaren testuak oso gutxi dira: Maastrichkeko itunaren 128. artikulua, Nizako itunaren 21. eta 22. artikuluak eta Europako Konstituzioaren egitasmoko 4 artikulu (I-3, II-82, III-280, IV-448). Dena dela, hemen daukagun zerrendak osatzen du hizkuntza gutxituei buruz Europak 25 urtez eskaini digun zuzenbidezko corpus garrantzitsuena.

Zer indar juridiko daukate idazki hauek?

Hasieratik erran dezagun erabaki gehienen aurretik ikerketa bat badagoela: lehenik txostena, gero ebazpena edo gomendioa. "Ebazpena" (résolution) aipatzen delarik zer ulertu behar dugu? Nazioarteko legedian gaude eta alor honetan aurau bereziak badira. Europako Parlamentuko "ebazpenak" ere gomendio batzu dira. Gehiengo handian onartuak izanikan ere, estatu bakoitzeko legebitzarraren berrespena behar dute egiazko lege bilakatzeko. Gauza bera erran daiteke Europako Kontseiluko idazkietaz: Hizkuntzen Karta eta Gutxiengoen Hitzarmena Frantziak onartu zituen idazki baliagarri bezala, baina erreserbak ezarriz. Adibidez Frantziako Konstituzioaren arabera Estatu frantsesean ez dagoela gutxiengorik eta ondorioz hitzarmenak ez duela bertan aplikaziorik; edo Hizkuntzen Kartako 39 neurri onargarriak direla, salbu lau printzipio konstituzioaren aurka baitoaz. Maatrichteko eta Nizako itunak dira soilik estatu guztientzat erabakigarria direnak. Irakur ditzagun idazki batzu ordena kronologikoan.

1. Kuijpers txostena eta ebazpena (1987)

Atalburua: Europako Erkidegoan dauden gutxiengo erregional eta etnikoen hizkuntzak eta kulturak. Laburbilduz erran daiteke eurodiputatu flandresak aurkeztu zuen ebazpena, hizkuntza eskudideen aitorpen bat dela. Hasieran idazkiak onarpen juridikoa eskatzen du hizkuntza gutxituentzat. Europako Kontseiluari sustengua eskaintzen dio Europako Kartaren antolatzen egiten duen lanarentzat.

Gomendio andana bat egina zaizkie Europako Erkidegoan parte hartzen duten estatuei:

Azken ataletan idazkiak neurri praktiko batzu gomendatzen dizkio Europako Erkidegoari, mila milioi ekuseko aurrekontua eskatuz.

2. Maastrichteko ituna (1992)

Itun nagusi bat da Europaren historian. Alabaina Europar Batasunaren oinarria da, bai eta ere "euro" deritzon diru batua sortzeko idazki ofiziala. Helburu nagusiak politikoak dira eta ekonomikoak. Halere kulturak badauka leku txiki bat, kultura eskubideak aipatzen dituelarik eta bereziki "kultura eta hizkuntza aniztasuna". Artikulu berezi bat bada eskualdeeko kultura esplizitoki aipatzen dituena. 128. artikulua: "Erkidegoak kide diren estatuetako kulturaren loratzea bultzatu behar du, berauetako eskualde eta nazioetako berezitasunak kontuan izanik eta Europa osoko ondare komuna goretsiz".

3. Eskualde Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta (Hizkuntzen Karta, 1992)

Hizkuntzen Karta hau Europako Kontseiluaren lana da, gero Europako Parlamentuak bere gain hartu zuena Killilea ebazpenaren bitartez (1994). Erran dezakegu idazki hau nolazpaiteko hizkuntza eskubideen aitorpen bat dela. Hizkuntzen Kartak aitzin solas bat dauka eta 24 artikulu 4 zatitan banatuak.

Aitzin solasean Europako Kontseiluak oroitarazten digu bere helburu nagusia kideen batasuna dela, elkarrekin daukagun ondare ideologikoa zaintzeko eta garatzeko. Adibidez hizkuntza gutxituak erabiltzeko eskubide ezin baztertua dela, nola bizitza pribatuan hala bizitza publikoan. Begiramen honetan zerrendatuak dira gai hau aipatzen duten nazioarteko itunak.

Lehen zatia planteamendu orokorrena da eta bereziki kontseilukideen eginbideak, hizkuntzen ituna onartzerakoan: gutxienez 35 neurri aukeratuko dira, 2. zatiko 7 artikuluetarik bakar bat ere baztertu gabe. Estatu bakoitzak, ituna bere moldean onartuko duelarik zehaztuko du hautatu neurriak zein hizkuntzei aplikatuko dizkien.

Bigarren zatian agertzen dira itunaren (13) abiapuntuak eta helburuak. Atal honetan dago demokrazia linguistikoa oinarritzen duen zuzenbidea: hizkuntza guztien onarpena, lurralde historikoen errespetua, hizkuntza gutxituen aldeko sostengua, galtzear diren hizkuntzak berreskuratzeko ahalak, hiztun multzoen eskubide kolektiboak, lurraldeen arteko loturak.

Hirugarren zatian ehun bat neurri zerrendatuak dira eskualde hizkuntzen alde, zazpi artikulutan:

Laugarren eta bosgarren zatietan zahazten dira itunaren onartzeko eta aplikatzeko moldeak: urteroko txostenak, jakitunen batzordea, itunaren sinadura eta berrespena, idazki ofizialak.

4. Killilea txostena eta ebazpena (1994)

Ebazpenaren iturburua Maastrichteko itunaren 128. artikulua da, kulturen aniztasuna garatzeko, eskualde eta nazioetako berezitasunak kontuan hartuz. Bi gomendio nagusi:

5. Nizako ituna (2000)

Nizako itunak zabaldu zuen "Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Karta". Alabaina aipatu batasunaren finkatzeko, Europako herriek bilatzen dute "etorkizun baketsua", abiapuntutzat hartuz "elkarrekin dauzkaten baloreak". Txostenak zerrendatzen ditu denek onartzen dituzten "eskubideak, askatasunak eta abiapuntuak". Hizkuntzak bi artikulutan aipatuak dira.

