 |
Dotoreziaren alde |
 |
2006-12-05 / 07:00 / Henrike Knörr |
HIZKUNTZA |
|
Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, ez dator gaizki gure hizkuntzaren orainaz eta geroaz burutapen bat izatea, alde batera utzirik bihotz-berotasunak eta hantusteak, eta hotzean aztertuz egoera.
Laster beteko dira hiru urte 2004ko urtarrilean lehenbizikoz ikusi nuenetik Lazarragaren eskuizkribua, Gipuzkoako Diputazioak erosia. Familia nobleko semea, Arabako Larrean sortua, gazterik ekin zion Lazarragak literaturari. Eta zaharrik bere askaziaren kronika idazteari. Artean besterik idatzi zuenentz ez dakigu. Ia zori hutsak ekarri zigun ezagutzen dugun idazlana, eta agian zori hutsak ekarriko digu gehiago. Gaizki diot: zoriak, baina ikerkuntza lagun.
Olerkari gaztea, baina hegalda handikoa eta munduko berri jakinik. Haren luma-puntara datoz Antzinate klasikoa, Ludovico Ariosto, Sizilia, Madril, Cordoba edo Eskozia. Idazle ona. Hala ere, euskarazko ekoizpenari dagokiola, ez zituen, dirudienez, testuak txukundu eta moldiztegirako prestatu, nahiz diru arazorik ez izan. Aldiz, Etxeparek, hogei urte lehenago, Bernard Lehete herrikidea (biak baitziren Nafarroa Beherekoak) eta Bordeleko parlamentuan karguduna, izan zuen babesle, eta Lingua Vasconum primitiae ("Euskararen lehen fruituak") liburua argitara eman, agian bi bider. Tituluan bertan ageri denez, Etxepare ongi ohartzen zen harena zela euskarazko lehen liburua.
Bi kasuetan, idazle dotoreak eta sotilak. Anitzek kontrakoa pentsatu arren, horixe izan da ohikoa gure literaturan, eta Herri osoan ere, norbera dirudun izan edo behartsu. Ohitura eta helburua. Zeren, Kirikiñok (1866-1929) zioen bezala, euskarak kapelua jantzi behar du.
Dotorezia, sotiltasuna. Horixe behar du gure hizkuntzak. Deus ere, edo ia deus ere ez dugu aurreratuko euskara goratu gabe, apaindu eta aberastu gabe, erakargarri eta estimagarri egin gabe. Gizartearen goi mailako balioen artean behar du izan bere tokia euskarak, gauza desiragarrien artean. Egun, aldiz, bestela izaten da maiz: euskara jende zarpatsu, ergel eta indarkeriagileen besalagun aurkezten zaigu. Euskaraz (edo euskararen antza duen hizkuntzaz) ikusten ditugun horma-aldarri gehienak gorrotoz mintzo dira, kultura mespretxatzen dute (paisaia, hasteko), eta euskaldun asko gogaitzen eta nazkatzen. Nola nahi ote dugu jendeak senti dezan euskara ikasteko eta lantzeko irrika? Kontraeredu horien nor zaletuko ote da? Nola harritzen gaitu hainbesteren euskararekiko epeltasunak edo uzkurtasunak? Urte luzeen buruan hizkuntzak aurrera egiten ez badu, eta hedatzen ez bada, estonatzen gara?
Itzul diezaiogun euskarari dotorezia. Eta harekin batera olerki-sena. Lan egin dezagun euskara bihotzera irits dadin, behialako oihartzun-ekarle, orobat egungo Euskal Herriak dituen lore bikainen zabaltzaile. Eskolak beharko lituzke Etxepare, Lazarraga, Oihenart, Lizardi eta beste beren lekuan ezarri, merezi duten tokian. Zeren, Hölderlinek bere neurtitz ezagunean dioenez, "... olerkiro bizi da gizakia". Bai: gizaki izatea, hein handi batean, olerkian murgiltzea da.
Euskara nahitaezko bilakatzea dela helburu entzuten dugu sarri. Baina nik nahiago nuke beharrezko balitz. Beharrezko bizitzeko eta Herri honetan eta euskaldunak diren edonon gizaki sentitzeko, gizaki osoa.
Olerkia, dotorezia. Lan gaitza dugu, bakoitzak, guztiok. Euskara ezin izan daiteke euskañola ez franeuskara. Egon gaitezen mundura irekiak, baina gure ondarea zainduz. Adibidez, hemen dugu eurite ergel hori, Zorionak kaleetan, paperetan eta nonahi. Baina Zorionak erdalkeria izaugarria da, upela baino handiagoa. Aski! Datozen egunetan esaiogun elkarri Eguberri On. Urtebetetzeetan Urte askotako edo Anitz urtez. Eta norbaitek gure laudorioa merezi badu, esan dezagun Bejondeizula edo Goresmenak. Hizkuntza bakoitzari berea. Dotoreziaz. Begirunez.
