Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Iruña-Veleiako euskal testuak

Gotzon Garate / Hizkuntza / 2006-11-23 / 07:00


Nik espainolez gutxi dakit eta euskaraz azalduko ditut neure usteak. Filologia karrera egin dugunok ez ezik, euskaltzale guztiak arduratuta daude Iruña-Veleiaren aurkikundeekin.



Arrazoiz esaten dute besteak beste Joaquín Gorrotxategik eta Henrike Knörrek «revolución» bat ekarriko dutela euskararen historian. Jakina, egiazkoak baldin badira.

Testuak III edo IV gizaldikoak omen dira. Knörren ustez, ez dago aurkikundeen datak zalantzan ipintzeko oinarri sendorik.

Gauza bat dago garbi. Gorrotxategi, Lakarra, Larrea eta beste batzuen jokabidea oso zuzena da. Izenen etimologien esanahia azaltzeko oso zuhur jokatu behar bada, askoz gehiago horrelako aurkikundeekin.

Filologian jantzia dagoenak badaki, aurkikunde arazo hauetan hiru urrats egin behar direla:

Izan ere bi gauza oso bana dira, testuaren oinarria eta testua bera. Egungo egunean irakurri litezke 14garren gizaldiko elizetako hormetan egin berriak diren grafitoak.

Hipotesi posible da, Iruña-Veleiako zeramika zatiak testuak baino zaharragoak izatea.

Gorrotxategiren azterketa linguistikoak, beraz, zorrotzak izan arren, espekulazio hutsak geldituko dira, testuak III edo IV gizaldikoak badira. Testuak beranduagokoak badira, bere argumentuei kasu egin beharko zaie.

Dena dela, egiazkoak direnentz jakin baino lehenago testuak aztertzen hastea, nolabait ere etxea teilatutik egiten hastea bezala da.

Oso gutxi dakigu III eta IV gizaldietan euskara nolakoa zen eta latinak ze eragin zuen euskararen baitan. Henrike Knörrek ongi dioen bezala ez dago motibo handirik Jainkoa ren a horrekin harritzeko, orduko euskararen berri ez baitugu.

Gorrotxategi oso zuzen dabil esatean hizkuntzak eboluzionatu egiten direla. Ingelesaren ahoskatzeak, adibidez, 13. gizalditik 16. gizaldira izan zuen aldaketa oso ezaguna eta miretsia da.

Euskararekin, ordea, ez daukagu lekuko askorik jakiteko ze eboluzio jasan zuen Kristoren ondoko hurrengo gizaldietan.

Hauxe esan dezakegu: euskararen aldaketa 16. gizalditik honantz ez dela oso handia izan. Besteak beste Etxepare eta “Refranes y Sentencias de 1596” dira lekuko.

Iruña-Veleiako grafiei buruz berdintsu esan dezakegu. Ioshe ongi aztertzeko, orduko hotsak zein ziren eta hots horiek adierazteko garai hartan ze grafia erabiltzen zuten jakin beharko genuke. Ez bata eta ez bestea, arlo horiei buruz gauza handirik ez dakigu.

Eta uste izan dezakegu, laugarren gizaldian bertan Zuberoatik Arabara ahoskatze kontuetan alde seinalagarriak izango zirela.

Egungo egunean ere alde handia dago alor horretan zazpi probintzietan. Bizkaierak sinplifikatu egin du hagitz ahoskatzea. Iparraldean berriz, ni ibiltzen naizen Nafarroa Behereko baserrietan ph eta th... hasperenduak ere oso ongi ahoskatzen dituzte. Hegoaldean ia erabat galduak ditugu hots horiek.

Testuen egiatasunaz seguru egon arte, eztabaidek ez dute balio handiegirik izango. Hizkuntzalarien buru argitasuna erakutsiko dute, hori bai.