21. artikuluak diskriminazio guztiak debekatzen ditu, besteak beste hizkuntzetan oinarritzen direnak.

22. artikuluan "Batasunak kulturen, erlijioen eta hizkuntzen aniztasuna errespetatzen du".

Zer indar juridiko dauka eskubideen karta honek? Aitzin-solasak dio eskubideen gozamenak, erankizunak eta eginbeharrak sortzen dituela "bestei buruz, giza erkidegoaren aldera eta geroko belaunadiei begira". Hemen daukagu Europa batua sortu duen idea nagusia: batasuna aniztasunaren bidetik datorrela. Azkenean Nizan ez diote Eskubideen Kartari eman itun baten indarra. Indar juridiko osoa hartuko du Europako Konstituzioa onartuko delarik. Horiek hola, hizkuntza gutxituen egoera hain da kezkagarria non bailukete diskriminazio baikorraren beharra.

6. Europako Itun Konstituzionala (2004)

Zein da kulturaren eta hizkuntzen lekua Europako konstituzioa finkatzen duen itunean. Itzulia laster egina da: lau idazki labur daude, bat egitasmoaren zati bakoitzean.

I. zatia, konstituziaren helburuena da. Aniztasunaren printzipioa agertzen da: "Batasunak aniztasun kulturala eta linguistikoa errespetatzen du, eta Europako ondare kulturala artoski zaintzen du eta aitzinarazten" (I - 3. artikulua).

II. zatian, printzipio bera errepikatua da itunaren oinarrizko eskubideetan: *"Batasunak kulturen, erlijioen eta hizkuntzen aniztasuna errespetatzen du" (II ­ 82. artikulua)*. Hau da hitzez hitz Nizako itunaren 22. artikulua.

III. zatia, luzeena, antolaketarena da eta ekintza politikoena. Laguntzailegoaren izenean (subsidiaritatea, I - 11) kultura estatuen eginbideetan dago, eta Europar Batasunak laguntza eskaitzen die bakarrik helburuak ezin direlarik erdietsi estatuen edo lurraldeen mailan. Ondorioz, kulturaren alorrean, Batasunak eskuduntza dauka "laguntza, koordinazio eta betegarritasun ekintzak eramateko". III - 280. artikuluak Batasunaren eragina zein den kulturaren alorrean zehazten digu: "Batasunak kulturen garapenean parte hartzen du, nazioen eta lurraldeen berezitasunak errespetatuz eta agerian ezarriz elkarrekin daukagun ondare kulturala". Lerroaldi hau Maastrichteko 128. artikuluaren errepika da. Gainera egitasmo honetan Europa mailako lege orokorra aipatzen da, Eskualdeen Batzordea kontsultatuz, baina "legezko neurrien baterakuntza (harmonizazioa) baztertuz".

IV. zatia, azken xedapen orokorren zatia da. Aipamen bakar bat agertzen da eskualde hizkuntzetaz. Itzulpenak aipatzerakoan, Europako 21 hizkuntzak zerrendatuak dira eta, gainera, beste hizkuntza batzuei fabore berezi bat egiten zeie: "konstituzioaren erabakiz, hizkuntza ofizialaren estatusa duten hizkuntzak, lurralde osoan edo zati batean" erabil daitezke konstituzioaren itzulpenerako. Definizio honetan sartzen dira Espainiako hizkuntza koofizialak, euskara besteak beste, Polinesia frantseseko hizkuntza, luxenburgera... Batasuna ez doa urrunago. Jadanik estatu hizkuntzen itzulpenak 1.500 itzultzaile eskatzen ditu. Zenbat behar lirateke Europako herri hizkuntza guztientzat? Tokian tokiko elebitasuna antolagarria bada, eleaniztasun zentrala antolagaitza da. Edo bestenaz, eguneroko harremanetarako, orok hizkuntza bakar bat erabiliko dute (English of course), beste hizkuntzak ikur-hizkuntza bilakatzeko arriskuarekin.

Europako konstituzioaren ituna baztertua izan da 2005ean Frantzian eta Herbeheretan erreferendumen bidez (ez haatik Euskal Herrian !). Egitasmo guztia geldirik dago. Halere noizbait Europa politikoa eraikiko da, egitasmoak aipatzen dituen helburuetan eta printzipioetan oinarrituz, egitasmoaren I. eta II. zatian zehazten direnak. Mastrichteko "aniztasun kulturala", gaur egun indarrean dagoena, orduan konstituzionala bilakatuko da. Bi konstituzio aurrez aurre egonen dira, Frantziako konstituzio "monoglosikoa" eta Europakoa aniztasun kulturalean oinarritua. Kontraesan juridiko horretarik zer aterako den ezin da iragarri. Hain segur idar berri bat izan liteke hizkuntza gutxituen alde borrokatzen direnentzat.

Hizkuntz aniztasunaren onarpena, Europako lege nagusi baten abiapuntua izan daiteke herri hizkuntzen alde. Orain arte Europako legebiltzarrak gomendio baliosak egin zituen, nola Kuipersen hizkuntz eskubideak, hala Kililearen aplikazioak. Orain tenorea litzateke gomendioak lege bilakatzeko, egiazko konstituzio baten babespean.

II. EUROPAREN ERAGINA FRANTZIAN

Maastrichteko itunaren ondotik


a) Frantziako Konstituzioaren aldaketa (1992)

Maastrichteko itunak garrantzizko eragina ukan zuen Frantzian, zeharkako bide batetik, hizkuntzen alorrean. Alabaina Frantziako Konstituzio aldatu behar zen, itunaren erabakiak onartzeko, eskuduntzen aldetik, diruaren alorrean adibidez. Gainera Europak kultura aniztasuna aldarrikatzen duen pundutik, Estatu frantsesak bere "monoglosia" azpimarratzen du. Ez zen gauza berria. Alabainan frantsesa zen akta ofizialen hizkuntza, latinaren ordez, François Lehena erregearen manuaz geroztik (Villers-Cotterêts, 1539). Eta 1789ko iraultza denboran frantsesa bilakatu zen "nazioaren ikurra eta askatasunaren tresna". Halere, historian zehar, hizkuntza ofiziala ez zen lege nagusi batean sartua. Oraingo aldaketa hortaz baliatu dira Toubon eta Lamassoure diputatuak, 2. artikuluan emendakin bat bozkarazteko: "La langue de la République est le français" (Errepublikaren hizkuntza frantsesa da). Besterik ez. Frantziako beste hizkuntzen "errespetua" ere ez zen onartua izan. Nabari da emendakinak ez duela Maastrichteko itunaren 128. artikulua aldarrikatzen!