(HENRIKE KNÖRR BORRÀS hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
|
Erantzun |
| |
 |
| Bi gauza |
 |
2006-12-05 / 09:05 / Pruden Gartzia |
|
Iruditu zait bi gauza desberdin aipatzen direla mezuan.
Lehenean, eta hitzez hitz aditzera eman gabe, baina sakonean, giza harremanetan desiragarri den dotoreziaren alde mintzo da. Jendetasunaren alde. Eta horretan guztiz bat nator, beti beharrezkoa bada ere, esango nuke gero eta beharrezkoagoa dela egungo Euskal Herrian.
Aldiz, ez dakit zer den euskararen dotorezia. Hizkuntza eredu jakin baten alde ari ote da? Zein eredu ote da hori, zehazki?
Nik maite dut Lizardiren euskara preziosista, baina baita ere Arestiren euskara klaroa. Eta ez dut kontraesanik ikusten horretan. Orobat, badakit euskara molde gehiago badirela. Adibide bakarra gehituko dut: zein dotorezia mota da, zehazki, tabernako bertsolari klasikoena?
Arrazoi du Gotzon Garatek baserrietako euskaldun adinekoen hizkera goratzean. Arrazoi osoa. Baina aspaldi esan zuen Mitxelenak Xenpelarren euskarak ez ziola balio, berea baino askoz ere ederragoa izan arren. Sarritan pentsatu dut arrazoi dutela biek, bai Garatek, bai Mitxelenak. Baina baita ere beste askok. Eredu asko dago.
Izan ere, euskara osoa eredu bakar batera murriztu nahi izatea erokeria da, eredu hori edozein delarik ere.
Hori bai, mintza gaitezen jendetasunez, edozein hizkuntzatan, edozein egoeratan. Ahal dela.
(PRUDEN GARTZIA Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da)
|
| |
 |
| Appelaturik konzientzia, norbere konzientzia |
 |
2006-12-05 / 10:07 / Erramun Gerrikagoitia |
|
Interesaz irakurri dut izkiriatu duena hak akademiko Henrike Knörr eta oraino gusturago, konkordanteago izkiriatua hak Pruden Gartzia. Nik ere uste dut sartzen duela zaku berean gauza differente asko hak akademiko Henrike, delarik izkiriatua kasik cocktail variatu eta diverso bat. Baina bietan, an Henrike eta an Pruden, irakurtzen da gauza interesanterik.
Diosku esaterako Henrikek artean beste gauza asko eta asko ezen itzul diezaiogun euskarari dotorezia eta galdetzen dut nik ea nork kontra egin ahal dion horri maxima general, lar general, horri? Zeren nik sarri esan daroat ze appelaturik konzientzia, neure konzientzia, nola beste batzuk uko egiten duten hartzeari armak eskutan ere appelationez hon konzientzia, ba nik appelaturik neure konzientzia kulturala ezin izkiriatu daroat baizik alveolo, galvanizatu, indivisible, multivalentzia, ravioli, reserva, trivialitate, vakunatione, vaselina, vegetariano, vertikal, vokativo, zivil, ... edo rabbino, radiologia, razzia, referentzia, refinatu, rektore, resonantzia, reversible, retikular, ritual, rodeo, ruina, rutina, retroviral, ...
Ez al dago hemen, an ere prespektiva orthographikoa, berba egiterik buruz dotorezia eta konkretuago buruz dotorezia kulturala eta ere zentzu kommuna?
Zergatik ezartzen zaio kulturari estropezu eta desdotarezia bortxatu impositivoa? Zergatik? Dotorea (eta doktoena) al da kulturalki eta akademikoki?
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)
|
| |
 |
| Gehiago dotore eta gehiago kultural |
 |
2006-12-05 / 17:18 / Erramun Gerrikagoitia |
|
Ez al duzu uste Henrike, akademiko Henrike Knörr, ezen sarturik v letrea an euskaraz litzateke gure hizkuntza dotoreago eta batez ere kulturalago eta ere juntuago eta normalago?
Uste al duzu gutiago euskara dela rhombo edo rombo ezi erronbo? Zergatik? Uste al duzu ze hizkuntzaren exklusivitate osoa behar du izan soil Akademiak?
