Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Hizkuntza aniztasuna Europar Batasunean

Patxi Juaristi Larrinaga / Herri-administrazioa / 2006-12-19 / 07:00


Lan honen helburua da Europar Batasuneko (EB) hizkuntzen egoeraren berri ematea. Hasteko, EBean dauden hizkuntzak eta bakoitzak dauzkan hiztunak aurkeztuko ditut. Europar Batasuneko hizkuntza aniztasunaren berezitasunak erakutsi ostean, hizkuntza aniztasuna kudeatzeko Batasunean dauden metodoak aztertuko ditut.



Lanean zehar erabiliko ditudan informazio eta datu gehienak Munduko Hizkuntzei buruzko txostenetik datoz. Txosten hau egiteko lanak 1998. urtean hasi ziren, eta 2003. urtean bukatu (1). 2005.ean argitaratu zen lan honek helburu garrantzitsu bi izan ditu: alde batetik, munduko hizkuntzek daukaten egoera eta arazoak azaltzea; eta, bestetik, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen egoera hobeagotzeko 1166beharrezkoak diren hizkuntza politikak, erabakiak eta pausoak zehaztea, hain zuzen ere, munduko gobernuei, nazioarteko erakundeei eta estatuei aholkuak emateko helburuarekin.

Lan honen egileok erabili dugun informazioa galdeketa bidez jaso dugu, nagusiki. Alegia, ikerketa honen oinarria balizko informatzaile guztiei bidali zitzaien galdeketa izan da.

Gehienetan, posta arruntaren bidez jaso dugu informazioa, baina ahal izan den kasuetan e-posta ere erabili dugu. Postaren metodoak ahalbidetu digu beste modu batera lortu ezingo genukeen informazioa lortzea. Alegia, postaren bidea erabiliz, gugandik oso urruti edo informazio bilketa saila duten hizkuntzen berri lortu ahal izan dugu. Gainera, kontuan izan behar da galdeketa posta bidez bidalita denbora ematen zaiela informatzaileei erantzunak pentsatzeko edota hizkuntzaren egoerari buruz informazio fidagarria bilatzeko.

Galdeketen bidez lortu dugun informazioaren osagarri, liburuen eta artikuluen araketa egin dugu. Besteak beste, adituen liburu eta lanak, munduko hizkuntzen atlasak, zenbait eremutako azterketa deskribatzaileak, era askotako komunitateen eta zonaldeen ikerketa soziolinguistikoak eta galtzeko zorian edo arriskuan dauden hizkuntzei buruzko ikerketak eta lanak arakatu ditugu.

Azkenik, munduko hizkuntzen gaia ondo ezagutzen duten ikerlari eta irakasle askorekin egon gara harremanetan biltzen ari ginen informazioa kontrastatzeko eta balioztatzeko. Zentzu honetan, gogoratzekoa da nazioarteko bost bilera antolatu genituela 1999. urtetik 2001era: Boliviako Cochabamban 1999an, Errusiar Federazioko Kalmykia Errepublikako kapitalean, hau da, Elistan, 1999an, Burkina Fasoko Ouagadougoun 1999an, Indiako Mysoren 2000an eta, azkenik, Australiako Melbournen 2001ean. Bilera horietan, Txostenaren helburuak eta galdeketa aurkeztu genituen, inguru horretako hizkuntzen egoera zuzenean ezagutu genuen eta, batez ere, han bildutako adituen laguntza zuzena eskatu.

I. Hizkuntzak eta hiztunak EBean

Zenbait kasutan hizkuntzen eta dialektoen artean desberdintzea zaila dela ahantzi gabe, gaur egungo hizkuntza bizien kopurua 5.000 eta 6.000 bitartekoa dela uste da, (Crystal 2000, Nettle 1999, Comrie, Matthews and Polinsky 1996, Wurm 2001, Grenoble and Whaley, 1998 and Hagege 2000, Hale 1992, Krauss 1992) (2).

Hala eta guztiz ere, hizkuntzak ez daude modu homogeneoan banatuta munduan zehar. Guztira, munduan 6.000 hizkuntza daudela onartzen badugu, munduko hizkuntzen % 3 (200 hizkuntza) europarrak dira, hizkuntzen % 32 (1.900 hizkuntza inguru) afrikarrak, % 32 asiarrak (1.900 hizkuntza inguru), % 15 amerikarrak (900 hizkuntza inguru) eta Ozeano Barean 1.100 hizkuntza hitz egiten dira, munduko hizkuntzen % 18 (Crystal 2000, Nettle 1999, Comrie, Matthews and Polinsky 1996, Wurm 2001, Grenoble and Whaley 1998, Hagège 2000).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


1.1 EBeko hizkuntzak

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Europar Batasunean? Ez da erraza galdera honi erantzutea. Hain zuzen ere, zaila delako zehaztea hizkuntza baten aldaera bat hizkuntza den edo dialektoa (3). Alegia, hizkuntza bat zer den erabakitzeko erabiltzen den irizpidearen arabera, Batasunean hizkuntza gehiago edo gutxiago daudela esan genezake.