Gaurko konstituzioan badaude bi alderantzizko artikulu. 1992an aldatu zuten 2. artikuluak, laikotasuna aipatu-eta, errepublikaren elebakartasuna finkatzen du. Bestalde 1789ko Giza eta Hiritar Eskubideen Aitorpena ere konstituzionala da eta 11. artikuluak dio: "La libre communication des pensées et des opinions est un des droits les plus précieux de l'homme: tout citoyen peut donc parler, écrire, imprimer librement sauf à répondre de l'abus de cette liberté dans les cas déterminés par la loi" (gogoetak eta iritziak adierazteko askatasuna, giza eskubideetan baliosenetarik da. Beraz hiritar orok hitzegin dezake, idatz eta inprima askatasunean)...

Ez ahantz 2. artikuluak eginbide kolektiboa sortzen duela, 11. artikuluak eskubide indibidual bat definitzen duelarik. Dena dela, dirudi herri hizkuntzak bi artikulu hauen artean koka daitezkeela. Egia erran, Kontseilu Kontituzionalak (hau da legeen epaitegi gorena), hiruetan gutienez, 11. artikulua erabili du frantsesaren elebakartasuna mugatzeko, geroxago ikusiko dugun bezala.

Halere herri hizkuntzen aurka doa konstituzioaren "mito fundatzailea". Estatuen nortasunari buruzko liburu batean irakurri nuen: "Nazio frantsesa zibikoa da, nazio alemana etnikoa delarik". Edo argudiaketa analogiko bat eginez erran genezake, Frantzia hiritarra da, Espainia herritarra den bezala.


b) Toubon legea (1994-08-03)

Konstituzioaren aldaketa ez da soilik sinbolikoa izan. Berehala lege batek atera ditu aplikazio praktikoak. Alabaina Toubon legeak erabakitzen ditu frantsesaren nahitezko eremuak. «Article 1: Langue de la République en vertu de la Constitution, la langue française est un élément fondamental de la personnalité et du patrimoine de la France. Elle est la langue de l'enseignement, du travail, des échanges et des services publics» (konstituzioaren arabera Errepublikaren hizkuntza den frantsesak Frantziaren nortasuna eta ondarea oinarritzen ditu. Ikaskuntzako, laneko, harremanetako eta zerbitzu publikoetako hizkuntza da). Jarraian legearen 24 artikuluek finkatzen dute frantsesaren erabilera iragarkietan, lan munduan, kontratuetan, publizitatean, zuzenbidezko idazkietan.

Ikusi dugu neurri handi batean administrazioa frantsesaren eremua dela. Halere konstituzioaren bikoiztasunari esker, irakurketa ezberdinak posible dira. Alabainan 1992ko 2. artikulua ezin da irakurri, 1789ko 11. artikulua baztertuz, komunikazio askatasuna lehen mailako eskubidea baita.

Holaxet ulertu behar da Toubon legean (1994) agertzen den 21. artikulua: "Les dispositions de la présente loi s'appliquent sans préjudice de la législation et de la réglementation relatives aux langues régionales et ne s'opposent à leur usage" (lege honetako neurriak aplikatzen dira, herri hizkuntzei buruzko legediari eta araubideari kalterik egin gabe eta ez doaz hizkuntza horien erabileraren aurka). Zer nolako erabilera, pribatua ala publikoa? Testuak ez du trenkatzen baina kontestu guztia komunikazio publikoarena da.

Hizkuntzen Kartaren ondotik


a) Estatu Kontseiluaren abisua (1996-09-24)

Gobernuak Estatu Kontseiluari eskatu zion bere abisua eman zezan Hizkuntzen Kartaz. Konstituzioaren 2. artikuluaren aurka doala erran zuen eta ondorioz ezin zela sinatu. Estatu Kontseiluaren abisuak ez dira erabakigarriak eta gobernuak bazter ditzake. Hori gertatu zen eta Lionel Jospin Lehen Ministroak hiru ikerketa eskatu zieten jakitun batzuri:


b) Poignant txostena (1998)

Kemperreko alkate bretoi erdaldun honek berridatzi zuen herri hizkuntzen historia, erakutsiz eskola publikoaren asmatzaileek ezer ez zutela egin eskualdeetako hizkuntzen aurka. Alderantziz, aberri txikien baliagarritasuna azpimarratzen zuten, aberri handiaren hobeki eraikitzeko. Hamar aipamen egiten ditu, Jules Ferry-rena lehen eta Claude Allegre-rena azken, frogatzeko errepublika ez dela hobendun, baina bai ekonomia. Ekonomiak ditu gizarte egiturak aldatu eta egitura hauen zutabe ziren tokiko kulturak. "Ukaldi gehiegi errepublikari buruz eta gutxiegi kapitalaren aurka".

Gezurra handiegia delarik egia, ere ateratzen da hitzen artetik, berak uste gabean aitortzen duelarik: "Il est temps de sortir de l'hypocrisie" (ordua da faltsukeriatik ateratzeko). Noren faltsukeria ote? Alabainan ele zuriek ez dituzte ekintza beltzak estaltzen. Eta gaurko proposamenetan zer berritasun eskaintzen digu?

Publikotasunaren bidean urrats batzu egin gogo ditu. Txostenean Hizkuntzen Kartaren sinadura proposatzen duelarik helburu nagusi bezela, herri hizkuntzen erabilera pribatua eta publikoa azpimarratzen du. Bestalde ikastoletan eta beste elkarte eskoletan derabilaten murgil metodoa onargarritzat hartzen da eta ikastetxe hauei eskaintzen zaie erakunde publiko bilakatzea. Komunikabide publikoek ere toki definitu bat eginen diete eskualdeetako kulturei.

