![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Jonjo Agirre eta Iñaki Irazabalbeitia / Bestelakoak / 2006-10-27 / 07:00
Ez dok hamaika. Lau katu gara, oraindik, euskaraz bizi nahi dugun euskal herritarrak. Ez da ustea; kopuruak hortxe daude, eta egunero ikusten duguna ere bai. Elebidunak euskal herritarren herenak ere ez gara, eta horietatik euskaraz bizitzeko saiakera gehiago ala gutxiago egiten ditugunak, zenbat gara?
EUSKALDUNON HIZKUNTZ ESKUBIDEAK TXIKI-TXIKI EGINDA daude oraindik ere. Abentura latza izaten da askotan euskaraz aritzea, dela erosketak egitean edo tabernan, dela administrazio gehienetara joatean. Edozein erantzun mota jaso dezake oraindik ere, euskaldunak, euskaraz arituz gero. Egundoko gogoa eta borondatea behar dira lehen hitza beti euskaraz esateko, gozo-gozo arituta ere, erantzunik zakarrenak eragin baititzake erdaldun askoren aldetik.
BIGARREN MAILAKO HERRITARRAK GARA espainiar estatuko administrazioarentzat. Ba al dakizue Katalunian posible dela gidatzeko baimena egiteko etsamina katalanez egitea? Galdetu al duzue euskaraz egitea posible ote den hemen? Trafiko Zuzendaritzak ez digu biderik ematen. Baina, are lotsagarriagoa dena, bigarren mailakoak gara bertoko erakunde gehienentzat ere.
MUNDUA AZPIKOZ GORA kontatzen digute politikari eta kazetari askok; horra bestela, PPko Laura Garridok, nabarmen gorritu gabe, aurrekoan Legebiltzarrean botatakoak: “Euskara arma gisa erabiltzen ari da, inposizioaren politika nagusitu da eta hori egitean gorrotoa sortzen da. Elkarrekin komunikatzeko tresna da euskara, gure kulturaren osagarria, eta, hortaz, hizkuntza-askatasuna errespetatu behar da.” Nork hitz egingo inposizio politikaz, eta PPko ordezkariak!
Zein izango inposatutako hizkuntza, eta euskara! Erdaldun elebakar batzuek -elebidunik ere bada tartean- euskararen ezagutza “inposatzen dela” aurpegiratzen digute, eurek dituzten bezainbesteko eskubideak, ez besterik, guretzako nahi ditugun euskaldunoi.
Larrua behar da, eta larrua badute, zenbanahi. Politikari eta kazetari horiek barre egiten diguten artean, oinarrizko, gutxieneko eta ezinbesteko adostasunetik urrun gaude euskaldunok. Azken aste hauetan, adibidez, egoera nahasi, triste eta gainditu beharreko horren adibide ugari ikusi ditugu:
Proposamenen egokitasuna gorabehera, euskaldunak ez gaude denbora gehiago alferrik galtzen uzteko. EGUNGO LEGEA EGOKIA DELA ESATEN BADA, GUTXIEN-GUTXIENEZ, BETE EGIN BEHAR DA.
BIDEGURUTZEAN DAGO EUSKARA, BIDEGURUTZEAN EUSKALDUNAK.
Ezin genezake denbora gehiago igarotzen utzi euskal hiztunon hizkuntza eskubide oinarrizkoenak bermatu gabe.
Euskal herritar guztien hizkuntza eskubideak berma daitezen nahi dugun alderdiok oinarrizko akordioetara heldu behar dugu ahal bait arinen, eta adostasun zabal horrentzat gizartearen gehiengoaren babesa lortu. Adostasun horren bila abiatzeko aukera gehiago joaten ezin dugu utzi. EUSKALDUNON HIZKUNTZA-ESKUBIDEAK ERRESPETATZEAREN ALDEKO ALDERDIEN MAHAIA OSATZEARI EZINBESTEKOA DERITZOGU.
(JONJO AGIRRE eta IÑAKI IRAZABALBEITIA
Aralarren Hizkuntza Politikarako Lantaldearen izenean)
![]() | Inprimatu |