Grimes-ek (2000), adibidez, Alemanian zazpi hizkuntza germaniar hitz egiten direla esaten du, baina beste ikerlari batzuk diote zazpi hizkuntza horiek alemanaren aldaerak direla. Zentzu honetan, askotan egiten den galdera da: luxenburgera, alsaziera, mochenoa, franciquea, walsera, zimbriera eta yiddisha alemanaren dialektoak dira edo hizkuntza desberdinak dira?

Antzerako galdera egin daiteke tsakonian izeneko dialektoari buruz. Greziera modernoaren dialektoa da edo bereizitako hizkuntza? (4)

Luxemburgera, alemanarekin eta frantsesarekin batera, Luxenburgoko hizkuntza ofiziala bihurtu zen 1983. urtean, naiz eta orain dela gutxi arte alemanaren dialekto gisa onartua zegoen.

Meänkieli eta Yiddish hizkuntzak finlandieraren eta alemanaren aldaerak direla esaten da, baina nolabaiteko babes ofiziala duten hizkuntza gisa onartu ditu Suediako gobernuak (5)

Ikusten den bezala, ez da erraza esatea zenbat hizkuntza hitz egiten diren Europar Batasunean; hain zuzen ere, zaila delako zehaztea hizkuntza baten aldaera bat hizkuntza den edo dialektoa. Gainera, hizkuntzalarien irizpideen aurka, arrazoi historikoak, politikoak eta sozialak daude askotan aldaera bat hizkuntza gisa hartzeko.

Lan honetan, luxenburgera, meänkieli, rusynera edo Yiddish (6) bezala, nolabaiteko onarpen ofiziala duten hizkuntza edo dialektoak Batasuneko hizkuntza gisa hartuko ditut, eta albo batera utziko ditut, alsaziera, mochenoa, franciquea, walsera, zimbriera, tsakoniera edo võroa (7) bezalako dialektoak, hain zuzen ere, inolako onarpen ofizialik ez dutelako.

Zenbait iturriren arabera, 125 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, gaur egun, Europar Batasunean. Hauetariko asko azken urteotan izan diren migrazioen ondorio dira (Siguan, 1995). Frantzian, adibidez, Algeriako arabiera hitz egiten duten 600.000 hiztun daude, kabylea (Algeriako Bereber familiako hizkuntza) hitz egiten duten 500.000 hiztun, eta Tunisiako arabiera hitz egiten duten 200.000 hiztun (Martí et al, 2005). Londresen panjabia hitz egiten duten 143.000 hiztun, gujaratia hitz egiten duten 138.000 hiztun eta hindi/urdu hitz egiten duten 125.900 hiztun (Baker and Eversley, 2000). Migrazioen ondorio diren hizkuntza hauek guztiek babes, onarpen eta prestigio gutxi dute Batasunean.

Azken urteotan asko aldatu da EBeko populazioaren bilakaera eta osaketa. Etorkinen kopurua handitzen joan da Batasunean, eta, ondorioz, 90. hamarkadaren hasieratik, etorkinak dira Batasuneko biztanleriaren hazkundearen arrazoi garrantzitsuena (8). Honek zera esan nahi du: hizkuntza asko daudela Batasunean inolako onarpenik ez dutenak, nahiz eta hiztun ugari izan. Hau kontuan izanik, iruditzen zait beharrezkoa dela EBean bizi diren etorkinek hitz egiten dituzten hizkuntzei buruzko eztabaida edota gogoeta publikoa egitea. Hain zuzen ere, Batasunak etorkizunean izango duen erronketariko bat hori izango da: etorkinen hizkuntza eta kultur eskaerei behar bezalako erantzuna ematea.

2005eko irailean, Europako Batzordeak A Common Agenda for Integration - Framework for the Integration of Third-Country Nationals in the European Union komunikazioa onartu zuen. Komunikazio honetan aholkuak ematen zizkien estatu kideei etorkinen gaian aurrerapausoak eman ditzaten. Zehazki, etorkinak integratzeko estrategiak martxan jartzeko aholkatzen zitzaien estatuei, eta horrekin batera, baita EBak martxan jarri dituen estrategiekin bat egiteko ere. Dena dela, komunikazio honetan ez zen ezer esaten etorkinek hitz egiten dituzten hizkuntzei dagokionez hartu behar diren erabakiei edo martxan jarri behar diren estrategiei buruz.

Etorkinek hitz egiten dituzten hizkuntzez gain, kontuan izan behar dugu Europar Batasuna osatzen duten Estatuen menpe dauden lurraldeetan hizkuntza ugari hitz egiten direla (Asiako, Afrikako eta Hego Ameriketako lurraldeak dira nagusiki). Adibidez, Bernard Cerquiglini-ren arabera (l'Institut national de la langue française-ko zuzendaria (C.N.R.S.), 75 hizkuntza hitz egiten dira Frantziar gobernuaren menpe dauden lurralde guztietan (9).