Gainera bizpahiru lerroaldetan agertzen da "hizkuntza frantsesaren eta Frantziako hizkuntzen" arteko parekotasuna: konstituzioak erabaki behar luke ondare nazional berean daudela; Kultur Ministeritzan dagoen "frankofoniaren ordezkaritza nagusian" kokatu behar litezke beste hizkuntzak ere. Hots, utopia ala ironia, ez omen da etsaigorik hizkuntza horien artean, adiskidantza baizik, elkar zaintzeko eta elkarrekin estatuaren dirdira erakusteko nazioartean. Lurraldetasunaren hastapen bat ikusten dugu herri hizkuntzen onetan. Poignant alkateak errepikatzen digu Paris ez dela estatu osoa, errepublika jakobinoa antzu bilakatu dela eta "aukera girondinoa" egin behar dela, deszentralizazioaren urrapidea ez delakotz bururatua. Noraino doa federalismo hau?

Horiek hola, administrazioaren eremua giltzaturik dago herri hizkuntzentzat eta alor honetan txostenak konstituzioaren irakurketa hertsiena egiten du. Errepublikaren hizkuntza, hizkuntza "ofiziala" bilakatzen da. Nahitezkoa da arduradun publikoentzat bai eta ondorioz administratuentzat. Alderantziz beste hizkuntzak ezin dira erabili zerbitzu publikoetan, salbu Hezkuntza Nazionalean. Kasu honetan ere ikasleek eta (gauza berria) irakasleek nahi badute.

Ipar Euskal Herriko hizkuntza estrategia nahizkotasun hortan oinarritua da. Lege gerizaren faltaz (noiz arte?), hiztunen, familien eta gizarte zibilaren gain da kultur eskubideen errespetaraztea, irekitzen diren bideetan sartuz eta hetsirik dauden ateak "de facto" irekiz. Euskalgintzaz arduratzen direnen ahalbide nagusia da herri motibazioa piztea herritarrengan.


c) Carcassonne txostena (1998)

1998ko urriaren 6an zabaldu zen Hizkuntzen Kartaren hitzez hitzeko "azterketa metodikoa eta hotza". Egia erran, orain arte jende anitz berotu zen idazki famatu horren iguruan, edo aurka, frantsesa gutituko zuelako beldurrarekin, edo alde, herri hizkuntzen salbatzeko itxaropenez. Gure legegizonak denak ados ezarri ditu. Bai, Hizkuntzen Karta sinagarri da, 52 neurri baitauzka onargarriak direnak. Bai, nazioarteko hitzarmen horrek errespetatzen ditu printzipio konstituzional oro: errepublikaren batasuna, herritarren berdintasuna, komunikatzeko askatasuna bai eta ere frantsesaren estatutu berezia.

Denbora berean Hizkuntzen Kartako 7. artikulua, "Helburuak eta printzipioak", irakurriz egiten genituen ametsak erori dira. Artikulu horretan aipatzen dira hizkuntzen onarpena, lurraldetasuna, hizkuntz taldeak, bizitza publikoa, mugaz gaineko harremanak. Hots kultur demokraziaren deklarazio baten itxura du. Uste genuen Hizkuntzen Karta sinatzearekin, gure hizkuntzak eta gure herriak nolazbaiteko ofizialtasuna edo gutienez publikotasun zerbait erdietsiko zuela.

Aipatu txostenak dioenez, deus ez da holakorik. Eta hain zuzen 7. artikuluak lehen helburutzat ematen du "Herri hizkuntzen onarpena, aberastasun kulturalak direlakotz". Ondorioz Hizkuntzen Kartaren helburu zuzena ez da hiztunen eskubideak adieraztea bainan arriskuan diren hizkuntzak zaintzea.

Beraz nola ulert ditake aitzin solaseko 3. begiramena: "Kontuan hartuz lurralde hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen erabilera ezin kenduzko eskubidea dela bizitza pribatuan eta bizitza publikoan..."? Ohar hau oinarritzen duten idazki juridikoek ez omen dute hizkuntz eskubiderik sortzen. Zeren eta aipatzen den Nazio Batuen Erakundeak erabaki zuen Eskubide zibilen eta politikoen nazioarteko ituna, gutxiengoak zaintzeko zen eta sinatzerakoan ordezkari frantsesak salbuezpena adierazi zuen, Frantzian ez zitakeela gutxiengorik izan, berdintasun zibikoari esker. Salbuezpenak orain ere balio du eta begiramen hau indargabe gelditzen da.

Ohar berdintsuak eginak dira "lurralde" eta "hizkuntz multzo" hitzetaz. "Lurraldea" geografikoki ulertzen da eta hemen "multzoa" kontzeptu estatistikoa da. Banakazko hiztunen taldeak ez dezake sortu eskubide kolektiborik. Bestenaz "komunitarismoak" errepublikaren batasuna hauts lezake. Hizkuntzen Karta sinatzeko momentuan, adierazpen interpretatibo batek gauzak argi litzazke.

Beste argitasun atzerakor bat ukan dugu publikotasunari begira. 7. art. d. helburua: "Eskualde hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen erabilera mintzatua eta idatzia erraztea eta sustatzea, bizitza publikoan eta pribatuan". Eremu publikoa aipatzen delarik gehienetan administrazioaz eta zerbitzu publikoetaz hitzegiten da. Hizkuntzen Karta sinatuz uste genuen urrats handia eginen genuela herri hizkuntzen publikotasunaren bidean.

Irakurketa hertsiegia dela dio legegizonak. Bizitza publikoa hasten da "etxetik ateratzen delarik" eta zabaltzen gizarte harreman guztietara: lanean, merkatuan, saltegietan eta ez bakarrik administrazioan. Beraz Hizkuntzen Karta izenpeturik ere herri hizkuntzak administrazio publikotik kanpo egonen dira ote? Ez baitezpada, eta hemen daukagu Carcassonne txostenaren sorpresa on bat.