Ez al duzu uste behar dugula izan geure malgutasun minimum bat' hak kollektivo qualifikatuak nola esaterako universitarioak eta ere guk personalki bakoitzak? Uste al duzu euskararen ama, ama on infaliblea, da Akademia eta gu, gutarik bakoitza gara parvulo perpetuak zeinek behar dugu derrigorrez jakin amaren normatologio osoa mintzatzeko eta izkiriatzeko euskaraz zuzen, ganoraz eta expressivoki?
Zerbait erantzun ahal duzu (dezakezu) dezagun jakin nola pensatzen duzu / duzue eta nolatsu ezartzen duzue kriterioak. Behar dugu gehiago kriterioak gero jokatzeko horiekin personalki eta individualki edo kollektivoki arauz bakoitzaren sensibilitatea ezi normak eta normatologio fingabea eta ere gogaitgarria.
Daigun lan egin alde euskara dotore bat eta effektivoa, bazterrean utzirik detaille insignifikanteak nola nola salutatu edo esanik zorionak edo beste zeozer.
Behar dugu hizkuntza dotore bat eta areago effektivo bat.
|
| |
 |
| Elegantziarik ez |
 |
2006-12-05 / 20:34 / Josu Lavin |
|
Gaur goizean EL CORREO egunkarian artikulu honen originala irakurri dudanean min sakona sentitu dut neure bihotzean.
EUSKERA Y ELEGANCIA
tituluaren azpian agertzen zen:
HENRIKE KNÖRR CATEDRÁTICO DE FILOLOGÍA VASCA EN LA UPV/EHU Y DIRECTOR DE INVESTIGACIÓN DE EUSKALTZAINDIA
Beraz, hor mintzo dena ez da edonor.
Ez dakit, irakurle maiteak, konturatzen zareten zenbateraino den kaltegarria honelakoak esatea erdaldunen aurrean:
Poesía, elegancia. Y mucho trabajo individual y colectivo. El euskara no puede ser euskañol ni franvasco. Estemos abiertos a todos, pero cuidando nuestra riqueza. Ya ha empezado, por ejemplo, esa idiota tormenta de Zorionak por todas partes. Pero Zorionak es un castellanismo como una catedral, traducción servil de Felicidades. ¿Basta! Felicitémonos en los próximos días navideños con eguberri on. En los cumpleaños digamos urte askotako o anitz urtez. Y si alguien merece nuestro elogio, digamos bejondeizula o goresmenak. A cada lengua lo suyo. Con elegancia. Con respeto.
Laster edozein ZORIONAKen aurrean entzun beharko dugu erdaldun askorengandik: pero si eso no es ni euskera!
Kriston kaltea egiten digute honelako adierazpenek, zeinek Ibon Sarasolaren antzeko "grazia" jatorren tamaina hartzen duten.
ZORIONAK, jaun-andreak, euskara bikaina da eta atzo arte bezala erabili dezagun.
Nola hitzegingo dute gazteek euskaraz, baldin eta egunero jadanik zekitena aldarazten badiete.
Baina, zuek lasai, inork ez du nire hitzen alde hitzegingo, zeren ni eskolako maisu soila bainaiz.
Artikulu berean ere bestelako "perlak" ere badaude, zeinen artean bat aipatzearren Lazarraga idazle dotorea izan zela esaten baitigu Knörr jaunak. Ez. Lazarragak utzi digun obra ez da ez elegantea ez eta dotorea. Ez al du euskaltzain jaunak liburu horretan erdarakada' San Mames modukorik ikusi?
Oso graveak dira euskararen biziraupenerako gaurko bezalako "perlak".
Norbaitek esan behar luke eta beti bezala niri egokitu zait.
(JOSU LAVIN, eskola maisua)
|
| |
 |
| Hizkuntz dotorezia |
 |
2006-12-06 / 17:53 / aizkorri |
|
Nola ez bat etorri euskararen dotorezia aldarrikatzen duen edonorekin! Dotorezia nahi genuke guztiok gure hizkuntzarentzat, jakina, nahiz eta horren aurretik lasai baino lasaiago hartuko ere genukeen dotoreziarik gabeko normalizaziorik. Zeren, horrela gertatuz gero, orain ez dugun hizkuntza normaldua eta bizitzaren arlo guztietara hedatua izango genuke gutxienez. Eta, nola esan, zabarkeriak eta kalkoak eta erdalkeriak gorabehera, inoiz Euskal Herria izan den honek Euskararen Herria izaten jarraituko luke. Eta bost axola izango litzaiguke guztioi euskañolak eta frantseuskarak litekeen (?) gizarte horretan tokia izatea. Zeren, haiekin batera, euskara dotoreaz baliatuko liratekeen gizabanakoak eta giza-multzoak ere ez genituzke faltan izango.
