|
"Utilizan el euskera para incomunicarse" zioen lehengoan sumin Donostiako udaltzain batek.
Eta ez da aurreneko aldia argudioa entzuten dudana. Baten batek euskaraz egin bide zion, ulertu ez, erdaraz egiteko eskatu, eta euskal gizagaizto lotsagabekoa eskera makurtu ez. Eta pentsatu nuen nire artean, beraz ari gara (zer edo zer) irabazten. Nahi digute ulertu eta ezin dute, euskara jakin gabe. Beste hainbat ere jada hasiak garelako amore ez ematen, Txelis.
Guztiz ohituta egon gara sumisiora. Ulertu ez badigute beti egon gara prest bere hizkuntzan mami-mami eginda emateko beharreko guztia, serbizial asko. Zertarako ikasi behar dute orduan euskaraz? Zorionez, hasi bide da hori ere bukatzen eta hasi bide dira inkomunikatuak sentitzen, eta mintzen ere dirudienez. Ze gu ez gaude inkomunikatuta. Guk ulertzen diegu. Baina, gizalegean, nahi dute guk men egitea eta dena xehe azaltzea bere hizkuntzan, gizajoek gurea ikasi beharrik izan ez dezaten.
Nahikoa da.
Zenbat eta inkomunikatuago sentitu izango dute euskara ikasteko behar handiagoa. Bitartean ez dute ikasiko. Orain arte ikasi ez duten bezala, gizalege osoan hori ere agidanean. Segi degiogun euskaraz egiten, ulertzen ez dutenean ere, eta, agian, ikasiko dute azkenean, guri ulertzeko adina besterik ez bada ere.
Inposatzaile deituko dizute, eta esango, inkomunikatzeko erabiltzen duzula euskara. Baina bere aukerako elebakardadeak inkomunikatzen ditu bakarrik. Laster helduko ahal die denei birusak! [ Are azken urteotan Donostiako udalean ere samaldaka -ez da izango PSren klientelismoa- sartu bide diren udaltzain elebakarrei bide batez ].
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia Saileko irakaslea da)
Bittor Hidalgok erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
|