Interpretamen okerra litekela, dio Maisu Carcassonnek. 18 orrialdeko arrazoinamendu zorrotza derama adostasunean ezarri nahiz, aipatu ditugun 6 lerroaldeak: Konstituzioaren 2.a, Eskubide aitorpenaren 11.a, Tubonen 21.a, Polinesiako 115.a, Konstituzio Kontseiluarenak 1994ean eta 1996ean. Dudarik gabe frantsesa da administrazioko hizkuntza normala. Baina ez dauka esklusibitaterik. Beste hizkuntzak ez dira debekatuak, beraz zilegi dira: "Ez da gehikeria baieztatzea bidezkoa denik elebitasunaren erabilera bultzatzea, administrazioa hobetzeko kezkarekin, hurbiltasuna edo eraginkortasuna bilatuz" (63. art.). Herri hizkuntzak erabiltzea zilegi da. Haatik ahalbide horrek ez du sortzen eskubiderik hiztunen alde, ez eta ere eginbiderik arduradunengan. Bi baldintza nagusiak hor daude, hiztunen nahia eta frantsesaren presentzia.

Dena dela Konstituzioko 2. artikuluaren harresia urratu da eta zulo hortarik pasarazi dira Justziaren artikuluko 7 neurri eta Administrazioaren artikuluko 5 neurri (neurri bana azki delarik Hizkuntzen Karta sinatzeko). Gainera beste 5 artikuluak kasik osoki bateragarri dira Konstituzioarekin eta beraz sinagarri: Ikaskuntza (8. art.), Komunikabideak (11. art.), Kulturgintza (12. art.), Gizarte harremanak (13. art.), Mugaz gaineko harremanak (14. art.).

Txosten honetan, gure legegizonak aztertu ditu Hizkuntzen Kartak eskaitzen dituen 98 neurriak, 7 artikulutan banaturik. 52 badira onargarri direnak Konstituzioaren aldetik. Gure berehalako kezka zen zenbat neurri onartuko ziren.


d) Cerquiglini zerrenda (1999)

Bernard Cerquiglini hizkuntzalaria Hizkuntza Frantsesaren Ordezkaritza Nagusiko zuzendaria zen eta gobernuak eskatu zion egin zezan Frantziako hizkuntza guztien zerrenda. Hexagonako eta Itsas-haindiko mintzairak aztertu ondoren, 75 hizkuntza aurkitu zituen, bere ustez denak Hizkuntzen Kartaren babesean ezartzeko. Ez genuen ikusten zer politika egin ziteken horrenbeste hizkuntzekin. Bainan eztabaidak erakutsi zigun hizkuntzen egoerak eta hiztunen eskaerak oso ezberdinak zirela.

Lehen kategoria batean sailka ditazke adibidez Guianako hizkuntz amerindianoak. Asko dira bainan hiztun gutxirekin: kaliba 200 hiztun, arawak 300 hiztun eta beste holako 9 hizkuntza. Jende horiek Amazonatik edo Surinametik etorriak ziren eta herrixka batzutan bizi dira erreka edo itsas bazterretan. Beren hizkuntzari begira ezer ez dute eskatzen bainan hizkuntzalariek diote hizkuntza guztiek eskubide berdinak dituztela eta Errepublikaren babesa hartze dutela.

Beste sail batean koka ditazke ekialdeko eta mendebaleko kreollerak, bai eta Kaledonia Berriko hizkuntzak. Kreollerak hizkuntza «handiak» dira, hiztun asko baitituzte eta ohizko gizarte harremanetan erabiliak baitira, familian, lanean, bilkuretan. Halere ez dira oraindik toki guztietan sartzen, ez administrazio zentralean, ez eta ere liburugintzan. Ondorioz denentzat goi mailako hizkuntza frantsesa da. Militanteen eskaera da bi hizkuntzen arteko parekotasuna lortzea eskolaren bitartez, diglosia "heterotopikotik homotopikora" pasatuz.

Hirugarren sail batean aurkitzen ditugu oil dialektoak. Frantsesa ere jatorriz oil familiakoa da, bainan mendeetan zehar erregeen eta errepublikaren hizkuntza bilakatu da. Beste dialektoak ahul daute Bretainian (galo), Pikardian, Champagnean, Walonian, Poitoun eta beste. Literatura zerbait bazuten, orain hiztun gutxi dira eta adinekoak. Halere eskoletan irakatsiak dira. Eta geroari buruz? Oil hiztun askok diote dialekto horiek lehenagoko bizi moldeari lotuak direla eta ez direla egokiak modernitatea adierazteko. Heientzat oil batua frantsesa da.

Laugarren sailean daude 7 herri hizkuntza «handiak» : alsaziera, bretoiera, flandrera, katalanera, korsikera, ok hizkuntza eta euskara. Gure eskaera nagusia da lurraldetasuna, herri bakoitzean herri hizkuntza frantsesaren parekoa izan dadin. Hikuntzalari jakobinoek ez dute federalismoa onartzen «komunotarismoaren beldurrez». Hizkuntzalari ofizialentzat frantsesak bakarrik dauka errealitate politiko bat. Beste hizkuntzak birtualki onartzen dira ikergaitzat unibertsitateetan eta ikasgaitzat eskoletan. Ez diete beste tokirik ematen. Ez dakite zer den hizkuntz antolaketa. Hizkuntzen Kartako atal bakar bat ulertzen dute, irakaskuntzarena.


e) Eskualde Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Kartaren sinadura (1999-05-07)

Frantziako ordezkaritzak Budapesten Hizkuntzen Karta sinatu zuen, gobernu sozialistaren aginduz. Izenpetze aktak baditu bi zati, irakurketa ohar bat eta onartuak dire 39 neurrien zerrenda.

Irakurketa oharra zertarako? Alde batetik Hizkuntzen itunak ez du onartzen III. zatiko neurrien arteko hautuez beste salbuezpenik. Bestalde II. zatiko printzipio batzu ez dira egokiak Frantziako Konstituzioaren ikuspundutik hiztun komunitateen eskubideak, hizkuntzen lurraldetasuna, eskualde hizkuntzen erabilera publikoa. Ondorioz Frantziako ordezkariak ohar baten bidez zehaztu du Errepublikaren gobernuak nola interpretatzen dituen dudazko printzipio horiek. Hona oharraren laburpena 4 puntutan.