Kontua da ea noraino eska dakiokeen inolako dotoreziarik eta kapelu-gorbatarik, basamortuan egartsu delarik, ur putzu baten bila arrastaka doan zarpailari. Alegia, ez dirudi dotoreziak bere arazo behinena. Dotoreziarena, hizkuntzei bere hartan irauteko ondo datorkien tentsio-indarra da, baina, izatez, kontzeptu “aristokratikoa” da, “kontserbatzionista” bezain kontserbadorea nahi bada, gutxi batzuei baizik interesatzen ez zaiena, babarrunak hizkuntzaren bidez irabazten dituztenei baino ez. Jende arruntak komunikazioa bilatzen du, eta politizatuago denak, sinboloak. Besterik ez. Eta horretarako berdin dio frantseuskara, euskañola zein euskingelesa erabiltzeak (noski, golferoek errazago joko dute hirugarrenera, patateroek bigarrenera eta manexek lehenera). Baina dotorezia ez da arazo, ez behintzat ohiko arazo.
Baina esparru batzuetako jendeak hizkuntzaren dotoreziarena benetako arazotzat hartzea ulergarria den bezala, jende horrek ondo ulertu beharko luke halaber gizarte linguistikoki ez-normaldu batean ikur eta sinboloen funtzioa duten gauzak (hitzak, kasu honetan) ezin direla fribolitatez tratatu, ezin direla, horrela, beste gabe, espiritu santuaren azken orduko zientzia infusoaren graziaz, “ergelkeria”-tzat jo, ergeltzat uzten baikaitu beroiek erabiltzen ditugun eta erabiltzen segituko dugun guztioi.
Zorionak hitza da, sasoi honetan, lurralde euskaldun zein ez-euskaldunetan gehien ikusten den hitza. Baina ez hori bakarrik. Zorionak da errealitate gordinaren azpian ezkutaturik dagoen hizkuntza gutxietsi baten sinboloa, neguko jaiak direla-eta aldarrikatu eta kanpora atera nahi den ikurra, lagunak, kanpotarrak eta guztiak agurtzeko erabili ohi dena; sinbolizatzen duen hizkuntzatik at daudenak hartaratzeko erabiltzen den gonbit-hitza. Eta ikur hori euskaldunek eta euskaltzaleek ez ezik, euskara gehiegi onesten ez dutenek ere erabiltzen dute beren idazki eta iragarkietan. Are gehiago, batasun-hitza da Zorionak hizkuntza gutxietsi horretan.
Eta, gauzak zorrozte aldera, ez da egia zorionak arrotza denik, euskal hitza da eta tradiziorik ere du gure artean. Arrotza, izatekotan (ba al da gure artean “eguberria” baino arrotzago den kontzeptu eta sinesmenik?), beste zerbait da, ez hitza eta ez hitzaren bidez opatzen dena.
Erregu bat azkenik (eta ez genuke inolaz ere nahi gutun honetako ezer ad hominem bezala har ledin): gehiago zaindu dadila honelakoetan nor mintzo den eta zein titulurekin hornitzen den haren izena, batzuetan nekez bereizten baita zein den gizabanakoaren hitza eta zein egunero ordezkatzen dituen erakundeen iritzia. Ondorioak nahi ez bezalakoak izan daitezke.
Eta Xalbadorrek zioen bezala,
“goresmen eta zorion bihotzez”! Aizkorri
|
| |
 |
| Euskara batua euskañol txukuna |
 |
2006-12-07 / 12:35 / Xabier Andonegi Santamaria |
|
Euskara, baina, ezin da beste ezer izan euskañola edo franeuskara baizik. Erabili.com honetan, duela urtebete-edo, Sarasola berak esan zuen euskara batua euskañol txukun bat baino ezin zela izan (uste dut esaldi hori ez dagoela hemen lekuz kanpo).
(XABIER ANDONEGI SANTAMARIA helduen euskara irakaslea da)
|
| |
 |
| Alde dialogoa eta libertatea |
 |
2006-12-10 / 13:26 / Erramun Gerrikagoitia |
|
Hemen, ikusi ahal dudan lez, ez dago gogorik alde dialogoa. De facto, ez dago dialogorik (dia + logo). Grezian an Akademia hon Platon (Platoi?, euskaraz egokiturik geurera?) dialogoa eta konvenzimendua zen basea guziaren eta ez apeta individualak.