Etorkinen eta atzerriko lurraldeetako hizkuntzak alde batera uzten baditugu, EBean jatorria duten 60 hizkuntza hitz egiten dira EBean:

  1. Albaniera (230,000) (10)
  2. Alemana (84 milioi) (11)
  3. Aragoiera (10,000) (12)
  4. Asturiera (450,000) (13)
  5. Bielorrusiera (220,000) (14)
  6. Bretoiera (369,000) (15)
  7. Bulgariera (400,000) (16)
  8. Daniera (5 milioi) (17)
  9. Errumaniera (80,000) (18)
  10. Errusiera (1.9 milioi) (19)
  11. Estoniera (953,000) (20)
  12. Eskoziako gaelikoa (67,000) (21)
  13. Eslovakiera (5.5 milioi) (22)
  14. Esloveniera (2 milioi) (23)
  15. Euskara (750,000) (24)
  16. Faroeera (45,000) (25)
  17. Finlandiera (4.7 milioi) (26)
  18. Franco-Provenzera (60,000) (27)
  19. Frantsesa (55 milioi) (28)
  20. Frisiera (362,000) (29)
  21. Friuliera (600,000) (30)
  22. Galesa (500,000) (31)
  23. Galiziera (2.3 milioi) (32)
  24. Gaztelera (43 milioi) (33)
  25. Greziera (10.5 milioi) (34)
  26. Hungariera (12 milioi) (35)
  27. Ijitoera (1.5 milioi) (36)
  28. Irlandera (1.2 milioi) (37)
  29. Italiera (55 milioi) (38)
  30. Ingelesa (55 milioi) (39)
  31. Katalana (7 milioi) (40)
  32. Kroaziera (140,000) (41)
  33. Korsikera (200,000) (42)
  34. Kashubiera (200,000) (43)
  35. Kareliera (10,000) (44)
  36. Ladinera (40,000) (45)
  37. Letoniera (1.8 milioi) (46)
  38. Lituaniera (2.9 milioi) (47)
  39. Luxenburgera (442,000) (48)
  40. Mazedoniera (10,000) (49)
  41. Maltera (370,000) (50)
  42. Meänkieli (30.000-70.000) (51)
  43. Mirandera (10,000) (52)
  44. Nederlandera (21 milioi) (53)
  45. Okzitaniera (1.5 milioi) (54)
  46. Poloniera (39 milioi) (55)
  47. Portugesa (10 milioi) (56)
  48. Rusynera (50,000) (57)
  49. Samia (30,000) (58)
  50. Sardiniera (1.6 milioi) (59)
  51. Sorbiera (30,000) (60)
  52. Suediera (8 milioi) (61)
  53. Tataroa (1,229) (62)
  54. Turkoa (205,000) (63)
  55. Txekiera (10 milioi) (64)
  56. Ukraniera (250,000) (65)
  57. Yiddish (66)

Ia desagertuta dauden beste hiru hizkuntza gehitu behar zaizkio zerrenda honi (67):

  1. Korniera (200) (68)
  2. Karaimera (400) (69)
  3. Livoniera (10) (70)

Europar Batasunean 60 hizkuntza daudela kontuan izanik, aipatzekoa da eremu geopolitiko honetan munduko hizkuntzen % 1 hitz egiten dela. Zentzu honetan, argi dago EB-tik kanpo dagoela munduko hizkuntzen ondarearen parte garrantzitsuena. Are gehiago, kontuan izan behar dugu EBean munduko biztanleen % 7 bizi dela, baina munduko hizkuntzen % 1 hitz egiten dela bertan (71).

Zergatik gertatzen da hau? Zergatik dago Batasunean munduko beste zonalde batzuetan baino hizkuntza gutxiago? Argi dago hizkuntza aniztasuna galtzen ari dela munduan (Wurm 1996, 2001, Comrie, Matthews eta Polinsky 1996, Junyent 1999, Nettle 1999, Moreno Cabrera 2000, Crystal 2000, Hagège 2000). Munduko beste zonalde askotan bezala, Europar Batasunean ere arrazoi historikoak, ekonomikoak, politikoak eta kulturalak daude hizkuntza aniztasunaren galeran. Dena dela, arrazoi garrantzitsuena, nire ustez, zera da: EB osatzen duten 25 estatuetako gobernu gehienek gutxitutako hizkuntzak baztertu egin dituztela eta asimilazio politika erasokorrak bultzatu dituztela (Martí et al, 2005).

2005eko ekainean, EBko Kontseiluak europar erakundeetara beste zenbait hizkuntzatan zuzentzeko aukera ematea onartu zuen, honako hiru eremutan onartu ere:


1.2. EBeko hizkuntzen hiztun kopurua

Aipatu ditudan 60 hizkuntzak hiztun kopuruaren arabera sailkatu daitezke. Zehazki, EBean jatorria duten hizkuntza hauek guztiak hiru taldetan banatu daitezke:

Lehen taldean daude 10 milioi hiztun baino gehiago dauzkaten hizkuntzak. Talde hau osatzen duten 11 hizkuntzek 395 milioi hiztun dauzkate guztira.