Sinadura aktaren bigarren zatiak zerrendatzen ditu hautatuak izan diren 39 neurriak, gero berrespen erabakiak finkatuko duelarik zein hizkuntzei aplikatzen diren. Hona zein neurri onartuak izan diren III. zatiko 7 artikuluetan, 7.etik 11.eraino.


f) Konstituzio Kontseiluaren erabakia (1999-06-15)

Gobernu sozialistaren sinaduraren ondotik, Errepublikaren presidenteak Konstituzio Kontseiluari galdegin dio Hizkuntzen Karta onargarria zenetz lege nagusiaren aldetik. Erantzuna hau izan da: "La Charte européenne des langues régionales ou minoritaires comporte des clauses contraires à la Constitution" (Eskualde hizkuntzen edo hizkuntza gutxituen Europako Kartak badauzka Konstituzioaren aurka doazen klausulak). Ondorioz Legebiltzarrak ezin du ituna berretsi, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak legea baino indartsuagoak baitira.

Hiru dira Konstituzioaren aurka doazen printzipioak: hiztunen eskubide kolektiboak, hizkuntzen lurraldetasuna eta frantsesaz beste hizkuntzen erabilera publikoa. Alabainan Konstituzioaren lehen artikuluak finkatzen ditu hiritar guztien berdintasuna legearen aitzinean eta lurraldea ezin dela zatitu. Bigarren artikuluaren arabera zerbitzu publikoen hizkuntza frantsesa da. Gobernuaren irakurketa oharra ez da nahikoa, zeren-eta, denboraren buruan, jatorrizko idazkia da nagusi, oharrak ahanzten baitira (Konstituzioaren 2. artikuluarentzat gertatu den bezala). Ondorioz Frantziako eskualde hiztunentzat atea hetsirik dago Europari begira eta ezin dute baliatu itunaren aitzin solasean dagon abiapuntu nagusiaz: "Eskualde hizkuntzak erabiltzeko eskubidea, nola bizitza pribatuan hala bizitza publikoan, ezin ukatuzko eskubidea da". Zer gelditzen zaie? Adierazpen askatasuna. Ez da gutxi. Baina askatasun batek bestea mugatzen du, hitz egin nahi ez duenarenak, hitz egin nahi duenarena. Aldiz eskubideak eginbidea sortzen du.

Horiek hola begiramen batzu badira eskualde hizkuntzen alde agertzen direnak. Gutxienez hiru.


g) Orain zer?

Ikusiz frantsesaz beste hizkuntzen erabilera osoki sinbolikoa dela eta funtzionaltasun publiko izpirik ez daukatela, zer motibazio zuen Frantziak Hiztkuntzen Karta izenpetzeko? Herri nortasunak eta hizkuntz eskubide kolektiboak ukatu-eta, zertarako sina eskualde hizkuntzen ituna?

Errepublikaren ikusmoldea doi bat aldatu da eta bere oinarrizko mitoak ukatu gabe hiru arrazoi nagusi baditu frantsesaz beste hizkuntzak onartzeko.

Trilogia hau da azkenean diskurtso politiko guzien bilduma. Gogoan izan Lorienteko diskurtsoa (Mitterrand 1981) edo Kenperren bazkalondoko mintzaldia (Chirac 1997). Ele zuri horiek, hauteskunde denboretako fraseologian sartzen dira. Bainan bidea luze da ideologia eta aplikazioaren artean.

III. EUROPAREN ERAGINA IPAR EUSKAL HERRIAN

Ipar Euskal Herrian, Europako erakundeen eragina 1987an agertu zen, Kuijpers erabakiarekin. Euskalgintzako eta kulturgintzako elkarteetan lan egiten zutenek Europako Parlamentuaren dokumentuak erabili zituzten beren argumentazioetan, botere publikoenganik aitzinamendu batzu erdiesteko. Erran behar da gauzak lehenagotik aldatzen hasiak zirela euskararen alde.

Euskalgintza berriaren etapak

Deixonne legea (1951) garrantzizko aldaketa kulturala izan zen Errepublika Frantsesean herri hizkuntzei begira. Lehen aldikotz 7 herri hizkuntza irakaskuntza publikoan sartu ziren lege baten bidez, horietarik bat euskara zelarik. Lege horren balioa gutxiesten dugu, eragin ofizialak 10 urteren buruan agertu baitziren. Baina nolazbait mentalitateak aldatzen hasi ziren eta 1975eko hezkuntza legearen arabera herri hizkuntza guztien irakaskuntza sar ziteken ikaskuntza maila guztietan.

Anartean Euskal Herrian Ikas elkartea sortu zen 1959an, Piarres Lafitte elkarteburu zelarik. Elkartearen helburua zen euskararen ikaskuntza antolatzea nahi zuten ikastetxeetan. Beste ildo batean lehen ikastola sortu zen 1969an eta urte berean lehen irakasle ibiltaria izendatu zuen Hezkuntza Ministeritzak. Denbora berean beste mugimendu batzu ari ziren euskaltasuna zabaltzen jende helduengan, adibidez Mende Berri, eta 1979an Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (AEK) Iparraldera pasatu zen. Hogeita hamar urtez euskalgintza abiadura txikian ibili zen, baina indarrak metatu ziren aldaketa handiagoak prestatuz.

Aldaketa nagusia 1981ean gertatu zen, "Euskara eta euskal kulturaren jardunaldiak" (Assises de la langue et de la culture basques) bildu zirelarik, Ikas elkarteburuaren eta idazkariaren ekimenez, hurrenez hurren Jean Haritschelhar eta Manex Goihenetxe. Egia erran Frantziako bizitza politikan zen lehenik gertatu aldaketa nagusia, alderdi sozialistak hauteskundeak irabazi baizituen. François Mitterrand Presidentearen programak hitzematen zituen euskaltasunaren aldeko gauza asko: herri kulturen garapena, hizkuntzen legea, Euskal departamendua, hedabideen askatasuna... Ikusiz ate batzu irekitzen ari zirela, Jardunaldietan bildu ziren 35 elkarteek egitasmo orokor bat eztabaidatu zuten eta zabaldu "Kaier horia" deritzon agiri batean: euskararen irakaskuntza, hizkuntzaren erabilera publikoa, hedabide euskaldunak, kultura erakundea eta beste.