Daragiogun alde diagoloa, dialogo konvinzentea.
|
| |
 |
| Re: Dotoreziaren alde |
 |
2006-12-11 / 10:39 / aizkorri |
|
Nola ez bat etorri euskararen dotorezia aldarrikatzen duen edonorekin! Dotorezia nahi genuke guztiok gure hizkuntzarentzat, jakina, nahiz eta horren aurretik lasai baino lasaiago hartuko ere genukeen dotoreziarik gabeko normalizaziorik. Zeren, horrela gertatuz gero, orain ez dugun hizkuntza normaldua eta bizitzaren arlo guztietara hedatua izango genuke gutxienez. Eta, nola esan, zabarkeriak eta kalkoak eta erdalkeriak gorabehera, inoiz Euskal Herria izan den honek Euskararen Herria izaten jarraituko luke. Eta bost axola izango litzaiguke guztioi euskañolak eta frantseuskarak litekeen (?) gizarte horretan tokia izatea. Zeren, haiekin batera, euskara dotoreaz baliatuko liratekeen gizabanakoak eta giza-multzoak ere ez genituzke faltan izango.
Kontua da ea noraino eska dakiokeen inolako dotoreziarik eta kapelu-gorbatarik, basamortuan egartsu delarik, ur putzu baten bila arrastaka doan zarpailari. Alegia, ez dirudi dotoreziak bere arazo behinena. Dotoreziarena, hizkuntzei bere hartan irauteko ondo datorkien tentsio-indarra da, baina, izatez, kontzeptu “aristokratikoa” da, “kontserbatzionista” bezain kontserbadorea nahi bada, gutxi batzuei baizik interesatzen ez zaiena, babarrunak hizkuntzaren bidez irabazten dituztenei baino ez. Jende arruntak komunikazioa bilatzen du, eta politizatuago denak, sinboloak. Besterik ez. Eta horretarako berdin dio frantseuskara, euskañola zein euskingelesa erabiltzeak (noski, golferoek errazago joko dute hirugarrenera, hegotarrek bigarrenera eta manexek lehenera). Baina dotorezia ez da arazo, ez behintzat ohiko arazo.
Baina esparru batzuetako jendeak hizkuntzaren dotoreziarena benetako arazotzat hartzea ulergarria den bezala, jende horrek ondo ulertu beharko luke halaber gizarte linguistikoki ez-normaldu batean ikur eta sinboloen funtzioa duten gauzak ezin direla fribolitatez tratatu, ezin direla, horrela, beste gabe, espiritu santuaren azken orduko zientzia infusoaren graziaz, “ergelkeria”-tzat jo, ergeltzat uzten baikaitu beroiek erabiltzen ditugun eta erabiltzen segituko dugun guztioi.
"Zorionak" hitza da, sasoi honetan, lurralde euskaldun zein ez-euskaldunetan gehien ikusten den hitza. Baina ez hori bakarrik. Zorionak da errealitate gordinaren azpian ezkutaturik dagoen hizkuntza gutxietsi baten sinboloa, neguko jaiak direla-eta aldarrikatu eta kanpora atera nahi den ikurra, lagunak, kanpotarrak eta guztiak agurtzeko erabili ohi dena; sinbolizatzen duen hizkuntzatik at daudenak hartaratzeko erabiltzen den gonbit-hitza. Eta ikur hori euskaldunek eta euskaltzaleek ez ezik, euskara gehiegi onesten ez dutenek ere erabiltzen dute beren idazki eta iragarkietan. Are gehiago, batasun-hitza da Zorionak hizkuntza gutxietsi horretan.
Eta, gauzak zorrozte aldera, ez da egia "zorionak" arrotza denik, euskal hitza da eta tradiziorik ere du gure artean. Arrotza, izatekotan (ba al da gure artean “eguberria” baino arrotzago den kontzeptu eta sinesmenik?), beste zerbait da, ez hitza eta ez hitzaren bidez opatzen dena.
Erregu bat azkenik (eta ez genuke inolaz ere nahi gutun honetako ezer "ad hominem" har ledin): gehiago zaindu dadila honelakoetan nor mintzo den eta zein titulurekin hornitzen den haren izena, batzuetan nekez bereizten baita zein den gizabanakoaren hitza eta zein egunero ordezkatzen dituen erakundeen iritzia. Ondorioak nahi ez bezalakoak izan daitezke.
Eta Xalbadorrek zioen bezala, “goresmen eta zorion bihotzez”!
Aizkorri
|
|
Erantzun |
|