|
Administrazioan, beste esparru askotan bezala, urrats sendoak egin ditugu azken urteotan, euskararen normalizazioari begira. Bidean, makinatxo bat gorabehera gertatu zaigu; atzera-aurrera ibili gara behin baino gehiagotan; baina, oker handirik gabe esango nuke inoiz baino urrutirago heldu garela.
Guztion laguntzari esker, esparru berriak irabazi ditugu gizartean, komunikabideetan, merkataritzan, lan munduan, eta, jardunaldi hauei dagokienez, baita Administrazio Publikoan ere. Aurrerapen horien guztien ondorioz, gaur egun Administrazioa prest dago, neurri handi batean, euskaraz lan egiteko.
Langile euskaldun mordoa daukagu; sekula baino indar eta tresna ugariago jarri dira euskararen alde: hiztegiak, idazki‑ereduak, trebakuntza-ikastaroak...; administrazioko hizkera eta terminologia garatu dugu; itzulpenen kalitateak gora egin du nabarmen... baina, hona hemen, guztiok kezkatzen gaituen galdera: euskaraz lan egiten dugu? Baietz esango nuke nik. Lehen baino gehiago egiten dugu euskaraz Administrazioan, baita orain arte inoiz egiten ez zen tokietan egin ere; zoritxarrez, -eta hori aitortu beharra dago- jauzi handia dago ezagutzaren eta erabileraren artean; jauzi handia, jarritako baliabideen eta benetako errealitatearen artean. Beste hitz batzuetan esateko: badugu euskaraz lan egiteko gaitasuna, baina, urte luzeetako inertziaren ondorioz, gaztelaniaz jarraitzen dugu lanean. Garbi dago, hortaz, Administrazioa benetan elebiduna izango bada, ezinbestekoa dugula euskararen erabileran aurrerapausoak ematea; eta horretara datoz, hain zuzen ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Eudelek batera antolatu dituzten jardunaldi hauek.
Esfortzu handiak egin dira administrazioan euskarari dagokion tokia egiteko. Euskarak ez du sekula urte hauetan lortu duen presentziaren antzekorik ere eduki administrazio publikoan; perspektiba hori ez da ez ahaztu ez ezkutatu behar, nire irudiko behinik behin. Administrazioak egin du ahalegina, langileek egin dute ahalegina, eta ahalegin hori aitortu egin behar da. Baina ahalegina aitortzearekin batera onartu beharko genuke, halaber, ez dugula lortu administrazioan egindako ahalegin itzelari behar bezalako etekinik ateratzea. Etekinik atera dugu, baina ez nahi beste, ez eta behar beste, ez eta segur aski ahal beste. Nago ez dugula espero zitekeen guztia lortu. Segur aski, kasu askotan egiazki lor zitekeena baino helburu handiagoak jarri ditugu paperean, eta borondaterik onenaz jardunda ere ezin dena ezin lortu; horrek ezer onik ez dakarren frustrazioa eragiten du. Baina beste kasu askotan egindako kilometroak baino dezente kilometro gehiago ere egin zitekeen, eta ez ditugu egin. Honetaz ere komeni da gogoeta egitea, etorkizunean urratu beharreko bidean eraginkorragoak izan gaitezen, eta hartarako egin beharreko egokitzapenak egiten asma dezagun.
Hau garrantzitsua da, ezbairik gabe. Izan ere, administrazioak ispilu eta berme izan behar baitu legea betetzerakoan: ispilu legea betetzen duelako, eta berme legea betearazten duelako. Badugu zer hobeturik ispilu eta berme izateko bidean. Esaera zaharrak dioenez, atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, eta administraziook badugu zer zuzendurik eta zer franko hobeturik etorkizunari begira.
Bi egun hauetan, hamaika esperientzia entzuteko eta elkartrukatzeko abagunea izango dugu; jakingo dugu zertan ari garen udaletan, foru-aldundietan eta baita Eusko Jaurlaritzan ere. Ezagutuko ditugu era askotako proiektuak; horietako batzuk, orain dela zenbait urte martxan jarritakoak; beste batzuk, berriz, oraintsukoak, labetik atera berriak. Bi egun hauetan, herri-administrazioetako adituei emango diegu hitza; haiek esango digute zer egin daitekeen eta zer egin duten, euskararen erabilera bultzatzeko; zeintzuk diren arrakastarako giltzak, eta zeintzuk, porrotaren saihesbideak.
Ziur naiz Euskalduna Jauregira inguratu garen guztiok bat gatozela kontu batean: une honetan gure herri-administrazioetan euskararen erabilera indartzeak du garrantzirik gehien; horrek izan behar du gure lehentasun eta helburu nagusia datozen urteetan. Denok dakizuen bezala, egunotan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, 1997ko Dekretuan onartutakoaren haritik, eta administrazioek emandako datuak bildurik, euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren balorazio-txostena prestatzen ari da, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio bakoitzean euskararen erabilera-planak zein egoeratan dauden jakiteko.
Hirugarren plangintzaldiari dagokion txosten horrek egokiera paregabea eskainiko digu, esperientzia bakoitzaren nondik eta norakoak ezagutzeko, eta hortik ateratako ondorioei buruzko hausnarketa sakona egiteko. Horretan zeresan handia izango du ere sortu berri den Teknikarien Lan-mahaiak; bertan zuen lankide batzuk egongo dira, ekarpenak eta aholkuak eskaintzeko prest. Gainera, ematen ari garen urratsak balio handikoak izango dira 2008-2012ko laugarren plangintzaldiari begira; izan ere, orain jarritako oinarrien gainean eraikiko ditugu euskararen erabilera sustatzeko diseinatuko diren plan berriak.
Euskararen normalkuntzarako dugun konpromisoa berresteko ordua da; hizkuntzaren ezagupen teorikotik benetako erabilerarako jauzi kualitatiboa egite aldera, euskaraz lan egiteko gai diren guztien inplikazioa bilatu behar dugu; eta zeregin horretan ezin ditugu ahaztu agintari politikoak: geuk izan behar dugu eredu eta aitzindari; geuk zabaldu behar ditugu bideak, euskarari bere tokia aitortzeko.
Badakit euskara bihotz-bihotzez maite duzuela, eta haren alde lan egiteko ez duzuela akuiluren beharrik. Hizkuntza Politikarako sailburuordea naizen aldetik, animatu nahi zaituztet bide beretik jarraitzeko. Eta horretan, ez zalantzarik izan: bidelagun izango gaituzue, euskara arian-arian Administrazioaren zerbitzu hizkuntza ez ezik, lan hizkuntza ere izan dadin.
(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)
- Hitzaldi hau Herri-Administrazioetako erabilera-planei buruzko Jardunaldietan eskaini zuen Baztarrikak atzo (2006-11-28) Bilbon.
Gai honi lotutako artikulua (ikusteko gainean sakatu)
|