Gainera Pizkundea antolatu zen, euskal elkarteen federatzaile, nolazbait eztabaidatik ekintzetara pasatzeko, "euskararen eta euskal kulturaren hazkundea edozein bide egokiz sustatzeko". Federazio hau botere publikoaren mintzakide bilakatu zen. Pizkundearen bidez manifestaldi handiak egiten ziren noizean behin, "Deiadar" lemapean. Negoziaketa eraginkorrak eraman ziren irakaskuntza mailan bereziki, baina ez bakarrik: Seaskaren onarpena, ikaskuntza elebiduna sare publikoan eta gero sare pribatuan, irakasleen formakuntza, euskal diploma unibertsitarioak, hedabideak hala nola euskal irratiak eta Euskal Telebistaren iparralderatzea, Euskal Kultur Erakundea (EKE)... Mugimendu guzti honen sustengatzeko Europako erakundeen txostenak, erabakiak eta itunak lagungarri izan ziren.

Europako agiriak eta Deiadar aldarrikapenak

Bigarren jardunaldiak iragan ziren 1988ko abenduan oinarritzat hartuz Kuijpers ebazpenean zerrendatuak diren kultura eskubideak. Hona jardunaldi hauen helburua.

"Jardunaldi hauetan bilduak diren elkarteek adierazten dituzte Euskal Herriak dauzkan eskubideak bere nortasuna goratzeko:

Berriz ere eskatzen dugu legezko ofizialtasuna euskararentzat eta gure kulturarentzat, Europako Parlamentua gure alde delarik 1987ko urriaren 30eko (Kuijpers) erabakian".

Gogoeta guztien bilduma egin zen "Euskaldungoaren eskubideak" deitu txostenean. Zortzi kapitulu landu ziren:

Alor bakoitza aurkeztu zen beti plan bera erabiliz: Europako Parlamentuaren gomendio baten testu osoa, euskaltasunaren azterketa diagnostikoa, Pizkundearen proposamenak bereziki botere publikoei buruz.

1989ko maiatzean, Kultur eskubideen aldeko kanpaina baten ondotik, "Deiadar" lehen elkarretaratzea antolatu zen, Pizkundea, Seaska eta AEK animatzaile zirelarik. Lau eskaera nagusi: Seaska eta Hezkuntza Ministeritzaren arteko hitzarmena, irakasleen formakuntza diploma ofizialekin, gau eskolen aldeko finantzamendu publikoa eta "euskal kultur etxea", kultur elkarteen eta hedabideen lagungarri.

Euskal Kultur Erakundea eta Herrienarteko Sindikata (1990)

Bi erakunde hauek izan ziren Pizkundea federazioaren lorpen nagusiak, euskaltasunaren geroa baikorki eta luzaro baldintzatuko dituztenak.

Euskal kultur erakundea sortu zen Pariseko gobernu sozialistaren eta Pizkundeko ordezkaritzaren arteko negoziaketaren ondotik. Pizkundeak gutun bat idatzi zuen erakunde berri bat eskatuz, non ere euskal elkarteak eta botere publikoa partaide izanen baiziren, lankidetzan aritzeko euskararen eta euskal kulturaren onetan. Alde batetik aginte publikoaren lau mailek urtero aurrekuntua onartzen dute, Estatuak, Akitaniako Eskualdeak, Departamenduak eta Udalerriek. Bestalde euskal elkarteen ordezkariek urteko kultur egitasmoa finkatzen dute, zuzendariaren eta talde profesionalaren laguntzarekin gauzatzeko.

1989 uztailaren 13an, Pizkundearen gutunari erantzun bat eman zion Kultura Ministeritzak, bere adostasuna emanez Euskal Kultur Erakundearen sortzeari: araudiaren onarpena, administrazio kontseiluan parte hartzeko xedea eta 1989ko diru-laguntza. Dokumentu hau da erakundea ofizialki oinarritzen duen idazkia.

1990ko apirilaren 7an, Baionako komertzialdegian egin zen biltzar nagusi sortzailean, 67 elkartek parte hartu zuten eta botere publikoen ordezkari guztiek, araudia eta aurrekontua onartzeko, bulegokideak bozkatuz hautatzeko eta zuzendaritza izendatzeko. Ramuntxo Camblong izan zen leken elkarteburua eta gero Erramun Baxok; Txomin Heguy lehen zuzendaria eta gero Pantxoa Etchegoin.

1990ko ekainaren 30ean, Ipar Euskal Herriko 140 udalerrietako ordezkariak bildu ziren Baionako Herriko etxean, "Euskal kultura sustengatzen duen herrienarteko sindikata" (Herrienarteko Sindikata) antolatzeko eta lehendakaria izendatzeko. Lehen idea zen ekonomia eta kultura uztartzea. Baina estatuaren ordezkariak bakarrik helburu kulturalera mugatu zuen sindikata, ekonomiarentzat "beste egitura bat" izanen zela hitzemanez. Sindikata mugatua onartu zuten baina ekonomia eta kultura bereizteak atsegabea piztu zuen, bai kulturzaleenganik bai herri kontseilarienganik. Bernard Auroy, Uztaritzeko auzapeza izan zen lehen sindikataburua.

Bi erakunde hauen garrantzia azpimarratzeko, hona ohar batzu, Europako Parlamentuaren izpirituari lotuak direnak:

Euskararen Agiria (1994-10-15)

1994a, oso data emankorra izan zen Ipar Euskal Herriarentzat. Alde batetik Europako Parlamentuak onartu zuen Kililea erabakia, bi urte lehenago Europako Kontseiluak proposatu zuen Hizkuntzen Karta. Jarraian Pizkundeak eta Deiadar kolektiboak zabaldu zuten "Euskararen Agiria". Bestalde Iparraldean abiatu ziren Lurralde antolaketaren lanak, besteak beste egitasmoan ezarriz "hizkuntz antolaketa", geroxago "hizkuntz politika" bilakatu dena.