Honek zera esan nahi du: EBeko biztanleriaren % 85ak EBeko hizkuntzen % 18a hitz egiten duela (73). Talde honetan dauden 11 hizkuntzak dira:

  1. Alemana (84 milioi)
  2. Frantsesa (55 milioi)
  3. Gaztelera (43 milioi)
  4. Greziera (10.5 milioi)
  5. Hungariera (12 milioi)
  6. Ingelesa (55 milioi)
  7. Italiera (55 Milioi)
  8. Nederlandera (21 milioi)
  9. Poloniera (39 milioi)
  10. Portugesa (10 milioi)
  11. Txekiera (10,3 milioi)

Nahiz eta jakin, dakigun, hizkuntzen bizi-indarra eta etorkizuna ez dagoela hiztun kopuruaren menpe, argi dago talde honetan dauden hizkuntza denak egoera soziolinguistiko ona dutela. Are gehiago, 11 hizkuntza hauek ofizialak dira, ez bakarrik EBeko 11 estatutan, baita Europar Batasuneko erakundeetan ere, eta euretariko batzuk, gainera, munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzen artean daude. Kontuan izan ingelesa, frantsesa, portugesa eta gaztelera munduan hedapen handienetarikoa duten hizkuntzak direla (74).

Bigarren taldean sartu ditut milioi bat eta 10 milioi hiztun dauzkaten hizkuntzak. Guztira, 15 hizkuntza daude talde honetan; hain zuzen ere, EBeko hizkuntzen % 25:

  1. Daniera (5 milioi)
  2. Ijitoera (1.5 milioi)
  3. Errusiera (1.9 milioi)
  4. Eslovakiera (5.5 milioi)
  5. Esloveniera (2 milioi)
  6. Estoniera (953,000)
  7. Finlandiera (4.7 milioi)
  8. Galiziera (2.3 milioi)
  9. Irlandera (1.2 milioi)
  10. Katalana (7 milioi)
  11. Letoniera (1.8 milioi)
  12. Lituaniera (2.9 milioi)
  13. Okzitaniera (1.5 milioi)
  14. Sardiniera (1.6 milioi)
  15. Suediera (8 milioi)

Bigarren talde honetako hizkuntza gehienek ez dute lehen taldekoek duten hiztun kopurua, ezta hedakuntza ere. Dena dela, talde honetako hizkuntza gehienak ofizialak dira bai hitz egiten diren estatuetan zein Europar Batasunean.

Hala eta guztiz ere, talde honetan daude milioi bat hiztun baino gehiago izanik, gutxitutako egoeran dauden hizkuntzak, edo inolako onarpen edota babesik ez dutenak. Egoera horretan leudeke: ijitoera, okzitaniera, katalana, irlandera edo galiziera.

Nahiz eta errusiera bigarren talde honetan sartu dudan, kontuan izan behar da, oro har, errusierak hiztun asko dituela Batasunean. Adibidez, Errusiako mugan bizi diren Estoniako biztanle askoren ama hizkuntza da errusiera; Letoniako biztanleriaren % 29 errusiar jatorrikoa da, baita Lituaniako biztanleriaren % 6. Are gehiago, Errusiaren inguruan dauden Batasuneko estatuetan errusiera da gehien hitz egiten den atzerriko hizkuntza. Adibidez, Lituanian biztanleriaren % 83ak hitz egiten du errusieraz; Letonian biztanleriaren % 59ak, Estonian % 53ak, Polonian % 28ak, Eslovakian % 30ak eta Txekiar Errepublikan % 21ak (75).

Hirugarren taldean sailkatu ditut milioi bat hiztun baino gutxiago dauzkaten hizkuntzak. Talde honetan 34 hizkuntza daude, EBeko hizkuntzen % 57:

  1. Albaniera (230,000)
  2. Aragoiera (10,000)
  3. Asturiera (450,000)
  4. Bielorrusiera (220,000)
  5. Bretoiera (369,000)
  6. Bulgariera (400,000)
  7. Eskoziako gaelikoa (67,000)
  8. Euskara (750,000)
  9. Faroeera (45,000)
  10. Franco-provenzera (60.000)
  11. Frisiera (362,000)
  12. Friuliera (600,000)
  13. Galesera (500,000)
  14. Ijitoera (80,000)
  15. Kashubiera (200,000)
  16. Kareliera (10,000)
  17. Kroaziera (140,000)
  18. Korsikera (200,000)
  19. Ladinera (40,000)
  20. Luxenburgera (442,000)
  21. Mazedoniera (10,000)
  22. Maltera (370,000)
  23. Meänkieli (30.000-70.000)
  24. Mirandesera (10,000)
  25. Rusyn (50,000)
  26. Samiera (30,000)
  27. Sorbiera (30,000)
  28. Tatarera (1,229)
  29. Turkiera (205,000)
  30. Ukrainera (250,000)
  31. Yiddish

Talde honetan ere badaude:

  1. Kornishera (200)
  2. Karaimera (400)
  3. Livoniera (10)

Zerrenda honetan bi hizkuntza daude (maltera and luxenburgera) ofizialak direnak EBeko bi estatutan (Maltan eta Luxenburgon), eta zortzi hizkuntza ofizialak direnak EBtik kanpoko estatuetan (Albanian, Bielorrusian Bulgarian, Kroazian, Errumanian, Tatarstanen, Turkian eta Ukrainian (76)). Gelditzen diren beste 24 hizkuntzak gutxitutako hizkuntzatzat hartu ditzakegu; alegia, hitz egiten diren estatuetako gutxiengo batek hitz egiten ditu. Zentzu honetan, azpimarratzekoa da Batasuneko populazioaren % 0,8ak gutxitutako hizkuntza bat hitz egiten duela. Hau da, 4 milioi europarrek gutxitutako hizkuntza bat hitz egiten dute.

Bi talde bereizi ditzakegu 24 hizkuntza hauen artean:

Alde batetik, 13 hizkuntza koofizialak dira edo nolabaiteko onarpen edo babes ofiziala dute:

  1. Euskara (750,000)
  2. Eskoziako gaelikoa (67,000)
  3. Galesera (500,000)
  4. Faroeera (45,000)
  5. Franco-Provenzera (70,000)
  6. Frisiera (362,000)
  7. Friuliera (600,000)
  8. Ladinera (27,500)
  9. Meänkieli (30.000-70.000)
  10. Mirandesera (10,000)
  11. Samiera(30,000)
  12. Sorbiera (30,000)
  13. Yiddish

Bestalde, gelditzen diren 11 hizkuntzak desagertzeko arrisku gehien duten hizkuntzak dira, hain zuzen ere, inolako onarpen ofizialik ez dutelako. EBean egoera larrienetan dauden hizkuntzak dira:

  1. Aragoiera (10,000)
  2. Asturiera (450,000)
  3. Bretoiera (369,000)
  4. Korsikera (200,000)
  5. Kashubiera (200,000)
  6. Kareliera (10,000)
  7. Rusynera (50,000)
  8. Kornisha (200)
  9. Karaimera (400)
  10. Tatarera (229)
  11. Livoniera (10)

Nettle-k (1999) esaten du 10.000 hiztun baino gutxiago duten hizkuntzak desagertzeko arriskuan daudela. EBean, 3 hizkuntza daude 10.000 hiztun inguru dauzkatenak -aragoiera, kareliera and mirandesera- eta lau 10.000 hiztun baino gutxiago dauzkatenak -kornisha (200), karaimera (400), tataroa (1,229) and livoniera (10)-. Nettle-ren teoriei jarraitzen badiegu, zazpi hizkuntza hauek desagertzeko arrisku handia dute.


1.3. Hizkuntzak eta hiztunak: ondorio batzuk

Nahiz eta munduko beste zonalde batzuetan baino jatorrizko hizkuntza gutxiago hitz egiten diren, uka ezin da EB elkarte anitza dela. Hain zuzen ere, eremu geopolitiko honetan 60 hizkuntza hitz egiten dira (munduko hizkuntzen % 1. Europa osoan 200 hizkuntza hitz egiten direla kontuan hartzen badugu, Europako hizkuntzen % 30 hitz egiten da Batasunean).

EBeko hizkuntza guztiek ez dute egoera bera. Hizkuntza gutxi batzuk hedapen oso handia dute eta hizkuntza gehienek oso pertsona gutxik hitz egiten dituzte. Hau da, biztanleriaren % 85ak -395 milioi biztanle- EBeko hizkuntza guztien % 18 hitz egiten du. Bestalde, EBeko populazioaren % 0,8k (4 milioi biztanle) Batasuneko hizkuntza guztien % 43 hitz egiten du. Beste hitz batzuekin esanda, EBeko populazioaren % 0,8k gutxitako hizkuntza bat hitz egiten du. Ia kasu guztietan, hizkuntzaren egoera soziolinguistikoa eta bere estatus politikoa loturik dago hiztun kopuruarekin.

II. Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko metodoak EBeko estatuetan

EBeko estatuek metodo desberdinak erabiltzen dituzte hizkuntza aniztasuna kudeatzeko. Zehatzago esateko, nik neuk, bost eredu daudela pentsatzen dut:


2.1. Hizkuntza ofizial bakarra onartzen duten estatuak: Frantzia, Lituania, Letonia, Estonia, Polonia, Eslovakia eta Grezia

Hizkuntza bakarra duten eta hizkuntza horren erabilera bakarrik bultzatzen duten zazpi estatu daude Batasunean: Frantzia, Lituania, Letonia, Estonia, Polonia, Eslovakia eta Grezia.

Adibiderik ezagunena eta aipatuena Frantziako eredua da. Hala eta guztiz ere, eredu bera jarraitzen dute Batasuneko beste estatu batzuk ere: adibidez, Lituania, Letonia, Estonia, Polonia, Eslovakia eta Grezia.

