![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Iñaki Arruti Landa / Kultura / 2006-11-06 / 07:00
Pasa den astean autoari gurpilak aldatzera joan eta horixe egin nahi nuela mekanikoari esan nioenean, irribarre burlaize batekin erantzun zidan, berari gaztelaniaz egiteko esanaz.
Erantzun (txar) bat emateko punttu-punttuan egon nintzen. Gero, legeak babesten nauela argudiatzea pasa zitzaidan burutik (erkidego autonomo honetan bi hizkuntzak ofizialak direla dioela autonomi estatutuak eta 2003an onetsitako Kontsumitzaile Legeak ere hizkuntza-eskubideak niri aitortzen dizkidala eta berak lan egiten duen enpresari, berriz, betebeharrak...).
Azkenean, burutik pasatako ezer ez nion esan eta nahi nuen hura berriz gaztelaniaz eskatzearekin egin nuen aurrera (?). Gurpilak aldatu, fakturak zioena ordaindu eta tailerreko arduradunari gertatutakoa kontatu ondoren, erreklamazio-orria bete eta horrela eman nion amaiera (?) nire pasadizoari.
Pasadizo onak ere askotan izan ohi ditugu (nahiz eta normalari sarri "ona" deitu ohi diogun, egoera ez normal batean nahi duguna eta espero ez duguna gertatzen zaigunean), baina egunerokoan sarri suertatzen zaizkigu horrelako hizkuntza-gatazkak euskaldun eta euskaltzale askori eta oso da garrantzitsua kudeatzen jakitea.
Garrantzitsua da, lehenik eta behin, gure osasunerako. Izan ere, horrelako pasadizo batek izan ditzakeen amaiera desberdinek gugan ere ondorio desberdinak izan ditzake (erantzun txar bat eman eta lasai geratzea, erantzun txarra eman eta norbera haserretzea, erantzun gabe eta minduta joatea, nekatzea, nekearen poderioz ezezagun guztiekin lehen hitza gaztelaniaz egitea, norbera gutxiestea...) eta ez gaude horretarako. Iritsi behar dugu euskaraz hitz egiten dugun egoera guztietan, edozein delarik, gustura, eroso, sentitzera.
Garrantzitsua da, bigarrenik, elkarrekintza linguistiko guztietan, gureaz gain, gure solaskideak duen hizkuntza-egoera ere hobetzeko, edo ez okertzeko bederen (zuena baino jarrera kontrakoagoa ez izatea, ahal bada pentsaraziko dion bizipen bat bihurtzea...).
Beraz, ikasi egin behar dugu egoera desberdin bakoitzean portaera egokiena gauzatzen, ahalik eta energia gutxien gastatuz (gure barruak lasai edukiz) eta ahalik eta probetxu linguistiko handiena atereaz.
Soziolinguistika Klusterra garatzen ari den Eralan ikerketa-proiektuaren II. lan-topaketan ikuspegi hau lantzen ari diren bi valentziar ezagutu ditugu. Ferran Suay eta Gemma Sanginés Valentziako bi psikologo dira eta TELP ("Taller D'Espai Lingüístic Personal") izeneko tailerrak abian jarri dituzte katalanez gehiago egiten laguntzeko, egiten dutenean erosoago sentitzen laguntzeko eta egitearen poderioz gerta litezkeen eragin kaltegarriak gutxitzen laguntzeko.
Azken batean, hizkuntzaren psikologiaren ikuspegi berri batetik planteatuta dagoen tailer honek baliabideak eskaintzen dizkigu egunero izaten ditugun egoera horietan zer pentsatu jakiteko, zer esan eta egin jakiteko eta sentimenduak nola bideratu jakiteko (tailer hauek eta nire mekanikoaren tailerra bi gauza desberdin dira).
Bistakoa da pertsonen arteko elkarrekintza horietan nola aritu jakiteko beharrak ez duela kentzen maila politikoagoan eta soziologikoagoan behar ditugun beste erreminten beharra. Ikusteko modukoa da baita ere, ordea, hizkuntza-politika guztietan iristen garela azkenean (eta hasieran) pertsonen arteko mailara, eta hor, denok bizi ditugula gatazka-egoerak...
Egoerak egoera eta hizkuntza-politikak hizkuntza-politika, eguneroko gatazka horiek arrakastaz (reeixida) kudeatzeko tresnak norberaganatzen dituenak izango du nahikoa energia pasibotasunaren hotzean izoztuta ez geratzeko eta beroaren beroaz ez erretzeko.
(IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko teknikari arduraduna da)
Iñaki Arrutik erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
B. Antxustegi / 2006-11-06 / 08:53
Oso planteamendu interesgarria eta praktikoa, Iñaki! Baina tailer linguistikoa ez al du lurralde elebidunean bizi den erdaldun elebakarrak egin behar?
Erramun Gerrikagoitia / 2006-11-06 / 10:40
Interesaz irakurri dut eta iruditu zain interesantea. Bai, ze arrisku handia dago relatione personaletan erreta eta minduta irteteko edo kontrara deus ez egiteko alde euskara.
Azken parrafoa ulertzea kosta zait eta behar izan dut frenatu, reirakurri eta ralentizatu irakurketea. Eta galdera bat, zer da parenthesis barruko berba hori (reeixida)? Ze izkiriatu bada izan dateke ulert dadin.
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)
Erramun Gerrikagoitia / 2006-11-07 / 22:51
Gaur -martitzena 7 azaroa 2006- joan naiz medikua gana eta aurkitu dut mediku berria, ordezkoa, gaur lehenengoz ikusi dudana. Hasi naiz berba egiten euskaraz eta esan dit -erdaraz- ez dakiela ondo euskaraz, aditzera emanez egiteko erdaraz.
Eradaraz egin diot, egin diogu elkarri eta guztia normal. Uste dut gehienek -guztiak- holan egiten dutela. Zer behar genduke egin? Gogoan dut zelan preso hartu ninduten ertzainek, Ertzantzak, exigitzea gatik euskara. Detenitu eta trubunaletara eroan eta tribunalak kondenatu zigor injustu eta falsuaz. Etxahun Topet koblakariak kantatua zuen duela bi mende: zu ere Justizia injusto zirade.
Berriro diot zer behar genduke egin honakoetan?
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)
Erramun Gerrikagoitia / 2006-11-09 / 16:09
Harritzen nau mututasun sepulkralak. Uste nuen zela hau plataforma bat dialogorako edo gutienik behintzat colloquioarako.
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)