Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Olentzero, bazatoz?

Olentzero, bazatoz?

2006-12-07 / 07:00 / Zelai Nikolas   HIZKUNTZA

Gaur goizean nire alabak galdetu dit ea Olentzero noiz datorren. Berak badaki mendiko txabolan dabilela lanean eta laster etorri behar duela bizkarreko zorroa opariz beteta.

Pruden Gartziak ere Olentzeroren beharra sumatuta, oso artikulu polita eskaini digu Jakin aldizkariaren 155. zenbakian, Olentzero, non zaude? Gogoeta bat Iruņa-Veleiari buruz izenburua duena alegia.

Prudenen ustez, euskararen iraupena frankismo garaian eta euskararen berpizkundea Gerra Zibilaren ondoren gizartean sortu zen sentimendu konpartitu batzuetan oinarrituta egon da, hain zuzen, frankismoaren aurkako borrokak sortzen zituen sentimendu konpartituak. Borroka horrek espainiar nazionalista liberalak eta euskal nazionalistak bildu zituen, oraintsu arte iraun duen aliantza politiko batean, eta horri esker baldintza egokiak lortu ziren euskarak berpizteko behar zituen baliabideak lortzeko eta horren aldeko jende askoren ahaleginak uztartzeko. Sentimendu konpartitu horiek sinbolo bat dute, Olentzero, eta sehaska intelektual bat, Arantzazu.

Nolanahi ere, Prudenek ohartarazi nahi digu azken hamarkadetan euskarari buruzko sentimendu konpartitu hori ez dela jadanik hasieran bezain sendoa, eta "euskarari dagokionez aro baten bukaeran gaudela, alegia euskal kulturaren paradigma berritu egin behar dela. Ezinbestean".

Arantzazu berri bat eskatzen du: "euskarari buruzko sentimendu konpartituak bildu eta bateratzeko gune berri bat. Denontzat balioko duten sinboloak sortu eta hedatzeko aitaren etxe berria". Oinarrizko akordio politiko bat baino haratago dagoena, euskal gizarteak lortu behar duena alegia.

Artikulu bikaina iruditu zait, ez bakarrik idatzita dagoen moduagatik, baizik eta zabaldu nahi duen mezuagatik. Bete betean jotzen du gaur egun euskalgintzak duen arazoan: alderdi politikoen eguneko dinamikaren gainetik, euskaldunok etxe berri bat behar dugu, Prudenek dion bezala.

Azken hogeita hamar urtetan lortu dugu euskararen inguruan egitura zehatzak antolatzea: hezkuntza arloan (ikastolak eta D eta B ereduetako ikastetxeak, unibertsitateetako euskal adarrak, euskaltegiak, testugintzan aritzen diren hainbat enpresa eta langile...); komunikabide arloan, badugu euskarazko egunkari bat, aldizkari zenbait, euskaraz jarduten duten hainbat irrati eta telebista...; Administrazio arloan baditugu langile asko euskaraz lan egiteko gai direnak eta batzuk, gainera, horretarako prest daudenak/gaudenak; literaturan kalitatezko profesionalak ditugu...

Bai, lortu dugu arloka hainbat pertsonek euskaraz lan egitea eta euskararen kontura bizitzea askok eta asko (zein baldintzetan batzuek beste kontu bat da), baina nik esango nuke egitura horiek guztiek oraindik ez dutela sare koherente bat osatzen. Azken urteetako ahaleginak bide horretatik abiatu badira ere, oraindik ez da sare hori lortu. Euskalgintzako sinergiak oraindik ez dira behar bezala aprobetxatzen eta azken urteetan euskararen inguruan sortu diren egiturek ez dute lortu abiada hartzea, badirudi galga ipinita dutela.

Euskaldunontzako etxe berria eraikitzeko arkitekto onak eta eskulangile ugari beharko ditugu. Sare hori antolatzen eta sinergiak biltzeko ahalegin horretan Administrazioek eta, bereziki Eusko Jaurlaritzakoak, erantzukizun handia du eta, baita zer esan handia, zeregin horretarako behar den ikuspegi transbertsala berak eman dezakeelako eta behar diren baliabideak ere berak eskain ditzakeelako, besteak beste.

Baina, etxe berriak zutoin sendoak eta teilatu zabala behar ditu izan, eta horretarako Prudenek dioen bezala, euskaldunok jakin behar dugu euskarari zer maila eman nahi diogun gure gizartean. Beste era batera esateko, jakin behar dugu zertarako egiten ari garen euskara berpizteko ahalegin izugarri hau (batzuek beste batzuek baino gehiago, hala ere). Nik argi daukat: euskalduna naizelako eta euskaldun izateagatik harro nagoelako.

Dena dela, batzuentzat ez da hori arrazoi nahikoa izango euskararen erabilera normalizatzeko bidean gainditu behar diren oztopo guztiei aurre egiteko, eta hori ere kontuan hartu behar da etxe berriaren teilatu zabal hori diseinatzeko orduan.

Azken urteetako ahalegin guztiak alperrik izan ez daitezen, horiek guztiak antolatzeko garaia heldu da, euskara eta euskaldunon norabidea zehazteko garaia alegia. Ados nago Prudenekin, etxe berria behar dugu, baina berez eraikiko ez denez, horretarako auzolana antolatu behar dugu, bakoitzak duen ardurei muzinik egin gabe eta azken urteetako eskuzabaltasuna eredu harturik.

Bukatzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Jakin aldizkariari eta Pruden Gartziari berari ere, Tirakan Olentzero, non zaude? Gogoeta bat Iruņa-Veleiari buruz artikulua osorik eskegitzeko baimena emateagatik. Hemen duzue.

  • Artikulu hau lehen aldiz Tiraka blogean plazaratutakoa da.


(ZELAI NIKOLAS Tiraka taldeko kide da)


Zelai Nikolasek erabili.com-en argitaratuak ikusteko, sakatu gainean:


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com