Estatu hauen hizkuntza politikaren oinarria ideologikoa da hizkuntza bakarrak gizarte kohesioa ziurtatzen duela, baita estatuaren garapen ekonomikoa errazten. Beste hitz batzuekin esanda, estatu hauetako agintariek modernitatea, hizkuntza bat bakarra, nazioa eta estatu kontzeptuak uztartzen dituzte (Lastra, 1992). Hizkuntza politika honen ondorioa da ofizialak ez diren hizkuntzak baztertu egiten direla, eta, ondorioz, hizkuntza hauek prestigioa galtzen dutela eta zenbait kasutan desagertu egiten direla (Crystal, 2000). Are gehiago, hizkuntza eredu hau jarraitzen duten estatuek hezkuntza eredu elebakarrak bultzatzen dituzte, eta horrek arazo eta kontraesan ugari sortzen dizkie gutxitako hizkuntzak hitz egiten dituzten elkarteei.

Eredu honen ondorioak ulertzeko, adibide ona da Bretoiaren bilakaera aztertzea: XIX. mendearen bukaeran Bretoiak 1,5 milioi hiztun inguru zituen. Gaur egun, bretoierak 250,000 hiztun dauzka (Broudic, 1999). Zentzu honetan, bretoieraren beherakada nabarmena izan da azken 50 urteetan. Eta horren arrazoi garrantzitsuenetarikoa da transmisioa eten egin dela. Are gehiago, gauzak aldatzen ez badira, 40-50 urteren buruan bretoiera hitz egiten duten hiztun gutxi batzuk geldituko dira.

Bretoiera ez da egoera larri honetan dagoen Batasuneko hizkuntza bakarra. Egoera larrian daude baita ere Frantzian hitz egiten diren euskara, katalana, korsikera, franko-provenzera eta okzitaniera; baita Estonian hitz egiten den tatarera, Eslovakian eta Polonian hitz egiten den ijitoera, Eslovakian hitz egiten den Rusynera edo Polonian hitz egiten den kashubiera. Estatu hauetako hizkuntza politika aldatzen ez bada, hizkuntza hauek desagertzeko arrisku asko dute.


2.2. Hizkuntza ofizial bakarra onartzen duten estatuak, baina estatuaren zenbait zonalde edota eskualdetan beste hizkuntzen bat edo batzuk onartzen dituztenak: Suedia, Eslovenia, Hungaria, Portugal, Txekiar Errepublika, Austria, Bretainia Handia eta Alemania

EBeko bederatzi estatuk hizkuntza ofizial bakarra izateaz gain, estatuaren zenbait zonalde edota eskualdeetan beste hizkuntzen bat edo batzuk onartzen dituzte.

2002. urtean, Suediak samiera onartu zuen estatuko bosgarren gutxitutako hizkuntza gisa (samieraz gain, Suediak meänkielia, finlandiera, ijitoera eta yiddisha onartu zituen gutxitutako hizkuntza gisa). Honela, beraz, lau herritan (Arjeplog, Gällivare, Jokkmokk and Kiruna) samiera hizkuntza erabili daiteke administrazioarekiko harremanetan, haur-eskoletan eta epaitegietan.

Italiera koofiziala da Istriako (Eslovenia) zenbait herritan.

Gauza bera gertatzen da mirandeserarekin. 1998. urtetik babes ofiziala dauka Portugaleko ipar-ekialdeko zenbait herritan (Miranda do Douro herrian eta inguruan).

Nahiz eta gobernuen babesa eta zenbait kasutan laguntza ekonomikoa duten, talde honetako hizkuntza askok aurrera egiteko arazoak dauzkate; hain zuzen ere, ofizialtasunik ez dutelako. Adibide ona da Alemaniako frisieraren egoera. Nahiz eta Alemaniako politikariek frisiera babesteko legeak onartu dituzten (1990.eko Schleswig-Holstein Konstituzioa, 1997ko gutxitako hizkuntzen ituna) arazoak daude lege hauek betearazteko.

Erresuma Batuan ere antzerako arazoa gertatzen da. Hizkuntza ofizial bakarra ingelesa da, eta horrek esan nahi du galesak, Eskoziako gaelikoak, kornishak eta irlanderak aurrera egiteko arazoak dauzkatela (Moreno, 2000). Nahiz eta hizkuntza hauek nolabaiteko babes ofiziala izan, aurrera egiteko arazo asko dauzkate. Nahiz eta 1993. urtean onartu zen Welsh Language Act delakoaren arabera galesak nolabaiteko onarpen ofiziala izan, lege honek ez die ziurtatzen gales hiztunei euren hizkuntza edozein tokitan erabiltzeko eskubidea.


2.3. Zonalde edota eskualde batzuetan hizkuntza koofizialak onartzen dituzten estatutak: Espainiako, Danimarkako, Herbeheretako eta Italiako kasuak

Batasuneko lau estatuk hizkuntza ofizial anitz izan beharrean, hizkuntza ofizial bakarra dute, baina estatuko zonalde batzuetan koofizialtasuna onartzen zaie hizkuntza batzuei. Adibidez, katalana, galiziera, euskara, Faroeera, galesa, sardiniera, friuliera edo ladinera hizkuntza koofizialak dira estatuaren zonalde batzuetan.

