|
Euskal Herrian Gatazkak guztia estaltzen duela esan ohi da, bestelako gatazkak eta kontraesanak ezkutatu edo bigarren mahaira eraman ohi dituela. Ados nago iritzi horrekin.
Eusko Legebiltzarraren azaroko lehen osoko bilkura lekuko. Gatazkak estali ditu gaineko eztabaidak. Izan ere, hamaikatxo gai tratatu baziren ere, batek erakarri zuen komunikabideen arreta: autodeterminazio eskubidearen alde eginiko aldarriak. Horixe da komunikabideek erakutsi zutena. Horixe da gizarteak jaso duena. Horretaz soilik eztabaidatu al zuen Legebiltzarrak?
Euskadi irratiko ostiral arratsaldeko 7tako albistegia entzun nuen, Teleberri ikusi nuen afal ostean eta larunbatean lau egunkari leitu nituen. Guztiek gauza bera islatu zuten Legebiltzarrean eginiko lanaz: Gatazka. Egunkarietako batek, EAEtik indar polizialek alde egiteko eginiko eskaria onartu ez izanari ere toki adierazgarria eman zion. Gatazka berori ere. Egunkarietako bakar batek, ekarri zuen gainerako gaien berri, azaletik eta txoko batean izan bazen ere.
Inportantea da autodeterminazioa. Beharrezkoa da Estatuko indar polizialak Euskal Herritik alde egitea. Alabaina, hori ez da guztia. Are gehiago, une honetan, balio sinbolikoa baino ez dute aldarri horiek. Sinbolismoa inportantea da, baina herria ez da sinboloz bakarrik egiten.
Kezkatu egiten nau Legebiltzarraren, Nafarroako Parlamentuaren zein Batzar Nagusien lanak komunikabideetan duen isla kamutsa eta, ondorioz, gizartean. Ez dira, bada, gure sistema demokratikoaren adierazpenik behienena? Ikusitakoari erreparatuta ez dirudi. Dena dela, utz dezagun alde batera auzia ez baita gaurko gaia.
Legebiltzarrean ostiralean eztabaidatu ziren gainerako gaien artean, bazen herrigintzatik eta, neurri batean, sinbolismotik edaten zuen beste bat. Espainiako Gobernuari Estatuaren izaera eleanitza onartu eta horren ondorioz gaztelaniaz besteko hizkuntzak bultzatzeko neurriak har ditzan eskatzen zuen legez besteko proposamena eztabaidatu zen. Jatorrizko proposamena Aralarrek egin zuen. Hirukoak zuzenketa bat egin zion eta atzenik horrek eta Aralarrek negoziatutako tarteko testu bat eztabaidatu zen. Legez besteko proposamenak Espainiako Gobernuari honokoa eskatzen zion besteak beste: Estatuaren izenean, nortasun-agirietan, zigiluetan eta antzekoetan eleaniztasuna islatzea; Estatuko erakundeen izenak eta agerkariak (argitalpenak, web-orriak eta enparauak) hizkuntza ofizial guztietan egotea; gaztelaniaz besteko hizkuntza ofiziala duten komunitate autonomoetan Estatuko erakundeek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta hizkuntza ofizial guztietan atenditzea; hezkuntza-curriculumean gaztelaniaz besteko hizkuntzen kulturak sartzea,… Proposamenak hirukoaren eta Aralarren babesa izan zuen. PSEk eta PPk kontra egin zuten eta EHAK abstenitu egin zen. Proposamenak ez du Legebiltzarretik haratago bizi luzerik izango. Horretan nahikoa sinbolikoa da.
Indar konstituzionalisten babesa izan ez izana normalitatearen barruan sartzen da. Mestizajeaz, multikulturalismoz, eleaniztasunak ahoa bete egiten zaie sarri, hitzetik ekintzetara pasa behar denean ordea, ia beti ondorio bera: "¡habla en cristiano!" latza garai batean; "Si todos hablamos castellano" usten leunagoa orain. Beraz orain arte bezala jarraitu beharko dugu, hain segur: Kongresuko web orria gaztelaniaz edo ingelesez bistaratzen —hori bai eleaniztasun berdadero eta orekatua!—; pasaportea bederatzi hizkuntzatan izaten, euskaraz ez ordea; gidatzeko baimena lortzeko etsamina gaztelaniaz eginez… Horretan hirugarren mailako herritarrak euskaldunok, katalanek sikiera katalanez egin baitezakete.
Harrigarria irudi dakieke abertzale batzuei Estatuaren izenak eta antzekoak euskaraz ere egotea eskatzen ibiltzea. Harrigarria ez eta korrosiboa da. Izan ere, Estatuak eleaniztasuna eta multikulturalismoa zinez onartzen baditu eta ondorioak aplikatzen hasten bada, zeharbidez Estatua nazio bat ez dela onartzen ari da. Herrigintza beraz Legebiltzarraren eskaria, nahiz eta abertzale batzuk ez duten horrela ikusi. Nahiago dute, agi denez, Estatuko gizarte-segurantzarekin gaztelaniaz jardutea edo "prohibido adelantar" ikasi beharra…
(IÑAKI IRAZABALBEITIA FERNÁNDEZ Aralar alderdi politikoaren Euskara Batzordeko buru da)
Iñaki Irazabalbeitiak erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
|