Zubialdeko marrazkiekin ere eztabaidak izan ziren. Ea animalien figurak ez ote ziren beste leizeetan agertu zirenak baino hobeak edo txarragoak. Eztabaida horiez ahaztuta gaude. Marrazki horiek gezurrezkoak zirela jakin genuenetik.

Iruña-Veleiako testuak benetan III edo IV gizaldikoak direla jakin eta gero hasiko gara funtsezko eztabaidan. Bitartean diskusio nahiko bizantinak izateko arriskutxoa badute. Utrum Adam umbilicum habuerit.


(GOTZON GARATE OIHARTZUN hizkuntzalaria, euskal literaturan katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta idazlea da)

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)

Gontzon Garatek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzunak


Adar jotzerik ez, otoi!

Josu Lavin Campo / 2006-11-23 / 22:14

Gotzon Garate jaunak gaur idatzi duen artikulu honetan zein agertu baita in erabili.com eta Gara egunkarian esan digu ezen:

"Nik espainolez gutxi dakit eta euskaraz azalduko ditut neure usteak."

Gotzon Garate jaunak Madrideko Universitate Komplutensean egin zuen Doktoregoa in Filosofia, eta Bilbon lizenziatura eginik du Filologia Romanikoan.

Religioso katolikoek jakin behar lukete ezen gezurra esatea bekatu ez bakarrik larria, baina gravea ere badela.

Adeitsuki


(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko irakaslea da)


Euskarari buruz gaztelania ederrean

Lurdes Urdangarin / 2006-11-24 / 10:20

Lavin jauna,

Nire ustez Gotzon Garatek ironiaz esandako hitzak dira horiek, izan ere, orain arte, beste askotan gertatu izan den bezala, tamalez, Iruña-Veleiaz idatzi duten euskaldunek espainolez idatzi baitute.


Bete-betean asmatu

Gotzon Garate / 2006-11-24 / 12:24

Lurdes Urdangarain agurgarri hori:

Erdi-erditik asmatu duzu. Horrelaxe da.

Gotzon Garate


Zinez pozten naiz

Josu Lavin Campo / 2006-11-24 / 15:10

Hala bada, ez dakizue zenbat pozten naizen horiek komentariook entzutez.


Rekursoak edo ironiak

Erramun Gerrikagoitia / 2006-11-24 / 16:47

Izaten ahal da egia edo gezurra hori hon ironiarena baina nondik jakin ahal du hori irakurleak, den ala ez ironia? Hartakoz ez dut uste nehork hartu du tzat ironia. Nik ez dut uste -zenbaitetan usteak' erdia eta ere osoa zindo; zeren zientzian ere lehen hatsarreak izan ohi dira usteak, intuitioneak eta barruntuak-.

Ni ziurrago nago ezen izan dela rekurso bat nola beste asko redaktatzerakoan, gehiago rekurso ezi ironia.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)


Jainkoa

Josu Lavin Campo / 2006-11-25 / 13:21

Adiskideok,

JAINKOA hitza agertu omen da Iruina-Veleian.

Beste batzuek, ordea, agerturiko forma IAINKOA izan dela esan digute.

Gure alfabeto romatarrean idatzirik daudekeenez gero, norbaitek esan ahalko luke hemen zein den agertu dena?

Ez da izango IAINCOA, ezta?

Filologian txikikeriak diruditen hauek hagitz important eta garrantzitsu dira.

Adeitsuki


(JOSU LAVIN, PAIDEIA Hezkuntzaren Euskal Akademiaren kidea da)


Iankoia ez omen da testuetan ageri

Gotzon Garate / 2006-11-26 / 00:01

Egun on:

Atzo eta gaur irakurri dudanez, Iankoia hitz hori ez omen da testuetan agertzen, ikerketa daramatenen arabera. Nik Gorrotxategiri kasu egin nion. Nik testu batzuk irakurri ditut, baina zerrenda osoa ez.

Gaur garbi diote ikertzaile horiek ez dagoela motiborik testuen data zalantzan ipintzeko. Oso pozgarria da.


G.G.G.


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1164248290