Hagège-k (2000) esan duen bezala, ofizialtasuna onartzen zaion hizkuntzak nolabaiteko babes legala dauka, eta hau gutxitutako hizkuntzaren egoera hobetzeko eta sendotzeko lehen pausua da.

Hala eta guztiz ere, estatus ofiziala izateak ez du ziurtatzen hizkuntza baten biziraupena. Nahiz eta onarpen ofiziala izan katalana, galiziera, euskara, faroeera, galesa, frisiera, friuliera, sardinioera edo ladinera bezalako hizkuntzek ez dute etorkizun argirik estatuek euron aldeko politika sendoak bultzatzen ez badituzte.

Danimarkako zenbait tokitan frisiera hizkuntza koofiziala da. Hala eta guztiz ere, desagertzeko arrisku handienetarikoa duen Batasuneko hizkuntzetariko bat da (Fishman, 1991).

Euskararentzat aurrerapauso garrantzitsua izan zen 1979. urtean euskara Euskal Erkidego Autonomoko hizkuntza koofiziala bihurtu zenean eta 1982an Nafarroako Foru Elkarteko hizkuntza koofiziala. Ofizialtasuna oso garrantzitsua izan zen hizkuntzaren biziraupenerako, hain zuzen ere, prestigioa eman ziolako euskarari eta, gainera, euskaldunek indartuta ikusi zituztelako euskararen alde egindako lan eta ahaleginak.

Nahiz eta talde honetako estatuek hizkuntza batzuei koofizialtasuna onartzen dien estatuko zonalde batzuetan, azpimarratzekoa da hauetariko estatu batzuk bereizketak egiten dituztela hizkuntzen artean. Horrela, ofizialtasuna eskaintzen diote hizkuntza batzuei eta ukatu beste batzuei. Adibidez, euskara, katalana, okzitaniera eta galiziera ofizialak dira Espainian baina asturiera ez da ofiziala.


2.4. Hizkuntza federazioak: Belgika

Belgika da EBeko hizkuntza federazio bakarra. Honek zera esan nahi du: hiru hizkuntza, hau da, alemana, frantsesa eta alemana, ofizialak direla. Horregatik, hain zuzen ere, hiru hizkuntzok prestigioa dute eta guztiak babesten dira administraziotik.

Belgika hiru hizkuntza elkartetan banaturik dago: flamenkoz hitz egiten dutenen elkartea, frantsesez hitz egiten dutenena eta alemanez hitz egiten dutenena. Bestalde, hiru erregiotan banaturik dago: Bruselan nagusiki frantsesez eta alemanez hitz egiten duten 980.000 biztanle bizi dira; flamenkoak bizi diren erregioak 5,900,000 biztanle dauzka eta nagusi flamenkoz hitz egiten da; eta Baloniak 3,360,000 biztanle dauzka eta nagusiki frantsesez hitz egiten da. Estatuko biztanleen % 60ak flamenkoz hitz egiten du; Frantsesa estatuko bigarren hizkuntza da (% 40 inguruk hitz egiten du) eta, azkenik, alemanez Belgikako biztanleen % 1ak hitz egiten du. Nahiz eta hizkuntza bakoitzak egoera soziolinguistiko desberdina duen, hiru hizkuntzak ofizialak dira eta babestuak daude.


2.5. EBeko estatu eleanitzak: Finlandia, Irlanda, Luxenburgo, Txipre eta Malta

Bost estatu eleanitz daude Batasunean: Finlandia, non finlandiera eta suediera hizkuntza ofizialak diren; Irlanda, non ingelesak eta irlanderak babes ofiziala duten; Luxenburgo, non frantsesa, alemana eta luxenburgera ofizialak diren; Txipre, non greziera eta turkiera hitz egiten diren; eta Malta, non ingelesa eta maltera konstituzioan onartuak dauden.

Txipre albo batera utzita, non egoera politiko oso berezia bizi duten (77), beste estatu guztietako konstituzioetan esaten da hizkuntza ofizial bat baino gehiago daudela. Teorian, behintzat, konstituzioan aipatzen diren hizkuntza guztiak daude legez babestuak.

Bere konstituzioaren arabera, Finlandia estatu elebikoitza da. Honek esan nahi du suedieraz mintzatzen diren Finlandiako biztanleak (Finlandiako biztanleriaren % 5 gutxi gora-behera) euren ama-hizkuntzen erabiltzeko eskubidea dutela administrazioarekiko harremanetan. Are gehiago, 1970. urtean egin zen hezkuntza erreformaren ondoren suediera eta finlandiera biak irakatsi behar dira Finlandiako eskoletan. Hala eta guztiz ere, esan behar da Suedieraz hitz egiten den hiri eta herrietan ere Finlandiera dela nagusi.

Bestalde, ezin dugu ahantzi 1991. urteko samiera hizkuntzaren legearen arabera, Finlandiako samiak (6.000 samiera bizi dira Finlandian) bizi diren lurraldeetan samiera hizkuntza erabiltzeko eskubidea dutela administrazioarekiko harremanetan. Gainera, 2003ko hizkuntza legearen arabera, samiera hizkuntza koofiziala da Finlandiako bost herritan: Enontekiö, Inari, Sodankylä and Utsjoki (78).