Euskararen Agiria, Hirugarren Jardunaldien emaitza da. Berriz ere euskal erkarteak bildu ziren "euskararen aldeko oinarrizko neurriak finkatzeko eta koordinazio gune iraunkorra sortzeko". Agiria argitaratu zen herritarren, elkarteen eta erakundeen onarmena eskatuz. Zazpi kapitulutan banatuak diren 40 neurriak, "hizkuntzaren eremu osoa estaliko duen politika" baterako proposamenak dira. "Herri hizkuntzen Eurokarta da politika honen abiapundua eta ofizialtasuna helburua".

Europako hizkuntz politikari etengabe erreferentzia egiten dio Euskararen Agiriak. Hona hiru aipamen, "administrazioa eta legedia" kapitulutik:

Agiriaren lehenbiziko ondorioa izan zen egitura federatzaile berri bat eraikitzea, Euskal Konfederazioa, Pizkundea federazioaren eta Deiadar kolektiboaren jarraipenean. Helburua da euskaraz, euskal kulturaz, kirolaz, irakaskuntzaz eta hedabideetaz arduratzen diren federazioak, elkarteak eta pertsonak biltzea, "euskara salbatzeko baitezpadakoak diren neurriak berehala hartzeko eta gauzatzeko denborarik galdu gabe".

Laburbilduz, Europako hizkuntz zuzenbidea izan zen Deiadar mugimenduaren hazkurri, zeinek ondorio iraunkorrak eman baitzituen:

Falta zen Euskararen agiriak aipatzen duen "instituzio politiko-administratiboa", beste bide batetik etorriko dena, hain zuzen lurralde antolaketatik.

Geroari buruz: euskualgintzatik herrigintzara

Egia da Europako Kontseiluan ere antzeko urraspide bat gertatu zela Hizkuntzen Kartatik gutxiengoen hitzarmenera. Alabaina Europa batuko erakundeak Estatuen erakundeak dira. Egoki zen Europako Kontseiluak eztabaida zezan eta proposa "Nazioetako gutxiengoak babesteko hitzarmen nagusia" (1994). Pertsona guztiek askatasun, eskubide eta zerbitzu berdinak hartze dituzte, edozein izan dadin bere nortasuna, nazioa, etnia, kultura, hizkuntza edo sinesmena. Zuzenbide hau indibiduala da bai eta ere kolektiboa. Frantziaren ordezkariak idazkia onartu zuen ohizko erreserba ezarriz: Errepublika Frantsesean ez dago gutxiengorik, herritar guztiak berdintasunean baitira legearen aitzinean, laikotasunaren izenean, edozein izan dadin bere nortasuna edo erlijioa. Ondorioz Gutxiengoen Hitzarmenak ez du oihartzun handirik izan herrialdetan, salbu Bretainian eta Alsazian, federalismoa eskatzeko.

Ipar Euskal Herrian herrigintzak beste bide bat hartu du, lurralde antolaketaren bidea, Pasqua legearen (1992) eta Voynet legearen (1999) ildotik. Lege hauen oinarrizko filosofia da herri bereziak (pays) badaudela, bizikidetzak, tokiko ekonomiak eta kulturak definiturik. Deszentralizazioaren izenean, herri bakoitzak baliabide gehigarriak hartze ditu, garapen urraspidean sartzeko, gizarte zibila eta gizarte politikoa elkartzen duen "gobernantzaren" bidez. Kulturek eta hizkuntzek badute beren lekua, lurrade antolaketan: article 14: Le schéma ... "détermine les actions à mettre en oeuvre pour assurer la promotion et la diffusion de la langue française ainsi que la sauvegarde et la transmission des cultures et langues régionales ou minoritaires" ( antolaketa eskemak eginkizunak finkatzen ditu hizkuntza frantsesaren garapena eta zabalkuntza segurtatzeko, bai eta ere eskualdeetako kultura eta hizkuntza gutxituak zaintzeko eta jarraikarazteko). Ondorioz Frantziako hizkuntza guztien antolaketa politika publikoan sartzen da.

Euskal Herri 2010 gauzatu da Garapen Kontseiluaren (gizarte zibila) eta Hautetsien Kontseiluaren (gizarte politikoa) eskutik. "Euskal Herriko antolaketa eta garapen eskema" (1996) proposamen guztien bilduma da. Deiadar aroan sortu ziren euskal erakundeak eta elkarteak garapen dinamikaz baliatu ziren, hizkuntz antolaketa eztabaidatzeko eta onartarazteko, Quebeceko ereduari jarraikiz.

Jarraian Estatuak eta tokiko agintek izenpetu zuten "2001-2006 Hitzarmen Berezia". Kontratu politiko honetan sartzen dira proposatu ziren 79 neurri, 10 kapitulutan zerrendaturik, lehen kapituluaren atal burua "Hizkuntz politika" delarik. Lehen aldia da izendapen hau agertzen dela, agiri ofizial batean. Eta hizkuntz politika eramateko Euskararen Erakunde Publikoa eraiki da, gizarte politikoaren esku dagoena, elkarteak aholku batzordean daudelarik proposamenak egiteko.

Denbora berean herri mugimendua ere antolatu zen, urraspide osoa akulatzeko. Batera Plataforma Baionako Komertzialdegian sortu zen 2002ko abenduaren 14ean. Haren ituna 110 elkarte, sindikata eta mugimenduk izenpetu zuten, gizarte zibilaren parte handi bat ordezkatuz, abertzalegoa baino urrunago. Batera itunak lau aldarrikapen dauzka: euskararen ofizialtasuna ardiestea, euskal laborantza ganbara eraikitzea, euskal unibertsitatea egituratzea Baionaldean, euskal departamendua sortzea.

Bi dinamika paralelo horiek jarraitzen dute. Europaren eragina nabari zen Deiadar aroan eta gero hizkuntz politika antolatzean. Gaur egun Europa geldialdi batean dago, Frantziak konstituzioari eza eman duen pundutik, Euskal Herriak bai erranikan ere. Nizako ituna bururatuko delarik, egitura berri bat asmatu beharko da, herri eta kultur aniztasuna bultzatuko duena.

OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA

(ERRAMUN BAXOK Euskaltzaindiaren Jagon saileko Sustapen batzordeko kidea da)



Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1166006420