Irlanda ere estatu elebikoitza da. Konstituzioak bi hizkuntza ofizial daudela esaten du: Irlandera Irlandako hizkuntza nazionala da eta bere lehen hizkuntza ofiziala (Irlandako konstituzioaren 8. artikulua). Hala eta guztiz ere, ingelesa da irlandarrek gehien erabiltzen duten hizkuntza. Azken finean, ele-bikoiztasun ofizialak ez du ziurtatzen konstituzioan aipatzen diren bi hizkuntzek erabilpen bera dutenik.


2.6. Ondorio batzuk

Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko irizpide desberdinak daude EBeko estatuen artean. Era askotako lege, politika eta konstituzioak daude hizkuntzak kudeatzerakoan.

Alde batetik, bi hizkuntza ofizial edo gehiago dauzkaten estatuak daude. Adibidez, Finlandia, Irlanda, Luxenburgo, Txipre, Malta eta Belgika. Bigarren talde batean daude hizkuntza ofizial bakarra dutenak baina estatuaren zenbait zonaldetan hizkuntza koofizialak onartzen dituztenak, adibidez, Espainia, Danimarka, Herbehereak eta Italia. Estatu gehienek hizkuntza ofizial bakarra dute, baina beste hizkuntza batzuk onartzen eta zenbait kasutan babesten dira. Egoera honetan daude Suedia, Eslovenia, Hungaria, Portugal, Txekiar Errepublika, Austria, Bretainia Handia eta Alemania; azkenik, EBeko estatu batzuetan hizkuntza ofizial bakarra dute, nahiz eta estatu hauetan beste hizkuntza batzuk hitz egiten diren. Azken egoera honetan daude Frantzia, Lituania, Letonia, Estonia, Polonia, Eslovakia and Grezia.

Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko eredu eta modu desberdinak daudenez, oso zaila da EBean hizkuntza politika orokor bat bultzatzea, are eta zailagoa estatuei hizkuntzei buruzko lege orokor bat inposatzea. Egoera honek azaltzen du, nire ustez, zergatik estatu batzuk gutxitutako hizkuntzen aldeko legeen aurka agertzen diren.

III. Ondorio orokorrak

Europar Batasunean eremu geografiko honetan jatorria duten 60 hizkuntza hitz egiten dira (munduko hizkuntzen % 1, eta Europako hizkuntza guztien % 30). EB elkarte eleanitza da, nahiz eta munduko beste zonalde batzuetan baino hizkuntza gutxiago hitz egiten diren.

Hala eta guztiz ere, hizkuntzak ez daude modu homogeneoan banatuta biztanleriaren artean. Hiztun gutxi batzuk hizkuntza pila bat hitz egiten dituzte, eta hizkuntza gutxi batzuk oso hedatuak daude. Alegia, EBeko hizkuntza guztien % 18 biztanleriaren % 82ak hitz egiten ditu (395 milioi hiztun). Bestalde, EBeko hizkuntza guztien % 82 biztanleriaren % 15ak (65 milioi hiztun) hitz egiten ditu. 65 milioi hiztun hauetatik 4 milioi hiztunek (EBeko biztanleriaren % 0,8) gutxitutako hizkuntza bat hitz egiten dute.

Batasuneko hizkuntza askok, nahiz eta hiztun kopuru handia duten, ez dute inolako onarpenik, ijitoerarekin gertatzen den bezala (79).

Bestalde, hizkuntza batzuk nahiz eta ofizialak izan edo zenbait tokitan nolabaiteko onarpen ofiziala duten, arazoak dituzte aurrera egiteko. Are gehiago, zonalde batzuetan EBeko hizkuntza ofizialak hitz egiten dira, baina hizkuntza horiek hitz egiten dituzten hizkuntza elkarteen eskubideak ez daude babestuta. Hori da alemanez hitz egiten dutenen egoera Hungarian, Txekiar Errepublikan edo Polonian; baita Austrian eslovenieraz, eslovakieraz, hungarieraz edo txekieraz hitz egiten dutenena edo eslovakieraz hitz egiten dutenen egoera Hungarian.

EBeko mapa soziolinguistikoa ulertzeko, ezinbestekoa da kontuan hartzea hizkuntza aniztasuna kudeatzeko irizpide desberdinak daudela. Egoera honetan, oso zaila da EB osorako hizkuntza eredu orokorra adostea eta bultzatzea. Are gehiago, gauzak aldatzen ez badira, baliteke hizkuntza asko desagertzea. Honela, beraz, ezinbestekoa da gai desberdinei buruzko eztabaida publikoa egitea Batasunean:

IV. Erabilitako bibliografia


Web iturriak:


(PATXI JUARISTI LARRINAGA soziologoa eta Euskaltzaindiaren Jagon saileko Sustapen batzordeko kidea da)

Oin-oharrak


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1165311566